Petxa[1] zerga edo kontribuzioa zen, nekazari bilauek erregeari edo lurraren jabeari ordaintzen ziotena. Kapareak, elizgizonak eta frankoak salbuetsirik zeuden.[2]

Laborariak igitan. XIV. mendeko irudia (Tacuinum sanitatis)

Petxak Nafarroako ErresumanAldatu

Erdi Aroan Nafarroako lurra erregeren (gehiena), nobleen eta elizaren (katedrala, abade-etxe eta monasterio handiak...) eskuetan zegoen. Nekazariek lurraren jabeari uztaren parte bat (petxa) ordaintzen zioten,[3] jatorrian %5 eta %10en artekoa. Esate baterako, 1307ko agiri baten arabera, Tafallan eta Anuen %5 zen.[2]

Hasieran herri edo haran bakoitzean laborari bakoitzak zenbat ordaindu behar zuen ezarririk zegoen (banakako petxa) baina, denborarekin, petxa finkoak hedatuz joan ziren: herriak petxa finko bat adosten zuen erregearekin, nekazari guztien artean ordaindu beharrekoa.[4] XI. mende amaieran eta XII. mendean, maiz opilarinzada izeneko petxa, gari eta ardotan ordaintzen zena, ezartzen zitzaien nekazariei.[2][5] Horrez gain, astean egun batez errege edo jaunarendako lan egin behar izaten zuten.

XII. mende amaieratik aurrera, Antso VI.a laborarien zerga guztiak bateratzen hasi zen, urteko petxa bakarra ezarriz. Abeltzaintza nagusi zen iparraldeko haranetan petxak dirutan paratu zituen (3-4 sueldo etxe bakoitzeko) eta hegoaldean petxa mistoak (Basaburuan adibidez, 1192an, 4 sueldo eta 6 erregu olo etxeko)[6] Beste batzuetan, petxa laborari bakoitzari ezarri beharrean, herri edo haran osoari ezarri zitzaion (petxa finkoa). Dena dela, bateratzea ez zen erabatekoa izan, eta beste petxa batzuek iraun zuten, hala nola eiurdea (mendian bazkatzen ziren zerriengatik ordaintzen zena) edo afaria.[7]

Antso VII.ak petxak bateratzen jarraitu zuen. Petxa finkoak herri eta haran askotan ezarri zituen eta erregeari zor zitzaizkion lan-egunak zehaztu zituen. Biztanleria handitu edo gutxitu arren, herri bakoitzaren petxa finkoak urtez urte aldatu gabe irauten zuen. Beraz, biztanleriaren eta ekonomiaren oparoaldietan, petxeroentzako onuragarria zen sistema hau. Errege ogasunak ere onurak ateratzen zituen, hala nola petxak errazkiago kobratzea eta diru sarrerak aurreikustea.[2]

Karlos II.aren erregealdian sistema horrek porrot egin zuen. Batetik, inflazioak dirutan kobratutako petxen balioa galarazten zuen eta, bestetik, Izurri Beltzak petxero askoren heriotza ekarri zuen. Beraz, zeuzkan gastu handiei erantzuteko, Karlos II.ak ohiz kanpoko zergak onartzeko eskatu behar izan zien Gorteei. Handik aurrera, ohiz kanpoko zergak izan ziren Nafarroako errege ogasunaren diru sarrerarik garrantzitsuena.[2]

ErreferentziakAldatu

  1. Petxa. Euskaltzaindiaren Hiztegia, euskaltzaindia.eus Noiz kontsultatua: 2020-11-1.
  2. a b c d e Pecha. Gran Enciclopedia de Navarra, enciclopedianavarra.com Noiz kontsultatua: 2020-11-1.
  3. Ramirez Vaquero, Eloisa Historia de Navarra II. Gobierno de Navarra, 1993
  4. Larrañaga Zulueta, Miguel. En torno a la conflictividad campesina navarra bajomedieval. Sancho el sabio: Revista de cultura e investigación vasca, ISSN 1131-5350, ISSN-e 2445-0782, 5. zenbakia, 1995, 147-164. orrialdeak, dialnet.unirioja.es Noiz kontsultatua: 2020-11-1.
  5. Orella Unzué, José Luis. Los vascos de ayer. Txalaparta, books.google.es Noiz kontsultatua: 2020-11-1.
  6. Fortun Pérez de Ciriza, Javier. Los "Fueros menores" y el señorío realengo en Navarra (Siglos XI-XIV). Revista Príncipe de Viana, 176. zenbakia, 1985, binadi.navarra.es Noiz kontsultatua: 2020-11-1.
  7. Fortun Pérez de Ciriza, Luis Javier, Jusué Simonena, Carmen Historia de Navarra I. Gobierno de Navarra, 1993

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu