Saseta defentsa-sistema

Espainiako Gerra Zibilean Eusko Gudarosteko Kandido Sasetak, Andatzako mendilerroan, sortutako defentsa-sistema


Saseta defentsa-sistema Espainiako Gerra Zibilean Eusko Gudarosteko Kandido Sasetak, Andatzako mendilerroan, sortutako defentsa-sistema izan zen. Ia armarik gabe, 1936ko abuztuak 16tik irailak 19ra, 34 egunez, geldiarazi zuten tropa kolpisten aurrerapena Oria ibaiaren ezkerraldean, Aduna, Zizurkil, Asteasu eta Usurbilgo udalerrietan. Bertara joan ziren Azpeitiko Loiolako santutegiko kuarteleko Eusko Gudarostearen lehen gudariak Kandiko Sasetak zuzenduta eta han hil ziren Eusko Abertzale Ekintza eta Eusko Alderdi Jeltzaleko lehen gudariak.[1]

Saseta defentsa-sistema
Gerra Zibila
Euskal Herriko frontea
Belkoain harresia.jpg
Belkoain mendiaren mendebaldeko tontorretik gertu dagoen harresia
Data 1936ko abuztuaren 16tik irailaren 19era
Lekua Andatzako mendilerroa  EH
Emaitza Frankisten garaipena
Gudulariak
Espainia Matxinatutakoak Flag of the Basque Country.svg Eusko Gudarostea
Flag of Spain (1931–1939).svg Espainiako II. Errepublika
Buruzagiak
José Iruretagoyena koronela
Pablo Cayuela teniente-koronela
Kandido Saseta komandantea

TestuinguruaAldatu

KolpistakAldatu

1936ko uztailaren 17 eta 18an Espainiako armadaren zati batek Espainiako Bigarren Errepublikaren gobernuaren aurkako altxamendu militarra egin zuen. Militar monarkiko eta erreakzionarioen estatu-kolpeak porrot egin zuen, baina Espainiako Gerra Zibila eragin zuen. Gipuzkoan estatu-kolpeak ez zuen arrakastarik izan, eta horrek azaltzen du beste probintzia batzuetako soldaduen presentzia.[1]

Pablo Cayuela teniente-koronel kolpistak zuzendutako Arapiles 7. mendiko batailoia uztailaren 18an abiatu zen Lizarratik kamioietan. Fusilen bi konpainia, metrailadoreen sekzio bat, laguntza emateko makinen sekzioak eta transmisioek, bata Falangearena eta bestea Erreketeena, osatzen zuten zutabea. Lizarratik Altsasurako 50 kilometroak 2 ordu eskasean egin zituzten, oztoporik gabe. Altsasutik Asteasurako 50 kilometroko ibilbidea egiteko aldiz 27 egun behar izan zituzten, bidean aurkitutako erresistentzia armatuaren adierazle.[1]

1936ko abuztuaren hasieran bi fronte zeuden Gipuzkoan, bata Oiartzun inguruan, bestea, Beasainen. Frankistek Beasain hartu zutenean 32 pertsona fusilatu zituzten, haietako asko politikatik kanpo zeudenak, eta Cayuelak udal-agintarien kargugabetze-aktak sinatu zituen. Jokabide bera izan zuen konkistatutako herri guztietan. Kolpistek hartu gabeko herrietara albiste beldurgarriak iristen ziren ihes egindakoen eskutik. Arduradun errepublikanoek kolpistei aurrea egitea ezinezkoa zela zioten mezuak jasotzen zituzten. Horixe zioen Telesforo Monzon, Gipuzkoako Defentsa Batzordeko Ordena Publikoko komisariako arduradunak, uztailaren amaieran Ordiziatik jasotako mezuak. Arapiles batailoiak Oriako haranean zehar jarraitu zuen, erresistentzia txikiagoa gaindituz, abuztuaren 7an Alegia hartu zuten eta abuztuaren 11an iritsi ziren Tolosara, Cayuelak bere txosten batean jasotzen duenez 50 hildakotik gora eragin zituzten bertan. Tolosa erori ondoren, abuztuaren 14an Iruretagoyena koronelak hartu zuen operazio militarraren agintea. Abuztuaren 16an Irura, Villabona, Zizurkil, Aduna eta Sorabilla hartu zituzten, eta Andoain eta Asteasu inguratu zituzten. Gudariak Andatzarrate, Zarate eta Belkoain artean zeuden. Gudariek erresistentzia eremu menditsuetara eramatea erabaki zuten, hiriguneak ezin zituztelako defendatu. Erabaki horrekin, Cayuelaren gizonak kostaldera iristea eragotzi zuten. Abuztuaren 18an kolpistek Andoain hartu zuten.[1]

Errepublikazaleak eta abertzaleakAldatu

 
Kandido Sasetari 2008an Gernikan egindako omenaldia

1936ko uztailaren 18an Gipuzkoako Gobernu Zibilean Agintarien Batzordea eratu zen. Erakundearen helburua lurraldeko Espainiako Bigarren Errepublikaren aldeko agintariak eta Fronte Popularra osatu zuten alderdietako buruzagi nagusiak bateratzea zen. Gerraren bilakaeraren eta Gipuzkoako Gobernadorea Eibarrera joatearen ondorioz Fronte Popularreko sindikatu eta ezkerreko alderdiek Gipuzkoako Defentsa Batzordea osatu zuten uztailaren 27an, probintziako agintariak ordezkatuz. Donostian sortutako batzordeaz gain, teorian haren menpekoak ziren beste bi erakunde zeuden: Eibarko Defentsa Batzordea eta abuztuaren 5ean, Loiolako santutegian sortu zen Azpeitiko Defentsa Batzordea edo Komandantzia. Azken honetan euskal abertzaletasunaren inguruko mugimendu eta alderdiak bakarrik bildu ziren: Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ), Eusko Abertzale Ekintza (EAE), Euskal Langileen Alkartasuna (ELA), Euzko Nekazari Bazkuna (ENB) eta Gipuzko Mendigoizale Batza (GMB). Une hartatik aurrera euskal abertzaletasunak argi eta zuzenean parte hartzen zuen kolpisten aurkako erresistentzia armatuaren antolakuntzan. Azpeitiko Defentsa Batzordea kontrolatzen zuen azalera handia sendotu eta euskal miliziak garatzera mugatu zen. Kandido Saseta kapitaina izendatu zuten milizien komandanteburu eta erasoko lana baino defentsakoa egin zuten. Lehen ekintzak Murumendi, Beizama, Bidania-Goiatz eta Hernio hartzea izan ziren, abuztuaren 11tik hartua zegoen Tolosaren ateetan jarriz. Horretarako funtsezkoa izan zen Eusko Mendigoizale Batzako kideek mendi-inguruak oso ondo ezagutzea. Haien agintari nagusia, Mikel Alberdi, Bidanian hil zuten abuztuaren 16an. Une hartan Gipuzkoa hiru eremutan banatua zegoen: Deba arroa sozialista zen, erdialdea abertzalea eta gainerakoa Gipuzkoako Defentsa Batzordearen esku zegoen eta ezkerrak eragin handia zuen.[1]

GuduaAldatu

Defentsa-sistemaren sorreraAldatu

Eusko Gudarostearen Azpeitiko Komandantziako Kandido Saseta komandantea abuztuaren 5ean iritsi zen Loiolako santutegira eta Oria ibaiaren ekialdean defentsa-sistema antolatu zuen Herniotik Belkoainera: Zelatun, Iturriotz, Andazarrate, Santa Marina ermita, Irumuño, Zarateaitz, Zarateko Benta eta Mareamendi. Azpeitiako Komandantzia eratu berria zen eta oso baliabide eskasak zituen. Frontera joaten zirenak ez ziren soldadu profesionalak, gaizki armatutako zibilak baizik. Azpeitian autobusean sartu eta Andazarratera eramaten zituzten astebeteko txanda betetzeko. Denentzat armarik ez zegoenez, lubakietan uzten zituzten ordezkoentzat.[1]

 
Kandido Sasetak Andatzako mendilerroan osatutako defentsa-lerroa      Kokapen nagusiak


Belkoainen defentsaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Belkoain»
 
Belkoainen mendebaldeko tontorretik gertu dagoen harresia


Abuztuaren 23-28 artean Belkoain mendian borroka gogorrak izan ziren gudarien eta Pablo Cayuela erreketeen zutabearen artean. Abuztuaren 23an erreketeak Andoaingo Sorabilla auzotik Belkoain konkistatzen saiatu ziren baina porrot egin zuten gudariek haien aurka egin zutelako. Altxatuek estrategia aldatu zuten abuztuaren 24tik aurrera, Adunako Basopetako muinotik maniobra inguratzailea egiten saiatu ziren. Eraso horien ondorioz Azpeitiko Komandantziak errefortzuak eta ingurua ezagutzen zuten gidariak bidali behar izan zituen. Gudariek lubakien lerroa ezarri zuten Txingorrigain tontorretik gertu, Marea edo Mareamendi inguruan. Horri esker, erreketeen erasoaldiari aurre egin zioten 28ra arte.[1]

Abuztuaren 24an Basopeta inguruko Ulanberro baserriko Jose Ignazio Arsuaga Mendizabal, 16 urteko adunarra, hil zen su gurutzatuan jasotako bala-tiroaren ondorioz.[1]

Abuztuaren 27an Kandido Sasetak Belkoain mendiko postua sendotzera zihoazela esan zuen Euzkadi egunkarian. Abuztuaren 28an, goizeko 07:30ean, Aldir komandantearen taldeak Belkoain mendiaren kontrola hartu zuen eta gudariek Andatza, Andatzarrate eta Zarateaitzera atzera egin behar izan zuten presaka, bertan 7,5eko bi kanoi, bi metrailadore eta bi fusil metrailadore utziz. Operazio hartan bi errekete hil ziren eta zazpi zauritu.[1]

Defentsa-lerro berria: Andazarrate - Zarateaitz - Zarateko benta - AndatzaAldatu

Belkoain galdu ondoren, defentsa-lerroa aldatu bazen ere, kolpistek kostaldera aurrera egin ezinik jarraitzen zuten. Abuztuaren 29an Eusko Gudarosteak Zarateko bentan ezarri zuen aginte-kuartela. Ondorengo egunetan kolpistek Belkoaindik Zarateko benta aldera kanoikada ugari jaurti zituzten. Hala ere, bertan eutsi zioten erreketeen erasoei irailaren 18ra arte.[1]

 
Kandido Sasetak Andatzako mendilerroan osatutako defentsa-lerroa Belkoain erori ondoren      Kokapen nagusiak


Andatzaren defentsaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Andatza_(mendia)#Gerra_Zibila»
 
Usurbil, Orio eta Andatzaren okupazioaren berri El Pensamiento Navarro egunkarian

Abuztuak 30ean Donostiako Frente Popular egunkariak Kandido Saseta komandantea elkarrizketatu zuen Andatzako gailurrean.[1][2] Tontorrera iritsi aurretik, goizean Donostiako San Bartolomeko kuarteletik ateratzen ikusitako Donostiako Euzko Gaztediko, Errenteriako eta Pasai Donibaneko ehun mendigoizale ingururekin egin zuen topo kazetariak.[2] Elkarrizketan Kandido Sasetak garrantzia kendu zion aurreko egunetan Belkoain galdu izanari, Andatzatik aurkarien mugimenduak kontrola zitzakeelako.[2] Kandido Sasetak esan zuenez nahiko jende baziren baina baliabide materialak falta zituzten.[2] Donostiako gudari batek arma hobeak eta munizioa bidaltzeko eskatu zuen.[2] Anakleto Arana Andatzako borrokaldietan aritu zen Pasaiako Bordaundi kuarteleko buruzagi moduan. Erbestean errefuxiatuta zegoela Jose Migel Barandiaranek egindako elkarrizketan kontatu zuenez, Andatzan, moskete eta errifle, ez zen bana ere ailegatzen gudari bakoitzarentzat.[3] Kazetaria joan zenean arratsaldea aurrera zihoan eta Kandido Saseta gudarien patruilak mendiko leku desberdinetan banatzen ari zen.[2]Irailaren 6ko Donostiako Frente Popular egunkariak argitaratu zuenez erreketeek Andatzan hainbat eraso egin zituzten baina azkenean atzera egin behar izan zuten 28 gorpu eta milizianoek hartu zituzten 50 fusil atzean utziz.[1][2]Irailaren 15ean, Cayuela teniente-koronelak Andatzako posizioaren aurkako erasoaldia abiarazi zuen eta hurrengo egunean hartu zuen.[1] Horrek are arrisku handiagoan jarri zuen Zarateaitzeko posizioa. Cayuelak bere egunerokoan dionez operazioan hiru hildako eta 32 zauritu izan ziren.[1] Koldo Mitxelenak, euskal hizkuntzalari eta idazleak, egun horretan Andatzan izan zuen gerrako lehen bizipena Eusko Gudarostearekin, 21 urte zituela.[4][5]

Santa Marinaren defentsaAldatu

 
Asteasuko Santa Marina ermita

Irailaren 2an Andazarratetik aurrera egin eta Asteasuko Santa Marina ermitako posizio aurreratua defendatzen zuten mendigoizaleek kolpisten erasoa jasan zuten. Hiru orduko borrokaren ondoren erreketeen zutabeak atzera egitea lortu zuten. Hiru mendigoizale eta hamabi errekete hil ziren.[1]

Irailaren 9an eta 11an, Sasetak zuzendutako gudariek berriz egin zieten aurre kolpisten erasoei Santa Marinako ermitan.[1]

Eusko Abertzale Ekintzako gudarien lehen heriotzakAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Jose Arana Irastorza» eta «Txato Olabarri»

Irailaren 17an, Zarateko bentan gauez guardia egitea egokitu zitzaion Jose Arana Irastorza 23 urteko gudari donostiarrari.[6] Zigarro bat piztu zuen eta hark ateratako argitasuna ikusita frankistek tiro egin zioten buruan.[6][7] Gerra Zibilean hildako Eusko Abertzale Ekintzako lehen gudaria izan zen.[1][6][7]

Irailaren 18an, beste ekintzale bat hil zuten Zarateko bentan, 25 urteko Klaudio Olabarri basauriarra. Bere omenez sarjentu zen EAEko batailoiak bere izena hartu zuen: EAEren Olabarri infanteriako batailoia (EAE-1, ofizialki 1936ko urrian eratu zuten).[1]

Zarateko bentaren defentsaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Zarateko_benta#Gerra_Zibila»

Irailaren 18an, 2 eraso jo zituzten frankistek Zarateko bentaren aurka. Batetik, errekete batzuk Belkoaindik atera ziren, nagusien baimenik gabe, Zarate konkistatzeko asmoz. Helburutik 500 metro ekialdera zeudenean, Ipidegi inguruan, gudariek aurre egin zieten eta 15 errekete inguru hil ziren. Bestetik, gerra-gurdi batzuek Zarateko benta inguruan aurrera egin zuten, Molina komandante frankistaren indarrak atzean zituztela, baina lurraren baldintza txarren ondorioz hasierako posizioetara itzuli behar izan zuten. Atzera egitean teniente bat hil zen eta tropako bost soldadu zauritu ziren.[1]

Defentsa-sistemaren erorketaAldatu

Pablo Cayela militar kolpista behin-betiko erasoaldia prestatzen ari zen. Bere tropa gehienak Zizurkil eta Asteasun pilatu zituen eta Adunan ezarri zuen, bertan kontzentratu zituen bere ofizialak. Irailaren 19an, larunbata, Santa Marina ermita eta Irumuño mendiaren hegaleko hainbat posizio hartu zituzten. Hamar hildako eta bederatzi zauritu izan zituzten. Operazio militar ari esker defentsa-sistemaren mendebaldeko mutur osoa hartu zuten. Goizaldera, Kandido Sasetak bere tropak Zarateaitzetik erretiratu zituen. Irailaren 20an, Cayuelak posizioak erabat okupatu zituen.[1]

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t Almorza Arrieta, Karlos; Buces Cabello, Javier. (2016). Saseta Defentsa-Sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen = El Sistema de Defensa Saseta: la resistencia armada antifascista en Aduna, Asteasu y Zizurkil. Aranzadi Zientzia Elkartea ISBN 978-84-944251-8-9. PMC 988299373. Noiz kontsultatua: 2020-04-19.
  2. a b c d e f g (Gaztelaniaz) «En la punta de "Andatza" - Hablando con Saseta, el pundonoroso capitán de los mendigoizales» Gipuzkoa 1936 Noiz kontsultatua: 2018-10-20.
  3. Xabier., Portugal Arteaga,. (). Pasaia 1931-1939 : la memoria de los vencidos. Pasaiako Udala, Kultura eta Hezkuntza ISBN 9788493152444. PMC 433493402. Noiz kontsultatua: 2018-10-20.
  4. Agirre, Joxean. (2015-08-20). «Txiki sentiarazten gaituen biografia, Koldo Mitxelenarena» Gara Noiz kontsultatua: 2018-11-07.
  5. «Mitxelena Elissalt, Koldo» Auñamendi Eusko Enziklopedia Noiz kontsultatua: 2018-11-07.
  6. a b c «Jose Arana Irastorzaren omenez» Aiurri.eus 2018-07-20 Noiz kontsultatua: 2020-04-19.
  7. a b Miranda Labaien, Jon. (2018). «Jose Arana Irastorza omendu dute Polloeko hilerrian» Tolosaldeko ataria 2018-07-11 Noiz kontsultatua: 2020-04-19.

BibliografiaAldatu

  • Almorza Arrieta, Karlos. Buces Cabello, Javier (2016). Saseta defentsa-sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen ISBN 978-84-944251-8-9

Ikus, gaineraAldatu