Begoñako errepublika
Begoñako Errepublika (edo elizatea) 1925era arte indarrean ibili zen Begoña udalerriaren izen ofiziala izan zen, gaur egungo Begoña, Uribarri eta Otxarkoaga-Txurdinagako barrutietako lurrak batzen zituena, hau da, Artxanda menditik Bilboko itsasadarreraino. Gaur egungo auzo hauek Begoñako udalerri haren lurretan daude: Arabella, Bolueta, Castaños, Loruri, Matiko, Otxarkoaga, Santutxu, Solokoetxe, Txurdinaga, Uribarri, Zurbaran.



Nagusiki baserri giroko udalerria zen.[2] Mahasti asko eta txakolin ugari egiten zen Begoñan.[3] [4] Hortik dator Mahatserri herriaren ezizena eta bertakoei ematen zitzaien izena mahatsorri izena.[5]
Historia Aldatu
Bilbo sortu baino lehenagotik ere bazegoen Begoña. Bilbo hiribildua Begoñako lurretan sortu zuten 1300. urtean Ibaizabal ibaia (Nerbioi ibaia esaten zitzaion lehen) itsasoko urekin batzen zen meandroan. Hiribildua 1300eko ekainaren 15ean sortu zen, hala adierazten baitu Bilboko Uriaren eraketa gutunak. [6]
Lujua barrutian «Becunienses hoc munierunt» dioen inskripzioa topatu zen. Begoñarrak aipatzen dituela uste da.[6]
Uribeko merindadeari zegokion udalerria. Lur haietan zeuden Santo Domingo eta San Justo ermitak, bai eta Uribarriko Kristoren, San Joakinen eta Boluetako Santa Anaren eta Paulako San Frantziskoren ermitak ere. 1500. urtean Cueto lizentziatuak egindako apeoan ikusten denarekin bat, errepublikaren barruan zeuden auzoak hauek ziren: Artazuriña, Zurbaran Behekoa eta Zurbaran Goikoa, Otxarkoaga eta Lonzoño, Zuazo Goiri, Larrakoetxea, Iturriaga eta Uribarri de Yuso. Toki hartako biztanleek landa-bizitza lasaia zuten; gehienak, nekazariak eta txakolin-egileak, San Gregorio Naciancenoren kofradian bilduta zeuden.[6] Azaroaren lehenean egiten zen ganadu-feria oso jendetsua zen, udaletxeko plazan egiten zen, Basilikako atzeko aldean, plaza eta udaletxea kendu zituztenean Santutxun antolatzen hasi zen Basarrateko zelaian.
- Eulalia Abaitua argazkilaria (1953-1943)
-
-
Bilbok behartuta anexionatu zituen Begoña eta Deustu 1925ean Aldatu
Bilbok mendeetan zehar Begoñak baino hazkuntza askoz handiagoa izan zuen populazioan, botere ekonomikoan eta politikoan. Eta horren ondorioz Bilbok Begoña udalerria anexionatu zuen 1925. urtean Primo de Riveraren diktaduraren garaian.[7][8]
Anexioa ez zen borondatezkoa izan. Zazpi hilabeteko erresistentziaren ondoren, Deustu, Begoña eta Erandioren aldetik, 1924ko urriaren 29an, anexioa 55 Errege Dekretuaren bidez ezarri zen. Ez zen kontuan hartu elizateen oposizioa, eta ez zen erreferendumik egin, elizateak eta hiria anexioaren aldekoak ziren ala ez jakiteko. Azken alkate Ernesto Allendek 1924ko abuztuaren 14an dimititu zuen, ez zuen Begoña entregatu nahi. Alkate interino gisa jarraitu zuen urtea bukatu arte. 1924ko abenduaren 31koa izan zen Begoñako udal batzaren azken akta eta akta horretan Ernesto Allende azaltzen da alkate interino moduan.[9]
Sei urte geroago, Espainiakoko Bigarren Errepublika iritsi zenean, 1931n, Begoñako barrutia Bilboko bigarren populatuena zen. Artean, auzoak eta auzoko alkateak hauek izan ziren: Askao (Máximo Lara), Basilika (Francisco Barreneguren), Bolueta (Juan Ortega), Esperantza (Silvestre Kortabitarte), Galtzadak (José Luis Marco), Karmelo (Saturnino López), Kristo (Prudencio Sever), Otxarkoaga (Félix Machain), Santo Domingo (Deogracias Fernández Vega), Trauko (Máximo Royo), eta Uribarri (Cecilio Lechón). Auzo industrialak ere baziren orduan Bolueta eta Etxebarria, esaterako.[10]
Ordura arte Begoñako udalerriak botoa eta jarlekua zeukan Bizkaiko batzar nagusietan, eta 36. jarlekua betetzen zuen. XIX. mendearen erdialdean, auzoak 6.000 biztanle inguru zituen, sakabanatutako etxebizitzetan bizi zirenak.
Euskara Aldatu
Begoñako euskara Aldatu
Ingurune honetako jatorrizko hizkera Iñaki Gamindek aztertu zuen ("Bilbotarron euskararen zuzuan", 2004), eta "Begoñako euskara" izena eman zion, Buia eta Larraskituko moten aurrean. , Bereziki 1960ko hamarkada arte iraun zuen. Gaur egun ere, azken hamarkadotan jazotako aldaketa demografiko eta ekonomikoak gorabehera, jatorrizko hiztunak bizi dira Otxarkoagako landa-eremuan, Arbolantxa, Egirleta/Santo Domingo eta Azkarai auzuneetan alegia. Ahotsak.eus webguneak 176 bideo labur jaso ditu Bilbo inguruko euskararekin (Buia, Begoña eta Larraskitu).[11]
Euskararen erabileraren bilakaera XIX. mendeaz geroztik Aldatu
Begoña herri euskaldun hutsa zen 1844 urte aldean. Euskararen erabilera murriztarazia edo debekatua izan zen aginduen bidez 1880an eta 1938an. Eta adibidez, Begoña herri euskalduna zenean 1916an (euskaldun hutsak baziren, zahar eta gazte), erdaldunik ez zegoenean ere erdaraz egin behar ziren elizan. 1920ko erroldaren arabera, Bilboko biztanleriaren % 20 euskalduna zen.[11] Ehun urtean Begoñako egoera soziolinguistikoa irauli zuen: herri euskaldun hutsa zena zeharo erdaldundu zuen, euskara isilarazi arte. Frankismo garaian euskaraz berba egitea kartzelara eramateko arrazoia izan zen.[12] Ekonomia eta hizkuntz politika frankistek euskeraren egoeraren gaiztotzea areagotu zuten, Bizkaira Espainiatik erdaldun-olde ugariak etorri ziren eta. Bilbon 1981ean, berriz, % 6 bakarrik ziren euskaldunak.[11] Baina ez zen erabat galdu, katea ez zen eten. Euskaldun batzuek eutsi zioten hizkuntzari [13] eta Ikastolak eta gau-eskolak sortu ziren gero.[14]
Eustatek emandako 2006ko datuen arabera, mahatsorrien laurdena inguruan euskalduna zen, zehazki 24.734 pertsona (% 23), Bilbo osoko % 24,3 baino ehuneko apur bat baxuagoa, beraz. Kopuruari dagokionez, Santutxu, Txurdinaga eta Uribarri auzoek euskal hiztun gehien ematen dituzte (14.500 hiritar inguru), baina ehunekoei dagokienez, Otxarkoagako baserri-eremua, Loruri, Castaños eta Begoña euskaldunenak dira.
Euskararen indarguneak Begoñan Aldatu
Hedabideak Aldatu
Anaitasuna aldizkari aitzindariak Santutxun izan zuen egoitza nagusia. Imanol Berriatuak sortu zuen euskarazko aldizkari orokor hura 1953ko ekainetik 1982ko apirilera argitaratu zen.
Berton hilabetekaria Batana Batu kultur elkarteak argitaratzen zuen 1998tik 2014ra bitarte. Bere azken urteetan ia 2.000 etxetara heltzen zen, Asapala Kultur Elkartearen eskutik. Otxarkoaga, Begoña, Santutxu, Txurdinaga, Uribarri eta inguruetako albisteak argitaratzen zituen paperezko herri-aldizkari honek. Edizio digiltala 2005tik 2012ra Asapala Kultur Elkartearen webgunearen egituraz baliatuta plazaratu zen.[17] 2012tik 2014ra bitarte Bertonaldizkaria blogak zabaldu zuen aldizkariaren bertsio digitala[18] eta 2014az gero Uriola plataforma bidez argitaratzen hasi zen.[19]
Gau-eskolak Aldatu
Pertsona helduei euskara irakasteko lehenengo gau-eskoletako bat izan zen Santutxukoa 1966an. Euskara modu komunikatiboan eta praktikoan irakasteko Euskalduntzen eta Alfabetatzen liburuak bertan sortu ziren. Ordura arte erabili zen "Euskara ire laguna" liburua agortu zenean, euskara batu berri hura ikasteko metodologia berritzaile bat sortu zuten. Modu autodidaktan, talde-lanean, eta Imanol Berriatuaren gidaritzapean asmatu zuten metodoak arrakasta lortu zuen gero, eta hainbat gau-eskoletan erabili izan zen hainbat urtez. [20][21] Lehenengo gau-eskola haren sortzaileen artean hauek ere ibili ziren: Joseba Arrieta, Patxi Uribarren, Martin Basterra, Joserra Etxebarria, Tasio Erkizia, Joseba Basterra...[22]
Ikastolak Aldatu
Karmelo ikastola, Begoñazpi ikastolak eta Begoñako ikastola lehenengoetako ikastolak izan ziren 1970eko hamarkadan.
Santutxuko bertso-eskola Aldatu
Santutxuko bertso-eskola beteranoenetako bat da, Bilboaldeko nagusia dena.
Kultur Elkarteak Aldatu
Asapala Kultur Elkarteak Santutxun du egoitza eta bertatik Berton aldizkaria argitaratzen zuen, besteak beste.
Bego-Oña dantza taldea 1974an sortua zen. Nagusien taldea jardunean egon zen zazpi urtez, gero umeen taldeak jarraitu zuen beste urte batzuetan. 1974an taldea sortu baino lehen Arabella auzoan ume talde bat ibili zen dantzan 1969tik Bego-Oña izenarekin.[23] Bego-Oña dantza taldea Mahats Herri konpartsako sortzaileetako bat izan zen. Konpartsak Bilboko lehen aste nagusietan eta ihauterietan parte hartu zuen (1978-1981). Konpartsako sortzaileen artean beste elkarte hauek ere egon ziren: Ugarteburu kaleko kartoizko banda, Arabella eta Bost Batean-ekoa, Otsarkoagako abesbatza....[24][25]
Hilerria Aldatu
Begoñako errepublika izan zelako lekuko garrantzitsuenetako bat Begoñako hilerria da. 1813an zabaldu zuten, hildakoak elizetatik kanpo lurperatzera behartu zutenean. Bilboko hilerri zaharrena da. 1943an lurperatu zuten azken hildakoa lurpeko hobietan; 2003an panteoietan. 2006an itxi zuten. [26]
2021ean 'Begoñako Argia' izena duen proiektua martxa jarri zen, Begoñako hilerria kendu eta parke bat egiteko.[27] Parkea sortu aurretik, ordea, bertako hezurrak atera, aztertu eta sailkatuko ditu Aranzadi zientzia elkarteak. Hilerriko gainerako elementuak ere aztertuko dituzte arkeologia, biologia eta antropologiaren ikuspuntuetatik. Proiektua 2022ko abuztuan bukatu zen 4.700 gorpu lurpetik atera ostean.[28][29][30][31][32]
Aranzadiko historialariek erakundeetako artxiboak aztertu zituzten. 1936ko gerran hil eta Begoñan lurperatutako 40 lagunen zerrenda osatu zuten; gehienak, 1937an hilak. Anartz Ormaza arkitekto eta Aranzadiko kidea da proiektuaren koordinatzailea. Garai bakoitzean hilobietan zer eratako harriak erabili ziren ere aztertu nahi zuten, Laura Damas EHUko Geologia Fakultateko ikertzailearen zuzendaritzapean.[33]
Pompeu Fabra Begoñan bizi izan zen Aldatu
Pompeu Fabra, katalanaren eredu estandarra sortu zuena, Begoña herrian XX. mendeko hasieran urte batzuetan bizi izan zen. 1902an, Bilboko Ingeniaritza Eskolako kimika-katedra irabazi zuen oposizio bidez. 1902ko irailaren 5ean Sarrian ezkondu zen Dolors Mestrerekin, ikasturtea hasi baino lehentxeago. Bikotea Begoñara eta Bilbora joan zen bizitzera 10 urtez, eta hiru alaba izan zituzten han: Carola (1904-1998), Teresa (1908-1948) eta Dolores (1912-1993). Nahiz eta Kataluniatik urrundu zen, urte haietan filologiarako dedikazioa areagotu egin zuen. 1912an, Bilboko Unibertsitateko katedra lortu ondoren, lanpostua utzi eta Kataluniara itzultzea erabaki zuen. Fabratarrak ez ziren Bartzelonan kokatu, Badalonan baizik, alaba Teresagatik, osasun ahula baitzuen, eta medikuek itsasoko bainu ugari gomendatu zizkioten. Badalona hiria itsasotik gertu egotea, eta unibertsitatera eta Institut d'Estudis Catalans-eko lantokira joateko komunikazio ona izatea aukera ederra zen. Gainera, Begoñan bizi izan zenetik, Fabrari hiri txikiagoetan bizitzea gustatzen zitzaion, hiriburuetako aglomerazio handietatik urrun.[34][35][36][37]
Pompeu Fabrak idatzi zuen gramatika osatuena 1912an argitaratu zuen, hau da, Begoñan bizi izan zen azken urtean. Beraz, Fabrak Begoñako errepublikan idatzi zuen katalan batua finkatzeko gramatikarik osatuena.[35]
Begoñako helbidea hau zen: Santa Clara, 6, 1r pis, (G.U.).[35] Baina garai hartako Begoñako Santa Klara kalea ez zen gaurko Bilboko Santa Klara kalea dena. Begoñako Errepublikako Santa Klara kalea Zabalbide kalearen jarraipen bihurtu zen Bilbok Begoña anexionatu zuenean. Santutxu kalea hasten den tokian hasten ziren Begoñako lurrak orduan (frontoi bat zegoen gertu) eta hor hasten zen Santa Klara kalea ere, egun Zabalbide kalearen jarraipena dena.[38] Helbide horretan Orue jauregia zegoen, Pompeu Fabraren familia lehen solairuan bizi zen. 1937 eta 1942 urteen artean etxe hori emakumeentzako kartzela bihurtu behar izan zuten, gerra ondoko errepresio frankistaren ondorioz atxiloketa masiboak izan zirenean.[39][40] Geroago Santa Marta klinika izan zen, 1970eko hamarkadan etxea eta bere inguruko lorategia guztiz urbanizatu zen arte. Orube hartan etxebizitza ugari eraiki ziren, Santutxuko Remigio Gandasegi kalea eta Fagoaga Tenorea kalea sortu ziren orduan.[41] Kale horietan kokatu zen Karmelo ikastolaren zati bat 1978tik 2014ra arte, Orue jauregian egon zen tokian bertan, gutxi gora behera. Beraz, toki horretan lan handia egin zuen Fabrak katalana berreskuratzeko, eta, kasualitatez edo, toki horrexetan lan aitzindaria egin zuen Karmelo ikastolak euskara berreskuratzeko.
Mahatsorri ospetsuak Aldatu
- Eulalia Abaitua
- Imanol Agirre (pilotaria)
- Jose Antonio Agirre
- Rodolfo Ares
- Asapala Kultur Elkartea
- Xabier Barrutia
- Oihana Bartra
- Berton
- Tasio Erkizia
- José Luis Etxebarria Goiri
- Jose Ramon Etxebarria
- Kepa Fernandez de Larrinoa
- Jesus Garai
- Garaizarko Mahatsorriak
- Gaztedi Dantzari Taldea
- Jose Antonio Goiria
- Ibai Gómez
- Xabier Kintana
- Manolo Legina
- Joseba Macías
- Aitor Mazo
- Martin Orbe
- José María Orue
- Aiora Errenteria
- Manu Robles-Arangiz
- Carlos Ruiz
- Javi Salgado
- Santutxu Futbol Kluba
- Kepa Sarasola
- Oskar Tabuenka
- Patxi Uribarren
- Urtzi Urrutikoetxea
- Jexuxmari Zalakain
Erreferentziak Aldatu
- ↑ Bizkaiko udalerrien heraldika = Heráldica municipal de Bizkaia. Diputación Foral de Vizcaya 1998 ISBN 8477522502. PMC 39229027..
- ↑ (Gaztelaniaz) Pedro, Begoña, José y Tomás, begoñeses de pura cepa Arantza Rodriguez (Deia, 2017-02-12)
- ↑ (Gaztelaniaz) Gregorio de Urcaregui y sus jarras de txakoli Deia (Amaia Mujika Goñi eta Alex de Urcaregui Urruchua, 2016-06-25)
- ↑ (Gaztelaniaz) Los ‘chimbos’ en sus chacolís Deia (Amaia Mujika Goñi, 2015-06-13)
- ↑ (Gaztelaniaz) PEREDA GARCÍA, IÑAKI (testua); APARICIO, JUANMA (fotografía). (2011). Osterak Bilboko auzoetik - 2. Antzinako Begoñako Elizatea. // Paseos por los barrios de Bilbao - 2. La antigua Anteiglesia de Begoña. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Saila. Bilbao. Área de Cultura y Educación del Ayuntamiento de Bilbao ISBN 978-84-88714-32-9..
- ↑ a b c «Bilbaopedia - República de Begoña. Calle» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
- ↑ Ortega, Hektor. «Begoña.» Uribitarteko paperak. Abando, Begoña, Bilbo eta Deustuko historia. (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Arbaiza Alvarez, Joseba Koldobika. (2009-01-15). Estudio de la transformación del paisaje de Santutxu: de Mahats-herri al denso urbanismo. 5. Los topónimos se mantienen.. Euskal Geografi Elkargoa (ingeba) ISSN 1697-3070..
- ↑ (Gaztelaniaz) Ipiña Bidaurrazaga, Aritz. (2011). [https://ojs.ehu.eus/index.php/Bidebarrieta/article/view/18743/16697 No quisieron ser Bilbao. Resistencia de la Anteiglesia de Deusto a la anexión de Bilbao, 1924-1925.. ] Bidebarrieta.
- ↑ «REPÚBLICA - BEGOÑAKO ERREPUBLIKAZALEAK REPÚBLICA.» www.errepublika.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
- ↑ a b c «Bilbo - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-14).
- ↑ Garmendia, Lander Muñagorri. ««Orain, tabernetan ez da kantatzen»» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-03-12).
- ↑ «Lehen arbolantxan dena zen euskaraz, hika hitz egiten genuen» Argia (Noiz kontsultatua: 2017-03-12).
- ↑ Ortega, Hektor. (2016). «Hizkuntza politika Begoñako elizatik ikusita (1844-1938)» Berton (Bilbo) 10.orria (196) ISSN 1577-9025. (Noiz kontsultatua: 2017-02-12).
- ↑ Etxebarria Bilbao, Jose Ramon. (2018-06-21). [https://www.flickr.com/photos/38892589@N02/48098802458/ Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Gardenkiak). ] UEU (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
- ↑ «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
- ↑ Berton aldizkariko edukiak sarean Sustatu (2005-10-18)
- ↑ Bertonaldizkaria bloga 2012ko otsailetik 2014ko otsailera bitarte
- ↑ Uriola-Berton: Berton aldizkariko aleak 2010etik
- ↑ Santutxuko gau eskolak 50 urte. (11:20 -18:40 debora-tartean). Bilbo Hiria rratia (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
- ↑ Astiz, Iñigo. (2014). «Batasunari putz egin ziotenak» Berria (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
- ↑ Santutxuko kilometroetan 1965eko 'gau eskolako' irakasle eta ikasleak omenduko dituzte. (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
- ↑ Danzas 1947-75. (Noiz kontsultatua: 2022-12-16).
- ↑ lkontratua90. (2016-12-10). Bego-oña dantza-taldea_testua. (Noiz kontsultatua: 2022-12-16).
- ↑ lkontratua90. (2016-03-13). Josu_Barquin_Gure_Maisua. (Noiz kontsultatua: 2022-12-16).
- ↑ Goikoetxea, Jakes. «Autopsia hilerri bati» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-31).
- ↑ Aranzadi. «Begoña-argia» Aranzadi (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
- ↑ «'Begoñako Argia' proiektua amaitu da 4.700 gorpu lurpetik atera ostean - Begoñaldea» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
- ↑ Bilboko Begoñako hilerriko desobiratzeak 2021-2022 Exhumaciones en el cementerio de Begoña en Bilbao. Gogora - Youtube (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
- ↑ Gogora (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua). (2022-03-30). «Gerra Zibilean hildako 42 pertsona desagerturen gorpuzkiak berreskuratu dira Bilboko Begoñako hilerrian» www.gogora.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Arrieta, Julio. (2022). «Finalizan los trabajos en el cementerio de Begoña con 4.700 exhumaciones» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «'Begoñako Argia': divulgación y formación científica en el cementerio» EITB 2021-10-22 (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
- ↑ ERREPORTAJEA: Begoñako Argia proiektua bertatik bertara ezagutzen | Bilbo Hiria irratia. 2022-06-13 (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Miracle, Josep. (1967). Vida de Pompeu Fabra. Bruguera, 89 or. ISBN B 40197-1967..
- ↑ a b c (Katalanez) Paloma, David; Montserrat, Mònica. (2018). Ruta Pompeu Fabra Prada / Bilbao (PUBLICACIONS). rutapompeufabra.com (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
- ↑ Artola Zubillaga, Xabier. (2020-07-16). Mediterraneo usaina – blogoetak. (Noiz kontsultatua: 2020-07-17).
- ↑ (Katalanez) Ruta Pompeu Fabra Bilbao. rutapompeufabra.com.
- ↑ Abaitua Allende-Salazar, Eulalia.. ([2005]). Begoña 1900 : errepublika eta santutegia = república y santuario : [exposición. ] Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa = Museo Arqueológico, Etnográfico e Histórico Vasco ISBN 84-933868-1-2. PMC 433624862. (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
- ↑ «Orue txaleta emakumeen kartzela ere izan zelako - Santutxu - 2017-11-29» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
- ↑ (Gaztelaniaz) Fernández, J.. (2022-11-26). «Bilbao rescata del chalet Orue a sus 11 ‘rosas’» Deia (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
- ↑ (Alemanez) MUJERES ASESINADAS EN LA GUERRA DEL 1936. (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
Ikus, gainera Aldatu
Kanpo estekak Aldatu
- Berton aldizkariko ale gehienetan, 10.orrialdeko "Begoña eta Euskerea" atalak informazio histokiko ugari argitaratzen ditu aspaldiko Begoña udalerriaz.
- pa..ya konpartsa
- Aixeberri konpartsa
- Bilboko euskara
- Santutxu zaharra, imágenes del Santutxu antiguo Argazki zaharretako bloga.
- Ortega, Hektor, «Begoña kategoria», Uribitarteko paperak bloga. Abando, Begoña, Bilbo eta Deustuko historia.
- Uriola-Begoñaldea Begoñaldea auzoa Uriola komunikabide digitalean.
- Uriola-Otxarkoaga-Txurdinaga Txurdinaga eta Otxarkoaga auzoak Uriola komunikabide digitalean.
- Uriola-Uribarri Uribarri auzoa Uriola komunikabide digitalean.
- Begoña-Bilbo-Abando eta inguruak. 1811 Gge Bois St Lys, Capitaine adjudant major de la place de Vittoria. Bilketa - Gallica