Irakeko Gerra
Irakeko Gerra, Bigarren Golkoko Gerra edo Irakeko Okupazioa Iraken, alde batetik, eta, bestetik, Ameriketako Estatu Batuak eta Erresuma Batua buru zituen nazioarteko aliantzaren arteko 2003an piztutako gerra izan zen. AEBetako eta Erresuma Batuko tropek (beste herrialdeen armadak askoz txikiagoak baitziren) aise garaitu zuten Irakeko armada ofiziala eta egun batzuen buruan herrialdea okupatu ahal izan zuten. Hala ere, haien kontrako erresistentziak uste baino gehiago irauten du, gaur egun ere inbaditzaileen aurkako ekintzak burutzen baitu. Gatazka armatua 2003ko martxoaren 20an hasi zen eta 2010eko abuztuaren 19an amaitu zen, azken militar estatubatuarrek Irak utzi zutenean.[4] Guztira, Irakeko Armadako 4.895-6.370 militar,[erreferentzia behar] koalizio inbaditzaileko 4.800 gudari[3] eta 116.903 irakiar zibil[3] hil ziren.
Irakeko Gerra | |||
---|---|---|---|
Terrorismoaren aurkako gerra | |||
Irakeko Gerraren irudiak | |||
Data | 2003 - 2011[1] | ||
Lekua | Irak | ||
Emaitza |
| ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Izena Persiar Golkotik datorkio.
Sorrera
aldatuGeorge W. Bush AEBetako presidenteak 2002an zioenaren arabera, 2001eko irailaren 11ko atentatuz geroztik, Iraken AEBekiko gorrotoak nahiz suntsipen handiko armak lortzeko gutiziak AEBetako ahulezia areagotzen zuten, eta, beraz, Irak desarmatzea lehentasun bihurtu zitzaion.
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko 1441 ebazpenak, 2002ko azaroaren 8an bozkatuta, Irak estatuari berriz behatzaileak onar zitzan eta aurreko ebazpen guztiak bete zitzan eskatzen zion. Irakek hala egin zuen arren, 2003ko aurrealdian, Bush presidenteak zein Tony Blair lehen ministroak adierazi zuten Irakek NBEko ikuskatzaileei lana oztopatzen ziela eta artean ere debekatutako armak gordetzen zituela. Beste agintari batzuk, tartean Frantziako Jacques Chirac edo Alemaniako Gerhard Schröder, saiatu ziren, behar adina denbora emanda, ikuskapenak ugaltzen, Irakek kooperazioa areagotuko zuelakoan.
Hala eta guztiz ere, martxoaren 16am Britainia Handiko eta Espainiako lehen ministroen babesa lortu zuen[5] eta martxoaren 17an, NBEko ebazpenen babesik gabe eta Segurtasun Kontseiluko ahalegin diplomatikoak alferrikakotzat jota, George W. Bushek diplomaziaren garaia bukatu zela adierazi eta herrialdea 48 ordutan uzteko ultimatuma luzatu zion Saddam Husseini.
Gerra kanpaina
aldatuSaddam Husseinek eskaera horri muzin egin ostean, martxoaren 20an, goizeko 5:34an (tokiko ordua) AEBetako eta aliatuetako tropek Iraki eraso zioten. Egun batzuen buruan, Kuwaitik atera ziren indar armatuek Irakeko hiri nagusiak hartu zituzten. Beldurrak beldur, atzera egin zuen armada irakiarrak ez zuen ia-ia herrialdeko azpiegiturarik kaltetu, eta askok inbaditzaileei aurre ez egiteko deliberoa hartu zuten.
Hegoaldeko Iraken, Baath alderdiko kideek erakutsi zuten erresistentziarik handiena. Erdialdean, Errepublikako Guardiak –ongi armatutako talde paramilitarrak- atzera egin zuen hiriburua defendatu ahal izateko. Iparraldera egin ahala, erresistentzia indartsuagoko eremu populatuak zeharkatu behar izan zituzten, aurrerapena nolabait Baghdadetik 95 kilometrotik atzeratuz. Apirilaren 4an Bagdadeko nazioarteko aireportua hartu zuten, eta, apirilaren 9an, hiriburuko erresistentzia bertan behera geratu zen. Irakiarrek, batzuetan gogotsu aritu arren, gehienetan bururik gabe jardun zuen. Egun berean, britainiarrek Basora hiria hartu zuten.
Iparraldean, halere, beste fronte nagusi bat irekitzeko planak deuseztatu ziren Turkiako gobernuak AEBetako armadari herrialdea zeharkatzea debekatu zionean. Nolanahi ere, airez igorritako tropa batzuk kurduen kontrolpean zegoen iparraldean paratu ziren, eta pexmerga gudari kurduekin bat egin zuten iparraldeko hiri nagusiak hartzeko: Karkük (apirilaren 10ean) eta Mosul (apirilaren 11n). Tikrit, Saddam Husseinen jaiolekua eta herrialdeko azken erresistentzia-gune garrantzitsua, apirilaren 13an erori zen amerikarren eskuetara. Hurrengo egunetan loialistek jarraitu zioten borrokatzeari, baina maiatzaren 1ean, George Bushek borroka amaitutzat eman zuen, USS Abraham Lincoln hegazkin-ontzian zegoela.
Gerra ondokoa
aldatuSaddamen agintaldia amaitu bezain laster, Irakeko hiri nagusietan bortizkeria piztu zen. Hasiera batean gobernuko eta instituzio publikoetako bulegoak zein eraikinak arpilatu ziren. Krimen arrunt horri berehala aginte berriaren kontrako gerrila erasoak gehitu zitzaizkion. Legea eta ordena berrezartzea konkistatzaileen atazarik neketsuena bilakatu zen.
Gerrako operazio arruntek AEBen botere militarra berriro ere erakutsi bazuten ere, gerra ondokoak gerrillaren aurka ohiko armadan baten arazoak azaleratu ditu. Izan ere, hurrengo urteetan ugariak izan ziren armada inbaditzaileen aurkako erasoak, baita bertako komunitateen aurkakoak ere. Gerra ondokoan inbaditzaileek pairatu dituzten hildakoen kopurua gerrakoa baino handiagoa da. Hildako irakiarrei dagokienez (bai erresistentziakoak, bai zibilak), zaila da kopuru zehatza ematea, baina inbaditzaileena baino altuagoa bada inondik inora.
Horiek horrela, 2004tik Iraken zeuden koalizioaren indarrak 160 000 lagunekoak baino handiagoak ziren, hau da, AEBen armadaren herena edo Frantziako armada hiru halako. AEBetako zein Ingalaterrako armadek ekintza ofentsiboak burutzeko eskubidea izan arren eta sortu berri den Irakeko armadaren eta poliziaren laguntza izan arren, ez dute lan erraza izan Iraken bortizkeria geldiarazteko. Nolanahi ere, azken bolada honetan erasoak urritu direla badirudi.
Saddam Husseinen atxiloketa eta epaiketa
aldatuKoalizioko indarrek Saddam Husseinek herrialdea utzi zuelakoan zeudela esan arren, 2003ko abenduaren 13an, AEBetako infanteriako 4. dibisioko 600 bat lagunek atxilotu egin zuten al-Daous-en, Tikritik hurbil, ezkutatuta zegoela.
Saddam Husseinen ezkutalekua lur azpiko zulo bat zen, sarbide estu bat zeukana. Bertan, 750 000 dolarreko maletina, pistola bat eta bi kalaxnikov bazeuzkan ere, ez zuen erresistitzeko imintziorik egin atxilotzerakoan. Handik gutxira, ezkutalekuaren eta mediku militar batek aztertzen zuen Saddam Hussein bizardunaren irudiek mundu osoari bira eman zioten laster batean. Paul Bremerrek, AEBetako prokontsulak, "We got him" (Badaukagu) esanda jakinarazi zuen berria horretarako propio eginiko prentsaurrekoan.
Horren ostean Iraken bertan epaitu zuten, besteak beste, gizateriaren aurkako krimenak leporatuta. Epaiketan zehar, munduko hainbat tokitako abokatu-elkarteek epaiketa salatu zuten. Izan ere, Saddam Husseinen hiru abokatu defendatzaile hil zituzten. Bi urte geroago, 2006ko azaroaren 5ean, besteak beste 1982an Duyail herrixkan 148 xii hiltzeagatik, 1988ko Halabjaren aurkako eraso kimikoagatik, edo 1991ko xiien matxinada bortizki zapaltzeagatik, hiltzera zigortu zuten epaileek. Abenduaren 30ean urkatu zuten.
Gerraren amaiera
aldatu2010eko otsailaren 17an AEBetako Defentsa Idazkariak, Robert Gatesek, "Irakiar Askatasuna Operazioa" 2010eko irailaren 1erako amaitutzat eman zuen eta "New Dawn Operazioa"-k ordezkatu zuen.[6]
Ondoren, abuztuaren 2an Barack Obama AEBetako presidenteak operazio militar guztiak abuztuaren 31rako amaitutzat eman zituen eta azkenik estatubatuar soldadu guztiak 2010eko abuztuaren 19an Irak utzi zuten. Ordutik aurrera laguntzarako unitateak geratu ziren, eraso unitate bakar bat ere ez zen geratu.[7][8]
Kritikak
aldatuLehenengo Golkoko Gerran ez bezala, bigarren horko horretan ez zen oso aliantza zabalik bildu Saddam Hussein eta Baath alderdia boteretik erausteko. Munduko lider batzuek gerra babestu bazuten ere, Europako zein Ekialde Hurbileko iritzi publikoek ia aho batez arbuiatu zuten. Arabiar frankoren ustetan, gainera, Islamiarraren kontrako inperialismoan beste aurrerapauso bat baino ez zen.
AEBetatan, gerraren kontrako protestak hiri batzuetan egon baziren ere, inkestek ekintza militarraren aldeko jarrera erakusten zuten bai gerra baino lehen baita gertatzen ari zelarik ere. Batzuetan, gerraren gaineko iritziek ez zuten bat egiten alderdi tradizionaleko ikusmoldeekin. Izan ere, eskuineko batzuek ez dituzte begi onez ikusten internazionalismoaren aldeko urratsak; eta ezkerreko batzuen ustez, Saddam Husseinen giza-eskubideen etengabeko urraketa zela kausa, gerra zilegizkoa zen.
Alabaina, gerrillako erasoak ugaldu ahala, Bushek guda amaitutzat jo bazuen ere, gero eta amerikar gehiagok zalantzan jarri zituzten gerrako helburuak nahiz burutzeko moduak; batik bat suntsipen handiko armak, gerrarako justifikazio nagusia hain zuzen ere, aurkitzen ez zituztelako.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ El Ejército de EE UU concluye su misión en Irak tras nueve años de ocupación. El País (Noiz kontsultatua: 2011-12-15).
- ↑ https://web.archive.org/web/20181025180952/http://icasualties.org/Iraq/index.aspx
- ↑ a b c Levy, Barry S.; Sidel, Victor W.. (2013-03-16). «Adverse health consequences of the Iraq War» The Lancet.
- ↑ La última brigada de combate de EE.UU. deja Irak. BBC. 2010eko abuztuaren 19a.
- ↑ (Ingelesez) Bartlett |, Debbie. (2018-03-16). «16 March 2003: The Azores summit sets the stage for the War on Iraq» surinenglish.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-22).
- ↑ Exclusive: War in Iraq to Be Given New Name
- ↑ «U.S. ending combat operations in Iraq» MSNBC August 18, 2010 (Noiz kontsultatua: August 18, 2010).
- ↑ «US ends combat operations in Iraq» Al Jazeera English August 18, 2010 (Noiz kontsultatua: August 18, 2010).
Bibliografia
aldatu- Bibliography: The Second U.S. - Iraq War (2003-2010)
Kanpo estekak
aldatu- Electronic Iraq: Irakeri buruzko albisteak egunero.
- News from Iraq: Irakeko Gerrari buruzko azken orduko albisteak eta informazioa.
- Irakeko bereizmen handiko mapak, GulfWarrior.org.