Paul Cézanne
Paul Cézanne (pɔl se'zan; Aix-en-Provence, 1839ko urtarrilaren 19a - Aix-en-Provence, 1906ko urriaren 22a) frantziar margolaria izan zen, inpresionismotik kubismorako iragateko eragile nagusietako bat.
Garaiko ertilari guztien artean, Cézanne izan daiteke XX. mendeko ertilariengan eragin handienetakoa izan zuena (Henri Matissek, adibidez, Cézanne-ren margoaren erabilera goresten zuen, eta Pablo Picassok haren konposizio lauaren egitura garatu zuen kubismoa sortzeko). Hala ere, itzalean bizi izan zen Cézanne, eta bakandurik lan egin. Ez zuen kritikariengan uste onik, lagun urri zituen, eta 1895 arte oso gutxitan erakutsi zituen margolanak. Senditik ere aldenduta bizi izan zen, sendikoek ez baitzuten aintzat hartzen sortutako erti iraultzaile hori.
Biografia
aldatuSendi burges aberats batean sortu zen; aita bankaria zuen. Aix-en bertan egin zituen ikasketak, Bourbon eskolan lehenbizi (1852-1858), eta marrazki-eskolan gero. Bourbonen Émile Zola ezagutu zuen, eta lagun handia egin zuen. Zuzenbide-ikasketak egin zituen aitaren nahia betetzeko, baina berak margolari izan nahi zuen, eta 1861ean Parisa joan zen margolaritza-ikasketak egitera. Urte hartako erakusketa ofizialean, margolari-belaunaldi berriak beste joera batekoak baziren ere, orduko margolari errealista eta akademikoen lanak ederretsi zituen -Alexandre Cabanel (1823-1889), Gustave Dore irudigile ospetsua (1832-1883), Jean-Louis-Ernest Meissonier (1815-1891)-, baina Louvreko museoan Caravaggio, Velázquez, Ribera eta Zurbarán bezalako maisu handien lanak eta herbeheretar eta veneziar margolarienak ikusi eta aztertu zituenean, berehala ohartu zen batzuen eta besteen artean zegoen amildegi sakonaz. Aurkikuntza horrek -esanahi handia izan zuen haren margolari-ibilbidean-, krisi larria eragin zion. Hala, margotzeko gauza ez zelako ustean etsita, jaioterrira itzuli eta aitaren banketxean lanean hasi zen. Baina margotzen jarraitu zuen.
Hain zuzen ere, garai horretakoa da bere aitaren erretratuetako bat (Louis-Auguste Cézanne, 1860-1863, National Gallery, Londres), eta bere lagun Achille Emperaire ipotxarena, besteak beste. 1862ko azaroan Parisa joan zen berriro, margolari izateko eta margolaritzatik bizitzeko asmo sendoarekin.
Parisen Zolarekin harremanetan jarri zen berriro, Éugene Delacroix eta Gustave Courbet frantziar margolarien lanak aztertu zituen, Salon des Refusés erakustaretoa bisitatu zuen (inpresionistek erakusketa ofizialaren itxikeriari aurre egiteko antolatua), eta Charles Suisseren Akademian Armand Guillaumin (1841-1927) eta Camille Pissarro (1830-1903) ezagutu zituen. Margolari horiek ezagutzeak, Pissarro ezagutzeak batez ere, garrantzi handia izan zuen bere ertoiaren norabidean: harreman horren eraginez, bere estilo landugabea, margo ilunekoa eta materiaz betea aldatuz joan zen pixkanaka-pixkanaka, eta estilo berezi bat sortu zuen, bere-berea, berak «couillard» deitu zuena, arau akademiko guztietatik, eskola eta aurreiritzi guztietatik bereizia.
1866an margolan bat bidali zuen erakusketa ofizialera, baina ez zuen lortu epaimahaikoen onespena (urte askotan bidali zituen bere lanak erakusketa ofizialetara, baina behin bakarrik onartu zioten bat, eta hura bere lagun Guillauminen bitartekotzari esker; oharkabean pasa zen, gainera).
Bada, lana onartu ez ziotela-eta, gutun bat idatzi zion Edertietako buruari kultura ofizialak zeraman bidearekin bat ez zetorrela azalduz. 1870. urtean, Frantziaren eta Prusiaren arteko gerra piztu zenean, Proventzan zegoen. L'Estaquen bizi izan zen -Marseillako golkoko hiri bat-, bere amaren etxe batean, bere andre Marie-Hortense Fiquetekin eta semearekin. Han paisaia eta izadi hil asko margotu zituen, aurrekoetatik desberdinak, margo biziagoak eta margo-ore arinagoak erabili baitzituen. Ondo bereganatua zuen ordurako inpresionismoaren funtsa: margoa elementu eraikitzailea da, ez bakarrik koloreen arteko aurkakotasunaren bitartez, baita fusioaren, dardaren eta gardentasunen bitartez ere. 1872an Pontoisen jarri zen bizitzen, Pissarro bezala. Gero eta harreman estuagoa izan zuen Pissarrorekin, eta harekin eta beste margolariekin batera lan egin zuen, aire zabalean beti. Gero, Auvers-sur-Oise-ra joan zen bizitzera, eta bi urte egin zituen han, Gachet doktorearen etxean. Margolari-belaunaldi gaztearen margolaritza-molde berria aintzakotzat hartzen zuen bakarretakoa zen Gachet. Auversen Urkatuaren etxea margotu zuen (1873, Paris, Musee d'Orsay), bere lan aipagarrienetako bat, handik aurrera urratuko zuen bide berriaren aurreneko maisulana. 1874an, Pissarrok bultzatuta, inpresionisten lehenengo talde-erakusketan parte hartu zuen, Nadar argazkilariaren estudioan (Gaspard-Félix Tournachon). Bigarrenean ez zuen parte hartu, lehenengoan izandako porrotak nahigabetuta. Hirugarrenean, berriz, 1877an, hamasei lan bidali zituen, baina oso harrera txarra egin zien kritikak, eta baita jendarteak ere. Cezanne L'Estaquera erretiratu zen, eta lagunengandik ere banandu zen.
1886an Zolak L'Oeuvre argitaratu zuen. Lanaren pertsonaia nagusia margolari bat zen, porrot egindako margolari bat, eta Cézanneri iruditu zitzaion Zolak bere lanarekin kritika egin nahi izan zuela pertsonaia hartaz baliatuz. Cézannek harremanak eten zituen idazlearekin, eta ez zen inoiz gehiago harekin elkartu. Urte hartan aita hil zitzaion, eta emaztea eta semea Parisen utzita Aixera joan zen.
Aixen Sainte-Victoire mendiko margolan asko eta izadi hil asko egin zuen. Cézanneren helburu nagusia bere margolanetan zuzeneko sentipenaren bizitasunari -inpresionistek sustatutako ezaugarria-, konposizio txukuna eta erritmoa eranstea zen. Eta margo hutsa erabiliz lortu zuen hori, usadiozko margolaritza modelatuaren eta argilunen beharrik gabe. Harentzat forma eta margoa bi elementu desberdin ziren; margotu ahala marrazten zuela zioen, eta margolana margoetan aberatsa zenean formetan betea zela.
1895. urtean Vollardek erakusketa handi bat antolatu zuen haren margolanekin bakarrik.
Berriro ere kritikak eta jendeak hotz samar hartu zituen haren lanak, baina abangoardiako ertilari gazteek eta bere garaikideek maisutzat hartu zuten. 1899an Salon des Indépendants erakusketan parte hartu zuen, eta haren lanek jakin-min handiagoa piztu zuten orduan. Ezaguna izaten hasi zen, eta aholku eske joaten zitzaizkion margolari gazteak, Émile Bernard eta Charles Camoin, adibidez. 1904an Salon d'Automne izeneko erakusketan areto oso bat hartu zuten bere lanek. Kubistek haren jarraitzaileak zirela aitortu zuten, haren joera konstruktibistan eta errealitatearen elementu estrukturalen erabileran (kuboa, esfera, zilindroa, konoa) oinarritzen baitziren kubismoaren ezaugarri nagusiak. Haren azken urteetako lanak maisulanak dira guztiak, adituen ustez: Karta-jokalariak (1890-1892, Museed'Orsay, Paris), Gizon pipaduna (1890), Annecy aintzira (1896), Bainu-hartzaileak (1898–1905). 1907an, bera hil eta hurrengo urtean, atzera begirako erakusketa handi bat antolatu zen, eta ordutik aurrera hasi zen Cézanne-ren balioa benetan aintzakotzat hartzen.
Cézanneren lana
aldatuCézanne-ren margolaritza-prestakuntzan garrantzi handikoak izan ziren Courbet-en zehazpen konstruktiboa, Delacroix-en erromantizismo eta lirismo margotsua, eta Honoré Daumier-en lana, Cézanne-ren beraren ustez, bi margolari handi horien nolakotasun piktoriko guztiak beregan zituena. Margolari horiek utzitako arrastoa nabarmena da Cézanne-ren lehenengo lanetan, margoaren erabilera oldartsuan, tonu ilunetan eta margo-nahastura kargatuetan. 1865 eta 1869 bitartean, erretratu-sail bat egin zuen, Dominique osabaren erretratuak izenez ezagunak, non, bolumenaren arazoa konpontzeko, espatulaz zabaldutako materiaren loditasuna baliatu zuen. Pendulu beltza izeneko obran (1869-1870, Paris, Niarchos bilduma) argi dago konposizioan jarri zuela bere arreta osoa. Pissarroren bilaketa kromatikoak eta konstruktiboak akuilaturik, errealitatea modu optikoago eta trinkoago batez irudikatzen hasi zen, patetismorik gabe: gorago aipatu den Urkatuaren etxea hori izan zen haren estilo berriaren maisulanetako bat. Hala ere, bai margolan horretan, eta baita garai horretako beste batzuetan ere (margo argikoak eta konposizio-oreka zorrotzekoak dira horiek, adibidez, Gachet doktorearen Auvers-eko etxea (1873). Argi dago inpresionismotik urruntzen hasia zela: margozko paisaiek formaren bolumenak nabarmentzeko erabiltzen zituen, argiaz-eta hainbeste arduratu gabe. Cézanne-k inpresionismoa «gotortu» nahi zuela zioen. Aixeko 1833-1837 bitarteko aldian izadiaren irudiaren kontrol formal-konstruktiboa zorroztuz joan zen; urte haietan, margoz moldatutako forma gotorrak gauzatzen saiatu zen. Horregatik, ez da harritzekoa gai bat hartu eta hura askotan margotu izana: batez ere L'Estaque herriko ikuspegiak, Château Noir-ekoak eta Sainte-Victoire mendikoak. Cézanne-k izadi hil ikusgarrietan irudikatu zuen izadiko gauzen eta eguneroko bizitzaren iraunkortasuna eta betikotasuna. Bere bizitzako azken urteetan, bainu-hartzaileen margolan asko egin zituen. Lehenago ere eginak zituen bainu-hartzaileak, haina oraingoak askoz margolan handiagoak ziren, abstraktuagoak, klasizismo berri batera hurbiltzen den forma eta margo-sintesi bat eginez.
Iruditegia
aldatuMargolanak
aldatu-
Les joueurs de carte, 1892-95, Courtauld Institute Londres
-
Montagne Sainte-Victoire, 1882-1885, Metropolitan Museum of Art
-
L'Estaque, 1883-1885
-
Mont Sainte-Victoire, 1885-1887
-
Jas de Bouffan, 1885-1887, Arte Institutua, Minneapolis
-
Baigneuses, 1885-1887, Arte Moderno Museoa
-
Fastnacht (Mardi Gras), 1888, Pushkin Museoa, Mosku
-
Garçon au gilet rouge, 1888-1890, National Gallery of Art Washington Hiria
-
Château Noir, 1900-1904, National Gallery of Art Washington Hiria
-
Les Grandes Baigneuses, 1898-1905, Arte Museoa, Philadelphia
Izadi hilak
aldatu-
Le panier de pommes, 1890-1894, Arte Institutoa, Chicago
-
Nature-morte aux pommes et aux oranges , 1895-1900, Musée d'Orsay, Paris
Urmargoak
aldatu-
L'Enfant dans une veste rouge, 1890
-
Autoportrait, 1895
Erretratuak
aldatu-
Portrait d'Achille Emperaire, 1868, Musée d'Orsay, Paris
-
Autoportrait, 1875
-
Portrait de Victor Chocquet, 1876-1877
-
Autoportrait, 1879-1882
-
Portrait of Paul Cezanne's Son, 1888-1890, National Gallery of Art, Washington Hiria
-
Portrait de Gustave Geffroy, 1895
-
Autoportrait, 1898-1900, Arte Ederretako Museoa, Boston
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gainera
aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Paul Cézanne |