Tuvalu[2] Ozeaniako uharte-estatu burujabea da, hegoaldeko Ozeano Barean dagoena, Polinesian. Koralezko 9 atoloiz osaturik dago. Beren garaiera txikia dela-eta (5 metro gehienez), uharte hauek mehatxaturik daude itsasoaren mailaren gorakadengatik. 26 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 11.370 biztanle zituen 2017an;[1] izan ere, Vatikano Hiriaren ondoren, biztanle gutxien dituen munduko herrialdea da. Hiriburua Funafuti atoloia da, baina batzuetan Fongafale uhartean kokaturik dagoen Vaiaku herrixka jotzen da hiriburutzat, bertan baitaude gobernuaren eraikinak eta estatuko hotel bakarra.

Tuvalu
Bandera Armarria
Goiburua: “Tuvalu mo te Atua”
(“Tuvalu Jainkoarekin”)
Ereserkia: Tuvalu mo te Atua
Errege ereserkiaGod Save the Queen
Hiriburua
eta hiri handiena
Funafuti
Hizkuntza ofiziala(k) tuvaluera, ingelesa
Herritarra tuvaluar
Gobernua Monarkia konstituzionala
 -  Erregina Elisabet II.a
 -  Gobernadorea Iakoba Italeli
 -  Lehen ministroa Kausea Natano
Independentzia
 -  Erresuma Batutik 1978ko urriak 1 
Azalera
 -  Guztira 26 km2 (192.)
 -  Ura (%) baztergarria
Biztanleria
 -  2017[1] errolda 11.370
 -  Dentsitatea 475,9 bizt./km2 (27)
Dirua Tuvaluar dolara
Australiar dolarra (AUD)
Ordu-eremua UTC (UTC+12)
Aurrezenbakia 688
Internet domeinua tv

GeografiaAldatu

MugakAldatu

Jatorri bolkanikoko uhartedia da, Mikronesiaren eta Melanesiaren artean dagoena, hego latitudeko 5°41′ eta 10°45′, eta ekialdeko longitudeko 176°12′ eta 179°51′ artean, Australiatik 4.000 kilometro ipar-ekialdera eta Gilbert uharteen hegoaldean. Lau uharri-uhartez eta bost atoloiz osaturik dago: Nanumea, Niutao, Nanumanga, Nui, Vaitupu, Nukufetau, Funafuti, Nukulaelae eta Nikulakita.

Ingurune fisikoaAldatu

Bertako atoloi txiki eta sakabanatuek lur geruza mehe-mehea dute eta 26 km2 baino gutxiagoko azalera. Funafuti atoloi handiena da, erdialdeko laguna baten inguruan kokatutako uhartetxoz osatua, 25,1 kilometro ipar-hego eta 18,4 kilometro eki-mendebalde. Uharrizko eraztun ertzak laguna inguratzen du, hainbat uharri-ubidek zeharkatua.

KlimaAldatu

Klima tropikala da, beroa eta oso euritsua (batez beste 29 °C eta 3.000 mm euri urtean), eta higadurak gogor erasan du lurra. Uharteak koralezkoak dira, erabat lauak eta kokondoz estaliak. Azarotik martxora mendebaleko haizeak eta euri jasa bortitzak izaten dira, eta martxotik azarora ekialdeko haizeak, tenperatura tropikala zertxobait arintzen dutenak.

Arrisku naturalakAldatu

Nazio Batuen txosten baten arabera, berotze globala dela-eta, Tuvaluko uharteek itsasoaren azpian geratzeko arriskua dute, baldin eta berandu baino lehen hori eragozteko neurriak hartzen ez badira. Lehen ministroak erantzukizunak eskatu dizkio NBEari eta herrialde kutsatzaileei. Hori dela eta, biztanle guztiak Zeelanda Berrira eramateko asmoa eztabaidatzen ari dira.[3]

HistoriaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Tuvaluko historia»

Tuvaluarrak duela 2000 urte inguru uharte hauetan kokatu ziren polinesiarrak dira, Tonga eta Samoatik etorriak. Kontaktu aurreko garaian, sarritan egiten ziren uharteen arteko kanoa bidaiak. Tuvaluko 9 uharteetatik 8 jendeztaturik zeuden; hortik Tuvalu izena, tuvalueraz “zortziak batera” esan nahi duena.

Europarrek 1568. urtean bisitatu zuten aurrenekoz, Álvaro de Mendaña y Neyra espainiarra buru, baina ez ziren geratu, uharteetan aparteko aberastasunik ez zegoelako. Esploratzaile haietako batek eman zion ezagutzen den lehen izena uhartediari: Ellice Uharteak. 1850 eta 1875 bitartean, trafikanteek milaka lagun harrapatu eta Peruko fosfato guneetara eta Txileko gesaltegietara eraman zituzten behartuta lan egitera; uhartediko biztanle kopurua 20.000tik 3.000ra gutxitu zen. 1865ean, beste inbasio bat izan zen: Britainia Handiko eta Estatu Batuetako misiolariak iritsi ziren. 1892rako uharteak Britainia Handiaren babespean zeuden.

1915ean, Gilbert Uharteekin batera, Gilbert eta Ellice kolonia bihurtu ziren. Elkartze hura ez zen oso naturala, eta 1974an, erreferendum bidez, uhartedi bakoitzak bere administrazioa izatea onartu zen. Bi uhartedien banakuntza 1975eko urrian gauzatu zen. Tuvaluko lehenengo hauteskundeak 1977an egin ziren, eta Toaripi Lauti hautatu zuten lehen ministro. 1978ko urrian, uhartediak burujabetasun osoa lortu zuen eta Tuvalu izena hartu zuen. Tuvalutarrak, Londrestik bereizita, Australiaren eragin eremuaren barruan geratu ziren.

DemografiaAldatu

BiztanleriaAldatu

 
Niutaoko haurrak

Herrialdeak 11.370 biztanle zituen 2017an,[1], eta biztanleria % 0,86 handitzen ari zen urtean. Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 29,3 dira, 15-24 urte bitartekoak % 18,6, 25-54 urte bitartekoak % 36,9, 55-64 urte bitartekoak % 8,9 eta 65 urtetik gorakoak % 6,3. Bizi itxaropena 67,2 urtekoa da; 65 urtekoa gizonezkoena eta 69,5 urtekoa emakumezkoena (2018ko zenbatespenak).[4] Atoloi guztietan bizi da jendea, Niulakitan izan ezik. Uharte jendetsuena Funafuti da.

Banaketa etnikoaAldatu

Biztanle gehienak polinesiarrak dira.

HizkuntzakAldatu

Bertako hizkuntzak tuvaluera eta ingelesa dira. Nui atoloian kiribatiera ere erabiltzen da.

ErlijioaAldatu

Erlijio nagusia, alde handiz, protestantismoa da (kongregazionista). Gainerakoak katolikoak eta Zazpigarren Eguneko adbentistak dira.

EkonomiaAldatu

 
Tuvaluko Banku Nazionala
 
Funafutiko laguna

Tuvaluk ez du nekazaritzarako lurrik ia, ezta edateko ur hornidura fidagarririk ere, eta kokondoak besterik ez dira hazten. Lurra pobrea da eta ez dago mea baliabiderik. Arrantza eta kokondoak izan dira bertako biztanleen bizibide tradizionalak.

Bertako ekonomia munduko estatu independenteetatik txikiena da. Kokondotik eratorritako gaiak (kopra, kokoak) esportatu egiten dira. Abere hazkuntzak ere ez du pisu handirik nazioaren ekonomian, baina bai arrantzak. Arrantza bihurtu da Tuvaluko ekonomiaren etorkizunerako esperantza nagusia. Uhartediaren mende dagoen arrain erreserba handia munduko arrantza ontzidi handienak erakarri ditu, Estatu Batuetakoa eta Japoniakoa, besteak beste. Turismoa garatu gabe dago oraindik.

Dibisa iturri nagusietako bat zigiluen salmenta da, eta, arrantza baimenen truke, 100.000 dolar baino gehiago irabazten ditu urtean estatuak. Uharteko baliabide naturalak hain urriak izanik, eta aurrezki eta inbertsiorako barne iturririk ezean, Tuvalu kanpoko laguntza hartu beharrean dago (Australiakoa hartzen du batez ere) bere aurrekontua finantzatzeko.

1989an, estatuak bere gastuaren % 10 estali zuen; diru iturri nagusia uhartetik kanpo bizi diren tuvalutarrek bidalitakoa izan zen. Izan ere, biztanleen laurden bat inguruko uharteetan bizi da, fosfato meatokietan lan eginez. Azkeneko urteetan, uhartediko egoera ekonomikoak okerrera egin du: emigranteak itzuli ahala hezkuntza formala amaitu berri dutenekin lehiatu behar dute lana lortzeko. Bigarren mailako hezkuntza bukatu duten % 30k baino ez du enplegua lortzen.

Tuvaluri zegokion .tv interneteko domeinua Estatu Batuetako enpresa bati saldu zion gobernuak 40 milioi dolarren truke.[5]

ErreferentziakAldatu

  1. a b c Tuvalu. Population, total data.worldbank.org . Noiz kontsultatua: 2019-11-30.
  2. Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  3. Aizpurua Sarasola, Joserra Klimak eragindako erbesteratuak Argia astekaria, 2008ko maiatzak 25a, CC BY-SA 3.0, argia.eus . Noiz kontsultatua: 2019-11-30.
  4. The World Factbook: Tuvalu cia.gov . Noiz kontsultatua: 2019-12-2.
  5. Zubiria Kamino, Pello Paradisua.tv uhinak irentsiko du altxor eta guzti Argia astekaria, 2005eko maiatzak 8, CC BY-SA 3.0, argia.eus . Noiz kontsultatua: 2019-12-2.

Kanpo estekakAldatu