Zarateko benta

eraikitako euskal ondare nabaria Zizurkilen

Zarateko benta Gipuzkoako Zizurkil udalerriko baserri bat da, garai batean benta izandakoa. Gipuzkoako barrualdea eta kostaldearen arteko bidegurutze estrategiko batean kokatua dago.[1] Eraikitako euskal ondare nabari gisa sailkatua dago.[2][3] 1936ko abuztuaren 29tik irailaren 18ra, Eusko Gudarostearen kuartela izan zen Gerra Zibilean, Saseta defentsa-sistemaren barnean.[4]

Zarateko benta
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Saiatzeko aldaera Saiatzeko aldaera
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaZizurkil
Koordenatuak43°13′24″N 2°05′46″W / 43.22324°N 2.09616°W / 43.22324; -2.09616
Map
Ondarea
EJren ondarea25

Etimologia

aldatu

Zarate izena zara (txara) eta ate hitzek osatzen dute.[1]

Ezaugarriak

aldatu

Berrituta dago. Oinplano angeluzuzena du. Harri-hormak bistan ditu eta eskantzuetan harlandua. Berritzen-lanetan jatorrizko baoen diseinua pixka bat aldatu zuten, berriak ireki eta batzuk handitu zituzten. Horrez gain, jatorrizkoak ez diren elementu apaingarriak ere gehitu zituzten: egurrezko bilbadura, hastialaren itxitura, teilatu-hegalaren lanak eta sarrera nagusiko arku dobelatua. Eraikinaren barnealdea guztiz berritua dago.[1]

Ekialdera ematen duen aldean mendizaleek aterpe bezala erabiltzen duten gune bat dauka erantsia, harri-hormez egina eta isuri bateko teilatua duena.[1]

Historia

aldatu

Zarateko bentari buruzko idatzizko lehen aipamena XVII. mendearen hasierakoa da (1619), nahiz eta ziurrenik zaharragoa den. Zizurkilgo Udalak eraiki zuela dirudi, herrian zerbitzu bat gehiago izateko. Zaintza eta ustiapena alokairuan jartzen zuten.[1]

1733an Antonio Otaegik 33 dukat ordaindu zituen urteko errentaren truke eta 2.000 oin beteko haritz haztegi bat zaintzeko betebeharra zuen. 1743 eta 1747 artean eraikina guztiz berritu zuten eta ogia egiteko labea eta sagardoa egiteko dolarea jarri zituzten. 1790ean Manuel Lizargarate maizterrak urtean 54 dukateko errenta ordaintzen zuen. Betebeharren artean zeuden behar beste ardo, ogi eta lasto edukitzea eta bi karobi eraikitzea lurrak ontzeko.[1]

1817an Udalak zor ugari zituen eta eraikina Juan Ignacio Loinazi saldu zion. XIX. mendearen amaiera aldera eraikinak sua hartu zuen eta guztiz berritu zuten, solairu bat gehituz.[1]

1927an beste sute batek goitik behera kiskali zuen. Berriz eraiki zuten, baina benta izateari utzi zion.[1]

Gerra Zibila

aldatu

Gerra Zibilean, Andatzako mendilerroan Kandido Sasetak sortutako defentsa-sistemak 1936ko abuztuak 16tik irailak 19ra, 34 egunez, geldiarazi zuen Jose Iruretagoyena Solchaga koronelaren tropa kolpisten aurrerapena. Abuztuaren 29tik irailaren 18ra, Eusko Gudarostearen kuartela egon zen Zarateko bentan.[4]

 
Zarateko benta eta Zarateaitz mendia 1947an

Abuztuaren 28an, goizeko 07:30etan, ordura arte gudarien esku egondako Belkoain mendiaren kontrola hartu zuen Aldir komandante frankistaren taldeak borroka gogorren ondoren. Ondorioz, gudariek Zarateaitz - Zarateko benta - Andatza posizioetan osatu zuten defentsa-lerro berria, kolpistei kostaldera aurrera egitea eragotziz. Abuztuaren 29an Eusko Gudarosteak aginte-kuartela ezarri zuen Zarateko bentan. Ondorengo egunetan kolpistek Belkoaindik Zarateko benta aldera kanoikada ugari jaurti zituzten,[4] baserriari kalteak eraginez.[1] Irailaren 16an, Cayuela teniente-koronelak Andatza mendia hartzeak are arrisku handiagoan jarri zuen Zarateaitzeko posizioa.[4]

Irailaren 17an, Zarateko bentan gauez guardia egitea egokitu zitzaion Jose Arana Irastorza 23 urteko gudari donostiarrari.[5] Zigarro bat piztu zuen eta hark ateratako argitasuna ikusita frankistek tiro egin zioten buruan.[5][6] Gerra Zibilean hildako Eusko Abertzale Ekintzako lehen gudaria izan zen.[4][5][6]

Irailaren 18an, beste ekintzale bat hil zuten Zarateko bentan, 25 urteko Klaudio Olabarri basauriarra. Bere omenez sarjentu zen EAEko batailoiak bere izena hartu zuen: EAEren Olabarri infanteriako batailoia (EAE-1, ofizialki 1936ko urrian eratu zuten). Egun horretan 2 eraso jo zituzten frankistek. Batetik, errekete batzuk Belkoaindik atera ziren, nagusien baimenik gabe, Zarate konkistatzeko asmoz. Helburutik 500 metro ekialdera zeudenean, Ipidegi inguruan, gudariek aurre egin zieten eta 15 errekete inguru hil ziren. Bestetik, gerra-gurdi batzuek Zarateko benta inguruan aurrera egin zuten, Molina komandante frankistaren indarrak atzean zituztela, baina lurraren baldintza txarren ondorioz hasierako posizioetara itzuli behar izan zuten. Atzera egitean teniente bat hil zen eta tropako bost soldadu zauritu ziren.[4]

Pablo Cayuela militar kolpista behin-betiko erasoaldia prestatzen ari zen. Bere tropa gehienak Zizurkil eta Asteasun pilatu zituen eta Adunan ezarri zuen, bertan kontzentratu zituen bere ofizialak. Irailaren 19an, larunbata, Santa Marina ermita eta Irumuño mendiaren hegaleko hainbat posizio hartu zituzten. Hamar hildako eta bederatzi zauritu izan zituzten. Operazio militar hari esker Saseta defentsa-sistemaren mendebaldeko mutur osoa hartu zuten. Goizaldera, Kandido Sasetak bere tropak Zarateaitzetik erretiratu zituen. Irailaren 20an, Cayuelak posizioak erabat okupatu zituen.[4]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h i Zizurkilgo baserriak. in: Tolosaldea historia bilduma. Aranzadi Zientzia Elkartea, 349-352 or. ISBN 978-84-935707-3-6. PMC 904757217. (Noiz kontsultatua: 2020-03-20).
  2. «Zarateko Benta baserria. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-20).
  3. «2/2012 DEKRETUA, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa.» Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria (Eusko Jaurlaritza) 2012-01-10 (Noiz kontsultatua: 2020-03-20).
  4. a b c d e f g Almorza Arrieta, Karlos; Buces Cabello, Javier. (2016). Saseta Defentsa-Sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen = El Sistema de Defensa Saseta: la resistencia armada antifascista en Aduna, Asteasu y Zizurkil. Aranzadi Zientzia Elkartea ISBN 978-84-944251-8-9. PMC 988299373. (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).
  5. a b c «Jose Arana Irastorzaren omenez» Aiurri.eus 2018-07-20 (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).
  6. a b Miranda Labaien, Jon. (2018). «Jose Arana Irastorza omendu dute Polloeko hilerrian» Tolosaldeko ataria 2018-07-11 (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).

Kanpo estekak

aldatu