Giltzurruna sabelaldearen atzeko alderdian dauden eta gernua isurtzen duten babarrun itxurako bi organoetako bakoitza da, bakoitzak 10 cm neurtzen ditu. Diafragmaren azpian eta peritoneoaren atzean daude. Animalia ornodunetan, eta zenbait ornogabetan, gorputzaren uraren orekari eusten dion organoa da eta metabolismoaren hondakinak kanporatzen dituena. Enbrioien giltzurrunak eta behe mailako animalienak Wolffen hodietaraino iristen diren bi hodi sail dira. Goi mailako abereen giltzurrunak (metanephros), narrasti heldu, hegazti eta ugaztunenak, bi organoz osatuak daude, eta odoleko gernua iragaztea dute eginkizun, ura eta elikadura gaiak xurgatzea, hondakinak isurtzea, eta, azkenik, gernua kanporatzea.

Giltzurrun
Xehetasunak
Honen parteGernu-aparatua
Sistema endokrinoa
KonponenteakNefrona
Identifikadoreak
Latinezren
MeSHA05.810.453
TAA08.1.01.001
FMA7203
Terminologia anatomikoa

Ugaztunen giltzurrunak bi zati ditu: kanpoko azala, konkorduna, glomeruluez eta odol hodi bihurrituez osatua, eta barruko zati leuna, hodi biltzaileak eta giltzurruneko piramideak dituena (10 edo 15). Giltzurrunaren unitate funtzionala nefrona da.

Ornodunen giltzurrunak

aldatu

Giltzurrunak ornodunen iraitz organo nagusiak dira. Hiru eratako giltzurrunak bereizten dira: pronefros, mesonefros eta metanefros, beren egituraren arabera eta zirkulazio sistemarekin eta zelomarekin duten harremanaren arabera. Ornodunen enbrioiek, arrainek eta anfibio helduek segmentukako giltzurrunak dituzte (pronefros eta mesonefros). Ez ordea narrastiek, hegaztiek eta ugaztunek.

  • Pronefrosa, enbrioietan agertu ohi dena, tubulu batez osatua dago, eta tubulu horretara nefrostoma batzuk iristen dira, odol kapilar sail batez inguratuak (glomerulua). Hartan zehar irazten diren gaiak glomeruluen eta nefrostomen arteko zelomatik datoz.
  • Arrainen eta anfibioen mesonefrosak giltzurrun tubuluaren muturrak inguratzen duen glomeruluan Bowmanen kapsula bat du, eta iraizketa zuzenean gertatzen da. Nefrostoma atrofiatuta dago.
  • Narrasti, hegazti eta ugaztunen metanefrosa, pronefrosaren eta mesonefrosaren aldean, laburragoa da. Ugaztunena biribildua eta gainerakoena baino konplexuagoa da. Ez dute nefrostomarik. Giltzurrun tubuluak hodi biltzaileetan amaitzen dira eta hauek ureterrean. Ez dago segmentutan banatua, eta iraizketa banakoak –nefronak– pilatuta daude, gizakiaren giltzurrinaren tankerako egitura eratzen dutela.

Giltzurrun mota guztiek dute hodi biltzaile arrunt edo ureter bat, hondakin gaiak kanpora egozteko. Hegazti, anfibio eta narrastietan ureterrak kloakan amaitzen dira eta ugaztunetan gernu maskurian. Maskuriak uretraren bidez igortzen du bere edukina kanpora. Gernua isurkaria da beti, salbu eta hegazti eta narrastietan, horietan erdigotorra baita.

Giza giltzurruna

aldatu

Giltzurrunak egitura pareak dira, babarrun tankerakoak. 10 bat zentimetro luze izaten dira, 150 gramoko pisua izaten dute (giza gorputzaren %0,5), eta abdomen barrunbean daude kokatuta, diafragmaren azpian, aortaren alde banatan. T12tik C3raino hedatzen dira. Ezkerreko giltzurruna beti dago gorago eskuinekoa baino eta beheko muturrak goikoak baino lateralagoak dira, ardatz nagusia laprana delako. Aurreko aurpegiak aurre-albokoak dira eta atzekoak berriz atze-albokoak, beraz pixka bat biratuta daude ardatz lapranaren inguruan. Gernuaz gain, hormona batzuk ekoizten dituzte:

 
Gorputz-enborreko organuak. Giltzurrunak T12 eta C3 artean daude.
  • Errenina: odol presioa erregulatzeko
  • Eritropoietina
  • 1,25 hidroxikolekaltziferola: Kaltzioaren metabolismoan parte hartzen du.

Anatomia

aldatu

Erlazioak

aldatu
  • Aurreko erlazioak: peritoneo atzeko organoak direnez, giltzurrunen aurreko aurpegia peritoneo parietalaren atzeko atalarekin erlazionatuta dago. Eskuinekoa eta ezkerrekoa ezberdinak dira:
    • Eskuineko giltzurrunaren aurreko aurpegiaren erlazioak:
    • Ezkerreko giltzurrunaren aurreko aurpegiaren erlazioak:
      • Goitik: urdaila eta barearekin
      • Behetik: heste meharrarekin eta kolonaren ezkerreko angeluarekin (angelu esplenikoa)
      • Erdialdetik: pankrea-isatsarekin.

Peritoneo biszerala, mesoen bidez, peritoneo parietalarekin lotzen da .

  • Atzeko erlazioak: ezberdinak dira eskuinean eta ezkerrean:
    • Goitik: diafragmarekin.
    • Behetik: erdialdetik albora:
      • Psoas muskulu handia.
      • Muskulu karratu lunbarra (batez ere).
      • Abdomenaren muskulu zeharra.

Egitura

aldatu

Giltzurrunak bi gune ditu, mikroskopioaren laguntzarik gabe bereizgarriak: kanpoaldea edo giltzurrun-azala, eta barnealdea edo muina. Gune hauek ez dute lodiera bera gainerako ugaztun motetan; habitataren idortasuna (ur baliabideak) edo muinaren bilakaera zenbatekoa den, halakoak izango dira giltzurrun-azala eta muina. Giltzurrun azala geruza bikortsua da, gorri arrea, eta ertz ganbilaren azpian dago. Bertan bi ataltxo bereizten dira: arku kortikala, piramidearen oinaldean eta giltzurrunen gainazalaren artean kokatzen dena, eta Bertinen zutabeak. Muina, berriz, argiagoa da, eta ildoduna. Bertan oinaldea (giltzurrunen gainazalera zuzendua) eta erpina (sinuaren kaliza txikietan bukatzen dena) bereizten dira. Bi gune hauek zerikusia dute giltzurrunean nefronek duten kokaerarekin.

 
Giltzurrun-muinaren mikroskopio bidezko argazkia

Giltzurrunaren goiko eta beheko muturrak ganbilak dira, eta bi aurpegiak ere bai. 2 ertz bereizten dira:

  • Alboko ertza (ganbila)
  • Ertz mediala (ganbila)

Ertz hauen arteko zatia ahurra da, giltzurrun-hiloa izenekoa. Bertan egitura hauek kokatzen dira:

Hiloa giltzurrunen hutsunearen sarrera da: giltzurrunen sinua. Sinu honetan sistema biltzaileko egitura batzuk kokatzen dira:

  • Kaliza txikiak: bertan bukatzen dira giltzurruneko muineko piramideak (2-3 bukatzen dira normalean).
  • Kaliza handiak: 2-3 kaliza txiki batzean.
  • Giltzurrun-pelbisa: kaliza handiak batuz sortzen dena.

Nefronak

aldatu

Nefrona da giltzurrunaren iraizketa banakoa. Giza giltzurrun bakoitzak milioi bat nefrona baino gehiago ditu. 50-55 mm izaten dira luze, eta mikroskopioz ikus daitezke. Nefronen osagaiak giltzurrun korpuskulua eta giltzurrun tubulua dira.

  • Giltzurrun korpuskuluaren osagaiak hauek dira:
    • Glomerulua: Bowmanen kapsulak inguratzen duen odol kapilarren esfera itxurako bildukin bat.
    • Bowmanen kapsula: podozito izeneko epitelio zelula berezituez estalia. Podozitoek irtenune luze batzuk dituzte gainaldean, glomeruluetako kapilar gehienen gainaldea hartzen dutenak. Kapilar hauek arteriola aferenteetan jaiotzen dira eta arteriola eferentearen bidez husten dira (aferentearena baino diametro txikiagoa dute hauek). Arteriolak lobulutxo arteko arteriaren adarrak dira, eta arteria hori giltzurrun arteriatik sortua da. Lobulutxo arteko arteria esaten zaio giltzurrunaren egituran lobulu txikiak bereizten direlako. Organo jakin baten atalak izendatzeko erabiltzen den genero izena da lobulutxoa, eta kasu honetan nefrona guztiek hodi biltzaile bera drenatzen duten egituraren atala litzateke. Banako hauek giltzurrunaren luzetarako ebakidura batean bereiz daiteke, erdialdea muin izpiez osatua dutelako, hau da muinetik atera eta azalean txertatzen diren proiekzio erradialez, hodi biltzaileez osatua.
  • Giltzurrun tubuluan hiru gune bereizten dira:
    • Glomerulu alboko gunea edo tubulu bihurgunetsu proximala
    • Henleren lakioa, goranzko parte bat eta beheranzko beste bat duena. Goranzko gunea glomeruluaren erroa ukitzeraino okertzen da glomeruluaren inguruan, arteriola aferentearen sarreraren eta arteriola eferentearen irteeraren tarteko gune batean. Gune horretan hodiaren paretak nukleo asko ditu eta makula trinko izeneko orban lodi bat eratzen du. Arteriola eferentea nefronaren gune proximalak eta distalak inguratzen dituzten eta giltzurrun-zainean amaitzen diren kapilar peritubularretan banatuta dago.
    • Tubulu bihurgunetsu distala. Hodi biltzaile primario bati lotuta dago, eta hau aldi berean, gero eta hodi biltzaile handiagoekin lotuta.

Sistema biltzailea

aldatu

Lehenengo egiturak hodi biltzaileak dira. Hauek giltzurrunaren azalean kokatzen dira, piramideetan sartzen direnak oinaldetatik. Behealdean tamaina handiagoa duten Belliniren hodi papilarretan irekitzen dira. Hauek erpinean dauden piramideko papilaraino iristen dira. Papilak duen area kribotsuaren bidez, kaliza txikiekin komunikatzen dira.

Giltzurrunaren gune ahurraren erdialdean inbutu baten antzeko barrunbe bat dago, giltzurrun pelbis izenekoa. Barrunbe horretan pilatzen da giltzurrunetan eratzen den eta hodiek biltzen duten gernua eta higidura peristaltikoen bidez (giharren uzkurdura bideratzen duten uhin erritmikoak, hodietan gertatu ohi direnak) ureterretara iristen da ondoren.

Beste egitura batzuk

aldatu
  • Makula dentsoa: Giltzurrun tubuluaren urrutiko hodi bihurgunetsua, kontaktuan jartzen da zelula justaglomerularrekin. Urrutiko hodi bihurgunetsuen zelulek osatzen dute makula. Zelula hauek eritropoietina ekoizten dute, globulu gorrien sintesian parte hartzen duena.

Kapsulak

aldatu

Zuntzezko kapsula batek inguratzen du giltzurrunaren parenkima, eta zuzeneko kontaktuan dago honekin. Kapsularen kanpoaldean giltzurrun inguruko gantza (perirrenala) dago. Gantz honen kanpoaldean giltzurrun faszia (zuntzezko kapsula) dago. Giltzurrun faszia honetan bi orri bereizten dira: atzeko orria (nahiko sendoa) eta aurreko orria (nahiko ahula). Bi orri hauek jarraiak dira giltzurrunen alboetan. Goikaldean, guruin suprarrenalaren aurretik eta atzetik pasatzen da, diafragmaren beheko fasziarekin fusionatuz. Baina giltzurrunen erdialdean pelbisaren serosarekin eta giltzurrun arteria eta benen serosarekin jarraitzen dira. Behealdean ere fusionatu egiten dira. Giltzurrun fasziaren kanpoaldean gantz pararrenala dago.

Odoleztapena

aldatu

Odola giltzurrun arteriatik iristen da giltzurrunera. Giltzurrun arteriak abdomeneko aortaren alboko adarrak dira. Eskuinekoa ezkerrekoa baino luzeagoa da, kaba bena, giltzurrun bena, duodeno eta pankrea-buruaren atzean kokatua. Ezkerrekoa laburragoa da, giltzurrun benaren, duodeno eta pankrearen atzetik. Giltzurrun-hiloraino iristen dira aurretik, eta bertatik odol hodi hauek irteten dira:

  • Beheko arteria adrenalak
  • Giltzurrun pelbisa eta ureterraren hasierako zatia irrigatzeko adarrak.
  • Giltzurrunaren kapsula fibrotsua irrigatzeko adarrak.

Giltzurrun arterietatik 5 adar segmentario sortzen dira, aurretik hilora iritsi eta giltzurrunaren segmentuan zehar hedatzen direnak: lau aurreko, giltzurrunaren pelbisaren aurrekaldetik kokatuak, eta atzeko bat, giltzurrun pelbisaren atzetik kokatua. Hilotik pasatuz, giltzurruneko sinuan sartzen dira, eta lobulu arteko arteriak sortzen dituzte, parenkimara iritsi eta muineko piramideetan eta kortexeko Bertinen zutabeen artean kokatzen direnak. Hortik sortzen diren adarrak arku-antzeko arteriak dira, muin eta kortex artean kokatutakoak, eta muineko piramideen oinalderaino iristen dira. Arterien arkutuen adarrak, berriz, lobulutxu arteko arteriak dira. Kortexaren arku kortikaletan eta Bertinen zutabeetan kokatzen dira. Lobulutxo arteko arterien adarrak arteriola aferenteak dira, nefronetako Malpighiren korpuskuluraino iritsi eta bertako glomeruluak sortzen dituzte.

Nefronetako Malpighiren korpuskulutik irteten den odol hodia, arteriola eferentea da. Azaleko nefronetatik irteten diren arteriola eferenteek azaleko nefronetako egitura tubular guztiak irrigatzen dituzte. Nefrona justaglomerularretatik irteten diren arteriola eferenteak muineko piramideetan sartzen dira eta adarkatu egiten dira arteriola zuzen espurioak sortuz. Hauek parte hartzen dute muineko egituren irrigazioan. Egiazko arteriola zuzenak, zuzenean irteten dira arteria arkutuetatik eta lobulutxu arteko arterietatik. Muineko piramideetan sartu, eta bertako egitura ezberdinak irrigatzen dituzte: hodi biltzailea, Belliniren hodiak eta Henleren lakioak.

Kortexeko eta muineko egitura tubularretatik irteten den oxigeno gutxiko odola bena arkutuetaraino iristen da. Hemendik lobulu arteko benetara, bena segmentarioetara, eta hemendik giltzurrun benen adar tributarioetara. Kortexeko egituretatik lobulutxo arteko benen bidez, eta muineko egituretatik bena zuzenen bidez.

Inerbazioa

aldatu
  • Sinpatikoa: lehenengo neurona T11-T12 eta L1 mailan kokatzen da. Toraxeko nerbio esplakniko txikia, imoa eta lehenengo gerri nerbioa. Nerbio zuntzak kate ortosinpatikotik pasatzen dira, sinaptatu gabe, eta aorta aurreko gongoiletara doaz.
    • Toraxeko nerbio esplakniko txikiaren zuntzak gongoil aortiko errenalean sinaptatzen dira.
    • Toraxeko nerbio esplakniko imoaren zuntzak giltzurrun arteriaren atzeko gongoil sinpatiko batean sinaptatzen da.
    • Gerriko nerbio esplaknikoa giltzurrun nerbioan sortzen da, eta giltzurrun barruko gongoil sinpatiko batean sinaptatzen da. Nerbio hauetan gongoil aurreko edo atzeko zuntzak daude.
  • Parasinpatikoa: 2 atalek hartzen dute parte:
    • Goikoarenak: bagoaren nukleo dortsalean sortu, gongoil aurreko zuntzak bagoaren beste zuntzetik jeisten dira, plexu ezberdinetik pasaz, giltzurruneraino iritsiz. Giltzurrunean dauden 2. neuronekin sinpatatzen dira.
    • Behekoarenak: S2-S3-S4 mailetako alboko adarretan kokatzen diren nerbio zuntz hauek pelbiseko nerbio esplagnikoak/zutitzaileak dira. Hasieran pelbiseko plexu hipogastrikora iristen dira. Nerbio hipogastrikoko zuntzak goiko plexu hipogastrikora, plexu intermesenterikotik pasatuz, giltzurrun plexura eta giltzurrunetara iristen dira, 2. neuronekin sinaptatzeko.

Itzulera linfatikoa

aldatu

Hodi linfatiko gehienak giltzurruneko hiloetatik irteten dira, eta kate lunbarreko aortaren goikaldeko gongoil linfatikoetara irsten dira

Giltzurrunaren fisiologia eta gernuaren sorrera

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Gernu-aparatuaren fisiologia»

Gernua hiru prozesuren bidez eratzen da: iragazketa berriro xurgatzea eta tubuluen jarioa. Osaera konplexua du, eraketa bera bezala: gai organikoez eta inorganikoez osaturiko disoluzio urtsua da. Odol-plasmaren araberakoa da gernuaren osaera, odoleko plasmaren arabera gernuaren gai batzuk agertzen ez direlako edo gaien kontzentrazioa aldatzen delako. Glomeruluetan gertatzen da iraztea, glomeruluko kapilarrek eta Bowmanen kapsularen paretak bat egiten duten gunean, presio hidrostatikoen eta onkotikoen (presio osmotikoa, proteina edukiaren ondoriozkoa) eraginez. Berriro xurgatzea eta jarioa, berriz, tubuluetan gertatzen dira, difusio soileko edo garraio aktiboko mekanismoen bidez.

Iragazketa

aldatu

Odola giltzurrun arterietatik iristen da giltzurrunetara. Arteria horiek adarkatuak dira, eta adakartze horren bidez arteriola aferenteak eratzen dituzte. Arteriola aferenteek glomeruluko kapilarretara eramaten dute odola, eta arteriola eferentetik ateratzen da gero. Arteriola eferenteak kalibre txikiagoa du arteriola aferenteak baino, eta horrek presio hidrostatiko handia eragiten du glomeruluaren barnean. Presio horrek eragiten du isurkaria kapilarretatik Bowmanen kapsulara (hau da, giltzurrun hodiaren hasierara) irtetea. Isurkaria Bowmanen kapsularen barnera sartuz gero, glomerulu-irazkin deritzo isurkariari eta plasmaren osagai berak ditu, molekula pisu handia duten proteinetan salbu. Irazkinaren osaera plasma ken proteinak izango da. Prozesu honen ondorioz, irazkinak kapilarrak igaro behar ditu (endotelioa eta mintz basala) eta Bowmanen kapsularen epitelioa.

Bowmanen kapsulan zenbat isurkari sartzen den, irazpen-presio eraginkorrak esango du. Presio hori indar mekanikoen eta osmotikoen konbinazio bat da, eta indar nagusia glomerulu barneko odolaren presio hidrostatikoak eragiten duen bultzada da. Bultzada horri aurre egiten diote glomeruluko kapilarren paretaren eta Bowmanen kapsularen paretaren erresistentziak, dagoeneko Bowmanen kapsula barnean dagoen irazkinaren presio hidrostatikoak eta odolaren eta irazkinaren arteko presio desberdintasunak. Irazpen hau ez da hautatze prozesu bat, odolean zelulekin batera agertzen diren proteina plasmatikoen kasuan salbu, eta plasman disolbaturik dauden gaiak irazkinera igarotzen dira ioi (sodioa, potasioa, kloruroa, bikarbonatoa…), gatz, urea, glukosa, aminoazido etab. gisa.

Aurreko eskemaren arabera, argi gelditzen da arteria aferentearen zein arteria eferentearen uzkurketak aldaketak eragiten dituela glomeruluaren presio hidrostatikoan eta, horrenbestez, irazketaren eraginkortasuna ere aldarazten duela. Oro har, nerbio kitzikadurak hein berean uzkurrarazten ditu bi arteriak, eta horrela ez da aldaketarik gertatzen irazketan. Gizakiaren giltzurrun bakoitzean minutuko 125 mlko irazketa gerta daiteke glomeruluetan, 180 l egunean. Horrek esan nahi du, irazten den bolumearen parte handi bat berriro xurgatu behar duela organismoak. Hori da nefronaren hodian gertatzen dena.

Berriro xurgatzea eta jarioa

aldatu

Kontuan harturik gernuaren osaera odol-plasmaren eta glomeruluetako irazkinaren oso bestelakoa dela, irazkinak aldaketa asko jasaten ditu gernua eratu arte egin beharreko ibilbidean zehar. Horren arrazoi nagusia da irazkinaren bolumenaren %99 berriro xugartzen dela nefronaren tubuluaren zulotik tubulu inguruko odol hodietara. Izan ere, minutuko 125 mlko irazkina badago, kopuru horren 1 ml bakarrik kanporatzen da gernu gisa. Hodi horiek arteriola eferentean sortzen dira; arteriola eferenteak kapilar sare bat eratzen du (kapilar peritubularrak), giltzurrun tubulua inguratzen duena eta tubulutik zenbait gai jasotzen dituena: Ondoren, benula gisa elkartzen dira, eta giltzurrun bakoitzetik ateratzen den giltzurrun zainera iristen dira.

Gorputzak irazkinaren osagai gehienak xurgatzen ditu berriro: Aldi berean gaien (bereziki potasio, hidrogenioi eta amoniako) jario bat gertatzen da kapilar peritubular horietatik tubuluaren barnealdera, tubulu bihurgunetsu distalaren inguruan, batez ere. Bi prozesu analogo dira, ez da irazkinaren osaera aldatzen soilik, baizik eta baita haren bolumena ere.

Berriro xurgatzeko mekanismo nagusiak bi hauek dira: difusio soila, ura berriro xurgatzearen ondorioz sorturiko gradientearen aldera (ura osmosi bidez igarotzen da tubulu inguruko kapilarretara, kapilar hauetan gai solutuen kontzentrazioa handiagoa delako), edo garraio aktiboa (berriro xurgatze aktiboa, adibidez, sodio bonba), ura berriro xurgatzen laguntzen duen gradiente osmotikoa eratzen duena aldi berean. Garraio aktiboan epitelio zeluletan zehar garraiatzen dira sustantziak, sustantziei isurkari tubular eta betegarriaren arteko kontzentrazio desberdintasunen kontra mugitzeko aukera ematen dieten mekanismo kimikoen bidez, eta gero tubulua inguratzen duten kapilarretara iristen dira. Metodo honen bidez, eta energia asko xahutuz, gerta daiteke sustantzia baten kontzentrazioa apala den ingurune batetik (tubuluaren barneko glomerulu-irazkina) bere kontzentrazioa igoko den beste ingurune batera igarotzea (tubulua inguratzen duen kapilarra):

  • Glukosa berriro xurgatzea: tubulu proximalean xurgartzen da berriro erabat, garraio aktiboaren bidez, eta beraz gernuan ez da gai honen arrastorik ageri. Glukosak garraiatzaile espezifikoren batekin bat egiten du, nonbait, eta horrela igarotzen du tubuluko zelulen mintza. Honen antzeko mekanismo baten bidez xurgartzen dira xilosa, fruktosa eta galaktosa ere.
  • Aminoazidoak berriro xurgatzea: tubulu proximalean garraio aktiboaren bidez ia erabat xurgatzen dira berriro, eta horrela gernuan oso kontzentrazio txikia dute. Garraio mekanismoak antzekoak dira egitura beretsuko aminoazido taldeentzat.
  • Proteinak berriro xurgatzea: tubulu proximalean erabat xurgatzen dira berriro, eta ez da aipatzeko moduko arrastorik agertzen gernuan. Hala ere, ez da ezagutzen zehatz-mehatz proteinak berriro xurgatzeko zein mekanismo baliatzen dituen organismoak. Irazkina osatzen duten proteina bakarrak molekula pisu apala dutenak dira. Gainerakoak odolean agertzen dira.
  • Konposatu nitrogenatuen katabolismoan sorturiko gaiak berriro xurgatzea eta jariatzea: irazkinaren urearen %40-70 nefronan zehar xurgatzen da berriro, ura berriro xurgatzean sorturiko gradientearen alderako difusio bidez. Azido urikoa era aktiboan xurgatzen da berriro, eta tubuluetarantz jariatzen da gune batzuetan.
Fitxategi:089. Gizakiaren iraitz-aparatua 0.2 8.jpg
Solutuen birxurgapena, garraio aktiboaren bitartez.
  • Sodio, potasio eta kloruroa berriro xurgatzea eta jariatzea: uraren eta hidrogenioien eta bikarbonatoaren garraioak oso lotura estua du ioi horien mugimenduarekin eta ioien arteko mugimenduarekin, eta horrela lotura estua du gorputzeko ur eta gatzaren erregulazioarekin. Irazkinaren sodioaren %99 berriro xurgatzen da tubulu proximalaren bidez – batez ere –, Henleren lakioaren goranzko atalaren bidez, tubulu distalaren bidez eta hodi biltzailearen bidez, garraio aktiboz. Garraio aktiboak aldeko gradientea eratzen du ura eta kloruroa berriro xurgatzeko, eta sodioaren mugimenduak era pasiboan jarraituz garraiatzen da. Sodioa berriro xurgatzeko prozesua aldosterona izeneko hormonak kontrolatzen du. Potasioa berriro xurgatzeko prozesua aktiboa da tubulu proximalean, eta tubulu distalean jariatzen da. Jario hori sodioa berriro xurgatzean sodioa bere kontrako norabidean doan potasioarekin trukatzearen ondorioz gertatzen da.
  • Hidrogenioiak eta bikarbonatoa berriro xurgatzea eta jariatzea: hidrogenioien eta bikarbonatoaren mugimenduak elkarri oso lotuta daude, eta zerikusia dute orobat zelulaz kanpoko isurkarien pHarekin, eta horrenbestez azido-base orekan eragina dute. Bikarbonatoa karbono dioxido moduan difusioz xurgatzen da berriro. Lipidoetan oso solugarria denez, oso erraz igarotzen du zelula mintza. Hidrogenioiak tubulu proximal eta distalera eta tubulu biltzailean jariatzen dira, sodio trukearekin loturik.
  • Kaltzioa eta fosfatoa berriro xurgatzea: kaltzio ioiak berriro xurgatzeko prozesua aktiboa da, eta aldiz anioi askok gradientearen aldera egiten dute. Fosfatoa, ordea, era aktiboan xurgatzen da berriro, tubulu proximalean bereziki, anioia izan arren. Azal suprarrenalean eratzen den paratohormonari esker, kaltzio gehiago xurgatzen da eta fosfato gutxiago.
  • Ura berriro xurgatzea: ur kopuru gehiena (%80) xurgatzen da berriro, difusioz, zenbait solutu berriro xurgatzean eratzen den gradiente osmotikoaren ondoriozko difusio bidez. Gainerako ura ere xurgatu egin daiteke, zelulaz kanpoko isurkarien egoera zein den. Horrela, barne ingurunearen arabera, gernu hiperosmotiko gisa edo gernu hipoosmotiko gisa jaria daiteke. Gernuaren kontzentrazioa eta diluitzea korrontearen kontrako mekanismo baten bidez gertatzen da, eta horrela ura eragile osmotikoen arabera higitzen da eta ez garraio aktibo bidez.

Iraizpenaren erregulazioa

aldatu

Hiru kontrol sistemek erregulatzen dute barne jariakarien bolumena eta kontzentrazioa: hipotalamoko egarriaren gunea, hormona antidiuretikoa (ADH) eta angiotentsina-aldosterona sistema.

Odolean disolbatuta dauden gaien kontzentrazioa igotzen bada, eta presio osmotikoak gora egiten badu, presio osmotikoaren hartzaileek (osmohartzaileak) informazio jakin bat igortzen dute hipotalamoko egarriaren zentrora eta informazio horren erantzun gisa egarria sortzen da. Horrela ura odolera igarotzen da hestearen bidez eta odola diluitu egiten da, eta gero inhibitu, egarriaren zentroan.

Hormona antidiuretikoa (ADH) edo basopresina hipotalamoan sortzen da osmohartzaileen kitzikaduraren erantzun gisa, eta tubulu distaleko zelulei eta hodi biltzaileei eragiten die, urarekiko irazkorragoak bihurtzen ditu. ADH jarioa txikia bada, paretak irazkaitzak dira urarekiko, eta horrela gernua diluituta agertzen da. ADH jariatzean ur gehiago xurgatzen da berriro eta gernua kontzentratuagoa da. Beraz, ADH jariatzen da ura galdu behar ez denean eta inhibitu egiten da ur gehiegia murriztu behar denean.

Odolaren presioak bat-batean behera egiten badu (hemorragia batean adibidez), errenina izeneko entzima bat askatzen da arteriola aferenteetan, eta horrek katalizatzen du angiotensinogeno proteina angiotentsina (proteina hodi uzkurtzailea) bihurtzen duen erreakzioa. Angiotensinak arteriolak uzkurtzen ditu –arteria presioa igotzen du–, odol gutxiago iristen da giltzurrunera, gernuaren iraztea eta genesia –urik eta gatzik ez kanporatzea– murrizten dira, azal suprarrenala aktibatzen da eta aldosterona jariatzen hasten da. Horri esker, sodio ioi gehiago xurgatzen dira giltzurrun tubuluetatik odolera, ura xurgatzen da eta odolaren bolumena igotzen da.

Lotutako gaixotasunak

aldatu

Giltzurrunekin zerikusia duten gaixotasunetaz arduratzen dira nefrologia eta urologiako espezialistak, batik bat. Hauexek dira ohikoenak:

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu