Tanke

Gerra-gurdi» orritik birbideratua)

Tankea edo gudu orga guda frontean borrokatzeko ibilgailu korazatua da, mugikortasun operazionalerako, eraso taktikorako eta defentsarako gaitasunak dituena. Su egiteko ahalmena du, oro har, dorre birakarian duen kalibre handiko kanoiari eta bigarren mailako metrailadoreei esker. Armadura astunak eta lur orotan mugitzeko gaitasunak, berriz, babesa ematen diote tankeari eta tankeko eskifaiari. Hartara, guda zelaian tropa korazatuek bete beharreko eginkizun nagusi guztiak egin ditzakete.[1]

M1 Abrams, estatubatuar gudu-orga nagusia.
Txinako Askapenerako Herri Armadaren 99 motako guda-orga.

Tankeak garestiak eta logistika behar duten arren, gudu-zelai modernoko arma beldurgarri eta aldakorrenetako bat dira, bai lurreko helburuei erasotzeko duten gaitasunagatik, bai etsaien infanterian izua eragiteko duten balioagatik. Tankea gudu-zelaian egoteak etsaien soldaduei eragiten dien ondorio psikologikoari, talka-ekintza esaten zaio.

Tankeak potentzia handiko eraso-makinak dira; nekez jarduten dute bakarka; indar konbinatuetan blindatutako unitateetan daude antolatuta. Horrelako laguntzarik gabe, tankeak, nahiz eta blindatuta egon eta mugitu, zaurgarriak izango lirateke infanteriaren, lurreko minen eta artilleriaren aurrean.

Ibilgailu horiek desabantailak dituzte basoetan eta hiriguneetan. Izan ere, ibilgailutik distantzia luzera su egiteko ahalmena murriztuagoa dute; mugikortasuna murrizten zaie, eta tripulazioak mehatxuak detektatzeko duen gaitasuna ere mugatuagoa da.

Tankeak Lehen Mundu Gerran erabili ziren lehen aldiz, lubaki-gerra hausteko, eta haien rolak eboluzionatu zuen gudu-zelaian zalditeriaren tokia hartu arte. Tankeen eta blindatuen taktikek bilakaera handia izan dute ia mende batean. Armamentu- eta blindaje-sistemak garatzen jarraitzen den arren, nazio asko berraztertzen aritu dira arma astun horien beharra gerra ez-konbentzionalaren garaian.

Etimologia aldatu

Tanke izena, ingelesezko tank etik eratorria, britainiar fabriketan agertu zen: sekretu militarrari eusteko, langileak engainatu zituzten esanez armadarentzako ur-biltegi mugikorrak eraikitzen ari zirela, baina egien ari zirena zen borrokarako ibilgailu bat sortu[2].

 
Erresuma Batuko Mark V* motako tankea, Lehen Mundu Gerran erabilia. Oso antzekoa zen, Mark I motakoa, borrokan inoiz erabilitako lehenengo tankea.

Historia aldatu

Gerrak mekanizazio handiagorantz egin zuen, eta, horren ondorioz, zalditeria astuna edo korazatua (Katafrakto ere deitua) unitate mekanikoekin ordezkatu zen, zeinak, gainera, artilleria mugikorraren abantailak gehitu zitzaketen, eremu irekian bederen; izan ere, hiri-borrokan guda-orgak ez dira hain eraginkorrak.

Aurreko urteak 1480-1560 aldatu

Leonardo da Vinciren urteetan, italiarrak babesteko zerbait sortu zuen: da Vinci tankea. Tanke horrek kalibre altuko 30-50 kanoi zituen, eta 360 gradu bira zitzakeen tanke osoan, balen kargak ere eginez. Tankeak hortzak ere izan litzake, baina inoiz ez da bertsio berririk sortu.

Lehen Mundu gerra aldatu

 
Britainia Handiko Mark V tankearen argazkia.
 
Frantziako Schneider CA1 tankearen argazkia.
 
Tsarraren tankea, tanke esperimental errusiarra.

Mendebaldeko frontean borrokatzeko baldintzak zirela eta, armada britainiarra ibilgailu autopropultsatu bat ikertzen hasi zen. Ibilgailu horrek lubakiak gurutzatu behar zituen; txarrantxak eraitsi behar zituen, eta metrailadoreen tiroz zeharkaezina izan behar zuen. 1914an, Royal Naval Air Service-k erabilitako Rolls Royce blindatua ikusi eta beldar-trakziozko gudu-ibilgailu bat sortzeko eskemen berri izan ondoren, Winston Churchill Almirantegoko Lehen Lordak batzorde bat babestu zuen, Landships Committee izenekoa, arma berri horren garapena gainbegiratzeko.

Landships Committeak arrakastaz sortu zuen lehen prototipoa, Little Willie izendatua; britainiar armadak 1915eko irailaren 6an probatu zuen. Hasieran lur-ontzi (landship) deitzen zitzaien arren, lehen ibilgailuei ur-garraio deitu zitzaien hizkera arruntean, eta, gero, ezkutuan gordetzeko, tankeak. Tanke hitza erabili zen langileei Mesopotamian armada ingeleserako ur-edukiontzi mugikorrak eraikitzen ari zirela adierazteko, eta izaera ofiziala 1915eko abenduaren 24an hartu zuen.

Lehen orga operatiboaren kasua gertatu zen H. W. Mortimore kapitainak Mark I bat eraman zuenean Sommeko gudura, 1916ko irailaren 15ean.

Frantziarrek Schneider CA1 garatu zuten, lehen aldiz 1917ko apirilaren 16an erabili zena, eta, emaitza txarren ondoren, Renault FT-17-k ordeztu zuen pixkanaka. Azken horrek orga baten formatu estandarra ezarri zuen: oinarri blindatu bat beldar-trakzioarekin eta armamentu nagusia instalatuta duen dorretxo birakari bat[3].​ Tankeak masiboki borroka batean erabili ziren lehen aldia, Cambraiko guduan izan zen, 1917ko azaroaren 20an.

Guda-orgak, azkenean, lubaki-gerra zaharkitua albora utzi zuen, eta britainiar eta frantsesen indarrek gerran erabili zituzten milaka orgek ekarpen nabarmena egin zuten.

Tankeekin lortutako hasierako emaitzak askotarikoak izan ziren: fidagarritasun-arazoek (eta goi-agintearen pazientzia faltak) higadura nabarmena eragiten zuten borrokan. Talde txikietako hedapenak ere gutxitu egin zituen haien balio eta eragin taktikoa. Alemaniako indarrek talka jasan zuten, eta ez zuten tankeen kontrako armarik, baina tankeen aurkako munizioa eta lubaki zabalagoak erabili zituzten guda-orga britainiarren mugikortasuna mugatzeko.

Gudu-zelaiko baldintzen bilakaerak eta etengabeko fidagarritasun ezak behartu zituzten gudu-orga aliatuak garatzen jarraitzera gerraren gainerako zatian, eta modelo berriak sortu zituzten, hala nola Mark V-a, oztopo handien aurrean, batez ere lubaki handien aurrean, bidea ireki zezakeena.

Lehen Mundu Gerran, Alemaniak orga gutxi batzuk erabili ahal izan zituen, batez ere etsaiei harrapatuak. Berek diseinatutako Sturmpanzerwagen A7V orgatik hogei inguru baino ez zituzten ekoitzi.

Gerren arteko aldia aldatu

 
T-26 gudu-orga errusiarra.

Gudu-orgaren kontzeptuarekin, zenbait naziok bi mundu-gerren artean orgak diseinatu eta egin zituzten. Britainiar diseinuak aurreratuenak ziren, neurri handi batean, 1920an blindatutako indar batean zuten interesagatik. Frantzian, ekonomiaren egoera zela eta, ez zen hainbesteko garapenik izan gerra arteko aldiaren lehen urteetan.

Alemaniaren eta Errusiaren kasua berezia izan zen. Alemania oso mugatuta eta kontrolatuta zegoen Versaillesko Itunaren ondorioz, eta Errusiak nazioarteko blokeoa jasaten zuen herrialde komunista zelako, eta horrek mendebaldeko potentzien agintariei beldurra ematen zien haien ideologia beren nazioetara kutsa zitekeela eta. Presio horien ondorioz, bi herrialdeek Rapalloko Hitzarmena (1922) sinatu zuten, Errusiaren blokeoa hausten zuena. Itun hori zabaldu zen sobietar lurraldean armada garatzeko aukera eman zuten klausula sekretuen bidez. Jada 1929an, bi armadek batera parte hartzen zuten orgak hobetzen eta tripulazioak entrenatzen[4][5].

Estatu Batuetan gutxi garatu zuten garai hartan, zeren zalditeria-arma blindatuena baino zaharragoa baitzen, eta gudu-orga garatzeko finantziazio gehiena bereganatzea lortu zuen. George S. Patton, gerran gudu-orgekin esperientzia izan arren, blindatu-armatik zalditeria-armara transferitua izan zen.

Garai hartan, hainbat orga mota izan ziren, gehienak Erresuma Batuan garatuak. Orga arinak, hamar tona edo gutxiago pisatzen zutenak, miaketetarako erabiltzen ziren batez ere, eta kanoi arin bat zeramaten, beste orga arin batzuen kontra erabilgarri zena. Ertainak edo gurutzaldikoak (Erresuma Batuan hala deituak), zertxobait astunagoak ziren, eta abiadura handian distantzia handiak egiteko pentsatuta. Azkenik, orga astunak edo infanteriakoak ondo blindatuta, eta, normalean, oso motelak ziren.

Ideia zen infanteria-orgak infanteriarekin batera erabiltzea haustura bat egiteko, eta arerioaren tankeen aurkako sutetik bizirik ateratzea blindaje astunari esker. Behin indar konbinatu horrek etsaien lerroa suntsitzean, orga-taldeak bidaliko lirateke irekitako bretxatik, hornidura eta aginte-unitateak erasoz lineen atzetik. Bi faseko taktika hori orga-talde britainiarren oinarrizko borroka-taktika izan zen, eta alemanek gerra azkarra kontzeptuaren funtsezko osagai gisa bereganatu zuten (Blitzkrieg).

J.F.C Fuller-en doktrina izan zen estratega nagusien lan-iturria: Hobart Erresuma Batuan, Guderian Alemanian, Chaffee Estatu Batuetan, Charles de Gaulle Frantzian eta Mikhail Tukhatxevski Sobietar Batasunean. Denek antzeko ondorioak aterako zituzketen. Tukhatxevskiren arakatzaile aerogarraiatuen arteko integrazioa sofistikatuena eta eztabaidagarriena zen; teoria Alemaniak bakarrik jarriko zukeen praktikan, eta goi-mailako taktikekin arma eraginkor bihurtu zuten Blitzkrieg.

orga arteko borrokan pentsatu zuten, baina gehiago erabiltzen ziren tankeen aurkako artillerian eta antzekoetan, hala nola orga-ehiztariak. Hori gehiago erabili zen Estatu Batuetan, non orgek etsai blindatuak ekiditea eta orga-ehiztariak harrapatzeko unitateak aurrez aurre jartzea espero baitzen. Britainia Handiak bide bera hartu zuen, eta biek tanke arinak sortu zituzten, abiadura baliatuz suntsituak izango ez ziren itxaropenarekin. Hala ere, praktikan egiaztatu zen itxaropen horiek ez zeudela ondo oinarrituta.

Gudu-zelaian orga kopuruak gora egiten zuenez, topo egiteko aukerak ere gora egin zuen, eta guda-orgak tankeen aurkako ibilgailu ere bihurtu behar izan ziren. Hala ere, beste blindatu batzuei bakarrik aurre egiteko diseinatutako guda-orgak nahiko ahulak ziren beste mehatxu batzuen aurrean, eta ez zuten infanteriari laguntzeko eginkizuna betetzen. Tanke eta tankeen aurkako suaren aurreko ahultasunak azkartu egin zituen blindajea eta armamentua ia diseinu guztiak. Tankearen forma, hasieran oztopoak gainditzeko pentsatua, onura bihurtu zen orain, bada, profil baxua baitzuen ezkutatzeko eta egonkortasuna lortzeko.

Bigarren Mundu Gerra aldatu

 
T-34-85 tanke sobietarra, Bigarren Mundu Gerrako tankerik onenetako bat.

Bigarren Mundu Gerran, aurrerapausoak eman ziren tankeen diseinuan. Alemaniarrek, hasieran, gutxi blindatutako eta arma arinak zituzten tankeak eraman zituzten borrokara, hala nola Panzer I-a, entrenamenduetan bakarrik erabiltzeko sortua. Tanke arin baina azkar horiek eta beste elementu blindatu batzuk funtsezkoak izan ziren Tximista Gerran. Gerra-garaian, indar guztiek handitu zuten, neurri handi batean, su-potentzia eta tankeen blindajea: Panzer I-ak bi metrailadore baino ez zituen, eta Panzer IV-ak, berriz, 75 mm-ko kanoi bat eta 20 tona baino gutxiagoko pisua. Gerraren amaieran, alemaniar tanke ertainak, Pantherrak, 75 mm-ko kanoi azkarra zuen, eta 45 tonako pisua.

Gerrako beste aurrerapen bat esekidura-sistemen hobekuntza izan zen. Esekiduraren kalitatea erabakigarria zen zelaiko tankearen errendimenduarentzat. Esekidura mugatuko tankeek maiz astintzen zituzten tripulazioak, abiadura mugatuz eta mugimenduan egiten zen tiroa ia ezinezkoa izanik. Sistema berriek, hala nola bihurdura-barrak eta Christie esekidurak, hobetu egin zuten funtzionamendua, eta Pantherrei aukera emanez zelaiak abiadura bizian zeharkatzeko, oraindik erabilgarri ziren beste modelo zaharrago batzuk ezingo zuketena.

 
Panzer VI Tiger alemaniarra, Bigarren Mundu Gerrako tanke astunetako bat.

Une hartan, gerra-orga gehienek irratiak zituzten, eta horrek unitateen koordinazioa hobetzen zuen. Orgaren txasisa behar militar askotara egokitu zen, mina-garbitze eta ingeniari-lanak barne. Potentzia nagusiek, halaber, arma autopropultsatu espezifikoak garatu zituzten: artilleria, karro-ehiztariak eta eraso-kanoiak. Errusiako eta Alemaniako karro-ehiztariak orgak baino merkeagoak eta sinpleagoak ziren, eta Britainia Handiko eta Estatu Batuetako karro-ehiztariak ez ziren ia bereizten eraso-orgetatik.

Dorretxoak, lehenago ezaugarri unibertsala ez zirenak, elementu zuzentzat hartu ziren. Eraso-orgaren kanoia jomuga blindatuei aurre egiteko erabili behar bazen, handia, eta ahalik eta tiramen handienekoa izan behar zuen, eta edozein puntutara tiro egin zezakeen kanoia izan behar zuen. Hainbat dorretxo zituzten orgen diseinuak alboratu egin ziren Bigarren Mundu Gerran, hala nola T-35 eta T-28 sobietarrak. Orga gehienek metrailadore bat zuten kaskoan.

 
M4 Sherman estatubatuarra Herbehereetako museo batean.

Gerra hotza eta ondorengoak aldatu

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, borroka-orgak klase ertainekoak eta astunak hobetzen jarraitu zuen. Tanke arinak ikuskapen lanetarako baino ez ziren erabiltzen, eta, Estatu Batuetan, indar airegarraiatuei laguntzeko. Hala ere, aire-garraioen pisu-mugak zirela eta, ezinezkoa zen tanke arin praktiko bat egitea, eta denboraren poderioz mota hori desagertzen joan zen.

Esekidura eta motor hobeen konbinazioari esker, gerraren amaierako tanke ertainek lehen tanke astunak gainditzea ahalbidetu zuen. Blindaje pixka bat gehiago eta konpentsatzeko motor handixeagoak gehituta, orga ertainak babestuta geratu ziren tankearen aurkako arma gehienen kontra, haien mugikortasuna mantenduz.

Batzuen ustez, Pantherra izan zen inflexio-puntua, eta ondorengo diseinuetarako oinarria. Hala ere, Pantherra ez zegoen ondo blindatuta, eta ezin zuen tanke astunen aurka borroka egin baldintza beretan. Centurión tanke britainiarra jotzen da, oro har, belaunaldi berriko lehen tanketzat, gai baitzen Alemaniako 88 mm-ko kanoi ezagunaren talkari aurre egiteko; 105 mm-ko Royal Ordnance L7 kanoiarekin armatua zegoen, gudu-eremuan beste edozein baino handiagoa, eta 56 km/h-ko abiadura har zezakeen 650 cv-ko Meteor motorrari esker.

Centurionek tanke britainiar guztiak ordeztu zituen, eta tanke astuna desagertzera bultzatu zuen; britainiarrek Universal Tank (tanke unibertsala) deitu zioten, eta, laster, «borroka-orga nagusia» (edo Main Battle Tank, MBT) deituko zioten.

Orgen aurkako misil gidatuen mehatxuari erantzunez, blindajearen lodiera garatzeko gunea blindajearen teknologiara bideratu zen. Kanoiaren teknologia aurreko hamarkaden antzekoa izan zen, orga gehienek eskuz kargatzeko sistema erabiliz, baina aurrerapen handiak egin ziren munizioaren eraginkortasunean.

Tankeen eginbehar eta oinarrizko ezaugarri ia guztiak Lehen Mundu Gerraren amaieran garatu ziren arren, prestazioak, neurri batean, handituz joan ziren XXI. mendean. Beti aldakorrak diren mehatxu eta baldintzei erantzuteko findu ziren, bereziki beste tanke batzuen kontrakoak. Tankeen ahalmen aurreratuak beste borroka-orga batzuen garapenarekin eta tankeen aurkako armen etengabeko garapenarekin orekatu ziren.

Diseinua aldatu

Borroka-orgaren eraginkortasuna zehazten duten hiru faktore erabakigarri tradizionalak dira: su-potentzia, mugikortasuna eta babesa.

  1. Su-potentzia da tanke batek jomuga bat garaitzeko duen ahalmena. Horretarako, kontuan hartu behar da: jomuga eraso daitekeen gehieneko distantzia; jomuga mugikorrak eraso egiteko gaitasuna; helburu asko eraso daitekeen abiadura eta ibilgailu blindatuak edo lubakian babestutako infanteria garaitzeko gaitasuna.
  1. Mugikortasunean sartzen dira, besteak beste, abiadura eta arintasuna landaren barna, zer lur-mota estal dezakeen, oztopoen neurriak, lubakiak eta zeharkatu ditzakeen urak, zubi txikiak zeharkatzeko gaitasuna eta erregaiz hornitu aurretik egin dezakeen distantzia. Mugikortasun estrategikoan, gainera, sartzen dira: errepideetan abiadura handian bidaiatzeko gaitasuna eta tren edo kamioietan garraiatua izateko aukera.
  1. Babesa blindaje kopurua eta mota da, indargarriak nola jarri diren eta zein eremuri ematen zaien lehentasuna (dorretxoa eta aurrealdea) beste batzuen kaltetan (atzeko aldea). Halaber, faktore positibotzat hartzen dira: silueta baxua, gehiegizko zaratarik eza eta gutxieneko aztarna termikoa; halaber, kontrako neurri aktiboak eta etsaien sua saihesteko beste modu batzuk ere baloratzen dira, baita kalteak jaso ondoren borrokan jarraitzeko gaitasuna ere.
 
Stridsvagn 103 tanke suediarrak ez du torretxodun diseinu tipikoa.

Borroka-orgaren diseinuak hiru faktore horien arteko konpromisoari eusten dio tradizioz, eta hirurak maximizatzea ezinezkoa dela jotzen da: blindajea handitzeak pisua handituko du, eta, beraz, manipulagarritasuna murriztuko du; Tamaina handiagoko kanoi bat erabiliz sute-potentzia handitzeak murriztu egingo ditu mugikortasuna eta babesa, dorretxoaren aurrealdeko blindajea murrizten delako.

Faktoreen arteko oreka lortzeko, hainbat alderdi hartu behar dira kontuan: estrategia militarra, aurrekontua, geografia, borondate politikoa eta tankea beste herrialde batzuei saltzeko aukera.

Fabrikazio-tradizio handia duten herrialdeek beren eragina izan dute:

  • Erresuma Batuak, historikoki, su-potentzia hobearen alde egin du, naiz eta mugikortasun pixka bat galdu. Britainia Handiak ondo entrenatutako armada profesional txikia du; beraz, tripulazioaren biziraupena garrantzitsua da.
  • Estatu Batuek armamentu sofistikatua duen armada handia da, eta laguntza-zerbitzu mugikorren sare konplexua du. Tankeak bermatze- eta konpontze-unitateetatik urrun egotea espero denez, garrantzi gutxiago ematen zaio tripulazioak tankea beren kasa mantentzeko edo kaltea jaso ondoren borrokan jarraitzeko duen gaitasunari.
  • Sobietar Batasunak erraz ekoitzi eta mantentzeko tankeak izan zituen, T-34 esaterako. Diseinuen garapena, estatuak kontrolatua, gehikuntza-aldaketak egiten ziren. Mantentze-lan hedakorra biltegi espezializatuetan egiten zen.
 
Tanke argentinar ertaina, erakusketa batean.

Beste herrialde batzuek, beren kokapen geografikoa dela eta, ez dute tanke handirik behar defendatzeko, baizik eta mugikortasun handiko blindatu txikiagoak edo tanke arinak soilik, hala nola Brasilgo armadak edo Ekuadorreko armadak. Aparteko aipamena merezi du TAMek (Tanke argentinar ertainaren siglak). Tamaina ertaineko orga bat da, eta Argentinak Alemaniari eskatu zion haren diseinua Marder-en kaskoan oinarrituta; motorra ere aurrealdean du.

Lehen Mundu Gerratik, kanoia izan zen tankeen arma nagusia. Bere nomenklatura teknikoak, izan ere, bere kalibrea eta luzera adierazten ditu. Adibidez, M1A1 Abrams kanoia Rheinmetall L44 da, amerikarrek M256 120/44 deitzen dutena. Hau da, bere kalibrea (kanoiaren hodiaren diametroa) 120 mm-koa da, eta luzerak 44 kalibre ditu (diametroa 44 aldiz).

Kanoiaren barrualdea, arima izenekoa, ildaskatua edo leuna izan daiteke.

Lehen mota gehien erabiliena zen lehen ere. Ojiba-formako jaurtigai bat nabarmen ezegonkortzen da kanoiaren ahotik atera bezain laster. Diseinu hori hobetu zen ildaskatze bat erantsita arimaren barruan. Metalezko marradura edo ildaskatze horiek, normalean, lau eta noranzko destrogiroarekin (biraketa eskuinerantz), espiral-forma dute, ganberan hasi eta kanoiaren ahoan amaitzen dira. Haren egitekoa da jaurtigaiari errotazio-mugimendu bat inprimatzea, eta efektu giroskopiko bat sortzea, doitasuna eta irismena izugarri handitzen dituena. Efektu horren adibiderik oinarrizkoena eta errazena ziba bat da, non jasaten duen azelerazio erradialak bere errotazio-ardatzaren gainean egonkortzen baitu. Salbuespenak salbuespen, 105 mm-ko kanoiak izan ziren ildaskatua erabili zuten azkenak. Kanoi modernoenak arima leunekoak dira, hau da, barrualdea erabat leuna eta landua dute. Obura efektu giroskopiko horren bidez egonkortu beharrean, hegatsak eransten dizkiete jaurtigaiei, arku batek jaurtitako gezi baten moduan.

Arima leuneko kanoiek jaurtigai askoz azkarragoak erabil ditzakete; mantentze-lan gutxiago dute, eta, irismenari eta zehaztasunari dagokienez, luzera txikiagoa izan dezakete prestazio onak lortzeko. Gainera, arima ildaskatutako kanoietan ezin ziren kalibratutako Sabot jaurtigaiak erabili; biraketa-efektua indargabetzen zuen zorro berezi bat erabili behar zen, eta, kanoiaren ahotik irten ondoren, jaurtigaia hegalen bidez egonkortzen zen, arima leuneko batean antzera. Kanoiko hoditik misilak jaurtitzeko ere ezin ziren erabili.

Faktore horren eta beste batzuen eraginez, balantza arima leunaren aldera erortzea ekarri zuen, nahiz eta alboetako aire-korronteek eragin handiagoa izan obusek distantzia luzeetan zuten ibilbide balistikoan, eta efektu hori, hein batean, konpondu zen ordenagailu balistikoak erabiliz.

Hasieran, kalibre, irismen eta potentzia txikikoak ziren, eta, horri esker, bat baino gehiago muntatzen zen norabide desberdinetara zuzendutako dorretxoetan. Bilakaera motela izan zuen Bigarren Mundu Gerrara arte, non oso arma erabilgarriak zirela frogatu baitzuten. Oro har, garaiko kalibreak 66 edo 76 mm ingurukoak ziren, baina gerrako kanoirik beldurgarriena Flak 88/56 izan zen. Hasieran, antiaireko arma gisa sortu zen, eta berehala ilusi zen Alemaniako armadak eskura zuen orgen aurkako armarik onena zela, 501 dibisioko kideek Ekialdeko Frontean erabili ondoren. Aliatuen blindatuak tiro batez suntsitzeko gai zen, baita aurrealdean jota ere, eta irismen eraginkor handiagoa zuen. Antiairearen atoian bertan erabiltzen zen, baina Tiger I eta II orga astunetan ere egokitu, eta muntatu zuten, oso emaitza onekin. Kanoi hori erabili zuten beste ibilgailu batzuk Nashorn, Jagdpanther eta Elefant orga-ehiztariak izan ziren. Horien kopuru txikiak eta Alemaniak antola zezakeen aireko estaldura urriak bakarrik eragotzi zuten blindatu aliatuen galerak katastrofikoak izatea.

Gaur egun, egoera ez da nabarmen aldatu, edozein borroka-orgako arma nagusia abiadura handiko eta kalibre handiko kanoia da, siderurgia modernoari esker teknologikoki oso aurreratuta dagoena. Kalibre arruntena 120 mm-koa da, nahiz eta artilleria errusiarraren fabrikatzaileek 125 mm-koa erabiltzen duten.

Berriki, abiadura handiko 140 mm-ko kanoiak probatzen ari dira. Horien suntsitze-ahalmena gaur egungoena baino askoz handiagoa da, baina armadek ondorioztatu dute orgak eta haien ordenagailu balistikoak eguneratzeak duen kostua ez duela abantaila hori konpentsatzen. Laburbilduz, haren su-potentzia suntsitzailea da, baina ez beharrezkoa; izan ere, borrokak 2.000 m inguruko distantzietan gertatzen dira, eta 120 mm-ko kanoi baten inpaktua ere hilgarria da.

Alemaniak 2A5 eta A6 Leopard delakoa eguneratu du L55, 120 mm eta 55 kalibre luze erabiliz, antzeko kanoi gehienak baino askoz indartsuagoa. Ingelesek erabaki dute Challenger 2an muntatzea, eta aurreko kanoi ildaskatua kentzea, arestian azaldutako arrazoiengatik. Iparramerikarrek, ordea, ez dute M1 serieetako arma nagusia aldatu nahi, arrazoi ekonomikoengatik batez ere. Bere taktika munizioak garatzea izan da, eta, gaur egun, uneko blindaje zinetikoaren sartzailerik onena dute: uranio pobretuko Sabot M829A3 jaurtigaia, A1 aurrekoarekin garatua, Golkoko Lehen Gerran borrokan sartu zena. Haren errendimendua sekretua da, baina badirudi 55 kalibre luze den Rheinmetall kanoi berria bezain eraginkorra dela; beraz, ezin da justifikatu arma nagusia eguneratzeko gastua. L55 bateragarria da M829A3-arekin, eta haren indar suntsitzaile neurrigabea edozein blindaje modernoren erresistentziaren oso gainetik badago ere, alemanek eta ingelesek tungstenozko sabot munizioa erabiltzen dute, potentzia hilgarri berarekin.

 
Merkava II horren kanoia atorra edo mahuka termiko batez estalita dago.

Kanoi modernoek, normalean, atorra termiko bat izaten dute, tenperatura desberdinek kanoian duten eragina murrizten duena. Behin eta berriz tiro egin ondoren, asko berotzen da kanoia. Euria ari badu, goiko aldea behekoa baino hotzago egongo da, eta alboko brisa batek armaren zati bat bakarrik hoztu lezake. Hozte desberdin horrek kanoia, ia oharkabean, kurbatzea eragingo luke, eta horrek, hala ere, eragin handia izango luke distantzia luzeko punterian. Gaur egungo tankeek laser-kolimatzaileak dituzte kanoian, kanoiaren kurbadura etengabe neurtzen dutenak, eta tiro-ordenagailuan sartzen dute tiro-soluzioa kalkula eta zuzendu dezan.

Oro har, gudu-orgak beste armamentu bat ere badaramate, infanteriaren aurkako babes motzerako edo arma nagusia erabiltzea eragingabea edo munizioen xahutze hutsa denean. 7,62 mm-ko metrailadore arina edo 12,7 mm-ko pisutsua izaten dute, kanoiarekin paraleloan muntatua (arma ardazkidea). Hala ere, beste batzuek, hala nola AMX-30ek eta AMX-40k, 20 mm-ko kanoi automatiko bat dute, kadentzia altu batekin, eta blindaje arineko ibilgailu bat suntsi dezake. BMP-3 errusiarrak, arma nagusiaz gain, 30 mm-ko kanoi automatiko bat ere badu. Gainera, tanke askok kalibre ertain edo astuneko metrailadore bat edo batzuk izaten dituzte dorretxoaren goialdean, behatze kupula batean, komandantearen eta/edo kargatzailearentzako, infanteriatik edo aire erasoetatik babesteko, baina azken horrek muga nabarmenak ditu.

Historikoki, tanke batzuk zeregin espezializatuetarako egokitu dira, eta ezohiko armamentu nagusia erabiltzen dute, adibidez, su-jaurtigailuak. Gaur egun, arma horiek desagertu egin dira.

 
FCSMCS-aren irudikapen artistikoa.

Ikerketa eta garapena aldatu

Espekulazio handia dago borroka-orgak egungo gatazketan izango duten bilakaerari buruz. Ikerketen arabera, tankea radarrean ikusezina egitea da, jatorrian hegazkinentzat sortutako ezkutuko teknologiak egokituz. Propultsio- eta blindaje-sistema berriak ere ikertzen ari dira.

Tankeen diseinuak motor elektrikoetara aldatzen badira (adibidez, transmisio zuzenaren ordez eraikuntzako ekipo astunetan erabiltzen direnak), edo errail-kanoiaren antzeko armak erabiltzen badira, itsasontzietan aztertzen ari diren moduan, motor hobea beharko da. Gas-turbinak eta diesel motorrak gaur egungo beharretarako balio dute, baina baliteke beste motor esperimental batzuek ere balio izatea.

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Von Senger und Etterlin, Dr. F. M. (1960), The World's Armoured Fighting Vehicles, Londres: Macdonald & Co. (Publishers) Ltd.
  2. Larry H. Addington. (1994). The patterns of war since the eighteenth century. Indiana University Press ISBN 978-0-253-20860-6. (Noiz kontsultatua: 2024-03-22).
  3. (ingelesez) The illustrated directory of tanks of the world Archivado el 15 de septiembre de 2011 en Wayback Machine., URL último acceso el 18/12/2010
  4. (Ingelesez) Dziewanowski, M. K.. (1993). A History of Soviet Russia. Prentice Hall ISBN 978-0-13-389727-2. (Noiz kontsultatua: 2024-03-22).
  5. (Ingelesez) Tucker, Spencer; Roberts, Priscilla Mary. (2005). World War I: Encyclopedia. ABC-CLIO ISBN 978-1-85109-420-2. (Noiz kontsultatua: 2024-03-22).

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu