Alvar Aalto
Hugo Henrik Alvar Aalto (Kuortane, Finlandia, 1898ko otsailaren 3 - Helsinki, 1976ko maiatzaren 11) arkitekto eta altzari diseinatzaile finlandiarra izan zen.
Arkitektura ikasi zuen Helsinkiko eskola politeknikoan. 1921an arkitekto bihurtu eta Europan zehar bidaia luze bat egin zuen, 1923an arkitektura bulegoa herri txiki batean ireki zuen, nahiz eta gero Helsinkira aldatu. 1928an CIAM-eko (Congrès International d'Architecture Moderne) bazkide egin zen. Aurrerago Estatu Batuetara joan eta Bostongo MIT ezagunean arkitektura irakatsi zuen.
Aaltoren lanak izadi eta paisaiarekin harmonia osoz bateratzen dira, osotasun arkitektoniko bat sortuz. Zura eta adreilua haren ekai gustukoenak izan ziren, haien materialtasun eta ukitua izaditik gertuago daudelako. Funtzionalismoaren jarraitzaile sutsua izan zen, baina baita ere Arkitektura Organikoarena, Eskandinaviako Mugimendu Modernoko lehen arkitekto eta sustatzaileetakoa izanik.
Arkitekto izateaz gain, Aalto diseinatzailea ere izan zen, berak egindako eraikin gehienentzako altzariak deseinatuz. 1935 urtean Artek altzari enpresaren fundatzailea izan zen emaztearekin batera. Han deseinatu zuen zurezko egitura auto-sostengarriz eginiko aulkia. Bere beiralanik ezagunena Aalto Ontzia da.
Estiloaren garapenaAldatu
Alvar Aaltoren ikasle urteetan Finlandian Nazionalismo Erromantiko deiturikoa zegoen indarrean. Mugimendu honek izaera finlandiarra goraipatzea zuen helburu, erdi aroko eraikin finlandiar tradizionaletan oinarrituriko arkitektura eginez. Aaltoren obra estilo honetan kokatzen ez den arren bere gain influentzia izan zuen, Mikaelinkkirko elizako ikasle zeneko proiektuan adibidez. Mugimendu hau Europan eragina izan zuen Art Nouveau-rekin lotzen da, eta honekin batera indarra galtzen joan zen XX. mendeko lehenengo hamarkadan.
Ondoren Iparraldeko Klasizismo deiturikoa garatu zen, Europa iparraldeko arkitektoak forma klasikoetan interesatzen joan ziren heinean. Iparraldeko Klasizismo honek Italiako Pizkundeko arkitektura eta arkitektura eskandinaviar tradizionaleko formak bateratzen zituen. Profesional moduan lan egin zuen lehenengo urteetan eragin klasiko hori nabaritzen da, batez ere Gunnar Asplund arkitekto suediarrak eraginda. 1920ko hamarkadan iritsi zen funtzionalismoa Europa iparraldera. Arkitektura funtzionalak erabilgarritasuna bilatzen zuen gauza guztien gainetik. Eraikuntza teknologiaren erabilera eta modu industrialean produzituriko arkitekturan oinarritzen zen, gainazal biluziak eta lerro horizontala azpimarratzen ziren, espazio zabal eta libreak bilatzen, egitura formarekiko independentea izatea. Azkenik interes soziokulturala dago: gizartearen beharrei erantzuten zien arkitektura egin nahi zen.
Hala ere, 1933 inguruan zegoeneko funtzionalismoari lehen kritikak egiten hasi ziren. Aaltok bere kide modernistek baino ikuspuntu humanistagoa zuen, eta arkitektura prozesu industrialera hurbiltzen eta humanismotik urruntzen ikusten zuen. Bere ustez funtzionalismo teknikoak ezin zuen “arkitektura definitu”, funtzionalismo humanistak baizik.
Horrela, modernismoa erabat utzi gabe estilo berri bat bilatzen du, berak nahi zuen humanismotik gertuago. Garai honetan garatuko ditu bere arkitekturaren karakteristika nagusiak, forma organikoekin edota zura bezalako materialen erabilerarekin. 1935 ingururako modernismoa alde batera utzi duela esan daiteke, eta bere lehenengo aldietako arkitekturaren eraginak jasango ditu: Grezia eta Italiako arkitektura klasikoa, eta Finlandia, bertako herri-arkitektura eta naturako forma organikoak.
Eraikin garrantzitsuakAldatu
- 1921 - 1923: Kanpandorrea, Kauhajärvi, Finlandia
- 1924 - 1928: Udal ospitalea, Alajärvi, Finlandia
- 1926 - 1929: Babes Gorputzen Eraikina, Jyväskylä, Finlandia
- 1927 - 1935: Liburutegia, Viipuri, Finlandia (gaur egungo Vyborg, Errusia) (marrazki berriak, 1928, 1929, 1933, azken marrazkien arabera eraikia: 1934 - 1935)
- 1928 - 1929, 1930: Turun Sanomat egunkariaren egoitza, Turku, Finlandia
- 1928 - 1929: Tuberkulosi Erietxea eta langileen eraikina, Paimio, Finlandia
- 1931: Unibertsitate Zentraleko Ospitalea, Zagreb, Kroazia
- 1934: Corso antzokia, barruko jatetxea, Zürich, Suitza
- 1937-1939: Finlandiako Pabilioia, Munduko Feria
- 1937-1939: Villa Mairea Finlandia
- 1947 - 1948: Baker House (MIT), Cambridge, Massachusetts, AEB
- 1949 - 1966: Helsinki Teknologia Unibertsitatea, Espoo, Finlandia
- 1950 - 1957: Kansaneläkelaitos bulego eraikina, Helsinki, Finlandia
- 1952 - 1958: Kulttuuritalo (Kultura Etxea), Helsinki, Finlandia
- 1958 - 1987: Hiri barnea, Seinäjoki, Finlandia
- 1958 - 1972: Ipar Jutlandiako Arte Museoa, Aalborg, Danimarka
- ?? - 1965: Laponiako Eskualde Liburutegia, Rovaniemi, Finlandia
- 1962 - 1971: Finlandia Aretoa, Helsinki
- 1963 - 1965: Westmannia-Dalecarlia Nation eraikina, Uppsala, Suedia
- 1962: - Neue Vahr Satelite-hiriko Eraikin Nagusia, Bremen, Alemania
- 1970: Mount Angel Abbey Liburutegia, Mount Angel, Oregon, AEB
- 1959 - 1988: Essengo Antzokia eta Opera, Essen, Alemania
Altzariak eta beiralanakAldatu
Kanpo loturakAldatu
- Biografia eta proiektuak
- Alvar Aalto Fundazioa Aaltoren arkitektura marrazki eta idazkien gordailua
- Alvar Aalto at The Internet Name Database
- Alvar Aalto's Savoy Vase (1936)
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alvar Aalto |