Zanga (hegaztia)
Zanga[1] (Morus bassanus) euskal kostaldeko hegaztirik eder eta handienetakoa da. Ipar Atlantikoan dago hedatua, bai eta Mediterraneo itsasoan ere. Euskal Herrian migrazio garaietan ikusten da.
Zanga (hegaztia) | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Suliformes |
Familia | Sulidae |
Generoa | Morus |
Espeziea | Morus bassanus Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 2,999 kg (helduen pisua) |
Zabalera | 172 cm |
- Artikulu hau hegaztiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Zanga».
Deskribapena
aldatuZangak 87-100 cm arteko luzera eta 165-180 cm arteko hego-zabalera ditu eta helduek 3 edo 4 kilogramo pisatu dezakete[2]. Ez du sexu dimorfismorik baina arrak emeak baino pixkat handiagoak izan ohi dira. Hegazti helduak lumaia zuria dauka baina buruak tono horixkak izaten ditu. Hegoen muturrak beltzak dira. Mokoa luzea, indartsua, konikoa eta zorrotza da, arrainak harrapatzeko aproposa. Helduetan mokoaren kolorea grisa argia da eta gazteetan marroi argia. Mokoak 9-11 cm-ko luzera dauka eta marra beltzez definiturik dago. Marra beltzak begi argia ere inguratzen du[3]. Hanka beltzak ditu eta lau hatzak mintz batez elkarturik daude. Marra hori fin batzuk ere badituzte[4].
Aurpegian beltz koloreko gune biluztu (lumarik gabea) bat dute, hegazti honi itxura propio bat emanez.
Begiak handiak eta aurrera zuzenduak ditu, irisa urdin argi kolorekoa du, ia grisa, eraztun mehe beltz batez inguratua.
Deskribaturiko koloreak bosgarren urtean hartzen ditu, aurrez hainbat fase izaten ditu; habia utzi berritan bizkarralde arre-grisa eta sabelalde argia ditu, urteak pasa ahala zati zuriak azaltzen zaizkio, xake taularen itxuran, eta poliki poliki lumaia zuria nagusitzen zaio[3].
Arrautzatik atera berritan, ordea, urdin ilun edo ia beltz kolorekoak dira txitak, bi aste eta gero lumatxa zuriz beteta daude jada.
Igeri egiteko eta hegan egiteko lumak garatzen dituztenean luma horiek iragazgaitzak ditu (itsas hegaztietan oso ohikoa) eta hori dela eta luzaro ibil daiteke itsasoan.Iragazgaiztasuna bilgor guruin batzuek sorturiko jariakin edo sekrezio baten bidez lortzen dute, mokoarekin edo buruarekin gorputz osoko lumajea ondo blaitzen dute sekrezio horrekin.
Berezitasun anatomikoak
aldatuZangak arrantzatzeko 40 metroko garaieratik uretara murgiltzen dira 100 km/h-ko abiadurak hartuz, hori egiteko gai dira anatomia berezi batengatik. Bularrezurra bereziki indartsua eta luzea dute, hori dela eta bizi-organo guztiak modu seguruan babesten ditu uretan sartuta hartzen duen kolpetik. Horretaz gain, kanpo sudur zulorik ez dute, horren ordez zulo nasal sekundario batzuk ditu, uretan murgiltzen denean itxi ditzakeenak. Belarri zuloak txikiak ditu, lumez estaliak eta itxi ditzake uretan sartzean sudur-sistema edo sistema nasala izango balitz bezala.
Birikak ere oso garatuak ditu, ur azpian igeri egiteko baliagarriak izateaz gain, seguraski uraren kontrako inpaktutik babesteko ere funtzioa betetzen dutela. Gorputzaren behekaldea eta alboak larruazalpeko aire zakuz beteta ditu, bularrezurraren eta bular muskuluen artean eta saihets-hezurraren eta inguruko muskuluen artean ere aire zakuak ditu. Aire zaku hauek birikekin lotuta daude eta airez bete egiten dira hegaztiak arnasa hartzean, airea muskuluak uzkurtzean kanporatu dezake. Aire zakuek ere uraren kontrako inpaktuaren ondorioak gutxitzeko paper garrantzitsua jokatzen dute, talka erabat leunduz, aurretik aipatutako beste berezitasun anatomikoekin batera.
Larruazalpean koipe geruza bat dute tenperatu hotzak ongi jasateko balio diena (baita uraren kontrako talka leuntzeko balio ere), hori gutxi izango ez balitz, lumatxa lodia eta luma itxiak eta elkartuak ditu, tenperatura isolatzaile apartak izanik. Ugalketa garaitik kanpo zangoetako mintzen odol zirkulazioa murrizten dute gorputzaren tenperatura beroago mantentzeko igeri egiten duten bitartean.
Lokomozioa airetik, lurretik eta itsasotik
aldatuZangaren hego luze eta zorrotzak beste hegaztietan baino aurreratuagoak daude gorputzarekiko, horrek efizientzia handia ematen die hegan egiteko, airea eta haize korronteak erabat aprobetxatzen dituelako. Oso hegalari efizienteak dira, eguraldi lasaietan, ia haizerik gabeko egunetan, 55-65 km/h-ko abiadura har dezakete, haize egunetan eta haizearen indarra aprobetxatuta abiadura hori nabarmen areagotuz.
Bere muskulatura hegalaria (hegan egiteko bularreko muskuluak) ordea, ez dago oso garatua, beraz planeaketan oinarritutako hegaztia da, ez dauka indar eta erresistentzia handia hegoak astintzeko. Hegazti askotan, hegaldi aktiboa izateko darabilten muskulaturak hegaztiaren masa totalaren %20 osatzen du, zangaren kasuan %13-koa da. Hau dela eta, hegaldia hasteko (alegia hegoak astintzeko) zangek berotu behar dituzte muskuluak aurretik. Hankak beste hegazti askok baino atzeratuagoak ditu, hori dela eta nahiko traketsa da lurrean ibiltzerakoan, ezaugarri hauek guztiengatik, oso zaila du hegaldia lur lau batetik altxatzea. Itsasoan pausatuta dagoenean, hegaldia haizearen kontra jarriz hartzen du, ia haizerik gabeko eta olatu handiko egunetan asko kostatu ahal zaio hegaldia hastea, eta beraz, lurrera bultzatua izan daiteke itsasoaren korrontearen eraginez. Zangek, albatrosek eta itsas hegazti planeatzaile askok ere egiten duten bezala, olatuen atzealdeak sortzen duen haizea aprobatxatzen dute planeaketa mantentzeko. Hegazti itsastarrak dira eta lur lehor sakonetan ikusten badira ekaitzen ondorioz bultzatuak izan direlako da.
Itsasoan, ura modu lau batean hartzen dute, gutxitan aurreratzen dituzte zangoak pelikanoek eta ubarroiek egiten duten bezala. Uretan gorputza nahiko murgilduta izaten dute eta buztana uretik kanpo angulu diagonal batean. Bere hego mehe eta luzeak direla eta, ez dute maniobragarritasun handirik eta beraz lurra modu traketsean hartzen dute airetik. Maniobragarritasun txikiko hegoak dituztenez, buztana eta hankak erabiltzen dituzte biratzeak edo bestelako maniobrak egiteko. Haize egokirik ez dagoenean lurra harzean honen kontra talka egitea ez da arraroa, askotan zauritxoak dituzte hanketan arroken arteko lur gogorraren aurka lurreratze zakarra izateagatik. Batzuetan lurreratzea oso larria izan bada hegoren bat zauritu eta hautsi dezakete, azkeneko kasu hauetan heriotza ziurra ekarriz. Esan bezala, hankak gorputzarekiko atzeratuak dituztenez, lurrean dabiltzanean ahateen ibilkera dute, uretan ordea, oso bizkor mugitzen dira.
Hotsa
aldatuEz dute hots sitema konplexurik. Bere ohiko deialdia "rab-rab-rab" sinple bat da, arrantzan eta habian daudenean errepikatzen dutena. Koloniara hurbiltzen direnean hots berezi bat emititzen dute, eta koloniara aldiro aleren bat edo beste iristen denez oso ohikoa da hots hori entzutea. Arrek eta emeek hots antzekoak emititzen dituzte.
Bryan Nelson ornitologoaren iritziz, zanga bat bere bikotearen eta bere txitaren hotsak ezagutzeaz gain bizilagunen hotsak ere ezagutzeko gai da, eta familiakoa ez den zanga bat habira hurbiltzen bada modu erasokorrean erantzungo dio habiako bikoteak.
Banaketa eremua eta habitata
aldatuHegazti itsastar petoa da. Itsaslabarretan kumatzen du eta itsasoan barrena sartzen da arrantzatzera. Kumatze garaian, arrantzatzera ateratzen denean normalean ez da plataforma kontinentala baino haratago joaten. Uda partean Ozeano Atlantikoko iparraldeko uharte eta kostaldeko itsaslabarretan (Britainiar uharteetan, Eskandinabian, Islandian, Bretainian, Kanada ekialdean...) kumatzen du. Neguan hegoaldera jotzen du, Gineako golkoraino iristen delarik[3].
Itsasoaren ondoan egiten du habia, Golkoko itsaslasterraren eraginpean dauden kostaldeetan. San Laurendi golkoko eta kanada ekialdeko koloniak salbuespenak dira. Udan bere koloniak inguratzen dituzten itsasoen tenperatura 10-15 °C-koa, bere harrapakin nagusiak diren berdelek eta sardinzarrek maite duten tenperatura, beraz berdelaren eta sardinzarraren udako banaketa geografikoarekin estu lotuta daude zangen koloniak.
Nahiko latitude altuetan kumatzera hel daiteke, Bryan Nelson ornitologoaren arabera, hegazti hauen masak, tamainak, moko indartsuek (arrain azkarrak eta indartsuak harrapatzeko onak) eta nahiko sakon murgiltzeko gaitasunak (beraz itsasbazterratik urrun arrantzatzeko gaitasuna izanik) ahalbidetzen dute hegazti honek hain iparraldera dauden zonalde hotzetan kumatzea. Honekin batera, bere koipe erreserben laguntzaz, egunak igaro ditzake jan gabe.
Bere koloniaren iparraldeko muga itsasoaren ur azaleko izotzak markatuko du, txita aurrera ateratzeko asmoz arrantza egin ahal izateko, izotzetik libre dauden urak behar ditu. Hori horrela izanda, Groenlandia eta Svalbard uhartedia adibidez leku aproposak izan daitezke koloniak ezartzeko, baina hortik iparralderago, zonalde erabat artikoetan, udak laburregiak dira kumaldiaren prozesu guztiak behar duen egun kopururako, baita baldintza kaskarrak ere arrantza egiteko.
Euskal Herrian
aldatuEuskal Herrian udazkenean eta udaberrian, alegia, bere migrazioetan, zangak ikustea erraza eta ohikoa da. Migrazio garaian Higer eta Matxitxakoko lurmuturretatik milaka zanga bidaiatzen ikustea erraza da, euskal kostaldea bere migrazio bide klasiko bat da.
Zanga batzuk dokumentatuak izan dira urte osoa igarotzen euskal kostaldean, Billanon, Zumaian, Donostian eta Txingudin hain zuzen ere.
Migrazioak
aldatuZanga gazteek migrazio luzeak egiten dituzte, helduek baino urrutiago bidaitzen dute. Lehenengo migrazioa egiten duen zanga bat ia ekuatoreraino irits daiteke, gero bueltan koloniara helduak baino beranduago iristen delarik. Bigarren urtean migrazio txikiagoa egingo du.
Zangek udaberri eta uda (kumatze garaia) iparraldeko lurretan eta itsasoetan igarotzen dute, udazkena eta negua igarotzeko hegoalderantz migratzen dute.
Europako zanga gehienek bi ibilbide klasiko aukeratzen ohi dituzte bere migrazioetan, populazio batzuek Mediterraneoko mendebaldean igarotzen dute negua, Gibraltarko itsasartea zeharkatuz, hegazti itsastar petoa denez, ahal duen heinean lur eremu handiak zeharkatzea ekiditen du, lur lehorreko hegaztiek egiten duten kontrakoa egin ohi dute itsas hegazti askok, alegia, lurreko hegazti askok ur tarte handiak ekiditen dituzten moduan itsas hegazti askok propioa egiten dute baina alderantziz. Mediediterraneora joateaz gain, beste populazio asko Ozeano Atlantikotik egiten dute beherantz eta Gineako golkoraino ere irits daitezke.
Kanadako populazioen kasuan, hegoaldeko muga Mexikoko golkoa izan ohi da, baina hona batez ere gazteak iristen dira, helduek migrazio txikiagoak egiten dituzte.
Elikadura
aldatuTamaina ertaineko arrainak harrapatzen ditu. Ur gainean planeatzen du, 40 metro arterainoko altueran, eta arraina ikusten duenean hegoak tolestu eta bere burua botaz eraso azkarra egiten du. Hartzen duen itxura aerodinamikoari esker 100km/h-ko abiadura ere har dezake. Erasoan huts egten badu ur azpian jarraitzen du arrainaren atzetik[3].
Zangek egunez ehizatzen dute, eta, oro har, uretara jauzi eginez egiten dute arrantza. Kostaldetik gertu ehizatu dezakete, baina handik oso urrun ere bilatu dezakete janaria. Jakina da txitak hazten ari diren helduek koloniatik 320 km-ra arrantzatu dezaketela. Eskoziako Bass Rock uharteko kolonian guraso aktiboak diren hegaztien %2-k Dogger bankuan bilatzen ditu arrainak, 280 eta 320 km arteko distantziara. Ziurrenik, janaria bilatzen ari diren bitartean are distantzia luzeagoetara irits daitezke, baita aipatutakoak bikoiztuz ere, baina normalean 150 km baino gutxiagokoak dira.
Harrapakinak
aldatuSardinzar eta berdelez gain, beste arrain batzuk ere ehizatzen dituzte: sardinak, antxoak, eglefinoak, bakailaoak eta taldetan mugitzen diren beste arrain espezie batzuk. Espezie handien kasuan, bakailaoa kasu, ale gazteak bakarrik harrapatzen dituzte.
Kaio askok bezala, berehala lotzen dituzte arrantza ontziak janaria aurkitzeko aukerarekin. Itsasontzien inguruan biratzen dute, sareetatik arrainak harrapatzeko eta itsasora jaurtitako hondakinak aprobetxatzeko.
Harrapariak
aldatuZangak ez du harrapari askorik. Kontinenteetako kostaldean edo uharte handietan ugaztun gutxi batzuek arrautzak eta txitak ehiza ditzakete, horien artean azeri arrunta (Vulpes vulpes) eta erbinude zuria (Mustela erminea) daude. Uharte txikietan eta uhartetxoetan ez du harraparirik ugaztunen artean. Hegazti batzuek noizean behin arrautzak eta txitak ehizatzen dituzte, hau kolonia guztietan gertatzen bada ere eragin gutxiko gertaera da. Arrautzak eta txitak ehiza ditzaketen hegaztien artean kaio beltza (Larus marinus) eta kaio hauskara (Larus argentatus) daude. Marikaka handiak (Catharacta skua) arrautzak eta txitak ehizatzeaz gain gaztetxoak eta ale zaurituak ehizatzen saiatu ahal dira. Marikaka handiak, gainera, heldu osasuntsuak erasotzera ausartzen dira, maiz egin ere, baina hauek ehizatzeko baino zanga helduek harrapatutako arrainak lapurtzeko egiten dute, eta gehinetan helburua lortu ere. Marikaka handia hegazti indartsu eta arriskutsuegia da bere aurka borrokatzeko, beraz gehienetan marikakak zangari erasotzen dionean honek arraina askatu egiten du, erasoarekin bukatzeko. Noizean behin, helduek arrano buruzuri (Haliaeetus leucocephalus) baten hatzaparretan buka dezakete, baina ez da oso ohikoa. Itsasoan ere ez du etsai natural askorik, noizean behin arrain handi batek (marrazo batek adibidez) edo pinnipedo batek ehiza dezake, baina kasu hauek ere ez dira ohikoak.
Ugalketa
aldatuKolonia erraldoiak eratzen ditu ugalketa eremuetan. Uharte txikietako arroka zabaletan jartzen dituzte habiak, metro koadro bakoitzean bi edo hiru izaten dira. Bikote bakoitza toki berera itzultzen da urtero kumatzera. Habiak adar eta gainerako landare atalez, lumaz eta posible bada lurrez eraikitzen dituzte eta 30-60 cm-tako altuera hartzen dute. Sarritan beren zirina erabiltzen dute habia trinkotzeko.
Emeak arrautza urdinxka bakarra jartzen du. Egun gutxitan arrautza kaltetua izaten bada bigarren bat jartzen du emeak. Arrak zein emeak txandaka txitatzen dute 44 egunetan zehar. Txitak gurasoek berrahoraturiko elikagaia jaten du eta 90 egun pasatakoan uzten du habia. Bost edo sei urte dituenean izango da ugaltzeko gai[3].
Habiaren eraikuntza
aldatuZangek habia labar malkartsuetan eraikitzea nahiago dute, ezinezkoa bada uharte edo uhartetxoen zoru lauetan eraikiko dute. Lur lauetan hegaldia hartzea eta lurreratzea zailagoa dute eta askotan maniobra horietan zanga batek beste zanga baten habia inbaditu dezake, horrek dakarren erantzun oldarkorrarekin, beraz, lur lauetan osatutako koloniak labar malkartsuetan eginiko koloniak baino estresagarriagoak izan ohi dira. Hala ere, eta kontraesankorra iruditu arren, habiak elkarrekin eraikitzen dituzte, lehenesten baitute koloniaren harraparien aurkako segurtasuna, estuegi egoteak suposatzen duen estresa ekiditea baino. Hau horrela izanda, bikote batek nahiago izango du habia kolonian bertan eraikitzea koloniatik kanpo eta leku aproposago (erosotasunaren aldetik) batean egitea baino. Batezbestez, metro koadro bakoitzeko 2,3 habi egon ohi dira.
Habiak algekin, lumekin, lurrarekin, belarrarekin eta itsasoan aurki ditzaketen objektu ezberdinekin eraikiak izan ahal dira. Habiaren diametroa 50-70 cm-koa da eta altuera 30-tik gorakoa izan daiteke. Koloniak haizegune indartsuetan ezartzen ohi dituzte eta beraz habiaren eraikuntza txitaldi guztian zehar mantendu behar dute, askotan berreraikiz haizeak botatakoa edo higatutakoa.
Jarrera oldarkorra habian
aldatuHabiaren eremuko agresibitatea espezie honetan estaltzearekin lotutako jokabide askoren oinarria da. Borrokak sexu bereko hegaztien artean bakarrik ematen dira. Eme batek ez du erreakzionatzen ar bat habiara hurbiltzen bada, baina sutsuki defendatzen du hurbiltzen dena beste eme bat bada. Habia lehenengo aldiz okupatzen duten arren arteko borrokak dira latzenak eta borroken ondorioak handiak izan daitezke, batzuetan zauri larriekin amaituz. Borroka guztien aurretik mehatxu keinuak izaten dira, ugalketa garaitik kanpo ere ikusten direnak. Arrek habia okupatzean beste arrei bere habiaren jabetza erakusteko ohitura dute, keinu hau burua beste arrei zuzenduz eta mokoa beherantz eta hegoak tente jarriz adierazten dute, bizilagunei habia berea dela eta gogor defendatuko duela adieraziz.
Parekatzea
aldatuKumatzeko leku bat hartu ondoren, arra bikoterik gabeko eme bat erakartzen saiatzen da. Hauek, normalean lauzpabost urte dituztenak, behin baino gehiagotan egiten dute hegan koloniaren gainetik pausatu aurretik. Gorputz keinu batekin (lepoa asko luzatuz), emeak gorteiatzeko prest dagoela adierazten dio arrari. Arrak aldiz, gorteiatzeko keinua burua astinduz egiten du, habia markatzeko erabiltzen duen keinuaren antzekoa, baina kasu honetan hegoak tente edo irekita izan beharrean hegoak erabat itxita.
Bikoteak monogamoak dira eta luzaro irauten dute, bizitza osoa ez bada. Hegaztiak kumaldiaren ondoren banandu egiten dira, baina hurrengo urtean berriz elkartzen dira. Bikotekide bat hiltzen bada, besteak koloniako kumatze eremua utzi eta bikotea bilatzen ari diren bikotegabeen taldeari batzen zaio.
Oso oldarkor defendatzen dute habiaren inguruko lurraldea.
Arrautza eta txitak
aldatu104,5 g-ko batezbesteko pisua duen arrautza obalatu bakarra erruten du, nahiko pisu gutxiko arrautza beste itsas hegazti askorekin alderatzen bada. Bi arrautza dituzten habien kasuak bi emeren errunaldiei edo aldameneko beste habia batzuetatik lapurtutako arrautzei dagozkie. Lehenengo arrautza galdu egiten badute zanga emeak bigarren arrautza bat erruten du. Inkubazio denbora 42 eta 46 egun artekoa da. Inkubatzen ari direnean, arrautza zangoetako igeriketako mintzekin inguratzen dute ondo berotzeko, mintz hauek odolez ondo irrigatuta dituztelarik (mintzen odol irrigazioa ondo kontrola dezakete). Arrautzaren azal gogorra hausteko prozesuak 36 ordu iraun dezake.
Txitatxo jaioberriak eta gaztetxoenak helduek berrahoratutako arrain erdi-digerituekin elikatzen dira. Apur bat helduago direnean arrain osoagoak jasotzen dituzte.
Helduek hamaika edo hamabi astez elikatzen dituzte kumeak, harik eta gazteek habia uzteko indarra hartzen duten arte. 75 egunen buruan itsaslabarretatik itsasora joateko asmoa erakusten dute, eta horrek familiarekiko loturaren azken puntua markatzen du.
Aipatu beharra dago, habia utzi berritan, zanga gazteak ez direla oraindik hegalari oso onak, beraz askotan itsaslabarra utzi eta gero ez dira gai berriro hara itzultzeko. Honi koloniako bizilagun helduen oldarkortasuna gehitzen badiogu, alegia, habia utzi berriko gazteek, hegaldi oraindik ez oso trebearekin, itsaslabarrera itzultzeko saiakeretan bizilagunen habietara nahigabe sartzen badira modu oldarkorrean erasotuak izaten direla gehitzen badiogu, horrek gazte asko itsasoan ondo hegan egiten eta ondo arrantzatzen ikasi arte geratu behar direla dakar. Eguraldiaren baldintzak onak badira normalean horrek ez du ondorio txarrik, gaztetxoen koipe erreserba dela eta 2-3 este iraun dezaketelako jan gabe (teorian denbora nahikoa hegaldia eta arrantza hobetzeko). Baina baldintza txarrak badira gazte asko hil daitezke goseak hartuta edo arroken kontra kolpatuta. Beste kasu batzuetan ere koloniako helduen oldarkortasunak eragindako zauriengatik hil daitezke zanga gazteak. Baina lehenengo etapa hauek ongi gaindituta, heldua eta hegalari trebea bihurtuta, arrisku gutxiko eta bizitza luzeko hegazti batean bilakatuko da.
Koloniak
aldatuMundu mailan zangen %60-ak Eskozian kumatzen du[4]. Baina Eskoziatik haratago zabaltzen dira bere koloniak.
Ugaltze kolonia batzuk duela ehunka urtetik erabiltzen dira. Urrutitik ikusita, zanga dentsitate handiaren ondorioz badirudi kolonia labarrak edo eremuak elurrez estalita daudela. 1274. urteko Lundy uhartearen kolonia baten erregistro idatzia dago. Erregistro horretan, ehizaren eta arrautzen lapurretaren ondorioz populazioak murriztu egiten zirela adierazten zen. Azkenik, kolonia 1909. urtean desagertu egin zen.
Gaur egun kolonia handienen artean honako hauek daude:
- Bass Rock uhartea: 48.000 habia zenbatu ziren 2004-an. 1448. urtean aipatzen da aurrenekoz uharte honetako zangen kolonia, kolonia erraldoi gisa aipatzen dute urte horietako erregistroek[2].
- St Kilda eta Sula Sgeir uharteak (Hebridak): 60.000 habiekin Europako koloniarik handiena da.
- Eldey uhartea: Gutxienez 14.000-15.000 bikotek kumatzen dute bertan.
- Bonaventure: 32.000 habiekin Ipar Amerikako kolonia handiena da.
Populazioak
aldatu2004. urtean 45 ugaltze kolonia eta 361.000 habia zenbatu ziren. Eskoziako kostaldeko hegaztiak guztizkoaren % 60 inguru dira. Itxuraz, populazioa % 3-tik % 5-era bitarte handitzen da urtero, nahiz eta hazkunde hori kolonia batzuetan bakarrik ematen den. Gaur egungo egoera positiborako erabakigarria izan zen haragia eta lumak helburu zituen espeziearen ehiza ia erabat etetea. 1939-an, 22 kolonia eta 83.000 habia inguru zeuden, eta horrek esan nahi du populazioak laukoiztu egin zirela ordutik aurrera. Itsas zabaleko arrantza jarduera gero eta ugariagoen aprobetxamenduak ere lagundu zuen espeziea berreskuratzen.
Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (IUCN), Del Hoyo et al (1992) aipatuz, egile horren arabera espezie honen populazio osoa 526.000 alekoa zela adierazten du, baina, espezie honek Europan duen populazioa kontuan hartuta eta BirdLife International-ek 2004. urtean populazioen kopuruari buruz adierazten duena ere kontuan hartuta, tamaina demografiko globalaren kalkulu berrikusia egin eta zangak 950.000 eta 1.200.000 ale arteko populazioa duela estimatzen du.
Kontserbazioa
aldatu"Kezka txikia" gisa katalogatuta dago IUCN-ren zerrenda gorrian. Oro har, espeziea nahiko hedatuta dago mundu mailan eta populazio egonkorrak (goranzko joeran) ditu bere kolonia eremuetan. Hala eta guztiz ere, egoera ez da berdina toki guztietan. Eskoziak dauka zanga ale kopuru handiena munduan, eta beraz, espezie honen populazioaren egonkortasunean ardura handia dauka.
Berez, mundu mailan mehatxatutako animalia ez bada ere, bere mehatxu handienak, animalia guztiekin gertatu bezala, bere habitataren suntsipena, itsasoaren kutsadura eta beroketa globala dira (bere harrapakin nagusiak itsasoko tenperatura tarte batean mugitzen baitira). Horrez gain, kolonia handietan bizi den hegazti taldekoia denez, hegazti gripea kolonia batean sartzen bada kalte handiak sufritu ditzake kolonia horren populazioak. 2022. urtean hegazti gripeak gogor jo zien zangen (eta ez bakarrik zangen) kolonia handi batzuei.
Taxonomia
aldatuCarl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean, Systema naturae liburuan, eta Pelecanus bassanus izena eman zion[5]. 1816 urtean Morus generoa sartu zuen Louis Jean Pierre Vieillot ornitologo frantsesak. Sulidae familian dagoenez Sula bassana izena ere izan zuen[2]. Ez da zangaren azpiespezierik ezagutzen.
Euskal Herrian dituen izenak
aldatuIruditegia
aldatu-
Zanga hegan.
-
Zanga erasotzeko prest.
-
Zangak labarretan.
-
Zanga taldetxoa.
-
Zanga ur azpia, arrain bila.
-
Zanga gaztea.
-
Zangaren arrautza.
-
-
Bass Rock uharteko kolonia
-
Zanga gaztea
-
Arrautza zaintzen
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2003]
- ↑ a b c Hans Heinrich Reinsch. (1969). Der Basstölpel, Sula bassana (Linné 1758). Ziemsen Verlag.
- ↑ a b c d e «Alcatraz atlántico» SEO/BirdLife.
- ↑ a b J. Bryan Nelson. (2005). Pelicans, Cormorants and their relatives. Oxford University Press ISBN 0-19-857727-3..
- ↑ Linnaeus, Carl. (1758). Systema naturæ per regna tria naturae, secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis. Tomus I. Editio decima, reformata. Estocolomo: Laurentius Salvius, 133 or..
- ↑ Asier Sarasua, Eibartik bloga, 2006, Creative Commons by-sa.
Bibliografia
aldatu- BirdLife International (2012). «Morus bassanus». IUCN 2015.4-ren mehatxaturiko espezieen zerrenda gorria (ingelesez). ISSN 2307-8235. 2016/04/04-an kontsultatua.
- "Guía de AVES de Euskal Herria" (Xosé M. Penas Patiño, Carlos Pedreira López, Carlos Silvar) - gaztelaniaz. Euskal Herriko hegaztien gida liburua.
- Morus bassanus (SEO/BirdLife) - gaztelaniaz.
- Morus bassanus (eBird) - gaztelaniaz.
- "El majestuoso alcatraz atlántico" (National Geographic) - gaztelaniaz.
- Zanga (cram.org) - gaztelaniaz.
Kanpo estekak
aldatu- "Los pájaros que van a pescar con "tecnología balística"" (bideoa, National Geographic España, youtube) - gaztelaniaz.
- "Alcatraces: En la zona equivocada - Grandes Documentales" (bideoa, Documentales Paleotube, youtube) - gaztelaniaz.
- Zanga ehizan (bideoa, Territorio del Noroeste, youtube).
- Zangak ehizan (bideoa, Ulrich Meinecke, youtube).
- Zanga gaztea Bermeon (bideoa, Marta Mesa Artabe, youtube).
- "The Gannets Of Bass Rock - The Largest Gannet Colony In The World & Their Relationship With Dolphins" (bideoa, John Patrick Smith, youtube) - ingelesez.