Giza eskubideak

pertsonak berezkoak dituen oinarrizko eskubide bortxaezinsk

Giza eskubideak pertsonari aitortzen zaizkion zenbait oinarrizko balore edo ahalmenak dira. Ukaezinezkoak dira eta edozein antolamendu juridiko, demokratiko eta pluralistak babestu, zaindu eta betearazi egin behar ditu.[1] Norberaren estatus, sexu, joera sexuala, etnia edo herritartasuna edozein izanda ere, ukaezinak dira eta ezin da hauen kontrako legeak ezarri.

Askatasuna, herriaren gidari, Eugéne Delacroix margolariarena (1830). Giza eskubideak iraultza burgesen eskubideen bitartez jaso ziren XVII eta XVIII mendean: Ingalaterrako Iraultza, Amerikako Estatu Batuetako Iraultza eta Frantziako Iraultza. Iraultza horiek bultzatuta, 1789ko abenduaren 26an Frantziako Nazio Biltzarra eratu zen, eta emaitza gisa Gizakiaren eta Herritarren Eskubideen Aldarrikapena sortu zen. Nazio Batuen Erakundeak 1948ko abenduaren 10ean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen; aldarrikapen horrek 30 artikulu jasotzen zituen oinarrizko giza eskubideen gainean.

Giza eskubideen aldeko mugimenduak 1970eko hamarkadan gailendu ziren, bai ekialdeko Europako estatu sozialistetan, bai mendebaldeko Europan, bai Estatu Batuetan eta baita Latinoamerikan ere. Mugimendua aktibismo sozialetik eta politika erretorikotik zenbait herrialdeen egoera munduko berrietan kokatzera igaro zen; eta, XXI. mendean, mugimendua zabaldu zen, jatorrian bakarrik totalitarismoaren aurka egotetik baita humanitarismo eta Hirugarren Munduko herrialdeen garapen soziala bultzatzera ere.

Mugimendua sortu zuten jatorrizko ideiak Bigarren Mundu Gerraren ondorioz agertu ziren, eta gorenera iritsi ziren 1948an, Parisen Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala ezarri zutenean. Nahiz eta giza eskubide izena nahiko modernoa izan, horren oinarriak filosofiaren historian ondo finkatuta daude, Antzinako Grezian eta Erroman aurrekariak izanik. Hala ere, arbasorik zuzenena, zuzenbide naturalaren eskubide naturalak dira, jadanik John Locke, Francis Hutcheson eta Jean-Jacques Burlamaqui]] filosofoek nahiz Estatu Batuetako eta Frantziako Iraultzek garatu zituztenak.

Historia aldatu

 
Frantziako Batzar Nazionalek onartutako Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena, 1789ko abuztuaren 26an.

Grezia klasikoan hirietako biztanleria hiru multzotan banatzen zen: hiritarrak, atzerritarrak edo metekoak eta esklaboak. Greziarrentzat esklabotza gauza naturala zen. Aristoteles filosofo ezagunarentzat, adibidez, gauza jakina zen batzuek, berez, libre izan behar zutela eta beste batzuek, berez ere, esklabo.

Data garrantzitsuak:

Gaur egun orokorrak diren beste zenbait eskubide, aldiz, ez ziren jasotzen bi adierazpen horietan. Adibidez, ez zen esklabismoa abolitu, ez eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna onartu ere. Hala eta guztiz ere, 1776ko eta 1789ko adierazpenak giza eskubideen aitorpen-bidean mugarri garrantzitsutzat hartzen dira.

XIX. eta XX. mendeetan langileriaren borrokek, emakumeen mugimendu sufragistek, herri-askatasunerako mugimenduek eta abarrek bultzada handia eman zioten giza eskubideen hedapenari. Bigarren Mundu Gerraren basakeriaren ondoren iritsiko zen giza eskubideen aldeko aldarrikapen nagusia:

1948. urtean Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala adierazi zuen. Bertan eskubide zibil, politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak jasotzen dira.

« Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute. »

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 1. atala[2]


Giza eskubideak gure gizartean presente daude politikoki, sozialki, kulturalki… Gatazka eta prozesu batzuk sortzen dira hala nola:

  • Gatazka sozialak: botere sektoreen parteko pribilegioetako defentsan agertzen dira.
  • Gatazka politikoak: interesak defendatzeko erabiltzen dira, baita besteenganako  dignitatearen kontra egindako gehiegikeriak legitimatzeko.
  • Nazioarteko gatazkak: Nazioen eta gobernuen ebaluazioetan sortzen dira, bai jarrera desegokia izateagatik bai giza eskubideekin zerikusia ez duten beste interes batzuk defendatzeko.

Kontzeptu hau Europan hasi zen, eta bere banaketa estatuko libertate eskubidea eta mendebaldeko kapitalismoaren espantsioaren parte izan zen, eta haren garapenak herrien eta herrialdeen aniztasunaren ekarpenak biltzen ditu gizateria osatzen duten kulturak.

Giza Eskubideen jatorria aldatu

Jatorriz, gizabanakoek talde bateko kide izateko eskubideak baino ez zituzten, hala nola familia edo gizarte klase bat. 1948ko giza eskubideen aldarrikapen unibertsalenetatik, ez dira gelditu eskubide horien izaerari buruzko eztabaidak eta garapenak. Bigarren gerra mundiala bukatu zenean Europa eta Asia kaos batean sartuta zeuden. 1945 urtean, 30 nazioetako ordezkariak San Franciscon bildu ziren nazioarteko erakunde bakea munduan sartzen saiatzeko eta etorkizuneko gerrak eragozteko.

Tribu primitiboetan, taldekoei kalte egiteak oso txarto ikusita zegoen, modu horretan, edozein kolektiboren barruan errespetatzeko eskubidea aitortzen zen. Gainerako tribuetako kideak etsaitzat hartzen ziren eta ez zitzaien eskubiderik aitortzen. Filosofo batzuek onartu zuten jendearen berezitasunak elkarrekin bizitzera bultzatzen gaituela, herriak eta hiriak osatuz.

Duela laurehun urte hasi ziren gobernuen boterearen gainetik egon behar duten eskubideak, hala nola, askatasunerako eskubidea,errugabetasun presuntziorako eskubidea, erlijio askatasunerako eskubidea, berdintasunerako eskubidea… Bigarren mundu gerrak eragindako milioika heriotzek gizakien kontzientzia mugitu zuten, ONUk giza eskubideen deklarazio unibertsala idaztera eraman zuen, giza adimenaren lorpenik handiena izan dena. NBEk (Nazio Batuen Erakundea) nahi zuena zen munduko nazio guztiei bakea ekartzea zen. Gaur egun ONUren barruan 193 estatu daude eta haietako guztiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren aldea sinatu dute.

Honek alde negatibo eta positiboak ekarri ditu, hala nola:

  • Alde negatiboak: eskubideak kontraesanetan daude haien artean, eskubide asko eta asko ez dira betetzen, jada izan daiteke herrialdearen egoeragatik, ekonomiagatik, kulturagatik…
  • Alde positiboak: Garrantzitsuena mundu hobea izatea laguntzen dute, baita Nazio ezberdinek Giza Eskubideen inguruan adostasunak hartu izan dutela, eta milioika pertsona ziurrago daudela.[3][4]

Jatorri kulturala aldatu

Giza eskubideen kontzeptuaren jatorria antzinako erromatarrek zuzenbide naturala aitortzeko datza, gauzen izaeraz eratorritako ideia arrazionaletan oinarrituta eta ondorengo mendeetan kristau filosofiak islatzen zuen Jesus Nazaretekoaren irakaspenei.

Denborarekin hainbat dokumentu idatzi eta onartu ziren eskubide indibidualak jasotzen zituenak: Carta Magna (1215), Eskubideen Eskaera (1628) eta Habeas Corpusaren akta  (1679).

Aurrerago Giza Eskubideen kontzeptu modernoago bat sortuko da Mendebaldeko kulturari esker. XVIII. mendearen bukaeran hamahiru kolonia ingelesak, Amerikan kokatuak, federazio independenteak izatera aldatuko dira, Amerikako Estatu Batuak izenarekin, hau 1776ko uztailaren 4an onartu zen Filadelfian. Deklarazio hau frantsesera itzuli zenean nolabaiteko eragina izan zuen “Gizakiak gizartean dituen eskubideen deklarazioa”-n.

Frantziako Erreinua, Frantziako Iraultzaren bitartez, monarkia absolutua izatetik errepublika izatera aldatuko da.

Giza eskubideen kontzeptu zehatzago bat sortuko da Frantzian (1789) Frantziako Iraultzaren ondoren. Kontzeptu hau “Gizakiak gizartean dituen eskubideen deklarazioa” izenarekin jaso zen.[5]

Alderdi instituzional eta juridikoak aldatu

Giza eskubideek gero eta indar juridiko handiagoa dute, konstituzioetan eta, oro har, estatuen antolamendu juridikoan eta araubidean integratzen diren heinean. Era berean, nazioarteko politikaren esparruan, era guztietako nazioarteko itun orokor nahiz sektorial, unibertsal edo erregionaletan gero eta maizago hartzen dira aintzat giza eskubideak, eta organo jurisdikzionalak edo beste mota batekoak sortu ohi dira haiek babesteko, sustatzeko eta bermatzeko.

Horrez gain, onarpen orokortuaren ondorioz, zenbait giza eskubide ohiturazko nazioarteko zuzenbidearen partetzat hartzen dira, bai eta ius cogens edo nahitaez eduki beharreko arauen partetzat ere, Giza Eskubideen Batzordeak edo Nazioarteko Justizia Auzitegiak adierazi izan duten bezala. Ezinbesteko giza eskubide horien artean daude tortura eta hilketa arbitrarioak debekatzea[6] edo gutxieneko berme prozesalak eskuratzea eta atxiloketa arbitrarioa debekatzea.[7]

Giza eskubideak eta eskubide konstituzionalak aldatu

Garrantzitsua da giza eskubideak eta eskubide konstituzionalak bereiztea eta ez nahastea. Giza eskubideak, oro har, konstituzio eskubideen barruan jaso ohi diren arren, ez datoz bat beti. Eskubide «konstituzionalak» zehazteko, aski da Estatuen konstituzio politikoek onartutako eskubideen katalogora jotzea; «giza eskubideen» kontzeptua, ordea, zuzenbidearen filosofiaren esparrukoa da.

Bi kontzeptuen arteko harremana, arazo iturri nabarmen bat den neurrian, autore askok aztertu izan dute. Giza eskubideen kontzeptuaren birtualtasuna onartzen dutenen artean, teoria jusnaturalistak uste du giza eskubideen izatasuna beregaina dela, hau da, ez duela zerikusirik eskubide konstituzional gisa onartuta egotearekin. Francisco Laporta eta beste autore batzuen iritziz, oinarrizko giza eskubide kopuru txiki bat dago, eta horietatik eratortzen dira konstituzio eskubide zehatzagoak.[8]

Teoria dualisten arabera, berriz, eskubideen oinarri moralari zein positiboari garrantzia ematen dietenez, giza eskubideen eta eskubide konstituzionalen kontzeptuek eduki baliokidea dute. Besteak beste, Luigi Ferrajoli italiar juristak uste du, berme juridikoaren teorian, Estatuen konstituzioan onartutako funtsezko eskubide izanik, giza eskubideak guztiei aitortzen zaizkiela, beren herritartasuna eta jarduteko gaitasuna alde batera utzita: herrialde bat eratzeak, adibidez, naziokoak ez diren herritarrei eskubideak eman diezazkieke (adibidez, boto eskubidea). Kasu horretan, herritarrei aitortzen zaizkien eskubide konstituzionalak izango lirateke, baina ezin izango lirateke giza eskubideak izan pertsona guztiei aitortzen ez bazaizkie edozein izaeratakoak direla ere.[9]

Aldarrikapen Unibertsalaren sorrera aldatu

 
Nazio Batuen Batzarra.

Nazio Batuek zuten helburu nagusietariko bat izan zen Gutunaren antolaketa zehaztea eta definitzea, giza eskubideen tresna bat sortzeko. Giza Eskubideen Batzordea sortu zuten, 1946an zegoen Batzorde Ekonomiko eta Sozialaren atal ordezkatzaile modura.

Giza Eskubideen Batzordeak hiru helburu zituen: aldarrikapena, giza eskubideen Ituna eta aurreko bietan esandako eskubideak betetzeko zenbait neurri jartzea. Hiru jomuga horiek osatu zuten René Cassin-ek «Giza Eskubideen Gutuna» izena eman ziona.

Giza eskubideen Aldarrikapena sortzea ez zen erraza izan. Giza Eskubideen Batzordeak izan zuen arazorik nagusiena, une horretan bizitzen ari zen gatazka ideologiko-politiko handia zen. Alde batetik, Estatu Batuak eta mendebaldean zituen aliatuak, eta bestetik, Sobiet Batasunak  gidatutako bloke sozialista. Sobiet Batasuna eta bloke sozialistako herrientzat Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala ez zen haien lehentasuna. Garrantzi handia ematen zioten estatuaren subiranotasunari, horregatik, giza eskubideak ezin ziren estatuen subiranotasunaren gainetik egon. Hala ere, Mendebaldeko herriek zuten jarrera, Frantzia, Estatu Batuak  eta Britainia Handikoa bereziki, eskubide zibil eta politikoen defentsa egitekoa zen. Giza eskubideak elkarren kontrako arma bihurtu ziren Gerra Hotzean sarturik zeuden botere handien artean, gerra horrek Bigarren Mundu Gerraren  bukaeratik 80. hamarkadaren hasierara arte iraun zuen.

Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordea  izan zen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren proiektua egingo zuena. Giza Eskubideen Batzordea bere lanetan hasi baino lehen, ECOSOCek (Consejo Económico y Social de las Naciones Unidas) hasierako Batzordea izendatu zuen. Zortzi herritako ordezkariek osaturiko erredakzio Batzordea izendatu zuten. Erredakziorako Batzordean ordezkaturik egon ziren zortzi herriak hauek izan ziren: Australia, Txile, Txina, Estatu Batuak, Frantzia, Libano, Britainia Handia eta Sobiet Batasuna.

Erredakziorako Batzordeak aginduta, René Cassin irakasleak Aldarrikapenaren proiektua sortu zuen. René Cassinek egindako proiektu hori, erredakzio Batzordeak onartu, eta Giza Eskubideen Batzordearen bigarren bilera aurkeztu zuten 1947ko azaroa eta abendua bitartean. Hala ere, Aldarrikapenaren proiektua oraindik ez zegoen amaituta, horregatik, Giza Eskubideen Batzordeak 1948ko maiatza eta ekaina bitartean egindako hirugarren bileran eztabaidatu zuten.

Giza Eskubideen Batzordean, Aldarrikapen Unibertsalaren helburua onartu ondoren, ECOSOCari jakinarazi zion. ECOSOCak Nazio Batuen Batzar Nagusian aurkeztu zuen. 1948ko irailean, Batzar Nagusiak duen Hirugarren Batzordeari bidali zion (Gai Sozial, Humanitario eta Kulturalen Batzordea), berak aztertu zezan. 24 lan bilera egin ondoren, Batzordea Aldarrikapenaren proiektuari amaiera eman zion, aldeko 29 botorekin, 7 abstentzio eta kontrako boto bakar bat ere ez.

1948ko abenduaren 10ean Nazio Batuen Batzar Nagusiak  Pariseko Chaillot jauregian Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen. Batzar Nagusian egindako azken botazioa honako emaitzak izan zituen: aldarrikapen aldeko 48 boto, 8 abstentzio eta kontrako boto bakar bat ere ez. Zortzi abstentzioak,  Bielorrusiako Errepublika Sozialista Sobietikoa; Txekoslovakia; PoloniaJugoslavia; Ukrainako Errepublika Sozialista Sobietikoa; Sobiet Batasuna; Hego Afrikako Batasuna eta Saudi Arabiarenak izan ziren.[10]

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala aldatu

 
Eleanor Roosevelt. 1884ko urriaren 11an jaio zen Nueva Yorken, eta,  1962ko azaroaren 7an hil zen. Estatu batuetako idazlea, diplomatika, politikaria eta lehen emakumea izan zen,  Estatu Batuetako Franklin Delano Roosevelt Presidentearen emaztea izan zen, Giza Eskubideen Nazio Batuen Batzordeko presidentea ere izan zen. Hau denarengatik XX.mendeko eragin handiko liderra kontsideratuta dago. Argazki honetan Giza eskubideen Aldarrikapen Unibertsala eusten dabil.[11]

Hitzaurrea: Abenduak 10, 1948. Kontuan izanik munduko askatasuna, justizia eta bakea gizaki guztien berezko duintasuna eta eskubide ukaezina delako, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsal hau egiten du:

1. Artikulua: Gizaki guztiak jaiotzen gara libreak eta duintasun eta eskubideekiko berdinak gara. Berdin tratatu behar dugu elkar.

2. Artikulua:

1. Pertsona orok dute itun honetan aitortutako eskubideak, arrazakeriarik gabe, klase bereizketarik gabe ezta beste edozer bereizketarik gabe.

2. Ez da bereizketarik egingo ez politikoki, ez juridikoki ezta nazioartean herrialdeari.

3. Artikulua: Denok dugu bizitzeko, aske izateko eta segurtasuna izateko eskubidea.

4. Artikulua: Inor ez da esklabo ez morroi izango: esklabotza eta esklaboen salerosketak debekatuta daude.

5. Artikulua: Inor ez da torturatua izango, eta ez du tratu krudelik edo iraingarririk jasango ere.

6. Artikulua: Gizaki orok du bere pertsonalitate juridikoa onartzeko eskubidea.  

7. Artikulua: Pertsona guztiak berdinak dira legearen aurrean, denek dute babesa izateko eskubide berak.

8. Artikulua: Pertsona orok du Konstituzioak edo legeek gizon-emakumeei aitortzen dizkieten oinarrizko eskubideak hausten dituzten ekintzetatik babesteko, norbere herrialdeko auzitegi aginpidedunetan errekurtso eraginkorra jartzeko eskubidea.  

9. Artikulua: Inor ezin da izan edozein modutan atxilotuta, ez erbesteratuta.

10. Artikulua: Bere eskubide eta betebeharrak erabakitzeko, eta, bere aurkako salaketa penalak aztertzeko pertsona denek dute eskubide berdina: auzitegi eta alderdikeriarik gabe jendaurrean hitz egitea eta zuzentasunez entzutea.

11. Artikulua:

1. Delitu batengatik salatuta dauden pertsona guztiek errugabea dela kontsideratzeko eskubidea dute.

2. Inor ez da kondenatua izango jarduera egin zuen momentuan ez bazen delitu kontsideratu zuzenbide nazionalak edo nazioarteko zuzenbideak.  

12. Artikulua: Inor ezingo du inoren bizitza pribatuan, familian edo etxean esku hartu. Pertsona guztiek hori babesteko eskubidea dute.

13. Artikulua:

1. Pertsona guztiek dute kalean libre ibiltzeko eta nahi duen etxebizitza erosteko eskubidea.

2. Pertsona guztiek dute herrialdetik irteteko, nahiz eta berea izan, eta hara itzultzeko eskubidea.

14. Artikulua:

1. Pertsekuzio baten aurrean pertsona orok du babes-etxe bat topatzeko eskubidea, eta herrialdetik kanpo bada ere.

2. Eskubide hori ez da beteko delitu arruntek sortutako auzibideko egintza baten aurka bada, Nazio Batuen helburuaren aurka doa.

15. Artikulua:

1. Pertsona guztiek dute hiritartasun bat izateko eskubidea.

2. Inori ez zaio bere nazionalitatea edonola kenduko ezta nazionalitatez aldatzeko eskubidea kenduko.

16. Artikulua:

1. Mutil eta neska guztiek ezkontzeko eta familia bat sortzeko eskubidea dute, inolako zapalketarik jasan gabe, eta eskubide berak izango dituzte bai ezkontzan, bai ezkonduta dauden bitartean, eta bai ezkontza apurtzen denean ere.

2. Soilik, ezkondu behar diren bi pertsonak ados badaude ezkonduko dira.

3. Familia da gizartearen oinarria, eta Estatuaren eta gizartearen babesa edukitzeko eskubidea du.

17. Artikulua:

1. Pertsona guztiek dute jabego pribatua indibidualki edo kolektiboki izateko eskubidea.

2. Inor ez da bere etxetik arrazoi gabe botata izango.

18. Artikulua: Pertsona guztiek dute libre pentsatzeko eta manifestatzeko eskubidea, eta erlijio eskubidea eta erlijioz aldatzeko eskubidea ere.

19. Artikulua: Gizaki orok du adierazpen-askatasuna, bere iritzia adierazteko eta inork ez molestatzeko.

20. Artikulua:

1. Pertsona orok du bakean batzeko eta elkartzeko eskubidea.

2. Inor ez da behartuta egongo elkarte baten parte izatera.

21. Artikulua:

1. Pertsona guztiek dute aukera gobernuan parte hartzeko, modu zuzen batean edo aukeratutako pertsonengatik.  

2. Pertsona guztiek dute sarbidea beren herriko funtzio publikoetara, berdintasunarekin.

3. Herriaren borondatea botere publikoaren agintearen oinarria da, borondate hori hauteskunde bidez egingo da sufragio unibertsala eta berdintasunean ezarriz.

22. Artikulua: Pertsona guztiek gizarte-segurantza izateko eskubidea dute eta, herrialdearen ahaleginaz eta nazioarteko laguntzaz, estatu bakoitzaren araberakoa, eta ezinbestekoak diren ekonomia, gizarte eta kultura mailako eskubideak aseta edukitzea.

23. Artikulua:

1. Pertsona orok dute lanerako eskubideak, lana aukeratzekoa, lan baldintzak egokiak izateko eta langabezian laguntzak jasotzeko eskubideak.

2. Gizaki guztiek dute soldata berdina izateko eskubidea, diskriminatuak izan gabe.

3. Lanean dabilen pertsona orok, bai bera eta bai bere familiak, bidezko lan-saria eta aski zaiona jasotzeko eskubidea dauka.

4. Pertsona guztiek dute sindikatuak eratu eta sindikatuko kide izateko eskubidea.

24. Artikulua: Pertsona orok du atseden eta denbora librea izateko eskubidea.

25. Artikulua:

1. Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongi izatea bermatuko diena, bai janaria, bizitokia, arropa eta bai gizarte zerbitzuak ere.

2. Amatasunak eta umetasunak zaintzarako laguntzak jasotzeko eskubidea dute. Umeek babes soziala izateko eskubidea dute.

26. Artikulua:

1. Pertsona orok du hezkuntza izateko eskubidea: oinarrizko hezkuntza derrigorrezkoa da, eta hori gutxienez doan izango da, eta denek dute hezkuntzarako aukera bera.

2. Hezkuntzaren helburua giza nortasuna guztiz garatzea da eta giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua indartzea, arrazakeriarik gabe.

3. Gurasoek askatasun osoa izango dute haien seme-alaben hezkuntza mota hautatzeko orduan.

27. Artikulua:

1. Pertsona guztiek dute kultur ekintzetan parte hartzeko eskubidea, artearekin gozatzeko eta zientzia aurrerapenetan parte hartzeko eta hark dakarren irabazietan.

2. Zientzia, literatura edo arte mailan egindako lanen egile diren pertsona guztiek dute haien babesaren eskubidea.

28. Artikulua: Pertsona guztiek dute ordena sozial eta nazioarteko ordenan aldarrikapen honetan ageri diren artikulu guztiak errespetatzeko eskubidea.

29. Artikulua:

1. Pertsona guztiek dute betebehar bat komunitatean, komunitatea era askean garatzeko.

2. Pertsona orok, gainontzeko herritarren eskubide eta askatasunen begirunea ziurtatzeko eta gizarte demokratiko bateko moral, ordena publiko eta ongizate orokorreko bidezko eskakizunak betetzeko legez ezar daitezen mugak baino ez ditu izango dagozkion eskubide eta askatasunez baliatzeko orduan.

3. Eskubide hauek ezingo dira gauzatu Nazio Batuen eskubideen kontra badoaz.

30. Artikulua: Aldarrikapen honetan, Estatuari Aldarrikapen honetan azaltzen diren edozein eskubide deuseztatzeko eskubiderik ematen zaionik.[12][13]

Vienako deklarazioa aldatu

Vienako deklarazioa, Nazio Batuen Giza Eskubideei buruzko Munduko Konferentzia izan zen, Vienan eman zen urriak 9an, 1993 urtean.

Parte hartu zuten herrialdeak: Austria, Bulgaria, Frantzia, Errumania, Italia, Belgika, Espainia, Polonia eta Danimarka.

Estatuetako buruek eta Europako Kontseiluko estatu kideetako gobernuek 6 gauza hauek erabaki zituzten: Lehenengoa: Europako Giza Eskubideen eraginkortasuna hobetzea. Bigarrena: Gutxiengoa babesteko konpromiso juridiko eta politikoak izendatzea eta Ministroen Batzordearen esku uztea nazioarteko lege tresna egokiak garatzea. Hirugarrena: Arrazakeriari, xenofobiari, antisemitismoari eta intolerantziari aurre egiteko politika gauzatzea. Laugarrena: Oraingoz, baimendu  Europan tokiko nahiz eskualdeko erakundeak benetan ordezkatzen dituen aholku organo bat sortzea. Bosgarrena: Europako Kontseilua bultzatu Europako kultura-ekintzetan bai botere publikoen eta bai herritarren parte-hartzea estimulatzeko tresna egokiak aztertzera. Seigarrena: Eta azkenik, agindu Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeari beharrezko neurriak hartzera Antolamendu Estatutuan bere funtzionamendua hobetzeko.

Hitzarmen honek 100 atal ditu. Hitzarmen hau ezaguna da emakumeen borrokaren emaitzetako bat izan zelako, emakumeen eskubideak aldarrikatu zituzten, giza eskubideak aldarrikatzen ditu, berdintasuna, ekitatea, eta emakumeenganako diskriminazioa salatzen du. 1945eko San Franciscoko konferentzian ONUren karta bat idatzi zen, bertan ezin izan zituzten hainbat eskubide sartu. Baina konferentzia honetan hainbat emakumek hartu zuten parte, haiek ekarpen erabakigarriak egin zituzten. Esaterako emakume hauek lortu zutena Giza Eskubideen Batzordearen ezarpenak kartan agertzea eta sexu bereizketa eta diskriminazioa debekatzea izan zen.[14][15]

Merkataritza aldatu

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak eta Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Nazioarteko Itunak lanerako eskubidearen garrantzia azpimarratzen duten arren, dokumentu bakar batek ere ez du aipatzen merkataritza dela funtsezko eskubide hori bermatzeko mekanismo nagusia. Izan ere, merkataritzak zeregin garrantzitsua du okupazio sortzaile gisa.[16]

Aditu batzuen iritziz, merkataritza giza izaerari atxikia dago berez, eta gobernuek nazioarteko merkataritza mugatzen dutenean, zeharka, lanerako eskubidea eta zeharkako beste onura batzuk mugatzen ari dira, hala nola hezkuntza eskubidea, lanbidea eta inbertsioa gehitzeak lortzen laguntzen baitu.[17]

Beste ikerlari batzuek diote, ordea, merkaturatzeko aukerak ez diela denei berdin eragiten; askotan, talde baztertuek, hala nola landa eremuetako txiroek, indigenek eta emakumeek, aukera gutxiago dute merkataritzaren onurez baliatzeko.[18]

Beste batzuek uste dute gizabanakoek ez dutela saltzen, konpainiek baizik, eta, beraz, merkataritza ezin dela, izatez, giza eskubide gisa bermatu. Gainera, giza eskubidetzat hartzen den aterkiaren azpian kontzeptuak gehitzen saiatuz gero, haien garrantzia desitxuratu edo lausotu daiteke. Azkenik, zaila da merkataritzarako eskubidea «bidezko» gisa definitzea, erregimen guztiek «irabazleak» eta «galtzaileak» sortzen baitituzte, eta arau aldaketak galtzaile desberdinak soilik sortzen baititu, ez, nahitaez, gutxiago.[19]

Erreferentziak aldatu

  1. «eskubide - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  2. Nazio Batuen Batzar Nagusia. (1948-12-10). Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala. .
  3. (Gaztelaniaz) Derechos humanos: historia y conceptos básicos. Fundación Editorial El perro y la rana, 1-113 or. ISBN 978-980-14-1256-4..
  4. (Gaztelaniaz) «Una Breve Historia de los Derechos Humanos: Las Naciones Unidas» Unidos por los Derechos Humanos (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  5. (Gaztelaniaz) Participativa, Democracia. «Los Derechos Humanos - Orígenes y aplicación» Democracia Participativa / Participatory Democracy (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  6. (Frantsesez) «Observation générale No 24 - Questions touchant les réserves formulées au moment de la ratification du Pacte ou des Protocoles facultatifs y relatifs ou de l’adhésion à ces instruments, ou en rapport avec des déclarations formulées au titre de l’article 41» ohchr.org: 10. paragrafoa. (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  7. (Frantsesez) «Observation générale no. 29 - États d’urgence (art. 4)» web.archive.org: 11. paragrafoa. 2022-12-01 (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  8. (Gaztelaniaz) Francisco J. Laporta. (1989). «Etica y derecho en el pensamiento contemporáneo» Historia de la ética / coord. por Victòria Camps i Cervera, Vol. 3: 221-295. ISBN ISBN 987-8484320545. (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  9. (Italieraz) Luigi Ferrajoli. (2009). Diritto e ragione. Teoria del garantismo penale (Storia e società). Erroma: Laterza ISBN 978-8842034810..
  10. Jaime Oraá, Felipe Gómez Isa, Marije Bilbao Ormaetxea. (2009). Giza eskubideen aldarrikapen unibertsala. Deustoko Unibertsitatea, 1-144 or. ISBN 978-8498301779..
  11. (Gaztelaniaz) admin. (2018-10-09). «Biografía de Eleanor Roosevelt» Mujeres Notables (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  12. (Gaztelaniaz) Declaración Universal de los Derechos Humanos. Independently published, 1-25 or. ISBN 1977067425..
  13. «Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala | Declaración Universal de los Derechos Humanos» dudh.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  14. Salcedo, Juan Antonio Carrillo; Osuna, MARYCRUZ ARCOS VARGAS y ANA SALADO. (1994). «La declaración de Viena de los Jefes de Estado y de Gobierno de los Estados Miembros del Consejo de Europa (9 de octubre de 1993)» Revista de Instituciones Europeas (21) ISSN 0210-0924. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  15. Facio, Alda. (2011). «Viena 1993, cuando las mujeres nos hicimos humanas» Pensamiento iberoamericano (9): 3–20. ISSN 0212-0208. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  16. «Should trade be considered a human right? | COPLA» web.archive.org 2009-08-05 (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  17. (Ingelesez) «Improving Market Access: Toward Greater Coherence Between Aid and Trade -- An IMF Issues Brief» web.archive.org 2022-09-04 (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  18. (Ingelesez) Overseas Development Institute. (2008). «Untangling links between trade, poverty and gender» web.archive.org.
  19. (Ingelesez) «Making trade work for development: rights are the wrong approach | COPLA» web.archive.org 2009-08-05 (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu