Frente Popular (egunkaria)
- Artikulu hau egunkariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Frente Popular (argipena)».
Frente Popular Donostian 1936an argitaratu zen gerra egunkaria da.
Historia
aldatuFrente Popular egunkaria Donostian argitaratu zen Gerra Zibilaren hasierako egunetan, 1936ko uztailaren 27tik[1] irailaren 12ra arte[2].
Egunkariaren egoitza Garibai kaleko 34. zenbakian egon zen, aurretik El Pueblo Vasco egunkariaren egoitza izan zen eraikinean. Sei orrialde zituen eta 15 zentimotan saltzen zen.
Frente Popularraren zuzendaria Ramiro Pérez Moretinos izan zen, Izquierda Republicanako kidea eta kolaboratzaileen artean, besteak beste, Atxerre, Serna-Huelva, Cecilia García Gilarte, Jose Aierdi, Julián Larrean, Juan de Alzo, Pedro Antín Olave, Francisco García Lavid, Manolín de la Casa Grande, Indalecio Prieto eta Ángel Ossorio y Gallardoren izenak nabarmendu ziren.
1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarra gertatu zenean, Donostian argitaratzen ziren bost egunkariek, El Día, El Pueblo Vasco, La Constancia, La Voz de Guipúzcoa eta El Diario Vasco, argitaratzeari utzi zioten. Uztailaren 27an Gipuzkoako Defentsa Batzordea osatu zen, Izquierda Republicana, EAJ, EAE-ANV, CNT, PSOE eta Euskadiko komunisten artean, eta Frente Popular egunkaria sortu zuten, tropa frankistak Donostian sartu arte iraun zuen egunkaria. Edukiari dagokionez, baikorra izan nahi zuen, milizianoen aldeko albisteak ematen zituen, eta faxisten gehiegikeriak gogor salatzen zituen. Albiste gehienak gaztelaniaz zeuden, baina euskarazko artikuluak ere argitaratzen zituen.
Guztira 48 zenbaki kaleratu ziren, azkena irailaren 12koa izan zen, hurrengo egunean frankistak Donostian sartu ziren, Donostiako egunkari guztiak konfiskatu zituzten eta La Voz de España kaleratzen hasi zen[3].
Erreferentziak
aldatuBibliografia
aldatu- (Gaztelaniaz) Arantxa Arzamendi: «Catálogo de publicaciones periódicas donostiarras: 1800-1936». Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 38. urtea, XXV liburukia, 1. zenbakia, 1990eko urtarrila-ekaina.
- (Gaztelaniaz) Biblioteca Municipal de Donostia-San Sebastián: catálogo de publicaciones periódicas; dirección Eulalia San Agustín; coordinación Arantxa Arzamendi ; realización Arantxa Arzamendi y Eki Servicios Bibliotecarios. - Donostia: Asociación de Bibliotecarios de Gipuzkoa, 1992.
- Unai Belaustegi: II. Errepublika eta Gerra Zibila. Kronika Donostiatik = II República y Guerra Civil. Crónica donostiarra. Donostia Kultura, 2016