Kosovoko Errepublika[1] (albanieraz: kɔˈsɔvə Kosovë, kɔˈsɔva Kosova; serbieraz: kɔˈsɔvə Косово edo Космет/Kosovo edo Kosmet), antzina, Kosovo-Metohia (albanieraz: Republika e Kosovës; serbieraz: Република Косово) alde bakarretik independentzia aldarrikatu duen Europako hego-ekialdeko lurraldea da. 10.908 km2-ko azalera du, eta 1,8 milioi pertsonako biztanleria.

Kosovoko Errepublika
Republika e Kosovës
Република Косово / Republika Kosovo
Ereserkia: Europa

Kosovoko bandera

Kosovoko armarria
Kosovo in Europe 2008.png
Geografia
Hiriburua
eta hiri handiena
Pristina
42°40′12″N 21°10′12″E
Azalera10.887 (166)
Punturik altuenaĐeravica
KontinenteaEuropa
MugakideakAlbania, Ipar Mazedonia, Montenegro eta Serbia
Administrazioa
Gobernu-sistemaErrepublika (NBEn protektoratua)
PresidenteaVjosa Osmani
LegebiltzarraKosovoko Errepublikako Biltzarra
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Demografia
Biztanleria1.883.018 (2016) (142)
Dentsitatea172,61 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
ErlijioaRodnovery (en) Itzuli eta Slavic mythology (en) Itzuli
Alfabetizazioa% 96,8 (2014)
Giniren koefizientea29 (2017)
Ekonomia
BPG nominala7.128.690.556,6824 $ (2017)
413.203.831,01872 (2016)
BPG per capita3.957 $ (2017)
260 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa19.697.688.295 nazioarteko dolar (2017)
1.151.538.887 (2016)
BPG per capita EAPn10.759,648 nazioarteko dolar (2017)
548,135 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala3,6 % (2016)
Erreserbak769.904.066 $ (2016)
−29.278.738 (2015)
Inflazioa1,3 % (2016)
1,4 (2015)
Historia
Sorrera data: 2008ko otsailaren 17a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+383
ISO 3166-1 alpha-2baliorik ez eta XK
ISO 3166-1 alpha-3baliorik ez eta XKS
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.Schuko (en) Itzuli
Internet domeinuabaliorik ez
rks-gov.net

Kosovoren egoera Jugoslavia ohiaren desintegrazio prozesuaren emaitza da, nahiz eta aurrekari zuzenak XIX. mendeko Balkanetako nazionalismoen sorreran dauden. Zehazki, albaniar eta serbiar nazionalismoen arteko gatazka iturria izan da ordutik. Serbiak, bertako probintzia autonomo bezala aldarrikatzen du. 1999tik 2008ra, Kosovoko Gerra amaitu ostean, NBEren administraziopean geratu zen. 2008ko otsailaren 17an Kosovoko Parlamentuak Serbiarekiko independentzia aldarrikatu zuen; azken horrek, Errusia eta beste zenbait estaturekin batera, aldarrikapen hori legez kanpokotzat jotzen du. Ekainaren 15ean Konstituzio berria sinatu zuten, estatu baten botere guztiekin.

Gaur egun, Nazio Batuetako 193 kideetatik 97k onartzen dute Kosovo estatu subirano gisa[2]. Serbiak, Errusiak, Txinak, Espainiak eta Amerika, Asia eta Afrikako herrialde gehienek ez dute onartzen aldebakarreko independentzia aldarrikapena, eta ez dute onartzen Kosovoko Errepublika estatu subirano gisa. Nazioarteko komunitatea honela dago banatuta: Kosovoren independentzia ofizialki onartu duten herrialdeak, independentzia aitortzeari uko egiten diotenak eta neutraltasuna edo aldeek adostutako gertaeren bilakaerarako itxaropena adierazi dutenak.

Albaniar jatorri etnikoko biztanle gehienek aldarrikatu zuten Kosovoren subiranotasuna errepublika gisa. Hala ere, Kosovoko iparraldea, gehienbat serbiar etnia bizi dena, autonomiaz administratzen da Kosovoko eta Metohiako Batzar Komunitarioaren koordinazioarekin. Erakunde hori 2008ko ekainean sortu zen Serbiako Errepublikaren babesarekin, eta Kosovoko Gobernuak ez du onartzen[3].

Sei hilabetez Europar Batasunak sustatutako negoziazioen ondoren, 2013ko apirilaren 19an, Serbiako eta Kosovoko Errepublikako gobernuek akordio bat lortu zuten aldebiko harremanak ezartzeko[4]. Baina Serbiako gobernuak ez du haren independentzia aitortzen[5][6].

Geografia aldatu

 
Kosovoko mapa.

Mugakide hauek ditu: Montenegro, Albania, Ipar Mazedonia eta Serbia.

Pristina hiriburua eta Prizren (500.000 biztanle) hiri jendetsuenak dira. Beste bost hiri 50.000 biztanletik gorakoak dira. Eskualde nagusia Metohia da, arro handi bat Kosovoko mendebaldean (Djakovica, Orahovac eta Prizren herriak), Kosovo eskualdea Sitnica ibaiaren inguruko beste arro bat da (Uroaevac, Priatina, eta Kosovska Mitrovica), Malo Kosovo edo Kosovo Txikia, (Podujevo), Metohiaren eta Kosovoren artean Drenica dago (Srbica, Klina eta Malisevo).

Aurrekariak aldatu

Serbiak Kosovoko lurraldea herri serbiarraren sehaska historikotzat jotzen du, nahiz eta gaur egungo populazioa nagusiki albaniarra izan. Jugoslaviako Errepublika Federatibo Sozialistaren garaian, nahiz eta Serbiako Errepublika Sozialistako kide izan, gero eta autonomia eta ordezkaritza handiagoa izan zuen erakunde federaletan, Kosovoko probintzia autonomo sozialista gisa. Autonomia hori 1989an ezabatu zuen Slobodan Miloševic-en gobernu serbiarrak, eta, erakunde federaletan, bere gain hartu zuen haren ordezkaritza.

Hurrengo hamarkadan, tentsio handiak izan ziren Belgrad eta probintziaren artean, non albaniar jatorriko biztanleen artean sentimendu separatista hazi baitzen. Jugoslavia desegin ondoren, Jugoslaviako Errepublika Federalaren parte izatera pasa zen, 2003tik Serbia eta Montenegro bezala ezaguna izango zena Montenegroren independentzia arte, 2006an. 1999an, Kosovoko gerra piztu zen, NATO eta Kosovo Askatzeko Armada Jugoslaviako Errepublika Federalaren aurka borrokatzera eraman zuena.

Gatazkaren amaieraren ondoren, Nazio Batuen Erakundeak bake-misio bat ezarri zuen, Nazio Batuen Kosovoko Behin-behineko Administrazio Misioa (MINUK). Berez, Kosovo Serbiako probintzia autonomoa zen arren, MINUK lurraldeko administrazioaren ardurapean zegoen, albaniar etniako buruzagiekin batera.

Hainbat urtetako liskar eta negoziazioen ondoren, alde bakarreko independentzia aldarrikatu zuen 2008ko otsailaren 17an. Independentzia hori 95 herrialde inguruk onartu badute ere, Estatu Batuek eta Europar Batasuneko estatu kide gehienek barne, Serbiak[7], bere aliatuek eta beste herrialde batzuek, hala nola Espainiak[8], ez dute onartu, ezta Nazio Batuen Erakundeak ere. Horren baitan, Kosovori buruzko aipamen guztiak, dela lurraldeari, dela bertako erakunde edo biztanleei buruzkoak, Segurtasun Kontseiluaren 1244 (1999) Ebazpena erabat betez eta haren egungo edo etorkizuneko estatusari kalterik egin gabe egiten direla ulertzen da.

Historia aldatu

 
Kosovoko gudua, 1389. Adam Stefanovićen margolana.

Kokapen estrategikoa, baliabide natural ugariak barne, mesedegarria izan zen Kosovoko giza kokalekuen garapenerako, bere lurraldean identifikatutako ehunka aztarnategi arkeologikoek nabarmentzen duten bezala. Kosovoko lehen espedizio arkeologikoa Austro-Hungariako armadak antolatu zuen I. Mundu Gerran, Nepërbishti Iliriako tumuluen ehorzketa-eremuan, Prizren barrutian[9]. 2000. urteaz geroztik, espedizio arkeologikoen hazkundeak ordura arte ezezagunak ziren aztarnategi asko agerian utzi ditu. Kosovon dokumentatutako lehen aztarnak Harri Aroarekin lotzen dira, hots, haitzuloetako etxebizitzak egon zitezkeen zantzuak daude, adibidez, Radivojce kobazuloak Drin ibaiaren iturburuan; badira, hala ere, zenbait zantzu Grnčar harpean, Viti herrian eta Dema eta Karamakaz harpeetan, Peja udalerrian.

Espedizio arkeologikoek oraindik ezin izan dute baieztatu Paleolito garaiko gizakien finkapena. Kosovon aurkitu diren asentamendu antolatuaren froga arkeologikorik zaharrenak Starčevo eta Vinča Neolitiko kulturakoak dira[10]. Vlashnjë eta Runik Neolito garaiko gune garrantzitsuak dira. Mrrizi i Kobajës-en, Vlashnjë ondoan, aurkitutako harpeetako margoak Kosovoko historiaurreko artearen lehen aurkikuntzak dira[11]. Neolitoko Runik-eko indusketetan aurkitutakoen artean, buztinezko okarina bat dago, Kosovon grabatu den lehen musika-tresna da[10]. Brontze Aroaren hasiera bat dator Kosovoko mendebaldean tumuluen ehorzketa-eremuak egotearekin, nola hala Romajë-ko gunean[9].

Horregatik, Paleolitoko eta Mesolitoko gizakiaren argudioak baieztatu arte, Neolitoko gizakia eta Neolitoko aztarnategiak Kosovoko populazioaren hasiera kronologikotzat hartzen dira. Garai horretatik gaur egunera arte, Kosovo populatua izan da, eta historiaurreko, antzinako eta Erdi Arorainoko gizarteen jardueren aztarnak ikusten dira bere lurralde osoan. Aztarnategi arkeologiko batzuetan, geruza anitzeko asentamenduek argi eta garbi islatzen dute mendeetan zehar bizitzaren jarraipena[12].

Dardaniarrak izan ziren Kosovoko eskualdeko tribu paleobalkaniko garrantzitsuenak. Kosovo, Ipar Mazedoniako zatiak eta Serbia ekialdea osatzen duten eremu zabal bati Dardania izena eman zioten antzinate klasikoan. Eskualdearen ekialdeko zatiak trazio-iliriar harreman-eremuan zeuden. Ikerketa arkeologikoetan, iliriar izenak dira nagusi Dardania mendebaldean (gaur egungo Kosovon), eta traziar izenak Dardania ekialdean aurkitzen dira gehienbat (egungo Serbia hego-ekialdean).

Izen traziarrik ez dago Dardaniako mendebaldean; ekialdeko aldeetan, berriz, iliriar izen batzuk agertzen dira. Beraz, iliriar edo traziar tribu gisa identifikatzea eztabaidagai izan da, baita bi taldeen arteko harreman etnolinguistikoa oso zalantzazkoa izanik eztabaidatua ere. Dardanian, hegoaldeko iliriarren izenen arteko korrespondentziak, aginte elitearenak barne, Dardaniako zatien traziatzea iradokitzen du[13]. Dardaniarrek banakotasunari eutsi zioten, eta, erromatarren konkistaren ondoren, komunitate gisa mantentzea lortu zuten, eta, erromatarren garaian, talde berrien eraketan eginkizun garrantzitsua izan zuten[14].

Erromako Inperioak K.o. I. mendean bereganatu zuen Dardania. Eremuaren garrantzia bere meatze-potentzialean zegoen (metalla Dardana), K.o. mendeetan asko ustiatu zena, Municipium Dardanorum-eko meatze-multzo handiak eta eskualdearen zati bat meatze-barruti inperial gisa izendatzeak nabarmendu zuenez. Kosovo bi probintzien parte zen, Praevalitana eta Dardania. Ulpiana Kosovon garatu zen municipium garrantzitsuena da[14]. Justinianok Justiniana Secunda gisa birfundatu zuen K.o VI.mendean[14].

VI eta VII. mendeetan zehar, tribu eslaviarrak sartzen joan ziren eta bertako populazioarekin nahasten. 850erako kultura eslaviar kristaua erabat nagusitu zen inguruan, eta Bulgariako inperioko parte bihurtu zen.

Bulgariarren, serbiarren eta bizantziarren inperioen parte izan zen, harik eta 1346an Serbiako inperioan sartu zen arte. 1389an serbiar, bulgariar eta albaniarrek gerra galdu zuten Otomandar Inperioaren aurka eta pixkanaka lurralde guztia otomandarren esku geratzen joan zen, XX. mendera arte.

XIII. mendearen amaieran, Kosovo eta Metohiako lurraldea Nemanjić dinastiaren egoitza izan zen. Hura izen zen, orobat, Serbiako eliza ortodoxoaren kokaleku nagusia. Pristina garrantzi handiko merkataritza-gunea zen garai hartan. Meagintzak ere garrantzi handia izan zuen, zilargintzak batik bat. Serbiar inperioa eratu zenean, monarkia absolutuaren gobernu feudal bihurtu zen, eta Kosovoko lurrak Branković familiari egokitu zitzaizkion. Serbiar inperioa desegin zenean, otomandar inperioak eslaviar lurraldeak menderatu nahi izan zituen, eta Kosovoko gudu ospetsuan borrokatu zen serbiar armadarekin, 1389an. Gudu hura otomandarrek irabazi bazuten ere, gizon asko galdu zituzten, eta Kosovoko hondamen hura serbiarren mitologia nazionalak bere baitan atxikia izan du gaur arte. Otomandarrek Kosovo mendean hartzeak islamizazioa ekarri zuen; prozesu hori hirietan hasi zen eta mende bat baino gehiago iraun zuen. Kristau askok fede berria besarkatu zuten, arrazoi ekonomiko eta sozialengatik, besteak beste, musulmanei onura eta eskubide handiak ematen baitzitzaizkien eta agintari musulmanek eliza ortodoxo eta katolikoak zerga handiagoak ordaintzera behartu baitzituzten. Albaniarrak eslaviarrak baino lehenago bihurtu ziren musulman, eta halaber kopuruz emendatu. 1689an, Erromatar eta Germaniar Inperio Sakratuaren eta Otomandar Inperioaren arteko gerrak bete-betean jo zuen Kosovo. Austriarrak haraino iritsi eta Belgrad mendean hartu zuten; serbiar askok austriarrekin bat egin zuten, eta otomandarrek kontraerasoa jo zutenean, serbiarrak gogor zanpatu zituzten eta haietako askok ihes egin behar izan zuten. Harrezkero, gaurdaino, Kosovoko biztanle gehienak albaniarrak dira eta gutxiengo kristau batzuk daude.

XIX. mendearen bukaeran, albaniar nazionalismoak goraldia izan zuen, eta horrek eragin handia izan zuen Kosovon ere. Balkanetako Lehenengo Gerran, Otomandar Inperioa erabat garaitu zuten, eta otomandarrek ia Balkan osoetatik erretiratu behar izan zuten; orduan sortu zen Albania, baina Serbiak aitzina bere mendean izandako lurraldeak berreskuratu zituen, Kosovo tartean, albaniarren heren bat Albaniatik kanpo utziz horrela. 1912. urteaz gero, beraz, Kosovo Serbiaren baitan geratu zen, eta horrek aldaketa handia eragin zuen biztanlerian: milaka albaniar Albaniara joan ziren, eta agintari berriek plan bat jarri zuten abian Kosovo serbiarrez jendeztatzeko, eta, horretarako, albaniar asko sarraskitu zituzten. Lehen Mundu Gerraren ondoren, serbiar agintariek hainbat administrazio txikiagotan banatu zuten Kosovo eta albaniarrak zanpatzen jarraitu zuten. II. Mundu Gerran, Ardatzeko Potentziak Jugoslavia inbaditu zuten 1941ean. Italia faxistaren mendeko Albania handiaren, Bulgariako Erresumaren eta Serbiaren artean banatu zuten. Erresistentziako albaniar talde armatuak Kosovo etniaren aldetik homogeneizatzen saiatu ziren, juduak, ijitoak eta eslaviarrak deportatuz. Bigarren Mundu Gerra bukatu zenean, erresistentzia komunistako partisanoak nagusitu, eta Kosovo Jugoslaviako Herri Errepublika Demokratiko sortu berriaren barruan geratu zen. 1946an, administrazio autonomo berezi bat sortu zen Kosovon, aurrenekoz otomandarren garaitik, hasieran Serbiako Errepublika Sozialistaren administrazioaren baitan eta, 1963az geroztik, probintzia gisa. 1974an, Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren baitan, Kosovo Probintzia Autonomo Sozialista sortu zen. Autonomia horrekin batera, eskolak albanieraz erakusten hasi ziren eta Kosovoko gobernua albaniar-kosovarren esku geratu zen neurri batean. Kosovoren autonomia albaniarren alde areagotzeak tirabirak sortu zituen bertako serbiar komunitatearekin, diskriminatua sentitzen baitzen; gainera, albaniarrak gero eta gehiago ugaltzen ari ziren, haien jaiotza tasa serbiarrena baino askoz handiagoa baitzen. 1980an, Tito hil zenean, tirabira etnikoak areagotu egin ziren Jugoslavia osoan eta bereziki Kosovon. 1980ko hamarraldian, Slobodan Milošević serbiar buruzagiak gogotik akuilatutako nazionalismoaren eraginez, Kosovok eta Jugoslaviako gainerako errepublikek boterea eta burujabetza galdu zuten. 1989an, Kosovori autonomia kendu zioten, albaniarrei eskubide politikoak mugatu zitzaizkien eta serbiarren kolonizazioa bultzatu zen. Jugoslavia desegiten ari zen artean, Kosovok bere aginpide guztia galdu zuen Serbiaren mende.

 
Txikizioa Kosovoko herri batean. 1999.

1991n, independentzia aldarrikatu zuen. 1992an, Ibrahim Rugova lehendakari izendatu zuten eta hainbat erakunde sortu ziren, baina gobernu hori ez zuten nazioartean onartu. Garai hartan sortu zen Kosovoko Askapenerako Armada (Ushtria Çlirimtare Kombëtare, UÇK), serbiar armadari aurre eginez Kosovoren independentzia lortzeko. 1990eko hamarraldia bukaeran hasi zen Kosovoko gerra. Gerra bukatu ondoren, NBEk erabaki zuen bertan Nazio Batuen Behin Behineko Administrazio bat ezartzea (MINUK), eta segurtasuna, berriz, KFOR indar multinazionalaren esku uztea. Hala ere, albaniar batzuek serbiarren aurkako mendekuzko ekintzak egin zituzten eta milaka serbiar-kosovarrek Serbiara ihes egin zuten, baina serbiar enklabe batzuk geratu ziren herialdean. 2001ean, MINUKek agintearen zati bat albaniar-kosovar komunitatearen esku uztea erabaki zuen eta hala sortu ziren legebiltzarra eta lehendakaritza eta lehenengo hauteskundeak egin ziren. Geroztik, Serbiako agintariak, Kosovokoak eta NBE Kosovoren estatusa negoziatzen aritu ziren. 2008ko otsailaren 17an, Kosovoko legebiltzarrak, bilera berezian, independentzia aldarrikatu zuen, Kosovoko Errepublika izenarekin. Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Frantziak deklarazio horren alde egin zuten, eta Serbiak eta Errusiak, berriz, erabat gaitzetsi zuten. Protesta gogorrak izan ziren Serbian, baina Europako Batasuneko eta Balkanetako estatu askok estatu berria ofizialki onartu zuten; Errusiak erabat gaitzesten duenez eta betoa ezarri dionez, NBEak ez du Kosovoren independentzia onartu. Hashim Thaçi Kosovoko Alderdi Demokratikokoa da Kosovoko Lehen Ministroa eta administrazioaren zati handi bat bere esku baldin badu ere, MINUKi dagokio barne segurtasuna. Kosovoren iparraldeko serbiar enklabea, berriz, Serbiar Errepublikaren mendean dago.

2014ko abenduaren 8an, gobernua osatzeko hitzarmena egin zuten[15]. Abenduaren 9an, osatu egin zuten, sei hilabeteren ostean[16].

2015eko urtarrilaren 27an, independentzia eskuratu ondorengo istilurik larrienak egon ziren[17].

Ekonomia aldatu

Kosovoko ekonomia Europako behartsuenetako bat da; 2006an, biztanleko diru sarrera 1.500 eurokoa zen. Etorkinen bidalketek eta atzerriko herrialdeen laguntzak garrantzi handia dute. Industria oso sektore ahula da eta elektrizitate hornikuntza, berriz, badaezpadakoa. Langabezia tasak oso handiak dira, % 40-50 ingurukoak. Ezkutuko ekonomiak indar handia du eta gasolina, zigarro eta zementoaren kontrabandoarekin lotuta dago gehienbat. Ustelkeriak eta gaizkile talde antolatuen eraginak kezka handia sortu du nazioartean.

Banaketa administratiboa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kosovoko udalerriak»
 
Ipar Kosovo, laranjaz, Kosovoko agintaritzak kontrolatzen ez duen eskualde serbiarra.
 
Serbiar Udalerrien Erkidegoa, 2013ko akordioen arabera osatu behar zena; praktikan oraindik sortu gabea.

Kosovo zazpi barrutietan banatuta dago:

Serbiarren kontrolpeko eskualdea aldatu

Izatez, Kosovoko gobernuak kontrolpean ez duen eskualde bat ere badago iparraldean, Serbiarekin mugakidea, Ipar Kosovo. Egoerak 1999tik dirau, Kosovoko Gerra amaitu zenetik, alegia.

2013an Serbiak eta Kosovok sinatutako Bruselako Akordioaren ondorioz, Ipar Kosovo integratzekoa zen beste egitura batean, Serbiar Udalerrien Erkidegoan, serbiar gehiengoko zenbait udalerrik osaturiko egitura bat, autonomia maila bat izango lukeena. Baina erkidego hori ez zegoen egiazki osatuta 2018 bitartean bederen.

Demografia aldatu

Etnien arabera aldatu

  • % 88 albaniar (1.996.000 – 2.072.000)
  • % 8 serbiar (60.000 – 90.000)
  • % 2 gorani (41.000 – 57.000)
  • % 1,5 ijito (34.000 – 38.000)
  • % 0,5 turkiar (17.000 – 19.000)

Erlijioaren arabera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. «Dacic: Togo is the 15th country to annul its recognition of Kosovo, we’ll keep going until they realize that they have to compromise - KoSSev» web.archive.org 2019-08-26 (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  3. (Ingelesez) Serbs form rival Kosovo assembly. 2008-06-15 (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  4. (Gaztelaniaz) RTVE.es/AGENCIAS. (2013-04-22). «Bruselas recomienda negociar la adhesión de Serbia» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  5. (Gaztelaniaz) «Agencia EFE» EFE Noticias (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  6. (Gaztelaniaz) «Scholz dice que Serbia no ingresará en la UE si no reconoce la independencia de Kosovo» Diario Digital Nuestro País 2022-06-10 (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  7. (Errusieraz) «La "independencia" de Kosovo continúa disminuyendo: otro país retiró el reconocimiento del cuasi-estado» Agencia de Noticias "News Front" España 2019-11-23 (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  8. «Kosovo declara su independencia | elmundo.es» www.elmundo.es (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  9. a b (Ingelesez) Marquez-Grant, Nicholas; Fibiger, Linda. (2011-03-21). The Routledge Handbook of Archaeological Human Remains and Legislation: An International Guide to Laws and Practice in the Excavation and Treatment of Archaeological Human Remains. Taylor & Francis ISBN 978-1-136-87956-2. (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  10. a b Berisha, Milot (2012). "Archaeological Guide of Kosovo" (PDF). Ministry of Culture of Kosovo. pp. 17–18. Archived (PDF) from the original on 17 April 2019. Retrieved 20 September 2020.
  11. Shukriu, Edi. shukriu.Spirals Lisbon 2006pdf. (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  12. Milot Berisha, Archaeological Guide of Kosovo, Prishtinë, Kosovo Archaeological Institute and Ministry of Culture, Youth and Sports, 2012, 8. or.
  13. (Ingelesez) Wilkes, John. (1996-01-09). The Illyrians. Wiley ISBN 978-0-631-19807-9. (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  14. a b c (Ingelesez) Kosovo. 2023-02-23 (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  15. «Kosovon gobernua osatzeko akordioa egin dute», Berria, 2014-12-09
  16. «Gobernua eratu dute Kosovon, sei hilabeteren buruan», Berria, 2014-12-10
  17. «Independentzia osteko istilurik larrienak Kosovon», Berria, 2015-01-28

Kanpo estekak aldatu