Asteroide
Asteroide bat planeta txiki bat da —benetako planeta bat ez den objektu bat, ezta identifikatutako kometa bat ere—, eta eguzki-sistemaren barnean orbitatzen du. Atmosferarik gabeko gorputz harritsu, metaliko edo izoztuak dira, C-motako (karbonatoak), M-motako (metalikoak) edo S-motako (silikatoak) gisa sailkatuak. Asteroideen tamaina eta forma nabarmen aldatzen dira: kategoria horretan daude kilometro bateko zabalera duten objektu txikiak; meteoroideak baino pixka bat handiagoak, eta baita Zeres, ia 1000 km-ko diametroa duen planeta nanoa ere. Gorputz bat kometa gisa sailkatzen da (eta ez asteroide gisa) baldin eta eguzki-erradiazioaren bidez berotzen denean isats bat sortzen bazaio. Hala ere, duela gutxi egindako ikerketek bi gorputz mota horien artean continuum bat dagoela iradokitzen dute[1][2].

Ezagutzen diren milioi bat asteroideetatik[3], kopuru handiena Marte eta Jupiterren orbiten artean dago, Eguzkitik 2 eta 4 UA ingurura, asteroide gerrikoa izenez ezagutzen den eskualdean. Asteroide guztien masa konbinatu osoa, Ilargiaren % 3 baino ez da. Gerrikoko asteroide gehienek orbita eliptiko eta egonkorrak jarraitzen dituzte, Lurraren norabide berean biratuz eta hiru eta sei urte bitarteko denboran bira bat osatuz Eguzkiaren inguruan.
Historikoki, asteroideak ikusi izan dira Lurretik. Asteroide baten lehen hurbileko behaketa, Galileo espazio-ontziak egin zuen. Ondoren, NASAk eta JAXAk asteroideak ikertzeko hainbat misio abiarazi zituzten, eta beste misio batzuk aurreikusiak daude. NASAren NEAR Shoemaker ontziak Eros behatu zuen, eta Dawnek Vesta eta Zeres ikertu zituen. JAXAren Hayabusa eta Hayabeu2 misioek Itokawa eta Ryuguko laginak aztertu eta itzuli zituzten, hurrenez hurren. OSIRIS-RExek Bennu aztertu zuen, 2020an jasotako laginekin 2023an Lurrera itzuliz[4]. NASAren Lucy ontzia 2021ean bidali zuten espaziora, eta hamar asteroide ezberdin aztertzeko lana du: gerriko nagusiko bi eta Jupiterren zortzi troiar. 2023ko urrian, Psyche izeneko espazio ontziak izen bereko asteroidea ikertzera abiatu zen.
Lurretik gertu dauden asteroideek planetako bizitza mehatxa dezakete, Kretazeo-Tertziarioko iraungipen masiboa eragin omen zuen inpaktuak bezala. Arrisku horri aurre egiteko esperimentu gisa, 2022ko irailean, DART espazio-ontziak Dimorfos asteroide ez mehatxugarriaren orbita arrakastaz aldatu zuen haren aurka talka eginez[5].
Asteroide izenaren jatorria
aldatuAsteroide[6] jatorri greziarreko hitza da, ἀστεροειδής, eta teleskopio baten bidez ikusten diren gorputz horien itxurari egiten dio erreferentzia. Herschel izan zen, 1802ko maiatzaren 6an, Londresko Royal Society-n Zeres eta 2 Palas (ordura arte aurkitutako asteroide bakarrak) gorputz mota berri bat zirela proposatu zuena, eta horiei asteroide deitu zien[7]. Hala ere, garaiko astronomo gehienek baztertu egin zuten Herschelen proposamena ezduintzat, barregarritzat edo aurrekaririk gabekotzat jo zutelako, eta planetatzat hartzen jarraitu zuten. Giuseppe Piazzik, Zeresen aurkitzaileak, planetoide hitza erabili zuen, eta Heinrich Wilhelm Olbers bakarrik jarraitu zion Herscheli[8]. XX. mende hasierara arte ez zen asteroide hitza orokortu.
2013an, Clifford Cunningham, Estatu Batuetako Astronomia Elkartearen planeten saileko topaketa batean argudiatu zuen jatorrizko proposamena Charles Burney Jr. grezieraren adituak egin zuela. Cunninghamen arabera, Herschelek iradokizunak eskatu zizkien hainbat laguni, besteak beste, Joseph Banksi eta Charles Burneyri, semearekin hitz egin omen zuelako. Era berean, Banksek Stephen Westoni idatzi zion, eta hark Aorate izena proposatu zuen, eta Burneyk bere semeari idatzi zion «Stellula» gisako izenak proposatuz, gorputz horien tamaina ñimiñoaren aipamen argian. Geroago, Burneyk Frances Creweri idatzi zion: «They are not allowed by Herschel to be either Planets or Comets, but asteroids, italick, a kind of star —a name my son, the Grecian, furnished»[Oh 1]. Azkenean, Herschelek Asteroide aukeratu zuen, ideia txar askoren artean onena zelako[9].
Terminologia
aldatuTradizioz, Eguzkiaren inguruan orbitatzen zuten gorputz txikiak kometa, asteroide edo meteoroide izenez sailkatzen ziren, azken horiek metro bat baino gutxiagoko diametroa zutenak izanik. Beech eta Steelen 1995eko artikulu batek meteoroide definizioa proposatu zuen, zeinak tamainaren mugak ezartzen zituen[10][11]. Asteroide terminoak ez zuen inoiz definizio formalik izan, eta Nazioarteko Astronomia Elkarteak nahiago zuen lokuzio zabalagoa zuen planeta txikia.
Hamar metro baino gutxiagoko asteroideak aurkitu ostean, Rubin eta Grossmanen 2010eko artikulu batek meteoroide objektuen aurreko definizioa berrikusi zuen, 10 µm eta 1 m bitarteko tamainako objektuak sartzeko eta asteroideen eta meteoroideen arteko bereizketari eusteko[12]. Dagoeneko aurkitutako asteroide txikienak (H magnitude absolutuan oinarritutakoak) dira: 2008 TS26 (H=33.2) eta 2011 CQ1 (H=32.1), biak ala biak 1 m inguruko tamainakoak[13].
2006an, «Eguzki-sistemako gorputz txiki» esamoldea ere sartu zen planeta txiki zein kometa gehienak barne hartzeko[14]. Beste hizkuntza batzuek nahiago dute planetoide terminoa erabili, eta termino hori erabiltzen da ingelesez noizbehinka, batez ere planeta txiki handiagoetarako (planeta nanoetarako, adibidez); asteroideentzako beste aukera bat ere bada, ez baitira izarrak bezalakoak[15]. Planetesimal hitzak ere antzeko esanahia du, baina, zehazki, eguzki-sistema eratzen ari zela zeuden planeten eraikuntza-bloke txikiei egiten die erreferentzia. Planetulo terminoa William Daniel Conybeare geologoak asmatu zuen planeta txikiak deskribatzeko, baina ez da ohiko erabilerakoa[16]. Asteroide gerrikoaren hiru objekturik handienak, Zeres, Palas eta Vesta, protoplaneten etaparaino hazi ziren. Zeres planeta nanoa da, eguzki-sistema barneko bakarra.
Aurkitu zirenean, asteroideak kometak ez diren objektu motatzat ikusi ziren, eta ez zen bietarako terminologia bateraturik egon 2006an «eguzki-sistemako gorputz txikia» sortu zen arte. Asteroide baten eta kometa baten arteko desberdintasun nagusia da kometa batek koma bat erakusten duela eguzki-erradiazioak gainazaletik gertu dauden izotzak sublimatzen dituelako. Hala, objektu gutxi batzuk bi aldiz zerrendatu izan dira lehenik planeta txiki gisa sailkatu zirelako eta gero kometa-jardueraren ebidentzia erakutsi zutelako. Kometa batzuek (agian guztiek), ordea, azkenean, azaleko izotz lurrunkorrak galtzen dituzte, eta asteroideen antzeko bihurtzen dira. Beste bereizketa bat da kometek asteroide gehienek baino orbita eszentrikoagoak izaten dituztela; orbita nabarmenki eszentrikoak dituzten asteroide gehienak baliteke kometa inaktiboak edo itzaliak izatea[17].
Ia bi mendez, 1801ean Zeres aurkitu zenetik lehen zentauroa aurkitu zen arte, 2060 Kiron 1977an, asteroide ezagun guztiek Jupiterren orbitan edo haren barruan eman zuten denbora gehiena, nahiz eta batzuk (Hidalgo, adibidez) Jupiter baino askoz urrunago aldendu ziren haren orbitaren zati batean. Marte eta Jupiterren orbiten artean kokatutakoei, sinpleki Asteroideak izena eman zitzaien urte askoan[18]. Astronomoak Jupiterretik kanpo bizi ziren gorputz txiki gehiago aurkitzen hasi zirenean (orain zentauro deituak) asteroide tradizionalen artean zerrendatu zituzten, nahiz eta eztabaida egon zen asteroidetzat edo objektu mota berritzat hartu beharko liratekeen. Gero, 1992an, Plutonez gain Neptunoz haraindiko lehen objektua aurkitu zutenean, Albion, eta, bereziki, antzeko objektu asko agertzen hasi zirenean, termino berriak asmatu ziren arazoari itzuri egiteko: Kuiper gerrikoaren objektua, Neptunoz haraindiko objektua, Disko sakabanatuaren objektua, etab. Horiek eguzki-sistemako muga hotzetan bizi dira, non izotzak solido dirauten, eta ez da espero kometen antzeko gorputzek kometa-aktibitate handirik erakustea; zentauroak edo Neptunoz haraindiko objektuak Eguzkitik hurbil menturatuko balira, haien izotz lurrunkorrak sublimatu egingo lirateke, eta ikuspegi tradizionalek kometa gisa sailkatuko lituzkete, eta ez asteroide gisa.
Horietatik barnekoenak Kuiperren gerrikoko objektuak dira, neurri batean, objektu deritzenak asteroide edo kometa gisa sailkatzeko beharra saihesteko[19]. Kometa baten antzeko konposizio dutela uste da, nahiz eta batzuk asteroideen antzekoagoak izan daitezkeen[20]. Gainera, gehienek ez dituzte kometekin lotu dakiekeen orbita oso eszentrikoak, eta orain arte aurkitutakoak ohiko kometen nukleoak baino handiagoak dira (askoz urrunago dagoen Oorten hodeia dela kometa lotien gordailu nagusia uste da). Azkenaldiko beste behaketa batzuek, hala nola Stardust zundak bildutako kometa-hautsaren analisiak, gero eta gehiago ezabatzen dute kometen eta asteroideen arteko bereizketa[21], lerro banatzaile garbi baten ordez «asteroideen eta kometen arteko continuum bat» iradokiz[22].
Jupiterren orbitatik haratago dauden planeta txikiei ere, batzuetan, asteroide deritze, bereziki aurkezpen herrikoietan[23]. Hala ere, gero eta ohikoagoa da asteroide terminoa barneko eguzki-sistemako planeta txikietara mugatzea[19]. Hori dela eta, artikulu hau asteroide klasikoetara mugatuko da: asteroide-gerrikoaren objektuak, Jupiterreko asteroide troiarrak eta Lurretik gertu dauden objektuak.
2006an, IAUk (Nazioarteko Astronomia Elkartea) «eguzki-sistemako gorputz txikien» klasea sartu zuenean aurretik planeta txiki eta kometa gisa sailkatutako objektu gehienak sartzeko, planeta nanoen maila sortu zuten planeta txiki handientzat —beren grabitatepean elipsoidal bihurtzeko adinako masa dutenak. IAUren arabera: «planeta txiki terminoa oraindik erabil daiteke, baina, oro har, hobe izango da eguzki-sistemaren gorputz txikia adierazpena erabiltzea»[24]. Gaur egun, asteroide gerrikoaren objekturik handiena, Zeres (gutxi gorabehera 975 km zabal), bakarrik jarri dute planeta nanoaren kategorian.
Sarrera
aldatuAsteroideak espazioan zehar dauden gorputz solido eta forma irregularrekoak dira, planetak baino txikiagoak. Lurretik ikusita, izarrak dirudite. Horregatik, John Herschelek izen hori eman zien. Ezagutzen diren asteroide gehienak Marte eta Jupiter artean biraka ari dira asteroide gerrikoa deritzon gunean.
Piazzi italiar astronomoak 1801ean lehena aurkitu zuenetik (Zeres asteroidea), beste hiru bat mila asteroide aurkitu dira, eta urtero aurkitzen dira gehiago. Asteroide horietako handiena, Zeres bera da, 950 kilometroko diametroarekin. Hurrena, Pallas asteroidea da, 552 kilometrorekin, eta Vesta asteroidea, 521 kilometrorekin. Dena den, Zeres asteroidea, gaur egun, planeta nanotzat jotzen da.
Ezaugarriak
aldatuHeterogeneoak izatea da asteroideen ezaugarri nagusia; haien gainaldea irregularra da; biratze ardatza norabidetua dute itxuraz, eta errotazio periodoa, askotarikoa.
Asteroideak, planetak bezala, Eguzkiaren inguruan biraka dabiltza. Asteroide gehienen orbitak Marte eta Jupiter artean mugitzen dira, baina bakar batzuk Eguzkitik gertuago daude. Lurraren orbita ebakitzen duten asteroideei Apolo asteroide deritze. Lurraren orbita ebakitzen dutenez, Lurrarekin talka egin dezakete. 1937an, Hermes asteroidea Lurretik 748.300 kilometrora igaro zen. Zientzialari batzuen ustez, asteroide batzuk gertuago ere igaro izan dira. Izan ere, bada teoria bat dinosauroen bat-bateko iraungitzea azaltzeko, asteroide edo kometa batek Lurra jo zuela dioena: talkaren ondorioz sortu zen hauts-hodeiak eguzki-argia Lurrera iristea eragotzi zuela urteetan eta, horren ondorioz, dinosauroen heriotza eragin zuen hotz- eta iluntasun-aldi luzea izan zela. Asteroide bati argazkia egin zion lehen espazio-ontzia Galileo zunda izan zen, 1991n Gaspra asteroidetik oso hurbil igaro zenean. Ordu arte, zientzialariek Lurreko teleskopioen bidez baizik ezin izan zituzten aztertu asteroideak.
Beste asteroide batzuk asteroide gerrikotik at aurkitzen dira; hori da, adibidez, Kironen kasua. 1977an aurkitu zen asteroide horrek 350 kilometroko diametroa du, eta Saturno eta Uranoren artean du orbita. Eraztunetik kanpo daude orobat Apolo asteroideak, hogeita bat gorputzek osatuak, Lurraren orbita gurutzatzen dutenak eta Troiarrak, Jupiterren orbitan bi taldetan, haren aurretik eta atzetik, higitzen direnak.
Asteroide gehienak ez dira geruzetan bereizi edo eraldatu, urtzeko behar adina berorik ez baitute sortu. Horregatik, meteoritoak eta asteroideak aztertuz, Eguzki sistemaren hasierako aldietan zeuden baldintza fisiko-kimikoak ezagutzeko aukera dago gaur egun.
Aurkikuntza
aldatuMendeetan zehar, astronomoek, fisikariek eta matematikariek Marteren eta Jupiterren orbiten artean zegoen hutsune handiaz galdetu zioten beren buruari, baina ez zen XIX. mendera arte izango Piazzik lehengo erantzun bat emango ziona Zeres aurkitzean. Hurrengo mendean, astronomoek milaka asteroide ezagutzen zituzten, nagusiki asteroide gerrikoan bilduta. XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran bilaketa automatizatuak egiten hasi zirenean, ezagutzen zen asteroide-kopuruak gora egin zuen. 2012an seiehun mila orbita baino gehiago zeuden zenbatuta[26].
Marte eta Jupiterren arteko ustezko planeta
aldatuMarte eta Jupiterren orbiten artean zegoen hutsuneaz arduratu zen lehen ikertzailea Johannes Kepler izan zen. Keplerrek espazio horretan planeta ezezagun bat egon behar zuela zioen hipotesia formulatu zuen, baina, agian, bat ez zela nahikoa gaineratu zuen. Ondoren, beste zientzialari batzuek heldu zioten berriro gaiari. Isaac Newtonek uste zuen Jupiter eta Saturno izaki jainkotiarraren eraginez jarriak zirela eguzki-sistemaren kanpoaldean barne-planeten orbitak ez hausteko[erreferentzia behar]. Immanuel Kant filosofoak esan zuen espazio hutsa Jupiterren masaren proportzioan zegoela. Johann Heinrich Lambertek, berriz, zuloa Jupiterren eta Saturnoren grabitazio-eraginaren ondorioz, planeta hipotetikoren bat kanporatzearen ondorio izan zitekeela uste zuen.
XVIII. mendean, hainbat astronomo prest zeuden eguzki-sisteman planeta ezezagun ugari zeudela sinesteko. Hala ere, Johann Daniel Titius izan zen, 1766an, Marteren eta Jupiterren orbiten arteko distantziari buruzko azalpena eman zuen lehena, denborarekin Titius-Boderen lege izenez ezagutuko zena. Zenbaki-erlazioak Johann Elert Boderen arreta erakarri zuen, eta ez zuen zalantzarik egin haren balioan, eta 1772an argitaratu zuen. 1781ean, William Herschelek legeak aurreikusten zuen distantziara Urano aurkitu izanak haren fidagarritasuna berretsi zuen behin betiko, eta Marteren eta Jupiterren artean planeta bat zegoelako ustea sendotu zuen[27].
Franz Xaver von Zach baroia, Seebergeko behatokiko zuzendaria, planeta aurkitzeko interes gehien piztu zuen astronomoetako bat izan zen. Zachek eskualde zodiakala aukeratu zuen; objektu berrien presentzia zehazteko aukera emango zion izar-mapa bat prestatu, eta planeta ezezagunarentzako balizko orbita ere kalkulatu zuen. 1800ean, emaitza antzuen ondoren, beste astronomo batzuk konbentzitu zituen bilaketan lagun ziezaioten. 1800eko irailaren 20an, Vereinigte Astronomische Gesellschaft sortu zen (Lilienthalgo Elkartea izenez ezagutzen dena) zodiakoko eskualdea izar ahulenetaraino kartografiatzeko asmoz. Fundatzaileen artean, Karl Ludwig Harding eta Olbers zeuden, zeinek, hurrenez hurren, aurrerago asteroide bat eta bi aurkituko zituzten.
Beren helburuak lortzeko, Zodiakoa hogeita lau zati berdinetan banatu zuten, eta beste astronomo batzuk aukeratu zituzten zatiak osatu arte. Astronomo horiek zeruko polizia izenez ezagutzen dira, nahiz eta batzuek ez zuten aktiboki parte hartu bilaketan. Hautatutakoen artean, Herschel eta Piazzi zeuden; Piazzik ez zuen enpresarekin bat egiteko gonbidapen formalik jaso, nahiz eta azkenean planeta berria berak aurkitu.
Zeres lehen asteroidea
aldatu1801eko urtarrilaren 1eko gauean, izar-katalogo bat osatzen ari zela, Piazzik objektu bat aurkitu zuen Taurus (Zezena) konstelazioan. Ondoz ondoko gauetan ikusi zuen objektua izar-hondoan mugitzen zela. Hasieran, oker bat zela pentsatu zuen, baina, gero, kometa bat aurkitu zuela ondorioztatu zuen. Urtarrilaren 4an eman zion prentsari aurkikuntzaren berri, eta, horri esker, Europako hainbat astronomok, tartean Piazziri bere oharrak bidaltzeko eskatu zion Joseph Lalande, otsailaren amaieran jakin zuten berria. Geroago, Bode eta Barnaba Orianirekin gutun banatan partekatu zituen bere oharrak, zeinetan aipatzen baitzuen objektuaren inguruan nebulositaterik ez zegoela.
Piazzik bere gutunean ematen zizkion datuekin, Bodek aurreneko orbita bat kalkulatu zuen. Martxoaren 26an, Prusiako Zientzien Akademian jakinarazi zuen orbita bat egiten zuela Marte eta Jupiterren artean falta zen planetarekin, eta, ondoren, Zach-i jakinarazi zion Monatliche Correspondenz aldizkarian argitara zezan. Planeta berrirako Juno izena proposatzera ere iritsi zen. Piazzik bere aurkikuntza «Cerere Ferdinandea» izenez bataiatu zuen, Siziliako jainkosa zaindariaren eta Fernando erregearen omenez. Luzarora, astronomia komunitateak Zeres izena onartu zuen objektu berriarentzat.
Lalandek Piazziren behaketak Johann Karl Burckhardt-i pasatu zizkion; horrek orbita eliptiko bat kalkulatu haiekin, eta emaitzak Zach-i bidali zizkion ekainaren hasieran. Hilabete beraren amaieran, astronomia komunitatea Zeres planeta berri bat zela sinetsita zegoen. Hala ere, Piazzik bere behaketen datuak ematen izan zuen atzerapenak hura berreskuratzeko saiakerak zapuztu zituen. Zachek, uztailaren 6an Orianiri bidalitako gutunean, Piazzi kritikatu zuen bere lana sekretupean mantendu izanagatik. Abuztuaren amaierarako, astronomo askok, Frantzian bereziki, objektuaren existentziaz zalantzak zituzten.
Irailean argitaratu ziren Piazziren ohar guztiak. Carl Friedrich Gauss-ek orbita eliptiko berri bat kalkulatu zuen, Burckhardt-ek lortutakoa baino askoz hobea, Burckhardt behaketa gutxirekin aritu baitzen lanean. Abenduaren 7an, planeta nanoa ikustera iritsi zen Zach, baina hurrengo egunetako eguraldi txarrak eragotzi zion bere behaketekin jarraitzea. Azkenik, abenduaren 31n Zach-ek eta urtarrilaren 2an Olbers-ek independenteki behatu zuten Zeres Gauss-en kalkuluek iragartzen zuten posizioan; beraz, objektuaren existentzia baieztatu zuten.
Palas, Junon eta Vesta
aldatuZeres berreskuratu eta hilabete batzuetara, 1802ko martxoaren 28an, Olbersek antzeko ezaugarriak zituen beste objektu bat aurkitu zuen, baina inklinazio eta eszentrikotasun handiagoa zuena. Bi egun geroago ziur zegoen beste planeta baten aurrean zegoela, eta Palas izena eman zion, hondoko izarrekiko mugitzen zela ohartu baitzen. Apirilaren 4an, Zach-ek Olbersen aurkikuntza baieztatu, eta Europako astronomo gehienek berehala onartu zuten albistea zabaldu zuen. Bode-Titiusen legea (oinarri fisikoa ezezaguna izan arren zalantzan jarri ez zena) gorputz baten ordez bi egotearekin ezkontzeko, Olbersek proposatu zuen Zeres eta Palas planeta handiago baten zatiak zirela, barne-indarrek edo talka batek zatikatuak.
Olbersen teoriaren ondorio zuzena izan zen Marteren eta Jupiterren orbiten artean oraindik aurkitzeke zeuden objektu gehiago egon zitezkeela. Horrela, Hardingek, Zeres eta Palasen orbitak gurutzatzen ziren zeruko eskualdearen behaketa etengabeen ondoren, Junon aurkitu zuen 1804ko irailaren 1ean. Egun batzuk geroago, Hofrath Huthek, Boderi bidalitako eskutitz batean zioen ez zela azken aurkikuntza izango, eta, Olbersek uste zuenaren kontra, gorpu horiek gainerako planetekin batera eta era berean sortuak izan zitezkeela.
Ia hiru urte geroago, Olbersek laugarren asteroide bat aurkitu zuen, Vesta, zeruaren eskualde berean eta orain arte distiratsuena izan dena. Izena Gaussek proposatu zuen. Lau aurkikuntza horiek teoria olbersiarra indartu zuten, objektiboki gutxi izan arren. Hala ere, 1812an, Joseph-Louis Lagrangek zalantzan jartzen zuen esanez, apartekoa baina gertagaitza zela.
Milaka asteroide
aldatuLehen aurkikuntzen ostean, berrogei urte inguru igaro ziren Karl Ludwig Henckek bosgarrena aurkitu zuen arte, bost bosturteko bilaketaren ostean. Denbora-tarte luze hori, hiru arrazoi nagusiren bidez azal daiteke. Lehenik eta behin, astronomo gehienek, Olbersen teoriak eraginda, lehen gorputzak aurkitu ziren espazioko eskualde berean egin zituzten bilaketak. Bigarrenik, planeta berrien bilaketa sistematikoa ez zen lehentasun astronomikotzat hartu, lehen gorputzak nahi gabe aurkitu baitziren. Azkenik, izarren kokapena argi eta garbi erakusten zuen zeruko karta onik ezak, astronomoak adoregabetu zituen, ez baitzekiten ziur beste planeta edo izar baten aurrean ote ziren.
Gero eta karta zerutiar gehiagotara iristearekin, astronomoek baliabide egokiak izan zituzten lanari behar besteko bermez ekiteko. Horrela, 1857an, berrogeita hamar ziren aurkituak, eta ehungarrena 1868an katalogatu zen. 1891ko abenduaren 22an, Maximilian Franz Wolfek Brucia aurkitu zuen astrofotografiaren (asteroideen nominaren handitzea azkartu zuen teknika) bidez.
Asteroideen kopuruak gora egiten zuen, eta astronomoek haien jatorria zalantzan jartzen zuten. François Arago ohartu zen orbitak ez zirela elkarren artean ebakitzen espazioko eskualde berean, eta horrek zalantzan jartzen zuen Olbersen teoria, nahiz eta onartu orbitak gurutzatzeak nolabaiteko erlazioa iradokitzen zuela. Geroago, 1867an, Daniel Kirkwoodek postulatu zuen asteroideak Jupiterren grabitatearen eraginaren ondorioz planeta bat osatzera iritsi ez zen materia eraztun batetik sortu zirela. Teoria hori nagusi bihurtu zen astronomia-zirkuluetan. Kirkwoodek berak aurkitu zuen ez zegoela asteroiderik Jupiterrekin translazio aldia zenbaki oso sinpleen erlazioa zutenak, eta, beraz, hutsuneak sortzen zirela asteroideen banaketan. 1918an, Kiyotsugu Hirayamak antzekotasunak aurkitu zituen zenbait asteroideren parametro orbitaletan, eta jatorri komuna zutela ondorioztatu zuen, ziurrenik talka katastrofikoen ondoren, eta, talde horiei, asteroide-familia deitu zien.
XX. mendeko esku-metodoak eta txosten modernoak
aldatu1998ra arte, asteroideak lau pausoko prozesu baten bidez aurkitzen ziren. Lehenik eta behin, zeruko eskualde baten argazkia egiten zen eremu zabaleko teleskopio edo astrografo batekin. Argazki pareak ateratzen ziren, normalean ordubeteko aldearekin. Zenbait pare har zitezkeen ondoz ondoko egunetan. Bigarrenik, eskualde bereko bi pelikula edo plakak estereoskopio batean behatzen ziren. Pelikula pareen artean, Eguzkiaren inguruko orbitan zegoen edozein gorputz mugitu egingo zen apur bat. Estereoskopioan, gorputzaren irudiak izarren hondoan flotatzen zuela zirudien. Hirugarrenik, mugitzen ari zen gorputz bat identifikatu ondoren, haren kokapena zehaztasunez neurtzen zen mikroskopio digitalizatzaile bat erabiliz. Kokapena izar ezagunen kokapenekiko neurtzen zen[28].
Lehen hiru urrats horiek ez zuten asteroide baten aurkikuntza baieztatzen: behatzaileak agerpen bat baino ez zuen aurkitu; hark behin-behineko izendapen bat jasotzen zuen: aurkikuntzaren urtea, aurkikuntzaren hamabostaldia irudikatzen duen letra eta, azkenik, aurkikuntzaren zenbaki sekuentziala adierazten zuen letra eta zenbakia (adibidez: 1998 FJ74).
1947az geroztik, aurkikuntzaren azken urratsa zen kokalekuak eta behaketen ordua bidaltzea Planeta Txikien Zentrora; han, programa informatikoek zehazten zuten ea agerpen bat aurreko agerpenekin elkartzen zen orbita bakarrean. Hala bazen, objektuak katalogoko zenbaki bat jasotzen zuen, eta orbita kalkulatu batekin egindako lehen agerpenaren behatzailea aurkitzailetzat jotzen zen, eta Nazioarteko Astronomia Elkartearen onespenaren mende zegoen objektua izendatzeko ohorea ematen zitzaion.
Informatizatutako metodoak
aldatuGero eta interes handiagoa dago Lurrarekin gurutzatzen diren orbitak dituzten asteroideak identifikatzeko eta denborarekin, Lurrarekin talka egin lezaketenak (ikus Lurra gurutzatzen duten asteroideak). Lurretik gertu dauden hiru asteroide talde garrantzitsuenak dira: Apolo asteroideak, Amor asteroideak eta Aton asteroideak. Jada 1960ko hamarkadan, asteroideak arintzeko hainbat estrategia proposatu dira.
433 Eros Lurretik gertu zegoen asteroidea 1898an aurkitu zuten, eta 1930eko hamarkadak antzeko objektuen arrastoak ekarri zituen. Aurkikuntzaren ordenari dagokionez, hauek izan ziren: 1221 Amor, 1862 Apollo, 2101 Adonis eta, azkenik, 69230 Hermes, 1937an Lurretik 0.005 aura hurbildu zena. Astronomoak Lurrarekin talka egiteko aukerez jabetzen hasi ziren.
Ondorengo bi hamarkadatako gertakariek alarma areagotu zuten: Alvarezen hipotesia gero eta gehiago onartu zen, hots, inpaktu astronomiko batek Kretaziko-Paleogenoaren Iraungipen masiboa eragin zuela, eta, 1994an, Shoemaker-Levy 9 kometa Jupiterren aurka talka egiten ikusi zen. AEBko Armadak informazioa desklasifikatu zuen leherketa nuklearrak detektatzeko eraikitako bere satelite militarrek ere metro bat eta hamar metro bitarteko diametroko objektuen arteko ehunka talka detektatu zituztelako goiko atmosferan.
Hori guztia dela eta, azterketa-kanpaina oso eraginkorrak jarri ziren martxan: karga akoplatuko gailuak (CCD) dituzten kamerak eta teleskopioetara zuzenean konektatutako ordenagailuak. 2011n, Lurretik gertu dauden kilometro bateko edo handiagoko diametroa duten asteroideen % 89 eta % 96 artean aurkitu zirela kalkulatu zen[29]. Hona hemen sistema horiek erabiltzen dituzten ekipoen zerrenda bat[30][31]:
- Lincoln Near-Earth Asteroid Research (LINEAR)
- Near Earth Asteroid Tracking (NEAT)
- Spacewatch
- Lowell Observatory Near-Earth-Object Search (LONEOS)
- Catalina Sky Survey (CSS)
- Pan-STARRS
- NEOWISE
- Asteroid Terrestrial-impact Last Alert System (ATLAS)
- Campo Imperatore Near-Earth Object Survey (CINEOS)
- Japanese Spaceguard Association
- Asiago-DLR Asteroid Survey (ADAS)
2018ko urriaren 29an, LINEAR sistemak soilik aurkitu zituen 147.132 asteroide[32]. Kanpaina guztien artean, Lurretik gertu dauden 19.266 asteroide aurkitu dituzte[33], kilometro batetik gorako diametroa duten ia 900 asteroide barne[34].
Aurkikuntzaren kronologia laburtua
- 10 asteroide 1849an
- (1) Zeres (1801)
- (2) Palas (1802)
- (3) Juno (1804)
- (4) Vesta (1807)
- (5) Astrea (1845)
- 1846an Neptuno planeta aurkitu zen[35]
- (6) Hebe (1847ko uztaila)
- (7) Iris (1847ko abuztua)
- (8) Flora (1847ko urria)
- (9) Metis (1848ko apirilaren 25ean)
- (10) Higia (1849ko apirilaren 12an) aurkitutako hamargarren asteroidea
Jatorria
aldatuBakuntasuna zen asteroideen jatorria azaltzeko lehen hipotesiaren abantaila, zeren Titius-Boderen legearen arabera planeta bat egon behar zuen lekuan kokatzen baitziren asteroideak, eta, hortaz, bidezkoa zen pentsatzea benetako planeta baten leherketaren ondoriozko zatiak zirela asteroideak. Dena dela, gaur egun bazterturik dago hipotesi hori, asteroideen masa, guztira, planeta batena baino askozaz txikiagoa delako eta ez delako ezagutzen prozesurik hain lehertze itzela eragiteko behar adina energia sor dezakeenik, besteak beste.
Gaur egungo hipotesiak kontrako bidetik jotzen dute, planetak planetesimal izeneko gauzaki txikien metatzearen (hots, atxikimenduaren) ondorio direla baita uste nagusia. Asteroideak, aldiz, atxikimendu prozesu hori eten izanaren ondorioz sortuko ziren. Hipotesi hori onartzeko, azaldu beharra dago zerk galarazi zuen planeta bat sortzeko bidea asteroideek hartzen duten bitarte horretan.
Safronov-en hipotesia aipatu behar da ildo honetan. Astrofisiko horrek 1970ko hamarraldiaren lehen urteetan iradoki zuenez, erabakigarria izan zen Jupiter planeta erraldoia osatu behar zuten planetesimalek Eguzki sistemaren eratzearen lehen uneetan izan zuten jokaera. Izan ere, asteroide eraztun bihurtuko zen nebulosa alderdia planetesimalez betea zegoen; Jupiterri zegokion alderdia ere bai. Planetesimal horietatik gehienak Jupiter osatzeko bilduko ziren, baina batzuen orbita luzatu egingo zen, halako eran non Jupiter izango zen ingurua utzirik eraztuna izango zen aldea gurutzatuko baitzuten. Planetesimal horiek, birlen jokoan bezala, asteroideen eraztuneko planetesimal batzuk kanpora bidaliko zituzten, eta beste batzuen lastertasuna areagotuko zuten. Hortaz, atxikimendu prozesua zatitze prozesu bilakatuko zen elkarrekiko talka ugarien ondorioz.
Sailkapena
aldatuAsteroideek ispilaturiko argiaren analisiari esker ezagutzen dugu haien gainaldeko gai bakunen ugaritasun erlatiboa.
Horrela, zazpi asteroide talde berezi daitezke, baina, laburbilduz, hirutara bil daitezke.
C izeneko taldeak karbonoa nagusi den asteroideak hartzen ditu, eta guztien hiru laurdenak biltzen ditu. S taldekoek silikatoak (olibinoa eta piroxenoak batez ere) dituzte gai nagusitzat. Azkenik, M taldeak asteroide metalikoak hartzen ditu, burdinaz eta nikelez osaturikoak eta silikato aztarnarik ez bide dutenak.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez) «Podcasts» Scientific American (Noiz kontsultatua: 2024-09-11).
- ↑ (Ingelesez)
- author.fullName}. «Comet samples are surprisingly asteroid-like» New Scientist (Noiz kontsultatua: 2024-09-11).
- ↑ (Ingelesez) «Asteroids - NASA Science» science.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2024-09-11).
- ↑ «Zer kontatuko dute NASAk Bennu asteroidetik ekarritako harri hautsek?» Berria 2023-09-25 (Noiz kontsultatua: 2024-09-11).
- ↑ «Asteroide bat tirokatzea lortu dute» www.berria.eus 2022-09-30 (Noiz kontsultatua: 2024-09-11).
- ↑ Euskaltzaindiaren Hiztegia, asteroide, Euskaltzaindia
- ↑ Herschel, William. (1802). «Observations on the Two Lately Discovered Celestial Bodies» Philosophical Transactions of the Royal Society of London 92: 213–232. ISSN 0261-0523. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ (Ingelesez) Beatty, Kelly. (2013). Why Do We Call Them “Asteroids”?. F+W Media, Inc.
- ↑ «DISCOVERY OF THE ORIGIN OF THE WORD asteroid and the Related Terms asteroidal, planetoid, planetkin, planetule, and cometoid» web.archive.org 2015-09-23 (Noiz kontsultatua: 2025-01-18).
- ↑ Beech, M.; Steel, D.. (September 1995). «On the definition of the term meteoroid» Quarterly Journal of the Royal Astronomical Society 36 (3): 281–284. Bibcode: 1995QJRAS..36..281B..
- ↑ Czechowski, L.. (2006). «Planetology and classification of the solar system bodies» Adv. Space Res. 38 (9): 2054–2059. doi: . Bibcode: 2006AdSpR..38.2054C..
- ↑ Rubin, Alan E.; Grossman, Jeffrey N.. (January 2010). «Meteorite and meteoroid: New comprehensive definitions» Meteoritics and Planetary Science 45 (1): 114–122. doi: . Bibcode: 2010M&PS...45..114R..
- ↑ 2011 CQ1. NASA.
- ↑ The final IAU resolution on the definition of "planet" ready for voting. International Astronomical Union 2006-08-24.
- ↑ (Ingelesez) Chaisson, E.J.. Solar System modeling. Harvard University.
- ↑ Meaning of Planetule. .
- ↑ Weissman, Paul R.; Bottke, William F. Jr.; Levinson, Harold F.. (2002). Evolution of Comets into Asteroids. Southwest Research Institute.
- ↑ Eglinton, D.; Eglinton, A.C.. (1932-06-16). «The Asteroids» The Queenslander.
- ↑ a b Are Kuiper Belt objects asteroids?. Cornell University.
- ↑ Short, Nicholas M., Sr.. Asteroids and Comets. NASA.
- ↑ «Comet dust seems more ‘asteroidy’» Scientific American 2008-01-25.
- ↑ «Comet samples are surprisingly asteroid-like» New Scientist 2008-01-24.
- ↑ Asteroids. Jet Propulsion Laboratory.
- ↑ Pluto. International Astrophysical Union.
- ↑ The glowing halo of a zombie star. European Southern Observatory.
- ↑ «MPC Archive Statistics» www.minorplanetcenter.org (Noiz kontsultatua: 2025-01-18).
- ↑ «When did the asteroids become minor planets?» web.archive.org 2007-09-21 (Noiz kontsultatua: 2025-01-18).
- ↑ Chapman, Mary G.. (17 May 1992). Carolyn Shoemaker, planetary astronomer and most successful 'comet hunter' to date. USGS.
- ↑ Discovery Statistics. .
- ↑ Yeomans, Don. NASA.
- ↑ Statistics by Survey (all). NASA 2018-12-27.
- ↑ Minor Planet Discover Sites. International Astronomical Union.
- ↑ Unusual Minor Planets. International Astronomical Union.
- ↑ Cumulative Totals. NASA 2018-12-20.
- ↑ (Ingelesez) Discovery of Neptune. 2016-09-23.
- ↑ Tichá, Jana; Marsden, Brian G.; Bowell, Edward L.G.; Williams, Iwan P.; Marsden, Brian G.; Green, Daniel W.E.; Aksnes, Kaare; Schulz, Rita M. et al.. (2009). «Division III / Working Group Committee on Small Bodies Nomenclature» Proceedings of the International Astronomical Union 4 (T27A): 187–189. doi: . ISSN 1743-9213. Bibcode: 2009IAUTA..27..187T..
- ↑ Latest Published Data. International Astronomical Union.
Oharrak
aldatu- ↑ Itzulpena: «Herscheli ez zitzaion egokia iruditu planeta edo kometa deitzea, baizik eta asteroide, izarren klase bat, grezieran aditutako nire semeak asmatutako izena».
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Bibliografia
aldatu- (Ingelesez) Foderà Serio, G.; Manara, A.; Sicoli, P.. (2002). «Giuseppe Piazzi and the Discovery of Ceres» Asteroids III. (1.. argitaraldia) The University of Arizona Press, 17-24 or. ISBN 978-0-8165-2281-1..
- (Ingelesez) Hoskin, Michael. Bode's Law and the Discovery of Ceres. .
- (Italieraz) Europeana, ed. Corrispondenza astronomica fra Giuseppe Piazzi e Barnaba Oriani. .
- (Alemanez) Zach, Franz Xaver von. Monatliche Correspondenz zur Beförderung der Erd- und Himmelskunde. . |2=http://dispatch.opac.d-nb.de/DB=1.1/CMD?ACT=SRCHA&IKT=8506&TRM=520048-9 |bot=InternetArchiveBot }}