Erromatar mitologia
Erromatar mitologia Antzinako Erromako mitoen multzoa da, eta garai hartako erlijioaren osagai. Bi garaitan bana daiteke:
Mitologia eta erlijioa
aldatuOhikoa da mitologia eta antzinako erlijioa kontzeptuak nahastea. Mitoak kontakizunak dira, mundua (natura edota zibilizazioaren sorrera) azaltzeko narrazio multzoa. Ipuin horietan pertsonaiak daude (jainko-jainkosak, heroiak, deabruak, pertsonai historikoak eta sasi-historikoak, etab.) eta haien arteko erlazioak kontatzen dituzte edota haiek gizakiekin edo naturarekin izandakoak. Erlijioa, aldiz, zabalagoa da; sinemen guztien multzoa da, eta sinismen horiek praktikatzeko kultura batek sortu dituen errituak, leku sakratuak, apaizak eta bestelako azpiegitura fisiko eta mentalak.
Erromako lehen mitoen jatorria
aldatuAskotan aipatu da erromatarrak, greziarren aldean, ez direla mitologia zaleak. Egia da, esaterako, jainko eta jainkosa erromatarrek izena eta funtzio argiak duten elementu hutsak direla, kontakizun edo historiarik gabeak (alegia, mitologiarik gabeak). Hala ere, erromatarrek bazuten:
- Erritu sistema bat eta ondo zehaztutako apaiz hierarkia bat.
- Hiriaren sorrera eta garapenaren inguruko kondaira historikoen multzo aberatsa. Kondaira horien protagonistak gizakiak ziren arren, jainkoek ere parte hartzen zuten.
Jainkoen lehen mitologia
aldatuEredu erromatarrak, grekoarekin konparatuz, jainko kontzeptua definitzeko modu ezberdina izan zuen. Adibidez, antzinako greziar bati Demeter nor zen galdetuko bagenio, segur aski Hadesek Persefone alaba bahitu zionean izandako atsekabearen kondaira ezaguna kontatuko liguke; antzinako erromatar batek, aldiz, erantzungo luke Zeres-ek flamen deituriko apaiz ofizial bat zuela eta Jupiter, Marte eta Quirinoren flamenak baino gazteagoa izanik, Flora eta Pomonaren flamenak baino zaharragoa zela. Gainera, beste bi landa-jainkorekin (Libero eta Libera) hirukote bat osatzen zuela esango liguke. Eta baita jainkosari laguntzen zioten bigarren mailako beste jainkoak beren funtzio zehatzekin zerrendatu ere: Sarritor (jorratzailea), Messor (uzta-biltzailea), Convector (gurdizaina), Conditor (biltegizaina), Insitor (ereilea), etab. Honela, antzinako mitologia erromatarra, jainkoei dagokienez, ez zegoen istorioez soilik osaturik, baina baita jainkoen eta gizakien arteko erlazio konplexuez ere, bai gizakien munduan, bai jainkoenean.
Erromako eta Greziako mitologiak
aldatuAntzinako erromatarren jatorrizko erlijioa aldatu egin zen Greziako mitologiaren sinesmen ugariak eta korapilatsuak bereganatu zituenean historian zehar. Antzinako erromatarren erlijioari buruz dakigun apurra ez dugu garaiko iturriei esker ezagutzen, baizik eta antzinako tradizioen galera saihestu nahi izan zuten geroagoko idazleei esker, besteak beste, K. a. I. mendeko Marco Terentzio Varron jakituna. Beste idazle klasiko batzuek, adibidez Ovidio poetak, I. mendearen hasieran idatzi zuen Fasti izeneko lanean, eredu helenistikoen eragin handia izan zuten eta beren lanetan Greziako mitoak erabili zituzten askotan tradizio erromatarraren hutsuneak betetzeko.
Erromatarrek kanpotarren jainko edo jainkosa bat euren panteoiko batekin antzekotasunak ikusi eta parekatzen zuten askotan. Fenomeno horri historialariek "interpretatio romana" izena ematen diote. Baina erromatar jainko-jainkosak eta greziarrak ez dira berdinak, are gutxiago gauza bera. Nestro F. Marqués espainiar arkeologoak esaten du:
Ez, ez dute jainkotasun batzuek besteekin zerikusirik, eta gutxiago sortzen dira bata bestetik..... Erroma eta Grezia aurkitzen hasten direnean, batez ere K.a. IV. mendetik aurrera, elkar ulertzeko beharra dute, oso erromatar gutxik hitz egiten baitzuten grekoz garai hartan.... Zeus eta Jupiterrekin gauza bera gertatu zen gutxi gorabehera. Lehena, grekoa, edozer gauza bihurtzen zen kaskarina da, bahitu eta bortxatu egiten zuen; bigarrena, erromatarra, aldiz, zaharragoa eta serioagoa da.[1]
Erromako historiari buruzko lehen mitologia
aldatuJainkoei buruz iritsi zaigun informazio urriarekin konparatuz, erromatarrek beren hiriaren sorrera eta garapenaren lehen faseen inguruko kondaira ia historiko asko zituzten. Lehenengo erregeen jatorriak, Romulo eta Remorenak adibidez, guztiz mitikoak ziren eta era honetako kondairak lehenengo Errepublikaren garairaino ere iristen dira. Berez gehienbat bertakoak ziren tradizio hauetaz gain, Greziako kondaira heroikoetatik ateratako materiala ere bazegoen antzinako garaietatik; adibidez, Eneas Romulo eta Remoren arbaso bihurtu zuten. Virgilioren Eneida (K.a. I. mendea) eta Livioren (K.a. I. mendea) lehen liburuak giza mitologia honetako iturri hoberenak dira.
Ovidio
aldatuErromako lehen autore askok Erromako mitoei buruz idatzi zuten. Ovidiok, Augusto enperadoreak erbesteratu aurretik, une kritiko batean idatzi zuen historia erromatarrean, politikoan eta kulturalean. Enperadoreak Errepublikako erlijio zaharrarekiko lotura berrezartzea eta jainkoentzako begirunea izatea espero zuen. Ovidiok hainbat lan idatzi zituen erromatar mitoari eta erlijioari buruz: Metamorfosiak eta Fasti dira bere obra ezagunenetako bi. Bere istorioek, gehienak grekoak, izen erromatarrak zituzten. Fasti-n garai bateko egutegi erromatarreko lehen sei hilabeteetako jaialdiak, jainkoen kondairak eta erritu askoren jatorria erretratatu zituen. Mitologia erromatar goiztiarrak lotura estua izan zuen hiriarekin eta haren historia aberatsarekin, baina legenda jakin batean jarri zuen arreta, ustezko sortzaileen sorrera: Romulo eta Remo.
Eneida eta Eneas
aldatuMitoa eta Historia lotzen duen lehenetariko saiakera Virgilio poetarena izan zen, Homeroren Odisea Erromaren sorrerarekin lotzen duena. Bere heroiaren, Troyako Eneas gudariaren, bidaiak kontatzen dituena. Esan izan da Eneidak mitologia erromatarraren adierazpen osoena erakusten duela. Historian, heroiak, amaren duen Venus jainkosaren laguntzarekin, (haren aita Ankises izeneko gizon hilgarria zen), ihes egin zuen Troyatik aitarekin eta zenbait lagun soldadurekin, hiria greziarrek erabat bereganatu baino lehen.
Istorio horrek eta Troiako Gerrarekin zuten loturak erlazio bat eman zieten erromatarrei Troiako antzinako kulturarekin. Venusen laguntzarekin, eroritako troiarrek hiria utzi eta Italiara nabigatzen dute, Eneasi esan baitzioten, han hiri bat aurkituko zuela. Lehenbizi Greziara joan ziren, eta, gero, Homeroren istorian bezalaxe, bidea galtzen dute. Afrikako Cartago hirian lurreratu dira. Han, Eneasek Dido erregina ederra ezagutu du, harekin maitemindu eta laster ahaztu zaio bere benetako asmoa.
Azkenik, Merkurio jainkoak esku hartu eta Eneasi bere patua gogorarazten dio, berak eta bere gizonek Afrika oparoa utzi eta urrundu daitezen. Dido erreginak bere buruaz beste egin du Eneasek uzten duenean. Kumas hirian lurreratzean, Eneasek Sibilaren orakulua kontsultatu du. Orakulu horrek Hadesera eraman du. Han, eroritako etsaiak eta Dido erregina aurkitu ditu, eta, gainera, hil berria den aita ere ikusi du eta bere ondorengoek ezarriko zuten hiri handiaz esaten diona. Geroago, Tiber ibaiaren ahora iritsi ondoren, troiarrak gerra batean sartu ziren Rutuloen Turnus erregearekin. Venusek Vulcanori eskatu dio Eneasentzat armadura eta arma berriak egiteko, Akilesentzat egin zuen bezala. Azkenik, Turnus garaitu eta hil egin zuten baina bakea lortu da Eneasek erregearen alabarekin ezkonduz.[2]
Italiako eta Erromako jainkoak
aldatuApaiz ofizialen erritu-praktika erromatarrak jainkoak bi taldetan banatzen zituen: bertako jainkoak (di indigetes) eta jainko berriak (di novensiles).
Bertako jainkoak jatorriz Estatu erromatarrekoak ziren eta haien izena eta jatorria antzinako apaizen tituluetan eta baita egutegian finkatu ziren jaiegunetan ere adierazten ziren; mota honetako hogeita hamar jainkori jaiegun bereziak eskaintzen zizkieten. Jainko berriak geroago iritsi ziren. Jainko horien gurtza garai historikoetan ezarri zen hirian, normalean halako data ezagun batean eta krisi edo beharrizan jakin bati erantzuteko beharraren ondorioz.
Bertako jainkoez gain, antzinako jainko erromatarren artean espezialistak deituriko jainkoen multzoa ere sartzen zen, erromatarrek hainbat ekintza burutu bitartean (besteak beste, uzta garaian) deitzen zituztenak. Goldatze eta ereite garaian ospatutako antzinako errituen zati batzuei esker, badakigu jardueraren fase bakoitzean jainko jakin baten izena deitzen zutela (jainkoaren izena jardueraren aditzetik eratorria zen). Jainko horiek jainko laguntzaileak zirela esan dezakegu, jainko nagusiekin batera eskatzen baitzitzaien laguntza.
Erromatar panteoiaren jainko-jainkosa nagusiak
aldatuIrudia | Erromatar
izena |
Greziar
izena |
Ezaugarriak | Atributua |
---|---|---|---|---|
Jupiter | Zeus | Gizakien eta jainkoen aita, altueren erregea, justizia bideratzailea, zeruaren eta trumoiaren Jainkoa. | Tximista, Arranoa, Zezena eta Haritza. | |
Juno | Hera | Etruriar jatorrikoa. Jainkoen erregina eta ezkontzaren eta familiaren Jainkosa. | Indiolarra eta koroa. | |
Neptuno | Poseidon | Itsasoetako, zaldien eta lurrikaren Jainkoa. | Hiruhortzekoa eta gurdia. | |
Minerva | Atenea | Jakinduriaren, arteen eta gerra tekniken Jainkosa. Erromaren babeslea eta artisauen patroia. | Kaskoa, ezkutua, lantza, olibondoa eta hontza. | |
Marte | Ares | Gerraren Jainkoa. | Ezpata, ezkutua eta kaskoa. | |
Venus | Afrodita | Maitasuna, edertasuna eta ugalkortasunaren Jainkosa. | Usoa, ezpata eta itsas maskorra. | |
Febo | Apolo | Argiaren eta eguzkiaren Jainkoa; egia eta profeziena; arkularitzarena; medikuntzarena; musikarena; poesiarena eta arteena. | Lira, arkua eta gezia. | |
Diana | Artemisa | Edertasuna, ehiza eta naturaren Jainkosa eta kastitatearen ikurra. | Ilargia, zilarrezko arkua, gezia eta buiraka. | |
Merkurio | Hermes | Jainko mezularia eta jainko-jainkosa eta hilkorren gidaria. | Pegaso, kaduzeo, sandaliak eta poltsa. | |
Baco | Dioniso | Ardoaren, mahatsaren, zoramenaren eta dantzaren Jainkoa. | Tirso. | |
Vulkano | Hefesto | Sua eta metalen Jainkoa. | Ingude eta mailua. | |
Pluton | Hades | Inframunduko eta hildakoen Jainkoa. | Ebano koroa, ebano tronua eta lau zaldi beltzez tiratutako karroa. |
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) Corroto, Paula. (2021-09-26). «Divulga la historia de Roma a miles de lectores: "No copiaron los dioses a los griegos"» elconfidencial.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-10).
- ↑ (Ingelesez) «Roman Mythology» World History Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2022-04-10).