Imanol Berriatua
Imanol Berriatua Ibieta (Elantxobe, Bizkaia, 1914ko abenduaren 24a - Jerusalem, Palestina, 1981eko irailaren 15a) euskal idazle, fraide frantziskotar eta euskaltzain urgazlea izan zen. Euskara Batuaren sorrera-prozesuan, funtsezko eragilea izan zen, bai aditz batuaren egituraren proposamenean, eta bai garaiko euskal idazle gazteen maisu erreferentziala izan zelako ere; bereziki Anaitasuna aldizkarian argitaratzen ziren artikulu guztien zuzentzaile modura eta azken aurreko Hiztegia izeneko sekzioan batasunerako lexiko-proposamenak biltzen zituelako.[1][2]
Imanol Berriatua | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Elantxobe, 1914ko abenduaren 24a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Jerusalem eta Jerusalem (en) , 1981eko irailaren 15a (66 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania hebreera greziera ingelesa alemana frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | apaiz katolikoa eta idazlea |
Lantokia(k) | Bilbo Habana eta Jerusalem |
Kidetza | Euskaltzaindia Anaitasuna (aldizkaria) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Erlijio-ordena | Anaia Txikien Ordena |
Bizitza
aldatuElantxoben jaio arren, gaztetatik joan zen Gernikara bizitzen. Herri horretako klaratarren Santa Klara komentuan meza-lagun izan ondoren, Foruan hasi zituen eliza-ikasketak bertako frantziskotarren fraide-etxean. Handik, 1936an, soldadutzara joan zen, eta Donostiako Loiolako kuartelean erreboltariek bete-betean harrapatu zuten (Espainiako Gerra Zibila); gerratik ateratzeko, frantziskotar nagusiek Imanol Kubara bidaltzea erabaki zuten beste fraidegai batzuekin batera; bertara 1937ko urriaren 28an heldu zen. Hurrengo urteko ekainean apaiztu zen Habanan eta 1949ra arte egon zen Kuban, tartean Kanadara joan-etorriak eginez. Kuban zegoela, 1944ean Kubako hiritar ere bihurtu zen.
1950ean bueltatu zen Euskal Herrira. Foruan, Bilbon eta Bermeon aritu zen eta zenbait euskaltzalerekin kontaktuan jarri zen, tartean Federiko Krutwig-ekin ere bai. Bermeon arrantzaleen kapilaua izan zen, eta zenbaitetan haiekin itsasoratu zen, Afrikako portuetan tramite-lanetan laguntzearren.
« | Foruan, erretorea bera euskarazko klaseen irakaslea zen: Imanol Berriatua. Frantsesa ere ematen zuen. Oso pertsona dinamikoa. Perfekzionista bat. Zubia ere gertatu zen: Bilbora joaten zen euskaltzale batzuen bileretara, Federiko Krutwig ere tartean zela, eta Euskaltzaindiaren inguruko gauzen berri ematen zigun. Imanol bere ideiekin militantea zen. Euskara garbia euskara zikinaren kontuan bazituen muturrerako joera batzuk; gauza bat sinesten zuenean, benetan sinesten zuen, hurrengora arte. Bizitasun handikoa. Irakasle ona, batez ere gramatikaren arloan. Ez zizun emango literaturaren gozotasuna, baizik eta gramatikaren zehaztasuna. Ondo etorri zitzaidan. | » |
Anaitasuna aldizkaria
aldatuAnaitasuna aldizkaria sortu eta euskara batuaren aitzindari lanari ekin zion garai hartan, aldizkariko testuak zuzenduz.[2] Aldizkaria sortu zuen taldean hainbat euskaltzale zeuden, hala nola Joseba Intxausti, Anjel Zelaieta, Xabier Kintana eta Jose Ramon Etxebarria. Anaitasuna ekonomikoki bideratu ahal izateko, hainbatengana joan zen gestioak egitera, laguntza bila: Joxe Maria Makua (Bizkaiko aldun nagusia izango zena), Xabier Agirre (geroago Eusko Jaurlaritzan sailburu izango zena), Santi Brouard, eta Xabier Gereño.[4] Aldizkarian 310 artikulu idatzi zituen Berriatuak.[5]
Jakin belaunaldikoen irakasle izan zen: Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Azurmendi... Kintana, Aresti eta Bizkaiko beste idazle guztiek idazten zutena bere eskuetatik pasatzen zen. Hark zuzentzen zuen idatzitako guztia. Eta ez bakarrik zuzendu, nola idatzi behar zen ere irakatsi zien. Horrek eragin ikaragarria izan zuen. Xalbador Garmendiak antzeko lana egin zuen gero Zeruko Argian.[6]
Izen handi asko izan ziren klabeak euskararen batasun prozesuan. Baina Imanol Berriatuak, "Anaitasuna"ren bitartez, euskaltzainek hartutako erabakiak gizarteratzea lortu zuen, hainbat zentzutan: batetik, aldizkariaren bidez estilo bat sortu zuelako; bigarrenik, Euskal Herri osoko zentzua zuelako eta Iparraldeko edo Gipuzkoako edukiak eta hiztegia apropos sartzen zituelako; eta azkenik, orduan idazten zuten guztiei idazten irakatsi zigulako.[6]
Euskaltzaina eta euskara batuaren babeslea
aldatu1961ean euskaltzain urgazle izendatu zuten (Euskaltzaindiko aditz-batzordeko kidea izan zen, Gabriel Arestirekin batera).
1964an Baionako Euskal Idazkaritzak Euskara Batua sortzeko prozesua abiarazi zuenean, lehenengo unetik babesa eman zioten adineko euskalari jakintsuetako bat izan zen, hauekin batera: Pierre Lafitte, Piarres Larzabal, Piarres Xarriton, Koldo Mitxelena, eta Patxi Altuna. Hiru atal zituen txostenak:ortografia, deklinabidea eta aditza. Garrantzizko ezaugarri batez hornitu zuten biltzarra: hasieratik bertatik planteatu zen mugimenduaren izaera nazionala, eta horren erakusgarri izan zen, besteak beste, dokumentuaren bukaeran h letra erabili beharreko hitzen zerrenda argitaratzea, bereziki Hego Euskal Herriko idazleen informaziorako prestatua bi tradizioen arteko lotura egiteko, nahiz eta gero euskara batuaren kontrakoen gerra-ikur bihurtu zorioneko hatxe hura. Hortaz, biltzarrean emandako gomendioak betetzen hasi ziren gazteak eta adinekoak beren testuetan, aldi berean eskaria eginez Euskaltzaindiari, batasunerako bidean pauso sendoak eman zitzan. [7][8]
1967an Bilbora joan zen bizitzera, Iralako frantziskotarren komentura, hain zuzen. Aresti hil zenean, berarekin zuen laguntasuna zela eta, haren aldeko meza esan zuen Iralako komentuko elizan.
Euskaltegi-sortzailea hebreera ikasteko ulpan eredua oinarri
aldatuIsraelek hebreera berreskuratzeko egiten ari zen lana aztertzeko asmoz, Israelera bidaiatu zuen Berriatuak 1976ko udazkenean Xabier Kintanarekin eta hebreera berreskuratzeko tresnak ikusi: komunikabideak, hizkuntza-eskolak —hebreeraz ulpan zeritzenak—, unibertsitatea...
Bertatik itzulita, ulpan[11]etan ikusitako esperientzian oinarriturik, euskaltegi izena esleitu zien helduak euskalduntzea helburu zuten ikastegiei eta euskara ikasteko Hitz egin! liburua idatzi zuen haietan erabilitako metodologiaz baliaturik. Ordura arte euskara ikasteko eskolak erdaraz izaten ziren maiz, eta puntu erabat gramatikal batetik bideratuak; Imanolen metodoan, ordea, eskola guztiak euskaraz ziren, elkarrizketa eta komunikazioa sustatuz.
Azkenik, 1980 eta 1981ean, berriz joan zen Israelera, ulpan batean hebreera hobetzeko asmoarekin. Eta 1981ean, Euskal Herrira itzultzear zela, hil zen. Jerusalemen dago hilobiratuta, ez baitzuen nahi izan gorpua Euskal Herriratzerik.
-
Anaitasuna aldizkariko euskarazko azalpenak azken aurreko orrian.[2]
-
Jose Ramon Etxebarria euskara ikasteko Euskalduntzen metodoaren sorrera gogoratzen (2018-06-21)
-
Euskara ikasteko Euskalduntzen metodoa.[2]
Lanak
aldatuNarrazioa
aldatu- Itsasoa eta ni. 3. maila (1981, Euskaltzaindia)
Didaktika
aldatu- Hitz egin!, Helduak euskalduntzeko irakas-tresna (1978)
Erlijioa
aldatu- Bermeoko arraintzaleen leksikua (1963-64)
- Herri mailako hizkuntza. Israeleko esperientzia (1977)
- Oinharrizko euskara. Hitz egin metodoa (1978)
- Oinarrizko euskararako batzordearen azalpena (1981)
Ipuinak
aldatuHainbat ipuin klasikoren euskarazko bertsioa sortu zuen, besteak beste hauek:
Pinotxo, Mari Errauskin, Edur-zuritxu ta zazpi epoak, Katua zapatakaz, Loakartutako printzesatxua, Beraunezko soldadutxua, Alizia gauza miragarrien munduan (12 orrialdeko bertsio laburtua),[12] Paitakume itxusia, eta abar.[13]
Erreferentziak
aldatu- ↑ (1947-), Goikoetxea, Juan Luis. (D.L. 2007). Imanol Berriatuaren bizitza euskalduntzearen eztandan, 1970-1980. Erroteta ISBN 8496536661..
- ↑ a b c d «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
- ↑ Murua Uria, Imanol. (2010). «Joseba Intxaustiri elkarrizketa» Jakin 180: 37-99..
- ↑ «Joseba Intxausti: «Mirari bat da garai batetik hona Euskal Herrian gertatu dena»» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2017-08-25).
- ↑ Imanol Berriatuak Anaitasuna aldizkarian idatzi zituen artikuluak Euskaltzaindiaren webgunean.
- ↑ a b Garate, Katixa; Irazustabarrena Uranga, Nagore. (2002-10-27). «1970-1979: euskal kultura ilusiotik zatiketara» Argia (Argia) (Noiz kontsultatua: 2020-12-21).
- ↑ «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
- ↑ «Batasunaren kutxa» www.euskaltzaindia.eus (Jakin) 193 (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
- ↑ Goikoetxea, Garikoitz. «Arantzazurako aldapak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).
- ↑ Ibargutxi, Félix. (2018-09-30). «Santutegiko iraultza» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).
- ↑ (Ingelesez) Ulpan hitzari buruzko artikulua, https://en.wikipedia.org/wiki/Ulpan..
- ↑ Sarasola, Ainhoa. «Eta Alizia euskaraz hitz egiten hasi zen» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-11-20).
- ↑ «Imanol Beriatua. Bizkaiko euskal-idazleak» www.mikelzarate.com (Mikel Zarate) (Noiz kontsultatua: 2018-11-20).
Bibliografia
aldatu- Kintana, Xabier: Imanol Berriatua. - Egan, 2014-1/2, 81-93
- Kintana, Xabier: Imanol Berriatua, euskal etorkizunaren ereile. - Egan, 2014-1/2, 95-103
Kanpo estekak
aldatu- Imanol Berriatua literaturaren zubitegian
- Eusko Jaurlaritza, HPH: Imanol Berriatuaren bizitza
- Imanol Berriatua, euskal etorkizunaren ereile. Xabier Kintana. Euskera: Euskaltzaindiaren lan eta agiriak, ISSN 0210-1564, Liburukia 51, orr. 51-57. 2006.