Paul Gauguin
Eugène Henri Paul Gauguin (Paris, 1848ko ekainaren 7a – Atuona, Hiva Oa, Frantziar Polinesia, 1903ko maiatzaren 9a) margolari eta eskultore frantziarra izan zen.[1]
Biografia
aldatuHaurtzaroan Perun izan zen (1850-1855). 1865etik 1871ra bitartean itsas armadan ibili zen, eta ondoren banketxe batean lan egin zuen, baina pintura alde batera utzi gabe betiere. Camille Pissarrok bultzaturik, inpresionistekin batera egin zituen lehen erakusketak (1880, 1881, 1882, 1886). 1881ean Paul Cézannerekin lan egin zuen. 1883an lana eta familia utzi eta pintura hartu zuen bizibidetzat. 1886an Bretainiara joan eta bertan Émile Bernard ezagutu zuen, eta ondoren, Parisen, Van Gogh. 1887an Martinikara joan zen, inpresionistak bazter utzi, eta Kolonen aurreko artea oinarri edalontzi sail bat egin zuen.
1888an Bretainiara itzuli zen berriro eta Émile Bernardekin batera sintetismoa sortu zuen. Margolaritzari neurri izpiritual bat eman nahirik, sinbolistekiko jakin-mina piztu zitzaion, ideiari lehentasuna eman eta artearen jatorrietara itzultzen saiatu zen. Marrazki japoniarren eraginez, lerro eta kolore sotiletara jo zuen. Van Goghekin hiru hilabete Arlesen egin ondoren, bere estiloaren jatortasuna areagotu zuen zenbait obratan (Le Christ jaune, 1889; La vision après le sermon, 1889 eta B.M. Gauguin, 1889).
Estiloa
aldatuKoloreari buruzko teoria neoinpresionistak landu zituen (Nature morte ripipoint, 1889). Tahitira joateko erabakia hartu zuen (Tahitiar emakumeak hondartzan, 1891, Quand te maries-tu ?, 1892 eta L'esprit des morts veille, 1893), eta anitz lurraldetako eraginak bereganatu. Gaixoturik, Parisa itzuli eta bere obrak saldu zituen. 1895ean Tahitira joan zen berriro eta Never More (1897), Les seins aux fleurs rouges (1897) eta D'où venons-nous ? Que sommes-nous ? Où allons-nous ? ("Nondik gatoz? Zer gara? Noragoaz?", 1897) margotu, bere testamentutzat jotzen zituena. Bere buruaz beste egiteko saio baten ondoren, Markesetara joan zen, eta han bertakoen alde jarri, kolonia administrazioaren kontra. Hala ere, ez zien margotzeari eta eskultura lanak egiteari utzi (L'or de leur corps, 1901; Cavaliers sur la plage, 1902), eta irudien antolamendu berri bat erakutsi zuen.
Gauguinen lanak eragin handia izan zuen XX. mendeko margolaritzan eta eskulturan (Derain, Picasso, Modigliani, etab.); kolorearen ikusmoldeari dagokionez, fauvismoaren aitzindaria izan zen.
Primitibismoa eta kritika
aldatuGauguinen jatorrizkoaren bilaketa argi eta garbi askatasun sexualaren nahia zen, eta hori islatzen da Manao tupapau (1892), Parau na te Varua ino (1892), Anna the Javanerin (1893), Te Tamari No Atua (1896) eta Kontakizun krudelak (1902) margolanetan, besteak beste. Gauguinen Tahitiren ikuspegia, maitasun libreko, klima leuneko eta ninfa biluziko Arkadia lurtar bat bezala, berdin-berdina ez bada, arte akademikoaren pastoraltza klasikoaren antzekoa da, milaka urtetan zehar nekazal bizitzaren mendebaldeko pertzepzioak osatu dituena. Bere margolan tahitiarretako bati "pastoral tahitiarra" deitzen zaio eta beste bati Nondik gatoz? Nor gara? Nora goaz?. Horrela, Gauguinek Arte Ederretako eskoletako pastoral-tradizio akademikoa zabaldu zuen, ordu arte antzinako greziar eskulturatik kopiatutako irudi europarretan soilik oinarritu zena eredu ez europarrak sartzeko[2].
Gauguinek tahitiar gizartea ospatzen eta tahitiarrak kolonialismo europarraren aurka defendatzen ari zela ere uste zuen. Kritikari feminista postkolonialek, ordea, gaitzetsi egiten dute Gauguinek maitale nerabeak hartu izana, horietako bat hamahiru urte baino ez zituena. Gogorarazten digutenez, bere garaiko eta ondorengo europar askok bezala, Gauguinek askatasuna ikusten zuen, bereziki sexuala, hertsiki kolonizatzaile maskulinoaren ikuspuntutik. Gauguin primitibismoarekin "gaizki" dagoenaren adibide gisa erabiliz, kritikari horiek, euren ustez, primitibismoaren elementuek "arraza- eta sexu-fantasien lotura trinkoa eta botere koloniala zein patriarkala" barne hartzen dituztela ondorioztatzen dute. Kritikari horien ustez, Gauguinen moduko primitibismoak arraza- eta sexu-desberdintasunari buruzko fantasiak erakusten ditu, "Primitibismoaren nozioak" Bestearekin "esentzializatzeko ahaleginean". Horrela, diotenez, primitibismoa exotismoaren eta orientalismoaren antzeko prozesu bihurtzen da, Edward Saidek kritikatu zuen bezala: hor, inperialismo europarrak eta "ekialdearen" ikuspegi monolitiko eta iraingarriek "mendebaldearen" aldetik herri kolonizatuak eta euren kulturak definitzen zituzten[2].
Obra
aldatuMargolanak
aldatu- Le Lac dans la plaine (1873), Fitzwilliam Museum, Cambridge
- La Seine au pont d'Iéna (1875), Orsay museoa, Paris
- Paysage d'automne (1877), bilduma partikularra.
- Mette Gauguin cousant (v. 1878), Emil G. Bührle Fundazioa, Zurich
- Jardin sous la neige (1879), Szépmûvészeti Múzeum, Budapest
- Les Maraîchers de Vaugirard (1879), Smith College Museum of Art, Northampton, Massachusetts
- Étude de nu ou Suzanne cousant (1880), Ny Carlsberg Glyptotek, Copenhague
- Intérieur du peintre à Paris, rue Carcel (1881), Nasjonalgalleriet, Oslo
- Jardin à Vaugirard (1881), Ny Carlsberg Glyptotek, Copenhague
- Rouen, Les Toits bleus (1884), bilduma partikularra, Winterthour, Suitza
- Mette Gauguin en robe du soir (1884), Ny Carlsberg Glyptotek
- Villa Julia. Pont-Aven (1887/1888)
- Conversation dans les prés. Pont-Aven (1888), Belgikako Arte Ederren Errege Museoa, Brusela
- Ferme à Arles (1888), Indianapolisko Arte museoa, Indianapolis
- Au café à Arles (1888), Puxkin Museoa Mosku,
- Arbres bleus (1888), Ordrupgaard museum de Copenhague, Danimarka
- Nature morte à l'estampe japonaise (1889), Teherango Arte Garaikidearen museoa
- Vision du Sermon — Combat de Jacob avec l'ange (1889), Eskoziako Galeria Nazionala, Edimburgh
- Le Calvaire breton (1889), Belgikako Arte Ederren Errege museoa, Brusela
- Le Christ jaune (1889), Galerie d'art Albright-Knox, Buffalo
- Bonjour Monsieur Gauguin (1889), Pragako Galeria Nazionala
- Nature morte à la statuette maorie (1890 inguruan), Reimseko Arte Ederren Museoa, Reims
- La Mère de l'artiste (1890 - 1893), Alte Staatsgalerie, Stuttgart
- Ia Orana Maria (1891), Metropolitan Museum of Art, New York
- Femmes de Tahiti (1891), Orsay museoa, Paris
- Manao Tupapau (1892), Knoxeko Arte Galeria, Buffalo
- Fatata te Miti (1892), National Gallery of Art, Washington (Columbia)
- Quand te maries-tu ? (1892), Beyeler Fundazioa, Bale
- Mahana maa I (1892)
- Piti Teina (1892), Ermitage, Saint-Pétersbourg
- Arearea (« Joyeusetés ») (1892), Orsay museoa, Paris
- Autoportrait au chapeau (1893), Orsay museoa, Paris
- Eiaha Ohipa (1896)
- Te Tamari no atua (1896), Neue Pinakothek, Munich
- Nave Nave Mahana (1896), Lyongo Arte Ederren museoa, Lyon
- D'où venons-nous ? Que sommes-nous ? Où allons-nous ? (1897-1898), Bostongo Arte Ederren Museoa
- Deux femmes edo La Chevelure fleurie
- Les Seins aux fleurs rouges (Bularrak lore gorriez) (1899), Metropolitan Museum of Art, New York
- Le cheval sur le chemin (1899), Puxkin Museoa de Mosku,
- Le Sorcier d'Hiva Oa (ou Le Marquisien à la cape rouge) (1902), Liègeko Arte Ederren Museoa
Grabatuak
aldatu- 12 gravures exécutées au crayon lithographique sur zinc, Café Volpini, exposition du Groupe impressionniste synthétiste, Paris, 1889.
- Le Portrait de Mallarmé, ur-bortitz, 1891.
- Noa Noa, hamar plantxa, egurrez grabatuak, Paris / Pont-Aven, 1893-1894.
- Manao Tupapau, L'Estampe originale bilduman (1893-1895).
- Le Sourire, 33 grabatu egurrez (1899-1901).
Galeria
aldatu-
Oviri eskultura.
-
Cochons noirs (1891), Budapesteko Arte Ederren Museoa.
-
Portrait de Suzanne Bambridge (1891), Belgikako Arte Ederren Errege Museoa.
-
Fatata te Miti (1892), National Gallery of Art.
-
Vairumati (1897), Orsay museoa.
-
Cavaliers sur la plage (1902), Stavros Niarchos bilduma, Grezia.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ http://catalogue.bnf.fr/ark:/12148/cb11904339p
- ↑ a b Solomon-Godeau, Abigail.. (1992). Going native : Paul Gauguin and the invention of primitivist modernism.. PMC 886794606. (Noiz kontsultatua: 2020-08-07).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Ingelesez):Paul Gauguin Artcyclopedian.