Ireki menu nagusia

Luis XIV.a Borboikoa

Frantzia eta Nafarroako erregea
Louis XIV.a Frantziakoa» orritik birbideratua)

Luis XIV.a, frantsesez: Louis XIV eta bataiatzean Louis-Dieudonné (Saint-Germain-en-Laye, Frantzia, 1638ko irailaren 5aVersailles, Frantzia, 1715eko irailaren 1a), Frantziako eta Nafarroako erregea izan zen. Luis XIII.aren semea eta ondorengoa izan zen. Luis Handia (frantsesez: Louis le Grand, batzuetan Le Grand Monarque) izenez ere ezagun zen, baita Eguzki Erregea (frantsesez Le Roi Soleil) izenez ere. Izan ere, planetak Eguzkiaren inguruan biratzen diren bezala, Frantziak eta gorteak ere erregearen inguruan biratu beharko lukete. Ondorioz, Apolo Heliosekin, Eguzkiaren jainko erromatar-greziarrarekin, lotu izan zaio. Arteen sustatzaile gisa ere lotura hori egokia zen, Louis Apolo Musagetes, Musen burua alegia, baitzen.

Luis XIV.a Borboikoa
Louis XIV.jpg
Frantziako erregea

1643ko maiatzaren 14a - 1715eko irailaren 1a
Luis XIII.a Frantziakoa - Luis XV.a Borboikoa
Bizitza
Jaiotza Château de Saint-Germain-en-Laye Itzuli1638ko irailaren 5a
Herrialdea  Frantziako Erresuma
Lehen hizkuntza frantsesa
Heriotza Versaillesko jauregia1715eko irailaren 1a (76 urte)
Hobiratze lekua Saint-Denisko basilika
Heriotza modua berezko heriotza: Gangrena gaseosoa
Familia
Aita Luis XIII.a Frantziakoa
Ama Ana Austriakoa
Ezkontidea(k) Maria Teresa Austriakoa  (1660ko ekainaren 9a -  1683ko uztailaren 30a)
Françoise de Maintenon  (1683ko urriaren 10a -  1715eko irailaren 1a)
Bikotea(k) Louise de La Vallière Itzuli
Françoise-Athénaïs, marquise de Montespan Itzuli
Claude de Vin des Œillets Itzuli
Seme-alabak
Anai-arrebak
Leinua Q3642350 Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzak frantsesa
Jarduerak
Jarduerak politikaria, arte bildumagilea, aktorea eta monarka
Jasotako sariak
Kidetza New Monarchs Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa katolizismoa
IMDb ch0499690
Louis XIV Signature.svg

BizitzaAldatu

Tronura bosgarren urtebetetzea baino 5 hilabete lehenago iritsi zen, aita hil zitzaionean, eta Ana Austriakoa ama izan zuen erregeorde, Mazarin kardinalaren laguntzaz. Gobernuaren benetako kontrola Mazarin kardinalaren heriotza arte ez zuen eskuratu, 1661ean. Heriotza arte izan zen errege, 77 urte betetzear zegoela. Honela, bere agintaldia 72 urtetan, 3 hilabetetan eta 8 egunetan zehar hedatu zen, orain arte dokumentatutako Europako erregealdirik luzeena.

Hasierako urteetan haietan Frondako istiluei aurre egin behar izan zieten. Absolutismoaren ideologian eta Paris hiriaren beldurrez hazi zuen amak, eta Mazarinek estatu gaiak irakatsi zizkion. Westfaliako hitzarmenak (1648an, Alsazia Frantziako erresumaren barnean geratu zen) eta Pirinioetako bakeak (1659, Faisaien uhartea) eragin handia izan zuten Luis XIV.aren kanpo politikan. Pirinioetako bakeak zuzeneko ondorioak izan zituen Espainiako eta Frantziako erresumetan: Pirinioetako muga neurri handi batean zehaztu ondoren, Luis XIV.ak (Mazarinen bitartez) Nafarroa Garaiari uko egin zion eta, Rosselló Frantziako erresumaren barnean geratzen zela, Hego Katalunia ere Espainiako lurraldetzat onartu zuen. Horrez gainera, Luis XIV.a Maria Teresa Espainiako printzesarekin ezkonduko zen. Horren guztiaren truke, Espainiako koroak Europan gutiziatzen zituen lurralde guztiei uko egin behar zien.

 
Luis XIV.a
Frantziako eta Nafarroako errege
Charles Le Brun margolariarena (1666)

1660. urtean Maria Teresarekin ezkondu zen Donibane Lohizunen (Hondarribian egin zen ezkontza horretako lehen meza). Mazarin hildakoan (1661), Luis XIV.ak Nicolas Fouquet finantza arduraduna preso hartu zuen. Modu horretan erakutsi nahi izan zuen Frantziako nagusi zein zen. Handik aurrera bere esku hartu zituen ahal guztiak, ministroak haren aginduen eragile soil bihurtu ziren eta estatu arazoetatik bazter utzi zituen familia eta amoranteak. Frondako matxinada ez baitzuen ahazten, eginkizun militarrez beste zeregin berezirik gabe utzi zituen nobleak, eta parlamentuei ahalak kendu zizkien.

1672an Versaillesen hartu zuen bizilekua eta handik bideratu zuen bere politika, administrazio zentralizatuan, poliziaren kontrolean eta, kanpo aldean, konkista militarretan oinarritua.

Erregealdian, Frantziako boterea eta influentzia Europan areagotu zuen. 1667an Herbehereetako konkista hasi zuen, Filipe IV.a Espainiakoa hil ondoren Maria Teresa emazteari zegokiola eta, baina Holandak, Ingalaterrak eta Suediak osatutako aliantza hirukoitzak bidea eragotzi zion (1668, Akisgrango hitzarmena). 1672an Holandaren aurkako gerra hasi zuen eta, Ingalaterrarekin hitzartu eta Suediaren eta alemaniar printzerriak neutral izatea lortu ondoren, jaun eta jabe geratu zen Nimegako bakearen ondoren (1678-1679, Herbehereek bereari eutsi zioten eta Espainiak betikoz utzi behar izan zion Franche-Comté Frantziako koroari).

Bestalde, luze jo zuen (1673-1693) Luis XIV.aren, Frantziako apezpiku gehienak lagun zituela, eta aita santuen arteko auzi batek, erregalien auziak (Affaire de la Régale). Erregeek hutsik zeuden apezpikutegietako hobariak jaso ahal izateko zuten eskubidea zen erregalia (XII. mendea baino lehenagokoa) eta aspaldian horrelakorik baliatzen ez zen arren, Luis XIV.ak indarrean ezarri zuen, Bossuet teologoa lagun zuela.

1685ean, protestanteen eskubideak babesten zituen Nantesko ediktua balio gabe utzi zuen eta Frantziako protestante askok Prusiara eta Herbehereetara alde egin zuten. 1688an Ingalaterrak, Espainiak, alemaniar printzerri batzuek, Holandak eta Suediak Augsburgoko liga osatu zuten Luis XIV.aren aurka eta, Bederatzi Urteko Gerraren ondoren, 1697an Luis XIV.ak hitzarmen bat sinatu behar izan zuen: Rijswijkeko bakea. Espainiako Ondorengotzaren Gerrak (1701-1713) guztiz ahitu zituen Frantziako finantzabideak, Frantziako koroak Utrechteko (1713-1715) eta Rastadteko (1714) hitzarmenetan ezer galdu ez zuen arren.

Frantziako eszenatoki politiko eta militarra izen nabarmenez bete zuen: Mazarin, Fouquet, Colbert, Michel Le Tellier, Louvois, Le Grand Condé, Turenne, Vauban, Villars edo Tourville. Nagusitasun politiko horretaz gain, garai honetan Frantziak kulturaren urrezko aroa ere jo zuen, Molière, Racine, Boileau, La Fontaine, Lully, Le Brun, Rigaud, Louis Le Vau, Jules Hardouin Mansart, Claude Perrault edo Le Nôtre gisako figurekin.

Estatu zentralizatua hiriburutik gobernatua lortzeko arrakastaz lan egin zuen Luis XIV.ak, artean Frantzian bizirik zegoen feudalismo zatikatua erauzteko, eta, honela, estatu modernoa sortzeko. Ahalegin horien ondorioz, Luis XIV.a errege absolutuaren eredua bilakatu zen. "Estatua neu naiz" (L'État, c'est moi) aipua egozten zaio.

Politikatik kanpora, Luis XIV.aren garaian biziki indartu zen Frantzian artea eta literatura. Erregearen gustuaren araberako klasizismoa nagusitu zen, Europan barrokoa gailen ageri zen garai hartan, eta literatura moldeak arau klasiko estu batzuei lotu ziren, Europako besteetan ez bezala.

Barne politikaAldatu

Gobernua eta administrazioaAldatu

Luis XIV.ak berak gobernatzen bazuen ere, zenbait laguntzaile nahitaezkoak zituenez, burgesen artean hautatu zituen. Laguntzaileen leialtasuna ziurtatzeko berriz, noblezia tituluak, ohoreak eta ondasunak eman zizkien. Hona zeintzuk ziren gobernu erakunde nagusiak:

  • Errege Kontseilua
  • Goi Kontseilua (benetako gobernu kontseilua)
  • Despatxu Kontseilua –estatu idazkariez osatua zegoen eta bertan irakurtzen ziren probintzietatik igorritako despatxuak eta baita erantzunak prestatu ere–
  • Ogasunerako Errege Kontseilua, finantza arazoez arduratzen zena
  • Estatu Kontseilua.

Azkeneko hau, kantzelaria buru zuen batzar bat izaten zen, ministroz, estatu idazkariz eta magistratu profesionalez osatua. Estatu Kontseiluak ondoren aipatzen diren eskumenak zituen: administrazio arlokoak –batik-bat zenbait finantza arazo–; legegintza arlokoak –Kontseiluaren dekretuak, ediktuak eta ordenantzak egiten zituen–; eta batez ere, justiziaren arlokoak.

Ekonomia politikaAldatu

1661ean, Jean-Baptiste Colbert Ogasuneko intendente izendatu zuen Luis XIV.ak. Erresuma guztiko administrazioaz arduratu zen, atzerriko eta militar arazoez salbu. Postu hartatik, ondasun askoren jabe egin izanaz gainera, bere ahaideak jarri zituen Estatuko eta Elizako posturik erabakigarrienetan, eta ezkontzen bidez, Frantziako goi nobleziarekin ahaidetzea lortu zuen. Colbertek estatuan lortu zuen postua, bere familiak mendetan zehar garatutako estrategiaren emaitza zen, edozein egoeratara egokitzeko prest baitzeuden familiaren ongizatea eta hedakuntza lortzeko. Lehen urteetan, 1660tik 1672ra, Colbertek lortu zuen Ogasuna antolatzea eta aurrekontu orekatuak ziurtatzea. Horretarako, kontuak zorrotz eramateaz eta karguak gutxitzeaz gainera, arrazoizko zergak ezarri zituen. Estatuaren kargak arintzeko, Richelieu eta Mazarinoren garaian estatuari egindako maileguen interesak murriztu, eta zenbait kasutan, ezabatu ere egin zituen.

 
Versaillesko jauregiaren ikuspegi partzial bat, lorategitik lortua.

Holandako gerrarekin etorri ziren finantza arazoak eta bere hartan jarraituko zuten aurrerantzean. Hiru ziren, batez ere, gastuen gorakadaren arrazoiak: erregeak Europan zuen politika erasokorra, Versaillesko jauregiaren eraikuntza, eta Gorteko gastuak. Hala, aurrekontuetako defizita arau bihurtu zen. Egoera horri aurre egiteko, Colbertek zergak igotzea erabaki zuen, bai zerga arruntak eta bai apartekoak, nola ziren, karguen salmentak, partikularren arteko maileguak, erregearen ondarearen zenbait besterentze, eta monopolio berriak: tabakoa eta paper tinbratua, adibidez.

Eskulangintza produkzioa hobetzeko eta gehitzeko, Colbertek arautu eta babestu egin zuen sektore hori. Zenbait eskulangintza pribilegiodun ere sortu ziren, batez ere esportaziorako lan egiten zutenak. Frantziako manufakturen babesa berriz, 1667an gauzatu zen, urte hartan aduana tarifa berri bat sortu baitzen Frantzian sartzen ziren atzerriko produktuak zamatzen zituena. Produktu horiek Ingalaterratik eta Holandatik zetozen gehienak eta neurriaren ondorioa, praktikan, atzerriko manufakturak debekatzea izan zen.

Handik gutxira, Nimegako itunaren ondoren, aduana tarifak bertan behera uzi beharra izan zen. Itun harekin amaitu zen Frantziaren eta Holandaren arteko gerra. Ogasun publikoak Frantziako ekonomiari eusteko zituen zailtasunak alde batera utzita, beste arrazoi asko zeuden 1672tik aurrera colbertismoak lur jotzeko. Lehenik, erresuma barruko aurkakotasuna; bigarren, atzerriko lehiakideen indarra: Ingalaterrak eta Holandak manufaktura hobeak eta merkeagoak ekoizteaz gainera, banku eta ontzidi indartsuak zituzten; eta hirugarren, Europa osoa jasaten ari zen ekonomia eta demografia beheraldia.

Kanpo politikaAldatu

 
Europa Westfaliako bakearen ondoren, 1648

Luis XIV.aren kanpo politikaren jomuga Frantziako erregearen aginpidea eta aintza munduari erakustea zen. Europako gainerako potentziekiko gatazkak etengabeak izan ziren: 1667an Itzulpenerako gerra izenekoa izan zuen Espainiaren aurka, eta Flandriako zenbait plaza beretu zituen Frantziak; hurrengo urtean (1672 ?) Holandaren aurkako gerra hasi zen, 1675 (1678 ?) arte luzatuko zena; 1684an Regensburgeko su etena sinatu zen, zeinaren indarrez, Espainiak hogei urtetarako uzten baitzizkion Frantziari Luxenburgoko gotorlekua eta Herbehereetako zenbait herri. Tregoa hark markatu zuen Frantziaren hedakuntzaren goren puntua; 1693tik (1688 ?) 1697ra Bederatzi Urteko edo Augsburgoko Ligaren gerra izan zen.

1685. urtean Code Noir izeneko dekretuan Frantziar Inperio Kolonialaren esklabotza baldintzak zehaztu zituen.[1].

Ryswickeko bakearekin (1697) jarri zitzaion lehen balazta Luis XIV.aren konkista politikari.

Europaren aurkakotasunak eta Frantzia beraren nekeak eraginda, orduantxe amaitu zen Frantziaren nagusitasuna. Aurrerantzean, beste bi potentziak hartu zuten protagonismoa, Ingalaterrak eta Austriak; eta azkenik, 1702tik 1713ra, Espainiako Erregetzarako gerra gertatu zen.

Holandaren aurkako gerraAldatu

1668an (1672 ?) hasita, Frantzia Holandaren aurka borrokatu zen. Bi elementu biltzen ziren gerra hartan: Luis XIV.aren mendeku gosea, Probintzia Batuek aurreko gerran Ingalaterrari eta Espainiari lagundu ziotelako, eta Holandari Europako nagusitasun ekonomikoa kentzeko asmoa.

1675an hasi ziren elkarrizketak Nimegan, bakea lortzeko xedearekin. Frantziaren eta Probintzia Batuen artean zenbait itun egin ondoren, azkenean izenpetu zuten bakea. Holandak, lurralderik ez galtzeaz gainera, bere produktuak Frantzian sartzea eragozten zuten 1667ko aduana tarifak indargabetzea lortu zuen. Espainiak ordaindu behar izan zituen gerrako gastuak eta Franche-Comté, Artois, Cambrésis eta Flandriaren zati bat entregatu behar izan zituen. Orduan finkatu eta berretsi ziren Frantziaren ipar eta ekialdeko mugak, Mediterraneoan zuen nagusitasuna, Espainiako ontzidiaren gainbehera eta Frantziaren arbitro papera Europan.

Espainiako Erregetzarako gerraAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Espainiako Ondorengotza Gerra»

1702an hil zen Espainiako Karlos II.a erregea, ondorengorik utzi gabe. Horrekin batera, Espainiako erregetzarako borroka lehertu zen Europan. Frantzia eta Austriaren artean sortu zen gatazka. Luis XIV.ak bere biloba Filiperentzat nahi zuen Espainiako tronua, eta Leopoldo I.a Austriako enperadoreak, berriz, bere seme Karlos artxidukea nahi zuen Espainiako erregetzan.

Karlos II.aren testamentuak Filipe Anjoukoa, Luis XIV.aren biloba, izendatzen zuen bere oinordeko, baina Espainiako koroa zatitzea debekatzen zuen. Luis XIV.a Europako potentziekin hitz hartuta zegoen, Filipek Espainiako tronuan esertzea lortzen bazuen, uko egingo ziela Espainiako zenbait lurralderi. Baina testamentua onartzeak hitzarmena haustea esan nahi zuen.

Europako estatu gehienek onartu zuten Anjouko Filipe Espainiako errege izatea, Filipe V.a izenarekin, baina Austriako enperadorea ez zegoen konforme. Eta hala piztu zen gerra. 1713-1714an izenpetu zen Utrechteko bakea. Haren indarrez, Filipe V.ari aitortzen zitzaion Espainiako errege izateko eskubidea, baina, ordainetan, Austriari entregatu beharra zeuzkan Herbehereak eta Italiako jabetzak, eta Ingalaterrari merkataritza abantaila handiak eman behar izan zizkion Espainiaren agintepeko Ameriketan.

Hurrengo urtean (1715ean) hil zen Luis XIV.a. Eguzki Erregearen heriotzako orduan, Frantziak bere mugak sendotuak zituen, Borboi bat ezarria zuen Espainiako tronuan eta aro distiratsua bizi zuen zientzien eta arteen arloetan: sekulako ospea zuten Europan, hala hizkuntzak, nola idazle eta artistek. Baina horrekin batera, hogeita bost urtez etengabe gerran egon izanaren eraginez erabat akituta zegoen Frantzia.

ErreferentziakAldatu

Ikus, gaineraAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Luis XIV.a Borboikoa