Janis Joplin
Janis Joplin (jaiotzez Janis Lyn Joplin, Port Arthur, Texas, Ameriketako Estatu Batuak, 1943ko urtarrilaren 19a - Los Angeles, Kalifornia, Ameriketako Estatu Batuak, 1970eko urriaren 4a) Ameriketako Estatu Batuetako rock and roll eta blues abeslaria izan zen. Emakumearen eta 1960ko hamarkadako kontrakulturaren sinboloetako bat da eta rockaren historian izartzat hartzen den lehenengo emakumea. 2008an Rolling Stone aldizkariak historia osoko 100 kantari hoberenen zerrendan 28. postuan jarri zuen. Heriotzak 27koen kluba deritzonean sartu zuen. Bere diskoak musikaren industrian gehien saltzen direnetakoak dira.
Janis Joplin | |
---|---|
(1970) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Janis Lyn Joplin |
Jaiotza | Port Arthur, 1943ko urtarrilaren 19a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Hollywood, 1970eko urriaren 4a (27 urte) |
Hobiratze lekua | Ozeano Barea burial at sea (en) |
Heriotza modua | istripuzko heriotza: opioid overdose (en) |
Familia | |
Ama | Dorothy Bonita Joplin |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Hezkuntza | |
Heziketa | Texasko Unibertsitatea Austinen Kenmore West Senior High School (en) Lamar University (en) Thomas Jefferson High School (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria, egile abeslaria, musikagilea, gitarra-jotzailea eta estudioko musikaria |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | |
Mugimendua | counterculture of the 1960s (en) Hippiea |
Genero artistikoa | rock psikodelikoa bluesa blues rock soula acid rock hard rock herri-kanta countrya |
Ahots mota | mezzosopranoa |
Musika instrumentua | gitarra gitarra akustikoa ahotsa |
Diskoetxea | Columbia Records Mainstream Records (en) |
janisjoplin.com | |
| |
Profil artistikoa
aldatuJanis Joplin ezaguna izan zen bere ahots indartsuagatik eta abestiak interpretatzeko zuen intentsitate handiagatik (Bira batean, hau esan zuen: «Gauero 25.000 pertsonarekin egiten dut maitasuna agertokian, eta gero bakarrik itzultzen naiz etxera»). Lau album argitaratu ondoren, hogeita zazpi urterekin heroina-gaindosi batetik hil zen. Laugarren albuma, Pearl, 1971ko urtarrilean argitaratu zen, hil eta gutxira. Oraindik prestatzen ari zen arren, album hori arrakastatsua izan zen, eta Billboardeko zerrendetan lehena izatera iritsi zen.
1967an, Joplin ospetsu egin zen Monterey Pop Festivaleko aurkeztu zenean. Garai hartan oso ezaguna ez zen Big Brother and The Holding Company San Frantziskoko rock-talde psikodelikoko abeslari nagusia izan zen. Bandarekin bi album kaleratu ondoren, Big Brother utzi eta bere talde propioekin bakarlari gisa jarraitu zuen, lehenik Kozmic Blues Band eta gero Full Tilt Boogie Band taldeekin. Woodstockeko jaialdian egon zen eta Festival Express trenaren ibilbidean parte hartu zuen. Joplinen bost single Billboard Hot 100-en sartu ziren, Me and Bobby McGee abestiaren bertsio bat barne, 1971ko martxoan 1. postura iritsi zena. Abesti ezagunenak honakoak dira: Piece of My Heart, Cry Baby, Down on Me, Ball 'n' Chain, Summertime eta bere jatorrizko kanta, Mercedes Benz, egin zuen azken grabazioa izan zena.
1995ean, Rock and Rollaren Ospearen Aretoan (Rock and Roll Hall of Fame delakoan) sartu zen, eta, 2004an, Rolling Stone aldizkariak 46. lekuan jarri zuen garai guztietako 100 artista onenetatik; 2008an, berriz, 28. postuan kokatu zuen, garai guztietako abeslari onenetakoenetan. 2013an izar bat jaso zuen Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan. 1999an, VH1 (Video Hits One) telebista-kanal estatubatuarrak egindako 100 Greatest Women in Rock zerrendan, hirugarren emakumezko rock-artista onena izendatu zuen. Eszenan egoteko modu desberdina nabarmendu zuten, "elektriko" edo "askatasun basatiaren zentzu berri" gisa katalogatuz.
Janis Joplin Estatu Batuetan gehien saltzen duen musikarietako bat da oraindik ere, herrialde horretan bakarrik 15,5 milioi album salduta dituelarik, Amerikako Grabazio Industriaren Elkartearen arabera.
Biografia
aldatuLehen urteak (1943-1961)
aldatu1943ko urtarrilaren 19an jaio zen Port Arthurren, Texasko herri industrialean. Bere gurasoek, Sethek (1910-1987), findegi batean lan egiten zuenak, eta Dorothyk (1913-1998), bere institutuan kantatzen nabarmendu zenak, Janis maistra izatea nahi zuten. Bi anaia txiki zituen, Laura (1949) eta Michael (1953).
Bere familia Kristoren Eliza izeneko erlijio-mugimenduko partaide zen. Kronika guztiek azpimarratzen dute Joplin artista oinazetua eta segurtasun gutxikoa zela. «Neska ez zen zoriontsua eta ez zegoen gustura. Harremana ez zen egokiena», zioen amak gainerako anai-arrebekin ondo konpontzen ez zen eta arreta gehiegi eskatzen zuen alabari buruz.
Nerabezaroan, marjinatu-talde baten lagun egin zen, eta, haren bidez, Bessie Smith, Ma Rainey edo Lead Belly bezalako blues afroamerikarreko artisten diskoak ezagutu zituen. Geroago, Joplinek kantari izateko erabakian eragina izan zuela aitortu zuen. Abesbatza batean parte hartzen hasi zenean, beste blues-kantari batzuk ezagutu zituen, hala nola Odetta, Billie Holiday eta Big Mama Thornton. Hamasei urterekin hasi zen musikarekiko maitasuna adierazten, eta Luisianako tabernetara joaten hasi zen, non musika afroamerikarra, blues-musika eta jazz-musika entzuten zuen.
Joplin 1960an graduatu zen. Beaumont-eko (Texas) Lamar State College of Technology-n egon zen udan, eta geroago, Texasko Unibertsitatean, Austinen, baina ez zituen ikasketak amaitu. The Daily Texan unibertsitate-egunkariak bere profila argitaratu zuen 1962ko uztailaren 27ko edizioan, «Bera desberdina izatera ausartzen da» izenburupean. Artikulua honela hasten zen: «Nahi duenean, oinutsik ibiltzen da, Levi's galtzak eramaten ditu klasera, erosoagoak direlako, eta berekin eramaten du autoharpa alde guztietara; horrela, kantatzen hasteko bulkada sentitzen badu, oso baliagarria izango zaio. Janis Joplin du izena».
Arte Ederrak ikasten ari zela Texasko Unibertsitatean (Austin), tabernetan hasi zen kantatzen. Maiz Waller Creek Boys folk taldearekin hartzen zuen parte. Unibertsitatean bizi izandakoak ere ez zuten nortasun lasaia sortzen lagundu: ez zen hain gizarte kontserbadorean eroso sentitzen, ezta kirolari ospetsuena edo neska ederrena saritzen zuen unibertsitate batean ere. Izan ere, 1962an, campuseko ikaskideek “gizon itsusienaren” sarirako izendatu zuten. Myra Friedmanek, Janis Joplinen biografiaren egileak, elkarrizketa batean esan zuen abeslariak gutun bat idatzi zuela bere unibertsitatera, larrituta, lehiaketa horrek nola eragin zion azaltzeko.
Handik astebetera, Janis Joplinek eskola utzi, maletak egin eta San Frantziskora joan zen, «Texasetik urrun egoteko bakarrik, nire burua oso leku desberdinetan baitzegoen», esango zuen geroago. Handik hilabetera, Janisek It’s Sad To Be Alone abestia idatzi eta lagun baten etxean grabatu zuen. Abestiak honela zioen: «Tristea da, tristea bakarrik egotea / Lagunik gabe, familiarik gabe, etxerik gabe / Beste pertsona batzuei begira, malkoen bidez / Haiek ez dakite deus penaz, tristuraz edo beldurraz / Gela ilunetan eseri eta abestuko duzu / Zure abestiek hazten ari den malenkonia batekin betetzen dute airea»
1962-1965: lehen grabazioak
aldatuBere lehen kanta, What Good Can Drinkin' Do, 1962ko abenduan grabatu zuten zintan, Texasko Unibertsitateko ikasle baten etxean.
1963ko urtarrilean atera zen Texastik auto-stop eginez Chet Helms lagunarekin, San Frantzisko hiriko North Beacherantz. Han, beste leku batzuen artean, Haight-Ashburyko komunitate hippyan bizi izan zen.
1964an, Joplinek eta geroago Jefferson Airplane taldeko gitarra-jolea izango zen Jorma Kaukonenek blues-estandarreko zazpi abesti grabatu zituzten, Kaukonenen emazte Margaretak idazmakina bat perkusio modura erabiltzen zuela. Grabazio hauek disko pirata moduan 2008an argitaratuko ziren The Typewriter Tape izenburupean.
Garai hartan hasi zen drogak kontsumitzen. 1965eko maiatzean, Joplinen lagunek metanfetamina erregularki injektatzearen ondorio kaltegarriak sumatu zituztenean («eskeletiko» eta «zargaldu» gisa deskribatu zen), Port Arthurrera itzultzeko konbentzitu zuten. Handik bost urtera, Joplinek hauxe esan zion Rolling Stone aldizkariko David Dalton kazetariari San Franciscoko lehen egonaldiari buruz: «Ez nuen lagun askorik eta nituenak ez zitzaizkidan gustatzen».
1965eko udaberrian itzuli zen Port Arthurrera eta han bizimodua aldatu zuen. Drogak eta alkohola saihestu zituen eta antropologian matrikulatu zen Lamar Unibertsitatean, Beaumont inguruan, Texasen. Lamar Unibertsitatean zegoela, Austin-era joan zen kantatzera, bera bakarrik gitarra akustikoren laguntzarekin.
1965ean, Peter LeBlancekin ezkonduko zela esan zion familiari, San Frantziskon ezagutu baitzuen lehen egonaldiaren amaieran. Hala ere, bikoteak ez zuen funtzionatu, eta Peter LeBlancek utzi egin zuen; horrek are gehiago markatuko zituen bere segurtasun afektiborik eza eta bakardade sentimendua.
1965ean eta 1966an, Joplin Beaumontera (Texas) joaten ibili zen, Bernard Giarritano izeneko gizarte-langile psikiatriko batekin saio erregularrak egiteko.
Big Brother and the Holding Companyrekin elkartu baino urtebete lehenago, gutxi gorabehera, zazpi estudioko pista grabatu zituen bere gitarra akustikoarekin. Grabatu zituen abestien artean daude Turtle Blues abestirako bere jatorrizko konposizioa eta Buffy Sainte-Marieren Cod'ine-ren bertsioa. James Gurleyk argitaratu zituen 1995ean, This is Janis Joplin 1965 izeneko album berri gisa.
1966-1969: Hainbat banda
aldatu1966an, Joplinen blues-ahots estiloak erakarri egin zuen San Franciscoko Big Brother and the Holding Company banda psikodelikoaren arreta eta urte horretako uztailaren 4an, bandaren partaide bilakatu zen. San Franciscoko Avalon Ballroom aretoan egin zuen lehen emanaldi publikoa.
Abenduaren 12a eta 14a bitartean grabatu zuten lehen albuma, Big Brother and the Holding Company izenekoa, eta 1967ko abuztuan kaleratu zen, taldea ekainean Monterey Pop Festivalen agertu eta gutxira.
Taldearen 1967ko lehen emanaldi garrantzitsuetako bat Mantra-Rock Dance izan zen, urtarrilaren 29an San Frantziskoko Hare Krishna tenpluko Ballroom elizan egin zen musika-ekitaldia. Hare Krishnaren fundatzaile Bhaktivedanta Swami, Allen Ginsberg, Moby Grape eta Grateful Dead taldearekin batera aritu ziren, eta irabaziak Krishnako tenpluari eman zizkioten. Joplin eta Big Brother hainbat hiritako aretotan hasi ziren jotzen: San Frantzisko, Los Angeles, Seattle, Washington, Vancouver, eta abar. 1967ko hasieran, Joplinek Country Joe McDonald ezagutu zuen, Country Joe and the Fish taldekoa; bikotea elkarrekin bizi izan zen hilabete batzuetan.
Bere taldearekin batera, 1967ko ekainaren 17an eta 18an, Monterey Pop Festival jaialdian parte hartu zuen, uneko artista handi batzuekin batera, hala nola Jimi Hendrix, The Mamas and The Papas, Jefferson Airplane, Otis Redding eta The Who. Big Brother taldearen lehen emanaldia filmatu gabe geratu zenez, hurrengo egunean berriro jotzeko eskatu zieten. Janisek aho zabalik utzi zituen ikus-entzuleak Big Mama Thorntonen Ball and Chain blues ezagunaren bertsio batekin. Handik denbora gutxira, Bob Dylanen ekoizleak, Albert Grossmanek, kontratatu zituen.
1968ko otsailaren 16an, taldeak Ekialdeko Kostako lehen birari hasiera eman zion Filadelfian, eta hurrengo egunean lehen emanaldia eman zuen New Yorken, Anderson Theatren. 1968ko apirilaren 7an, Martin Luther King hil eta hiru egunera eta Ekialdeko Kostan egiten ari ziren biraren azken egunean, Joplin eta Big Brother Jimi Hendrix, Buddy Guy, Joni Mitchell, Richie Havens, Paul Butterfield eta Elvin Bishop artistekin batera abestu zuten, New Yorkeko Wake for Martin Luther King Jr. kontzertuan.
1968ko uztailaren 31n, Joplin lehen aldiz agertu zen telebistan, Dick Cavettek aurkezten zuen ABC kateko This Morning programan.
Lehen estudio-grabazio garrantzitsurako, Joplinek paper garrantzitsua jokatu zuen Big Brother and the Holding Company-ren bigarren albuma, Cheap Thrills, osatuko zuten abestien moldaketa eta ekoizpenean. Albumak Robert Crumb kontrakultura-marrazkilariaren azaleko diseinua izan zuen. Diskoa 1968ko abuztuan kaleratu zen.
Cheap Thrillsek abesti arrakastatsuak zituen, hala nola Piece of My Heart eta Summertime. Albuma atera eta zortzi astera Bilboard 200 albumen zerrendan lehen postura iritsi zen eta lehena izan zen zortzi astez (ez elkarren segidan). Joplin arrakastara eramanez, hiru egunera urrezko diskoa egin zen eta lehen hilabetean milioi bat kopia baino gehiago saldu ziren. Single nagusia, Piece of My Heart, 12. postura iritsi zen 1968ko udazkenean, Billboard Hot 100-en.
Joplinekiko kritikak oso onak izan ziren; horietako askoren arabera, onegia zen taldearentzat. Prentsa, taldean baino gehiago, bere figuran hasi zen zentratzen. Berak, gainera, blues eta souletik gertuagoko estilo bat egin nahi zuen, beneratzen zituen kantariak bezala -Bessie Smith, Billie Holiday edo Aretha Franklin-. Taldeak beste bira bat egin zuen Ekialdeko Kostan 1968ko uztail-abuztuan, besteak beste, Newporteko Folk Jaialdian parte hartuz. Abuztuaren 31n eta irailaren 1ean Arte Ederren Jauregiko Jaialdian, bi ikuskizunetarako San Frantziskora itzuli ondoren, Joplinek Big Brother utziko zuela iragarri zuen.
Taldeak Fillmore Westen elkarrekin hiru gau egiteko konpromisoa zuen eta Bill Graham musika promotoreak aditzera eman zuen 1968ko irailaren 14koa izango zela elkarrekin egingo zuten azkena, Chicago (artean Chicago Transit Authority) eta Santana taldeekin batera. Halere, taldeak —oraindik Joplin kantari nagusi zela— bira bat egin zuen Estatu Batuetan udazken horretan. Geroago, 1968ko urrian, banda Massachusetts Amhersteko Unibertsitatean eta Worcesterreko Institutu Politeknikoan aritu zen. 1970ean egin zituzten bi elkartzeak alde batera utzita, Joplinek Big Brotherrekin egindako azken emanaldia 1968ko abenduaren 1ean San Frantziskon, Chet Helmsen aldeko kontzertua izan zen.
Bakarkako ibilbidea: 1969
aldatuBig Brother and The Holding Companytik banandu ondoren, Joplin eta Albert Grossman managerra musikari bila hasi ziren talde berria sortzeko. 1969aren hasieran eratuta zegoen, baina kideak aldatu egingo ziren urtean zehar. Big Brother and the Holding Companyko Sam Andrew gitarra-jolea berarekin eraman zuen talde berrira.
Bere talde berriarekin, Kozmic Blues Band, 1969ko irailean bigarren diskoa atera zuen: I Got Dem Ol' Kozmic Blues Again Mama!. Albuma urrezko diskoa izatera iritsi zen urtearen amaieran, baina ez zuen Cheap Thrills diskoaren arrakasta lortu. Columbia Recordsek Kozmic Blues abestia atera zuen single gisa, eta 41. postua lortu zuen Billboard Hot 100en. Beste arrakasta batzuei esker, hala nola Try (Just a Little Bit Harder), To Love Someone eta Little Girl Blue, I Got Dem Ol 'Kozmic Blues Again Mama! Bilboard 200en bosgarren postura iritsi zen diskoa kaleratu eta gutxira.
Apirilean, Janis eta Kozmic Blues Band bira egin zuten Europan zehar, Frankfurt, Stockholm, Paris, Londres, eta beste hainbat lekutan kontzertuak emanez. Harrera oso beroa izan zuten jendearen aldetik, eta AEBra itzuli zenean, bere bizitzan eman zuen kontzerturik onena Londresekoa izan zela esan zuen.
Bizitzen ari zen presioa zela eta, heroinaren eta alkoholaren mendera erori zen. Elkarrizketa asko ematen hasi zen, zeinetan bere bizitzaz eta sentimenduez hitz egiten bukatzen zuen. Hauetako batean esan zuen ospetsu bihurtu den esaldia: «Gauero 25.000 pertsonarekin egiten dut maitasuna agertokian, eta gero bakarrik itzultzen naiz etxera» Bere garaiko emakume askoren indarraren eta matxinadaren sinbolo bihurtu zen.
1969ko abuztuaren 17an Woodstockeko jaialdian jo zuten eta sekulako arrakasta izan zuten, nahiz eta Joplin bera ez zegoen oso gustura geratu egin zuen emanaldiarekin.
Kozmic Blues Band taldeko musikariak profesionalak baino ez ziren, eta Joplinek bere taldea familia bat bezalakoa izatea nahi zuen, Big Brotherren bezala. 1969. urtearen amaieran, Janis lur jota zegoen, heroinaren eta alkoholaren mende; hortaz, atseden hartu eta taldea uztea erabaki zuen. Eman zuten azken kontzertua New Yorkeko Madison Square Gardenen izan zen, 1969ko abenduaren 20ko gauean.
Bakarkako ibilbidea: 1970
aldatu1970eko otsailean, Rio de Janeirora joan zen lagun batekin gutxienez heroinatik desintoxikatzeko asmoz. Han ezagutu zuen David Niehouse eta maitemindu egin ziren. Hilabete batzuk egon ziren Brasilgo oihanean, errepidean bi beatnik zahar bezala bidaiatzen, eta San Frantziskora itzuli zirenean, biak Janisen etxean bizitzen jarri zen.
Harremana laster amaitu zen, Janisek heroina kontsumitzen hasi baitzen berriro eta, bestetik, denbora librea hartu eta Niehausekin munduan zehar bidaiatzeari uko egiteagatik.
Albert Grossmanek banda berri bat osatzea proposatu zion Janisi, Full Tilt Boogie Band, eta honek onartu egin zuen. Gehienbat Kanadako musikari gazteek osatzen zuten. Joplin pozik zegoen bere talde berriarekin, azkenean iruzkin positiboak jaso baitzituen bai jarraitzaileengandik, bai kritikoengandik.
Full Tilt Boogierekin udako birari ekin aurretik, bi emanaldi egin zituen Big Brother bere lehengo taldearekin: 1970eko apirilaren 4an eta 12an. Era berean, bere banda berriarekin, oraingo honetan Main Squeeze izenpean, Hells Angelsentzako festa batean aritu zen, San Rafaelen, Kalifornian, 1970eko maiatzaren 21ean. Bitxia bada ere, festa horretan Big Brother taldeak ere parte hartzen zuen.
Ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran, Janisek eta bere taldeak Festival Express jaialdian parte hartu zuten, garai hartako beste artista garrantzitsu batzuekin batera, hala nola The Grateful Dead, Buddy Guy eta The Band, besteak beste. Trenez egin zen bira bat izan zen, geldialdiak (eta kontzertuak) Kanadako hiru hiritan eman zirelarik: Toronto, Winnipeg eta Calgary.
Joplinen azken agerraldi publikoen artean bi emanaldi daude The Dick Cavett Show telebista-programan. 1970eko abuztuaren 8an, Joplin Capitol Theatre-n aritu zen (Port Chester, New York). Hantxe interpretatu zuen lehen aldiz Mercedes Benz abestia. Bere azken kontzertua Full Tilt Boogie Band-ekin, 1970eko abuztuaren 12an izan zen, Bostongo Harvard Stadium-en.
1970eko irailean, Los Angelesera joan zen bere laugarren albuma izango zena, Pearl, grabatzera. Joplinek egindako azken grabazioa 1970eko urriaren 1ean izan zen: Mercedes Benz. Urriaren 3an, larunbatean, Joplin Sunset Sound Recorders grabazio-estudioan izan zen taldeak egun horretan grabatu zuen Buried Alive in the Blues abestiaren pista instrumentala entzuten.
Berak eta Paul Rothchild ekoizleak hurrengo egunean ahotsa grabatuko zutela adostu zuten. Egun ona izan zen estudioan, pozik zegoen, eta ospatzeko, bere lagunekin kopa batzuk hartzera atera zen. Forenseen arabera, heroina-gaindosiagatik hil zen urriaren 4ko 13:45 inguruan. Joplinek antzeko esperientziak izan zituen, eta bizirik atera zen, baina oraingoan ez zegoen inor laguntzeko. Haren gorpua 18 ordu geroago aurkitu zuten.
Diskoaren abesti guztiak erabat bukatu baino lehen hil zen Joplin, baina nahikoa material zegoen LP bat osatzeko. Pearl 1971ko urtarrilaren 11n kaleratu zen.
Bere ibilbideko album salduena izan zen. Salmentetako lehen postuan 14 astez egon zen. Omenaldi gisa, Mercedes Benz abestia a capella utzi zen, Janisek grabatu zuen azkena izan baitzen; Buried Alive in the Blues, berriz, abesti instrumental gisa sartu zen, Joplinek hil zen egunean bere ahotsa eranstea programatuta baitzegoen.
Kris Kristoffersonek eta Fred Fosterrek konposatutako Me and Bobby McGee singleak izan zuen arrakastarik handiena, Janis Joplinen kanta bakarra izan baitzen Billboard Hot 100ean 1. postua lortzen, astebetez, 1971ko martxoan.
Diskografia
aldatuEstudioko diskoak
aldatuBig Brother and the Holding Company taldearekin
- Big Brother & the Holding Company (1967)
- Cheap Thrills (1968)
Kozmic Blues Band taldearekin
Full Tilt Boogie taldearekin
- Pearl (1971)
Zuzeneko diskoak
aldatu- In Concert (1972)
- Live in Amsterdam (1974)
- Live in Honolulu (1975)
- Live at Winterland '68 (1998)
- Live at Woodstock: August 19, 1969 (1999)
- Live with Big Brother and the Holding Company (2005)
- The Woodstock Experience (2009)
- Live at the Carousel Ballroom 1968 (2012)
Bilduma-diskoak
aldatu- Janis Joplin's Greatest Hits (1973)
- Janis (1975)
- Wicked Woman (1976)
- Anthology (1980)
- Farewell Song (1982)
- Janis (1993)
- This is Janis Joplin (1995)
- 18 Essential Songs (1995)
- The Collection (1995)
- Box of Pearls (1999)
- Rare Pearls (1999)
- Super Hits (2000)
- Love, Janis (2001)
- Essential Janis Joplin (2003)
- Very Best of Janis Joplin (2003)
- The Lost Tapes (2008)
- The Woodstock Experience (2009)
- Playlist: The Very Best of Janis Joplin (2010)
- Move Over! (2011)
- Blow All My Blues Away (2012)
- The Pearl Sessions (2012)
Filmografia
aldatu- Monterey Pop (1968)
- Petulia (1968)
- Janis Joplin Live in Frankfurt (1969)
- Janis (1974)
- Janis: The Way She Was (1974)
- The Rose (1979), Bette Midler protagonista duen filma, Janis Joplinen bizitza errealean oinarrituta dago.
- Comin' Home (1988)
- Woodstock: The Lost Performances (1991)
- Woodstock: 3 Days of Peace & Music (1994)
- Janis Joplin Slept Here (1994)
- Festival Express (2003)
- Nine Hundred Nights (2004)
- The Dick Cavett Show: Rock Icons (2005)
- Rockin' at the Red Dog: The Dawn of Psychedelic Rock (2005)
- This is Tom Jones (2007) 1969an, telebistako programan agerraldia.
- Woodstock: 3 Days of Peace & Music(2009) 40. urteurrenaren edizioa
- Janis Joplin with Big Brother: Ball and Chain (2009)
- Janis: Little Girl Blue (2015)