Irakeko historia Mesopotamian hasten da. Gaur egungo Irak Mesopotamia deitua izan da Antzinatetik, eta han, Tigris eta Eufrates ibaietako haran emankorretan, sortu ziren munduko lehen zibilizazioak. Herri askok nahi izan dute Mesopotamiako lurra bizilekutzat hartu eta gudu asko izan dira han historian zehar.

Mesopotamia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Mesopotamia», «Sumer», «Akadtar Inperioa», «Babilonia», «Asiria» eta «Sasandar Inperioa»
 
Zezen androzefaloa, Khorsabad, Asiria, K. a. 721-705.

Gaur egungo Irak Mesopotamia deitua izan da Antzinatetik, eta han, Tigris eta Eufrates ibaietako haran emankorretan, sortu ziren munduko lehen zibilizazioak. K. a. 3500. urte inguruan sumeriarrak heldu ziren lurralde hartara, idazkera kuneiformea landu zuten eta Ur, Uruk, Lagash eta Kish hiriak sortu zituzten. K. a. 2350. urte inguruan, Sargon akadtar buruzagiaren mende geratu ziren hiri horiek.

Akadtarren nagusitasuna galdu ahala, beste bi inperio ahaltsu sortu ziren: Babilonia eta Asiria. Babiloniarrek Hammurabi izan zuten errege; haren erregealdian egin zen ezagutzen den lehen lege bilduma: Hammurabiren Kodea. Asiriarrek, K. a. 609. urtea arte, antzinako Ekialde Hurbila osorik hartzen zuen inperio erraldoia izan zuten mendean. Babiloniar Inperioak bigarren aldi bat ere izan zuen, harik eta K. a. 538an Persiako Ziro II.a Handiak Mesopotamia osoa hartu zuen arte.

Alexandro Handiak K. a. 331ean menderatu zituen persiarrak, eta ekialdeko Iranen bizi izan ziren partiarrak K. a. 141-129 bitarteko urteetan Mesopotamiaraino heldu eta inperio ahaltsua sortu zuten. Erromatarrek huts egin zuten Mesopotamia beretzeko lehen ahelginean (K. a. 53-54), baina Trajano enperadorek Erromako probintzia bihurtu zuen lurraldea K. o. 114-177 urteetan. III. eta VII. bitarteko mendeeetan partiarren eta erromatarren, eta persiar sasandarren eta bizantziarren arteko lehiak izan ziren.

Erdi Aroa aldatu

 
Abbastar Kalifa-herriaren hedadura handiena, c. 850

641. urtean, arabiarrek Mesopotamia hartu zuten, sasandarrak garaiturik. Omar kalifak bi hiri sortu zituen konkistatutako lurraldea defendatzeko: Kufa eta Basora. Islama zabaldu zen, eta arabiera bilakatu zen hizkuntza ofizial, persieraren ordez. VII. mendean, omeiatarrek Damaskotik agindu zuten Iraken. Baina 747an, Abu Muslim abbastar jeneralak omeiatarrei eraso egin eta Irak hartu zuen. 750ean, As-Saffah bilakatu zen Abbastar Kalifa-herriko lehenbiziko kalifa.[1]

Abbastarrek Bagdad hautatu zuten hiriburutzat. Mundu musulmaneko botere gune nagusia izan zen handik aurrera, eta filosofia, zientzia eta literaturaren loraldi handia bizi izan zuen. VIII. mende amaieran, milioi bat biztanle izatera iritsi zen.[2] Abbastarrek berreraiki zituzten Mesopotamiako ubideak, ezpondak eta urtegiak, eta Bagdad inguruko zingirak drainatu zituzten. IX. mende hasieran, Harun al-Rashiden semeak elkarren aurka borrokatu ziren ondorengotza lortzeko; Al-Mamun nagusitu zen, persiarren laguntzarekin. Haren kalifalditik aitzina, abbastar agintearen gainbehera hasi zen eta, bai Persian, bai mendebaldeko eskualdeetan, kontrola galtzen hasi ziren. 945ean, jatorria mendebaldeko Iranen zuten buiatarrek hartu zuen Bagdad; umiliazio handia izan zen kalifa-herria persiar xiien mende erortzea. Toghrilek, Seljuktar Inperioaren sortzaileak, egotzi zituen buiatarrak 1055ean. Seljuktarrak suniak zirenez gero, ongi hartuak izan ziren Bagdaden. Handik aurrera, kalifak erlijio-aginpidea atxiki bazuen ere, gobernua seljuktarren esku gelditu zen.[1]

 
Mongolen Bagdadeko Setioa, 1258.

Seljuktarren adar nagusiak Bagdaden ezarri zuen gobernua, eta Bosforotik Ekialdeko Turkestanerainoko lurraldea kontrolatu zuen 1155 arte. Seljuktar Inperioak Malik-Xah-ren (10531092) agintaldian izan zuen goren aldia, Mediterraneoaren ekialdea, Asia Txikia eta Arabiako zati batzuk menderaturik. Urte horietan, pizkundea gertatu zen Irak eta Irango kulturan Nizam al-Mulk bisirraren eskutik; behatoki astronomiko bat fundatu zen, eta Bagdaden kokatu ziren, besteak beste, Omar Khayam zientzialaria eta al-Ghazali teologoa. Malik-Xah hil ondoren, seljuktar agintea desegin zen; Iran eta Iraken dinastia txikiak sortu ziren, elkarren aurka borrokatzen zirenak. Zengid eta Khwarazmi leinuak izan ziren garrantzitsuenak, 1258an Hulagu buru zuten mongolek Bagdad hartu zuten arte.[1]

Mongolak odol eta gar sartu ziren Abbastar Kalifa-herrian. Jakintzaren Etxea suntsitu zuten, barnean zeuden artelan eta dokumentu historiko baliotsuak barne, eta Mesopotamiako ureztatze azpiegiturak ezereztu zituzten. Azken Khan mongola, Abu Said, 1335ean hil zen; horren ondoren, jalairtar dinastia igo zen agintera.[1] XIV. mendearen erdialdean, Izurri Beltzak sakailatu zuen eskualdea.[3] 1401ean, Tamerlanek, Timur dinastiaren sortzaileak, Bagdad arpilatu eta milaka bizilagun hilarazi zituen. Tamerlanen inbasioan Irakeko beste herri eta hiri asko ere erraustu zituzten, eta Ipar Mesopotamiako asiriar kristauak sarraskituak izan ziren.[4]

Otomandar agintea aldatu

 
Safavien inperioaren hedadura handiena, c. 1512.

XIV. mendearen amaieran eta XV.aren hasieran, Qara Qoyunluko turkmenek eduki zuten mendean gaur egungo Irakeko lurraldea. 1466an, Aq Qoyunluk hartu zuen eskualdearen kontrola, Qara Qoyunlu azpiraturik. 1509an, irandar safaviek konkistatu zuten Irak. Safaviak musulman xiiak ziren, heretikoak otomandarren ikuspuntuaren arabera. Beraz, xiismoa Anatoliarantz hedatzea galerazteko asmoz, Selim I.a sultanak eraso egin zien safaviei 1514an; 1535ean, otomandarrek, Suleiman Handia buru zutela, Bagdad hartu zuten. Safaviek hiriburua berreskuratu zuten 1623an, baina Murad IV.a sultanak egotzi zituen 1638an.[1]

 
Otomandar zaldun mamelukoa, Carle Verneten marrazkia, 1810.

Otomandarren eta safavien arteko gatazken ondorioz, sunien eta xiien arteko arrakala handitu zen. Safavien agintaldi laburrean (1623-1638) suniak baztertuak izan ziren, eta xiiek pairatu zuten bereizkeria otomandarrak agintean egon ziren urteetan (1638-1916). XVII. mendean, safavien aurkako guduek ahuldu zuten Otomandar Inperioaren indarra, eta ezin izan zuen eskualdea kontrolpean eduki. Hori dela eta, tribuek hartu zuten aginpidea: Al-Muntafiq batasunak erdialde eta hegoaldean, Xammar eta Anazzah federazioek hego-mendebaldeko basamortuan, eta Baban dinastia kurduak iparraldean.[1]

1747-1831 bitartean, georgiar mamelukoek gobernatu zuten Irak. Mamelukoak gaitasun handiko administrariak izan ziren, eta egonkortasun politikoak eta ekonomiaren susperraldiak markatu zuten haien agintaldia. Suleiman Paxa Handiaren agintaldian (1780-1802) aurrerabide handiak egin ziren zuzenbide estatua ezartzeko. Azken gobernari mamelukoak, Dawud Paxak, herrialdea modernizatzeko programa garrantzitsuak abiarazi zituen. Mamelukoen agintaldia 1831n amaitu zen, Mahmud II.a otomandar sultanak Bagdad hartu zuenean. Hala ere, otomandar egintea ez-egonkorra izan zen. 1869an, Midhat Paxa izendatu zuten Bagdadeko gobernadore. Midhat erreformista zen, eta Irak zaharberritzen saiatu zen, Mendebaldea eredu harturik. Haren nekazaritza erreformak, ordea, lurjabe handi bilakatu zituen tribuetako xekeak, eta gainerako tribu-kideak txirotuz joan ziren.[1]

Britainiar agintea eta Irak independentea aldatu

Lehen Mundu Gerran, otomandarrek Erdialdeko Inperioekin egin zuten bat. 1914an, britainiarrak Xatt al-Arab aldera joan ziren beren petrolio ondasunak zaintzera eta Basorako egoera kontrolatzera. 1917an Bagdad hartu zuten, eta Mosul 1918an. Hala, Britainia Handiaren mende geratu zen Irak. 1920an, Nazio Batuek lurraldea gobernatzeko eta babesteko baimena eman zieten britainiarrei. Erabaki horren kariaz, herria matxinatu zen. Horren ondorioz, 1921ean britainiarrek nolabaiteko autonomia eman behar izan zioten lurraldeari, eta Faisal I.a emirra Irakeko errege izendatu zuten 1921ean. Irakek 1932an lortu zuen independentzia.

 
Britainiar tropak Bagdaden, 1941.

Faisal I.a erregearen ondoren, haren seme Gazi I.ak gobernatu zuen. Gazi I.aren erregealdian (1933-1939) Irakeko egoera politikoa nahasia zen oso; bien bitartean, militarrek gero eta indar handiagoa eskuratu zuten. Gazi hil zenean, Faisal II.ari egokitu zitzaion erregetza. 1941ean, Rashid Ali al-Gailanik lortu zuen aginpidea estatu kolpe baten bidez; Alemania Naziaren aldekoa zen eta, horren kariaz, britainiar gudarosteek Irak hartu zuten, berriz ere, Bigarren Mundu Gerra amaitu bitartean, eta Faisal II.a ezarri zuten berriro aginpidean. Militarrek, ordea, Abdul Karim Kassem politikariaren gidaritzapean, beste kolpe bat jo eta errepublika ezarri zuten Iraken. 1961ean, kurduak matxinatu ziren eta, bederatzi urteko gerra baten ondoren, nolabaiteko autonomia eman zitzaien.

Irak baathista aldatu

1963an, Abd al-Salam Aref koronelak kolpe militarra jo zuen eta erregimen sozialista ezarri zuen. Beste kolpe bat izan zen 1968an, Baath Alderdi Arabiar Sozialistako eskuindarrei aginpidea eman ziena. 1971ean, Baath alderdiaren buruak, Saddam Husseinek, Salek Mahdi Amas jeneralari lehendakariorde kargua kendu zion, eta Baath alderdiaren eta komunisten arteko harremanak hobera egin zuen. 1972an, Irakeko Petrolio Konpainiaz jabetu zen estatua, eta adiskidetasun hitzarmen bat izenpetu zuen Sobietar Batasunarekin. 1978an, hautsi ziren komunistekiko harremanak, traizioz akusatutako buruzagi komunista batzuk heriotzara zigortu eta hil zituztenean.

 
Iran-Irak Gerrako irakiar presoak, 1982.

1979an, Saddam Hussein jeneralak hartu zuen lehendakari kargua. 1980an, Iran eta Iraken arteko gerra hasi zen, Iranen esku zegoen Xatt al-Arab estuarioa arabiarrentzat behar zuela izan eta Irak hura eskuratzen ahalegindu zenean. Gerrak 1988 arte iraun zuen, eta oso ondorio kaltegarriak izan zituen herriarentzat, eta bereziki kurduentzat; 200.000 kurdu inguru Turkiara eta Iranera joan zen ihes. Gerra haren ondorioz, ekonomiak hondoa jo zuen eta Persiar golkoko herriekiko zor ugari ekarri zizkion Iraki. Hala, herri horiekiko harremanak gaiztotu egin ziren eta 1990eko abuztuan Irakek Kuwait hartu zuen[5]; horrela hasi zen Golkoko Lehen Gerra. Irakeko gudarostea 1991eko martxoan atera zen Kuwaitik, nazioarteko indar militarren eraso gogorrari ezin aurre eginik.

Gerra ostean, Irakeko erregimenak hegoaldeko xiien eta iparraldeko kurduen matxinadei aurre egin eta gogor eraso zien. Kurduek ez zuten inolako laguntzarik jaso eta Turkiara eta Iranera ihes egin behar izan zuten; azkenik, 1991eko apirilean, Europar Batasunak eta Estatu Batuek gudaroste bat bidali zuten Irakeko iparraldera, kurduei laguntza eman ahal izateko. Aldi berean, Estatu Batuek hegoaldeko xiiak eta iparraldeko kurduak Sadam Husseinen kontra altxatzera adoretu zituen. Hala ere, haien arteko politika gorabeherak zirela eta, ez ziren ados jarri, eta Estatu Batuek ez zuten ezer egin Irakeko gudarosteak matxinatuak zanpatzea eragozteko. Milioi bat kurdu baino gehiago joan zen Iranera eta Turkiara babes bila, eta milaka hil ziren, gosez edo hotzez, negua iritsi zenean. Gerran 200.000 pertsona inguru hil ziren, zibilak gehienak. Iraki ezarri zitzaion bahimenduaren eraginez, 70 mila pertsona hil ziren, horietatik 20 mila haurrak. Bien bitartean, bai turkiarrek, bai irakiarrek, mugaldeko kurduak zapaltzen jarraitu zuten. Gerraren ondoren hartutako dokumentuen arabera, Irakek arma kimikoak erabili zituen Kurdistango biztanleak deuseztatzeko saio batean 1988an. Halabja herriaren kontrako erasoan, adibidez, 1988ko martxoan, bost mila zibil kurdu hil zituzten.

 
Haur kurduak errefuxiatu zelai batean, 1991.

Bahimendua altxatzeko baldintzak oso gogorrak ziren, Hussein agintetik eraisteko asmoz. 1991. urtearen bukaeran, gobernuak baimena eman zion Nazio Batuen Erakundeari Irakeko gune militarrak ikuskatzeko. NBEko ekipoek gas hilgarriz betetako 460 kohete suntsitu zituzten, arma kimikoak fabrikatzeko lantegi batez eta beste instalazio susmagarri batzuez gainera. 1994an zehar, Iraki gogor egiten jarraitu zuten, Kuwaiteko muga berria onar zezan. Urte hartan bertan, igarobide bat zabaldu zen Turkiako mugan janariak eta sendagaiak sartzeko NBEren baimenaz, eta merkataritza bahikuntzaren salbuespen bakar gisa. Hala ere, hilabete gutxi batzuk geroago, 1995eko martxoan, Turkiako gudarosteak Irak aldeko Kurdistanen sartu ziren, “indar aliatuek” zainduta, Kurdistango Langileen Alderdiko kideen aurka jotzeko, horiek Turkia aldeko Kurdistanen zeuden gudaroste turkiarrei eraso egiten zietelako.

1996an, Jordaniak Kuwaitekin eta Saudi Arabiarekin harremanak hobetu baitzituen eta Husseinen gobernutik aldendu, Bagdad are bakartuago geratu zen. Azkeneko bi herrialde horiek kontra bazeuden ere, NBEk petrolioa saltzen utzi zion Iraki, janariak eta sendagaiak eros ahal zitzan. NBEren 1997ko txosten batean jakinarazi zenez, milioi bat pertsona baino gehiago, horietatik 570.000 haur, hil ziren Iraken bahimenduaren ondorioz, janari eta sendagai faltagatik. Urrian egoerak okerrera egin zuen ostera, Iraken arma kimikoak eta biologikoak egiten ziren egiaztatu behar zuten ikuskatzaileei Husseinen gobernuak sartzen utzi ez zielako. Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak zigor gehiago ezarriko zizkion mehatxu egin zion Iraki. Kongresuan bere kontrako epaiketa bideratuko zuen eztabaida hasi zenarekin batera, Estatu Batuetako lehendakari Bill Clintonek, Britainia Handiko lehen ministro Tony Blairren onespenaz, Irakeko hiri batzuei misilez erasotzeko baimena eman zuen. “Basamortuko azeria” izeneko operazio horretan ehunka irakiar hil ziren, zibilak zein militarrak.

Dorre Bikien aurkako erasoen ondoren aldatu

 
Saddam Husseinen estatuaren eraistea 2003ko apirilean, Irakeko inbasioaren ondoan.

2001eko World Trade Centerreko atentatuen ondoren, Estatu Batuetako gobernuak Al Kaida sarearekin harremanak zituela eta suntsipen masiboko armak zeuzkala egotzi zion Irakeko gobernuari; salaketa horiek inoiz frogatu ez baziren ere, 2003an, Estatu Batuak gidari zituen koalizio batek Irak inbaditu zuen; Sadam Hussein harrapatu eta hil zuten, eta estatubatuarren mendeko administrazio bat ezarri zuten. Aurreko administrazioko zerbizu guztiak —armada, polizia, ur eta elektrizitate sarea…— desegin izanak sekulako kaosa eragin zuen. Bestalde, estatubatuar armadaren okupazioak eta errepresio gogorrak (horren lekuko dira Abu Ghraib espetxean estatubatuar soldaduek ateratako tortura argazki lazgarriak) eta beste herrialdetako islamiar erradikalek inbaditzaileen aurka borrokatzera Irakera joan izanak sekulako sarraskia eragin zuen: zibil asko ziren atentatu suizidetan eta estatubatuar soldaduen eta insurgentziaren arteko borroketan.

Inbasioaren ondorengo gobernuek gutxiengo sunita baztertu zuten; izan ere, Nuri al-Maliki xiita izan zen Husseinen ondoren boterean denbora gehien egon zen agintaria, 2006tik 2014ra. Horrenbestez, gehiengo suniten eremuan azkar egin zuen aurrera Daesh erakunde armatu jihadistak, askotan tribu lokalen oniritziarekin.[6] Egoera horrek hondamen ekonomiko handia eragin zuen, gainera, eta izugarri zaildu zuen herritarren bizimodua. Hainbat hauteskunde ere izan ziren, bai gobernu irakiarra eta bai legebiltzarra eratzeko, eta polizia eta administrazio irakiarra berrantolatu zituzten pixkanaka agintariek, estabatuaren gidaritzapean. 2011n, AEBetako presidente Barack Obamak amaitutzat jo zuen Irakeko misioa, eta tropak atera zituen herrialdetik. Misioak iraun zuen zortzi urte eta erdian, 130.000 zibil irakiar eta 4.500 soldadu estatubatuar hil ziren.[7]

 
Irakiar indarrak Fallujako guduaren ostean (2016ko ekaina).

2014an, Daesh-ek kalifa-herria ezarri zuen Siria eta Irakeko lurretan, bi herrialdeen arteko muga urtuta. Urte hartako ekainean, eraso azkar batean, Daesh-ek Mosul konkistatu zuen; Irakeko armada ihesi irten zen hiritik, apenas borrokarik egin gabe, eta armak eta ibilgailu militarrak jihadisten eskuetan geratu ziren. Haien aurka egiteko indarrik eraginkorrenak kurduenak izan ziren.[6] Daesh-en basakeriak Al Kaidarena gainditu zuen: dozenaka mila pertsona hil zituen,[8] eta gutxiengo yezidi eta kristauak jazarriak izan ziren.[9][10] Horiek horrela, herrialde ugari hasi ziren esku hartzen Estatu Islamikoaren aurkako gerran, Estatu Batuak eta Errusia barne (azken hau Sirian bakarrik).[11] 2015ean, Estatu Islamikoa atzera egiten hasi zen: apirilean Tikrit galdu zuen, Ramadi abenduan, Falluja 2016ko ekainean, eta Mosul 2017ko uztailean. 2017ko amaierarako, Daesh egotzia izan zen Iraketik.[12]

2017ko irailean, independentziarako erreferenduma egin zen Irakeko Kurdistanen, eta hautesleen %93 Iraketik banantzearen alde agertu zen.[13] Irakeko Auzitegi Gorenak legez kontrakotzat jo zuen bozketa.[14]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g Iraq, a country study: History. U.S. Library of Congress, countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2018-6-14).
  2. Rosenberg, Matt. Largest Cities Throughout History. thoughtco.com (Noiz kontsultatua: 2018-6-14).
  3. The Black Death. The University of Calgary (Noiz kontsultatua: 2018-6-25).
  4. Nestorian. 2018 Encyclopædia Britannica, britannica.com (Noiz kontsultatua: 2018-6-25).
  5. (Gaztelaniaz) «100.000 soldados iraquíes ocupan Kuwait de madrugada» El País 1990/08/03.
  6. a b Garcia, Adrian. Hamar urte, eta odolusten. Berria egunkaria, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  7. AEBetako Defentsa idazkariak dio "Irak independentearen ametsa" egi bihurtu dela. Berria egunkaria, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-7-6).
  8. Shah, Khushbu; Hume, Tim. Nearly 19,000 civilians killed in Iraq in 21-month period, report says. edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  9. Alberdi, Beñat. «Bost dolar ordainduta emakume yezidi bat eros zenezakeen». Berria egunkaria, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  10. The genocide committed by Daesh must be prosecuted and punished. Council of Europe, assembly.coe.int (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  11. Estatu Islamikoaren kontrako "borroka" luzea izango dela iragarri du Obamak. Berria egunkaria, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  12. Aboulenein, Ahmed. Iraq holds victory parade after defeating Islamic State. reuters.com (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  13. Kurdistan independentea nahi dutela esan dute boto-emaileen ia % 93k. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  14. Hego Kurdistango erreferenduma bertan behera uzteko agindu du Irakeko Auzitegi Gorenak. Berria egunkaria, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).

Kanpo estekak aldatu