Ireki menu nagusia

Vanuatu,[1] izen ofiziala Vanuatuko Errepublika (bislamaz: Ripablik blong Vanuatu; frantsesez: République de Vanuatu; ingelesez: Republic of Vanuatu), Ozeaniako uharte-estatu burujabea da, hegoaldeko Ozeano Barean dagoena, Melanesiaren bihotzean. Mendebaldean Australia du (1.750 kilometrora), hego-mendebaldean Kanakia (500 kilometrora), ekialdean Tuvalu, Wallis eta Futuna eta Fiji eta iparraldean Salomon Uharteak. 12.189 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2016an 272.459 biztanle zituen.[2] Port Vila da hiriburua.

Vanuatuko Errepublika
Ripablik blong Vanuatu
Republic of Vanuatu
République de Vanuatu
Bandera Armarria
Goiburua: “Long God yumi stanap”
(“Jainkoarekin gaude”)
Ereserkia: Yumi, Yumi, Yumi
Hiriburua
eta hiri handiena
Port Vila
Hizkuntza ofiziala(k) bislama, ingelesa, frantsesa
Herritarra vanuatuar[1]
Gobernua Errepublika parlamentarioa
 -  Presidentea Tallis Obed Moses
 -  Lehen ministroa Charlot Salwai
Independentzia
 -  Frantzia eta
Erresuma Batutik
1980ko uztailak 30 
Azalera
 -  Guztira 12,189 km2 (157)
 -  Ura (%) 3,2
Biztanleria
 -  2016[2] errolda 272.459
 -  Dentsitatea 19,7 bizt./km2 (188)
Dirua Vatu (VUV)
Ordu-eremua (UTC+11)
Aurrezenbakia 678
Internet domeinua vu

James Cookek hala izendatua, Hebrida Berriak izan zen haren izen koloniala, baina erreferentzia historikoetan besterik ez da erabiltzen gaur egun. Aldi kolonialak berezitasun bat izan zuen uhartedi honetan: Erresuma Batuak eta Frantziak batera agindu zuten 1906tik 1980an independentzia eskuratu arte.

GeografiaAldatu

KokapenaAldatu

Vanuatu jatorri bolkanikoko uhartedia da, hegoaldeko Ozeano Barean dagoena, hego latitudeko 13° eta 21° artean, eta ekialdeko longitudeko 166° eta 171° artean. Hamahiru uharte nagusi eta 60 bat uharte txiki dira guztira, 650 kilometro luze den Y baten arabera banatuak. 65 uhartetan bizi da jendea; biztanlerik ez duten beste bi, Matthew eta Hunter, Frantziak beretzat eskatzen ditu.

Uharte nagusiak : 300 km² edo 3.000 biztanle baino gehiago
Izena Multzoa Probintzia Eremua (km²) Bizt. (2009)[3]
Vanua Lava Banks Uharteak Torba 334,3 2.597
Gaua (Santa Maria) Banks Uharteak Torba 328,2 2.491
Espiritu Santo Iparraldea Sanma 3.955,5 39.606
Malo Iparraldea Sanma 180 4.273
Maewo Iparraldea Penama 269 3.569
Ambae Iparraldea Penama 608 10.407
Pentikos Iparraldea Penama 490 16.843
Malekula Iparraldea Malampa 2.041 22.934
Ambrym Iparraldea Malampa 678 7.275
Epi Erdialdea Shefa 444 5.207
Efate Erdialdea Shefa 900 65.829
Erromango Hegoaldea Tafea 888 1.950
Tanna Hegoaldea Taféa 550 28.799

ErliebeaAldatu

Uharteak goi-ordoki garaiez eta apalez, mendi malkarrez, muino biribilez eta koralezko itsas-hautsiez osatuak dira. Lurrikarak izaten dira; sumendi piztuak ere daude uharte batzuetan. Mendirik garaiena, Tabwemasana (1877 metro), Espiritu Santon dago. Estatuak 2.500 kilometro kostalde baino gehiago dauka.

Klima eta landarediaAldatu

Klima ozeaniko tropikala du Vanuatuk, beroa (22-27 °C) eta hezea (2.000-3.000 mm euri). Haize erauntsiak izateko arriskua dago. Landaredia ugaria da: baso tropikala, belardiak eta, kostaldean, ur gaziko landaredia.

HistoriaAldatu

 
James Cooken lehorreratzea Tanna uhartean, 1774 aldean

1606an, Pedro Fernandes de Queirósek uharte handienean lur hartu eta Terra Austrialia del Espíritu Santo izena eman zion. 1768an Bougainville frantses esploratzailea iritsi zen, eta 1774an James Cook britainiar kapitaina, uhartedia Hebrida Berriak izendatu zuena. XIX. mendearen erdialdera, europar misiolariak eta sandalo salerosleak iritsi ziren, eta haien ondotik, 1868 aldera, britainiarrak eta frantsesak joan ziren kotoia lantzera. Bi herrialdeen arteko tirabirak zirela eta, 1906an elkarrekin gobernatzea hitzartu zuten. Bigarren Mundu Gerran, Estatu Batuetako gudarostearen base militarra izan zen.

1980an burujabe egin zen, Vanuatu izenarekin. 1984an, Vanuatuko presidente zen Ati George Sokomanuk uko egin zion karguari, haren iritziz konstituzioak ez baitzituen babesten ez presidentea ez ministroak. Hala ere, gobernu krisiaren ondoren, hauteskundeetan parte hartzea onartu zuen. 1984ko martxoan, presidente izendatu zuten berriz ere. Vanuatuko Garapenerako Bigarren Planaren bidez (1987-1991) nekazaritzaren garapen orekatua proposatu zen, Vanuatuko baliabide naturalez era intentsiboagoan baliatzea, giza baliabideak garatzea eta sektore pribatua indartzea. Hala ere, plan horri kalte handia egin zion 1987an izan zen Uma zikloiak: 36 milioi dolarreko kalteak izan ziren eta biztanleen % 34rengan izan zuen eragina.

 
Vanuatuko parlamentua.

1988an, Sokomanu presidentea eta Barak Sope politikaria (ministro ohia eta alderdiko buruzagia) saiatu ziren Walter Lini lehen ministroa kargutik kentzen, baina atxilotu eta espetxeratu egin zituzten. Fred Timakata izan zen presidente berria. 1992an, frantsesa hizkuntza ofizialtzat hartu zen. Urte horretan bertan, gobernuak esportazioari, atzerriko inbertsioei eta nekazaritzaren erreformari eman zien lehentasuna, eta oinarrizko hezkuntza doakoa izatea onartu zuen. 1993an, nekazaritza gai berriak lantzen hasteko plangintza bat jarri zuen gobernuak abian, baina Betsy zikloiak uztaren % 30 desegin zuen. 1994an, funtzio publikoko 4.800 langileetatik 200 kaleratzea erabaki zuen gobernuak. 1996an, Vanuatuko Indar Mugikorra (VMF) talde paramilitarrak greba bat hasi zuen jaso ez zituzten soldatengatik. Talde horretako buruzagiak atxilotu zituen poliziak, baina berehala utzi zituzten libre.

1998an, Jean Marie Leyé errepublikako lehendakariak gobernua desegin zuen giro politiko nahasiaren ondorioz, eta hauteskunde orokorrak deitu zituen 1998ko urtarrilaren 20rako. Hala ere, hauteskunde horiek ez ziren egun horretan egin: Port Vilan borroka gogorrak izan ziren, eta gobernuak larrialdi egoera ezarri behar izan zuen. Inbertsiogileek beren aurrezkiak atera zituzten aurreikuspen funtsetatik, zurrumurrua zabaldu baitzen politikoek diru hura bidegabe erabiltzen zutela. Azkenik, martxoaren 6an egin ziren hauteskundeak eta Donald Kalpokas izendatu zuten lehen ministro.

2002tik aurrera hainbat gobernu izan zen, baina ustelkeria salaketagatik dimisioa eman behar izan zuten; ustelkeria eskandaluek eragina izan zuten orobat ekonomian. 2005ean, Manaro sumendiaren erupzioagatik milaka lagun ebakuatu behar izan zituzten Aoba uhartetik. 2007ko martxoan, liskar gogorrak izan ziren hiriburuko aldirietan, lur okupatzaileen eta lur jabeen artean: hiru lagun hil ziren, eta ehunka atxilotu eta zauritu izan zen. Pam zikloiak kalte larriak eragin zituen 2015eko martxoan, eta gutxienez 44 pertsona hil ziren.[4] 2016ko hauteskundeetan Charlot Salwai hautatu zuten lehen ministro.

Gobernua eta administrazioaAldatu

PolitikaAldatu

 
Vanuatuko probintziak

Vanuatu errepublika parlamentarioa da. Presidentea da estuburua, eta lehen ministroa da gobernuburua. Ganbera bakarreko legebiltzarra dago, 52 kide dituena. Legebiltzarrerako hauteskundeak lau urtetarik behin egiten dira.[5]

Banaketa administratiboaAldatu

Vanuatu sei probintziatan banatuta dago 1994tik. Haien izenak probintzia bakoitzean dauden uharte nagusien hasierako letretan oinarritzen dira.

Probintzia Hiriburua Uharte nagusiak Eremua
(km²)
Biztanleria
2016ko errolda[6]
Malampa Lakatoro Ambrym, Malakula, Paama 2.779 40.928
Penama Saratamata Pentikos, Ambae, Maewo 1.198 32.543
Sanma Luganville Espiritu Santo, Malo 4.248 54.184
Shefa Port Vila Efate, Shepherd Uharteak, Epi 1.455 97.602
Tafea Isangel Tanna, Aniwa, Futuna, Erromango, Anatom 1.628 37.050
Torba Sola Banks eta Torres Islands 882 10.161
Vanuatu Port Vila   12.190 272.459

DemografiaAldatu

BiztanleriaAldatu

2016an 272.459 biztanle zituen.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 34,9 dira, 15-24 urte bitartekoak % 20, 25-54 urte bitartekoak % 35,4, 55-64 urte bitartekoak % 5,6 eta 65 urtetik gorakoak % 4,1. Bizi itxaropena 74 urtekoa da; 72,4 urtekoa gizonezkoena eta 75,7 urtekoa emakumezkoena (2018ko zenbatespenak). Biztanleriaren urteko hazkundea % 1,81 da.[5] Jende gehiena Efate, Espiritu Santo, Tanna eta Malakula uharteetako herrixketan bizi da.

Banaketa etnikoaAldatu

 
Emakumeak dantzan

Arrazaz melanesiarrak dira Vanuatuko biztanle gehienak (% 99,2),[5] baina txinatar, vietnamdar, polinesiar, mikronesiar eta europarrak ere daude.

HizkuntzakAldatu

200.000 biztanle pasatxo besterik ez dituela, hizkuntza aniztasuna izugarri handia dago. Hiru hizkuntza ofizial daude:

Horiez gain, munduko hizkuntza-dentsitaterik handiena du herrialdeak: 113 tokiko hizkuntza daude.[7] Denak ekialdeko ozeaniar hizkuntzak dira, azpitalde hauetan banaturik:

  • hiru polinesiar hizkuntzak dira.
  • bederatzi hegoaldeko Vanuatukoak.
  • beste guztiak ipar eta erdialdeko Vanuatukoak.[8]

ErlijioaAldatu

Kristauak dira biztanle gehienak: % 90 protestanteak eta % 12,4 katolikoak. % 3,7 erlijio tradizionalen jarraitzaileak dira (kargo kultuak barne).

Hiri nagusiakAldatu

Port Vila da hiriburu eta hiri nagusia. 51.437 biztanle zituen 2016an.

EkonomiaAldatu

 
Merkatua Port Vilan

Nekazaritzan langileen % 60 inguru aritzen da lanean. Kokondoa, bananondoa, ñamea, manioka, taroa, ogi-zuhaitza eta barazkiak lantzen dituzte batez ere. Kokoaren kopra, kakahuetea eta kafea, berriz, esportatzeko dira gehienbat. Lur gehienak frantses kolonoen eskuetan egon dira, eta lurra vanuatuarrei itzultzeko 1983an egin zen legediak arazoak ekarri ditu. Uharte batzuetan behiak, txerriak eta ahuntzak hazten dira. Arrantzak ere nolabaiteko garrantzia du: hegaluzea, hegalaburra, oskoldunak eta soinberak arrantzatzen dira batez ere.

Turismoa ere garrantzi handiko diru iturria da, eta sektore hori indartzeko uharte batetik bestera doazen eta Australiarekin lotzen duten hegazkinak daude. 1997an Vanuatuk hitzarmen bat izenpetu zuen Asiako Garapenerako Bankuarekin ekonomiaren egitura berritzeko eta sektore publikoa urritzeko helburuarekin.

ErreferentziakAldatu

  1. a b Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  2. a b c 2016 Post-TC Pam Mini-Census Report vnso.gov.vu . Noiz kontsultatua: 2019-11-28.
  3. (Ingelesez) 2009 National Census of Population and Housing: Summary Release Vanuatu National Statistics Office, .spc.int . Noiz kontsultatua: 2019-11-29.
  4. 'Pam' zikloiak kalte larriak eragin ditu Vanuatu irletan Berria egunkaria, 2015eko martxoak 15, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-11-28.
  5. a b c The World Factbook: Vanuatu cia.gov . Noiz kontsultatua: 2019-11-28.
  6. Census and Surveys Vanuatu National Statistics Office, web.archive.org . Noiz kontsultatua: 2019-11-28.
  7. Alexandre François, Contraintes de structures et liberté dans l'organisation du discours. Une description du mwotlap, langue océanienne du Vanuatu, doktorego-tesia hizkuntzalaritzan, Paris-IV-Sorbona Unibertsitatea, 1078 or., 2001, alex.francois.free.fr
  8. Vanuatu, ethnologue.com

Kanpo estekakAldatu