Kemal Atatürk
Kemal Atatürk[1], jaiotza izenaz Mustafa (Tesalonika, gaurko Grezia, 1881 – Istanbul, 1938ko azaroaren 10), turkiar militar, politikaria eta, 1923-1938 bitartean, Turkiako lehen presidentea izan zen. Turkia modernoaren aitatzat eta hainbat erreformaren bultzatzailetzat hartzen dute.
BiografiaAldatu
Istanbulgo gerra akademian egin zituen ikasketak. 1904an atxilotu zuten, ofizial antiabsolutisten eta antiklerikalen ezkutuko elkarte bateko kide izateagatik. Balkanetako Gerran parte hartu zuen eta gero, Lehen Mundu Gerran: Otomandar Inperioko gudarostearen buru izan zen Armenian eta Sirian. Dardaneloetako defentsan nabarmendu zen, Gallipoliko guduan.
Turkia galtzaile atera ondoren, ez zuen Sevresko ituna onartu. Mehmed VI.a sultanak ingelesen alde zeraman politikari aurre egin zion. Ankarako Batzar Nagusiak lehendakari izendatuta, eta gudarostea bere alde zuela, 1922an sultana kargua uztera behartu zuen eta errepublika indarrean jarri.
Errepublikako lehendakari hautatu zuten 1923ko urriaren 29an. Harez geroztik, Turkiako estatuaren erreforma soziopolitikoa abiarazi zuen: lurraldeko mugak zehaztu zituen eta Irak aske utzi zuen; kurduak eta armeniarrak gogor zapaldu zituen; estatuaren erlijio neutraltasuna aldarrikatu zuen, Korana irakasten zuten eskolak eta erlijio epaitegiak itxi zituen; sartaldeko zuzenbide zibila, egutegi gregoriotarra, pisu eta neurri sistema hamartarra eta latin alfabetoa erabilarazi zituen; azkenik, Europako motako jantziez janztera behartu zituen biztanleak.
Lehendakari zela, diktadore baten ahalmenak bereganatu zituen; 1926an heriotza zigorra ezarri zien oposizioko buruzagiei eta Cumhuriyet Halk Partisi ("Herriaren Alderdi Errepublikarra") alderdi politiko bakarreko erregimena finkatu zuen. Haren agintaldian, industriak eta bide azpiegiturek aurreramendu handia izan zuten.
Atatürken erreformakAldatu
Fez kapela tradizionala jantzi desegokitzat jo eta gizonen ohituretatik desagerrarazteari ekin zion. Emakumeen jantziei zegokienez, halaber, beloa kentzen ahalegindu zen. Emakumeen eskubideen aldeko beste hainbat erreforma abiatu zituen: besteak beste, botoa ematekoa.
Islamaren inguruan, errepublika laikoa izateko bidean ipini zuen, baina meskitak kontrolpean mantendu eta dervishen kofradiak desegin. Alkoholaren debekua malgutu zuen.
Deiturak erabiltzera behartu zituen herritarrak (ordu arte, turkiarrek izena eta lanbidea zein izengoitia soilik erabiltzen zituzten). Horrela sortu zen harena: Atatürk (ata = "aita", türk = "turkiar"; Kemal, hau da, "perfektua", goitizena da).
Hizkuntzaren alorrean, lan handia egin zuen. Tartean, turkiera idazteko, latin alfabetoak arabiar idazkera ordezkatu zuen 1928an. Era berean, turkieran persieratik eta arabieratik jatorrizko ziren hitzak turkiar jatorrizko hitzekin ordezkatu zituen. Beste hizkuntza guztiak (kurduera, adibidez) guztiz baztertuta geratu ziren.
Horrez gain, trenbidearen sarea garatzea bultzatu zuen.
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/10/03 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gaineraAldatu
Kanpo estekakAldatu
- (Ingelesez) Atatürk-en inguruko webgunea