Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (GEAU) Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean Parisko Chaillot Jauregian (Frantzia) onartu zuen dokumentu historiko bat da. 217 A (III) Ebazpen gisa onartutako dokumentu honek oinarrizkotzat hartzen diren eskubideak biltzen ditu 30 artikulutan[1]. Hain zuzen, eskubide hauen izaera unibertsala berezkoa, besterenezina eta gizaki guztiei aplikagarria dela baieztatzen dute Aldarrikapenean[2]. Eleanor Roosevelt buru zuen NBEko batzorde batek idatzi zuen eta dokumentuaren lehen zirriborroa egin zuena René Cassin baionarra izan zen[3].
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Nazio Batuen Batzar Nagusia |
Sorrera-urtea | 1948 |
Argitaratze-data | 1940 |
Izenburua | Universal Declaration of Human Rights, Declaración Universal de los Derechos Humanos, 世界人权宣言, Всеобщая декларация прав человека, Déclaration universelle des droits de l'homme, الإعلان العالمي لحقوق الإنسان eta 世界人權宣言 |
Ekoizpen lekua | Paris |
Orrialdeak | 6 |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | legal act (en) |
Deskribapena | |
Honen parte da | International Bill of Human Rights (en) |
Kokapena | |
Bilduma | Chaillot jauregia |
Argumentu nagusia | giza eskubideak |
un.org… |
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak: Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala |
Une hartan giza eskubideak babesteko eta errespetatzeko betebeharrari buruz nazioartean adostasunik ez zegoenez, dokumentua ez zen nazioarteko tratatu gisa formalizatzea lortu, estatu sinatzaileentzat nahitaezkoa baitzen, eta adierazpen bat besterik ez zen egin, gizateriarentzat orientagarria izango zena. Hain zuzen, garai hartako Nazio Batuetako 58 kideetatik[4] 48k alde bozkatu zuten, bakar bat ere ez kontra, zortzi abstenitu egin ziren eta bik ez zuten bozkatu[5][6].
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsal horrek eta Giza Eskubideen Nazioarteko Itunak, denborarekin onartu diren protokoloekin batera, Giza Eskubideen Nazioarteko Gutuna osatzen dute. Aldarrikapen Unibertsala, oro har, orientazio-dokumentua da; itunak, ordea, nazioarteko tratatuak dira, eta estatu sinatzaileak betetzera behartuta daude.
Legelari batzuek argudiatu dute, herrialdeek 50 urte baino gehiagoz Aldarrikapena etengabe argudiatu dutenez, loteslea izatera pasatu dela ohiturazko nazioarteko zuzenbidearen zati gisa[7]. AEBetan, ordea, Sosa v Alvarez-Machain kasuan (2004) ondorioztatu zenez, Aldarrikapena "ez du bere indarrez betebeharrik ezartzen nazioarteko zuzenbidearen arloan"[8]. Beste herrialde batzuetako auzitegiek ere ondorioztatu dute Adierazpena ez dela berez legedi nazionalaren parte.
Dokumentu hori munduan itzulpen-bertsio gehien duena da, 520 hizkuntzatara itzuli baita[9][10][11]. Nazio Batuen Erakundeko webgune ofizialea, beste ehunka hizkuntzetako bertsioekin batera, euskaraz ere badago.[12]
Egitura eta edukia
aldatuGiza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala nazioarteko ordezkariek idatzi zuten, herri eta nazio guztientzat ideal komuna izateko asmoz. Edukian, mundu osoan zaindu beharreko oinarrizko eskubideak ezartzen ditu. Hitzaurrea eta 30 artikulu ditu, eskubide zibil, politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak jasotzen dituztenak.[13][14]
Hitzaurrea
aldatuHitzaurreak Adierazpena idazteko beharra eragin zuten kausa historikoak eta sozialak azaltzen ditu. Edukian, hura egiteko kontuan hartzen diren gogoetak aurkezten dira, honako hauek aipatuz: berezko duintasuna aitortzea, eskubide berdinak eta besterenezinak izatea, nazioen arteko harreman adiskidetsuen garapena sustatzea eta gizakion oinarrizko eskubide eta askatasunekiko errespetua unibertsala eta eraginkorra izatea.
Gogoeta horiek aintzat hartuta, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsal hau aldarrikatzen da eredu eredugarri gisa nazio guztientzat, irakaskuntzaren eta hezkuntzaren bidez eskubide eta askatasun horien errespetua susta dadin, eta eskubide eta askatasun horien aitorpena eta aplikazio eraginkorra ziurta dadin.[14]
Artikuluak
aldatu- 1-2 artikuluek duintasunaren, askatasunaren eta berdintasunaren oinarrizko kontzeptuak ezartzen dituzte.
- 3-5 artikuluek beste eskubide indibidual batzuk ezartzen dituzte, hala nola, bizitzeko eskubidea eta esklabotza eta tortura debekatzea.
- 6-11 artikuluak giza eskubideen oinarrizko legezkotasunari buruzkoak dira eta urratzen direnean eskubide horiek defendatzeko berariazko baliabideak aipatzen dituzte.
- 12-17 artikuluek gizabanakoak erkidegoaren aurrean dituen eskubideak ezartzen dituzte, hala nola, estatu bakoitzaren barruan zirkulatzeko eta bizitzeko askatasuna, jabetza-eskubidea eta nazionalitate bat izateko eskubidea.
- 18-21 artikuluek "askatasun konstituzionalak" eta askatasun espiritual, publiko eta politikoak biltzen dituzte, hala nola pentsamendu, iritzi, adierazpen, erlijio eta kontzientzia-askatasuna. Gizabanakoaren elkartze baketsurako askatasuna eta edozein bitartekoren bidez informazioa eta ideiak jasotzeko eta zabaltzeko askatasuna.
- 22-27 artikuluek gizabanakoen eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak aipatzen dituzte, osasun-laguntza barne. Bizi-maila egokia izateko eskubide hedakorra defendatzen du, eta bereziki aipatzen du amatasunean edo haurtzaroan daudenei emandako arreta.
- 28-30 artikuluek eskubide horiek betetzeko bitarteko orokorrak ezartzen dituzte, gizabanakoaren eskubideak zein eremutan ezin diren aplikatu, gizabanakoak gizartearekiko duen betebeharra eta eskubideak Nazio Batuen Erakundearen helburuen aurka erabiltzeko debekua aipatzen dira.[13]
Historia
aldatuAurrekariak
aldatuHistoria osoan zehar eskubideen aldarrikapenen aurrekariak izan dira. Mohammad Reza Pahlavi[15], Irango azken shahk bere gobernua Ziroren zilindroarekin identifikatu zuen, ikerlari batzuen ustez askatasunen lehen adierazpena, K. a. 539. urtean eginda[16][17]. Hala ere, eztabaida handia dago baieztapen honen inguruan[18][19][20].
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren aurrekari nagusi bezala honakoak aipatu ohi dira: 1215ko Magna Carta; 1689ko The English Bill of Rights, 1776ko Ameriketako Estatu Batuetako Independentzia Aldarrikapena eta 1789ko Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena. Dokumentu horiek eta gizakiak eskubide natural bat eduki behar dituela sinesteak inspiratu zuten, hein handi batean, Nazio Batuen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala.
Historian, eskubideen bilakaera motela izan da. XVII. mendetik aurrera hasi ziren "zuzenbide naturalaren" ideia garaikidean oinarritutako adierazpen esplizituak ikusten. Ingalaterrak 1679an Habeas Corpus Act (Habeas Corpus Legea) eta 1689an Bill of Rights (Eskubideen Deklarazioa, pasartea) gehitu zizkion bere konstituzioari. Frantzian, Frantziako Iraultzaren ondorioz, 1789an Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena ( testu osoa) argitaratu zen. Garai berdinekoa da Ameriketako Estatu Batuetako Eskubideen Adierazpena ere.
Franklin Delano Rooseveltek egindako Lau Askatasunen hitzaldia. Euskaraz transkripzio bat eskuragarri Wikitekan.
|
|
Arazoak fitxategi hau entzuteko? Ikus multimedia laguntza. |
Bigarren Mundu Gerran, Aliatuek Lau Askatasunak onartu zituzten (adierazpen-askatasuna, erlijio-askatasuna, beldurrik gabe bizitzeko askatasuna eta beharrizanik gabe bizitzeko askatasuna), gerraren oinarrizko helburu gisa[21][22]. Nazio Batuen Gutunak "oinarrizko giza eskubideetan eta gizakiaren duintasunean eta balioan zuen fedea berresten zuen", eta estatu kide guztiak konprometitzen zituen "guztien giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala eta betetzea, arraza, sexu, hizkuntza edo erlijio arrazoiengatik bereizketarik egin gabe".
Bigarren Mundu Gerraren ostean, Naziek egindako gehiegikeriak argi ikusi zirenean, nazioarteko komunitateak adostu zuen Nazio Batuen Erakundearen Kartak ez zituela nahiko ondo adierazten defendatzeko helburua zituen eskubideak[23][24]. Beharrezkoa zen norbanakoen eskubideak zehazten zituen aldarrikapen unibertsal bat egitea, Kartak aipatzen zituen giza eskubide horiek argitzeko[25].
Zirriborroa
aldatu1946ko ekainean, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak Giza Eskubideen Batzordea sortu zuen, Nazio Batuen organo iraunkor gisa. Jatorri nazional, erlijioso eta politiko desberdinetako 18 kide zituen eta 1947ko otsailean, Batzordeak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala Idazteko Komite Berezi bat sortu zuen, Eleanor Roosevelt estatubatuarra buru zuena. John Peters Humphrey kanadarra Adierazpenaren erredaktore nagusi bihurtu zen.[26] Erredakzio Batzordeko beste kide aipagarri batzuk Txinako Errepublikako P.C. Chang presidenteordea[27], Baionako René Cassin eta Libanoko Charles Malik Komiteko kontalaria izan ziren[28].
Humphreyri Adierazpenaren "aurreproiektua" ren kontzepzioa egozten zaio, eta Cassinek, berriz, lehen zirriborroa idatzi zuen. Biek jaso zituzten beste kide batzuen ekarpen handiak, bakoitzak aurrekari profesional eta ideologiko desberdinak baitzituen. Horrela, unibertsaltasuna bilatzeko asmoz, kultura eta erlijio ezberdinetako kideen ekarpenak jaso zituzten. Gainera, 1948ko maiatzean, sortu eta urtebetera gutxi gorabehera, Erredakzio Batzordeak bigarren eta azken bilera egin zuen, eta bertan estatu kideen eta nazioarteko erakundeen iruzkinak eta iradokizunak kontuan hartu zituzten. Bilkuraren amaieran, 1948ko maiatzaren 21ean, Batzordeak "Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpena" eta "Giza Eskubideen Nazioarteko Ituna" ren idazkera berria aurkeztu zion Giza Eskubideen Batzordeari.[29]
Giza Eskubideen Batzordeak Adierazpenaren idazkera berria aztertu eta eztabaidatu zuen Genevan 1948ko maiatzaren 21etik ekainaren 18ra egindako hirugarren bilkuran. "Genevako testua" deiturikoa estatu kideen artean banatu zen, eta hainbat zuzenketa-proposamenen xede izan zen, azken zirriborroa sortuz.
Onarpena
aldatuGenevan, aldeko 12 botorekin, kontrako bat ere ez eta lau abstentziorekin, Erredakzio Batzordeak Adierazpen proposamena onartu zuten.
Batzar Nagusiaren Hirugarren Batzordeak, 1948ko irailaren 30etik abenduaren 7ra bitartean bildu zenak, 81 bilkura egin zituen Adierazpen proiektu honi buruz, eta Nazio Batuetako estatu kideek aurkeztutako 168 zuzenketa proposamen eztabaidatu eta ebatzi zituzten[30]. Abenduaren 6an egindako 178. bilkuran, aldeko 29 botorekin, aurkako botorik gabe eta zazpi abstentziorekin, Hirugarren Batzordeak Adierazpena onartu zuen.[31]
Bozketa
aldatuAdierazpen proiektua 1948ko abenduaren 10ean bozkatu zen Parisen[32], eta orduan NBEren Batzar Orokorreko 58 estatu kideek onartu zuten, aldeko 48 botorekin eta Sobietar Batasunaren, Ekialdeko Europako herrialdeen, Saudi Arabiaren eta Hegoafrikaren 8 abstentzioekin. Gainera, beste bi herrialde kide ez ziren egon bozketan.[1]
Hegoafrikako abstentzioa apartheid sistema babesteko ahalegin gisa ikus daiteke, horrek argi eta garbi urratzen baitzituen deklarazioaren zenbait printzipio. Saudi Arabiako ordezkaritzaren abstentzioa bi artikulurekin bat ez zetorrelako izan zen nagusiki: 16. artikulua (bereizkeriarik gabeko ezkontza eta ezkontideen baimenarekin) eta 18.a (erlijioa aldatzeko eskubidea) .Nazio komunisten abstentzioak honako honetan oinarritzen ziren: deklarazioak ez zituen faxismoa eta nazismoa espezifikoki gaitzesten.[33]
Honela egin zen bozketa:
- Aldeko botoak (48): Afganistan, Argentina, Australia, Belgika, Birmania, Bolivia, Brasil, Kanada, Txile, Txina, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Danimarka, Dominikar Errepublika, Ekuador, Egipto, El Salvador, Estatu Batuak, Etiopia, Filipinak, Frantzia, Grezia, Guatemala, Haiti, Holanda, India, Irak, Iran, Islandia, Libano, Liberia, Luxenburgo, Mexiko, Zeelanda Berria, Nikaragua, Norvegia, Pakistan, Panama, Paraguai, Peru, Erresuma Batua, Siria, Suedia, Tailandia, Turkia, Uruguai eta Venezuela.
- Abstentzioak (8): Saudi Arabia, Bielorrusia, Txekoslovakia, Polonia, Hegoafrika, Ukraina, Sobietar Batasuna eta Jugoslavia.
- Ez daude (2): Honduras eta Yemen.
- Aurkako botoak: bat ere ez
Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna
aldatuAbenduaren 10ean, Adierazpen Unibertsala onartu zeneko urteurrenean, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da urtero. Oroitzapen jarduerak gizabanakoek, talde komunitario eta erlijiosoek, giza eskubideen aldeko erakundeek, parlamentuek, gobernuek eta Nazio Batuek egiten dituzte. Gainera, hamar urtetik behin giza eskubideei buruzko sentsibilizazio-kanpaina bereziak egin ohi dira. 2008an Adierazpenaren 60. urteurrena ospatu zen, eta urte osoan zehar hainbat jarduera egin ziren "Duintasuna eta justizia guztiontzat" gaiaren inguruan. Era berean, 2018ko 70. urteurrenean #StandUpForHumanRights munduko kanpaina egin zen, gazteei zuzendua.
Inpaktua
aldatuEstatuentzat nahitaezkoa edo loteslea ez den arren, oinarri gisa erabili zen NBEren nazioarteko bi konbentzioak sortzeko: Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna. Itun horiek Nazio Batuen Batzar Nagusiak onartu zituen 1966ko abenduaren 16ko 2200 A (XXI) ebazpenean[34].
Aldarrikaena aitzindaritzat jotzen da, dokumentu laiko eta apolitiko batean printzipio zehatz eta unibertsalak eskaintzen dituelako, esplizituki kulturak, erlijioak, sistema juridikoak eta ideologia politikoak gainditzen dituena. Bere unibertsaltasun asmoa "mugarik gabe idealista" bezala deskribatu izan da[35].
Adierazpena ofizialki ingelesezko eta frantsesezko dokumentu elebidun gisa onartu zen, txinerazko, errusierazko eta espainierazko itzulpen ofizialekin, guztiak ere NBEko lan-hizkuntza ofizialak[36]. Unibertsaltasuna babesteko asmoz, Nazio Batuek itundutako ahalegina egin dute dokumentua ahalik eta hizkuntza gehienetara itzultzeko, erakunde pribatu eta publikoekin eta partikularrekin lankidetzan[37]. 1999an, Errekorren Guinness Liburuak Adierazpena munduko "Dokumenturik itzuliena" bezala deskribatu zuen, 298 itzulpenekin; errekorra hamarkada bat beranduago berriro ziurtatu zen, testua 370 hizkuntza eta dialekto ezberdinetara iritsi zenean. Adierazpenak 500 itzulpen baino gehiago lortu zituen 2016an, eta, 2021etik aurrera, 530 hizkuntzatara itzuli da, gehien itzulitako dokumentu gisa mantenduz[38][39].
Erreakzioak
aldatuBabesa
aldatuAdierazpen Unibertsalak hainbat aktibista, legelari eta buruzagi politiko nabarmenen laudorioak jaso ditu. Charles Malik filosofo eta diplomatiko libanoarrak "lehen mailako nazioarteko dokumentutzat" jo zuen[40], eta Eleanor Roosevelt-k adierazi zuen "mundu osoko gizon guztien nazioarteko Magna Carta" bihur zitekeela[41]. NBEren 1993ko Giza Eskubideen Mundu Konferentzian, berretsi egin zuten "beren gobernuek Nazio Batuen Gutunean eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako asmo eta printzipioekin duten konpromisoa", eta nabarmendu zuten Adierazpena "inspirazio-iturri" izan zela, eta Nazio Batuen Erakundearen oinarria izan zela arauak ezartzeko.
1995eko urriaren 5ean emandako hitzaldi batean, Joan Paulo II.a Aita Santuak Adierazpena "gure garaiko giza kontzientziaren adierazpenik gorenetakotzat" jo zuen, nahiz eta Vatikanoak ez zuen inoiz halakorik onartu[42]. 2003ko abenduaren 10ean Europar Batasunaren izenean egindako adierazpen batean, Marcello Spataforak esan zuen Adierazpenak "giza eskubideak nazioarteko komunitateko harremanak eratzen dituzten printzipioen eta betebeharren esparruan kokatzen zituela"[43].
Nazioarteko giza eskubideen zutabe gisa, Aldarrikapenak laguntza zabala du nazioarteko eta gobernuz kanpoko erakundeen artean. Adibidez, Amnesty Internationalek, giza eskubideen nazioarteko hirugarren erakunderik zaharrenak[44], Giza Eskubideen Eguna antolatu du aldizka, eta ekitaldiak antolatu ditu mundu osoan Aldarrikapenari buruz kontzientziatzeko eta hau babesteko[45].
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez) Nations, United. «Universal Declaration of Human Rights» United Nations (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
- ↑ (Ingelesez) «Universal Declaration of Human Rights» OHCHR (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
- ↑ (Ingelesez) Nations, United. «History of the Declaration» United Nations (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
- ↑ (Ingelesez) Nations, United. «Member States» United Nations (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
- ↑ «A/PV.183» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
- ↑ Team, ODS. «ODS HOME PAGE» documents-dds-ny.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
- ↑ Steiner, Henry J.. (2008). International human rights in context : law, politics, morals : text and materials. (3rd ed. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 9780199279425. PMC 162502033. (Noiz kontsultatua: 2019-10-11).
- ↑ (Ingelesez) «Sosa v. Alvarez-Machain, 542 U.S. 692 (2004)» Justia Law (Noiz kontsultatua: 2019-10-11).
- ↑ (Ingelesez) «OHCHR | The Universal Declaration of Human Rights in 370 languages» www.ohchr.org (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ (Ingelesez) «OHCHR | About the Universal Declaration of Human Rights Translation Project» www.ohchr.org (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ (Ingelesez) «OHCHR | World Record» www.ohchr.org (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ (Ingelesez) Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (euskarazko bertsioa). Nazio Batuen Erakundeko webgune ofiziala.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Nations, United. «La Declaración Universal de Derechos Humanos | Naciones Unidas» United Nations (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
- ↑ a b (Ingelesez) Glendon, Mary Ann. (2002-06-11). A World Made New: Eleanor Roosevelt and the Universal Declaration of Human Rights. Random House Publishing Group ISBN 978-0-375-76046-4. (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
- ↑ (Ingelesez) Pahlavi), Mohammed Reza. (1967). The white revolution [of Iran. ] Imperial Pahlavi Library (Noiz kontsultatua: 2019-10-11).
- ↑ (Ingelesez) Slavin, Barbara. (۱۳۹۱-۱۲-۱۶T۱۰:۵۴:۴۵+00:00). «'Cyrus Cylinder' Reminder of Persian Legacy of Tolerance» Al-Monitor (Noiz kontsultatua: 2019-10-11).
- ↑ Robertson, A. H. (Arthur Henry), 1913-. (1996). Human rights in the world : an introduction to the study of the international protection of human rights. (4th ed. argitaraldia) Manchester University Press ISBN 0719049229. PMC 37261147. (Noiz kontsultatua: 2019-10-11).
- ↑ Daniel, Elton L.. (2001). The history of Iran. Greenwood Press ISBN 0313000301. PMC 50322060. (Noiz kontsultatua: 2019-10-11).
- ↑ Mitchell, T. C.. (1988). Biblical archaeology : documents from the British Museum. Cambridge University Press ISBN 0521363233. PMC 17732230. (Noiz kontsultatua: 2019-10-11).
- ↑ The ancient Near East : historical sources in translation. Blackwell Pub 2006 ISBN 0631235809. PMC 60375467. (Noiz kontsultatua: 2019-10-11).
- ↑ (Ingelesez) «FDR, "The Four Freedoms," Speech Text» Voices of Democracy (Noiz kontsultatua: 2019-10-11).
- ↑ Bodnar, John E., 1944-. (2012). The "Good War" in American memory. Johns Hopkins University Press ISBN 9781421405827. PMC 781853256. (Noiz kontsultatua: 2019-10-11).
- ↑ «Udhr.org» www.udhr.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-12).
- ↑ «Overview» archive.is 2012-09-19 (Noiz kontsultatua: 2019-10-12).
- ↑ «UDHR - History of human rights» www.universalrights.net (Noiz kontsultatua: 2019-10-12).
- ↑ (Ingelesez) Nations, United. «Drafters of the Declaration» United Nations (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
- ↑ (Ingelesez) Roth, Hans Ingvar. (2018-09-10). P. C. Chang and the Universal Declaration of Human Rights. University of Pennsylvania Press ISBN 978-0-8122-9547-4. (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
- ↑ Library, Dag Hammarskjöld. «Drafting of the Universal Declaration of Human Rights» research.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
- ↑ Library, Dag Hammarskjöld. «Drafting of the Universal Declaration of Human Rights» research.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
- ↑ Library, Dag Hammarskjöld. «Drafting of the Universal Declaration of Human Rights» research.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
- ↑ Library, Dag Hammarskjöld. «Drafting of the Universal Declaration of Human Rights» research.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
- ↑ (Ingelesez) «Palais de Chaillot in Paris. Visit Chaillot museums. Metro.» Paris Digest 2019-12-26 (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
- ↑ «default» ccnmtl.columbia.edu (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Declaración Universal de Derechos Humanos» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-23).
- ↑ Boundlessly Idealistic, Universal Declaration Of Human Rights Is Still Resisted. .
- ↑ «UNBISnet» web.archive.org 2019-01-21 (Noiz kontsultatua: 2023-05-23).
- ↑ (Ingelesez) «About the Universal Declaration of Human Rights Translation Project» OHCHR (Noiz kontsultatua: 2023-05-23).
- ↑ (Ingelesez) «Most translated document» Guinness World Records (Noiz kontsultatua: 2023-05-23).
- ↑ (Ingelesez) «New record: Translations of Universal Declaration of Human Rights pass 500» OHCHR (Noiz kontsultatua: 2023-05-23).
- ↑ «Pilot project - Universal Declaration of Human Rights - Audio Resources» web.archive.org 2008-09-28 (Noiz kontsultatua: 2023-05-23).
- ↑ «American Rhetoric: On the Adoption of the Universal Declaration of Human Rights» www.americanrhetoric.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-23).
- ↑ «Fifthy-fifth Anniversary of the Universal Declaration of Human Rights» www.vatican.va (Noiz kontsultatua: 2023-05-23).
- ↑ «INTERNATIONAL HUMAN RIGHTS DEFENDERS HONOURED AS GENERAL ASSEMBLY MARKS FIFTY-FIFTH ANNIVERSARY OF UNIVERSAL DECLARATION | UN Press» press.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-23).
- ↑ «UDHR film | Amnesty International» web.archive.org 2013-06-14 (Noiz kontsultatua: 2023-05-23).
- ↑ «Fire Up! | Amnesty International» web.archive.org 2013-09-11 (Noiz kontsultatua: 2023-05-23).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, euskaraz, Nazio Batuen webgune ofizialean.
- Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren bilakaerari buruzko erreportajea, Argia aldizkarian.
- Giza eskubideen hezkuntzari buruzko baliabideak. DBH eta Batxilergoa. 2000. Ararteko. (Bi ale daude, bat euskaraz, bestea gaztelaniaz. Bi ale independente dira; ez da ale bat bestearen itzulpena.
- Gorka Azkarate, Lourdes Errasti & Maite Mena. (2000). Giza eskubideen hezkuntzarako baliabideak. Arlo eta zehar-lerro ezberdinetarako ariketa praktiko batzuk. Bigarren Hezkuntza: DBH eta Batxilergoa.. Ararteko, 1-152 or..
- (Gaztelaniaz) Gorka Azkarate, Lourdes Errasti & Maite Mena.. (2000). Materiales para educación en DDHH. Educación secundaria y Bachiller.. Ararteko, 1-253 or..
- (Ingelesez) Universal Human Rights - The Rights of Children - The Rights of Women - The Rights of Indigenous People...