Jose Antonio Muñagorri

Jose Antonio Muñagorri Otaegi (Berastegi, 1794ko apirilaren 2a - Eratsun, Nafarroa Garaia, 1841eko urriaren 14a) gipuzkoar eskribau, negozio-gizon, politikari eta militarra izan zen, Lehen Karlistaldiko protagonistetako bat.

Jose Antonio Muñagorri
Bizitza
JaiotzaBerastegi1794ko apirilaren 2a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaEratsun1841eko urriaren 14a (47 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta militarra
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakLehen Karlistaldia

1838an, Bakea eta Foruak mugimendua sortu zuen. Bandera horretara erakarri nahi izan zituen foruen alde borrokan zeuden soldadu karlistak. Ez zuen lortu, eta Irunen, Bidasoaren ertzean, kanpamentua eginda desegin zen haren gudarostearen indarra, sekretuan jaso zuen laguntza (Madrilgo gobernuarena eta Euskal Herriko handiki liberal-"foruzaleena") galdu zuenean. Hala ere, haren formulari jarraiki, Bergarako besarkadarekin amaitu zen gerra, 1839an.

Bizitza aldatu

Jose Antonio Muñagorri Berastegin jaio zen 1794an, Elutsene etxean.[1][2] Eskribau ikasketak egin zituen, familiaren tradizioari jarraiki, aita eta aitona ere eskribauak izan baitziren. Halere, hainbat negoziotan ibili zen, Leitzaran bailarako burdinolak kudeatzen, batez ere. 1832an Gasteiz eta Irurtzun arteko bidea egiteko lanetan kontratista jardun zuen.

Karlistadak negozioak etenarazi zizkion Muñagorriri, eta gerrak zein luze jotzen zuen ikusita eta Euskal Herrian eragindako ondorioekin kezkatuta, Baionan erbesteratutako handiki batzuekin bildu zen. Handiki haien iritziz, bakea lortzeko ezinbestekoa zen gatazka dinastikoa eta foruen aldeko borroka bereiztea. «Bakea eta Foruak» aldarrikapenaren ordezkari nagusia izan zen Muñagorri. Foruak errespetatzen baziren, euskaldunei Isabel ala Don Karlos berdin zitzaiela laburbiltzen zuen aldarrikapen hark.

 
«Bakea eta Foruak» aldarrikapenaren aldeko matxinada Berastegin 1838an

Ekimen horrek Madrilgo gobernu liberalaren ezkutuko babesa izan zuen, dirua jarri baitzuen Muñagorrik gidatutako altxamendua bultzatu eta armada karlista ahultzeko. Muñagorri Berastegin matxinatu zen 1838ko apirilean, bere lema aldarrikatu eta desertore karlistak hartuko zituen armada berria osatu nahian. Arrakasta handirik lortu ez eta mugaz bestaldera joan behar izan zuen, mila gizon besterik ez eramanez.

Gobernu liberalak handikien batzordea sortu zuen Baionan, Muñagorriri altxamenduan laguntzeko. Batzorkideak hauek ziren: Villafuertesko kondea, Gipuzkoatik; Iñigo Ortes de Velasco, Arabatik; Pascual Uhagon, Bizkaitik; eta Jose Maria Bidarte, Nafarroa Garaitik.

Muñagorriren tropak Bidasoa ondoko Lastaola inguruan finkatu ziren, arriskurik egonez gero ibaia zeharkatu eta Saran babesteko. Ekintza militar bakarra egin zuten: Urdazubi konkistatzea, karlisten mende baitzegoen. Desertore karlistak hartu behar zituen eta Lehen Karlistadaren garapenerako funtsezkoa izan zitekeen indar armatua sortzeko egitasmoak porrot egin zuen, baina gatazka dinastikoa eta foruen aldeko borroka bereizteko ideia funtsezkoa izan zen Bergarako Hitzarmenean. Karlista moderatuek Esparterorekin hitzarmena izenpetzeko bidea ireki zuen Muñagorrik, eta horrela gerra amaitu zen.

Gerraren ondoren, Espartero Madrilgo gobernura iritsi zenean, euskal liberal moderatuak matxinatu egin ziren, eta Muñagorri ere hantxe zebilen. Altxamenduaren porrotaren ondorioz, Baionan babestu zen, eta Esparterok foruak indargabetu egin zituen errepresalia gisa. Muñagorri bere negozioetara itzuli zen orduan, eta Eratsunen zuen Sumarrieta burdinolan zela, Ramón Elorrio Soroeta txapelgorrien tenienteak, Esparteroren jarraitzaile amorratuak, atxilotu zuen. Berehala hil zuten, 1841eko urriaren 14an, haren emaztearen aitzinean. Eratsungo elizan ehortzi zuten.[1]

« (Gaztelaniaz) Elorrio era un sujeto de malos antecedentes, "txapelgorri" encallado por siete años de guerra, engreído por su ascenso a teniente. Un antiguo resentimiento hacia Muñagorri, un odio personal y afán de notoriedad le incitaron a presentarse acompañado de algunos pocos soldados en Zumarrista y sorprendiendo a Muñagorri lo mató alevosamente en el cercano alto de Pillotasoro. Una cruz incrustada en un árbol recuerda el luctuoso suceso. »
Antonio Maria Labaienek idatzia[3].

Erreferentziak aldatu

  1. a b Bidador, Joxemiel. La proclama 'Paz y Fueros' de Muñagorri. leitzaran.net (Noiz kontsultatua: 2020-10-27).
  2. Jose Antonio Muñagorri Otaegi. berastegi-eta-inguruak.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-27).
  3. Rilova Jericó, Carlos. Muñagorri Otaegui, José Antonio (1991ko bertsioa). Auñamendi Entziklopedia [on line], 2020, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-27).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu