Argantzun[1] (izen ofiziala La Puebla de Arganzón) Burgos probintziako (Gaztela eta Leon, Espainia) udalerria da, Trebiñuko barrendegian kokaturik dagoena. Trebiñuko barrendegiko beste udalerria Trebiñu da. Bi udalerri horiek osatzen duten lurraldea administratiboki Burgosi badagokio ere, ikuspuntu geografiko eta kulturaletik udalerriko biztanleak arabar sentitzen dira.

Argantzun
Espainiako udalerria
Argantzun.jpg
La-Puebla-de-Arganzón-bandera.gif Coat of Arms of La Puebla de Arganzón.svg
Administrazioa
Herrialdea Espainia
Autonomia Gaztela eta Leon
ProbintziaBurgosko probintzia
Alkatea Roberto Ortiz Urbina Itzuli
Izen ofiziala Puebla de Arganzón, La
Posta kodea 09294
INEk ezarritako kodea 09276
Herriburua La Puebla de Arganzón
Geografia
Koordenatuak 42° 45′ 58″ N, 2° 49′ 53″ W / 42.766111111111°N,2.8313888888889°W / 42.766111111111; -2.8313888888889Koordenatuak: 42° 45′ 58″ N, 2° 49′ 53″ W / 42.766111111111°N,2.8313888888889°W / 42.766111111111; -2.8313888888889
Azalera 19 km²
Altuera 481 m
Mugakideak Trebiñu, Erriberagoitia, Iruña Oka eta Gasteiz
Demografia
Biztanleria 506 bizt. (2019)
Dentsitatea 26,63 bizt/km²
Informazio gehigarria
Ordu eremua UTC+01:00
Matrikula BU
www.lapuebladearganzon.net

Argantzunek bi biztanlegune ditu: Argantzun bera eta Billa Oka. Udalerrian nekazaritza eta abeltzaintza dira nagusi.

GeografiaAldatu

 
Argantzungo udalerria.

Udalerri mugakideakAldatu

HistoriaAldatu

Argantzun igarobide estrategikoa izan da historian zehar, bertan Tuioko mendilerroa eta Gasteiz mendien arteko haitzarte natural bat dagoelako, Argantzungo haitzartea alegia (gaztelaniaz Las conchas de Arganzón esaten zaio). Bertatik igarotzen zen Ab Asturica Burdigalam edo Astoreka eta Bordele lotzen zituen galtzada erromatarra, baita Gasteiztik doan Done Jakue bidea ere.

 
Argantzungo erromatar hilarria

Argantzundik gertu bide erromatarraren lekuko izan daitekeen hilarri bat aurkitu zen 1913an[2]. Federico Baraibarrek eginiko ikerketaren arabera, 10 urteko neska baten hilobikoa da, eta bertan galtzada erromatarra zaintzen zuen mansio militar bat egon zitekeela iradokitzen du.

Erromatar inperioaren erorialdiaren ondoren, Argantzunen lehen aipamena 801. urtekoa da. Urte horretako udazkenean egungo Miranda de Ebro inguruan muga zuten arabiarrek razzia bat egin zuten iparralderantz, eta, Argantzun parean, bertako biztanleekin topo egin zuten[3]. Arabiarren kronikek diotenez, Kordobako al-Hakam emirraren anaiak gidatu zuen razzia Araban eta Gaztelan barrena, baina porrot latza jasan zuen Argantzungo haitzartean.

871. urteko Donemiliaga Kukulako agiri batean Argantzun herrixka zaharra aipatzen zen[4].

1191. urtean Nafarroako Antso Jakitunak hiribildua sortu zuen eta forua eman zion. Sorrera hori Nafarroaren mendebaldeko muga sendotzeko saio gisa ulertzen da, eta bat dator eskualdeko beste hiribildu batzuen sorrerarekin (Gasteiz, Bernedo). Foruaren agiria galdu egin zen, eta 1565ean Filipe II.ak forua konfirmatu zuenean, foru-emailea Alfontso VIII.a Gaztelakoa zela idatzi zen[5]. Egun badirudi onartua dagoela faltsutzea, bigarren agiri horretan ageri den regnante me Dei gratia rege Alfonso in Castella et in Legione ezinezkoa baita: Alfontso VIII.a ez zen Leongo errege izan. Hala ere, laster Gaztelak Argantzun ingurua, Trebiñu eta Arabako lautada hartu zituen,(1199. urtearen inguruan).

 
Argantzungo haitzartea 1875eko grabatuan. Eskuineko gailurrean Nafarroako Erresumaren gaztelua ikusten da, Arabako Lautadarako sarrera kontrolatzen zuena.

XIV. mendean Argantzun Velasco leinuaren agindupean geratu zen. Velascotarrak Haroko kondeak ziren eta Trebiñuko agintariak ziren Manriquetarren etsai sutsuak ziren. XV. mendean, Araban lehen ermandade bat (probintziaren aurrekaria) sortzeko saioak egin zirenean, Argantzunek eta Trebiñuk ere parte hartu zuten. Hala ere, nahiz eta Argantzun ondorengo urteetan inoiz ermandadeko kide izan zen, azkenean kanpo geratu zen.

HirigintzaAldatu

Argantzunek kale nagusi luze baten alboetan hedatzen den hirigune baten egitura dauka. Ardatz nagusi horren muturretan herriaren ateak zeuden. Kale nagusiaren alboetan bigarren mailako bi kale daude, eta hirukote hori zeharkatuz, bi kantoi daude. Etxeek oraindik ere Erdi Aroko egitura daukate, eta etxadi erregular itxiak osatuz kokaturik daude.

XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran hiritartze berriak eratu ziren. Familia bakarreko etxebizitzen auzo hauek herri nagusitik kanpo daude.

Argantzungo eraikin aipagarrienak Andre Mariaren Jasokundearen eliza, zubi erromatarra, Done Jakue bideko erromesen ospitalea eta Antiguako Amaren baseliza dira.

DemografiaAldatu

Nahiz eta Gasteiz eta Miranda de Ebro arteko bidean egon, Argantzunek bere nekazari izaerari eutsi dio. XX. mendean zehar gertatutako garapen ekonomiko zein krisialdiek ez zioten eragin bertako biztanleriaren bilakaerari. Hala ere, nekazaritza iraultzak eta mekanizazioak eskulanaren soberakina sortu zuen, eta honek populazioaren gainbehera eragin zuen. 1980ko hamarkadan gainbehera asko azkartu zen, arestian aipatutakoaz gain jende askok hirietara jo baitzuen bizi baldintza hobeen bila.

1990eko hamarkadatik aurrera etxebizitza berriak eraikitzen hasi ziren, eta errepideen hobetzeak, automobil pribatuaren ugaritzeak eta etxebizitzen prezio merkeagoek Gasteizko jende asko erakarri zuen Argantzuna. Biztanleria igo egin zen, baina biztanle berri askok ez zuten berez bizia bertan egiten (lana, erosketak, haurren eskola, aisialdia... hirian egiten zuten).

Argantzungo biztanleria
 
Datu-iturria: www.ine.es

PolitikaAldatu

2007ko udal hauteskundeetan Agrupación Independiente Nueva Puebla hautes-elkarteak udalerriko 7 zinegotzietatik 3 eskuratu zituen. Alkatea, Roberto Ortiz Urbina, talde horretakoa da. Aurreko alkate Alfredo Oraaren Agrupación Independiente Puebla de Arganzón hautes-elkarteak 2 zinegotzi eskuratu zituen, EAE-ANVk bat eta PPk beste bat. PPko zinegotzia salbu, gainerakoak Trebiñu Araban integratzearen aldekoak ziren.

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, AINPko Roberto Ortiz de Urbina hautatu zuten alkate. AINP elkarteak sei zinegotzi eskuratu zituen, eta Alderdi Popularrak bat.

2013ko martxoaren 8an, bozketa bidez, Burgostik bereizteko eta Araban sartzeko tramiteak hasteko eskatu zuen udalbatzak, aldeko 5 botorekin eta abstentzio batekin.[6]

2015eko udal hauteskundeakAldatu

2015eko udal hauteskundeetan AINP berriro izan zen garaile eta sei zinegotzi eskuratu zituen. Alderdi Popularrak bere zinegotzia galdu zuen eta haren ordez Euskal Herria Bildu koalizioak zinegotzi bat eskuratu zuen.

Argantzungo udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24

2011ko maiatzaren 22

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
AINP
6 / 7
196 (% 72,06)
6 / 7
222 (% 84,41)
Euskal Herria Bildu
1 / 7
38 (% 13,97)
0 / 7
- (% -)
Alderdi Popularra (PP)
0 / 7
24 (% 8,82)
1 / 7
34 (% 12,93)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak infoelectoral.interior.es webgunean

Ondasun nabarmenakAldatu

Argantzun EuskarazAldatu

Herriak bi aldiz antolatu izan du Araba Euskaraz jaia azken urteotan, 2001ean eta 2007an hain zuzen ere, bertako ikastola sostengatzeko.

 
Argantzun ikastolaren ikuspegia.

Argantzundar ospetsuakAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. Euskaltzaindiaren onomastika datutegia . Noiz kontsultatua: 2010-08-10.
  2. (Gaztelaniaz) Baraibar, Federico (1913). Lápidas de Puebla de Arganzón y Laguardia. Boletín de la Real Academia de la Historia, LXIV liburukia, 176-181 orrialdeak
  3. (Gaztelaniaz) Abū Marwān Ḥayyān ibn Khalaf Ibn Ḥayyān (1076). La primera década del reinado de Al-ḥakam I, según el muqtabis II, 1 de Ben Ḥayyān de Córdoba(m. 469 h./1076 J.C.), Joaquín Vallvék eta F. Ruiz Girelak itzulia. Real Academia de la Historia, 2003
  4. (Gaztelaniaz) Del Rivero, Enrique (1999). Rincones singulares de Burgos. III. La Bureba, el Ebro y el Condado de Treviño. Caja de Burgos.
  5. (Gaztelaniaz) Argantzunen forua Espainiako Historia Institutuaren webgunean
  6. Albistea berria.info webgunean 2015/03/09an kontsultatua

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa