Karlistaldi
Karlistaldiak[1][2] edo karlista gerrak[3] —gerra karlista eta karlistada izenez ere ezagunak— Hego Euskal Herrian eta Espainian XIX. mendean gertatutako gerra zibilak izan ziren, eta Euskal Herria izan zuten gune nagusi. Euskal Herrian bi gerra izan ziren, eta hala gorde da bertako herri oroimenean eta historiografian; izan ere, Espainiako historiografian Bigarren Karlistaldia deitzen denak, ez zuen indarrik izan Euskal Herrian: Katalunia erdigune hartu zuen altxamendu bat izan zen, Matinerren Gerra ere deitua. Karlistaldiak Europako historian errege-nahien arteko azken gerrak izan ziren.
1833 eta 1876 artean karlistek — Karlos infantearen (Karlos V.a nahi zuenaren) eta bere oinordekoen jarraitzaileek — zenbait aldiz matxinatu eta balio tradizionalak (legitimismo eta katolizismoa) aldarrikatu zituzten, "Jainkoa, Aberria eta Erregea" lelopean, hasieran liberalismoren eta, gero, errepublikanismoaren aurka.
Azaleko auzia dinastikoa izan arren, Euskal Herrian errege-nahiaren babesa baino, foruen galeraren gaia izan zen tentsioen iturri nagusia eta, hain zuzen, foruak behin betiko galdu ziren azken karlistaldiaren amaieran, 1876an. Bi karlistaldietan, elkarren kontra borrokatu ziren liberalak, alde batetik, Espainiako monarkiaren tropa erregularrak eta Gipuzkoako Aldundiaren zein Bilboko armada inprobisatua, eta karlistak, bestetik, gehienean mendira jo zuten gazte boluntarioak, bitarteko militar eta finantzariorik gabeak.
Testuingurua
aldatuKonbentzioaren Gerratik eta Iberiar Penintsulako Gerran, despotismo ilustratuaren kontrako erreakzio bat gertatu zen Euskal Herrian, ekonomian burdinolak pixkanaka zorpetu eta hondoratu ahala. Hirietako herri klaseak eta mendi eta herri inguruneek sendotu egin zuten beren autonomia, dinamika armatua eta liberalen kontrako haserrea. Orduan euskaraz idatzitako herri bertsoek erakusten dute zabalduta zegoela 1820-1823ko Hirurteko Liberalean aberastasuna eta askatasunak liberalek beren buruarentzat bereganatu zituztelako ideia. Gerrek sortutako nahasmenduan, banda armatuak sortu ziren ia eskualde bakoitzean eta, aldi berean, aldundiek beren talde armatuak eratu zituzten. Komunitate-zentzu handiko euskal gizartean espainiar zentralismoaren kontrako dinamika bat sortu zen.
Hainbat egilek, garai berekoak eta gerokoek, Agosti Xahok adibidez, nazio askapeneko gerratzat hartu izan dituzte Hirurteko Liberalaren ondoren egosten hasi ziren karlistaldiak. Zenbait atzerriko egilek euskaldunen gatazka bat ikusi izan dute haietan, beste batzuek batez ere gatazka sozialtzat hartu izan duten arren. Aldi horretan guztian, baina, Euskal Herriko lurraldeak beren erakunde eta legeak galtzen joan ziren, eta herriak beren autonomia eta eskumenak. 1833ko Espainiaren banaketa administratiboak de facto eta alde bakarrez ezerezten zituen Euskal Herriko jurisdikzioak eta estatus aparteak. Lehen eta Bigarren Karlistaldien amaierako okupazio militarreko aldiak erabakigarriak izan ziren; foruen galera horiek Espainian emandako legeen bidez berretsi ziren: 1839, 1841 eta 1876. urteetan.
Bilakaera
aldatu1833an Fernando VII.a Espainiakoa hil zenean, bere laugarren emaztea zen Maria Kristina Borboikoa erregeorde bilakatu zen, bere alaba Elisabeten izenean. Honek bitan zatitu zituen bere mendekoak, alde batetik cristinoak edo isabelinoak eta bestetik karlistak izanda. Cristinoek erregeorde eta bere gobernua babesten zituzten, karlistek, berriz, Karlos infantea, Fernando VII.aren anaia, erregetzat zuten. Gakoa 1830ean ezarritako lege salikoa indargabetzen zuen Berrespen Pragmatikoaren legezkotasunean zegoen.
Euskal Herrian eragin handia eduki zuten, herritar gehienek Karlos erregegaien alde egin baitzuten. Lehenengo gerraren ondoren, Karlos errege-nahiari lotutako altxamendu bat gertatu zen, Matinerren Gerra (Euskal Herriaz kanpora sarritan Bigarren Karlistaldi ere deitua), Katalunia erdigunetzat hartuta. Euskal Herrian, baina, bigarren gerra handia nabarmendu zen.
Historian izan dira beste gerra eta altxamenduak historialari batzuek karlistaldiekin lotu dituztenak:
- 1860an Ortegada izeneko jazarraldi militarra karlistek antolatuta izan zen eta
- Era berean, Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) hain zen garrantzitsua karlisten parte-hartzea non zenbait adituk Laugarren Karlistaldia izendatu baitute. Karlistek berek sekularismoaren aurkako beste gurutzadatzat jo zuten.
Lehen Karlistaldia
aldatuLehen Karlistaldia 1833 eta 1840 bitartean Espainian izandako gerra zibilari deritzo. Funtsean, tronuaren ondorengotza arazoagatik suertatu zen.
Fernando VII.aren heriotzaren ondoren, haren alaba Isabel II.a izendatu zuten Espainiako erregina, hiru urte besterik ez zituela. Isabel II.aren amak, Maria Kristina Borboikoak, errege hilaren botere absolutuak bereganatu zituen. Akordioa egin zuen liberalekin. Tronua alabarentzat gorde zezaten bermatu nahi zuen, errege hilaren anaia Karlos Maria Isidro erregegaiaren aldekoak hura errege izendatzeko matxinatu zirela ikusirik.
Lehen Karlistada lehen gerra zibila izan zen, eta karlistak eta liberalak borrokatu ziren elkarren kontra:
- Karlistek lurjabe txikien sektore eta kleroaren babesa izan zuten, baita liberalen kontra zeudenena ere. Karlos Maria Isidroren eskutik monarkia absolutista ezartzearen alde, Penintsularen iparraldeko erdialdean zuten nagusitasuna, Euskadin, Nafarroan, Katalunia iparraldean eta Maestrazgon. (Austria, Errusia, Prusia alde)
- Isabeldarrak (foruen aurka): jarraitzaile gehiago hiri inguruetan, burgesen eta nobleen artean. Isabel II.aren oinordekotza eskubideak eta Maria Kristina erreginordearenak defendatu zituzten eta printzipio liberalen eta zentralismoaren alde zeuden. (Portugal, Frantzia, BH)[4]
Hasiera batean liberalen indarra handiagoa zen arren, Tomas Zumalakarregik antolatutako gerrilla gerra arrakastatsuagatik, karlistak euskal lurraldeetan indartsu egin ziren eta liberalei sona handiko porrotak eragin zizkieten. 1835ean, garaipen hauek animatuta, Karlosek Zumalakarregi Bilbo setiatzera behartu zuen (berak nahiago zuen Gasteiz hartu, bertatik Madril erasotzeko), portu garrantzitsu batez jabetu nahi baitzuen[5]. Zumalakarregi setioan bala galdu batez hil zenean, karlistek ezin izan zuten bere trebetasuna berdinduko zuen buruzagi militarrik aurkitu.
Heriotza honen ostean, liberalak pixkanaka-pixkanaka gerran iniziatiba hartzen hasi ziren, baina ezin izan zuten gerrilla karlista menperatu. Gauzak horrela, gerra amaitzeko formulak bilatzen hasi ziren batez ere herrialdeetako handikiak, Baionan bilduta. Hauek Muñagorriren bandera eta leloa ("Bakea eta foruak") bultzatu zituzten[6]. Militarki eraginik izan ez bazuen ere, eragin handia izango zuen gero, 1839an Rafael Maroto eta Baldomero Esparteroren arteko Bergarako besarkadaren testuan. Bertan, militar karlisten graduak mantentzen ziren baina foruak ez ziren erabat berresten, hauek Espainiako legedi, konstituzio eta hiritarren bonbardaketan ezartzen baitziren.
Matinerren Gerra
aldatuMatinerren Gerra (katalanezko matiner hitzak euskaraz «goiztiar» esan nahi du; goizeko lehen orduetan tropak erasotzen zituzten taldeak zirela eta jarri zieten izen hori[7]), Espainian, oro har, Bigarren Karlistalditzat jo izan dena, 1846ean hasi eta 1849an bukatu zen, eta han borrokatu ziren elkarren kontra karlistak eta Elisabet II.aren aldekoak.
Gerra baino areago, kataluniarren matxinada izan zen, beren egoera sozial eta ekonomikoa salatzeko. Galizian oihartzuna ere izan zuen, baina Ramón Narváez lehen ministroak berak kontrolatu zuen matxinada lurralde horretan, eta Fernando Fernández de Córdovak, bertoko kapitain jenerala zena, kataluniarrak menderatu zituen.[8] Ofizialki matxinada 1849ko maiatzaren 14ean amaitu zen, frantziar tropek oinordeko karlista zen Karlos VI.a atxilotzean. Ekainean, amnistia eman zieten karlistei eta erbesteratuak itzuli egin ziren. Euskal Herrian gogo batzuk harrotu bazituen ere, mobilizazio txikia eragin zuen, oihartzun txikikoa eta laburra.
Bigarren Karlistaldia
aldatuBigarren Karlistaldia 1872 eta 1876 Karlos VII.a izengoitiaz karlisten errege-nahia zen Karlos Borboikoaren jarraitzaile eta Amadeo I.a, Espainiako Lehen Errepublika eta Alfontso XII.aren gobernuen arteko guda izan zen[9].
1870eko martxoan karlisten buruzagi politiko eta militarra zen Ramón Cabrerak, bere ustez, "armaz garaipena lortzeko egoera ez zegoela" eta "Espainia gerra zibil berriaz arriskatzea nahi ez zuenez" dimisioa aurkeztu zuen[10][11]. Hala ere Karlos errege-nahiak, erbestean hilabetez matxinada prestatzen ari zela, 1872ko apirilaren 21a Espainiako koroa eskuratzeko zuen eskubidea aldarrikatzeko data izango zela erabaki zuen.
Gerra honen gudaleku nagusia, Lehen Karlistaldian bezala, Hego Euskal Herria izan zen. Aldiz, 1872ko uztailean, errege-nahiak Planta Berriko dekretuen bitartez indargabetutako foruen berrezarpena proposatu zuen (Filipe V.ak XVIII. mende hasieran kendutakoak) eta, hein handi batean, Kataluniara eta, neurri txikiagoan, Valentziara eta Aragoira zabaldu zen matxinada. Andaluzian eta beste hainbat lekutan ere zenbait partidak mendietara joan eta guda baino bandolerismoari ekin zioten inguruko biztanleen artean jarraitzaile gutxi zituztenez gorriak ikusi zituzten ekintzak burutzeko.
1873ko otsailean Espainiako Lehen Errepublika aldarrikatu zutenean, isabelinoak ziren monarkiko asko karlista aldera pasa ziren. Era berean matxinada kantonalistak karlisten lerroak indartu zituen. 1874ko urtarrilean Pavíaren estatu-kolpe eta 1874ko abenduaren 29ko Arsenio Martínez Camposen altxamendua, aldiz, karlistei indarrak kendu zizkieten. 1868an eta Alfontso XII.a Espainiakoaren bitartez, lehenengo Borboi leinua berrezarri zutenean, Espainiako gobernuak Aulki Santuarekin hitzarmena sinatu zuenean eta Ramón Cabrerak "a la Nación" eta "al Partido Carlista" agirien bitartez Alfontso XII.a Espainiakoa onartu zuenean guda amaitu zen[12][13].
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia: Hiztegi Batua.
- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ Ibon Sarasola: Zehazki hiztegia.
- ↑ Espainiako historia 02. Ibaizabal.
- ↑ John Coverdale: "The Basque Phase of Spain's First Carlist War", Princeton, 1984
- ↑ Carlos Canales: "La Primera Guerra Carlista (1833-1840), uniformes, armas y banderas". Madril: Ristre, 2006
- ↑ Ollé Romeu, Josep M. (2007). Matiners Bartzelona: Editorial PPU, S.A. 15. orr.
- ↑ Fernando Fernández de Córdova. "Mis memorias íntimas". Madril, 1886
- ↑ Extramiana, José. (1978-1979). Historia de las guerras carlistas. Donostia.
- ↑ Urcelay Alonso, Javier. (2006). Cabrera. El Tigre del Maestrazgo. Bartzelona: Ariel ISBN 84-344-5205-7..
- ↑ Rodriguez Vives, Conxa. (1989). Ramón Cabrera a l'exili. Montserrateko monasterioa.
- ↑ Caso, José Indalecio. (1875). La Cuestión Cabrera. Madril.
- ↑ Garrabou, Joan. (1989). Gent Nostra. Cabrera. Bartzelona.