Prometeo
Prometeo[1] greziar mitologian, titan bat zen, Japeto eta Klimene edo Asiaren semea. Eskilok, baina, Gea edo Temisen semea zela adierazten du. Bere anaiak, Menezio, Atlas (mitologia) eta Epimeteo ziren. Oso gutxik onartzen duten bertsio baten arabera, Eurimedonte erraldoiak, Hera jainkosa bortxatu zuen, hau oraindik umea zelarik, eta honen ondorioz jaioko zen Prometeo.
Prometeo | |
---|---|
Greziar mitologia | |
Ezaugarriak | |
Sexua | gizonezkoa |
Familia | |
Aita | Japeto |
Ama | Klymene (en) , Temis eta Asia (en) |
Ezkontidea(k) | Pronoia (en) , Celaeno (en) , Axiothea (en) eta Klymene (en) |
Seme-alabak | Deukalion, Thebe (en) , Chimaereus (en) , Lycus (en) , Aidos (en) eta Helen |
Anai-arrebak | Epimeteo, Menezio eta Atlas |
Mitologia
aldatuZeusi egin zion lehen engainua, honako hau izan zen: Idi bat hil zuen, eta, ondoren, bi zatitan banatu zuen. Zati batean, larruazala, barne organoak eta haragia jarri zituen. Bestean, berriz, hezurrak, gantzez estalirik. Orduan, Zeusi aukeratzen utzi zion. Eta honek, gantza aukeratu zuen. Sutan jarri zen, gantzaren azpian hezurrak baino ez zeudela ikustean. Ordutik, sakrifizioetan, gizakiek hezurrak erretzen dituzte, jainkoei eskaintzeko, baina haragia jaten dute.
Zeusek, mendekua hartu zuen, eta gizakiak surik gabe utzi zituen. Honetaz konturaturik, Prometeok, sua lapurtuko zuela erabaki zuen. Honela, Olinpo mendia igo eta, Apoloren gurditik edo Hefestoren sutegitik hartu zuen, gizakiei itzuliz kanabera baten zurtoinean. Honek oso motel su hartzen duenez, oso egokia da halako helbururako. Eta, honela, gizateria berotu ahal izan zen.
Beste bertsio batzuetan (Platonen Protagoras nabarmendu behar da) Prometeok Atena eta Hefestoren langintza erremintak lapurtzen zituen, hauekin guztiarekin batera, sua ere eramanez, bestela, ez baitzuten ezertarako balio. Eta honela, gizakiei eman zien sua.
Bigarren irain honen mendeku gisa, Zeusek, Pandora izeneko buztinezko emakume bat egiteko esan zion Hefestori. Zeusek, bizia eman zion eta Hermesen bidez bidali zuen Epimeteorengana, Prometeoren anaietako bat, munduko nahigabe guztiak barnean zituen kutxarekin batera. Hauekin zigortu nahi zuen Zeusek gizateria. Epimeteo, Prometeok emandako abisuei kasu egin gabe, Pandorarekin ezkondu zen. Pandorak, azkenean, kutxa zabaldu zuen.
Modu honetan gizateriari mendeku hartu ondoren, Prometeori ere mendeku hartu zion. Eta titana, Kaukasora bidali zuen. Bertan, Hefestok kateatu zuen, Bia eta Kratosen laguntzarekin. Zeusek arrano beltz erraldoi bat bidali zuen (Tifon eta Ekidnaren alaba, Prometeoren gibela jan zezan. Baina hau hilezkorra zenez, egunero hazten zitzaion berriz gibela, eta arranoak gauero jaten zion. Zigor hau, betirako izan behar zen, baina Herakles pasa zen Prometeo bere zigorra jasaten ari zen tokitik, Hesperideen lorategira zihoala, eta Prometeo askatu zuen, arranoari gezi bat jaurtiz. Oraingo honetan, Zeusi ez zitzaion inporta Prometeok berriz bere zigorra eragotzi izana, Heraklesek, Zeus beraren semea izaki, horrela, aintza gehiago lortu baitzuen. Prometeo, honela, askatua izan zen, baina kateatuta egon zen harkaitzaren zati bati lotuta zegoen eraztun bat eraman behar izan zuen.
Esker ona adieraziz, Prometeok, Hesperideen sagarrak lortzeko modua kontatu zion Heraklesi.
Beste bertsio batean, baina, Hefestok askatu zuen Prometeo, Zeusi, honen patua kontatu ondoren. Tetis nereidarekin seme bat izaten bazuen, seme hau, bera baino askoz boteretsuagoa izango zela esan zion. Horregatik, Tetisekin ez ezkontzea erabaki zuen Zeusek.
Beste bertsio batzuetan, Prometeo izan zen gizakien sortzaile, buztinarekin moldatuz.
Zelenorekin, Deukalionen aita izan zen.
Beste mitologia batzuekin duen erlazioa
aldatuMitografian, Prometeo jainko tranpatiarren artean sailkatua izan daiteke, Loki eskandinaviar mitologian bezala. Hau ere, jainkoa baino gehiago, erraldoia da, eta suarekin lotua dago. Eta, Prometeo bezala, harkaitz batean kateatua izan zen, zigor gisa. Zigor horretan, animalia batek eragindako sufrikarioak jasan behar izan zituen (pozoia jaurtitzen zion sugegorri bat).
Batzuek, gaia, Kaukasoko herrietako Narten Sagatik hartua izan zela uste dute, baina, Lokirekin dituen berdintasunek, atzean, iturri indoeuropar zaharrago bat dagoela adierazten dute.
Prometeoren mitoa kulturan
aldatuPrometeoren istorioak, egile asko inspiratu ditu historian zehar, gizakiek jainkoen gauzak egitearen edo izatearen ausarkeriari erreferentzia egiteko. Erromantizismo garaikoek, Prometeogan, daimon edo jeinu natural baten eredua ikusi zuten. Egile horien lanetako batzuk honako hauek dira:
- Prometeo kateatuta, Eskilori (K. a. 525-K. a. 456)eman izan zaiona.
- Frankenstein edo Prometeo modernoa. Mary Shelley.
- Prometeo Dirk van Baburenen margolana.
- Prometeo Johann Wolfgang von Goetheren olerkia.
- Prometeo Lord Byronen olerkia.
- Prometeo kateak kenduta Percy Bysshe Shelleyren antzezlana, elkarrizketa hitz-neurtuan duela (1819).
- Prometeo Thomas Kibble Herveyren olerkia (1832).
- Prometeo: Suaren olerkia, Alexander Scriabinen olerki orkestrala (1910).
- Prometeo Carl Orffen opera.
- Prometeo Franz Liszten 5. olerki sinfonikoa.
- Prometeo Luigi Nonoren suitea (1992).
- Prometeo José Clemente Orozcoren margolana (1930).
- (Alemanez) Die Geschöpfe des Prometheus, op. 43, Ludwig van Beethovenena.
- Prometeo, Mitoa eta tragedia, Carlos Garcia Gual.
New Yorkeko Rockefeller Centerra, Prometeoren omenezko aldare birtuala da. Bere urre koloreko estatua, erdiko iturriaren aurrealdean dago, behean, Eskiloren lerro batzuk izkiriatuta dituelarik.
Elkarte Libertario Futuristak, urtero, Prometeo saria ematen dio eleberri libertario onenari.
Psikoanalisian, Prometeoren mitoa, gizakien ezagutzari buruzko ekarpenaren metaforarekin erlazionatuta dagoela uste da. Psikoanalistek, "Prometeoren konplexua"ri buruz hitz egiten dute, etengabeko jakintzaren bilaketa, eta, bizitza intelektualaren Ediporen konplexua dela ere onartzen dute.
Erreferentziak
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Prometeo