1990eko Alemaniaren bateratzea
1990eko Alemaniaren bateratzea (alemanez: Deutsche Wiedervereinigung) prozesu politiko bat izan zen, 1990eko urriaren 3an amaitutakoa, Alemaniako Errepublika Federalaren eta Alemaniako Errepublika Demokratikoaren arteko bat-egitea ekarri zuena.
Bateratze-prozesua 1989ko udan hasi zen. Izan ere, urte horretako abuztuaren 23an Hungariak erabaki zuen mendebaldearekiko muga irekitzea. Horren ondorioz, ekialdeko alemaniar andanak herrialdea utzi zuen Mendebaldeko Alemaniara joateko Hungaria zeharkatuz.
Horrek eragin zuen krisi politikoak lehendabiziko hauteskunde libreak ekarri zituen Ekialdeko Alemanian, 1990eko martxoaren 18an. Horren ondoren, bi gobernu alemaniarren arteko negoziazioak hasi ziren, herrialdea okupatu zuten lau botereekin batera, eta "Bi gehi lauko ituna" (Azken Erabakiaren Ituna Alemaniari Dagokionez) sinatu zen. Horrela, alemaniar estatuari burujabetza osoa eman zitzaion, aurreko bi estatuek zenbait muga izan baitzuten Bigarren Mundu Gerran estatu okupatua izateagatik.
Alemania batua, Berlin batua hiriburu duena, Europar Batasuneko eta NATOko kidea da.
Aurrekariak
aldatuBigarren Mundu Gerraren ondoren, Alemania lau zatitan banandu zen botere irabazleen artean (Frantzia, Erresuma Batua, AEB eta SESB). Berlin, hiriburu ohia eta aliatuen Kontrol Kontseiluaren kokalekua, ere banandu zen lautan. Estatu okupatzaileen lehenengo asmoa 1947ko mugetako Alemania gobernatzea bazen ere, Gerra Hotzeko tirabiren eraginez eremu frantziarra, britainiarra eta estatu batuarra (mendebaldeko Berlinekin batera) batu ziren eta 1949an Alemaniako Errepublika Federala sortu zen. Eremu sobietarrak (eta ekialdeko Berlin) Alemaniako Errepublika Demokratikoa osatu zuen urte berean. Horretaz gain, Yaltako konferentziaren ondorioz (1945eko otsailean) Ekialdeko Pomerania, Silesia eta Ekialdeko Prusiaren hegoaldeko erdia Poloniak bereganatu zituen, eta Ekialdeko Prusiaren iparraldea (Kaliningradekin batera) Sobietar Batasunak (egun Errusiarena da).
Alemania berriz bateratzeko estreinako proposamena Iosif Stalinek egin zuen 1952an, Austriarako geroago erabiliko ziren antzeko baldintzetan (Stalinen Oharra). Beharrezkoa zen Alemania neutrala eratzea, Oder-Neisse ibaietan muga zuela, eta aliatuen tropa guztiak hurrengo urterako aterata. Konrad Adenauer buru zuen Mendebaldeko Alemaniaren gobernuak Europako mendebaldeari begirago zegoen batasuna hobesten zuen, eta eskatu zuen Alemania osoan hauteskunde ikuskatuak egin ondoren negoziatu behar zela batasuna. Baldintza hau arbuiatu zuten sobietarrek, baina Stalinek berriro beste proposamen bat luzatu zuen: 1937ko abenduaren 31ko muga zaharretara itzultzekoa zen Alemania Varsoviako Itunpean jarriz gero.
Alemaniako Errepublika Federala herrialde kapitalista gisa garatu zen, "gizarte merkatuko ekonomia" eta gobernu parlamentuduna eta demokratikoa zeuzkala. 1950eko hamarkadan hasitako hazkundea 30 urtean luzatu zen (wirtschaftswunder edo Alemaniako mirari ekonomikoa). Mugaz bestaldean, Alemaniako Errepublika Demokratikoan hauteskunderik gabeko gobernua osatu zen, ekonomia planifikatua zuela. Ekialdeko estaturik aberatsena eta aurreratuena bazen ere, mendebaldeko askatasun politikoak eta oparotasun ekonomikoa ez zeuzkaten, eta ekialdeko alemaniar ugarik alde egin zuten mendebaldeko Berlinera. Hori zela eta, Ekialdeko Alemaniak mugetako sistema gogortu zuen, tartean Berlingo Harresia eraikiz.
Hastapenean Mendebaldeko Alemaniak eta NATOko aliatuek ez zituzten Ekialdeko Alemania zein Polonia onartu. Bi alemanien arteko hartu-emanak sorgorturik geratu ziren harik eta 1970eko hamarkadan mendebaldeko kantziler Willy Brandt-ek Ekialdeko Alemaniarantz hurbiltzeko politikari ekin zion arte (Ostpolitik).
Banantzearen amaiera
aldatu1980ko hamarkadan bi alemaniaren batasuna urrun ikusten bazen ere, 1985etik aurrera Mikhail Gorbatxoven eskutik Sobietar Batasunean gertatu ziren aldaketak Europako herrialde komunisten zehar hedatu ziren eta batasunaren itxaropenari aukera berria eman zitzaion.
Izan ere, 1989ko abuztuan, Hungariak Austriarekiko mugan ezarritako baldintzak laxatu zituen, eta irailean 13.000 lagunek baino gehiagok utzi zuten Ekialdeko Alemania Hungariako mugak zeharkatuz. Ekialdeko erregimenaren aurkako manifestaldi jendetsuak 1989ko bukaera aldean hasi ziren. Oposizio zibil horren aurrean, Erich Honecker ekialdeko buruak dimisioa aurkeztu zuen urriaren 18an. Gobernuaren kabinetak azaroaren 7an dimititu zuen.
1989ko azaroaren 9an, ekialdeko gobernu berriak hiritarrek bidaiatzeko zeuzkaten mugak arinduko zituelako zurrumurrua zabaldu zen. Hori zela eta, Berlingo Harresiaren aurrean milaka lagun bildu ziren, eta zaindariek ateak ireki behar izan zituzten joan-etorria uzteko. Egoera horrek adoretuta, bi aldeetako alemaniarrek ekin zioten harresia eraitseari zenbait tokitan. Horiek horrela, ekialdeko erregimena eta bi alemanien batasuna heldu ziren azkenean. Kondairak dio 1989ko azaroaren 10eko goizean bertan —Berlingo Harresiko kontrolguneak ireki eta hamar ordu eskas pasatuta— hasi zirela Frankfurt eta Municheko banku eta korporazioetako bulegoetan ekialdean gauzatu beharreko estrategiak taxutzen[1].
1990eko martxoaren 18an, Ekialdeko Alemanian hauteskunde askeak egin ziren, herrialde komunista batean egiten ziren lehenak, estatuaren amaiera negoziatuko zuen gobernua osatzeko asmotan. Lothar de Maizière ministroburua zela, Mendebaldeko Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, AEB eta Sobiet Batasunarekin negoziatu zen birbateratzea. Ekialdeko Alemaniak Mendebaldekoarekin bat egitean NATOn sartzekoa bazen ere, SESBk hitzartu zuen NATOren tropak ez zirela Ekialdeko Alemanian sartuko.
Nazioarte maileko negoziazioez batera, maiatzaren 18an bi alemanien gobernuek erdibideko ituna izenpetu zuten, uztailaren 1ean hastekoa zen batasuna ekonomia, gizarte maila eta moneta arloetan hain zuzen ere. Abuztuaren 23an, Ekialdeko Alemaniaren parlamentuak (Volkskammer) onetsi zuen Alemaniako Errepublika Federalarekin batzeko proposamena. Abuztuaren 31n sinatu zuten Birbateratzeko Ituna (Einigungsvertrag) bi herrialdeetako agintariek, eta irailaren 12an Azken Erabakiaren Ituna Alemaniari Dagokionez (Bi gehi lauko ituna) izenekoa, zeinek burujabetza osoa bueltatzen zien bi estatuei.
Alemania batzear zegoela Helmut Kohl kantziler federalak dibisa parekotasuna eskaini zion Hans Modrowi, mugaz bestaldeko bitarteko buruzagiari. Ekialdeko aurreztaileentzat —etxean diru asko zuten batzuek, inbertsio pribaturik ezin baitzuten egin— oso opari eskuzabala zirudien. Kohlek immigrazioa saihestu nahi zuen. Errepublika Demokratikoak babestutako enpresek, aurrezki gabe, kapitalismo garesti batera inongo babesik gabe jauzi egin behar izan zuten, ordea[2].
Ofizialki, 1990eko urriaren 3an batu zen Alemania, data horretan Ekialdeko Alemaniako bost estatuek (Brandenburg, Mecklenburg-Mendebaldeko Pomerania, Saxonia, Saxonia-Anhalt eta Turingia) Alemaniako Errepublika Federalarekin egin baitzuten bat. Batzeko prozesua erraztearren, aldaketa batuk egin ziren Alemaniako oinarrizko legean edo konstituzioan. 1990eko azaroaren 14an, Alemaniako gobernuak Poloniakoarekin hitzartu zuen bien arteko muga Oder-Neisse ibaietan behin betiko finkaturik daudela, hortaz, Silesia, Ekialdeko Pomerania, Danzig eta Ekialdeko Prusia poloniartzat hartuz. Hurrengo hilabetean 1933z geroztik Alemania osoko estatuetan egin ziren lehenengo hauteskundeak. Helmut Kohlen koalizio gobernua atera zen irabazle.
Alemania bateratua Helmut Kohlen arabera
aldatu"1990eko urriaren 3an Alemaniako batasuna berregitean ez da Estatu berria jaio, bost Estatu federal berri eta Berlinen ekialdea Alemaniako Errepublika Federalean sartu dira. Horrela, AEFren bidea hamarkadetan zehar gidatu duten oinarrizko erabakien jarraipena, hau da, azken batean, berriz elkartzea posible egin duten erabakien jarraipena, ziurtatu da: barruan, Zuzenbideko Estatu Demokratikoa eta merkatuko ekonomiaren ordena ekonomiko eta soziala aitortzea; eta kanpora begira, Mendebaldeko herri askeen elkartean sartzea."
Helmut Kohl, "Ez da Estatu berri bat jaio" ABC, 1990eko abenduak 2. Euskaratua.
Bateratzearen ondorioak
aldatuUrtero urriaren 3an ospatzen da bateratzearen festa herrialde osoan.
Alemania Ekialdea berritzea
aldatuEkialdean azken 25 urteetan pilatutako inbertsio publikoaren guztizkoa 1,3 bilioi eurokoa izan da. Hiriak zaharberritu dira, autobideak eraiki, tren sarea zabaldu. Baina 1991tik 1997ra %60 inguru hazi ondoren, ekonomia azkar mantsotu da. Beste eskualdeetan baino funtzionario gehiago dago; sektore pribatua, berriz, heren bat txikiagoa da. Alemaniako ehun lantegi handienetako bakar batek ere ez du egoitza ekialdean. Langabeziak tinko jarraitzen du batez besteko nazionala bikoizten: %10,3koa zen 2013an. Errepublika Demokratiko izanikoa ere ez da inola ere homogeneoa. Leipzig, Dresden, Jena eta Erfurt hiriak Alemania batu izanaren arrakasta eredutzat erakutsi ohi dira. Beste hainbat eskualdek hamabost urte baino gehiago daramatzate motelduta. [1].
Ekonomia
aldatuBateratzea oso zama astuna izan da Alemaniako ekonomiarentzat, eta hurrengo urteetako garapen ekonomikoa bridatu du. Berlingo Unibertsitate Askearen arabera, 1.5 bilioi euro baina handiagoa izan da birbateratzearen kostu ekonomikoa. Izan ere, bi herrialdeetako moneta zio politikoengatik (isla ekonomikorik izan gabe) parekatzean, ekialdeko industrien lehiakortasuna amildu egin da.[3]
Izan ere, Ekialdeko Alemaniako egitura ekonomikoa merkatu ekonomiaren azpian jartzean, Estatuaren 14.000 enpresa eta kooperatiba (antzinako herrialdearen ekonomiaren %80) pribatizatu ziren, mendebaldeko Treuhandanstalt erakundearen ikuskapenean. Sistema berriaren betekizunak direla eta, enpresa ugari desagertu dira, errentagarri suertatzen ez baitziren. Ekialdeko Alemaniaren zorra 1994an funts berezi batera igaro zen, ekialdeko estatuen eta estatu federalean erdibana ordaintzeko. Pribatizazioak erabili izan dira zorra hau kitatzeko.
Horren ondorioz, ekialdea industriagabetu da, eta langabeziaren tasa %20ren inguruan mugitzen da. Birbateratzez geroztik, ekialdeko milaka langile migratu dira Mendebaldeko Alemaniara lan bila. Horrek populazio galera garrantzitsua eragin du ekialdean, batik bat prestakuntza handiko lanetarako.
1990ean, oraindik nabarmena zen bi herrialde zirenen buruko barne produktu gordinaren arteko aldea: 9.400 euro, 22.000ren parean. 2013. urteko datu ofizialen arabera, txukuntze aldera egin dute zenbakiek: 24.300 eta 34.100. Per capita errentaren zifrak are hobeak dira: 17.700 eurokoa da ekialdean, mendebaldekoaren %84koa. Batez beste eskualde merkeagoa izatearen efektua deskontatuta, Errepublika Demokratiko izanikoan dauden landerretako biztanleen erosteko ahalmena Errepublika Federala zeneko landerren %89koa da[1].
Neonaziak Ekialdeko Alemanian
aldatuEkialdeko Alemania azken hamarkadan ezustean hartu duen fenomenoa izan da neonaziena. Neonaziak indar erakustaldiak egiten hasi dira, Mecklenburg, Brandenburgon eta Saxonian batez ere. NPD ultraeskuineko alderdiak, esaterako, bost eserleku ditu egun Mecklenburgeko parlamentuan (iparraldea). 2014ean, neonaziek etengabe eraso diete Siriatik eta beste herrialde batzuetatik iristen diren errefuxiatuen aterpetxeei. Azken burutazioa Alemania osoan «terrorismo salafistaren» aurkako manifestazioak antolatzea izan da. 2014ko urriaren 26an, dozenaka zauritu eta atxilotu izan ziren Koloniako martxa batean. Berlingo Harresia erori zela 25 urte igaro dzrela ospatuko zen egunean (2014ean), ekialdeko ultraeskuineko taldeek iragarri zuten Reichstagen pareko zelaigunean bilduko zirela[1].
Garraioa
aldatuTrenari dagokionez, estatu federalak %100aren jabetza daukan Deutsche Bahn izeneko enpresa sortu da lehengo mendebaldeko Deutsche Bundesbahn eta ekialdeko Deutsche Reichsbahn enpresak batzeko. Hegazkin konpainiekin, berriz, mendebaldeko Lufthansa baino ez dago orain, ekialdeko Interflug enpresa 1991n desagertu baitzen.
Armada
aldatuEkialdeko armadaren zati bat mendebaldekoan sartu da, Errepublikaren konstituzioari zin egin ondoren. Goi mailako ofizialeria kanporatu da, armada "deskomunizatu" den bitartean. Armamentuaren zati bat hainbat herrialderi saldu edo eman zaie.
Kirola
aldatuKirolari dagokionez, ekialdeko federazioak desagertu ziren, eta taldeak mendebaldeko txapelketan sartu ziren. Futbolean, adibidez, ekialdeko azken txapelketaren lehenengo biak (Hansa Rostock eta Dynamo Dresde) Bundesligaren lehenengo mailan kokatu ziren (1991/1992 denboraldian 20 talde ziren), eta hirugarrenetik zortzigarrenera bigarren mailan (VfB Leipzig, Chemnitzer FC, FC Carl Zeiss Iéna, FC Rot-Weiss Erfurt , Hallescher FC eta BSV Stahl Brandenburg).
Bateratzeari buruzko iritzia
aldatuEkialdeko biztanleen %75ek uste dute prozesua oro har onuragarria izan dela, MDR telebistak 2014ko urrian zabaldutako datuen arabera. Teorian askoz zoriontsuago den mendebaldean, ordea, 25 urte hauen balantzea nabarmen ezkorragoa da: %48k ikusi dituzte onurak[1].
Errepublika Demokratikoan bizi izandakoek abantaila immaterialak balioesten dituzte gehien: askatasun pertsonala eta bidaiatzeko erraztasuna, batez ere. Atzean utzikotakoen artean beste bi sumatzen dituzte faltan. Bostetik laurentzat, hezkuntza sistema sozialista hobea zen, eta genero berdintasunean egindako aurrerabidea, onena[1].
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f Danel Agirre, «Alemaniako 200 enpresa handienetatik bat ere ez», Berria, 2014-11-02
- ↑ «Zure marko bat nire marko baten truke: bi ahoko ezpata», Berria, 2014-11-02
- ↑ Alemania: de la reunificación a la globalización
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Germany's Eastern Burden: The Price of a Failed Reunification
- (Ingelesez) The End of East Germany
- (Ingelesez) German Embassy Publication, Infocus: German Unity Day
- (Ingelesez) The Reunification and Its Aftermath