Lege salikoa

Lege salikoa (latinez: Lex Salica) V. mendean frankoen erregeek eginiko legeen bilduma da. Jatorrizko bilduma, VI. mende hasieran, Klovis I.ak eginarazi zuen. Izenaren jatorria antzinako franko salioetan du. Frankoen erregeen legediaren oinarri izan zen XII. mendean frankoen erresuma erori arte eta, harekin batera, haien legedia. Legedi horrek jaraunspena, krimenak, kalteak, lapurretak eta abar arautzen zituen eta frankoen erresuma zabalaren batasunaren bereizgarri zen.

Legedi hura desagertu bazen ere, kodearen arlo batzuk hainbat mendez iraun zuten Europan. Horren arabera, emakumezko batek ezingo zuen Frantziako tronua heredatu, ezta bere ondorengo gizonezkoak ere.

Debekua Frantzian 1316an sartu zen, Joanes I.a errege haurra hiltzean, eta interes politikoengatik legea erabili zuten osaba jartzeko tronuan, arrebaren ordez. Horrela, Filipe V.a izan zen Frantziako errege.

Hasierako lege salikoak emakumeari garrantzi handia ematen zion tronuaren jaraunspenean: oinordekoa erregearen arrebaren semea izango zen. Horrela, lege salikoaren logikan, erregearen emaztearen semea erregearen seme ote zen ez zegoen garbi; bai, ordea, erregearen arrebaren semea.

Lege salikoa FrantzianAldatu

Mendebaldeko frankoek ez zuten erabili 987ra arte, Hugues Capet igo zenean tronura. 1316an sortu zen arazoa, Luis X.a hil zenean alaba bakarra utzirik. Hori gutxi balitz, haren aita ote zen ezbaian zegoen, lehen emaztea kartzelan baitzegoen, adulterio salaketapean eta bigarren emaztea haurdun zegoen. Mutila jaioz gero, bera izango zen errege, baina neska balitz, ez zegoen garbi zer gertatuko zen. Orduan, Filipe Poitiersekoak, Luisen anaia gazteak, lege hori sustatu zuen, emakumeak Frantziako tronura sekula ez iristeko xedeaz. Erregina alargunak semea izan zuen azkenean eta Frantziako errege egin zuten berehala, baina Joanes I.a jaio eta handik bost egunera hil zen eta, aprobatu berri zen legearen arabera, haren osaba Filipe izan zen errege.

1322an, Filipe V.aren lau alabak baztertu zituzten, haien anaia Karlos IV.aren mesedetan.

1328an, azken monarka kapetoak ere alaba bakarra utzi zuen eta emaztea haurdun. Erregea hil eta gero jaio zena emakumea izan zenez, tronua erregearen lehengusua Filipe Valoisekoak hartu zuen.

Frantziako Estatu Nagusiek egin zioten azken aldaketa: emakumeek ez zuten sekula gobernatuko, ezta oinordekoei jaraunspena egingo ere, Filipe Valoisekoa Filipe VI.a Frantziakoa eginez. Aldaketek Ehun Urteko Gerra eragin zuen, Eduardo III.a Ingalaterrakoa ez baitzegoen ados eta tronurako eskubidea aldarrikatu baitzuen, Isabelen seme zelako, azken hiru erregeen iloba, hots, Luis X.arena, Filipe V.arena eta Karlos IV.arena.

Frantzian, lege salikoak Frantziako Iraultza arte iraun zuen, eta Berrezarkuntza garaian ere aplikatu zuten.

Lege salikoa EspainianAldatu

Espainian, Filipe V.a igo zen tronura, Espainiako Ondorengotzaren Gerra irabazi ondoren eta lege salikoa jarri zuen indarrean 1713an. Lege berriaren arabera, lerro nagusian —seme-alabak— edo albokoan —senide, iloba— ondorengo gizonezkorik ez bazegoen soilik igo zitezkeen emakumeak tronura.

Karlos IV.a Espainiakoak 1789an legea deuseztatu eta Alfontso X.aren garaiko Partidetako arauak ezarri zituen. Hala ere, ez zen indarrean jarri, haren seme Fernando VII.a Espainiakoak 1830ean aldarrikatu zuen arte, karlistada eraginez.

Hungariako lege salikoaAldatu

Hungarian ez zen legearen beharrik izango 1301era arte, Andres III.a Hungariakoa (1250-1301) oinordekorik gabe hil zen arte. Berehala atera ziren erregenahiak. Lehenengoa Wentzeslao III.a Bohemiakoa (12891306) izan zen, haren amona Kunigunda erregina baitzen, Bela IV.a Hungariakoaren iloba. 1301etik 1305era arte izan zen errege, bigarren errege-nahi bat aurkeztu zen arte: Oton III.a, Bavariako dukea (12611312), Isabel Hungariakoaren semea. Isabel Bavariako dukesa kontsortea zen eta Bela IV.a Hungariakoaren alaba. Horrek ere erregealdi laburrean agindu zuen (1305-1307) eta Karlos Roberto Hungariakoak (1288-1342) hartu zuen haren ordea, Maria Hungariakoa erreginaren biloba. Hiru kasuetan, lege salikoa aplikatu zen eta printzesen semeei egokitu zitzaien tronua.

Suediako lege salikoaAldatu

Suediako Karlos XIII.ak oinordekorik ez zuenez, lege salikoa onartu zuen 1810ean. Lehenengo, Kristian Augustenborgekoa ezarri zuen eta, hura hil zenean, Bernadotte mariskala. 1979ra arte iraun zuen legeak, Viktoria printzesa oinordeko egin arte, alegia.

Beste lurralde batzuetanAldatu

Danimarka, Austria eta Hannoverren ere lege salikoa aplikatu zen: horrexen ondorioz, hainbat gatazka armatu gertatu ziren lurralde haietan.

XVIII. mendean, Karlos VI.a Habsburgokoak semerik ez zuenez, 1713ko Santzio Pragmatikoa ezarri zuen, bere alaba Maria Teresa I.a Austriakoa oinordeko izendatu eta lege salikoari muzin egin zionean. Habsburgo abizena ere transmititu egingo zen, Habsburgo-Lorena etxea ezarriz. Azkenean, gerraz erabakiko zuen auzi hura ere.

Kanpo estekakAldatu