Kopenhage
Kopenhage[1] (danieraz ⓘ), Danimarkako hiriburu eta hiri garrantzitsuena da. Seelandia uhartean dago kokatua, eta gaur egun, Danimarkako monarkiaren eta parlamentuaren egoitza da. Kopenhage hiriak 559.440 biztanle ditu baina Kopenhageko metropolian 1.950.522 pertsona bizi dira (2013). Danimarkako Hiriburu Eskualdean (danieraz Region Hovedstaden) dagoen hiri handiena da beraz.
Kopenhage København | |||
---|---|---|---|
hiri handiena | |||
Administrazioa | |||
Estatu burujabe | Danimarka | ||
Estatu | Danimarka | ||
Eskualdea | Hovedstaden | ||
Alkatea | Sophie Hæstorp Andersen | ||
Izen ofiziala | København | ||
Jatorrizko izena | København | ||
Posta kodea | 1000 | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 55°40′34″N 12°34′08″E / 55.6761°N 12.5689°E | ||
Azalera | 90,9 km² | ||
Altuera | 14 m | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 644.431 (2022ko urtarrilaren 1a) 41.950 (2017) | ||
Dentsitatea | 7.089 bizt/km² | ||
Informazio gehigarria | |||
Sorrera | 1167 | ||
Telefono aurrizkia | 3 | ||
Ordu eremua | Europa Erdialdeko Ordua | ||
Hiri senidetuak | Pekin, Berlin, Curitiba, Marseilla, Praga, Reykjavik, Helsinki, Nuuk, Oslo, Stockholm udalerria, Tórshavn, Amsterdam, Grójec (en) eta Kiev | ||
Hizkuntza ofiziala | daniera | ||
kk.dk |
Hiriak, itsas eta aire portuak ditu, metroa eta hotel eskaintza, apartamentu eta akanpadarako eskaintza ugaria du.
Historia
aldatuMerkatartien kaia
aldatu800. urtearen inguruan sortu zen hiria. Garai hartan Øresund itsasartean zegoen itsas herria baino ez zen eta hortik bere garai hartako izena havn (danieraz kaia). 1100. inguruan hiria handitzen hasi zen bai Øresund zeharkatzeko ordainsariaren eraginez eta baita Roskilde eta Lund (gaur egun Suedia) hirietako katedralen arteko erdibidean zegoelako, eta orduan Roskildeko Absalon apezpikuak "Havn-eko gaztelua" eraiki zuen. XII mendean Saxo Grammaticus historialari daniarrak Mercatorum Portus izenaz aipatu zuen hiria bere Gesta Danorum liburuan, eta honen danierarako itzulpena iritsi da guganaino, København (merkatarien kaia). Absalon apezpikuaren kontrolpean hiriak garatzen eta handitzen jarraitu zuen, Hansa ligako hirien ezinikusia bereganatuz. Danimarkako koroarentzat ere hiri garrantzitsua zen eta 1416.an honen kontrola bereganatu zuen Pomeraniako Eric erregeak. Orduan atzerriko artisau eta merkatariak iritsi ziren Kopenhagera eta gremioak osatu zituzten. Garai hartakoa da Kopenhageko Unibertsitatea ere, 1479.koa hain zuzen ere.
Kristian IV.a
aldatu1596. urtean Kristian IV.a erregearen agintaldia hasi zen. Bertako artisau lantegiak bultzatu zituen, autonomia handitze aldera, eta hiriaren hazkunderako auzo berriak sortu zituen, hala nola Nyborder (iparraldean) eta Christianshavn auzoak (ekialdean) eta berauek babestuko zituen harresia.
Garai beltza
aldatu1658 eta 1659 artean suediarren erasoak jasan zituen Kopenhagek. XVIII mendea gogorra izan zen hiriarentzat suediarren eraso berria (1700), izurriteak (1711-1712), eta bi sute handi (1728 eta 1795). Lehenengo sutearen ondoren Kristian VI.ak gaztelua desmuntatu eta Christiansborg jauregia eraiki zuen. Ondorengoa zen Frederik V.ak Amalienborg jauregia eraiki zuen Kopenhageren erdian. XIX mendea ere erasopean hasi zuten. Ingelesak izan ziren (1801 eta 1807), hauek beldur baitziren Napoleonen eskutan eroriko ote zen Danimarka.
Hiriaren hazkundea
aldatuXIX mendean Kopenhage gaur egungo Indre By (alde zaharra) barrutiaren mugen barnean zegoen eta harresietatik kanpora abeltzantzarako belardi handiak zeuden, debekatua baitzegoen hiritik kanpora etxeak eraikitzea. Baina 1852. urterako hiriaren biztanleria Kristian IV.aren garaian baino lau aldiz handiagoa zen eta 1853an kolera izurrite handia egon zen hirian. Honen ondorioz hurrengo hamarkadetan Kopenhage inguruko gotorleku eta harresiak behera bota eta mugetatik kanpora eraikitzeko baimenak banatu ziren. Mendebaldeko eremuetan auzo berriak sortzen hasi ziren, Østerbro, Nørrebro eta Vesterbro hasiera batean. Ordurako Kopenhagek irentsia zuen ekialdeko Christianshavn herria.
Aurrez 1847. urtean J.C. Jacobsenek Carlsberg garagardo lantegia fundatu zuen eta pilaturiko aberastasunari esker hiriaren eta nazioaren "mezenas" bihurtu zen. Bera eta bere seme Carl Jacobsenek gaur egun hiriaren marka diren hainbat eraikinen sorrera bultzatu zuten, esate baterako Ny Carlsberg Glyptoteka eta Sirenatxoa, eta Kopenhagetik kanpora erregeen egoitza zen Frederiksborg gazteluaren berriztatzea ere bai.
XX mendea
aldatuBigarren Mundu Gerran tropa naziek okupatu zuten 1940 eta 1945 urteen artean. Daniarrekin elkarlana bultzatu nahi zuten hala ere, eta 1943an hauteskundeak egitea ere onartu zieten, alderdi komunista kanpoan utzita izan arren. Naziek beren aldetik juduak atxilotzeari ekin zioten eta askok Suediara ihes egin zuten. Normandiako Lehorreratzea gertatu zenean, naziak beldur ziren polizia daniarrak arazo bihurtuko ote ziren eta denak atxilotzea erabaki zuten. Gehienek hala ere Suediara alde egin zuten baina atxiloturiko 2000 poliziak Alemaniara deportatuak izan ziren eta gehienak ez ziren itzuli. Daniar erresistentziako burua zen Ole Lippmanek Erresuma Batuko Royal Air Forcerekin batera planifikatu zuen 1945eko martxoaren 22an izan zen aire erasoa. 123 zibil hil ziren (hegazkin batek nesken eskola baten kontra jo baitzuen) eta 26 preso politikotatik 18k ihes egitea lortu zuten.
1970. urtean, hippie mugimenduari jarraiki, Christiania hiri librea sortu zen Christianshavn auzoan, militarren barrakoiak izandakoetan. Mugimendu alternatibo hauek indar handia hartu zuten Kopenhagen eta 1980. hamarkadan Nørrebro auzoan istilu handiak izan ziren okupazio mugimendua eta poliziaren artean.
Gaur egun ingurumen eta ekologiarekiko oso aktiboa den hiria da Kopenhage.
XXI mendeko lanak
aldatu2000. urtean Øresund zubiak itsasartea gainditu eta Kopenhage eta Malmö elkartu zituen Suedia eta Danimarka lotuz. Honek Europa iparraldeko eskualde indartsuena bihurtu du. 2002. urtean metroa ireki zuten.
Geografia eta klima
aldatuKopenhage Seelandia uhartearen ekialdeko ertzean dago eta Amager uharte txikiaren zati bat ere hartzen du. Bien artean hainbat uharte artifizial ere badaude. Aurrean Suediako Malmö herria dauka eta bien artean Øresund itsasartea dago. Ingurune guztia erabat laua da.
Kopenhageko metropolia Seelandia uhartean zabaltzen da baina bere barrenean bigarren udalerri bat ere dago, Frederiksberg, Kopenhagek alde guztietatik inguratzen duena.
Hiriak klima ozeanikoa du, eguraldi nahasiarekin baina bere latitudeari dagokion tenperatura baino 5 gradu inguru altuagoa.
Datu klimatikoak (Kopenhage (1961–1990)) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 1.9 | 2.0 | 4.8 | 9.5 | 15.0 | 19.2 | 20.4 | 20.3 | 16.7 | 12.1 | 7.1 | 3.7 | 11.1 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | -2.0 | -2.4 | -0.6 | 2.3 | 7.2 | 11.3 | 12.9 | 12.6 | 9.8 | 6.7 | 2.7 | -0.5 | 5.0 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 46 | 30 | 39 | 39 | 42 | 52 | 68 | 64 | 60 | 56 | 61 | 56 | 613 |
Euri egunak (≥ 1 mm) | 17 | 13 | 14 | 13 | 13 | 11 | 13 | 13 | 14 | 14 | 17 | 16 | 168 |
Eguzki orduak | 45 | 67 | 110 | 168 | 217 | 218 | 202 | 193 | 133 | 90 | 55 | 42 | 1539 |
Iturria (1): Danmarks Meteorologiske Institut | |||||||||||||
Iturria (2): World Weather Information Service[2] |
Kopenhageko metropolia
aldatuBarrutiak
aldatuKopenhageko metropoliak 1.881.887 biztanle ditu. Bi udalerri (Kopenhage eta Frederiksberg) ditu eta inguruan 16 barruti daude.
Udalerriak:
- Kopenhage
- Frederiksberg
Barrutiak:
Barruti ofizialak | Beste guneak | |
---|---|---|
Iturria: Hiriko webgune ofiziala |
|
Demografia
aldatu2012ko datuen arabera Kopenhageko hiritarren %77'8a daniar jatorrikoa da, %7'5a mendebaldeko herrialdeetako etorkinak dira eta %14'6a munduko beste tokietatik etorria da.
Bestalde, 2000 urtean Øresund zubia ireki zenetik Kopenhage-Malmö metropoli eremu internazionala bultzatu da eta bien artean 2.603.174 biztanleko eremua ezarri da.
Ondasun nabarmenak
aldatuKopenhage hiri laua da, elizen eta gazteluen dorre berdeak baino ez dira etxeen gainetik ikusten. Kanalez eta kai txikiz josita dago eta hainbat parkek gerriko luzea osatzen dute herriaren alde zaharraren inguruan.
Eraikin aipagarriak
aldatu- Rådhus udaletxea: Hiriaren erdigunean dagoen 1905ko eraikina da. Martin Nyrop arkitektuak diseinatu zuen Sienako (Italia) udaletxearen antzera. Absalon apezpiku eta politikariaren estatua dauka aurrealdean.
- Amalienborg jauregia: Frederik III-k bere emazte Amaliarentzako eraikia. Gaur egungo jauregia 1750. urtekoa da. Plaza oktogonal baten inguruan lau eraikin simetrikok osatzen dute jauregia. 1794. urtean suak Christiansborg erre zuenetik hau izan da errege familiaren egoitza. Handik gertu Frederiken eliza borobila dago, Marmolezko eliza ezizenaz (danieraz Marmorkirken) ezagutzen dena.
- Slotsholmen uhartea: Kopenhagen dagoen irla txikia da baina bertan sortu zen hiria eta bertan dago Danimarkako jauregi handienetakoa den Christiansborg jauregia besteak beste. Christiansborg jauregia XIV mendean eraiki bazuten ere hainbat sute eta berreraikitze jasan zituen. Gaur egungo palazioa 1916an inauguratu zuten. Garai batean erregeen egoitza izan zen baina gaur egun Danimarkako Gobernuaren eta parlamentuaren (Folketing) egoitza da. Ondoan dago Børsen (Burtsa) eraikin famatua, bere 56 metroko altuerako orratzarekin.
- Rosenborg jauregia: Kristian IV erregeak eraiki zuen XVII mendean. Bertan gordetzen zen koroaren altxorra. Christiansborgen bizi bazen ere lasai egoteko toki bat eduki nahi baitzuen. Parke eta lorategi ederrak ditu inguruan. Gazteluaren atzean Lorategi Botanikoa dago, 1874. urtean eraikitako beirazko negutegiak 10 hektarea hartzen dituelarik.
- Kastellet: XVII mendeko gotorleku militarra, Europa iparraldean izar-itxurako gotorlekuen artean egokien mantendu dena.
- Salbatzailearen eliza: XVII mendeko eliza barrokoa, bere kanpandorre bereziagatik ezaguna.
- Grundtvig eliza: (kanpoaldea 1926, barnealdea eta ingurua 1940) Peder Klint arkitektoarena.
Parkeak eta plazak
aldatu- Rådhuspladsen: Udaletxearen plaza da. Bertan dago 0 kilometroa. Bi aldiz elkartu dira bertan 100.000 pertsonatik gora, lehenengoa 1945ean Danimarkaren askatasuna ospatzeko eta bigarrena Danimarkako futbol selekzio nazionalak 1992. urteko Eurokopa irabazi zuenean. Gaur egungo udaletxea Kopenhagek izan duen seigarrena da. 1903an eraiki zuten aurrekoa erre egin zelako. 110 metroko altuera duen dorrea dauka.
- Langelinie parkea: Erdigunetik iparraldera dagoen parke luzea da, kanal nagusiaren ertzetik doana. Bertan daude Sirenatxoa (Den lille havfrue), Hans Christian Andersen idazlearen pertsonaian oinarrituriko eskultura Langelinie nasaren muturrean dago eta Gefion iturri ikusgarria.
- Strøget karrika: Udaletxearen plazatik hurbil hasten den kale komertziala da. Erabat peatonala da eta udan, turismo garaian, 250.000 pertsona pasatzen dira kale honetatik.
- Gammeltorv plaza: XII mendean jadanik ezistitzen zen arren inguruan dauden eraikinak XVIII mendekoak dira, 1795eko suteak aurrekoak erre baitzituen.
Aisialdia
aldatu- Tivoli parkea: Munduko atrakzio parke zaharrenetakoa, 1843an zabaldu baitzituen ateak. Gaur egun dauden eraikinik zaharrenak ordea 1874. urtekoak dira.
- Nyhavn kanala: Kai berria esan nahi du danieraz. 1671. urtean irekitako kanal hau jatetxe eta ostatuz beterik dago. Kolore desberdinetako etxe tipikoek Kopenhageko postale tipikoa osatzen dute.
- Hondartzak: Hiriaren erdigunetik gertu (30 minutu bizikletaz) hiru hondartza daude, guztira 8 kilometroko luzera osatzen dutenak. Amager Strandpark uharte artifizialean 4'6 km hondartza ireki ziren 2005ean.
Christiania hiri librea
aldatuChristiania hiri librea Hippie mugimenduak sorturiko herria da. 850 biztanle ditu gaur egun.
Ekonomia
aldatuKopenhage Danimarkako erdigune finantzieroa izateaz gain Eskandinavia-Baltiko eskualdeko ekonomi zentru indartsua ere bada, izan ere 50 kilometroren barnean 3'5 milioi biztanle izanik Europa iparraldeko hirigune populatuena baita. Horrela, Suedia eta Danimarkaren Barne produktu gordinaren %25a ekoizten du.
Atzerriko 2.100 konpainia finkatu dira Kopenhagen, jarduera desberdinak betetzen dituztenak. Sektore garrantzitsua medikuntza, biologia eta ikerketak osatzen dute, horregatik sarritan eman izan zaio "Medicon Valley" ezizena. Untzigintza ere aipatzekoa da, bertan baitago munduko ontziegile nagusia den Maersk konpainiaren egoitza nagusia. Azkenik Microsoft konpainiak Europa Iparralderako egoitza bertan ezarri du.
Garraioa
aldatuBizikleta
aldatuOrdu zehatzetan trafiko handia izaten bada ere, Kopenhageko garraiobide nagusia bizikleta da. Bidegorri sare itzela dauka eta hiritarren %36ak lanerako edo eskolarako bidea bizikletaz egiten du. Udaltzainen %40a ere bizikletaz dabil eta 2015erako %50era igotzeko helburua dute. Hiriak alokairuak eskaintzen ditu 20 koroaren truke.
Kaia
aldatuKopenhageko kaiak bere izaera industriala nabarmen galdu du eta gaur egun Iparraldeko Europako kruzeroen ezinbesteko kai bihurtu da. 2008an esate baterako 310 kruzero ontzi iritsi ziren bertara, 560.000 turista ekarri zituztelarik.
Ferri sistema eraginkorra ere badu Oslo (Norvegia), Ystad (Suedia) eta Świnoujście (Polonia) herriekin.
Besterik
aldatuKopenhageko aireportua Eskandinaviako handiena da eta Europako 17.a. Amager uhartean dago eta minutu gutxitan iristen da Kopenhage zein Malmöra.
Errepideen sarea ere egokia du, inguruko udalerriekin eta Danimarkako zein Europako gainontzeko hiriekin lotzen dutena.
Ingurugiroa
aldatuDanimarka izan zen 1973an ingurugiroa zaitzeko legea ezarri zuen lehenengo herrialdea. 2006an Kopenhagek Europako Ingurugiro Kudeaketaren Saria jaso zuen urteetako planifikazio egokia zela eta. 2001ean parke eoliko handia ezarrida Kopenhageko kostaldean eta gaur egun hiriaren argi indarraren %4'1a ekoizten du.
Karbono dioxidoaren emariak %20an jeisteko asmoa ere badago 2015erako. Bizikletaren erabilerak jadanik oso murriztua badute ere.
Mundu mailan elikagai biologikoek merkatu-kuota handiena duten hiria da Kopenhage, kontsumitzen den elikagaien %45a osatzen du eta. 2015erako zahar-etxe eta gazteen erresidentziatan %90eraino igotzeko helburua daukate agintariek.
Bestalde 2009ko abenduan Klima aldaketari buruzko XV konferentzia antolatu zuen Nazio Batuen Erakundeak Kopenhagen[3].
Kultura
aldatuKultur eraikinak
aldatu- Ny Carlsberg Glyptotek museoa: J.C. Jacobsen garagardo egilearen arte bilduma gordetzeko eraiki zen museoa da. 1888. urtean zabaldu zuten. Museoaren erdian lorategi handia dago.
- Kopenhageko Opera Etxea: 2005ean ireki zen Henning Larsenek diseinaturiko eraikin modernoa. Amalienborg jauregiaren ondoan dago.
- Danimarkako Errege Antzokia: XIX mendeko antzokian, opera, dantza, antzerki eta musika kontzertuak egiten dira.
- Kopenhageko Unibertsitateko Lorategi Botanikoak: 1600an eratu ziren eta 1870tik aurrera gaur egungo tokian daude. Bereziki aipagarria da 1874ean eraturiko beirazko negutegia.
- Danimarkako Liburutegia: Diamante Beltza ezizena dauka Schmidt Hammer Lassen arkitekto daniarrak diseinaturiko eraikinak. Slotsholmen uhartean dago.
Ekitaldiak
aldatu- Kopenhageko ihauteriak: 1982tik ospatzen dira eta jende ugarik hartzen du parte, 120 taldetan antolaturiko bi mila dantzaritik gora izaten baitira desfilean. 100.000 ikusle pilatzen dira Kopenhageko kaleetan.
- Copenhagen Distortion: Gazteen kultur jaialdia da. Ekaikeno lehenengo asteburuan hasi eta bost egun irauten ditu. Street arte-kultura eta dance musikan oinarritzen da. 100.000 pertsonatik gora pilatzen da kale, denda, taberna, txalupa eta autobusetan.
- Kopenhageko Jazz Jaialdia: Uztaileko lehen ostiralean hasi eta 900 emanalditik gora izaten da. Musika aretoetaz gain, kale eta parkeetan ere izaten dira ikuskizunak.
- Kopenhageko Modaren Astea: Europa iparraldeko modaren ekitaldi gorena da. Otsailean eta abuztuan izaten da.
- Copenhagen Pride: Gay eta lesbianen harrotasunaren martxa da. Abuztuan izaten da eta desfilearekin ematen zaio amaiera. "Tivoli goes pink" (Tivoli arroxa bihurtu da) ekitaldia da nabarmenena.
Kirola
aldatuFC København da hiriko futbol klubik loriatuena. Superliga daniarra gehienetan irabazi duen kluba da. Aipatzekoak dira era berean Akademisk BK eta Boldklubben af 1893, orain bigarren mailan ibili arren XX mendean 9na Liga irabazi zituzten taldeak.
Kopenhageko metropolian badaude beste futbol talde garrantzitsu batzuk ere, hala nola: Brøndby IF (10 Liga), BK Frem (6 Liga), Hvidovre IF (3 Liga) eta Lyngby BK (2 Liga).
Futbola ez da ordea hiriko kirol bakarra. Badaude izotz-hockey, eskubaloi eta errugbi taldeak ere.
2011ean Txirrindularitzako Munduko Txapelketak Kopenhagen jokatu ziren. Honetaz gain urtero hainbat kirol ekintza garrantzitsu egiten dira, besteak beste, Kopenhageko maratoia eta Christiansborg jauregiaren inguruko igeriketa lasterketa.
Kopenhagetar ezagunak
aldatu- Clara Andersen, idazlea
- Hansine Andræ, feminista eta egunerokogilea
- Herman Bang, kazetari eta idazlea
- Susanne Bier, zinemagilea
- Niels Bohr, Fisikaren Nobel Sariduna
- Aage Bohr, Fisikaren Nobel Sariduna
- August Bournonville, koreografoa
- Georg Brandes, kritikaria
- Therese Brummer, idazlea
- Helena Christensen, supermodeloa
- Tove Ditlevsen, idazlea
- Carl Th. Dreyer, zinema zuzendaria
- Ilia Fibiger, erizain, filantropo eta idazlea
- Rune Glifberg, skateboarder
- Gus Hansen, poker jokalaria
- Iben Hjejle, aktorea
- Peter Høeg, idazlea
- Bjarke Ingels, arkitektoa
- Arne Jacobsen, arkitektia
- J. C. Jacobsen, Carlsberg taldearen sortzailea
- Robert Jacobsen artista
- C.V. Jørgensen, abeslaria
- Søren Kierkegaard, filosofoa
- Kim Larsen, abeslaria
- Michael Laudrup, futbolaria
- Bjørn Lomborg, soziologoa
- Lauritz Melchior, opera abeslaria
- Mads Mikkelsen, aktorea
- Brigitte Nielsen, aktorea, modeloa eta abeslaria.
- Theodor Philipsen, margolaria.
- Peter Schmeichel, futbolaria
- Julius Thomsen, kimikaria
- Lars von Trier, zinema zuzendaria
- Dan Turèll, idazlea
- Lars Ulrich, Metallicaren taldekidea
Herri eta hiri senidetuak
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ World Weather Information Service. Weather Information for Copenhagen. .
- ↑ Zuzeu.com: Kopenhageko goi bileraren ertzak
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Kopenhageko datu estatistikoei buruzko webgunea.
- (Ingelesez) Copenhagen Portal
- (Ingelesez) Copenhagen Visual, Argazkiak - Copenhagen Tourist Guide and Imagegallery
Iruditegia
aldatu-
Kastellet gotorlekua.
-
Ny Carlsberg Glyptotek museoa.
-
Nyhavn kanala.
-
Lorategi Botanikoetako beirazko negutegia.
-
Carlsberg garagardotegia.
-
Tycho Brahe Planetariuma.
-
Langelinie parkea.
-
Strøget karrika.