Soul

1960ko hamarkadan AEBn sortutako herri-musika beltzaren estiloa, gospel, jazz eta bluesaren eragin handia duena

Soul musika (askotan soul bakarrik deitzen zaio) musika genero herrikoia da. Amerikako Estatu Batuetako komunitate afro-amerikarrak sortu zuen 1950eko hamarkadan eta 1960ko hamarkada hasieran. Gospel afro-amerikarraren, rhythm and bluesaren eta jazzaren elementuak batzen ditu. Soul musika asko zabaldu zen AEBn, Motown, Atlantic eta Stax diskoetxeek eragina izan baitzuten afro-amerikarren eskubide zibilen aldeko mugimendu garaian. Horrez gain, soul musika mundu osora zabaldu zen, eta rock musikan nahiz Afrikako musikan izan zuen eragina.[1]

Soul
Sorrera1950eko hamarkadaren amaiera
SorlekuaAEB
HedapenaMundu osoan.
InstrumentuakBaxu elektrikoa, Hammond organoa, bateria, gitarra elektrikoa eta ahotsa.
Azpigeneroak
Blue-eyed soul, brown-eyed soul, Motown Sound, neo soul, smooth soul, quiet storm

Rock and Roll Hall of Fameren arabera, soul musika «beltzek Amerikan bizitako esperientziatik sortutako musika da, gospela eta rhythm and blues batzen ditu, eta horrek kutsu funky eta laikoa ematen dio».[2] Soul musikaren ezaugarri garrantzitsuenetarikoa erritmo itsaskorra da, txaloek eta tempoz kanpoko gorputz-mugimenduek markatutako erritmoa hain zuzen. Beste ezaugarri bat bokalista nagusiaren eta koruaren arteko elkarrizketa da, eta, bereziki, tenkatua den ahots soinua.[3] Inprobisatutako gehigarriak, bat-bateko aldaketak eta soinu osagarriak ere erabiltzen dira noizean behin. Soul musikak nortasun afroamerikarra islatzen du, baita kultura afroamerikarraren garrantzia nabarmendu ere. Kontzientzia afroamerikar berriak musika estilo berriak ekarri zituen, eta komunitate afroamerikarra beltza izateaz harro sentitzea eragin zuen.[4]

60ko hamarkadan soul musika nagusitu zen AEBko rhythm and bluesaren arrakasten zerrendan (R&B Chart), eta abesti asko pop estiloko arrakasten zerrendetara pasatu ziren AEBn bertan, Britainia Handian eta beste hainbat herrialdetan. 1968an, soul musikaren generoa hedatzen hasia zen. Soul artista batzuek funk musika garatu zuten; beste abeslari eta talde batzuek, berriz, aldaera burutsuagoak, sofistikatuagoak eta, kasu batzuetan, politikoki kontzienteagoak garatu zituzten.[5] 70eko hamarkadaren hasieran, rock psikodelikoak eta beste genero batzuek eragina izan zuten soul musikan, eta ondorioz soul psikodelikoa agertu zen. Bestalde, 1994 inguruan, AEBn neo soula hasi zen garatzen. Horrez gain, badaude soul musikaren beste azpigenero eta adar batzuk ere.

Soularen azpigenero garrantzitsuenak honako hauek dira: Detroit estiloa (Motown), pop estilokoa eta erritmikoagoa; deep soula eta hegoaldeko soula, rhythm and bluesa eta hegoaldeko gospel musika konbinatzen dituzten soul estilo indartsuak; Memphiseko soula, estilo dirdiratsu eta sentsuala; New Orleanseko soula, rhythm and blues estilotik sortu zena; Chicagoko soula, gospelaren eragina duen soinu arinagoa; Filadelfiako soula, doo-wop estiloan oinarritutako orkestra-soinua; eta, amaitzeko, soul psikodelikoa, rock psikodelikoaren eta soul musikaren arteko nahasketa.

Jatorria

aldatu

Soul musikaren sustraiak gospel musika afroamerikar tradizionala eta rhythm and bluesa dira, baita 1950eko hamarkadan hasi zen estilo erlijioso eta laikoaren nahasketa ere. Nahasketa egiten da bai abestien letretan zein doinuetan. Soul terminoa afroamerikarrek erabili zuten, AEBko afroamerikarren sentimendua nabarmentzeko.[6] Barry Hansen musikologoaren arabera: [7]

Nahasketa horren ondorioz 1950eko hamarkada hasieran rhythm and bluesaren merkatuan abesti arrakastatsu ugari sortu ziren. Hala ere, zaletu zuri abenturazaleenek soilik nabaritu zuten estilo horren eragina momentu hartan; gainontzekoek soul musika entzuteko 60ko hamarkadaraino itxaron behar izan zuten, orduan hasi baitzen rock and rolla gospel estiloan kantatzen.

AllMusicen arabera, «soul musika 60ko hamarkadan rhythm and bluesak izan zuen urbanizazio eta komertzializazioaren emaitza izan zen».[8] Soul musika terminoa 1961ean agertu zen lehen aldiz, eta letra laikoa duen gospel estiloko musikari egiten dio erreferentzia.[9] Hizkera afroamerikarretan soul hitzak afroamerikarren harrotasunari eta kulturari buruzko konnotazioak ditu. 40ko eta 50eko hamarkadetan, gospel taldeek noizbehinka soul terminoa erabiltzen zuten taldeen izenetan. Bestalde, gospeletik sortu zen jazz estiloari soul jazz deitu zitzaion. 60. hamarkadan, abeslariak eta moldatzaileak gospel eta soul jazzeko teknikak erabiltzen hasi ziren afroamerikar herri-musikan; ondorioz, soul musika garaiko afroamerikar herri-musika ugari izendatzeko erabili zen.[10][11]

 
James Brown, Soularen Aitabitxia ezizenaz ere ezaguna.

Honako hauek dira 1950. hamarkadan soul musikaren sorreran ekarpena egin zuten abestien egileetariko batzuk: Clyde McPhatter, Hank Ballard eta Etta James.[12] Gainera, askotan aipatu izan da Ray Charlesek ezagutarazi zuela soul musika bere abesti arrakastatsuei esker; adibidez, 1954ko I Got a Woman.[13] Bobby Womack abeslariak zera esan zuen: «Ray jenio bat zen. Mundua soul musika bihurtu zuen».[14] Charlesek argi adierazi ohi zuen Pilgrim Travelers taldeko Jesse Whitaker abeslariak bere abesteko eran eragina izan zuela.

 
Ray Charles soul musika estiloaren aitzindaria izan zen 1950ko hamarkadan, blues, rhythm and blues eta gospel estiloak batu baitzituen.

Bai Little Richard (Otis Redding inspiratu zuena[15]) zein James Brown ere eragin handikoak izan ziren. James Browni soul musikaren aitabitxi ezizena jarri zioten[16], eta Richardek bere burua «rock and rollaren eta rhythm and blues soularen erregetzat» hartzen zuen, bere musikak musika-estilo horien elementuak zituelako eta estilo horietako artistengan eragina izan zuelako.[17]

Sam Cooke eta Jackie Wilson ere soularen arbasotzat hartzen dira askotan.[18][19] Cooke The Soul Stirrers gospel taldearen abeslari nagusia izateagatik bilakatu zen ospetsu, baina gerora musika laikora igaro zen, eta horrek polemika sortu zuen. Bere 1957ko You Send Me abestiari esker ibilbide arrakastatsua hasi zuen pop musikan. Are gehiago, 1962ko Bring It On Home To Me abestiari buruz esan izan da «agian soul esperientzia definitzen duen lehenengo diskoa» dela.[20] Jackie Wilsonek (Cooke eta James Brownen garaikidea) ere ospea lortu zuen musika estiloak nahastuz, batez ere 1957ko Reet Petite arrakastatsuari esker. Eragin handia izan zuen, bereziki abesteko zuen modu dramatikoaren eta bere kontzertuen ondorioz.[21]

1960ko hamarkada

aldatu
 
Sam Cooke soul musikaren arbasotzat hartzen da.

Beste zenbait pertsonak bezala, Peter Guralnick idazleak ere Solomon Burke jotzen du pertsona gakotzat soul musikaren sorreran, eta Atlantic Records diskoetxe gakotzat. Burkeren 1960ko hamarkadako lehen urteetako abestiak, Cry to Me, Just Out of Reach eta Down in the Valley besteak beste, soul musikaren klasikotzat hartzen dira. Honako hau idatzi zuen Guralnickek:

«Soul musika, nolabait, Solomon Burkeren 1961eko Just Out Of Reach lanaren ospearekin batera hasi zen. Ray Charlesek, noski, izugarrizko ospea zuen ordurako (baita Atlanticen ere), eta baita James Brown eta Sam Cookek ere (batez ere pop musikan). Abeslari horietako bakoitza, ordea, isolaturiko fenomenotzat har genezake; Burke eta Atlantic Records batu zirenean soilik has zitekeen antzematen nolabaiteko mugimendu bat».[22]

Ben E. Kingek ere ospea lortu zuen 1961an Stand By Me abestiari esker[14], zeina zuzenean gospel himno batean oinarrituta baitago. 1960ko hamarkadaren erdialderako, Burke, King eta beste batzuen hasierako ospea soul abeslari berriek garaitu zuten, besteak beste Stax diskoetxeko Otis Reddingek eta Wilson Pickettek, zeinek nagusiki AEBko Tennesseeko Memphis eta Alabamako Muscle Shoals hirietan grabatu baitzituzten abestiak. Jon Landauk honako hau esan zuen:[23]

«1962 eta 1964 bitartean Reddingek soul balada multzoa grabatu zuen. Balada horiek lotsarik gabeko letra sentimentalak zituzten, eta normalean barkamena edo neska-laguna etxera bueltatzea eskatzen zuten.... Laster, Reddingi Mr. Pitiful (Errukarri Jauna) ezizena jarri zioten, eta soul baladen interpretatzaile nagusiaren ospea hartu zuen».

Aretha Franklin izan zen emakumezko soul abeslaririk garrantzitsuena. Jatorriz gospel abeslaria zen arren, 1960an abesti laikoak egiten hasi zen. Dena den, bere karrera aurrerago indartu zen, Atlantic diskoetxerako egin zituen abestiei esker. 1967an grabatutako abestiak, hala nola I Never Loved a Man (The Way I Love You), Respect (Otis Reddingek idatzia eta jatorriz hark grabatua) eta Do Right Woman, Do Right Man (Chips Moman eta Dan Pennek idatzia), produkzio esanguratsuak izan ziren, eta merkatuan arrakasta izan zuten. [24][25][26][27]

1960ko hamarkadan, soul musika izan zen nagusi AEBko musika zerrenda afroamerikarretan, eta grabaketa horietako asko AEBko pop zerrendetan txertatu ziren. Otis Reddingek erabateko arrakasta izan zuen 1967ko Monterey Pop Festival jaialdian.[28] Generoa Erresuma Batuan ere oso famatua egin zen, eta 60ko hamarkadaren amaieran artista nagusi askok birak egin zituzten bertan. Soula termino orokor bihurtu zen rhythm and bluesean oinarritutako musika estilo anitzak deskribatzeko: besteak beste, dance eta pop musika-estilotan oinarritutako Detroiteko Motown Recordseko artistak (The Temptations, Marvin Gaye eta Stevie Wonder, esaterako) eta deep soul estiloko interpretatzaileak ditugu (Percy Sledge eta James Carr, adibidez).[29][30][31] AEBko eskualde eta hiri asko ezagunak egin ziren azpigenero eta grabaketa-estilo berriak sortzeagatik.[32][33] Aipatzekoak dira New York, Detroit, Chicago, Memphis, New Orleans, Filadelfia eta Alabamako Muscle Shoals hiria, zeina FAME Studios eta Muscle Shoals Sound Studios diskoetxeen sorlekua baita.

1968rako, soula azpigenero desberdinetan zatikatzen hasia zen, justu ospearen unerik gorenean zegoela. James Brown eta Sly and the Family Stone, esaterako, funk musikara pasatu ziren. Aitzitik, Marvin Gaye, Stevie Wonder, Curtis Mayfield eta Al Green abeslariek generoaren aldaera burutsuagoak, sofistikatuagoak eta, kasu batzuetan, politikoki kontzienteagoak sortu zituzten.[28] Hala eta guztiz ere, soul musikak garatzen jarraitu zuen: 1970tik aurrerako rhythm and blues mota desberdinetan izan zuen eragina, eta musikari mordoak soul estilo tradizionalean jotzen jarraitu zuen.[32]

 
Al Green eragin handiko soul abeslaria izan zen

1970ko hamarkada eta ondorengo urteak

aldatu

Soul musikaren geroagoko adibideak ditugu The Staple Singersek grabatutako abestiak (I'll Take You There, esaterako) eta Al Greenek 1970ean Willie Mitchell muskariaren Memphiseko Royal Recording diskoetxean grabatutakoak.[34] Mitchellen Hi Recordsek aurreko hamarkadako Stax diskoetxearen tradizioari jarraitu zion, eta kantu arrakastatsu asko argitaratu zituen Green, Ann Peebles, Otis Clay, O.V. Wright eta Syl Johnsonen eskutik.[35] Bobby Womackek, zeinak 1960ko hamarkadaren amaieran Chips Momanekin grabatu baitzuen, soul kantuak kaleratzen jarraitu zuen 1970eko eta 1980ko hamarkadetan.[36] Detroiten, Don Davis produktoreak Staxeko artistekin lan egin zuen, Johnnie Taylor eta The Dramaticsekin esaterako.[37] 1970aren hasieran The Detroit Emeraldsek grabatutako abestiek (Do Me Right, adibidez) soula eta geroagoko disco estiloa elkartzen dituzte.[38] Motown Recordseko artistek, hala nola, Marvin Gaye, Michael Jackson, Stevie Wonder eta Smokey Robinsonek, soularen garapenean eragina izan zuten. Hala ere, haien abestiak pop estilokotzat hartu ziren, batez ere Redding, Franklin eta Carren kantuekin alderatuz gero. Chicagoko artistek egindako grabaketak soul klasikotzat hartzen dira askotan, nahiz eta estilistikoki genero horretatik desberdintzen diren.[39] 1970eko hamarkada hasierarako, rock psikodelikoaren eta bestelako musika moten eragina nabari zen soul musikan.[40] Garai hartako gatazka politiko eta sozialak bultzatu zituen Gaye eta Curtis Mayfield artistak iruzkin sozial irmoz betetako diskoak kaleratzera.[41] James Brownek funkaren elementuak ekarri zituen soulera, eta musika mota hori Parliament-Funkadelic eta The Meters taldeen sinbolo bihurtu zen 1970eko hamarkadan.[42] War, The Commodores, eta Earth, Wind and Fire moduko talde moldakorragoak ezagunak egin ziren garai hartan.[43] 1970eko hamarkadan, blue-eyed soul edo zuriek egindako soul musikako talde komertzialek arrakasta izan zuten, hala nola Filadelfiako Hall & Oatesek eta Oaklandeko Tower of Powerek. Era berean, street-corner harmony edo city-soul motako taldeak ere arrakastatsuak izan ziren, The Delfonics eta Howard Unibertsitate historikoki beltzeko Unifics, esaterako.[44][45]

1971n Soul Train izeneko musika eta dantza telesaila hasi zen igortzen hainbat kate desberdinetan.[46] Chicagoko Don Corneliusek aurkezten zuen eta garrantzi handikoa izan zen soularentzat hainbat hamarkadatan, horren eraginez sortu baitzen Soul Train Records. Diskoetxe horrek banatu zuen The Whispers, Carrie Lucas eta etorkizun handiko Shalamar taldeen musika.[13] Hainbat gatazkaren ondorioz, Corneliusek diskoetxea Dick Griffey talentu-bilatzailearen esku utzi eta hark Solar Records izena ipini zion. Soul diskoetxe entzutetsua izan zen 1980ko hamarkadan.[13] Soul Train telesailak, hala ere, 2006ra arte jarraitu zuen, 80ko hamarkada hasieran bestelako musika mota nagusiki afro amerikarrek, hip-hopak esaterako, soula baino protagonismo handiagoa izan arren telesailean.[47]

Disco eta funk musikariek abesti arrakastatsuak izan zituzten 1970eko hamarkada amaieran eta 1980ko hamarkada hasieran; aldi berean, soulean quiet storm musika mota zabaldu zen. Erritmo lasaiak eta melodia leunak sortzeko, quiet storm soulak fusion eta adult contemporary musiken ezaugarriak hartu zituen. Zenbait soul taldek quiet storm abestiak izan zituzten diskoetan, esaterako, EW&F, The Commodores eta Con Funk Shun taldeek. Aro hartako talderik arrakastatsuenetakoak Smokey Robinson, Jeffry Osbourne, Peabo Bryson, Chaka Kahn, eta Larry Graham izan ziren, besteak beste.

1980ko hamarkada hasieran discoak eta funkak beherakada izan ondoren, elektro musikak eragin zuen soulean. Soula jada ez zen modu hain arduragabean ekoizten, eta burutsuagoa bihurtu zen; horrela sortu zen rhythm and blues garaikidea. Rhythm and blues originalaren oso desberdina zen. 1994an neo-soulak garapena izan zuen AEBn. Diskoetxe arrakastatsuek soul generoei eskainitako marketinak behera egin zuen 2000ko hamarkadan, industriak hip-hopean jarri baitzuen arreta berriz ere.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) Mojapelo, Max. (2008). Beyond Memory: Recording the History, Moments and Memories of South African Music. African Minds ISBN 978-1-920299-28-6. (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  2. «Welcome to the Rock & Roll Hall of Fame | Rock & Roll Hall of Fame» www.rockhall.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  3. Ojakäär, Valter. (1983). Popmuusikast. Eesti Raamat.
  4. Szatmary, David P.. (2014). Rockin' in Time. New Jersey: Pearson, 176 or..
  5. BBC Music, Episode Guides to Soul Deep. (2013). The Story Of Black Popular Music 2007. .
  6. (Ingelesez) Szatmary, David P. (2014). Rockin' in Time. Pearson, 177 or..
  7. Hansen, Barry. (1976). Rhythm and Gospel, in Jim Miller (ed.), The Rolling Stone Illustrated History of Rock & Roll. , 15-18 or.
  8. (Ingelesez) «Soul Music Genre Overview» AllMusic (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  9. (Ingelesez) «soul | Origin and meaning of soul by Online Etymology Dictionary» www.etymonline.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  10. Simms, Bryan R.; Bent, Ian. (1983-03). «'Analysis,' The New Grove Dictionary of Music and Musicians» Music Analysis 2 (1): 105.  doi:10.2307/853956. ISSN 0262-5245. (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  11. (Ingelesez) «Little Richard | Biography, Albums, Streaming Links» AllMusic (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  12. (Ingelesez) Hansen, Barry. (1976). «Rhythm and Gospel» in Jim Miller (ed.) The Rolling Stone Illustrated History of Rock & Roll. , 15–18 or..
  13. a b c (Ingelesez) «Search Results - - 55 Results» UNT Digital Library (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  14. a b (Ingelesez) (PDF) BBC Music, Episode guides to Soul Deep - The Story of Black Popular Music. (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  15. (Ingelesez) White, Charles. (2003). The Life and Times of Little Richard: The Authorised Biography.. Omnibus Press., 229 or..
  16. (Ingelesez) «James Brown | Soul Survivor | American Masters | PBS» American Masters 2003-10-29 (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  17. (Ingelesez) Opie, Frederick Douglass. (2008). «7» Hog and Hominy: Soul Food from Africa to America. Columbia University Press.
  18. (Ingelesez) Soul Deep - The Story Of Black Popular Music Noiz kontsultatua: 2020-05-05
  19. (Ingelesez) Gilliland, John. (Unknown). «Show 17 - The Soul Reformation: More on the evolution of rhythm and blues. [Part 3»] UNT Digital Library (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  20. (Ingelesez) McEwen, Joe; Cooke, Sam. (1976). Jim Miller ed. The Rolling Stone Illustrated History of Rock & Roll. , 113–116 or..
  21. (Ingelesez) McEwen, Joe; Wilson, Jackie Wilson. (1976). Jim Miller ed. The Rolling Stone Illustrated History of Rock & Roll. , 117–119 or..
  22. (Ingelesez) Guralnick, Peter. «Soul» in Jim Miller (ed.) The Rolling Stone Illustrated History of Rock & Roll. 1976, 206 or..
  23. (Ingelesez) Landau, Jon. «Otis Redding» in Jim Miller (ed.) The Rolling Stone Illustrated History of Rock & Roll. 1976, 210-213 or..
  24. (Ingelesez) Gilliland, John. (Unknown). «Show 52 - The Soul Reformation: Phase three, soul music at the summit. [Part 8»] UNT Digital Library (Noiz kontsultatua: 2020-02-14).
  25. (Ingelesez) Whitburn, Joel. (2004). Top R&B/Hip-Hop Singles: 1942–2004.. Record Research., 215 or..
  26. (Ingelesez) Dobkin, Matt. (2004). I Never Loved a Man the Way I Loved You: Aretha Franklin, Respect, and the Making of a Soul Music Masterpiece.. New York: St. Martin's Press., 7-8, 187-188 or. ISBN 0-312-31828-6..
  27. Rolling Stone 2010, 500 Songs, 112. or.
  28. a b BBC Music, Episode guides to Soul Deep – The Story Of Black Popular Music, 2007 https://www.bbc.co.uk/music/static/p/episodes.pdf
  29. (Ingelesez) «Motown Music - The Sound that Changed America» Motown Museum (Noiz kontsultatua: 2020-02-15).
  30. (Ingelesez) «Percy Sledge | Biography & History» AllMusic (Noiz kontsultatua: 2020-02-15).
  31. (Ingelesez) «James Carr | Biography & History» AllMusic (Noiz kontsultatua: 2020-02-15).
  32. a b (Ingelesez) «Soul Music Genre Overview» AllMusic (Noiz kontsultatua: 2020-02-15).
  33. (Ingelesez) Brown, Mick. (2018-08-17). «Inside Muscle Shoals, the legendary studio that gave Aretha Franklin her breakthrough hit» The Telegraph ISSN 0307-1235. (Noiz kontsultatua: 2020-02-15).
  34. (Ingelesez) Songfacts. «I'll Take You There by The Staple Singers - Songfacts» www.songfacts.com (Noiz kontsultatua: 2020-02-16).
  35. (Ingelesez) «Producer Willie Mitchell set the tone for polished Memphis soul» Wax Poetics 2014-06-25 (Noiz kontsultatua: 2020-02-16).
  36. (Ingelesez) «Chips Moman: The Cream Interview» Nashville Scene (Noiz kontsultatua: 2020-02-16).
  37. (Ingelesez) «Don Davis | Biography & History» AllMusic (Noiz kontsultatua: 2020-02-16).
  38. (Ingelesez) «The Detroit Emeralds | Biography & History» AllMusic (Noiz kontsultatua: 2020-02-16).
  39. (Ingelesez) «Chicago Soul Music Genre Overview» AllMusic (Noiz kontsultatua: 2020-02-16).
  40. (Ingelesez) «Psychedelic Soul Music Genre Overview» AllMusic (Noiz kontsultatua: 2020-02-10).
  41. (Ingelesez) «The 10 Best Political Protest Songs of the 70s» Spinditty (Noiz kontsultatua: 2020-02-10).
  42. (Ingelesez) «The Meters | Biography & History» AllMusic (Noiz kontsultatua: 2020-02-10).
  43. (Ingelesez) «War | Biography & History» AllMusic (Noiz kontsultatua: 2020-02-10).
  44. (Ingelesez) «Daryl Hall & John Oates | Biography & History» AllMusic (Noiz kontsultatua: 2020-02-10).
  45. (Ingelesez) «Tower of Power | Biography & History» AllMusic (Noiz kontsultatua: 2020-02-10).
  46. (Ingelesez) Chideya, Farai; ContributorHost; Farai, One with. (2013-09-30). «Soul Train and Pain: New Book Explores The Legacy of Don Cornelius' Empire» HuffPost (Noiz kontsultatua: 2020-02-11).
  47. (Ingelesez) «"Soul Train" creator Don Cornelius commits suicide» Reuters 2012-02-02 (Noiz kontsultatua: 2020-02-11).

Kanpo estekak

aldatu