Erdi Aroko krisialdia Euskal Herrian

Erdi Aroko edo gizarte feudalaren krisia Europako beste hainbat lekutan bezala 1250 eta 1450 arte inguruan izan zen Euskal Herrian.

Jaunentzako ordain derrigortuaren tasaren jaitsiera aldatu

Aurreko atalean egiaztatzeko aukera izan dugun bezala, gizarte feudalaren eta ekonomia sistemaren edo produkzio eraren bi ezaugarri nagusiak lur sail txikien nagusitasuna eta jaunek ekonomikoak ez ziren bideez bortxaz zergak kobratzea ziren.

Bi alderdi horien artean etengabeko tirabirak izan ziren, eta tirabira horietatik sortu zen jaunen eta nekazarien arteko produkzio harremanen bilakaera. Harreman horiek jaunentzako ordain derrigortuaren tasa izan zuten ardatz, alegia, nekazariek lantzen zuten lur zati bakoitzaren produkziotik jaunak eskuratzen zuen zatia. Hazkundearen garaian, tasa horrek beherantzako joera izan zuen, gizartearen antolamenduaren beraren eraginez. Jaunek eta nekazariek, zeinek bere aldera, bortxazko tasa kobrantzaren gainean egiten zuten presioan, nekazariek abantaila zeramaten, lurrari ateratzen zioten etekinaren bidez eta produkzio prozesuaren kontrolaren bidez; jaunek, berriz, ekonomiaz kanpoko aginpidean zuten beren indarra. Horren ondorioz bilakaera bat izan zen epe luzera, eta bilakaera horretan ekonomia indarren arteko harremana nekazarien aldekoa izan zen, eta horrek ordainketa derrigortuaren tasa gutxitzea ekarri zuen. Nekazarien lur sailen ustiatzeak ugaritu izanak ekarri zuen hazkundeari esker, jaunentzako ordain derrigortuaren tasa jaitsiera berdindu ahal izan zuten, eta, beraz, Erdi Aroko errentaren kopuru osoak gorantzako joera izan zuen.

Komunitateek zergak ordaintzetik salbuetsiak izateko foruak eta gutunak lortu zituztenean jaitsi zen jaunentzako ordain derrigortuaren tasa aztergai dugun eremuan.

Foru horien bidez komunitateek lortzen zuten beren zergak era askotara arautzea, su bakoitzari edo komunitate osoari zegokion urteko petxa bihurtuz zerga horiek. Lehenengo arau motak su bakoitzak dirutan 2, 3 edo 4 soldata su edo etxe bakoitzeko edo bietara, dirutan eta gauzetan, ordaindu behar zuen kopurua arautzen zuen, horregatik pertsona bakoitzeko petxa esaten zitzaion. Bigarren arau motak komunitate bakoitzari kobratzen zitzaion kopuru osoa zehazten zuen bai dirutan, bai gauzetan, edo bietara, komunitateak gero bere baitan banatzen zuela kopuru hori; petxa horiei petxa tasatuak, auzitara eramanak edo osoak esaten zitzaien. Oso noizean behin bi ordainketa mota horiek, pertsona bakoitzekoa eta komunitate osoarena, batera egiten ziren, esate baterako, Oñatiko Jaurerrian.

Lehenengo zerga salbuespenak nahiko goiztiarrak izan ziren, XII. mendekoak, eta nafar erregeen mende zeuden lurretan 20, Antso VI.aren garaian, 30, Antso VII.arenean eta beste 28, 1234tik 1349ra, Iruñeko katedralean eta Leireko San Salbadorren egin ziren; baina XIII. mende erditik XIV. mende erdialdera bitarte,higikunde hori nabarmen hazi zen jaunen mende zeuden lurretan, aldi horretan berrogeita hamar petxa baino gehiago arautu baitziren Nafarroako erresuman, eta horiez gainera kontuan hartu behar dira urte horietan bertan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hiribilduei eta Valderejoko haranari eman zitzaizkien foruekin batera egiten ziren zerga salbuespenak ere. Zerga salbuespen horiek lortzea ez zen beti erraza izan, nekazarien eskariek maiz jaunen gogortasuna izan baitzuten aurrez aurre, eta askotan jaunek ez zuten amore ematen gatazkak eta auziak izan arte 1313-1315an Oteitzako biztanleek Iratxeko monasterioaren aurka izan zutena, adibidez. Errentaren berregituratze horren ondorioz, zerga salbuespenak kasu askotan zerbitzuak lanaren bidez ordaintzeko ohitura desagertzea ekarri zuen, eta beraz lasaitu egin zituen mendekoek jaunarekiko zituzten mendetasun loturak, jaunak gero eta gehiago bihurtu zirela errenten hartzaile soil. Euskal Herrian garai hartan izan zen demografia hazkundeari esker, zerga salbuespenek ekarri zuten ordainketa derrigortuaren tasaren jaitsiera berdindu ahal izan zuten jaunek. Pertsona bakoitzeko petxak ordaintzen ziren eremuetan, su berriak sortu izanak berdintzen zuen zergak ez igo izana, baina petxa tasatuak ordaintzen ziren eremuetan ere bazegoen jaunen sarrerak gehiagotzea, eta horretarako erabiltzen zuten bidea produkzio ondasunak besteri uztea izaten zen, haiek ustia zitzaten. Ondasun higiezinak uzteak, alde batetik, aurrezteko aukera ematen zion jabeari, ustiatzeak zekartzan kostuak maizterrak ordaindu behar izaten baitzituen, eta, bestetik, uzte horren truk jaunak errenta bat jasotzen zuen urtean.

Are gehiago, garai hartan igo egin zen aldi baterako kontratuen batez bestekoa maizterra bizi zen bitartean edo urteka egindako kontratuak, ordu arte nagusi izan ziren bizi guztirako uzteekin konparatuta, hala, kontratua berritzen zen bakoitzean kontratuaren baldintzak berregokitu egin zitezkeen, eta hori, demografia hazten ari zen eta lur gosea zegoen garai haietan, jabearen mesederako izaten zen. Demografia gehien hazi zen garaian, XIV. mendeko lehenengo berrogeita hamar urteetan, alegia, argi eta garbi ikusten da hori: Iratxeko monasterioan gorde diren garai hartako kontratuen %51,61 urte kopuru jakin baterako alokairu kontratuak ziren, orobat Orreagako ospitaleko kontratuen %37,5, Iruñeko katedraleko %57,14 eta San Juango ordenaren %68,18. Egoera horrek argiago ulertarazten dizkigu jaunen jokabide jakin batzuk, esate baterako, Arabako nobleek lugorriak kontrolatzeko eta nekazariak beste eremuetara alde egin ez zezaten 1332an egin zituzten ahaleginak. Demografiaren hazkundea gehienbat jaunen mesederako izan zen.

Jaunen diru sarreren krisia aldatu

 
Izurri Beltza
Sakontzeko, irakurri: «Izurri Beltza»

Sistemaren kontraesanek krisia ekarri zuten. Nekazaritza zabalaren hazkundeak eusten zion errenta feudalaren kopuru osoaren gehikuntzari, baina nekazaritzaren krisiari dagokion atalean ikusi dugun bezala, hazkunde horrek mugak zituen eta muga horiek XIV. mendeko lehen erdialdean iritsi ziren. Urtez urteko uzta txarrak izan ziren sistemaren etenaren adierazgarririk garrantzitsuena, eta uzta txar horiek goseteak eragin zituzten, XIII. mende bukaeraz geroztik Euskal Herria gogor astintzen ari zirenak, Nafarroa aztertu dugunean ikusi dugun bezala Nafarroakoa baita dokumentazio iturriek hobekien deskribatzen duten kasua, mende hartako lehen 47 urtetik 25etan zailtasunak izan ziren. Ez da harritzekoa aristokraziak izan zituen lehenengo zailtasunak nekazaritzak izan zituen lehenengo zailtasunekin batera agertu izana. Hala, 1289tik 1347ra bitarte, Nafarroako nobleziako gutxienez 15 familiei beren ondasun eta errenta guztiak edo haien zati bat bahitu zieten edo saldu behar izan zituzten, zorrak kitatu ez zituztelako.

Era berean, garai horri dagozkio indarkeria gehitu izanaren lehenengo zantzuak, bai aristokraziako familien arteko liskarrak eta bai aristokraziak nekazarien eta hiribilduen kontra egin zituen borrokak; adibide bakan horiek argi ematen dute nobleek sortu zuten giro nahasi horren ondorioen berri: Arabak eta Gipuzkoak Nafarroarekin duten mugan bidelapurrak gehitu izana, Amendüzen (Nafarroa Beherea) bake biltzar baterako deialdia egin izana Gamueko lurretan indarkeriazko ekintza asko izan baitziren; edo Argantzongo biztanleek 1304an egin zuten kexua, aitoren semeek eta zaldunek lurralde hartan egin zituzten txikizioak salatzeko.

1348-1350eko pandemiak eta aldian aldiro pandemia hori itzuli izanak gosetea ere bazekarrela ez zuen krisia areagotu baizik egin, eta biztanle asko eta askoren heriotzak nahitaez izan zuen eragina jaunen errentan. Adibidez, Lobanerrek, Mehaineko jaunak (Behe Nafarroa) ikusi zuen nola izurria baino lehen haren jaurerrian zituen hamar suetatik, izurritearen ondoren ez ziren lau besterik geratu. Ekoizleak desagertzeak berehala ekarri zuen eremu landuak desagertzea eta, beraz, produkzioa ere jaistea, jaitsiera horren batez bestekoa %14 izan zelarik Araban eta heren bat baino gehiago Nafarroan. Pertsona bakoitzeko petxa sistema nagusi zen jaurerrietan izurriak eragin handia izan zuen, sua desagertzeak petxa galtzea baitzekarren. Zerga salbuespenen garaian petxa tasatuak ezarri ziren eremuetan bestelakoa zen egoera, zeinahi ere zela bizilagunen kopurua petxa ez zen aldatzen, ordaindu beharreko diru kopurua komunitatearen araberakoa baitzen eta ez pertsonen araberakoa; nolanahi ere, biztanleria hainbeste gutxitu zen, non komunitate askok beren petxak edo ezin zituzten ordaindu edo nekez ordain zitzaketen.

1348an izurria hasi zen unetik beretik, nekazariak ahalegindu ziren urtero egin behar zituzten ordainketen beherapena lortzen.

Beherapen horiek hiru eratakoak izan ziren Nafarroako monarkian, soffrienças, remissiones eta restanças:

  • Soffriença esaten zitzaion ordainketa beste urte batera atzeratuagatik monarkiaren ordezkariek ezarritako epearen ondoren kobratzeari uko egitenez zitzaion petxaren zatiari.
  • Remission, quitança edo gracia esaten zitzaion epe mugatu baterako barkatzen zen petxaren zatiari, eta soil-soilik ezinbestean ematen zen beherapenari.
  • Azkenik, restança esaten zitzaion 1347-1350eko demografia beheraldiaren eraginez petxa osoa ordaintzerik ez zuten komunitateen kasuari, izan ere, ordainketa horiek azken batean betiko atzeratzen ziren, baina monarkiak sekula ez zuen onartu petxa horiek legez murriztea.

1349ko abuztuan, erregeak erabaki zuen erresuma osoko zergadunei urte hartako petxaren herena ez eskatzea, urte hartan hil zen jendetza handia zela eta. Heren hori kopuru teoriko bat izan zen, lekuen arabera aldaketak izan zituena, baina beherapen hura soffriença bat zen azken batean, administrazioak kobratzeko asmoa baitzuen komunitateen egoerak horretarako bidea ematen zuenean. 1362ko azaroan beste beherapen orokor bat izan zen erresuma osoan, erregearen administrazioak aletan ordaindu beharreko petxen erdia eta dirutan ordaindu beharreko petxen laurdena barkatu zuenean, nekazarien behar gorria ikusirik. 1376ko apirilean, Karlos II.ak erabaki zuen 1362tik 1374 bitarte pilatutako restança eta soffriença guztiak kentzea.

Nolanahi ere, beherapen horiek inoiz ez ziren izan munta handiko kopuruak; 1377ko kontuetan, petxa arintzeak ez ziren guztira diru sarreren %1,20, gari sarreren %11,80 eta olo eta garagar sarreren %6 besterik izan.

Jaunen jarrera, hasieran behintzat, oso zorrotza izan zen, Juana Almorabidek 1348ko uztailaren 15ean idatzi zuen testamentuak frogatzen duen bezala, Zizur Nagusiko nekazariek errenta jaisteko egin zioten eskariaz ari zela honela baitio:

« Item otrossi como fuesse pleyteada la pecha de Çicurr que non cresce nin mengoa et como agayno sean muertos muchos labradores et labradoras et alguno deillos sean cryaturas et haya requeridos a los labradores que coian las heredades de los muertos et que paguen la pecha toda dizen que non podrian. Et yo sobre esto haya demandadoconseio en sauios que fare et me den por conseio que tome los muebles et los fruytos de los que son muertos sin criazon et yo que de recaudo a la heredad destos muertos. En esta manera que los parientes de los muertos et si los otros labradores de Çiçur quisieren tomar estas heredades que yo nin mi fijo nin qui ouiere de heredar Çiçur non pueda allegar tenencia nin appropiarse de las heredades eyllos pagando toda la pecha segun sus priuilegios et ata que sea requerida destos labradores que los desempare et que me pagaran la pecha toda que espleyte las heredades yo o mi fijo o mis cabeçaleros ata que sea conplido mi destin. »


Testu horretan ikus daitekeen bezala, errenta ez zen beheratu, soil-soilik utzi zitzaien bizirik zeuden nekazariei hildakoen lurrak hartzea eta petxa osorik ordaintzea. Eskariei amore ez ematerakoan jaunek erakusten zuten zorroztasun hark ezin izan zuen luzaroan iraun. Demografia hainbeste jaitsi zen, non nekazari komunitate asko ez ziren inondik ere izurri aurreko aldian ezarri zen errenta ordaintzeko gauza, eta, beraz, ordaintzen ez zuten nekazariak berehala eraman zituzten auzitara. Hala, 1350ean, Karlos II.a erregeak agindu behar izan zien San Juango ordenako nekazariei ordain zitzatela ordena horri zor zizkioten petxak.

1360ko auzi baten sententziak Ororbiako nekazariak cena zerga eta petxaren atzerapenak Leireko monasterioari ordaintzera behartu zituen, 1348az geroztik osorik ordaindu gabe baitzituzten; eta urte hartan bertan, Etxaburuko nekazariak Eusako jaun Juan Martinezen ondorengoei zor zizkieten petxak ordaintzera kondenatu zituzten.

Hurrengo urteetan ere arazo horrek bere izanean iraun zuen.

1360 inguruan, jaunek onartu behar izan zuten ez zegoela politika hori aurrera eramaterik eta amore eman zioten azkenik errentan beherapenak egiteari, bai ordainketa atzeratuak barkatuz, bai petxa osoari beherapenak eginez. Hala, 1358an, Olibako monasterioak Deierriko petxa beheratu zuen, %50ko beherapena aletan ordaindu beharrekoan eta %67koa dirutan ordaindu beharrekoan; Zizur Nagusiak, orduan monasterio horren mende baitzegoen, bi beherapen lortu zituen, bata 1372an eta bestea 1398an %20ko beherapena garitan ordaindu beharrekoan eta %40ko olotan ordaindu beharrekoan; eta 1436an Caparrosoko petxak ere beherapenak izan zituen, %30eko beherapena garitan ordaindu beharrekoan eta %38,50ekoa dirutan ordaindu beharrekoan. San Juango ordenak gauza bera egin zuen Ribaforadako nekazariekin 1360an, Subitzakoekin 1363an eta Aberingoekin 1408an. Iratxeko monasterioaren mende zeuden lurretan petxak beheratu zituzten, mendearen lehenengo erdialdean zerga salbuespenak eman ziren lekuen %80an. Kontratu bidez utzitako ondasunak ustiatzen zituztenek ere zailtasun handiak izan zituzten beren zergak beti osoosorik ordaindu ahal izateko, hori gertatu zitzaien San Juango enkomiendakoei Cabanillasen 1381ean eta Leireko monasterioari ordaindu behar zioten Igariko nekazariei 1404an.

Demografiaren krisiak beste eragin batzuk izan zituen jaunen ekonomian. Lan eskuak bakantzeak soldaten igoera ekarri zuen; 1351tik 1380ra soldatak ia %30 igo ziren Nafarroan, 1351n eta 1365ean soldatak finkatzeko hartu ziren neurriak gorabehera.

Antzeko zerbait gertatu bide zen Gaztelan, han ere 1351n gorteek gehienezko mugak jarri baitzizkieten soldatei. Soldatak igotzeak zuzenean ustiatzen ziren lurrak eta kontratu bidez ematen ziren produkzio ondasunak jaistea ekarri zuen, baina demografiaren krisiak bete-betean joa zuen aldi hartan baldintzak ez zeuden jabeen alde.

Lur ugari zegoen eta ez zegoen beti zergazordunik aurkitzerik; San Juango ordenak Leten zituen lurrak alokatu gabe gelditu ziren 1348tik 1352ra, eta Leireko monasterioak ez zuen 1359 arte lortu Etxazaharreko herri jendez hustuari zergarik jartzea. Baldintza berriei esker zerga-zordunek kontratu hobeak egin ahal izan zituzten eta bizi guztiko errentak berriro nagusitu ziren.

Baina ekonomia baldintza berrien eraginez izan zituzten ondasun galerez gainera, nobleen diru sarrerak beste arrazoi batzuengatik ere murriztu ziren. Hauek ziren nobleen diru sarrera nagusiak: erregearen administrazioko kide izateagatik jasotzen zuten soldata, soldadu lanak egitearen truke ematen zitzaizkien poltsa-feudoak, egindako zerbitzuen sari dirutan ematen zitzaizkien errentak eta, jakina, dirutan kobratzen zituzten petxak. Diru iturri horiek guztiak nabarmen egin zuten behera, erregeek beren diru iturriak epe motzera gehitzeko saioan egin zituzten diru debaluazio sarrien eraginez. Debaluazio horiek zirela eta, 1412an Nafarroako poltsa-feudo baten balioa ez zen 1350ean zuen balio errealaren erdira ere iristen, nahiz eta bi data horien artean bere balio nominala 20 libera karlinetik 30era igo zen. Debaluazioak ondorio okerragoak ekarri zituen Gaztelan, askoz sakonagoa izan baitzen; baldin eta 1300ean Florentziako urrezko florin batek 5 marabedi eta 8 diru balio bazituen, 1400ean 66 marabedi balio zituen 13 bider gehiago eta 1500ean, berriz, 375 marabedi, 75 bider gehiago, alegia.

Horren ondorioz, nobleak zorpetu egin ziren eta ondarea galdu zuten; Nafarroako nobleziako gutxienez 32 familia Godofre infantea Cortesko kondea, Karlos III.a erregearen seme sasikoa barne zorrak ez ordaintzeagatik kondenatu zituzten edo beren ondasunak arrazoi beregatik bahitu zizkieten, eta gero jendaurreko enkantean saldu, 1350etik 1442ra bitarte.

Jaunek krisiari eman zioten erantzuna aldatu

Nobleek hainbat baliabide erabili zituzten bizi zuten ekonomia krisi larriari aurre egiteko. Azaletik bada ere, aipa ditzagun orain garrantzitsuenak.

Indarkeria aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Leinu gerrak»

Lehen esan dugun bezala, indarkeria izan zen Euskal Herriko aristokraziak bere sarrerak gehitzeko baliatu zuen lehenengo baliabideetako bat. Alde batetik, ondasunak kentzen zizkieten beste jaurerrietako edo erregearen mende zeuden beste lurretako nekazariei, bidelapurren gisa arituz, bereziki barruti desberdinen arteko eremu mugakideetan, adibidez, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren artean eta batez ere Araba eta Gipuzkoa Nafarroarekin mugakide ziren eremuan, hura baitzen, izatez, gaizkileen muga. Horrelako kasu ugarien artean, aipatzekoa da Luxa eta Agaramonteko jaunek 1341ean egin zituzten txikizioengatik Nafarroa Behereko biztanleek egin zituzten kexuak, eta 1353an Arrasateko hiribilduaren inguruko zazpi herrixka Arrasaterekin elkartu izana, arrazoi hauek zirela medio:

« los males e dapnos e furtos e robos e fuerzas e desaguisados que recivimos de los ricos omes e cavalleros e escuderos poderosos que viven e moran en dicha tierra e en la comarca. »


Bestalde, familia nobleak elkarren artean borrokan ari izan ziren hura izan zen ahaide nagusien borroka zeritzanaren muina jabetza, errenta edo jaurerriak nork eskuratuko; borroka horien adibide ugarien artean, aipa dezagun 1412an Orozkoko jaurerria beretzeko Aiaratarrek Abendañotarren aurka egin zutena.

Baina indarkeriaren erabilera horrek ez zuen soilik aristokraziako familia, leinu eta alderdietan izan eragina, estatuak ere sartu ziren gatazka kate horretan bertan, batek besteari lurraldeak harrapatzeko lehia horretan. Garai hartako borroken ezaugarri nagusiak biltzen dituen gatazka Ehun Urteko Gerra izan zen, Ingalaterraren eta bere mende zituen Akitaniako lurren, Lapurdi eta Zuberoa barne eta Frantziaren artekoa; gerra horretako aldi batzuetan ez bakarrik Gaztelak eta Nafarroak parte hartu zuten, gudu batzuk euskal lurretan ere izan ziren, Naiarako guduarekin bukatu zen 1366- 1367ko ekinaldia adibidez. Euskal Herrian, berriz, liskar giro horren adierazgarri izan ziren nafarrek Araban, Gipuzkoan eta Errioxan izan zituzten lurraldeak berreskuratzeko egin zituzten ahaleginak eta gaztelarrek Pirinioetako erresuma beretzeko egin zituzten saioak, borroka horietan aipagarriak direla 1335-1336, 1366-1373, 1378- 1379, 1429-1430eko guduak eta gaztelarrek 1451z geroztik Nafarroako gerra zibilean egin zituzten sarraldiak.

Nekazarien gaineko presioa gogortzea aldatu

Arestian ikusi ahal izan dugun bezala, jaunek ez zuten gogo onez onartu demografiaren hondamendiaren ondoren bizirik iraun zuten nekazarien petxak murriztu beharra, izan ere, XIV. mende erdialdetik XV. mende erdialdera maiz saiatu ziren beren nekazariek errentan edo lanetan ordaindu behar izaten zuten ordainketa derrigortuaren tasa igotzen. Hori azaltzeko Oñatiko Jaurerriaren adibideaz baliatuko gara, baina, nolanahi ere, auzi horrek sortu zituen liskarrak Euskal Herri osoan zabaldu ziren. Lehenengo albisteak 1388koak dira; urte hartan Oñatiko aitoren semeek edozein zerga ordaintzetik salbuetsia zegoen gizarte taldea hain zuzen ere kexu zerrenda bat aurkeztu zioten haien jaun Beltran Velez Gebarakoari, zeren eta:

« de poco tiempo aca que pue[de] diez años, poco mas o menos tiempo, que vos el dicho [don Beltran] commo cavallero poderoso nos fasedes pagar por fuerça et [contra nuestr]a voluntad, syn rason et syn derecho, como non devades, pechos et [tributos d]esaforados, quantos queredes et nos fasedes pagar commo poderoso »


Alegia, jaun horrek ez zuen aitoren seme haien zerga salbuespena errespetatu eta ordaintzera behartu zituen nekazariak bailiran, zerga ordaintzaileen kopurua handitzeko saioan.

Baina neurri horien eragina gehienbat nekazariek jasan behar izan zuten, 1420- 1421ean Oñatiko jaurerriko nekazariek ordaindu behar zuten errenta gehitu egin baitzen.

Ordu arte, nekazari bakoitzak 24 marabedi ordaindu behar izaten zituen, beste 37 marabedi, 3 arrabete gari, arrabete bat olo eta hiru oilo, gainera, nekazari guztien artean 5.000 marabediko petxa oso bat ordaindu behar izaten zuten. 1420-1421ean aldaketa hauek egin zituzten nekazariek ordaindu beharreko errentan: nekazari bakoitzak dirutan ordaindu behar zuena Aragoiko urrezko florin bat zen eta Gaztelako dobla bat urrezkoa, eta laboretan ordaindu beharrekoa, berriz, 1,5 anega gari eta 0,5 anega olo; gainontzeko ordainketak bere horretan gelditu ziren. Garbi ikusten da nola dirutan egin beharreko ordainketak urrezko dirutan egiten ziren, diru horrek ez baitzuen debaluazioaren eraginik izan, eta gauzetan egin beharreko ordainketak, berriz, bi halako gehitu ziren. 1420. urteaz geroztik igo ez ziren produktuen errenta 1482an igo zuten; nekazari bakoitzak oilotan egin beharreko ordainketa zazpira igo zuten eta petxa osoa Aragoiko 100 florin urrezkora; berriz ere aurreko igoaldiko politika bera zen hura, alegia, dirutan egin beharreko ordainketa diru egonkorrean egin zedin ziurtatzea eta gauzetan egin beharreko ordainketak gehitzea. Errentak izan zituen aldaketa horiez gainera, Oñatiko jaurerriko nekazariak kexu ziren 1482an jaunak lanetan eta monopolio arinetan ordaindu beharreko zergak berriz indarrean jarri nahi izan zituelako.

Nekazaritzari irtenbidea eman zioten ekonomia jarduerak aldatu

 
Salazar dorrea eta Lope Garcia Salazarkoaren monumentua, Portugaleten.

Dagokion atalean esan dugun bezala, nekazaritza izan zen krisia gehien jasan zuen ekonomia jarduera. Izurriaren ondorengo aldian abeltzaintzak indar handia hartu zuen nekazaritzaren irtenbide gisa, ekonomiaren goraldia bitartean laboreen aurrerakuntzak baztertzea baitzuen. Nekazaritzaren krisia aztertu dugunean ikusi dugunez, abeltzaintza oso jarduera erakargarria izan zen, landu gabeko lur asko baitzegoen eta ez baitzuen lan esku askorik eskatzen. Abeltzaintzan aritzeko interes handia izan zuten ez bakarrik nekazari aberatsek eta elizaren erakundeek, baita jaun laikoek ere, jendez hustutako eremuen mugarriak bereganatzen saiatu baitziren, eta horrek esan nahi zuen larretarako erabiltzeko eremuak lortu nahi zituztela. Hala, adibidez, 1406an Pedro Arnaldo Garrokoak Andrikaingo eremu jendez hustua lortu zuen Nafarroako Karlos III.arengandik, bere mugarri eta eskubide guztiekin eskumena izan ezik; Juancoxe Suheskungoak, berriz, Gardalaingoa, 1421ean.

Era berean, hiribilduen munduak etekinak ateratzeko aukera handiak eskaintzen zizkien nobleei, eta hori gomendatu zion Lope Gartzia Salazar bizkaitar kronikariari bere aitak. Izan ere, aitoren seme familia txikietako kide asko hiribilduetan bertakotzen joan ziren, gutxienez XIV. mende hasieratik 1346an Tolosan bazen jadanik aitoren semeen errolda bat, eta merkataritzan eta administrazioan jardun zuten, ezkontza bidez harreman estuak izan zituzten merkatari aberatsenekin eta hiriko oligarkiak sortzen lagundu zuten. 1386an, Gasteizko udaleko 8 zinegotzietatik 6 nekazaritza giroko noblezia txikiko kideak ziren. Era horretako adibideak Euskal Herri osoan aurki zitezkeen: Maturanatarrak eta Arabatarrak Gasteizen, Legizamondarrak Bilbon, Salazartarrak Portugaleten, Mezetatarrak Gernikan, Guraia eta Bañez Artazubiagakoatarrak Arrasaten, Andiatarrak Tolosan.

Baina hirietan bizileku hartzeak noble txikiei ez bakarrik eman zizkien aberasteko aukera berriak, eman zien baita ere aginpide berriak iristeko aukera. Udalbatzak kontrolatu zituzten lehenengo udaleko zerga bilketa bere alde baliatzeko bidea ematen ziela, probintzietako ermandadeetan nagusitu ziren gero, eta hirietako noblezia txikiko kide batzuek iritsi zuten aginpideari esker, haien itzala eta ospea probintziaz haraindi zabaldu zen; horren adibide dira, besteak beste, Diego Martinez Arabakoa, Arabako ahaldun nagusia, eta Domenjon Gonzalez Andiakoa tolosarra, haren omenez kantatzen zela:

« Sagarra eder guezatea
Guerriyan ere ezpatea
Domenjon de Andia
Guipuzcoaco erreguia.
»

Gipuzkoako erregea, alegia, gizon horiek bere garaiko euskal gizartean izan zuten aginpideahobe eman liteke aditzera, baina ez modu adierazgarriagoan.

Aristokraten ondarearen zuzenbidezko babesa aldatu

Maiorazkoa aldatu

Herentzia zatitzeko ohiturak asko gutxitu zuen familia aristokraten ondarea; familiaren ondasunak urritzen zihoazen, belaunaldiz belaunaldi, zati bat seme-alaba txikiei zegokien senipartea eman ahal izateko erabiltzen baitzen. Epe erdi eta luzera ondorioak oso larriak izan zitezkeen, ondare murritza eta oso zatikatua, alegia, Juan Hurtado Mendotzakoaren herentziak erakusten duen bezala. 1285-1289an haren ondorengoek Galar hiribildua saldu behar izan zutenean zorrak kitatzeko, horietako ondorengo batzuek ondarearen hogeiren bat zuten.

Horren irtenbidea ondarea oso-osorik ondorengo bati ematea zen, bereziki seme zaharrenari, maiorazkoari, alegia. Baina oinordekotzak ez zuen soilik esan nahi oinordeko bakarraren sistema aukeratzen zela, ondasunen lotura ere bazekarren, alegia, oinordekoa errentaren jabe zen, baina ez zen errenta hori sortzen zuten ondasunen jabe, ezin zituen ez saldu, ez zatitu, ez besterendu, baina ezin zizkieten ezta ere zorrak kitatzeko bahitu, eta haren ondorengoari utzi behar zizkion aldez aurretik ezarritako ordena baten arabera, oinordekotzaren arabera, alegia. Oinordekotza erregeak ematen zuen. Euskal Herrian, Arabako Aiaratarrak (1373) eta Mendotzatarrak (1380) izan ziren beren lurrak oinordekotza bidez lotu zituztenak; ondorengotza XV. mendean zabaldu zen eta bakanak izan ziren, Gipuzkoako Loiolatarrak bezala, oinordekotza ezartzeko XVI. mendea arte itxaron zuten familiak.

Ordainketa derrigortuaren tasarako bideen definizio berria. Zergak eta errenta banaketa aldatu

Europako aristokraziak bere ekonomia berriz antolatzeko erabili zituen bide guztien artean garrantzitsuena, nobleek gizartean zuten nagusitasuna ziurtatu zuena, estatu feudalismoa sendotzea izan zen, edo bestela esanda, estatu modernoa sendotzea.

Baldin eta, ikusi dugun bezala, ekoizleei errenta ateratzeko ohiko bideak krisian bazeuden, behar-beharrezkoa zen produkzioa klase gidariek bereganatuko zutela ziurtatuko zuten bide berriak aurkitzea.

Estatua izan zen premia horren erantzuna, zergen bidez bide ematen baitzien produktoreen ekonomia soberakinei, eta gero nobleen artean berriz banatzen baitzituen era askotako baliabideen bitartez: administrazioan edo gudarostean egindako zerbitzuak, egindako zerbitzuen truke jasotako sariak, zergak alokatzea, zor publikoa, eta abar.

Estatuaren zerga sistema berria abian jartzea oso lotua zegoen gerrari, komunitatea kanpoko erasoetatik babesteko premiak zuribide morala ematen baitzion zerga berriak ezarri izanari. Hasieran zerga berri horiek noizbehinkakoak izan ziren, gerra garaian bakarrik indarrean jartzen zirenak, baina berehala bihurtu ziren ohiko zerga, gerra zein bake garaian biltzen ziren. Gaztelan zerga berri horri alkabala zerga deitu zitzaion, 1342an jarri zen indarrean eta salerosien gaineko zeharkako zerga bat zen.

Nafarroan, berriz, 1355ean indarrean jarri ziren zerga laguntzak ez ziren izan ondasun higiezinaren gaineko zeharkako zergak baizik.

Estatuek diru sarrerak gehitu zituztenean, aukera izan zuten monarkiaren eta administrazioaren bidez sarrera horiek berriz banatzeko. Kargu publikoan egoteak ez bakarrik soldata zekarkion kargua zuenari, bere mesederako erabil zezakeen aginpidea ere ematen zion. Hala, Lazkanotarrak luzaroan egon ziren Areriako (Gipuzkoa) alkate nagusien karguan, halako eran, non 1461ean Gaztelako erregeak esan baitzuen:

« siempre sojuzgaron (e) sometieron a los dichos mis vasallos, vezinos e moradoresque fueron e (son) de la dicha alcaldia e los tubieron tanto apremiados e sojuzgados commo sy sus propios vasallos solariegos fueran, cohechadolos a los que querian e fazianles otros muchos eçesos, agravios e sinrrazones. »


Soldadutza erakarpen handiko jarduera izan zen, soldataz gainera bestelako diru iturria baitzen, harrapakin, lapurreta eta presoen eta lurralde bahituen eros sarien bidez. Nafarroako Karlos II.ak gerran egin zituen ibilerak diru sarrera handiak eman zizkien ez bakarrik nafar nobleei, baita Senpere, Sault, Ezpeleta eta Garro lapurtarrei, Domezain, Santa Grazi eta Ozaraine zuberotarrei, eta Murua eta Oñaz- Larrea gipuzkoarrei ere, nafar erregearen zein ingeles erregearen zerbitzura borrokatu baitziren Frantziaren eta Gaztelaren aurka.

Beste aldean, arabar, bizkaitar eta gipuzkoar asko borrokatu zen ingeles-gaskoien aurka eta Gaztelako eta Frantziako erregeen alde, esate baterako, Martin Ruiz Abendañokoa, 1403an 42 ontziko ontzidi baten buruzagia izan zena Ingalaterraren eta Gaskoiniaren aurka.

Erregeari leial zerbitzatzeak sari egokia zekarkien nobleei, kargu publikoak, erregearen altxorraren gaineko errentak eta jaurerriak jasotzen baitzituzten. Hala, Nafarroan, 1550ean, klase gidariko kideei egindako emaitza erresumako gastuen %48 zen, eta horrez gainera, %23, administrazioaren soldatetan. Errenta horiek nobleen ekonomiaren batez besteko handia ziren: 1488an Barriako monasterioko diru sarreren %35 Gasteizko alkabala zergetatik zetorren; 1537an Infantadoko dukeek Arabako beren jaurerrian jasotzen zuten %60 hango alkabala zergatik zetorren (292.265 marabedi), eta, 1467an, Pedro Fernandez Velascokoak 195.000 marabedi jasotzen zituen Donostiako alkabala zergetatik eta itsasoaren gaineko hamarrenetik. Bestalde, Araban, 1332an erregearen lurretara atxikia izan zelarik, 1384rako lurraldearen %80 jaun batzuen artean berriz banatua izan zen. Euskal nobleek lortu zituzten jaurerriak ez ziren bertako lurretara mugatu, ezkontza bidez eta emaitzen bidez beren eraginpeko eremua Gaztelara zabaldu zuten adibidez Mendotza arabarrak orobat ziren Santillanako markesak, Real del Manzanareseko kondeak eta Infantadoko dukeak eta Gaskoiniara Nafarroa Behereko Agaramondarrak, adibidez, Mussidango eta de Blayeko jaun ere baziren eta lehen mailan egon ziren beren garaiko gizarte aristokratikoan.

Prozesu hori hain garrantzitsua izan zen, non nobleek errenta berriz banatzeko bideak kontrolatzeko zuten interesak gatazka handiak sortu baitzituen aristokraziaren beraren alderdien artean. Euskal Herrian, adibiderik esanguratsuena Nafarroako Gerra Zibila da 1451n hasia eta aldizka aldizka Gaztelak Nafarroa konkistatu zuen arte jarraitua; gerra horretan nobleek elkarri eraso zioten, aurreko belaunaldiez geroztik alderditan banatuak baitzeuden, erresumako gobernuak Karlosek, Bianako printzeak emaitzak ematerakoan oreka hautsi zuenean familia jakin batzuen alde (Beamont, Uriz, gerora beaumontarrak izango zirenak) eta beste batzuen kaltetan (Peralta, Ezpeleta, gerora agaramontarrak izango zirenak).

Nekazarien krisia aldatu

Orain arte nobleen arazo ekonomikoak aipatu baditugu ere, nekazariak izan ziren, dudarik gabe, urrialdi hartan gehien sufritu zutenak. Nekazaritzaren krisiak nekazariengan izan zuen eraginik handiena, nekazariak egoten ziren goseak, nekazariek saldu behar izaten zituzten abereak edo zorpetu behar izaten zuten aleak erosteko, errenta ordaintzeko edo, besterik gabe, beren familiari jaten emateko. XIII. mende bukaeraz geroztik behin eta berriz uzta txarrak izateak ondorio zuzen bat ekarri zuen, nekazari askoren txirotasuna, adibidez Erantsusen, 1329an

« ay VII peyteros en la villa que non labran nin sembran en lur tierra por lur grant pobredat et finqua yerma. »


Nekazariak izan ziren orobat jaunen indarkeriaren jasaile nagusiak, esate baterako, Argantzungo biztanleak 1304an

« avian resçibidograndes dannos e perdidas de quemas e tomas que les avien fecho rico omnes e infansones e cavalleros e otros omnes en guisa que eran muy pocos e muy pobres »


Gauza bera gertatu zitzaien 1353an Arrasateko barrutiari erantsi zitzaizkion 7 herrixketako komunitateei.

1347-1350eko haustura demografikoak oso bestelako ondorioak izan zituen nekazarientzat.

Alde onen artean, aipatu beharra dago lur eremu handiak libre gelditu zirela, eta horren ondorioz lur sailak handiagoak ziren, uzte kontratuak hobeak (bizi guztiko kontratuak) eta soldatak handiagoak; era berean, diruaren debaluazioak gutxitu egin zuen errenta gisa ordaindu behar izaten zen kopurua, kontuko dirutan kotizatzen zena arrazoi hori zela eta ikusi dugu nola nobleek interes handia izan zuten ordainketa urrezko dirutan egin zedila ziurtatzeko, baina familia guztiek ezin izan zuten baldintza berri horietatik etekinik atera.

1348ko izurriteak eta hurrengo urteetan izurriak eta goseak berriz gogor jo izanak ondorio kaltegarriak izan zituen nekazari familiek lanerako indarrak baliatzeko zuten ahalmenean, ez baitzen harrigarria su asko gelditu izana familiako buru bat edo bi gabe edo adin handiko senar-emazte eta haur oso txikiekin. Zertarako balio du lur ugari izateak lur hori ustiatzeko ahalmenik ez badago? Izurriteak eta goseak beste ondorio larri bat izan zuten petxa osoen sistema indarrean zuten komunitateetan. Baldin eta zabalkunde garaian, petxak aldaketarik izan ez zuenez, biztanle bakoitzak ordaindu beharreko kopurua gutxitu egin bazen familia berriak sortu izanari esker, 1348 ondoren egoera oso bestelakoa izan zen; petxa berbera zen, baina petxa ordaindu behar zutenen su kopurua gero eta txikiagoa zen, eta, beraz, familia bakoitzak ordaindu behar zuen proportzioa igo egin zen, kasu batzuetan baita bikoizteraino ere.

Gari, izurrite eta gerra krisi bakoitzak areagotu baizik ez zuen egiten lurren pobretasunagatik lurra ezin landu eta ezin erein zuten eta, beraz, jarduterik ez zuten edo gutxi jarduten zuten suen kopurua.

Horren ondorioz nekazarien arteko aldeak handitu egin ziren eta elite bat sortu zen nekazaritza ingurunean. Hori garbi ikusten da 1429-1430eko nafarren eta gaztelarren arteko gerraren ondoren Cárcarreko hiribilduak bizi izan zuen egoeran; hango 30 suetatik, 12 familiari petxa barkatu zioten, beste 11 familiari arindu egin zieten petxa eta 7 familiak lehengo kopuru bera ordaintzen jarraitu zuen. Gerra aurretik azken 7 familia horiek ordaintzen zuten petxaren batez besteko kopurua petxa zeharo barkatua izango zitzaien 12 familiek ordaintzen zuten kopurua baino bi aldiz handiagoa zen, alegia estuasunek eragin handiagoa izan zuten pobreengan, eta erregearen administrazioak zerga familia haiei beheratu behar izan zien gehien. Ameskoabarrengo Ekala herrixkaren egoerak argi eta garbi ematen du desoreka horren berri:

« dos casas del logar cugen pan para su provision del aino, un aino con otro, et las otras (cinco) escasament para la mitat del aino »


Herrixka hartan bertan bazirelarik beste hiru su pertsona bakar batek osatuak eta pobrezian eta besteren errukiari esker bizi zirenak.

 
Egungo Faltzes

Nahiz, arestian ikusi dugunez, nekazari komunitate askok lortu zuten beren petxak aldi baterako beheratu edo barkatzea, XIV. mendearen erdialdeaz geroztik indarrean jarri zen zergak igo egin zuen nekazari komunitateek ordaindu behar zuten nahitaezko tasa kobrantza. Faltzesko nekazariek 1357an egin zuten matxinadari eta geroztik matxinatuei bahitu zitzaizkien ondasunei erreparatuz gero, aise ikusten da izurriaren eta zergaren eraginez zerga presioa igo egin zela. Faltzeseko biztanleei abuztuan bahitu zitzaien uztaren kopurua 4.788 lakari garikoa eta 3.392 lakari garagar eta olokoa izan zen. Ogia egiteko ziren 4.788 lakari laboreei hurrengo urteko uztarako aleei zegokion zatia kendu behar zitzaion lehenik 1etik 4ra edo 1etik 5erako etekinarekin, gutxi gorabehera 1.000 lakari; gero petxa kendu behar zitzaion, 425 lakari alegia, eta, beraz, 3.363 lakari gelditzen ziren. Faltzeseko biztanleen artean 210 ziren petxa ordaintzen zuten suak, 1350eko Diruen Liburuaren arabera, alegia, 700 edo 800 bat biztanle, su bakoitzak 4 biztanle baino gutxiago izango zituela kalkulaturik, kontuan hartu behar baita oso denbora gutxi iragan zela izurria bukatu zenez geroztik. Kalkulatu izan da gizabanako batek 4 lakari eta 2 erregu gari kontsumitzen zuela urtean, beraz Faltzeseko 700 edo 800 biztanleei jatekoa emateko 3.150 eta 3.600 lakari gari behar ziren.

Alegia, arestian aipatu ditugun 3.363 lakariekin, faltzestarrek, beren buruen hornidura bermatu ondoren, ez zuten gari soberakinik.

Gainera, kontuan hartu beharra dago izurriaren aurretik Faltzesen 552 su zeudela, 1330eko Diru Liburuaren arabera, 1350ean, berriz, 210 zirelarik, eta, beraz, familia bakoitzaren zerga tasa bikoiztu egin zen izurritea eta gero. 1355etik aurrera, zerga laguntzak indarrean jarri zirenean, Faltzesko nekazariek 250 liberatik gora ordaindu behar zituzten, 400 lakari garik balio zuena, alegia. Aleei eta petxari zegokiona kendu ondoren biztanleen hornidura bermatzeko gelditzen ziren 3.363 lakarietatik 400 lakari horiek kenduz gero, argi ikusten da gariaren oreka hautsita zegoela. Hamar urtetan bortxazko tasa kobrantza bi aldiz asko igo ondoren, ez da harritzekoa Faltzesko biztanleak azkenean matxinatu izana. Hori guztia, esan beharra dago, XIV. mende erdi aldean gertatu zen, bai-urteetan, uzta txarrik gabeko aldian, alegia, mende hartako lehenengo berrogeita hamar urteetan izan zen krisi latzaren ondoren. Dudarik gabe, egoera askoz okerragoa izango zen ezurteetan eta goseteetan.

Nekazariek krisiari eman zioten erantzuna aldatu

Euskal Herriko nekazariek aurre egin zieten zailtasunei, bai ekonomiaren alorrean, krisiak jotako nekazaritza utzi eta beste jardueratan arituz, eta bai gizartearen alorrean, jaunek egiten zuten presio gero eta handiagoari buru eginez batzuetan indarkeria erabiliz.

Irtenbide ekonomikoak aldatu

Nekazaritzaren krisiak izan zuen agerpide ikusgarrienaren ondorio gisa, lur landuen jaitsierarena alegia, abeltzaintzak goraldi bat izan zuen, nekazaritzaren hazkundearen garaian izan zuen beheraldiaren ondoren. Izan ere, abeltzaintza izan zen lehen sektoreko jarduera nagusia Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako iparraldean eta Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako Pirinioetako haranetan. Behe Erdi Aroan txerri hazkuntza oinarri-oinarrizko jarduera izan zen Pirinioetako haranetan. Pirinioaurreko arroetan, berriz, mendietan larre nahikoa zegoenean bakarrik haz zitzaketen zerriak, de los montes, quando cargan pazto zioen 1427-1435eko Nafarroako Suen Liburuak, eta hori ez zen urtero hala izaten, laboreetan izaten ziren kalteek lehorteak, izozteak, kazkabarra, eragina izaten baitzuten orobat basoetan eta belardietan. Behi eta zaldi haziendak zabaltzeko joera izan zuen iparraldeko eta Pirinioetako lurraldeetan; behiak, berriz, Euskal Herri osoan zehar hedatu ziren, baita Nafarroako Erriberan ere, kopuru handian, 1433ko Nafarroako Txostenak adierazten duen bezala (ikus nekazaritzaren krisiari dagokion atala), eta Lizarrako merindadean 1385ean egindako txostenak zioenez, 42.349 behi zeuden 119 udalerrietan banatuak.

Baina nekazaritzaren krisiari dagokion atalean esan dugun bezala, aziendaren jabetza ez zegoen berdin banatua nekazari guztien artean eta, beraz, nekazari askok beste bide batzuk bilatu behar izan zituzten bizimodua atera ahal izateko. Besteak beste, soldatapeko lana, 1428ko Suen Liburuan aipatzen den Bidankozeko adibideak erakusten duenez, nekazariei lana eskaintzen baitzitzaien ez bakarrik besalari gisa, baita garraiolari gisa ere, garraio abereren batekin garraioak eginez. Hori guztia, gogora dezagun, soldata errealak hazi egin ziren garaian gertatu zen, XIV. mende erdialdean demografiak izan zuen beheraldiari esker. Hirietatik hurbil bizi ziren biztanleek irabaziak izaten zituzten egurra hiriko azoketan salduz, eta burdinolen inguruko eremuetakoek aukera handiak izaten zituzten burdingintzari lotutako jardueretan: mea ateratzea, harrikatza egitea eta garraiatzea.

Nekazari familiaren antolaketa aldatu

Garai hartan, aurreko aldian ez bezala, lur antzua oso ugaria zelarik, nekazari familiak bere lurrak ustiatzeko zuen gaitasuna zen gauzarik garrantzitsuena, alegia, lanean egin zezakeen inbertsioa. 1350. urteaz geroztik, izurriak eta goseak aldian aldiro jotzen zutelarik, nekazari familiek arazo larri bati egin behar izan zioten aurre, demografiaren eta nekazaritzaren krisialdiari dagozkion ataletan ikusi dugun bezala.

Nekazariek lurrak lantzen jarraituko zutela ziurtatzea eta lur landu horietan lan egiteko gauza izango ziren pertsona helduen gutxieneko kopuru bat bermatzea zen indartu beharreko estrategia. Horregatik sortu ziren su anizkunak deritzatenak, alegia, senar-emazte bikote bik edo gehiagok bizileku berean eratutakoak (normalean senar-emazteak eta seme edo alaba ezkondua izaten ziren). Hala, su bakuna bikoteko kide bat edo biak hilko ote ziren arriskuaren mende bazegoen, su anizkunak arrisku hori saihesten zuen, bikote bi edo gehiago egoitza berean bildurik, lan esku baliagarriz gabetua izateko arriskua gutxitzeko.

1427-1435eko Nafarroako Suen Liburuan mota horretako suak deskribatutako suen %21,6 ziren, eta 1433ko txostenetik gorde diren zatietan, Zangoza eta Lizarrako merindadeak aipatzen dituen atalean, su horiek %30 eta %28 ziren hurrenez hurren.

Estrategia horrek, ustez, arrakasta izan zuen; 1427ko txostenean su anizkunek gehiago ordaintzen zuten ondasun higiezinaren proportzioan ordaindu behar baitzen zerga, eta 1433koan, su anizkunek su bakunek baino laboretarako abere gehiago zituzten batez beste, bai eta behi gehiago ere.

Klase borroka eta jaunen aurkako jazarraldia aldatu

Arestian ikusi ahal izan dugun bezala, jaunek, ikusirik beren errentak behera egiten zutela, nekazariekin borrokan ari izan ziren nekazaritzako soberakin gero eta murritzagoak nork eskuratuko. Orain beste ikuspegi batetik ikusiko dugu borroka hori.

Ikusi dugu nola demografiaren egoera nekazarien alde zegoen, gizon gutxiago eta lur libre gehiago egoteak esan nahi zuen petxa murrizteko aukerak negoziatu zitezkeela, nekazariak lurra lantzeari utziz gero noblea leku bateko errenta osoa galtzeko arriskuan baitzegoen. Zirt edo zart erabaki behar horretan, ez zen ezinezko gauza nekazariek, aldez bederen, garaipena lortzea eta, ikusi dugun bezala, garaipen hori sarri iritsi zuten nekazariek. Petxa murrizteak beti ekarri ez bazuen ere zerga presioaren maila izurriaren aurreko garaikoa bezalakoa izatea, Zangozako nafar merindadeko hamabost komunitateen azterketak adierazten zuen su bakoitzeko batez besteko petxa izurriaren aurretik 6 erregu garikoa zela; 1377an batez besteko horrek gora egin zuen su bakoitzeko 20 erreguraino, eta 1430 inguruan lortu zuten nekazariek petxaren batez besteko hori su bakoitzeko 14 erregura jaistea. Esan behar dugu baita ere, jaunek malguago jokatu bazuten ere halabeharrez, Nafarroako monarkia ez zela hain eskuzabala izan eta eutsi egin ziola nekazarien komunitateen gainean bortxaz aritzeko eta zergaren bidez nekazariei soberakin ekonomikoak kentzeko bide berriak sortzeko ahalmenari.

Zerga neurriz gain igotzeari nekazariek aurre egin zioten hasieran, bai batzuetan indarrez aurre egin ere; aipatua dugu jadanik 1357an Faltzesen izan zen altxamendua edo Gamue eta Oztibarreko lurretan 1369- 1370ean izan zena, baina hala eta guztiz ere zerga ohiko eran derrigorrez ezarri zuten.

Ez zen gauza bera gertatu jaunek bidegabeki eta beren borondate hutsez egin zituzten errenta igoerekin, edo zerga salbuespenen garaian kenduak edo gutxituak izan ziren zerbitzu lanetan egin beharrekoak edo ohiko monopolioak berpizteko saioekin.

Batzuetan, nekazarien erresistentziak indarkeriazko gatazkak sorrarazi zituen, adibidez, 1423an Leintz haranean izan zen matxinada edo 1443an Pero Lopez Aiarakoari Agurainen egin zitzaion erasoa. Nekazarien haserrealdi horiek, zergen aurkako matxinadek bezala, ez zuten arrakastarik izan.

Jaunek beren klasearekiko elkartasunez jokatu zuten eta nekazarien higikunde horiek zapaldu zituzten aristokraziako edo monarkiako beste familia batzuen laguntzaz; Leintz haraneko altxamendua Fernan Perez Aiarakoa arabarrak eta Joan Mujikakoa eta Otxoa Salazarkoa bizkaitarrek zapaldu zuten, eta 1443an Araban izan zen matxinada Aguraingo kondeak, Haroko kondeak eta Lope Gartzia Salazar bizkaitarrak zapaldu zuten. Adibiderik garbiena, gauza bitxia badirudi ere, Euskal Herritik urrun izan zen, Karlos II.a Nafarroakoak, Frantziarekin gerran bazegoen ere, Frantziako aristokraziari laguntzea eta haien soldaduen buru jartzea erabaki zuenean 1358ko jacquerie Frantziako iparraldeko nekazarien altxamendua zapaltzeko, harik eta Melloko guduan matxinatuak garaitu zituen arte.

Aurkaria higatzeko borroka bakezkoa izan zen nekazariek erabili zuten eta azkenean garaipena ekarri zien estrategia, alegia, jaunak auzitara eramatea eta haien aurka laidoen bildumak aurkeztea monarkiaren zuzenbide erakundeen aurrean. Hala, Aramaioko herritarrek 25 salaketa aurkeztu zituzten Juan Alonso Mujikakoaren kontra 1453 eta 1480 bitartean, eta laidoen bilduma bat orobat 1488an; Oñatiko nekazariek auzitara eraman zuten beren jauna 1482az geroztik. XV. mendeko azken hogeita bost urteetan ugaritu egin ziren jaunen aurkako auziak, bai askotan nekazariek auzi horiek irabazi ere. Oro har, nekazariek lortu zuten bidegabeki ezarritako zergak, lanetan ordaindu beharreko zerbitzuak, eta abar kentzea, baina ez zuten lortu jaunen eskumenetik ateratzea. Ermandadeen babesari esker, nekazariek lortu zuten baita ere indarkeriazko presioari aurre egitea eta ordena publikoa ziurtatzea jaunen eraso sarrien aurrean.

Ikus dezakegunez, eta arestian ikusi dugunez, jaunek nekazarien soberakinak beretzeko erabili izan zituzten bideak zaharkituak geratu ziren. Estatua zen orain, sarrerak zergen bidez hartzen baitzituen, sarrera horiek berriro banatuz nobleen bizi maila eta nobleek gizartean zuten lehentasuna bermatzen zuena. Hala, XIV. mende erdialdeaz geroztik, estatu feudalismoaren edo feudalismo zentralizatuaren aldia hasi zen nagusitzen.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu