Santiago Calatrava
Santiago Calatrava Valls (Valentzia, 1951ko uztailaren 28a) espainiar arkitekto, eskultore eta ingeniaria da. Atenasen Olinpiar Konplexua, Tenerifeko Auditorioa, Bilboko Zubizuri edo Valentziako Arte eta Zientzien Hiria diseinatu ditu, besteak beste.
BizitzaAldatu
Artea eta arkitektura ikasi zituen Parisen eta Valentzian. Ingeniaritza zibilari heldu zion segidan, Zurichen, goi-teknologiak liluraturik, Gaudí, Nerva zein Félix Candelaren obraren eraginpean betiere. Zurichen bertan hasi zen lanean 1981ean eta berehala egin zen ezaguna Europa osoan. 1989an beste bulego bat zabaldu zuen Parisen, eta laster hasi zen Calatravaren izena nazioarteko lehiaketa ospetsuenei lotuta azaltzen. Besteak beste, Berlingo Reichstag proiektuan parte hartu zuen (1993). Ordurako, ordea, beste makina bat egina zen: Rodako Bach zubia (1987) eta Montjuïceko dorrea (1989-1992), Bartzelonan biak; Kuwaiteko pabiloia eta Alamillo zubia, Sevillako Expo'92 erakusketarako eginak; Bilboko aireportuaren handitze lanak (1991-2000); Torontoko BCErako eginiko Gallery and Heritage Square proiektua, edo Lyon-Satolasko tren geltokia. Sari asko jaso ditu, eta erakusketa ugaritara eraman izan dituzte bere obrak. Calatravaren arkitekturaren hastapenak oso soilak dira sarritan, baina horiei emandako konponbide teknikoak oso konplexuak izan daitezke. Nabari da bere estiloan lan antropomorfikoen eragina, Pier Luigi Nervi arkitektoarena adibidez. Arkitektura, ingeniaritza eta eskultura uztartzen ditu zenbaitetan, hiru alor horietan egin dituen ikasketez baliatuz.
LanakAldatu
Kanpo estekakAldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Santiago Calatrava |
Artikulu hau Espainiako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.