Ireki menu nagusia

Flora Célestine Thérèse Henriette Tristán y Moscoso (Paris, Frantzia, 1803ko apirilaren 7a – Bordele, Frantzia, 1844ko azaroaren 14a) frantsesezko idazlea eta pentsalari sozialista eta feminista izan zen, feminismo aurreratuaren sortzailea. Perutar jatorrikoa, frantses herritartasuna zuen.

Flora Tristan
Flora Tristan.jpg
Bizitza
Izen osoa Flora Célestine Thérèse Henriette Tristán y Moscoso
Jaiotza Paris1803ko apirilaren  7a
Herrialdea  Peru
Heriotza Bordele1844ko azaroaren  14a (41 urte)
Hobiratze lekua Chartreuseko hilerria, Bordele
Heriotza modua berezko heriotza: Tifusa
Familia
Ezkontidea(k) André Chazal Itzuli
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzak frantsesa
Jarduerak
Jarduerak idazlea, feminista, sufragettea, sufragista eta politikaria

BizitzaAldatu

Aita Mariano Tristan y Moscoso zuen, perutar koronela eta aristokrata, Juan Pío de Tristán y Moscosoren anaia. Ama, aldiz, frantsesa zuen, Thérèse Lesnais. Bere gurasoek Bilbon ezagutu zuten elkar, eta aitak ez zuen Flora Tristan legezko alabatzat onartu.

Luxuzko haurtzaroa izan zuen, mailari zegokionez, baina aita hil zenean 1808an, ama eta bera pobrezian geratu ziren, ezin izan baitzuen oinordetzarik jaso senidetasuna aitortu gabe baitzegoen.

Aitaren heriotzatik bi urtera, Flora eta haren ama auzoz aldatu ziren eta Parisko auzo marjinal batera joan ziren bizitzera, egoera zailean biziz.

16 urterekin litografia lantegi batean lanean hasi zen, kolorista langile moduan. 17 urterekin lantegiaren jabearekin ezkondu zen, André Chazal-ekin 1821eko otsailaren 3an. Hurrengo lau urtean, hiru seme-alaba izan zituzten. Haietako bat jaio eta gutxira hil zen; Ernest eta Aline izan ziren beste biak (azkena 1825ean jaioa eta Paul Gauguinen ama izango zena). Komenentziazko ezkontza hura senarraren tratu txarrek eta jeloskortasunak bultzatuta bukatu zen. 22 urterekin Flora etxetik joan zen, eta bere seme-alabak eraman zituen. Chazal atzetik izan ondoren, akordio batera iritsi ziren: Florarekin geratuko zen alaba, eta mutila aitarekin.

Flora bere senarraz ez zenez fidatzen Parisetik ihes egin zuen bere alabarekin. Juan Pio bere Peruko osabarekin harremanetan jartzea lortu zuen eskutitz bidez, eta honek diruz lagundu zion bost urtez. Pedro Mariano de Goyeneche ahaideari esker, Florak Perura joatea lortu zuen 1832an, oinordetza eta mailako bizimodua berreskuratzeko asmoz.

1833ko apirilaren 7an, hogeita hamar urte bete zituen egunean bertan, Florak Le Mexican itsasontzia hartu zuen. Ameriketaraino ibilbideak 5 hilabete iraun zituen. Arequipan 1834ko apirilaren 4raino bizi izan zen eta gero Limara joan zen. Don Piok «iloba maitea» deitu arren, ez zegoen iloba zenik ziurtatzen zuen paperik, eta ezin izan zion oinordekotzaren zatirik eman. Hala ere, hilero dirua ematen jarraitu zuen. Florak, Perun emandako aldian, politika-krisia eta guda zibila bizi izan zituen.

Florak egunerokoa idatzi zuen Perun bizitako esperientzia azaltzen. Egunekoa 1838an argitaratu zen, Peregrinations d'une paria izenarekin (hots, «Paria baten ibilerak»).

1834ko uztailaren 16an Callaon itsasontzia hartu zuen Liverpoolera.

Frantziara itzulirik, heriotza zigorraren aurkako, emakumearen burujabetzearen aldeko eta langileen eskubideen aldeko kanpaina hasi zuen. Dibortzioa lortuta bi semeen zaintza lortu zuen. 1838ko irailean, senar ohiak, zaintza galdu zuelako suminduta, kalean tiro egin zion hiltzeko asmoz. Ez zuen lortu, baina Flora larri zauritu zuen. Kasua prentsan atera zen, eta, bat-bateko ospe horri esker, Chazal epaitua izan zen eta 20 urteko lan behartuen zigorra ezarri zioten (alaba bortxatzen saiatu izana ere egotzi baitzioten).

Chazalengandik erabat bananduta, 1840an L'Union Ouvrière («Langile Batza») lana argitaratu zuen: landutako programa sozialista. Langileak batu eta burujabetzeko beharraz hitz egiten zuen (langileenekin batera emakumeen burujabetza ere bazetorren). «Herrialde guztietako langileak, elkar zaitezte!» esaldiaren aurrekaria berea da. Sozialismoaz eta langileriaz hitz egin zuen aurreneko emakumea izan zen. Karl Marxek Floraren liburuak irakurri zituen eta Florataz "goreneko ereduen aurrekaria" izan zela esan zuen. Engelsekin batera idatzitako Familia Santua liburuko 4. kapituluan Flore Celestine feminista komunistaren defentsa egin zuten.

Frantzian bere ideia iraultzaileak zabaltzen ari zela, tifusak jota hil zen, 41 urterekin.

LanakAldatu

Flora Tristan izaera ideologiko eta literario handiko lanen idazlea izan zen.

  • Pérégrinations d'une paria (1833-1834) (frantsesezko testua 1839 eta 1840koa da; Emilia Romero-k egindako gaztelaniazko itzulpena 1946koa eta 1971koa). Liburu hau Ameriketara egin zuen bere bidaiaren kontakizuna da eta Perun egindako egonaldiarena, 1833 eta 1834an. Egileak forma narratibo anitzak erabiltzen ditu bere esperientzien ikuspegi propioa emateko. Sortu berri zen Peruko errepublika ezagutzeko ezinbestekoa da, bere ohiturak eta praktikak kontatzen baititu.
  • Promenades dans Londres (1840). Liburu honek britaniar zibilizazioa kritikatzen du.
  • L’Union ouvrière (1843). Lan honetan laburbilten dira bere ideiak eta langileriaren aldeko erreformak. Idazlan oso garrantzitsua Marxen liburutegian.
  • Mephis. Eleberria. Protagonista Mesiasen eta Mefistofelen konbinazioa da.

PentsamenduaAldatu

Flora Tristanen feminismoa Ilustrazioan oinarritzen zen. Beraz, gizaki guztiak askeak, berdinak eta eskubide berdinekin jaiotzen zirela zen bere ideien oinarri nagusia zen. Dena de, Frantses Iraultzaren ostean garatu zituen bere ideia horiek. Aurreko pentsalari emakumeekin jarraitasuna zeukan (esate baterako, Mary Wollstonecraft), baina klase sozialaren zentzua eman zion bere feminismoari, feminismo marxistari bidea emango ziona.

Sozialista utopikoen ideia kritikoekin bat egiten zuen eta, areago, langileen alderdi poltiiko baten beharra teorizatu zuen. Hortik bere L’Union ouvrière lana 1843an. Bertan idatzi zuen honakoa: «Munduko atsekabe eta kalte guztiak datoz emakume izateari dagozkion eskubide natural eta kendu ezinak garu egun arte ahaztearen eta mezpretxatzearen erruz». Horregatik dio lan horretan ere «langileen miseria eta ezjakintasuna hobetzea» behar-beharrezkoa dela. Flora Tristanentzat emakumeen egoeraren arrazoia zetorren gizonak baino gutxiago zireneko ideia faltsutik. Legeak, zientziak eta elizak egindako diskurtso ideologiko horrek emakumea baztertzen zuen hezkuntza arrazionaletik eta bere jabearen esklabu bihurtzen zuen. Horra arte, sufragismoaren antza dute bere ideiek, baina berak klaseaz hitz egiten zuen, emakumeei hezkuntza ukatzea, haien esplotazio ekonomikoarekin harremanetan jartzen baitzuen: neskatilak ez ziren eskolara bidaltzen «etxeko lanetan probetxua ateratzeko, umeak zaintzen, errekaduak egiten, janariaren prestaketan laguntzen, etab.» eta, ondoren, «hamabi urterekin aprendiz bidaltzen da: han esplotatuaizaten jarraitzen du, patroiaren eskutik, eta sarritan tratu txarrak jasotzen ditu, gurasoen etxean gertatu ohi zitzaion moduan». Bere dikurtsoan gutxien dutenen analisia egiten du: emakume langileena. Oso gogor salatzen du, tratu injustua eta iraingarria jasotzen zuten jaiotzen ziren momentutik, hezkuntzarik eza eta gizonaren menpe egonik behartuta, izaera gaiztoa garatzera eramaten zituen. Egilearentzat degradazio moral hori oso garrantzitsua zen, emakumeek ama, emazte, maitale eta alaba moduan «gizon langilearen bizitzan den-dena baitira», eta haren bizitza osoan eragiten zuten. Emakume langileen egoera horrek ez zeukan parekorik gizarteko goi mailetan, diruak hezitzaile eta zerbitzari profesionalak eta bestelako entretenimenduak lortzea baitzeukan.

Bere idazlanetan islatzen zuen bere borroka etengabea gizarte justuagoa eta berdinagoa egiteko. Era horetan, Pérégrinations d'une paria lanean salatzen ditu Arequipa-ko gizartean zeuden bazterketa moduak. Promenades dans Londres lanean langile ingelesen deskripzio gogorretako eta lehenetariko bat egin zuen: «esklabotza ez da ezagutzen dudan giza zoritxar handiena, langile ingelesak ezagutu ditudanetik».

Emakume (langilea) hobeto heztearen ondorioz, langile-klasearen hobekuntza morala, intelektuala eta materiala lortuko litzateke. Sozialista utopiko gisa, hezkuntzaren garrantzian sinisten zuen eta feminista moduan emakumeari hezkuntza eman behar zaiola eskatzen. Era berean, uste du emakumearen hezkuntza arrazionala ezinezkoa dela, gizonen emantzipaziorik gabe (mugimendu feministaren aldarrietako bat izaten jarraitzen duena).

Justizia unibertsala denontzat bilatu behar zela aldarrikatzen zuen, gizonek ere aldatzen lagundu behar zutena, beraien kalterako baitzen emakumearen egoera: «Emakumea esklabo egiten duen legea eta hezkuntza ukatzen diona, gizon lagileen zapaltzaile ere bada. (...) Zuen interesagatik, zuen egoera hobe dadin, guztion ongizate unibertsalaren izenean, emakumeen eskubideak aldarrikatzera deitzen dizuet». (L’Union ouvrière). Gizon eta emakumeen elkartzea aldarrikatzen zuen, Manifestu Komunistaren aurretik, justizia eta oparotasuna ekarriko zituen irultza baketsuaren bidez (sozialismo utopikoaren bidetik).

Pérégrinations d'une paria lana bere autoerretratua da: paria zen arrazoi bikoitzengatik: aitaren legezko onarpenik gabeko alaba zelako eta, beraz, oinordegabetutakoa; eta komenentziako ezkontza egin zuelako. Bere esperientziaz hitz egiten zuen lehen pertsonan. Zapalkuntza bikoitz horretako biktima aitortzen zuen bere burua. Emakumeen kontrako zapalkuntzaren tresna bezala, ezkontzaren kontra borroka egin zuen, errekonozitzen zuen infernu bakar gisa.

ErreferentziakAldatu

  1. (Frantsesez) Evelyne Bloch-Dano, «Flora Tristan. La femme-messie», grasset.fr
  2. (Gaztelaniaz) «Flora Tristán», flora.org.pe
  3. (Gaztelaniaz) «Flora Tristán», nodo50.org


BibliografiaAldatu

Gaztelaniaz:

Frantsesez:

  • Desanti, Dominique (1972): Flora Tristan, Hachette 1972, réédition en 10/18
  • Michaud, Stéphane (dir.) (1985): Un fabuleux destin : Flora Tristan, éditions universitaires de Dijon. Actes du colloque de Dijon, mai 198412.
  • Bloch-Dano, Évelyne (2001): Flora Tristan La Femme-messie, Grasset.
  • Michaud, Stéphane (2003): Flora Tristan : La paria et son rêve, Sorbonne nouvelle: bere gutunen parte handi baten argitalpena.
  • De Flora Tristan à nos jours : l’émancipation en marche, Colloque du bicentenaire de la naissance de Flora Tristan, Bordeaux, 13 novembre 2003 :
    • « De la Paria à la Femme-messie », introduction sur la vie de Flora Tristan par Évelyne Bloch-Dano.
    • « Flora Tristan une singularité dans le xixe siècle des « Utopistes » par Michèle Riot-Sarcey, historienne, professeure à l’université Paris 8.
    • « Un maillon fort de l’émancipation et de l’égalité d’hier à aujourd’hui » par Stéphane Michaud, professeur de littérature comparée à la Sorbonne.
  • Cross, Máire (1992)The feminism of Flora Tristan, Berg, Oxford (ISBN 0-85496-731-1)
  • Gerhard, Leo (1994) Flora Tristan : la révolte d’une paria, Les éditions de l’Atelier, pp. 112–135  (ISBN 2-7082-3059-X)
  • Velay, Serge (dir.) (2009): Michel Boissard et Catherine Bernié-Boissard, Nîmes, Alcide, 2009, 255 p. (présentation en ligne [archive]), p. 241-242
  • Debré, Jean-Louis eta Bochenek, Valérie (2013): Paris, Arthème Fayard, 374 p. (ISBN 978-2-213-67180-2)
  • Perrot, Michelle (2014): Des femmes rebelles - Olympe de Gouges, Flora Tristan, George Sand, Elyzad poche.
  • Sagnes, Jean (2016): Ils voulaient changer le monde - Chateauneuf-Randon, François Arago, Flora Tristan, Jules Amigues, Marcellin Albert, Paul Vigné d'Octon, Cheng Tcheng, Chau Seng, Maurice Morelly, collection l'Être du Languedoc, Éditions du Mont (ISBN 978-2-915652-84-0).