Irwin Allen Ginsberg (Newark, 1926ko ekainaren 3a – New York, 1997ko apirilaren 5a) poeta bat izan zen eta 1950eko hamarkadako Beat belaunaldiko figura garrantzitsuenetako bat. Gogor egin zion aurre militarismoari, materialismo ekonomikoari eta errepresio sexualari. Howl (Ulua) poema epikoak dira bere lanik ezagunenak, non salatu baitzuen kapitalismoaren eta mantsotasunaren indar suntsitzailea Estatu Batuetan.

Allen Ginsberg

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakIrwin Allen Ginsberg
JaiotzaNewark eta Paterson1926ko ekainaren 3a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaPaterson
East Village
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaEast Village eta New York1997ko apirilaren 5a (70 urte)
Hobiratze lekuaBNai Israel Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: gibeleko minbizia
Familia
AitaLouis Ginsberg
Ezkontidea(k)ezkongabea
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
HeziketaMontclair State University (en) Itzuli
Columbia Unibertsitatea
Eastside High School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakantzerkigilea, poeta, idazlea, autobiografialaria, gidoilaria, musikaria, irakaslea, argazkilaria eta eguneroko-idazlea
Enplegatzailea(k)Brooklyn College (en) Itzuli
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaAmeriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia
Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
MugimenduaBeat belaunaldia
Poesia konfesionala
Genero artistikoahitz esana
DiskoetxeaTransatlantic Records
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioabudismoa

allenginsberg.org
IMDB: nm0320091 TV.com: people/allen-ginsberg
Facebook: therealallenginsberg Twitter: Ginsbergpoem Instagram: allenginsbergofficial Youtube: UCbFwOySxpct4AjYZs_jvBPw Bandcamp: allenginsbergSouncloud: allen-ginsberg-official Spotify: 1yA9QiqL6p9Qo3nHFb8DkT iTunes: 2790666 Musicbrainz: 8fc551bc-0c60-43fd-a234-2776561c2b18 Songkick: 541586 Discogs: 105832 Allmusic: mn0000744364 Find a Grave: 7477649 Deezer: 126752 Edit the value on Wikidata

Budista praktikantea zen eta ekialdeko zenbait erlijio diziplina sakon aztertu zituen. Apal bizi izan zen, bigarren eskuko dendetan erosten zuen arropa eta East Villageko apartamentuetan bizi izan zen. Bere maisu garrantzitsuenetariko bat Chögyam Trungpa izan zen, Naropa Instituteren sortzaile tibetar budista. Trungpak eskatuta, Ginsbergek eta Anne Waldman poetak abian jarri zuten «The Jack Kerouac School of Disembodied Poetics» (Jack Kerouac Gorpuzgabeko Poesiaren Eskola), 1974an.

Bere garaiko protesta politiko baketsuetan parte hartu zuen, Vietnamgo gerraren eta drogen zabalkundearen aurka. Helen Vendler literatura-kritikak honela deskribatu zuen Ginsbergen «September on Jessore Road» poema, Bangladeshko errefuxiatuen egoera zailari buruz ohartarazten zuena: «politika inperialaren eta botererik gabeen jazarpenaren aurkako protesta iraunkor nekaezina».

The Fall of America bildumak National Book Award (Liburuaren Sari Nazionala) irabazi zuen 1974an. 1979an The National Arts Club erakundearen urrezko domina jaso zuen eta Arte eta Letren Amerikar Akademian onartua izan zen. Pulitzer Sarian finalista izan zen 1995ean, Cosmopolitan Greetings: Poems 1986-1992 liburuarekin.

Biografia

aldatu

Familia eta lehen urteak

aldatu

Judu familia batean jaio zen, New Jerseyn, eta Allen txikitatik ezohiko sentsibilitatea eta poesiarekiko nahiz literaturarekiko interes handia agertu zituen.[1]

Columbia Unibertsitatean (New York) ikasi zuen, ikasturte bakarra, kanporatua izan baino lehen. Ikasturte bakar horretan ezagutu zituen Jack Kerouac eta William Burroughs, haiekin osatuko baitzuen etorkizuneko Beat belaunaldiaren oinarrizko hirukotea. Hasierako taldean, buru egiten zuen Lucien Carr kazetariak, lider izaera baitzuen, baina talentu artistikorik gabe. Taldearen «historiaurrea» amaitu zen Carrek hilketa bat egin zuenean. Krimen hura, bere ondorio familiar ugariekin, eten bat izan zen inplikatu guztien bizitza. Carr erreformatorio batera sartu zuten, eta, hartara, berehala joan zen galtzen gaztaroko ikaskideekiko harremana, baina horrek introspekzio oparo bat eragin zuen lankide trebeengan, eta, aldi berean, Neal Cassady iritsi zen taldera, Beat belaunaldiak gizakiaren, kulturaren eta paisaiaren begirada berriaren katalizatzailea. Ginsberg Cassadyren adin berekoa zenez, aise hasi zen ulertzen ikuspegi berri horrek nahitaez eskatzen zuela unibertsitate bizitzako konbentzionalismo akademikoak albo batera uztea, eta, ondorioz, bera izan zen «errepidera ateratzen» lehena.[2]

Estiloa

aldatu

Ginsbergen poesian eragin handia izan zuten modernismoak, erromantizismoak, beat mugimenduak eta jazz musikaren kadentziak, baita tibetar budismoaren praktikak ere. William Blake, Walt Whitman eta Federico García Lorcaren oinordekotzat jotzen zuen bere burua. Ginsbergen poemen kemenak, bertsoaldi luzeek eta Mundu Berriaren oparotasunak islatzen zuten aipatutako inspirazio haien jarraipena. Baita ere, William Carlos Williams estatubatuar poetaren eragina nabari da beraren olerkietan.[3]

 
Allen Ginsberg eta Bob Dylan(1975).

Bere idatzietan eta bizitzan, askatasuna eta benetakotasuna aldeztu zituen Ginsbergek. Bere poema asko sakonki zintzoak eta zuzenak dira. Adibidez, «Kaddish» poeman amaren eromena modu argian deskribatzen du.[4] Many Loves (Amodio asko), Neal Cassady adiskide eta maitalearekin izan zuen lehen sexu harremana deskribatzen du.[5] Ondorengo olerkietako batzuk Peter Orlovsky bere bizitza osoko maitaleari buruzkoak dira, hari eskaini baitzion Kaddish eta Other Poems (Kaddish eta beste poema batzuk).[6]

Bidaia espirituala laster hasi zen, irudipen espontaneoekin, eta Indiara egindako bidaia goiztiar batekin. Garrantzizkoa izan zen, baita ere, behin New Yorken Vajrayna eskolako meditazio maisu tibetar budista Chögyam Trungpa Rinpocherekin ustekabean topatzea kalean. Beraren lagun eta maisu bihurtu zen bizitza osorako.[7]

Ginsbergen lan ezagunena Howl (Ulua) poema epikoa da, lehen esaldi ospetsu batez hasten dena:

« Nire belaunaldiko buru argienak ikusi ditut suntsituta[8] »
Allen Ginsberg

Lanak eskandalu handi bat sorrarazi zuen bere hizkuntzaren gordinkeriagatik, askotan oso esplizitua baita deskribapenetan. Testuaren bitartez olerkariak kapitalismoaren indar txikitzailea eta horren aurrean gizartearen konformismoa salatu nahi zuen. Poemaren lehenengo partea, Carl Solomoni eskainia, 1955eko urrian San Frantziskoko arte areto batean berak eta Jack Kerouacek antolatutako poesia errezital batean irakurri zuen Ginsbergek. Arrakasta erabatekoa izan zen eta hurrengo urtean, 1956an, City Ligths Books-eko editorea zen Lawrence Ferlinghettik Howl and Other Poems poema liburuan argitaratu zuen.[9] Liburuak hasieran ez zuen bide luzea egin: lizuna zela eta, bahitua izan zen. Horri esker adierazpen askatasunaren aldeko kanpaina handi bat antolatu zen eta, azkenik, Clayton W. Horn epaileak aitortu zuen arte poemak «garrantzi sozial berreroslea» zuela,[10] debekua altxatuz. Ordurako, Beat belaunaldiaren ikurra bilakatua zen.

Howl obraren bigarren zatia, batez ere, peioteak eragindako ikuspen batean oinarritu eta idatzi zuen. Ginsberg poema asko idazten saiatu zen zenbait droga motaren eraginpean, azido lisergiko edo LSDa barne. Praktika hori bere ikuspegi esperimental orokorragoaren adierazpen espezifiko bat zen; adibidez, olerkiak errezitatuz «idatzi» zituen, kasetean grabatuz eta emaitzak transkribatuz.[11]

Politika eta bidaiak

aldatu
 
Allen Ginsberg ezkerrean, berrogei urtez bere bikotekide izandako Peter Orlovsky poetarekin.

Bere bizitza politikoan ikonoklasta bat izan zen, bere azkartasuna eta umorea erabili zuen besteren askatasun pertsonalaren alde borrokatzeko, sarritan bere burua arriskuan jarrita. Jack Kerouacen «School of Disembodied Poetics» finantzatzen lagundu zuen Ginsbergek Naropako Unibertsitatean (Boulder, Colorado). Chögyam Trungpa Rinpochek eratutako eskolan. Halaber, Jean Jacques Lebel frantses poetarekin batera, munduko poesia jaialdirik garrantzitsuenetariko baten sortzaileetako bat izan zen, Polyphonix hain zuzen.[12]

1960an, Gonzalo Rojas eta Nicanor Parra txiletar idazleek literatura jardunaldi bat antolatu zuten Concepción hirian; poeta ugari gonbidatu zituzten, besteak beste, Ginsberg, Lawrence Ferlinghetti herrikidea, Ernesto Sabato argentinarra, eta Miguel Arteche edo Volodia Teitelboim txiletarrak. Bisita hartan, Stella Díaz Varín poeta polemikoa ezagutu zuen, bere etxean hartu baitzuen. Handik zortzi urtera, Ginsbergek eskerrak emateko poema bat bidali zion posta bidez, gehiena gaztelaniaz idatzia: «Thank you...! Viva la mariguana! ¡Viva Príapo! / Por favor amo / Por favor amo puedo tocar su mejilla / Por favor amo puedo arrodillarme a sus pies / Por favor amo puedo aflojar sus pantalones azules / Por favor amo puedo mirar su vientre de vello dorado / Por favor amo puedo bajar suavemente sus calzoncillos / Por favor amo puedo tener sus muslos desnudos frente a mis ojos / Por favor amo puedo sacarme la ropa bajo su silla / Por favor amo puedo besar sus tobillos y su alma».[13]

1962an Peter Orlovskyrekin batera Japoniara joan zen. Han, Joanne Kyger beat poetarekin egin zuen topo, 1960az geroztik Japonian bizi baitzen Gary Snyder poetarekin ezkonduta. Laurak batera joan ziren Indiara, non Dalai Lama ezagutu baitzuten.[14]

1965ean, idazle konferentzia batera gonbidatu zuen Kubako Kultura ministro Haydeé Santamariak, baina berehala bota zuten handik, Fidel Castrok homosexualen aurka egindako jazarpena kritikatzeagatik. Kubatik, Txekoslovakia komunistara joan zen Estatuko gonbidatu gisa, logela bat eta diru ekarpen batekin bere gastuetarako. Gainera, Txekoslovakian argitaratutako liburuen irabaziak jaso zituenez, diru hura baliatu zuen Sobietar Batasuna bisitatzeko. Han, amaren lehengusu Joe Levyrekin bildu zen; hark azaldu zion bere familiaren zati bat Sobietar Batasunera erbesteratu zutela Estatu Batuetako Immigrazioko arduradunek, burusoil izatea gaixotasunaren adierazgarri izan zitekeela interpretatu baitzuten.[15]Txekoslovakiara itzuli aurretik, poeta errusiar batzuekin bildu zen, hala nola Yevgeny Yevtushenko eta Andrei Voznesensky.[16] Txekoslovakiara itzultzean, 1965eko maiatzeko jaialdiko errege hautatu zutelarik, agintariek erabaki zuten Londresera eramatea, Hezkuntza ministroaren aginduz.[17][18]

1980ko hamarkadaren hasieran, Nikaragua sandinista bisitatu zuen Ginsbergek, Daniel Ortega presidenteak gonbidatuta. Han, Yevtushenkorekin eta Ernesto Cardenal poeta eta apaizarekin batera, Ronald Reagan presidenteari eskatu zioten Estatu Batuetako gobernuak contras taldeak CIAren bidez finantzatzeari uzteko. Eskaera horri «hiruen adierazpena» deitu zioten.[16]

Gorabehera horiek eta beste batzuk zirela eta, Ginsbergek askotan parte hartu zuen manifestazioetan Estatu Batuek Vietnamen zeramaten gerraren aurka. Horren ondorioz, 1984an USIAren (United States Information Agency, Estatu Batuetako Informazio Agentzia) zerrendan sartu zuten, atzerrira bidaiatzea debekatuta zeukaten herritarrekin batera. Zerrenda hartan ziren, besteak beste, James Baldwin, Walter Cronkite edo Ralph Nader.[19]

1993an, Frantziako Kultura Ministerioak Arteen eta Letren Ordenako zaldun izendatu zuen.[20][21]

Eztabaidak

aldatu

Gay eskubideak

aldatu

Bere ekarpenen artean, esanguratsuena eta eztabaidagarriena jotzen da, maiz, homosexualitateaz izan zuen jarrera ireki eta gardena. Ginsberg izan zen homosexualen askatasunaren lehen defendatzaileetako bat. 1943an, «homosexualitate mendiak» aurkitu zituen bere barruan. Gogo hori era ireki eta grafikoan azaldu zuen bere poesian.[22] Ezkontza homosexuala ere aldarrikatu zuen, Peter Orlovsky betiko bikotea Who's Who aurkibidean ezkontide gisa sartu baitzuen. Ondorengo idazle homosexualek aukera bat aurkitu zuten haren azalpenetan homosexualitateaz era irekiago eta egiazkoagoan mintzatu ahal izateko, ordura arte ez baitzen sekula aipatzen edo, gehienez ere, metafora bidez egiten zen.[23]

Sexualitateaz xehetasun grafikoekin idazten zuenez eta hizkuntza ustez lohi baten bitartez, lizunkeriaren arau sozialak zalantzan jartzera eta, are eta gehiago, aldaraztera iritsi zen. Ginsbergen ahotsa defendatzaile sendo bat izan zen, bera bezala borroka berean ari zioren beste idazleen alde, (William S. Burroughs edo Lenny Bruce, adibidez).[24]

Pedofiliaren auzia

aldatu

Ginsberg Estatu Batuetako Gizon/Haur Maitasunaren Elkartearen (North American Man/Boy Love Association, NAMBLA) aldekoa eta kidea zen. Elkarte horrek pedofilia eta pederastia babesten du Estatu Batuetan, eta adostasunaren legezko adina indargabetzeko borroka egiten du, helduen eta haurren arteko sexu harremanak legezkoak izan daitezen.[25] 1994ko «NAMBLAri buruzko pentsamenduak» saioan, Deliberate Prose bildumaren barruan, Ginsbergek honako hau adierazi zuen: «NAMBLA gazteen sexualitateari buruzko lege horiek aldatzeko foro bat da, kideek zapaltzailetzat jotzen baitituzte; eztabaida elkarte bat da, ez sexu klub bat. NAMBLArekin bate gin nuen adierazpen askatasunaren alde».[26] 1994an, NAMBLAri buruzko dokumental batean agertu zen Ginsberg, «gazteriaren oda grafiko» bat irakurtzen.[27]

Andrea Dworkinek honela azaldu zuen Ginsbergen jarreraren zentzua 2001ean:

« 1982an Bar eta Bat Mitzva egunean, egunkariek ozenki argitaratu zuten Auzitegi Gorenak legez kanpokotzat jo zuela haur pornografia. Ni oso hunkituta nengoen. Banekien Allen ez zela hala egongo. Libertario zibil bat zela pentsatu nuen. Baina, izatez, pedofilo bat zen. Ez zen Estatu Batuetako Gizon/Haur Maitasunaren Elkarteko kidea uste ero eta abstraktu batengatik, bere ahotsa entzuna izan behar zelako soilik. Benetan esaten zuen. Allenek zuzenean esan zidana hartzen dut aintzat, ez inferentziaren batetik. Izugarri oldarkorra zen haurrekin larrua jotzeko eskubideaz eta haur adingabeak etengabe bilatzeaz.[28] »
Andrea Dworkin

Kultura popularrean

aldatu

Ginsberg komiki pertsonaia gisa agertu zen, Abraham «Abe» Greenberg izenarekin, Blacksad lanaren barruko 5. alean («Amarillo»).[29]

Musikaren arloan, harreman eta kolaborazio estu bat izan zuen Bob Dylanekin. Kolaborazio hori ez ze mugatu kanten hitzak idazteko aholkuak edo gaiak ematera, baizik kantak elkarrekin abestu eta grabatzera iritsi zen.[30]

Rob Epsteinek eta Jeffrey Friedmanek zuzendutako Howl (2010) filmean, agertu zen «Howl» poemaren aurkezpena Six Galleryn, eta, ondoren, 1957an idazlearen aurka lizunkeriagatik egindako epaiketa. James Francok egin zuen Ginsbergen papera; Aaron Tveitek, berriz, Peter Orlovsky, poetaren bikotekidearena, eta Jon Hamm aktorea izan zen Jake Ehrlich, haren abokatua.[31]

Ginsberg euskaraz

aldatu

Howl poema Harkaitz Canok euskaratu zuen, Ulua izenburuaz. 2005eko Durangoko Azokan doan banatu zuen argitaletxeak.[32]

Poemak edizio digital aske bat du Susa argitaletxearen webgunean.[33] Horrez gain, poemaren irakurraldi bat entzun daiteke Harkaitz Canoren ahotsean grabatutako podcast batean.[34]

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) «Allan Ginsberg: an interview by Gary Pacernick. - Free Online Library» web.archive.org 2024-03-31 (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  2. (Ingelesez) Ingram, Sydney A.. (2014). «Beat to Death: the Beat Generation's Impact on Neal Cassady» Lucerna (Kansas: University of Missouri - Kansas City) 9 (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  3. (Ingelesez) «Allen Ginsberg» Poetry Foundation (web.archive.org) 2024-04-05 (Noiz kontsultatua: 2024-05-16).
  4. (Ingelesez) «Kaddish by Allen Ginsberg» Poetry Foundation (web.archive.org) 2024-04-15 (Noiz kontsultatua: 2024-05-16).
  5. (Ingelesez) Ginsberg, Allen. (1984). Many Loves. Pequod Press (Noiz kontsultatua: 2024-05-16).
  6. (Ingelesez) Ginsberg, Allen. (2010). Kaddish and other poems: 1958-1960. San Francisco: City Lights Books ISBN 978-0872865112. OCLC .601125425.
  7. (Ingelesez) Crespo Poblete, Alberto. (2018). «Buddhism in Allen Ginsberg’s Poetry. A Reaction towards Consumerism» Journal of Artistic Creation and Literary Research (Universidad Complutense Madrid (web.archive.com)) 6. bol., 1. zk.: 38-54. or.. ISSN 2340-650X..
  8. Ginsberg, Allen. (2005). «Ulua» www.armiarma.eus (Itzulpena: Harkaitz Cano. Susa) (Noiz kontsultatua: 2024-05-16).
  9. (Ingelesez) Ginsberg, Allen. (2023). Howl and Other Poems. Macon: Mercer Editions ISBN 978-1922491602. OCLC .1389724735.
  10. (Ingelesez) «The Howl Obscenity Trial» FoundSF (web.archive.org) 2024-01-20 (Noiz kontsultatua: 2024-05-16).
  11. (Ingelesez) «Allen Ginsberg Recordings Brought to the Digital Age. Listen to Eight Full Tracks for Free» Open Culture (web.archive.org) 2012-09-25 (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  12. (Ingelesez) «Polyphonix – Historical festival of poetry, performance and sound art» web.archive.org 2022-04-18 (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  13. (Gaztelaniaz) Huerta, Martín. (2006-04-13). «Allen Ginsberg» nación.cl (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  14. (Ingelesez) Waldman, Anne. (2007). The beat book: writings from the beat generation. Boston: Shambhala; Publishers Group UK, 252 or. ISBN 978-1590304556. OCLC .144596573.
  15. (Ingelesez) Pederson, Joshua. (2009). «Gnostic Mantra: Reading Religious Syncretism in Allen Ginsberg's "Plutonian Ode"» Religion & Literature 41 (3): 27–42. ISSN 0888-3769. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  16. a b (Ingelesez) Pekar, Harvey. (2009). The beats: a graphic history. New York: Hill and Wang ISBN 978-0809094967. OCLC .243544636.
  17. (Ingelesez) Scorsese, Martin. (2005-09-27). No Direction Home: Bob Dylan. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  18. (Ingelesez) Breger, Mike. (2021-05-08). «Metropolitan Greetings: Allen Ginsberg Behind the Iron Curtain (from Havana to Moscow)» Beatdom (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  19. (Ingelesez) Brinkley, Joel. (1984-03-15). «U.S.I.A.'s 'blacklist'» New York Times (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  20. (Frantsesez) Ministère de la culture. (2022-12-06). Conseil de l’Ordre des Arts et des Lettres. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  21. (Ingelesez) Ginsberg, Allen. (2000-02-02). Death & Fame: Last Poems 1993-1997. HarperCollins ISBN 978-0060930837. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  22. (Ingelesez) «LGBT History: Not Just West Village Bars» Village Preservation (web.archive.org) 2023-12-10 (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  23. (Ingelesez) Ginsberg, Allen. (2000). Deliberate prose: selected essays, 1952-1995. New York: HarperCollins Publishers ISBN 978-0060192945. OCLC .42002708.
  24. (Ingelesez) «Ginsberg v. New York» en.wikisource.org (Wikisource) (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  25. (Ingelesez) Jacobs, Andrea. (2002). «Allen Ginsberg's advocacy of pedophilia debated in community - Intermountain Jewish News» Anthropology News 43 (9): 24. or..  doi:10.1111/an.2002.43.9.24.5. ISSN 1541-6151. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  26. (Ingelesez) Ginsberg, Allen. (2001). Deliberate prose: selected essays, 1952-1995. New York: Perennial ISBN 978-0060930813. OCLC .798302669.
  27. (Ingelesez) Sideman, Adi. (1994). ChickenHawk. Side Man (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  28. (Ingelesez) Dworkin, Andrea. (2007). Heartbreak: the political memoir of a feminist militant. London: Continuum, 43. or. ISBN 978-1441198938. OCLC .650873894.
  29. (Gaztelaniaz) «Blacksad, de Díaz Canales y Guarnido» Guía del cómic (web.archive.org) 2009-05-29 (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  30. (Ingelesez) Wills, David S.. (2007-07-28). «Allen Ginsberg and Bob Dylan» Beatdom (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  31. (Ingelesez) Epstein, Rob; Friedman, Jeffrey. (2010-08-27). Howl. Werc Werk Works, Telling Pictures, RabbitBandini Productions (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  32. Cano, Harkaitz. (2005). Ulua. Susa (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  33. Ginsberg, Allen. (2005). «Ulua» Literatur emailuak (Susa (web.archive.org)) (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).
  34. «Ulua (Allen Ginsberg, Harkaitz Canoren ahotsean)» Xerezaderen Artxiboa: Entzuteko literatura (web.archive.org) 2012-10-30 (Noiz kontsultatua: 2024-05-18).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu