Odisea
Odisea (antzinako grezieraz: Ὀδύσσεια, Odýsseia) greziar epopeia da, k.a. VIII-IX. mendeen inguruan idatzi zena, garai arkaikoan. Betidanik Homerok idatzitakotzat hartu izan da, baina badira, Iliada eta Odisea-n agertzen diren zenbait pasarte direla eta, idazle berarenak ez direla diotenak ere. 12.110 bertso ditu, hexametrotan onduak, eta 24 kantutan banatuak.
Odisea | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Homero (K. a. 850-750) |
Generoa | Epopeia |
Jatorrizko izenburua | Ὀδυσσεία, Odýsseia |
Hizkuntza | Antzinako greziera |
Herrialdea | Antzinako Grezia |
Euskaraz | |
Izenburua | Odisea[1] |
Itzultzailea | Santi Onaindia |
Argitaratze-data | 1985 |
Orrialdeak | 336 |
Iliada eta Odisea, bi lan paralelo
aldatuIliadarekin batera lehenengo epika greziarra izan zen. Aedoek (Grezian epopeiak kantatzen zituztenak) ahoz aho transmititu zuten Odisea. Idatziz jarri ziren lehenengo obrak Iliada eta Odisea izan ziren.
Odisea abenturazko liburua da, Odiseoren (Ulisesen) etxerako bidaia kontatzen duena, hau da, Troiatik Itakara bueltatzean gertaturikoak. Nolabait Iliadaren jarraipena, lan horrek Troiako gerrako gertaerak kontatzen baititu.
Iliada eta Odisea idatzi ziren garaia ere ez da gauza segurua, eta obra barneko elementuen bidez asmatu behar da zein garaitan osatu ziren. Bi lan handi horietako milaka bertsoak Homeroren eskuek idatzi zituztela pentsatzea ameskeria litzateke, eta are gehiago, pentsatzea bertso horiek erabat berriak eta orijinalak zirela. Ezin jar daiteke zalantzan Homeroren poemek aurreko tradizio aberatsa dutela oinarrian, eta ondasun horrek guztiak bildu zituela poema horiek. Eta egileari dagokionez, Homero benetan existitu zela pentsatu behar da, eta Iliada eta Odisea-ren egilea bera izan zela. Baina Homeroren biografia, antzinako gainerako egileena bezalaxe, fantasiaz beterik dago. Dena dela, hainbat arrasto historiko eta arkeologikoren arabera, K.a. VIII. mende inguruan, eta zehatzago mende horren bigarren erdialdean, sortu ziren bi poema handi horiek[2].
Euskara
aldatuAita Santi Onaindiak Odisea euskarara ekarri eta Euskarazaintzak argitaratu zuen 1985ean[3]. Urte batzuk beranduago, Juan Kruz Igerabidek Ulises: Homeroren Odisearen bertsioa liburua argitaratu zuen Odisearen egokitzapen bat Erein argitaletxearen eskutik, eta bi edizio egin ziren, 2000an eta 2007an[4]. Bada beste bertsio bat Jesús Cortések haurrentzat egokitua, Alex Herreríasen marrazkiekin eta Gerardo Markuletak euskaratua, 2016an Ereinek argitaratu zuena[5].
Egitura
aldatuOdisea hiru zatitan banatuta dago:
- Telemakia (I-IV. kantuak): Horrela deitzen da Telemako (Ulisesen semea) etxetik ateratzen denetik itzultzen denera arte gertatutakoa kontatzen duelako.
- Ulisesen itzulera (V-XII. kantuak): Ulises Altzinoo erregearengana doa eta Troiatik atera zenetik bizitako abenturak kontatzen dizkio
- Ulisesen mendekua (XIII-XXIV. kantuak): Itakara nola heltzen den kontatzen da eta tronua nola berreskuratzen duen.
Lehenengo liburua Musari hel eginez hasten da. Hona hemen jatorrizko bertsioa eta Santi Onaindiak 1985ean argitara emandako itzulpena[6]:
Ἄνδρα μοι ἔννεπε, Μοῦσα, πολύτροπον, ὃς μάλα πολλὰ πλάγχθη, ἐπεὶ Τροίης ἱερὸν πτολίεθρον ἔπερσε· πολλῶν δ’ ἀνθρώπων ἴδεν ἄστεα καὶ νόον ἔγνω, πολλὰ δ’ ὅ γ’ ἐν πόντῳ πάθεν ἄλγεα ὃν κάτα θυμόν, ἀρνύμενος ἥν τε ψυχὴν καὶ νόστον ἑταίρων. ἀλλ’ οὔδ΄ ὣς ἑτάρους ἐρρύσατο ἱέμενός περ· αὐτῶν γὰρ σφετέρῃσιν ἀτασθαλίῃσιν ὄλοντο, νήπιοι, οἳ κατὰ βοῦς Ὑπερίονος Ἠελίοιο ἤσθιον· αὐτὰρ ὃ τοῖσιν ἀφείλετο νόστιμον ἦμαρ. τῶν ἁμόθεν γε, θεά, θύγατερ Διός, εἶπε καὶ ἡμῖν. |
«Mintza zakidaz, oi Musa!, era askotaz buru argiko gizaseme ari buruz; gogora eidazu Troia uri donea suntsitu ondoren, luzaro be luzaro, ainbat uri ikusi ta gizaseme askoren oiturak ikasiz, arat-onat ibilli yakuna; itxasoak eurrez zearkatu ta, bere bizia jagon nairik eta bere lagunak aberrira biurtu eitezan, ziriak eta miñak ikusi zituna. Baiña orrela be ezin gaizkatu izan ebazan, berak nai ebanez; eta danak ondatu ziran euren zorakeri bene-benetakoz. Burubakoak! Iperionen seme Eguzkiren beiak jan ebezan; eta oni ez yakon laket arei itzuli-egunik eltzea. Oi jainkosa, Zeusen alaba!, esan eiguzu, arren, jazo orrein zati bat besterik ezpada be.» |
Nostos generoa
aldatuHomeroren Odisea da lehen nostosa, ezagunena eta beste guztien jatorria. Heroiaren itzulera bidaia da nostosa.
Odiseo, heroi nagusia, Troiako Gerran borrokatu ondoren, Itakako bere etxera itzultzen saiatzen denean gertatzen da nostosa.
Greziar gizarte zaharrean heroismo edo handitasun maila handitzat zuten itzulera lortzea. Bidaia honetako etapak askotarikoak izan ohi dira, eta barnean hartzen du leku ezezagun batean hondoratua izatea eta heroia probatzen duten zenbait proba egitea, besteak beste[7]. Itzulera ez da bakarrik etxera fisikoki itzultzea, baizik eta baita status jakin batzuk gordetzea eta iristean norberaren nortasuna gordetzea ere[8].
Gertakizuna
aldatuUlisesek (Odiseo) Troiatik Itakara bitartean, eta Itakara itzuli eta gero (40 egun) izan zituen gorabeherak kontatzen dira Odisea epopeian; lehen 12 kantuetan hura Troiatik irten eta bere herrira itzuli zen artekoak, eta beste 12-etan, Itakara itzuli ondorengoak. Bi parte bereiz daitezke beraz.
Troiatik Greziarako bidean, Ogigia uhartean geratzera beharturik, Kalipso ninfa Ulisesez maitemintzen da eta ez dio uhartetik irteten utzi nahi. Itakan, berriz, Ulises hiltzat joa duten hainbat ezkongai ingurutik urrundu ezinik dabil Penelope, haren emaztea. Jainkoek Ulises libre uzteko agintzen diote Kalipsori. Hau irteten da uhartetik, baina ontzia hondoratzen zaio, eta Feazia uhartera iristen da. Azken hamar urteetako abenturak, Troiakoak, Polifemorekin izandakoak, kontatzen dizkio Antinoori, uharteko erregeari. Hark antolatzen dio gero Itakarako bidaia. Itakan, etxola batean gordeta geratzen da bere seme Telemako aurkitzen duen arte. Artzain jantzita etxera itzuli, Peneloperi inguruan dabilzkion ezkongaiak hil, eta Itakako errege bihurtzen da berriro.
Odisea-ren erdialdeko parteak asmaziozko eleberri bat dirudi, beste hainbat zatitan berriz, nekazari giroko poema bat. Bukaerako sarraskian eta Troiako gerrari buruz ari denean izan ezik, poema epiko baten antz gutxi du. Kronologiaren aldetik begiratuta, ez da oso zehatza; Odisea-ko kontaera Iliada-koa bezain lerraldi zuzenekoa ere ez da.
Odisea-ren istoriorik nabarmenenak honakoak dira:
- Lotofagoak: Troian gerra irabazi eta gero Ulisesek Itakara bueltatzeko bidaia hasten du. Ekaitz bortitz bat jasan eta gero itsasontzia beste mundu batean galtzen da eta Lotofagoen irlara heltzen dira. Lotofagoek lotoa jaten dute eta lore hau jaten duen edonork nor den ahazten du. Gizon batzuk trikimailu honetan erortzen dira. Hala ere, hau hasiera besterik ez da.
- Polifemo (Poseidonen semea), kobazuloaren istorioa: Bidaiaren hurrengo geltokia Polifemoren kobazuloa da. Hau dagoen irlara heltzen direnean gose dira eta Ulises hainbat kiderekin janari bila abiatzen da. Gaztaz beteriko kobazulo erraldoi bat aurkitu eta gazta batzuk hartzen dituzte. Polifemo kobazulora heltzen denean kobazuloaren sarrera harri erraldoi batekin estaltzen du, gizonak barruak harrapatuz. Polifemo bera da harritzar hau mugi dezakeen bakarra. Ulisesek ateratzen uzteko eskatzen dio ziklopeari baina begibakarrak horren erantzun gisa tripulazioaren partaide batzuk jaten ditu. Hau gauero errepikatzen da eta Ulisesek zerbait egin behar du. Egun batean, Ulises “Inor ez” deitzen dela esaten dio eta Polifemo mozkortzen du lokartu arte. Momentu horretan Ulisesek makila bat sartzen dio begian eta hurrengo goizean, Ulises eta bere laguna ardien artilearen azpian ezkutatzen dira. Horrela kobazulotik ateratzen dira eta bere bidea jarraitzen dute. Hala ere, horrekin Poseidon itsasoaren jainkoaren gorrotoa lortzen dute, Polifemo semea baitzuen honek.
- Zirtzeren aholkuak: Zirtzeren uhartera ailegatu eta Ulisesek bere gizonak janariaren bila bidaltzen ditu baina ez da inor ere bueltatzen. Haien bila abiatzen da, beraz. Bila dabilen bitartean Hermesekin egiten du topo. Hermesek landare bat eman eta kontatzen dio Zirtzeren irlan dagoela; Helioren alaba da Zirtze, azti boteretsua. Zirtzek hurbiltzen zaion edonor animalia bihurtzen du, baina Hermesek eman berri dion landare horrekin hori ekidin omen daiteke sorginkeria. Ulises Zirtzeren gaztelura ailegatu eta aztiaren sorginkeriez babesturik, Ulisesek tripulazioa berriz gizaki bihurtarazten dio Zirtzeri. Ondoren Zirtzerekin bakezkoak egin eta han ematen du bere hurrengo urtea. Zirtzek Hadesengana joatea gomendatzen dio, Tiresias igarlea kontsultatzeko.
- Hades, Tiresias: Infernura jaisten da Ulises eta bertan Tiresiasek etxera bakarrik bueltatuko dela esaten dio eta sirenetatik pasa beharko dela ailegatzeko. Zirtzerengana bueltatu eta azkenean irla horretatik alde egitea lortzen du Ulisesek.
- Sirenen kantuak: Sirenek txori gorputza eta emakumearen burua dute, eta kantuak hain ederrak dira ezen edonork entzunez gero haiengana hurbiltzea beste aukerarik ez baitu. Hori dela eta itsasontziak irlaren kontra talka egiten dute eta inork bizirauten badu, sirenak arduratzen dira hiltzeaz. Ulisesek badaki hau eta horregatik bere nabigatzailei belarriak estaltzeko gaztigatzen die. Berak kantuak entzun nahi ditu eta, beraz, itsasontziko mastan lotzen dute eta hortik sirenen kantuak entzuten ditu. Sirenen irlatik urruntzea lortzen dute.
- Helios uhartea: Helios uhartera heltzen direnean hau behiz josia dagoela konturatzen dira. Gehienek hauek hil eta jan nahi dituzte baina Ulisesek behi sakratuak direla esaten die eta ez ukitzeko agindu. Egunak pasatzen dira eta gosea zabaltzen hasten da. Ulises lokartzen denean haren lagunek behi batzuk hil eta jaten dituzte. Honen ondorioz, Zeusek zigortzen ditu eta haien itsasontzia hondoratzen du Karibdis munstroak sortzen duen ekaitz batean. Ulises bizirik ateratzen den bakarra da.
- Kalipso: Ulises Kalipsoren irlara heltzen da eta neskak Ulises zaindu eta maitatzen du urte askoz, gizona errealitatetik aldenduz. Jainko-jainkosek etxera bueltatzeko ordua heldu dela uste dute eta Hermes bidaltzen dute irlara Kalipsorekin hitz egitera. Kalipsok hilezkortasuna eskaintzen dio Ulisesi berarekin geratzearen truke, baina Ulisesek Itakara bueltatu nahiago du eta bien artean itsaontzi bat eraikitzen dute Ulisesek bidaia has dezan.
-Feaziarrak: Poseidonek Ulises ikusten du txalupa txiki batean eta ekaitz izugarri bat sortzen du. Ino jainkosak salbatzen du eta bere gerriko magikoa uzten dio, gerriko honekin ezingo da inoiz hondoratu. Ulisesek ordu ugari ematen ditu igeri egiten kostara heldu arte, heltzean berriro ere gerrikoa itsasora botatzen du Inok jaso dezan eta lokartu egiten da. Geroago neska batzuk agertzen dira, haien artean Nausikaa printzesa dago, Altzinooren eta feaziarren alaba. Feaziarrak erdi gizaki, erdi jainkoak dira. Atenak Nausikaari kanpotar batekin ezkonduko dela amets eginarazten dio eta horregatik Ulises esnatzean hark ez beste guztiek alde egiten dute. Ulisesek janaria eta arropa eskatzen dio, Nausikaak baietz esaten dio eta Ulises errekan garbitzen den bitartean itxaroten du. Atenak Ulises ederrago bihurtzen du orduan. Beste neska guztiak aho bete hortz geratzen dira eta Nausikaak berarekin ezkonduko dela pentsatzen du. Printzesak esaten dio nola heldu gazteluraino, berarekin ezin delako joan, ez dago ondo erregeen alaba kanpotar batekin egotea. Ulisesek esandakoa egiten du baina bada ez bada ere Atenak ikusezin bihurtzen du laino batekin estaliz. Gaztelura heltzerakoan Atenak berriro ere ikusgarri egiten du eta Ulises erreginaren aurrean makurtzen da abegia eskatuz. Adete erregina errukitu egiten da eta bere gazteluan hartzen du. Afarian zehar Troiako istorioak kontatzen dituzte eta Ulises negarrez hasten da, erreginak zergatik ari den negar egiten galdetzen dio, Ulisesek bere izena aitortu eta etxera eramateko eskatzen die. Feaziarrak laguntzeko prest daude baina bidaia hasi baino lehenago Altzinook bere alabarekin ezkontzeko eskatzen dio. Itakara laguntzen diote. Poseidon hain dago haserre ezen itsasontzia harrizko bihurtzen duen eta feazioen eta hilkorren arteko sarrera buxatzen duen.
Odisearen eragina
aldatuOdiseak eragin handia izan du Europa mendabeldeko kulturan, hainbat egokitzapen egin dira besteak beste, literaturan, antzerkian, zinean, telebistako serietan eta komigintzan.
Literaturari dagokionez, James Joyceren Ulises eleberria dugu, Xabier Olarrak euskarara itzulia[9]. Ulises izenburua Odiseako protagonistaren izenaren bertsio latindarretik dator, grezieraz Odiseo eta latinez Ulises. Literaturzale askorentzat XX. mendeko nobelarik garrantzitsuena da Ulises.
Beste lan batzuetan eragina:
- Inferno laneko 27. kantuan (Canto XXVI) Dante Alighierik infernuko 8. zirkuluan jarri zuen Ulises, non amaiera desberdin bat proposatzen den istoriorako: Itakara itzuli gabe, bidaia etengabean jarraitzen du Ulisesek.
- Kutsidazu bidea Ixabel: Josean Sagastizabalen lana Odisearen parodia gisa dago eratua[10].
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015/06/01 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Aita Santi Onaindiaren liburuak. in: Euskerazaleak. Aitasanti.ametx.net.
- ↑ Lur Hiztegi Entziklopedikoa, Lur. «Greziar literatura arkaikoa: poesia epikoa» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-16).
- ↑ Uribarren, Patxi. Aita Santi Onaindia: gizona eta obra. (Noiz kontsultatua: 2018.04.20).
- ↑ Homero: Ulises: Homeroren Odisearen bertsioa. Egokitzailea: Juan Kruz Igerabide. Erein, 2000 eta 2007
- ↑ Homero: Odisea. Moldaketa, Jesús Cortés; marrazkiak, Alex Herrerías; euskarazko bertsioa, Gerardo Markuleta. Erein, 2016
- ↑ Invocació de l’Odissea, per Aita Onaindia. in: De Troia a Ítaca. Detroiaaitaca.wordpress.com.
- ↑ Bonifazi, Anna. (2009). «Inquiring into Nostos and Its Cognates» American Journal of Philology 130 (4): 481–510. doi: . ISSN 1086-3168. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
- ↑ (Ingelesez) The Theme of Returning Home in Ancient Greek Literature: The Nostos of the Epic Heroes – Bryn Mawr Classical Review. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
- ↑ Joyce,James: Ulises, itzulpena: Xabier Olarra, Igela, 2015
- ↑ «kutsidazu bidea. ixabel - IRALE» irale.hezkuntza.net (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).