Babarrun
Babarruna[1] (Phaseolus vulgaris) lekale mota bat da, lekatik ateratako ale lehor marroixka edo zuri kolorekoak direnak. Beste izen batzuk ere baditu eskualdearen arabera: banabar Lekunberrin[2], ilarra[3] nafarreraz eta iparraldeko euskaraz edo indaba[4] bizkaieraz.
Babarrun | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Fabales |
Familia | Fabaceae |
Leinua | Phaseoleae |
Generoa | Phaseolus |
Espeziea | Phaseolus vulgaris Linnaeus, 1753 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | leka, baba zuria, common bean (en) eta Phaseoli fructus (sine semine) (en) |
Genomaren kokapena | plants.ensembl.org… |
Babarrun landarea belar urterokoa da, modu independentean Mesoamerikan eta Andeetan etxekotu zena, eta gaur egun mundu osoan lantzen da bere alea jateko, bai lehor, babarrun modura, bai freskoan leka modura. Inoiz hostoa ere jaten da, eta haren lastoa etxabereen bazka modura erabiltzen da. Babarrunak, kuiak, eta artoak Amerikako jatorrizko nekazaritzaren oinarria osatu zuten mende luzez.
Ikuspuntu botanikotik, babarruna dikotiledoneoa da. Lekaduna denez, nitrogenoa finkatzen du errizobioekin sortutako elkarteen bidez.
Babarrunen merkataritza ekoizpena mundu osoan dago hedaturik. Brasil eta India dira babarrun lehor gehien ekoizten dituztenak, eta Txina leka gehien ekoizten duena.
Deskribapena eta ezaugarriak
aldatuPhaseolus vulgaris oso espezie aldakorra da. Aldaera zuhaixkarek 20-60 cm garai izan daitezkeen zuhaixkak osatzen dituzte, eta aldaera igokariek 2-3 metro luze diren zurtoinak osatzen dituzte. Beste aldaera batzuk garaiera txikiko belarrak dira. Aldaera guztiek hosto txandakatu berde edo moreak dituzte, ertz leuneko hiru hostoxka obaletan bananduak, bakoitza 6-15 zentimetro luze eta 3-11 zentimetro zabal dela. Loreak zuriak, arrosak edo moreak dira; 1 cm luze, eta 8-20 luze eta 1-1,5 cm zabal diren lekak ekoizten ditu. Lekak berdeak, horiak, beltzak edo moreak dira, eta bakoitzak 4-6 ale gordetzen ditu. Babarrunak leunak, lodiak, giltzurrun formakoak eta 1,5 cm luze dira, kolore askotakoak izan daitezke eta sarritan bi kolore edo gehiagoz osatutako kolore nabarra dute.
Babarrun lehorrak
aldatuBabarrun lehorrek almidoi, proteina eta zuntz asko dute, eta dieta burdina, potasio, selenio, molibdeno, tiamina, B6 bitamina eta azido folikoz hornitzeko iturri bikaina dira.
Babarrun lehorrak betiko gorde daitezke toki lehor eta freskoan gordetzen badira, baina denbora igaro ahala elikadura balioa eta zaporea galtzen dute eta egoste denbora luzatu egiten da. Ia beti uretan egosita prestatzen dira, askotan hainbat orduz uretan beratu ondoren. Beratzea ez da derrigorrezkoa, baina egoste denbora laburtzen du eta ahoan homogeneoagoak den platera sortzen da. Bestalde, beratzeko erabili den ura botatzeak digeritzeko zailak diren eta haizeak sortzen dituzten azukreak kentzen ditu. Hala ere, babarrunak sarritan jaten dituztenek ez dituzte haizeak izaten, hesteetako mikrobioak babarrunetara moldatzen baitira.
Babarrunak beratzeko modurik ohikoena, Euskal Herrian, gauez babarrunak urez betetako eltze batean uztea da. Beste modu batzuk ere badaude, esaterako babarrunak hiru minutuz egostea, ondoren 2-4 orduz uztea, ura kentzea eta beti bezala prestatzea. Egosteko denbora ordubetetik lau ordura artekoa izan daiteke, baina presio bidezko janari prestaketak asko laburtzen du denbora hori.
Lekak
aldatuBabarrunak jateko beste modu bat freskoan da, leka modura. Kasu horretan, almidoi eta proteina gutxiago dauka eta A bitamina eta C bitamina gehiago. Lekak prestatzeko, normalean egosi, lurrunean prestatu edo frijitu egiten dira.
Babarruna Euskal Herrian
aldatuEuskal Herrian sona gehien dituzten babarrunak Tolosako babarruna eta Gernikako babarruna dira, baita Arabako babarrun nabarrak Araba aldean ere. Urriaren bigarren igandean babarrun nabarraren festa ospatzen da Arabako Pobesen.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ «Babarrun». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-04-23.)
- ↑ Banarra erabiltzen da Lekunberrin (La alimentación en Lekunberri. Kristina Azkarate eta Ramon Inbuluzketa.)
- ↑ «Ilar». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2024-12-20.)
- ↑ «Indaba». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-04-23.)