Erremonte
Erremontea pilota jokoaren aldaera bat da, xistera ez oso sakonarekin jokatzen dena. Pilota xisteraren behealdetik sartzen da eta puntatik irteten da etengabeko mugimendu batean. Zesta puntan aldiz, pilota hartzen da, eta gero, bultzada batekin frontisera jaurtitzen da; pilota une jakin batean geldi dago saski barruan. Xisterak zesta-puntako xisteraren antza du, baina konkordura txikiagoa du, ez baitauka zestak daukan sabel sakona; eta sendoagoa da. Erremonte-xistera Juan Moya iruinsemeari zor zaio, XX. mendearen hasierako urteetan oraindik eskularruz egiten baitzen erremontean. Iruñeko Juego Nuevo pilotalekuan ari izaten zela, saskigile bati zesta puntako xisteraren antzerako bat enkargatu zion, eta denbora laburrean pilotari guztiek hartu zuten tresnatzat.
Egun, erremontean Galarreta 2000 enpresa arduratzen da profesional-mailako jokoaz. Esku huskako pilota da gaur egun jaun eta jabe pilota-modalitateen artean. Izan ere, esku huskako pilotak du ikusle, zale eta pilotari gehien; baina Gipuzkoan erremonteak ere indar handia du, Hernanin eta inguruetan batez ere. Bestalde, Malerreka eta Baztan erremonte jokalari askoren sorleku izan dira, ikasketa paregabea baita eskularruz ari izana, erremonte jokorako.
Pilotalekua gainerako pilotalekuen antzekoa da: 14 koadro ditu, eta sakea 12,5etik egiten da. Saskiak 67 zentimetro ditu eskumuturretik puntara eta 770 g pisatzen du. Pilotak 115 g pisatzen du, eta 6 zentimetroko diametroa dauka.
Erremontari ospetsuak
aldatu- Julian Artzamendi Larrea (Azpeitia, 1889))
- Jose Irigoien Igoa Irigoyen (Bera, 1893 - 1970)
- Juan Abarrategi Errasti (Azpeitia, 1895)
- Jose Maria Saltsamendi Salsamendi III (Orio, 1925 - 2013)
- Jesus Abrego (1910 – 1997)
- Demetrio Abarisketa Sarasua (Beizama, 1910)
- Pedro Manuel Grazenea (Elgorriaga, 1929 - 2017)
- Raul Jimenez Albisu, Raul (1935 – )
- Hermenegildo Arbizu, Mere (1931 –)
- Kike Elizalde (Altsasu, 1961 –)
- Koteto Ezkurra (Doneztebe. 1973 –)
- Javier Urriza (Iruñea, 1981 –)