Gernu-aparatuaren fisiologia

Gernu-aparatuaren fisiologia gernu-aparatuaren funtzionamenduaren azterketan datza. Aparatu horren eginkizun nagusiak zelulen katabolismoan sortzen diren hondakinak kanporatu eta gorputzaren barne-inguruaren homeostasia mantentzea da.

Proteina eta base nitrogenatuen katabolismoan organismoarentzat toxikoak diren hainbat molekula sortzen dira: urea (proteinen katabolismoan), azido urikoa (base nitrogenatuen katabolismoan), NH3, gatz mineralak, etab. Gernu-aparatuak substantzia hauek odoletik kendu eta gernuaren bidez kanporatzen ditu. Gauza bera egiten du beharrezkoak diren baina odolean kontzentrazio handian dauden beste substantziekin: ura, ClNa....

Labur esanda, esan daiteke gernu-aparatuak odola garbitzen duela.

Gernu-aparatuaren organo garrantzitsuenak giltzurrunak dira. Giltzurrunetan odol zikina garbitzen da eta dituen hondakin toxikoak bertan uzten dira, gernuaren bidez kanporatuak izateko. Giltzurrun-arteria giltzurrunetara iristen da hondakinez beteta. Arteria hori kapilar txikietan banatzen da, eta kapilar horiek giltzurrunen nefronetan sartzen dira. Bertan, hondakinak iragazi eta xurgatzen dira, eta baita ura ere. Hondakinak eta ura kanporatuak izaten dira gernuaren bidez eta odol garbia giltzurrun-zainetik irteten da.

Giltzurrunen funtzionamendua aldatu

 
Nefronaren fisiologia: Bowmanen kapsulan (horiz) substantzia batzuk iragazten dira Malpighiren glomerulutik (gorriz, kapsula horren gainetik) (1); gero, birxurgapena gertatzen da eta substantzia batzuk odolera pasatzen dute berriz (2); iragazketa berri bat burutzen da (3), eta gernuarekin kanporatzen dira odoletik xurgatutako hondakin toxikoak (4)

Giltzurrunetako nefronetan odolaren garbiketa prozesua burutzen da. Nefronak giltzurrunaren oinarrizko unitate anatomiko eta funtzionalak dira, bi atal dituztenak: giltzurrun korpuskulua eta giltzurrun hodixka.

Giltzurrun korpuskulua bi elementuk osatzen dute: Bowmanen kapsula (kopa itxurako elementua) eta Malpighiren glomerulua (kapilaren multzo bat, Bowmanen kapsulak inguratzen duena).

Giltzurrun hodixka Bowmanen kapsulatik ateratzen da; buelta batzuk eman ondoren, hodi biltzaile batean bukatzen da, giltzurrun pelbisean bere likidoa husten duena.

Nefronetan kapilaretan dagoen odola harremanetan jartzen da nefronaren giltzurrun korpuskuluarekin eta hodixkarekin; kontaktu horren ondorioz baliagarriak diren substantziak odolean geratzen dira, eta hondakinak nefrona barrura pasatzen dira, hodixkaren bidez kanporatuak izateko gernuarekin. Prozesuak hiru fase ditu: glomeruluko iragazketa, hurbileko hodixkaren birxurgapena eta urruneko hodixkaren jariaketa.

Glomeruluko iragazketa aldatu

Odolean dauden substantzia askok (ura, glukosa, urea, azido urikoa, gatz mineralak...) Malpighiren glomerulutik Bowmanen kapsulara pasatzen dute (ikus irudia). Kapsula horretan sartzen den likido kopurua oso handia da, 180 l. egunero (125 cm3 minutuoro). Erraz ulertzen da kopuru handi hori ezin dela gernuarekin galdu, gehiena bigarren fase batean birxurgatuta izaten baita nefronaren hurbileko hodixkan (irudia).

Iragazketan uraz gain odoleko substantzia gehienak sartzen dira Bowmanen kapsulara. Molekula handienak (proteinak) eta odoleko zelulak soilik ez dira iragazten. Glomeruluko kapilarretan presio hidrostatikoa handia da, eta horrek odola mugiarazten du Bowmanen kapsulara. Kapsularen iragazkortasunak molekula bakunen sarrera errazten du.

Hurbileko hodixkaren birxurgapena aldatu

Esan bezala, nefronetan egunero 180 l. iragazten dira, baina gernu litro bat besterik ez dugu egunero kanporatzen. Horrek esan nahi du 180 l. horietatik 179 l. berriz odolera pasatzen dutela (birxurgapena).

Birxurgapena gertuko giltzurrun hodixkan burutzen da: urak, glukosak, aminoazidoek eta ioi ugarik odolera pasatzen dute berriz. Substantzia horietako batzuk garraio aktiboaren bidez doaz odolera, beraz prozesuak energia kontsumitzen du. Urea eta azido urikoa, besteak beste, ez dira xurgatzen, edo oso gutxi xurgatzen dira.

Azpimarratu behar da gernu-aparatuak odolaren homeostasia mantentzen badakiela: ur asko edaten dugunean, adibidez, gertuko hodixkan ur gutxi birxurgatzen da, eta gernuarekin kanporatzen da gehiena. Organismoan ur gutxi dagoenean, berriz, ur asko birxurgatzen da eta gatz mineral gutxi, odolaren homeostasia mantendu ahal izateko.

Birxurgapen prozesu horretan hormona batzuek funtsezko zeregina burutzen dute: adibidez, aldosterona (Na+ eta K+ ioien birxurgapena errazten duena) eta hormona antidiuretikoa (uraren birxurgapen pasiboaren prozesuan parte hartzen duena).

Urruneko hodixkaren jariaketa aldatu

Nefronaren hodixka urrunean xurgatzearen kontrako prozesua gertatzen da: hots, odoletik hainbat substantzia berriz nefrona barrura pasatzen dute, gernuarekin kanporatuak izateko. Jariaketa prozesua da.

Prozesu honi esker gehiegizko birxurgapena izan duten substantziak (ioi batzuk, adibidez, edo urea pixka bat) eta odolean kopuru desegokietan daudenak berriro nefronetara itzultzen dira, gernuarekin kanporatuak izateko.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gernu-aparatuaren fisiologia