Enbata (aldizkaria)

euskarazko aldizkaria
Artikulu hau aldizkariari eta mugimendu politikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Enbata (argipena)».


Enbata Ipar Euskal Herriko hilabetekari abertzalea da, politika eta orotariko informazioko artikuluak argitaratzen dituena, euskaraz eta frantsesez. Halaber, aldizkariaren inguruan izen bereko mugimendu politiko abertzalea izan zen. Azkenean, izen bereko alderdi politikoaren sorrera ekarri zuen.

Historia

aldatu

Aldizkaria Baionan sortu zuen ikasle talde batek 1960an. Sortzaileen artean Ximun Haran, Jakes Abeberri, Jean Louis Davant, Mixel Labéguerie, Claire Noblia eta Piarres Larzabal zeuden. Hiru urte geroago mugimendu politiko bilakatu zen, urte hartako Aberri Eguneko ekitaldi politiko batean Itsasuko Agiria irakurri zutenean, non euskal nazioaren batasuna eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen zen. Epe labur eta ertaineko helburua Iparraldearendako departamendua lortzea zen, epe luzeagoan Euskal Herri osoa batuko lukeen lurralde politiko, administratibo eta kultural autonomoa osatzeko.

1973an ETAk Luis Carrero Blanco hil eta horren eraginez, 1974an Georges Pompidou Frantziako gobernuburu zelarik, mugimendua legez kanpo jarri zen, "nazioaren batasunaren aurka atentatzen zuela" argudiatuz. Enbatako kide asko, horrela, Herriko Alderdi Sozialistara (HAS) pasa ziren, eta beste batzuek politikagintza utzi zuten.

Hamarkada honetan baina batez ere 80. hamarkadatik aurrera, Ipar Euskal Herriko jende katoliko, eskumazale eta kontserbadore askoren aldetik "Enbata zikina" edo eta "Enbata zikiña" deituko diote mugimendu honi. Ezaguna bihurtuko ziren bi hitz hauek, argi adierazten dute garai horietan abertzaleek zuten indar, oinarri eta pisu eskasa bertako gizartean.[1]

1996an Enbatako eta Ekaitza aldizkariko zuzendariak zein Herriaren Aldeko kide bat epaituak izan ziren[2] GAL erakundea laguntzen ibili ziren Frantziako polizia batzuen izen-deiturak agertzeagatik[3]. Joël Cathala, Michel Helie eta Alain Etxeto poliziek difamazio salaketa ezarri zieten[4][5]. 1996ko otsailean epaituak izan ziren eta 1996ko martxoan isuna ordaintzera zigortu zituzten Enbatako Jakes Abeberri eta Herriaren Aldeko Jakes Bortairu [2][6]. Ekaitza zuritua izan zen prozedura akats batengatik. Bortairuk Cathala poliziaburuari 590.000 libera ordaindu behar izan zion, eta Enbatak 210.000 libera ordaindu zituen[6].

1975etik aurrera, astekari gisa argitaratzeari eutsi dio, egun arte. 2007an aldizkariaren 2000. alea kaleratu zuten. Politikoki Abertzaleen Batasunetik gertu dago eta Manu Robles Arangiz fundazioarekin harreman ona du.

Enbata 2020az gero Coppieters fundazio europarraren kide da[7].

Erreferentziak

aldatu

Bibliografia

aldatu
  • Le mouvement Enbata, Jon eta Peio Etxeberri-Aintxart, Elkar, 2013. ISBN: 978-84-9027-058-5

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu