Mentxa Krnitxeva

gudari bulgariarra

Melpomena Dimitrova Krnitxeva (bulgarieraz: Мелпомена Димитрова Кърничева, mazedonieraz: Мелпомена Димитрова Крничева), –Kruxevo, Manastirreko vilajet, Otomandar Inperioa (egun, Ipar Mazedoniako Errepublika), 1900ko martxoaren 16-Erroma, Italia, 1964ko irailaren 10- Mentxa (Менча) Krnitxeva izenez ezagunagoa, bulgariar-mazedoniar nazionalista bat izan zen, Mazedonia Barneko Erakunde Iraultzaileko (VMRO) kidea, bere erakundearen alde zenbait hilketa egin zituena. VMROko lider Ivan Mihailoven emaztea ere izan zen. Bigarren Mundu Gudan Ardatzaren kolaboratzaile izan zen.

Mentxa Krnitxeva

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakМелпомена Димитрова Кърничева
JaiotzaKruševo (en) Itzuli1900eko martxoaren 16a
Herrialdea Bulgaria
Lehen hizkuntzabulgariera
HeriotzaErroma1964ko irailaren 5a (64 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Ivan Mihailov (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakbulgariera
Jarduerak
Jarduerakmilitarra
Izengoitia(k)Менча Кърничиу eta Кармен
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaInternal Macedonian-Adrianopolitan Revolutionary Organization (en) Itzuli

Haurtzaroa eta gaztaroa aldatu

Melpomena “Mentxa” Krnitxeva Kruxevo hirian jaio zen, familia aromaniar batean[1], Melpomena Karnitxiu izenarekin. Etnia-jatorria beste bat izan arren, krnitxevtarrak bulgariar nazionalismoari oso lotuak zeuden; Melpomena Krnitxevaren birraitona bat Bulgariar Eliza Ortodoxoko apaiza izan zen, turkiarrek hildakoa[2]. 1903ko Ilinden matxinadak porrot egin ostean, familia osoak –Mentxak barne- Bulgariara ihes egin zuen, Tsaribrod hirira (egun, Dimitrovgrad, Serbia)[3]. Krnitxeva 1918ko irailean Munichera joan zen ikastera, baina gutxi barru, Lehen Mundu Guda bukatuta Bulgariara itzuli behar izan zen, eta Sofian jarri zen bizitzen (Lehen Mundu Guda ostean Tsaribrod Serbia izatera pasa zen).

Mazedoniar mugimenduan militantziaren hasiera aldatu

Bulgariara itzuli zenean Krnitxeva mazedoniar mugimenduan (egungo Ipar Mazedonia 1912 ostean Serbia izatera pasa zen, eta 1918an sortu berri zen Jugoslavia) militatzen hasi zen, hasieran, gerora berak hil zuen Todor Panitsarengandik gertu –Panitsaren arreba Alemanian ezagutu zuen-. Krnitxevak dioenez, lehen aldiz 1920an elkartu zen Panitsarekin –ordurako Munichen Panitsaren koinata ezagutu zuen Krnitxevak-. Garai hartan, Krnitxevaren arabera, Panitsa bulgariar Gobernuak Mazedonian interbentzioa egitearen (anexionismoaren edo panbulgarismoaren) aurkakoa zen eta Mazedoniaren askapena mazedoniarrek egin behar zuten iritziaren aldekoa zen. Panitsa momentu horretan Stamboliskiren ezkerreko Gobernuak jazartua zen[4]. Hala ere, ematen zuenagatik laster dezepzionatu zen Panitsak, orduko bulgariar ezkerreko Gobernuarekin lerratzerakoan (honek Jugoslaviarekin bakea egin nahi zuen, eta hau onartezina zen mazedoniar-bulgariar nazionalista gogorrenentzat)[4].

Panitsaren ibilbide historikoa nazionalistenekiko haustura mazedoniar mugimenduan izandako barne-eztabaiden ondorio da: konkretuki mazedoniarren eta Mazedoniaren etorkizuneko izaerari buruzkoa  -mazedoniarrak bulgariar herriaren parte edo Mazedonia bertako etnia guztiak bilduko dituen subjektu federal gisa- zein ezker-eskuin dialektikarekin korapilatu zen, azken hau batez ere Aleksandr Stamboliskiren ezkerreko mugimendua Bulgariako Gobernuaren jabe egin ostean. Panitsa, mazedoniar mugimenduko boluntario bat zen, 1903ko Ilinden matxinadan parte hartu zuena, baina duela urte asko ezkerreko ildoan kokatutakoa –Jane Sandanski buruzagi historikoaren ildokoa-  eta VMROko nazionalistenak etsai zituena: antza denez 1907an Boris Sarafov eta Ivan Garvanov, VMROko eskuineko ildokoak, hil zituen[1][5]. 1908tik aurrera, Panitsa eta Sandanski Otomandar Inperioaren erreformisten alde agertu ziren, Mazedoniako bulgariarrak “Balkanetako federazio” multietniko baten proiektuaren ildoan, Bulgariarako anexio politikoa baztertuz. Federazioaren kontzeptu hori, Panitsak eta jarraitzaileek kontzeptu internazionalista bezala ere defendatzen zuten, Otomandar Inperioaren etnia guztian arteko lankidetza gisa[6]. Hala ere, Lehen Mundu Gudarekin bat, bulgariar nazionalismora egin zuen berriz bira Panitsak: Armadan izena eman zuen, borrokan zauritua izan zen eta 1915 eta 1918 artean Dramako (egun, Grezia) alkate bulgariar bihurtuta[7]. 1919an, guda ostean VMRO birsortzean, Stamboliskiren Gobernuaren aurka lerratu zen honek Bulgariaren mugak handitzeko eginiko ukoagatik eta Jugoslaviara hurbiltzeko mugimenduagatik: mazedoniar nazionalista askok hau “Mazedonia lagatzea” bezala interpretatu zuten. Panitsa hasieran VMROko kide zenez, Stamboliskiren aurka paratu zen, baina 1920-21etik aurrera hau babestu zuen, batez ere ezkerreko politika zela eta. Beraz, eztabaida ideologiko hauetan Panitsa figura nagusi bat izan zen, agian honek ekarri zuen gerora Krnitxevaren eta honen kideen jomuga izatea.

VMROren zatiketa aldatu

1921ean zatiketa izan zen VMRO barruan; eta Panitsaren aldekoek, VMROko eta Ilindeneko Matxinadako beterano batzuez lagunduta Mazedoniar Erakunde Federalista sortu zuten[8][9]. Erakunde honek Mazedonia Balkanetako Federazio baten barruan defendatzen zuen, Mazedonia bulgariarra baino gehiago, modu honetan Internazional Komunistaren posizioetara gerturatuz[10][11]. Stamboliskiren Gobernuak Panitsaren federalistak armatu zituen VMROko nazionalisten aurka, Krnitxeva are gehiago lekutu zuen gertakari honek[4]. 1922an borroka bat izan zen bi fakzioen artean Nevrokopen[8] -VMRO nazionalistako kideak Panitsa atxilotzear izan ziren[12]- eta beste bat Kiustendilen[13]. Stamboliskiren Gobernuak, Jugoslaviarekin Adiskidantza Ituna sinatzea –Nišeko Ituna-, izan zen VMROko eskuineko adar panbulgariarrentzat azken kolpea eta 1923ko irailean Bulgariako eskuinarekin bat egin zuen Stamboliskiren aurka Estatu kolpea emateko: mazedoniar erakundeak gainera lehen ministroa hil zuen[10][14].

Iturri batzuen arabera, Panitsa eta federalistak jugoslaviar Gobernuarekin kolaboraten hasi ziren VMROren aurka[4][12]. Bestetik, Aleksandr Tsankoven Gobernu militar berriak VMROri babes osoa eman zion, erakunde honek Jugoslaviarekiko mugako eskualdeetan, Petritx barrutian (Pirin Mazedonia deitutakoan) indar handia lortu zuelarik, baita lurraldearen gaineko kontrola ere[15][16][17]. Beraz, mazedoniarren barruan ezker federalistaren eta VMROren eskuinaren artean jada erabateko haustura eginda zegoen.

Ordurako jada, Mentxa Krnitxeva eskuineko sektore panbulgariar honetarara biratua zen: Krnitxevak eta VMROko eskuinak Panitsaren fakzioa Nišeko Itunaren (Bulgariar-Jugoslaviar Adiskidantza Itunaren) atzean ikusten zuten. Garai hauetan atxilotu zuen jugoslaviar poliziak Krnitxeva lehen aldiz, torturatu ere egin zuen, Petar Xandanoven arabera[18]. Atxiloalditik ateratzerakoan, 1924ko martxoaren 6an Ivan Mihailovekin elkartu zen, eta honek VMROko kide izatea proposatu zion. 1924ko martxoaren 15ean VMROko kide egin zen Krnitxeva. Bere klandestinitateko ezizena “Karmen” izan zen[19]. Garai honetan, Krnitxevak oraindik Panitsaren familiarekin harremana mantendu zuen, nahiz eta politikoki lekutu[4]. Honek VMROrentzat informazio oso baliotsua lortzeko aukera eman zion.

1923an Panitsa Vienara erbesteratu zen, non mugimendu federalista Bulgariako Alderdi Komunistarekin harremanean jarri zuen[20]. 1923ko iraileko Tsankoven eskuineko Gobernuaren aurkako matxinada komunistan federalistek ere kolaboratu egin zuten[21], hala ere, matxinada hori porrot batean bukatu zen.

1924an mazedoniar mugimenduaren barruko sekulako anabasa eta fakzioen arteko hilketak ari gertatu ziren. Urte horretan, federalistek eta komunistek VMROrekiko hurbilketa berri bat egin zuten, eta negoziazioak hasiera batean arrakasta izatekotan izan ziren, Maiatzeko Manifestua atera zutelarik, Panitsa tartean zela[22][23]. Maiatzeko Manifestuaren arabera, mazedoniar Estatu independente edo autonomo bat jarri zuten helburu moduan –mazedoniarrak Balkanetako “beste herriez” bereizten zituen-[24][25][26]; eta era berean Balkanetako Gobernu guztien politika gaitzetsia zen[27]. Manifestua VMROko hiru liderrek, Todor Aleksandrovek, Aleksandr Protogerovek eta Petar Txaulevek sinatu zuten hasiera batean[28]. Baina behin Manifestua argitaratuta, Aleksandrovek eta Protogerovek –baina ez Petar Txaulevek- atzera egin zuten berriz ere VMROn zatiketa sortuz[14]. Honek VMRO barruan hilketak eta purgak ekarri zituen: lehenik VMROko buru Todor Aleksandrov hil zuten, VMROko kide batek jaurti zuen bala baten bidez. Egile batzuen arabera, komunisten aldekoak izan ziren hiltzaileak, geroago VMROren buru izan zirenen arabera, Aleksandr Protogerovek zerikusiren bat izan zuen hilketarekin[29][30], baina beste batzuen arabera, Ivan Mihailoven gora-nahia izan zen hilketaren arrazoia. Gertakari hauek ezkerreko kideen purga ekarri zuen[1]: testuinguru honetan hil zuen Krnitxevak Panitsa.

Panitsa hiltzea aldatu

Krnitxevak, Panitsarekin harremana mantentzen zuenak, jakin bazekien hau Vienara erbesteratzekotan zegoela, eta berak eman zien berria Panitsaren senideei. Krnitxevak bere osasun-arazoak aitzaki hartuta ere Vienara egin zuen eta 1925ean iritsi zen hara, non panitsatarrekin izandako harremana erabili zuen hauei gerturatzeko[4]. Krnitxevaren arabera, Panitsa hiltzeko erabakia bere kabuz hartu zuen, VMROren zuzendaritzari galdetu gabe: “oso lasai hartu nuen erabakia, atzera bueltarik ez zuena jakitun”[3]. Krnitxevaren arabera, Panitsaren federalismoa, “serbiarrekiko laguntza” eta komunismoarekiko gerturaketa (Krnitxevak guzti hauek bere ildo panbulgariarraren etsaitzat zituen) izan ziren Panitsa hiltzeko arrazoiak. Krnitxevaren ustez, Panitsa Serbiaren laguntzaz ezkerreko matxinada bat prestatzen ari zen Bulgarian Tsankoven eskuineko gobernuaren kontra –zeina VMROren laguntzaz iritsi zen Gobernura-[4] Hala ere, beste egile batzuen arabera, erailketa Ivan Mihailovek agindu zuen[1][31]. Alfred Rapaport Mazedonian Austria-Hungariako kontsul izandakoren arabera, Panitsak I Mundu Guda aurretik, VMROko bi militante, Boris Safarov eta Ivan Garvanov, hiltzean izandako ustezko ardura izan zen VMROk Panitsaren erailketa agintzeko arrazoia[32][33]. Vida Boevak bat egin zuen arrazoi horrekin, eta Panitsaren ideologia –komunistekin lan egiten zuela- ere arrazoi gisa jarri zuen, Boevak gainera Panitsak serbiarrekin eta greziarrekin kolaboratu zuela dio[1]. Panitsa hiltzeko misiorako Dontxo Txuparinov eta Petar Stantxev VMROko kideek entrenatu zuten Krnitxeva[34].

1925ko maiatzaren 8an hil zuen Todor Panitsa, Vienan, Vienako Udal antzeztokian, Ibsenen lan bat antzezten ari zirela. Panitsaren emazte Ekaterina Izmirleva Krnitxeva geratzear izan zen, baina hau ere zauritua izan zen, eta baita ere Izmirleva eta Panitsaren lagun Jane Bogatinov[3]. Krnitxevaren arabera, bera izan zen hilketaren ostean polizia bati errenditu zitzaiona, antzezlekuaren kanpoaldean[3]. Panitsa hiltzerakoan, “Mazedoniar txar bat zen” esan zuen.

Erailketak Europa osoan zehar entzute handia izan zuen[3], bulgariar kazetari batek Charlotte Cordayrekin konparatu zuen Krnitxeva[35] (gero ezizen hori VMROko beste kide bati, Mara Bunevari ere ezarri zitzaion. Krnitxevak Bunevarekiko miresmena izan zuen, bere idazkari Vida Boevaren arabera[1]). Austriar epaitegiak hasieran zortzi urtetako kartzela-zigorra ezarri zion Krnitxevari, baina bere osasun txarra zela eta –giltzurrunetako arazoak zituen, tuberkulosia eta erreumatismoa ere bazituen- hilabete batzuk pasata libre utzi zuten, Austriatik kanporatuta[36].

Antza denez, Todor Panitsa ez zen Mentxa Krnitxevak hildako pertsona bakarra izan. Italiako Corriere de la Sera egunkariaren arabera, Krnitxevak eta Vlado Txernozemskik (1934an Marseillan Jugoslaviako errege Aleksandar I hiltzearren ezagun egingo zena) beste mazedoniar gazte bat hil zuten. VMROren fakzio ezberdinen arteko hilketek jarraitu egin zuten[37], Vida Boeva Mihailoven laguntzailearen arabera “komunistak izan ziren VMROk gehien hildakoak”: 1925ean Panitsaren jarraitzaile Dimo Hadzhidimov ere hil zuen VMROk[1].

Panitsaren hilketaren ostean, 1925eko urrian, bere jarraitzaileek erakunde berri batsortu zuten: Mazedonia Barneko Erakunde Iraultzailea (Batua) –VMRO (obedinena)-[38], zeinak teorian eta adierazpenetan mazedonismoaren alde egin zuen[9][39]. Hala ere, beste egile batzuen arabera, VMRO (ob.)-ren liderrek, indibidualki, bulgariartzat zituzten euren buruak[40][41][42]. Hurrengo urteetan VMRO eta VMRO (ob.) erakundeen arteko hilketak ugaritu ziren[43][44][45].

Erbestean aldatu

Vienako erailketaren ostean, Krnitxeva ez zen Mazedoniara itzuli, Bulgariara baino. 1926ko abenduaren 25ean Ivan Mihailovekin ezkondu zen[3][46], ordurako Mihailov VMROko buru izateko bidean zegoen. 1934ko maiatzean Bulgariako Gobernu berriak VMROri babesa kendu ostean (1935an Mihailovi in absentia heriotza zigorra ezarri zion Bulgariako Gobernu berriak)[47], erbestera joan behar izan ziren, Turkiara, eta 1938 geroztik Poloniara[48]. Stefan Tröbsten arabera, AEBra (non VMROk mazedoniar diasporan babesle asko zituen) egin nahi zuten, baina AEBko Gobernuak ez zien baimenik eman[49].

Ardatzaren zerbitzuan aldatu

Bigarren Mundu guda hasitan, Alemaniak Polonia inbaditu zuenean, Krnitxeva eta Mihailov Ardatzeko hainbat Estatutan bizi izan ziren. Biek Gestaporekin kontaktua egin zuten, Stefan Tröbsten arabera Krnitxeva izan zen kontaktu hori egin zuena, “alemanieraz ondo baitzekien”, hala ere “ez dago argi kontaktu horiek zertan geratu ziren, Alemaniako artxibategietan ez dago informaziorik”[31]. Berlinetik uneren batean Budapestera joan ziren bizitzera, eta 1941ean Zagreben, alemaniarrek Jugoslavia suntsitu ostean sortu zuten Kroaziako Estatu Independentearen hiriburuan kokatu ziren Krnitxeva eta Mihailov, Ante Pavelić diktadore ustasharen erabateko babespean. Artean, Jugoslaviaren suntsiketa-prozesua, Hegoaldean, Mazedonia Albaniaren eta Bulgariaren artean zatituz bete zen, Mazedoniaren parterik handiena Bulgariaren esku geratu zelarik. Krnitxevak eta Mihailovek hori ondo ikusi bazuten ere, eta Mihailoven kontrako heriotza-zigorrak anulatuak izan baziren ere, ez ziren Mazedoniara itzuli[50][51][52][53][54]. 1944 arte “kanpo politikan Pavelićek izan zuen aholkularirik garrantzitsuena Mihailov -eta zitekeenez, baita Krnitxeva- izan zen”[55]. Pavelićekiko harremanak aspaldikoak ziren, kontuan hartu behar da ustashek eta VMROk zenbat atentatu batera egin zituztela (famatuena, 1934an Alexandro erregearen kontra). Vida Boevaren arabera, VMROren eta ustashen arteko kontaktua 1928tik zetorren[1].

1944an, Bulgariak ezkerrera eginda (Fronte Abertzalea talde prokomunistak boterea hartuta), Alemaniak, Mazedonian presentzia ez galtzeko, hango tropek babestuta “Estatu independente mazedoniarra” ezarri nahi izan zuen (1941-1944 artean Ardatzaren aldeko Bulgariak kontrolatu zuen Mazedoniaren gehiena)[56], eta Ivan Mihailovi eskaini zioten Estatu horren burutza, baina Mihailovek Skopjera egindako bidai baten ostean uko egin zion, mazedoniar gehienak partisanoen aldekoak zirela konturatuta[57][58]. Krnitxeva eta Mihailov SSk ebakuatu zituen Austriara. Egun horiek izan ziren erbeste-aldia hasi zuenetik Krnitxevak berriz Mazedoniaran eman zituen egun apurrak[1][59].

II Mundu Gudaren ostean aldatu

II Mundu Guda bukatuta, Vida Boevaren arabera, Krnitxeva Erroman hasi zen bizitzen, Mihailovekin batera Italiarako muga pasa ostean[1]. Hala ere, Stefan Tröbsten arabera 1945etik 1948 arte Espainia frankistan ere bizi izan ziren[31]. Erroman, Krnitxeva eta Mihailovekin batera, Vida Boeva idazkaria eta Anton Popov eta Asen Avramov laguntzaileak bizi ziren[1]. Mentxa Krnitxevak “Maria” ezizena eta hungariar ustezko nortasuna zerabilen Erroman. Bertan, Mihailov eta bera mazedoniar diaspora nazionalistak ordaintzen zuen diruaz bizi ziren, euren idazkari Vida Boevak kontatzen zuenaren arabera[1]; hala ere, Stefan Tröbsten arabera, Angelo Roncalli gotzaiaren –eta gero Joan XXIII Aita Santua- babesa izan zuten (Roncalli Bulgarian eta Turkian nuntzioa izandakoa zen)[31]. Boevaren arabera Krnitxevak giltzurrunetatik sufritzen zuen eta Alemania eta Austriara ere joan behar izan zen sendatzera. Boevaren arabera abortu bi ere izan zituen “erbesteko bizitza ilegalean umeak arazo bat izan zitezkeelako”. 1964an hil zen, antza denez, erbestean bere bulgariar nortasuna mantendu zuen[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i j k l m (Ingelesez) BOEVA, Vida. (2005). «“The West was backing Vancho Mihailov" (elkarrizketa)» Focus (531. zkia.).
  2. (Bulgarieraz) MIHAILOV, Ivan. (1967). Спомени (Oroitzapenak). (3. lib.: Освободителна борба 1924 – 1934 –Askapen borroka, 1924-1934-), 175 or..
  3. a b c d e f (Bulgarieraz) “Менча Кърничева” (“Mentxa Krnitxeva”). .
  4. a b c d e f g (Bulgarieraz) KRNITXEVA, Mentxa. (1926-I-29). «„Защо убих Тодор Паница?” (“Zergatik hil nuen Todor Panitsa?”)» Независима Македония (Mazedonia independentea).
  5. (Mazedonieraz) TODOROVSKI, Zoran. (2005). «“Разговор со приредувачот на Зборникот документи за Тодор Александров, д-р Зоран Тодоровски” (Zoran Todorovski doktorearekin, Todor Aleksandroven dokumentuen antolatzailearekin elkarrizketa)» tribune.eu.
  6. (Bulgarieraz) GERDZHIKOV, Mikhail. (1984). Спомени, документи, материали (Oroitzapenak, dokumentuak, materialak). Sofia: „Наука и изкуство“ (Zientzia eta artea) argitaletxea., 410 or..
  7. (Bulgarieraz) AZMANOV, Dimitar. (1995). Моята епоха 1878-1919 (Nire garaia, 1878-1919). Sofia, 176 or..
  8. a b (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1984). The National Question in Yugoslavia. New York: Cornell University Press, 324 or..
  9. a b (Ingelesez) ROUDOMETOF, Victor. (2002). Collective memory, national identity and ethnic conflict. Greece, Bulgaria and the Macedonian Question. AEB: Greenwood, 100 or..
  10. a b (Ingelesez) LIVANIOS, Dimitris. (2008). The Macedonian Question. Britain and the Southern Balkans, 1939-1949. Oxford: Oxford University, 27 or..
  11. Txavdar Marinov eta Alexander Vezenkoven arabera, “Balkanetako Federazio Komunista, eta honen barneko Mazedoniako Errepublika Sozialista” defendatzen zituen leloak Bulgariako Alderdi Komunistak defendatu zituen I Mundu Guda bukatu eta hurrengo urteetan. MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 504-507. orr.
  12. a b (Bulgarieraz) Македония – история и политическа съдба (Mazedonia, historia eta patu politikoa). 2 Sofia: Znanie, 108 or..
  13. (Bulgarieraz) NIKOLOV, Boris (Николов, Борис Й.). (2001). Вътрешна македоно-одринска революционна организация. Войводи и ръководители (1893-1934). Биографично-библиографски справочник (Mazedonia-Adrianopolis Barneko Erakunde Iraultzailea. Buruak eta zuzendariak (1893-1934) Liburu biografiko-bibliografiko erreferentziazkoa).. Sofia.
  14. a b (Ingelesez) ROUDOMETOF, Victor. (2002). Collective memory, national identity and ethnic conflict. Greece, Bulgaria and the Macedonian Question. AEB: Greenwood, 99 or..
  15. “Zalantzarik ez dago Versailleseko Ordena hankaz gora bota nahi zuten Europa talde nazional-iraultzaile guztietan efektiboena VMRO zela (…) VMROk Bulgariako Hego-mendebaldean, Petritx barrutian, Estatuaren barneko Estatu bat sortu zuen, Sofiako Gobernuaren baimenarekin (…) Bertan bere zerga- polizi- eta lege-sistema propioa zuen, prentsa inprimatu independentea eta banketxe propioak. Diplomazia aparatu propioa bat zuen, Turkiarekin eta Hungariarekin, Italiarekin eta SESBekin kooperatzen zuena, denekin Weimarko Errepublikarekin izan ezik. Politikari, intelektual, enpresari eta kazetari asko erakunde honen aldekoak ziren”. TRÖBST, Stefan: “Ванче Михайлов - терористът бюрократ” (“Vantxo Mihailov: terrorista burokrata”) in Kultura, 4 zkia., 2010. http://newspaper.kultura.bg/bg/article/view/16572
  16. (Ingelesez) MIHAILOV, Ivan. (1990). «“The conspirator rediscovered” (Antonio Pitamitzen elkarrizketa)» Storia Illustrata.
  17. Dimitris Livaniosen arabera, VMROren egunkaria Bulgariar Guda-Ministeritzaren inprimategietan inprimatzen zen. LIVANIOS, Dimitris: The Macedonian Question. Britain and the Southern Balkans, 1939-1949. Oxford University. Oxford, 2008, 27-28. or.
  18. (Bulgarieraz) XANDANOV, Petar. (2010). Богатство ми е свободата (Nire aberastasuna askatasuna da). Sofia: IK Gutenberg, 233 or..
  19. NIKOLOV, Boris. (1999). ВМОРО – псевдоними и шифри 1893-1934 (VMORO: ezizenak eta kodeak, 1893-1934). Zvezdi, 51 or..
  20. (Bulgarieraz) DOBRINOV, Detxo. (1992). Последният цар на планините. Биографичен очерк за Тодор Александров 1881 – 1924 (Mendietako azken erregea. Todor Aleksandrovi buruzko saiakera biografikoa 1881-1924). Sofia: Македония (Mazedonia) argitaletxea, 101-102 or..
  21. (Errusieraz) DIENKO, Anatoli. (2002). Разведка и контрразведка в лицах (Inteligentzia eta kontrainteligentzia pertsonengan).. Russkii Mir argitaletxea, 375 or..
  22. (Bulgarieraz) Македония – история и политическа съдба (Mazedonia, historia eta patu politikoa). 2 Sofia: Znanie, 127 or..
  23. Livaniosen arabera, “negoziaketak 1923an hasi ziren Moskun eta antza denez, iniziatiba VMROk izan zuen”. Manifestua Vienan sinatu zen. Livaniosen ustez, VMROren negoziatzailea Dimitar Vlahov (gerora Bulgariako zein Jugoslaviako Alderdi Komunistako kide izan zena) izan zen. Livaniosen arabera, VMRO komunistengana gerturatzeko arrazoiak, Tsankoven Gobernuak Nišeko Itunetik ez erretiratzea (eta VMROren aurkako atxiloketa batzuk agintzea) eta Italiak Jugoslaviarekin Ituna sinatzea, zeinak VMROri italiar babesa kendu zion, izan ziren. LIVANIOS, Dimitris: The Macedonian Question. Britain and the Southern Balkans, 1939-1949. Oxford University. Oxford, 2008, 38. or. Paul Shoupen arabera, 1922an hasi ziren negoziazioak, eta Vlahov negoziazioen parte ezartzen badu ere, Alderdi Komunistaren aldetik ezartzen du, ez VMROren negoziatzaile gisa. SHOUP, Paul: Communism and the Yugoslav National Question. Columbia University Press. New York/Londres, 1968, 32. or.
  24. (Ingelesez) LIVANIOS, Dimitris. (2008). The Macedonian Question. Britain and the Southern Balkans, 1939-1949. Oxford: Oxford University, 38 or..
  25. Txavdar Marinoven arabera, guda-arteko garaiko ezkertiarren “mazedonismoa” erlatibizatu beharra zegoen, izan ere halako adierazpen mazedonisten ondoan askotan bulgariar auto-adierazpenak aurkitzen baitziren. Hala ere, Marinovek guda-arteko garai hau hartzen du mazedoniar nazionalismoaren hastapen gisa. MARINOV, Txavdar: “Famous Macedonia, the Land of Alexander: Macedonian identity at the crossroads of Greek, Bulgarian and Serbian nationalism” in DASKALOV, Roumen eta MARINOV, Tchavdar: Entangled histories of the Balkans. Volume One: National Ideologies and Language Policies (279-330. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2013, 307-308. orr. Marinoven arabera “mazedonismo etniko-nazionala” –hau da, mazedoniar hizkuntzari, kulturari eta abarri lotutako mazedoniar nazionalismoa, ez soilik geografiari lotutakoa- 30eko bigarren hamarkadan hasi zen. (310-312. orr.).
  26. Autore mazedonista batzuen arabera, Maiatzeko Manifestuak “argi jarri zuen mazedoniar herria Balkanetako herri bereizi bezala”. KATARDZHIEV, Ivan: По врвците на македонската историја (Mazedoniar historiaren mugarrien inguruan). Kultura. Skopje, 1986. Hala ere, Txavdar Marinov eta Alexander Vezenkovek beste ikuskera bat ezartzen dute, euren ustez, “Mazedoniar nazioaren aldeko politika komunista serbiar-jugoslaviar asimilazionismoaren aurka bazihoan ere, epe laburrera, bulgariar nazionalismoaren maniobrak erraztu zituen”. Bi ikerlari hauen arabera, are I Mundu Gudan zehar “bulgariar komunistak izan ziren Mazedonia independentearen leloa zabaldu zutenak”, jugoslaviar komunistak mazedoniarren borroka “jugoslaviar herri guztiekin bateratzearen” aldeko zirelarik. MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 485., 496. eta 535-536. orr.
  27. Paul Shoupen arabera, Maiatzeko Manifestuak “nahiz eta balkaniar Estatu guztien Mazedoniarekiko politika eraso, Bulgariari Jugoslaviari edo Greziari baino erru arinagoa leporatu zion”. SHOUP, Paul: Communism and the Yugoslav National Question. Columbia University Press. New York/Londres, 1968, 32. or.
  28. (Bulgarieraz) TSANEV, Stefan. (2006). Български хроники: 1878–1943 (Bulgariar kronikak, 1878-1943). 3 Trud argitaletxea, 433 or. ISBN 954-528-861-2..
  29. Vida Boevaren arabera, Aleko Vasilievek gain, Aleksandr Protogerov eta Georgi Atanasovek ere prestatu zuten hilketa hori. BOEVA, Vida: “The West was backing Vancho Mihailov” (elkarrizketa) in Focus, 531. zkia., 2005 http://www.makedonskatribuna.com/VIDA_BOEVA_BROJ_26.htm
  30. Mihailov berak ere Protogerov ezartzen du hilketaren erantzule gisa. MIHAILOV, Ivan: “I am a Bulgarian from Macedonia” (Boris Vixinskiren elkarrizketa). Demokratsia egunkaria, Sofia, 2001-I-8 [1989] https://web.archive.org/web/20111006202334/http://www.macedoniainfo.com/Independent_Macedonia.htm
  31. a b c d (Bulgarieraz) TRÖBST, Stefan. (2010). «“Ванче Михайлов - терористът бюрократ” (“Vantxo Mihailov: terrorista burokrata”)» Kultura 4.
  32. (Bulgarieraz) RAPAPORT, Alfred. В СТРАНАТА НА МЪЧЕНИЦИТЕ. Спомени на генералния консул на Австро-Унгария в Македония (1904-1909) (Martirien herrialdean. Mazedonian Austria-Hungariaren kontsul (1904-1909) izandakoaren oroitzapenak).. .
  33. Boevak dioenez, Safarov eta Garvanov Jane Sandanski ezkertiarrak aginduta hil zituen Panitsak. BOEVA, Vida: “The West was backing Vancho Mihailov” (elkarrizketa) in Focus, 531. zkia., 2005 http://www.makedonskatribuna.com/VIDA_BOEVA_BROJ_26.htm
  34. (Bulgarieraz) «“Биография на Петър Станчев от сайта на ВМРО” (“Petar Stantxeven biografia VMROren webgunean”)» VMRO-BND alderdiaren webgunea.
  35. (Bulgarieraz) MARMEV, Petar. (1925). «"Македонската Шарлота Корде и края на един кръволок; Убийството на ренегата Паница във Виена. Отмъщението на Македония се забавя, но не се забравя" (“Mazedoniako Charlotte Corday eta odol-uste baten bukatzea; Vienan Todor Panitsa arnegaria hiltzea. Mazedoniaren mendekua atzeratu daiteke baina ez ahaztu”)» Независима Македония (Mazedonia Independentea) (Sofia) 169.
  36. (Bulgarieraz) MARKOV, Georgi. (2003). Покушения, насилие и политика в България 1878-1947 (Hilketak, bortizkera eta politika Bulgarian, 1878-1847. Sofia: Bulgariako Argitaletxe Militarra, 207-211 or. ISBN 954-509-239-4..
  37. Stefan Tröbsten arabera, Mihailoven pean, VMROk bere kideen edo beste fakzio batzuetako kideen aurkako heriotz-ekitnza gehiago egin zituen jugoslaviar ofizialen kontra baino. “Nire lagunak ere hiltzeko agindu behar izan dut” esan zuen behin Mihailovek. VMROk jende asko hil zuela ere onartu zuen “beste estatuek bezala jokatzen zuen VMROk (…) baina ez zuen espetxerik erakundearen kontrako delitugileak preso mantentzeko” TRÖBST, Stefan: “Ванче Михайлов - терористът бюрократ” (“Vantxo Mihailov: terrorista burokrata”) in Kultura, 4 zkia., 2010. http://newspaper.kultura.bg/bg/article/view/16572
  38. Erakunde honen buru VMROko militante ohi, Bulgariako eta Balkanetako mugimendu sozialistetan ibilibide luzedun eta Maiatzeko Manifestuaren sinatzaile Dimitar Vlahov izan zen. SHOUP, Paul: Communism and the Yugoslav National Question. Columbia University Press. New York/Londres, 1968, 33. or.
  39. ROSSOS, Andrew: “Macedonism and Macedonian Nationalism on the Left” in BANAC, Ivo eta VERDERY, Katherine: National Character and National Ideology in interwar Eastern Europe (219-254. orr.). Central European University. Budapest-New York, 1995, 238-241. orr.
  40. Ideia hau Ivan Katardzhiev historiagile mazedonistak ere onartu behar izan du. “Dimitar Vlahov, Pavel Xatev, Panko Braxnarov, Rizo Rizov eta abarrek euren buruak bulgariartzat zituzten”. KATARDZHIEV, Ivan: "Верувам во националниот имунитет на македонецот" (“Mazedoniar nazioaren izanean sinisten dut”), Форум (Forum) aldizkaria, 37. zkia., 2003.
  41. Marinov eta Vezenkoven arabera, “Mazedonia mazedoniarrentzat” eta “Estatu mazedoniarra” formula politiko edo programatiko moduan ulertzeak, ez zuen esan nahi VMRO (ob.)-k nazionalki automatikoki mazedoniarrak “aparteko nazio” bezala hartzen zituenik. 20eko hamarkada osoan VMRO (ob.)-ren ikuskerak oso nahasiak ziren mazedoniarren izaera deskribatzerakoan, batzutan “nazio” bezala jotzen zuten, eta beste batzutan “Mazedoniako bulgariarrez” mintzo ziren. “Mazedoniarrak batzuetan “herri”, besteetan “populazio” eta beste batzuetan “nazio” moduan deskribatzen zituzten (…) Mazedoniar guztiei dei egiten zietenean “beren etniaz eta erlijioaz aparte” esaten zuten, eta horrela mazedoniar etnia edo nazio aparteko bat bazen ala ez ebazteko beharra saihesten zuten”. Ikuspuntu etno-nazionaletik, aparteko mazedoniar nazioa (eta mazedoniera aparteko hizkuntza gisa) 1934an onartu zuten ofizialki VMRO (ob.)-k zein Internazional Komunistak. MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 509-516. orr. Shoupek bat egiten du iritzi honekin “aparteko mazedoniar-eslaviar nazionalitatea (bigarren mundu) guda aurretik ez zen sobera zabaldu”. SHOUP, Paul: Communism and the Yugoslav National Question. Columbia University Press. New York/Londres, 1968, 91. or.
  42. Marinoven arabera, VMRO (ob.) Bulgariako Alderdi Komunistak kontrolatzen zuen, eta berez, haren mazedonismoa honek ere bultzatu zuen. MARINOV, Txavdar: “Famous Macedonia, the Land of Alexander: Macedonian identity at the crossroads of Greek, Bulgarian and Serbian nationalism” in DASKALOV, Roumen eta MARINOV, Tchavdar: Entangled histories of the Balkans. Volume One: National Ideologies and Language Policies (279-330. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2013, 299-304. orr.
  43. (Ingelesez) LIVANIOS, Dimitris. (2008). The Macedonian Question. Britain and the Southern Balkans, 1939-1949. Oxford: Oford University, 28 eta 39 or..
  44. MAXWELL, Alexander: “Slavic Macedonian Nationalism: From “Regional” to “Ethnic” in BRUNNBAUER, Ulf eta ROTH, Klaus: Region, Regional identity and regionalism in Southeastern Europe (127-154 orr.), 1 lib., Lit Verlag. Berlin, 2008, 141-142. orr.
  45. 1925ko abenduan, VMRO (ob.) sortu aurretik, VMRO eskuindarrak Panitsaren jarraitzaile Dimo Hadzhidimov hil zuen. VMRO (ob.) sortu ostean Petar Txaulev (Maiatzeko Manifestuaren sinatzaile bat) eta Aleko Vasiliev (Aleksandrov hiltzearen susmagarri bat) hil zituen VMROk. Shoupen arabera, “Maiatzeko Manifestuaren sinaturan inplikatutako ia denak gutxira hilik agertu ziren; Dimitar Vlahov izan zen salbuespenetako bat”. SHOUP, Paul: Communism and the Yugoslav National Question. Columbia University Press. New York/Londres, 1968, 33. or.
  46. Stefan Tröbsten arabera, ezkontzaren atzean Mihailoven anbizioak zeuden: “Mihailovek ez zuen gerrila-esperientziarik, sekula Mazedonia barnean egon gabe eta hango borroketan fisikoki parte hartu gabe zegoen. honek kalte egiten zion bere irudiari heroismoaren kultuari emana zegoen erakunde-mota batean barruan, eta akats hau VMROko terrorista ospetsu batekin ezkonduz konpondu nahi zuen”. TRÖBST, Stefan: “Ванче Михайлов - терористът бюрократ” (“Vantxo Mihailov: terrorista burokrata”) in Kultura, 4 zkia., 2010. http://newspaper.kultura.bg/bg/article/view/16572
  47. Tröbsten arabera, Bulgariako Estatu-kolpea eman zutenek Mihailovek egin zuen aldaketa politikoarekiko mesfidantza zuten: “1929an Mihailovek helburua aldatu zuen: VMROk Bulgariarekin bat egitea baino, Mazedoniaren hiru parteak –Egeo, Vardar eta Pirin- Estatu independente batean batzea, Balkanetan bigarren Estatu bulgariar bat sortzeko. Estatu hori “mazedono-bulgariarra” izango zatekeen, bulgariarra hizkuntza eta etnokultura arloan eta mazedoniarra lurralde arloan. Noski, horrek zenbait pertsona haserrerazi zituen”. TRÖBST, Stefan: “Ванче Михайлов - терористът бюрократ” (“Vantxo Mihailov: terrorista burokrata”) in Kultura, 4 zkia., 2010. http://newspaper.kultura.bg/bg/article/view/16572 Victor Roudometofek esan zuen 1928an gertatu zela aldaketa hori, “1928an, guda aurreko VMROren ideietara bueltatu zen Mihailov, Mazedoniaren muga osoetan Estatu bat eraikitzearen aldeko izanez”. ROUDOMETOF, Victor: Collective memory, national identity and ethnic conflict. Greece, Bulgaria and the Macedonian Question. Greenwood. AEB, 2002, 99. or. Ivan Mihailovek ere azaldu zuen bere ametsa “Mazedonia Balkanetako Suitza” bihurtzea zela –bulgariarrak etnia nagusi moduan- baina bere arabera hori ez zen mazedoniar mugimenduaren lelo ofiziala. MIHAILOV, Ivan: “I am a Bulgarian from Macedonia” (Boris Vixinskiren elkarrizketa). Demokratsia egunkaria, Sofia, 2001-I-8 [1989] https://web.archive.org/web/20111006202334/http://www.macedoniainfo.com/Independent_Macedonia.htm 1990ko elkarrizketa batean Mihailovek errepikatzen du “bi konponbideak, Mazedonia Bulgariarekin batzea, edo Suitza moduko Estatu independente bat” onargarriak direla, baina mazedoniarrak bulgariarrak direla aitortuz, beti ere. MIHAILOV, Ivan: “The conspirator rediscovered” (Antonio Pitamitzen elkarrizketa) in Storia Illustrata, 1990. https://web.archive.org/web/20060220121826/http://www.jasenovac.info/cd/biblioteka/pavelicpapers/pavelic/ap0038.html Vida Boevak ere esan zuen “Mihailovek zioen Mazedonia Bulgariarekin bat egiterik ez bazegoen, Mazedonia independente izan zedila, baina betiere bulgariar naziokoak izanez". BOEVA, Vida: “The West was backing Vancho Mihailov” (elkarrizketa) in Focus, 531. zkia., 2005 http://www.makedonskatribuna.com/VIDA_BOEVA_BROJ_26.htm
  48. “Poloniako Sofiako kontsula, Adam Tarnowski, Mazedonian Austria-Hungariaren kontsula izandakoa zen, eta aurretik VMROrekin harremana izan zuen (…) Halere, Belgraden izan ziren protesta biolentoen ostean, Vartsoviako Gobernua baimena bertan behera uztear izan zen (…) azkenean hegazkinez ordez, ontziz, Europari itzulia emanez heldu ziren (Krnitxeva eta Mihailov) Gydniara”. TRÖBST, Stefan: “Ванче Михайлов - терористът бюрократ” (“Vantxo Mihailov: terrorista burokrata”) in Kultura, 4 zkia., 2010. http://newspaper.kultura.bg/bg/article/view/16572
  49. Tröbsten arabera Britainia Handiak, Suitzak, Errumaniak eta Italiak (“VMROren aliatu ohiak”) ere uko egin zioten Krnitxeva eta Mihailov onartzeari. TRÖBST, Stefan: “Ванче Михайлов - терористът бюрократ” (“Vantxo Mihailov: terrorista burokrata”) in Kultura, 4 zkia., 2010. http://newspaper.kultura.bg/bg/article/view/16572
  50. (Bulgarieraz) MARKOV, Georgi. (2003). Покушения, насилие и политика в България 1878-1947 (Hilketak, bortizkeria eta politika Bulgarian, 1878-1847). Sofia: Bulgariako Argitaletxe Militarra, 253-254 or. ISBN 954-509-239-4..
  51. Hau dio Mihailovek: “guk bagenekien bulgariar armada ez zela okupaziozko armada bat”. Ivan Mihailoven arabera, “mazedoniarrek” –hau da, bere erakundearen aldekoek, ziurrenik- “ondo hartu zuten Bulgariaren okupazioa, bulgariarrak baitziren”. MIHAILOV, Ivan: “I am a Bulgarian from Macedonia” (Boris Vixinskiren elkarrizketa). Demokratsia egunkaria, Sofia, 2001-I-8 [1989] https://web.archive.org/web/20111006202334/http://www.macedoniainfo.com/Independent_Macedonia.htm Victor Roudometofen arabera ere, “skopiar gehienek hasieran ospatu egin zuten bulgariar armadaren etorrera”. ROUDOMETOF, Victor: Collective memory, national identity and ethnic conflict. Greece, Bulgaria and the Macedonian Question. Greenwood. AEB, 2002, 103. or.
  52. Boevaren arabera, “eskatu zioten itzultzeko, baina ez zen itzuli”. Boevak ere badio Mazedoniaren anexioa ondo ikusi zuela Mihailovek. BOEVA, Vida: “The West was backing Vancho Mihailov” (elkarrizketa) in Focus, 531. zkia., 2005 http://www.makedonskatribuna.com/VIDA_BOEVA_BROJ_26.htm
  53. Tröbsten arabera, Mihailovek Budapestetik “Mazedonia independentea” sortzea proposatu zion Alemaniari, baina antza denez ez zuen arrakastarik izan, “1941an, Bulgariak Mazedonia okupatu zuenean VMROren Mazedoniako zale askok “ama Bulgariarekin batzea” ondo ikusi baitzuen”. Tröbsten arabera, Boris III erregeak Mihailoven kontrako heriotza sententzia baliogabetu zuen eta honi Mazedonian bulgariar kargu bat eskaini zion, baina Mihailovek uko egin zion. Tröbsten arabera, eskaintza hau Borisek Mihailoven “Mazedonia independenteari” zion beldurragatik izan zitekeen. TRÖBST, Stefan: “Ванче Михайлов - терористът бюрократ” (“Vantxo Mihailov: terrorista burokrata”) in Kultura, 4 zkia., 2010. http://newspaper.kultura.bg/bg/article/view/16572
  54. 1943an, antza denez, Hitlerrek “Vodendik Elbasanera, Bulgaria barnean, Mazedonia autonomo bat sortu behar da”, esan zuen, eta Boris III ados zegoen. Bulgariarako kroaziar enbaxadore Vladimir Zidovecek kontaktu horiek onartzen ditu, eta Italiak guda galdu ostean horretarako aukera ikusi zuten. Zidovecen arabera, Boris III hiltzeak ekarri zuen proposamen hori bertan behera geratzea. JANKOV, Janko: Кутията на Пандора (Една калейдоскопична визия върху тероризма) (Pandoraren kutsa (Terrorismoaren gaineko ikuspegi kaleidoskopiko bat)). Janus, Sofia, 2007, 485-497. orr.
  55. Tröbsten arabera, Mihailovek Pavelići Bosnian partisanoen kontra borrokatzeko VMROko kideak errekrutatzea eskaini zion. TRÖBST, Stefan: “Ванче Михайлов - терористът бюрократ” (“Vantxo Mihailov: terrorista burokrata”) in Kultura, 4 zkia., 2010. http://newspaper.kultura.bg/bg/article/view/16572
  56. Ivanka Nedeva eta Naum Kaitxeven arabera, Alemaniak “1941tik aurrera Mihailov “mauka-azpiko karta” bezala izan zuen”, Bulgarian egoera politikoa aldatzen bazen-edo. NEDEVA, Ivanka eta KAYTCHEV, Naoum: “IMRO groupings in Bulgaria after Second World War” in PETTIFER, James (ed.): The New Macedonian Question (167-183. orr.). MacMillan. Britainia Handia, 1999, 169. or.
  57. Tröbsten arabera, irailaren 3an Mihailov Sofiara heldu zen, eta irailaren 5ean Skopjera –Bulgaria gudan aldez aldatzen ari zelarik-. 5etik 6ra VMROko militante ohiekin eta are partisanoekin elkarrizketa izan zituen “Mazedoniaren independentziaren” inguruan, baina babesik ezean, ezezkoa eman zuen. Tröbsten arabera “Mazedonia independente” hori, alemaniarrek, Greziatik tropak modu seguruan ebakuatzeko sortu nahi zuten. 6an alemaniarrak bulgariar tropak erretiratu ez zitezen saiatu ziren, baina alferrik. 8an sobietarrak eta bulgariarrak (orain antifaxista gisa) berriz sartu ziren Mazedonian, eta 12an Skopje askatu zuten. TRÖBST, Stefan: “Ванче Михайлов - терористът бюрократ” (“Vantxo Mihailov: terrorista burokrata”) in Kultura, 4 zkia., 2010. http://newspaper.kultura.bg/bg/article/view/16572
  58. Vida Boevaren arabera, ezetz esateko arrazoi bat naziek judutarrei emandako tratua izan zen: “Mihailovek ezin zien alemaniarrek judutarrei egindakoa barkatu, beti gure antolakuntzaren parte judutarrak izan baitziren”. Hala ere, ematen duenez hori Mihailoven jarrera zuritzeko adierazpen bat da. Boevak ere baieztatu zuen Alemaniak Mazedonia independente bat bere tropak Greziatik atera ahal izateko “korridore-Estatu” bezala nahi zuela. BOEVA, Vida: “The West was backing Vancho Mihailov” (elkarrizketa) in Focus, 531. zkia., 2005 http://www.makedonskatribuna.com/VIDA_BOEVA_BROJ_26.htm
  59. (Ingelesez) MIHAILOV, Ivan. (2001-I-8 [1989]). «“I am a Bulgarian from Macedonia” (Boris Vixinskiren elkarrizketa)» Demokratsia egunkaria (Sofia).

Kanpo estekak aldatu