Urdaila hestegorriaren eta heste mehearen artean dagoen digestio-aparatuaren zatirik zabalena da.

Urdaila
Urdailaren kokapena gorputzean. Irudi gehiago
Xehetasunak
Honen parteTraktu gastrointestinala
AparatuaDigestio-aparatua
KokapenaSabelaldeko barrunbea
KonponenteakFundus
Gorputza
Piloro
Kardia
ArtikulazioaHestegorria
heste meharra
Duodenoa
Hona
drenatzen du
right gastric vein (en) Itzuli
Celiac lymph nodes (en) Itzuli
ArteriaPiloro-arteria
Eskuineko urdail-omentuetarako arteria
Ezkerreko urdail arteria
Ezkerreko urdail-omentuetarako arteria
ZainaUrdail zain laburrak
Ezkerreko urdail-omentuetarako zaina
Ezkerreko urdail-zaina
Eskuineko urdail-zaina
NerbioaNerbio bago
Nerbio esplakniko nagusia
Nerbio sistema enterikoa
LinfaNodulu linfatiko zeliakoak
Nodulu linfatiko pilorikoak
Nodulu linfatiko gastroepiploikoak
Nodulu linfatiko gastrikoak
Torax hodia
Identifikadoreak
LatinezVentriculus
Antzinako grezierazGaster
MeSHA03.556.875.875
TAA05.5.01.001
FMA7148
Terminologia anatomikoa

Giza espeziean, abdomenaren goi, erdi eta ezkerraldean dago, diafragmaren azpitik. Anatomikoki epigastrio eta ezkerreko hipokondrio gisa ezagutzen diren eskualdeetan.  

Ganbera bat da, non jandako elikagaiak nahastu eta biltegiratzen dira, eta tarte txikietan duodenorantz husten dira mugimendu peristaltikoei esker; urdail-hustuketa osoak otordu oparo bat egin ondoren ordu batzuk behar ditu.

Urdaila oso distentsiblea da, eta, beraz, tamainaz asko aldatzen da beteta edo hutsik dagoen kontuan hartuta. Lau eskualde nagusitan banatzen da: kardia (hestegorriarekin lotzen duena), fundusa, gorputza eta piloroa (hesteekin komunikatzen duena)[1].

Oro har jariakin gastriko izena jasotzen duten hainbat substantzia jariatzen ditu, nagusiki azido klorhidrikoz eta pepsinaz osatua, bere xurgapena errazteko (pepsina proteinak zati txikiagoetan banatzen dituen entzima proteolitikoa da).

Urdailean elikagaiak kimo izena duen ahi oretsu bihurtzen dira[2].

Anatomia aldatu

Kanpo-anatomia aldatu

Urdailaren tamaina bere distentsio-mailaren araberakoa da; baina erdi beteta dagoenean 25 zentimetroko altuera, 12 zentimetroko zabalera eta 8 zentimetroko luzera ditu aurretik-atzera[3]; eta bere batez besteko edukiera 1200ml-koa da (1-1,5 litro bitartean).  

Sabelaldearen goiko aldean dago (epigastrio eremuan) eta pixkat ezkerraldean, diafragma azpitik (ezkerreko hipogastrioan). Gibelak haren zati bat estaltzen du eskuinaldean. Hala ere, bere posizioa aldakorra da pertsona zutik edo etzanda dagoen kontuan hartuta. Peritoneoz inguraturik dago aurretik eta atzetik, beraz peritoneo barruko erraia izango da. Horrek mugimendu handia emango dio eta ondorioz errai askea da (oso higikorra). Poltsa itxura du eta txegostea aurrera doan ahala itxuraz aldatzen da.

Anatomikoki, kanpoaldean hainbat arlotan bana daiteke[4]: kardia, fundusa eta gorputza luzeetara; eta antroa, piloro kanala eta piloroa zeharka.

 
Urdailaren kanpo morfologia.

Kardia aldatu

Luzeetarako atala da. Kardia urdaila hestegorriaren beheko zatiarekin lotzen duen atala da. Hestegorri eta urdail artean sortzen den Z lerrotik luzatzen da, eta fundusaren behe eskuinaldean dago kokatuta, zuntz muskularrak ditu, jariakin gastrikoek hestegorriranzko norabidea jaso ez dezaten.

Fundusa aldatu

Luzeetarako atala da. Fundus goiko zatia da, kardiatik hurbil dagoena. Bertan, digestio-prozesuaren ondorioz sortutako gasak metatzen dira, horregatik, erradiografietan beltz antzeman daizkelarik. Gorputza erdiko zatia edo zati nagusia da. Fundusaren beheranzko jarraipena da eta bukaera izango du zeharkako zatian.

  • Antroa/Zuloa: izen hau hartzen du behealdeak, pilorotik hurbil dago eta honen ataltzat ere jotzen da. Hasiera zabala izango du.
  • Piloro-kanala, aurrekoaren jarraipen zuzena, estuagoa izaten dena.
  • Piloro urdailaren eta duodenoaren artean kokatuta dago. Txegoste-aparatuaren hormako gihar-zuntzen loditze bat da, esfinter bat eratzen duena (esfinter-anatomikoa) urdail-hustuketa kontrolatzeko. Eskuarki uzkurdura egoeran egoten da, baina aldizka lasaitzen da mugimendu peristaltikoekin koordinatuta.

2 aurpegi ditu: aurrekoa eta atzekoa. Atseden egoeran dagoen urdailak hartzen duen forma lauak hauen presentzia ezartzen du.

2 ertz ditu:

Bihurgune txikia aldatu

Bihurgune txikia urdailaren eskuineko ertzean kokatzen da, kardiatik pilorora hedatzen da ahurra aldetik. Ertz honek omentu txikiaren bidez lotzen da urdaila gibelera, bereiziki gibel-duodenoetako lotailuaren bidez. Hortaz gain, luzeranzko tolesak agertuko dira bihurgune txikian eta hauen eratuko dute urdailaren kanala.

Odoleztapenari dagokionez bihurgune txiki honetan  enbor zeliakoraren eskumaldetik ateratzen den gibel arteria batuak ematen duen adarratik  (berariazko gibel arteria) eskuineko urdail arteria ateratzen da, urdailaren bihurgune txikiaren behekaldetik doana ondoren anastomosia egiteko ezkerreko urdail arteriarekin (bihurgune txikiaren goikaldetik).

Bihurgune nagusia aldatu

Bihurgune nagusia urdailaren ezkerreko ertzean kokatzen da, kardiaren goragunetik pilorora hedatzen da ganbila aldetik, ertz honetatik  eta duodenoaren lehenengo zatitik lotzen da omentu handiarekin.

Odoleztapenari dagokionez bihurgune handi honetan eskuineko urdail-omentuetako arteria pasatzen da, urdail duodenotako arteriak emandako azkenengo adarra, bare arteriaren ezkerreko urdail-omentuetako arteriarekin anastomosia egingo duena.

2 zulo:

  • Kardia-zuloak hestegorria eta urdaila komunikatzen ditu.
  • Piloro-zuloa urdaila eta heste mehearen lehenengo zatia da, duodeno deritzona.

2 zati:

  • Luzeranzko zatiak urdailaren fundusa, gorputza eta kardia desberdinduko ditu.
  • Zeharkako zatiak (piloro zatiak) eskuinerantz, gorantz eta atzerantz egingo du eta hiru zati desberdin izango ditu:
    • Piloro-antroa
    • Piloro kanala
    • Piloroa

Bi zatiak desberdintzeko, aipatutako angelu-muxarraduraz aparte, luzatzen den lerro birtual bat izango dugu (gorputzaren amaiera adierazten duena).

Urdailak, bere bi muturretan, finkatze sistema batzuk ditu. Hauek beste abdomeneko organo batzuekiko harremanak zehazten dituzte:

Kardia-muxarradura eta angelu-muxarradura aldatu

Muxarradura bat eremu batean agertzen den koxka da. Urdailean bi daude: kardia eta angelu-muxarradura.

  • Kardia muxarradura: Hestegorria eta kardia lotzen diren eremuan muxarradura bat sortzen da, kardia-muxarradura deitzen dena. Honek hestegorria eta goiko goragunea banatzen ditu. Goiko goragunetik aurrera bihurgune nagusia agertuko da.
  • Angelu-muxarradura: Bihurgune txikiaren beheko atalean, urdailaren luzeetarako eta zeharkako zatia bat egiten dutenean sortzen da muxarradura hau.

Piloroa aldatu

Urdailaren benetako esfinter anatomikoa da, piloro kanalaren amaieran dagoena. Bertan gihar zuntz biribilek eraztun bat sortzen dute piloro zuloa inguratuz eta esfinterra sortuz. Luzetarako zuntz batzuk ere parte hartzen dute esfinterraren sorreran.

Barne-anatomia aldatu

Urdail-paretak, txegoste-aparatuko gainerako egiturak bezala, 4 geruza ditu.

 
Urdailaren kanpo- eta barne-anatomiak

Mukosa-geruza aldatu

Z lerroa ikusten da, non hestegorriaren mukosa eta urdailarena desberdintzen diren.

Ez da geruza leuna, hainbat tolesdura aurkezten dituelako, 2 motakoak direnak:

  • Luzerazko tolesak: bihurgune txikiaren aldean kokatzen dira eta bai aurrekoak bai atzekoak izango dira bihurgune txikiaren makurdura paraleloki jarraituz. Honela toles hauek urdail- kanala (janariaren pasabide azkarra kardiasetik pilororantz) mugatzen dute.
  • Toles irregularrak: bihurgune nagusitik gertu daude eta piloro alderantz hurbiltzean abaniko moduan kokatzen dira, ondoren piloro-zuloaren aldean batuko direlarik.

Toles hauek urdaila betetzean mukosaren azalera handitzea ahalbidetuko dute, tolesdurak desagerraraziz. Geroago urdaila hustu ahala tolesak berragertuz joango dira hainbesteko azalera ez dalako beharrezkoa. Gainera, tolesdura hauen barnean kripta izeneko zulotxo-taldeak daude, non guruin-gastrikoek haien jariakina isurtzen duten.

Geruza osoa 3 azpigeruzatan banatzen da:

  • Epitelioa: azalaldeko zelula mukosoz osatuta dago, mota bakoitzak substantzia desberdina sortzen duelarik. Zelula hauek zutabeka antolatzen dira guruin-gastriko a k osatuz eta honela haien edukia urdail-lumenean jariatzen dute. Zelula mukoso motak hurrengoak dira:[6]
  • Mukosaren berezko azpigeruza: ehun konektibo laxoz osatuta dago.
  • Mukosaren azpigeruza muskularra: 2 azpigeruza ditu, baina ez dira ia desberdintzen.

Geruza submukosoa aldatu

Ehun konektiboz (neurri baten dentsoa) osatuta dago eta hemen aurkitu daitezke hainbat odol-hodi, hodi linfatiko eta bukaera nerbioso. Mukosaren azpian dago eta Meissner plexu nerbiosoa sortzen du.

Fitxategi:BARNE-ANATOMIA 2.png
Urdailaren barne-anatomia

Geruza muskularra aldatu

Geruza hau gihar gastriko bezala hartu daiteke, bere uzkurketei esker elikagai-boloa jariakin-gastrikoekin nahastea eta uhin peristaltikoei esker boloa pilororantz mugitzea lortzen delako.

Gihar leuneko 3 azpigeruzaz osatuta dago, bakoitzean zuntzen norabidea desberdina delarik (hau zeharkako ebaketan argi ikusten da):

  • Barnekoa edo laprana: zuntz lapranak ditu eta aurreko aurpegitik atzekora pasatzen dira kardia-muxarraduratik.
  • Tartekoa edo borobila: zuntz borobilak ditu gorputzetik piloro ra. Piloro a n zuntzak batu eta lodituko dira piloro-esfinterrak sortuz. Hauen bidez elikagaien igarotzea erregulatzen da.
  • Kanpokoa edo luzetarakoa: luzetarako zuntzak ditu. Bihurgune txikitik urrundu ahala ahulagoak izango dira.

Geruza serosoa edo adbentizia aldatu

Errai-peritoneoak osatzen duen ehun konektibo laxoko geruza da eta mesotelio izeneko epitelio geruza batengatik estalita dago. Honek urdaila bere osotasunean inguratzen du eta bihurgunetan luzatzen da hurrengo egiturak eratuz:

Odoleztapena aldatu

Fitxategi:ODOLEZTAPENAA.jpg
Urdailaren odoleztapena
 


Urdailaren odoleztapena abdomen aortaren adarra den enbor zeliakotik sortutako arteriek eta honen adarrek burutzen dute. Hainbat adarrek euren artean anastomosiak eratuko dituzte, honela adar baten fluxua oztopatzekotan, beste adar batek gune horren irrigazioa bermatuko duelako.

Enbor zeliakoa 3 adarretan banatzen da omentu txikiaren barruan (T12 ornoaren mailan):

  • Bare-arteria: enbor zeliakoren adar nagusiena eta lodiena da. Area irrigatzeko hainbat adar eman ondoren eta barean sartuko diren bukaera-adarrak eman baino lehen, hurrengo adarra emango du urdailarentzat.

Zain-itzulera aldatu

Urdailaren itzulera benosoa porta zainaren sistemak burutzen du. Porta zaina 3 adarrek osotzen dute:

Urdailetik hurrengo zainak aterako dira odol desoxigentuarekin eta portan edo bere adarretako baten drainatuko dute:

Porta zaina gibel-hiliotik sartzen da eta gibelean adarkatuko da behetik gora. Adarkadura hauek ondoren gorantz batuko dira gibel-zaina eratuz. Azken hau beheko kaba zainean drainatuko du eta honek odola eskuineko aurikularaino eramango du.[9]

Drainatze linfatikoa aldatu

 
Torax-hodia

Urdaileko linfa itzulera, torax hodiaren bitartez burutzen da. Izan ere, torax-hodiak beheko gorputz-adarretako, azpil-erraietako eta abdomen-erraietako linfa itzulera gauzatuko du.

Urdailaren linfa drainatzea, bihurgune nagusian zehar luzatzen diren gongoil-kateek osatzen dute: ezkerreko eta eskumako nodulu gastroepiploikoak eta ezker eta eskumako nodulu gastrikoak. Hauekin batera, gongoil linfatiko zeliakoak eta pilorokoak ere egiten dute urdailaren drainatzea. Hauetatik linfa guztia kiloaren edo Pequet-en zisternara eramaten dute.  Zisterna, aortaren atzealdean kokatuta dago L2 parean eta torax-hodiarekin jarraitzen da gorantz. Hodiak aortarekin batera zeharkatzen du diafragma giharra eta bizkarrezurraren erdiguneko marra baino zertxobait ezkerralderago igotzen da azigoz zainaren eta aortaren artean.

T5 mailan ezkerrerantz zuzentzen da hestegorriaren atzetik pasatuz eta ezkerreko buru-besondoetako enborrean, hots, barruko zain jugular eta lepauztai-azpiko zainaren batueran, bukatzeko.[6]

Inerbazioa aldatu

Inerbazioa zuzena aldatu

Parasinpatikoa aldatu

Urdailaren inerbazio parasinpatikoa aurreko eta atzeko vagus nerbioaren bitartez burutzen da. Sinapsi aurreko zuntzak hestegorriko zuntzekin batera zuntz batzuk plexu zeliakora doaz eta bertatik piloro eremura gero plexu enterikora zabaltzeko. Hauek giharrezko geruza zeharkatzen dute, bi gihar geruzen artean eta mukosapeko geruzaren artean dauden Auerbach eta Meissner plexuetako gongoil-neuronekin sinapsia egiteko.

Lau eragin nagusi ditu parasinpatikoak urdailean. Alde batetik, urdaileko odoleztapenaren igoera eta urdail-azidoen ekoizpenaren eta jarioren igoera bat eragiten du. Bestalde, peristaltismo mugimenduak areagotzen ditu txegoste-prozesuan laguntzeko, baita piloro-esfinterraren itxiera eragin ere. Azken honi esker, kimoak behar beste denbora emango du urdailean, heste meharrera pasatu baino lehen.

Sinpatikoa aldatu

Urdailaren inerbazio sinpatikoaz nerbio esplakniko nagusiak (T5-9) arduratzen dira. Sinapsi aurreko zuntzak plexu zeliakora iristen dira eta gongoil zeliakoko neuronekin sinaptatzen dute. Sinapsi osteko zuntzek enbor zeliakoak ematen dituen odol-bideak jarraituko dituzte urdaileraino, plexu enterikora.

Sinpatikoaren aktibazioaren ondorioz odoleztapen eta jariaketaren murrizketa bat emateaz gain, peristaltismo mugimenduak ere eten egiten dira. Gainera, piloroa ireki egiten da urdailean digeritutako kimoa heste meharrera igarotzeko.

Nerbio-sistema enterikoa aldatu

Urdaila, eta berez txegoste-aparatu osoa, nerbio-sistema enterikoaren[10] zatia da. Sistema hau, 100 milioi neurona inguruz osaturik dago, sentiberatasunaren funtsezko puntu bihurtzen duena. Izan ere, neurona hauek nerbio-sistema zentralarekin noranzko biko harremana dute eta hauek burmuinetara zuzenean bidaltzen diren seinale bihurtzen dira.

Nerbio-sistema enterikoa "bigarren burmuin" gisa deskribatu da modu autonomoan funtziona dezakeelako. Normalean, nerbio-sistema zentralarekin komunikatzen da nerbio-sistema parasinpatiko (adibidez, bago nerbioaren, Auerbach eta Meissner plexuen bidez) eta sinpatikoaren bidez (adibidez, bizkarrezur aurreko gongoilen bidez). Hala ere, ornodunen ikerketek erakusten dute bago nerbioa mozten denean nerbio-sistema enterikoak funtzionatzen jarraitzen duela.

 
Inerbazioa

Ornodunetan, nerbio-sistema enterikoa neurona eferentez, neurona aferentez eta interneuronez osatuta dago eta, ondorioz, erreflexuak garraiatzeko eta zentro integratzaile gisa jarduteko gai da nerbio-sistema zentralaren eraginik gabe.

Hasteko, neurona sentsorialek baldintza mekaniko eta kimikoei buruzko informazioa ematen dute. Ondoren, sortuko den erantzuna zenbait faktoreren arabera (hala nola, mantenugaien bolumen eta osaera) moldatzen da. Azkenik, hesteetako giharren bidez, neurona motorek peristaltismoa eta hesteetako edukiaren asaldura kontrolatzen dute.

Beste neurona batzuek entzimen jariaketa kontrolatzen dute. Gainera, nerbio-sistema enterikoak burmuinetako astrogliaren antzekoak diren zelula-laguntzaileak eta gongoilak inguratzen dituzten kapilarren inguruko hedapen hesia ere du (azken hau burmuinetako hesi hematoentzefalikoaren antzeko egitura izanik).

Nerbio-sistema enterikoak 30 neurotransmisore baino gehiago erabiltzen ditu, horietako gehienak nerbio-sistema zentralean aurkitzen direnen berdinak direlarik. Honen adibide hurrengoak dira:

Enbriologia aldatu

Urdaila, txegoste-hodi primarioaren dilatazio prozesuaren ondorioz garatzen da (aurreko hestearena konkretuki) eta ikuskorra egiten da haurdunaldiaren 4. astetik aurrera. Dilatazio prozesuan zehar, atal dortsala azkarrago haziko da, urdailaren bihurgune handiaren jatorria izango dena. Gainazal bentralak, aldiz, bihurgune txikia osatuko du.

4-6 asteetan zehar, urdailak nerbio bagoaren inerbazioa jasoko du ezker eta eskuinetik: ezkerretik ezkerreko bagoarena eta eskuinetik eskuineko bagoarena hain zuzen ere. Hazkuntza gertatzen den heinean, 7-8. asteetan urdailak luzetarako ardatzarekiko 90º orduen biraketa egiten du. Honen ondorioz, lehen alde dortsala zen bihurgune handia ezkerrerantz orientatuko da eta atal bentralean zegoen bihurgune txikia eskumalderantz orientatuko da​ [11]. Hori dela eta, 7-8 asteetatik aurrera urdailaren bentraldea ezkerreko bagoak inerbatuko du eta dortsaldea eskuineko bagoak.

Garapenean zehar, urdailak beste biraketa bat jasango du, baina hau zeharkako ardatzarekikoa izango da. Horrenbestez, hestegorriarekin elkartuta dagoen urdailaren hasierako aldea (kardias) goian egotetik ezker-behealdera mugituko da eta bukaerako zatia (piloroa) erdialdean egotetik goi-eskuinera mugituko da.

Azken posizioa beraz, goitik beherakoa eta zeharkakoa izango da; hau da, ezker goialdetik eskuin behealdera orientatua geratuko da urdaila.

Fisiologia aldatu

Urdaila distentsibilitate gaitasun handiko organoa da, 1-1,5 litroko edukiera duena. Elikagaiak hestegorritik dagoeneko txikituta jasotzen baditu ere, urdailean txegoste kimiko eta mekanikoarekin jarraituko da. Horretarako, pareta osatzen duten zelulek txegosteko lagungarriak diren substantziak ekoiztuko dituzte eta hauek jariakin-gastriko izena hartuko dute. Jariakin-gastrikoen osagai nagusiak azido klorhidrikoa eta pepsina dira, lehenaren funtzioa elikagaien proteinak digeritzea eta mikroorganismoen gehiengoa suntsitzea izanik eta bigarrenarena proteinak peptido txikiagoetan eta aminoazidoetan degradatzea.

Elikagaiak jariakin-gastrikoekin nahastean substantzia erdi-isurkari oso azido bat sortzen da, kimo izena hartuko duena. Kimoa urdailetik igaroko da, piloroa zeharkatuko du eta heste mehean sartuko da, non substantzien xurgapen prozesuaren atal nagusia gertatuko den.[12]

Urdailaren azidotasun maila kontrolatzea beharrezkoa da eta horretarako hainbat molekula erregulatzailea daude, esate baterako: azetilkolina, histamina, gastrina, sekretina eta prostaglandina E2.

 
Urdailaren hustuketa eta nahasketa

Hustuketa eta nahasketa gastrikoa aldatu

Jan ondoren, elikagaiak jariakin gastrikoarekin nahastuko dira kimoa sortuz. Hau kantitate txikietan igaroko da duodenorantz, hestearen xurgapen eta txegoste-mekanismoak ez asetzeko asmoz.

Hustuketa gastrikoa aurretik txikitutako eta nahastutako elikagaiak kanporatzean datza, urdailetik duodenorantz. Prozesu hau, urdailaren paretaren giharrezko geruzaren zuntzen uzkurketaz eratutako tolesdura peristaltikoei esker gertatuko da.[13]

  • Hustuketa gastrikoa: aurretik txikitutako eta nahastutako elikagai en eliminazioa n datza, urdailetik duodenorantz. Prozesu hau, urdailaren paretaren giharrezko geruzaren zuntzen uzkurketaz eratutako uzkurketa peristaltiko ei esker gertatuko da, fundus aren goiko zatian jatorria daukatenak. Hauek beherantz hedatzen dira piloro-esfinterraren norabidean, gero eta indartsuago bihurtuz. Antroaren Uzkurketa-indar peristaltikoa kimo a bultzatzen duen heinean, honen zati txikia pilorotik igaroko da duodenora. Antroaren uzkurketa zenbat eta handiago izan, urdaila are gehiago hustuko da.
  • Nahasketa: piloro-esfinterra itxita egongo da eta, beraz, uzkurketa peristaltikoen bidez kimoa pilorora heltzean ez da hustuketarik gertatuko. Ondorioz, kimoa aurrerantz bultzatzean eta esfinter itxira heltzean, atzera bueltatuko da, honela antroan aurrerantz eta atzerantz bultzatuta izanik.

Mukiaren jariapena aldatu

Urdailaren paretako mukosa geruzako bi zelula moten bidez eratuko da: azaleko mukosa zelulak eta lepoko mukosa zelulak. Bakoitzak muzina mota bat jariatzen du eta honek glikoproteinekin eta urarekin batzean muki gastrikoa eratuko dute. Mukiaren funtzioen artean mukosa geruza urdail-barrunbearen giro azido korrosiboaz babestea egongo da.[14]

Gastrina jariapena aldatu

Gastrina urdailaren antroan kokatutako G zelulek jariatutako hormona da. Hau odolera pasatzen da eta bai hustuketa gastrikoa bai zelula parietalen azido klorhidriko sintesia estimulatzen dute. Gainera, hestegorriko barne-esfinterra uzkurtzen dute, piloroko esfinterra erlaxatu eta ECL zelulak estimulatu histamina sintetizatu dezaten. Beraz, gastrina aktibitate gastrikoaren erregulatzailerik garrantzitsuenetarikoa da, urdailaren distentsio eta pH igoeraren erantzun gisa jariatzen dena.[14]

Histamina jariapena aldatu

Histamina fisiologia gastrikoan garrantzi handiko molekula da. Urdail-guruinetan kokatutako ECL zelulek jariatzen dute gastrinari erantzun gisa. Histaminak zelula parietaletan aurkitzen diren H2 hartzaileak estimulatzen ditu, azido klorhidrikoaren sintesia estimulatuz. [14]Medikuntzan, H2 hartzailearekiko antagonistak diren medikamentuak erabiltzen dira (ranitidina, adibidez) azidoaren sintesiaren murrizketa lortzeko eta hainbat gaixotasun gastrikoen sintomak lasaitzeko.

Protoi-ponpa aldatu

Mintz-zelularraren garraio aktiboko mekanismoa da, zeinetan H+ jariatzen den eta K+ ioiekin ordezkatzen diren. Prozesu hau urdaileko zelula parietaletan gertatzen da eta azido klorhidrikoaren eraketaren oinarria izango da. Medikamentu batzuek (adibidez omeprazola) protoi-ponpa inhibitzeko eta azidotasun gastrikoa murrizteko gaitasuna daukate.[15]

Gaixotasunak aldatu

Gastroenterologoek tratatzen dute organo honekin lotutako eritasunak. Haien artean, hauek dira nabarmenenak:

Urdaila aztertzeko, gaur egungo proba osagarririk onena endoskopia da, biopsiak hartzea ere ahalbidetzen duena.

Aipatzekoa da Helicobacter pylori bakterioa. Hau Helicobacter generoko bakteriorik ezagunena da giza-patogenoa delako. Bakterio honek urdaileko zein duodenoko ultzerak (ultzera peptikoak) eta gastritis kronikoa, batik bat, eragin dezake. Hala ere, bakterio honen eramaile osasuntsu asko ere badaude, gaixotasun gastrikoen arrastorik ez dutenak.

Beste espezie batzuetan aldatu

Urdailen forma eta tamaina zehatzak ornodunen espezie ezberdinen artean asko aldatzen den arren, hestegorrirako eta duodenorako irekiduren posizio erlatiboak nahiko konstante mantentzen dira. Lanproiek (hyperoartia), mixinek, kimerek, arrain birikadunek eta zenbait arrain teleosteoek ez dute urdailik, beraz hestegorria uzkian irekitzen da zuzenean. Animalia horien dieta elikagaiak gutxi biltegiratzea eskatzen dutenak edo jariakin-gastrikoekin aurretxegoste-prozesurik behar ez dutenak dira.[16]

Estaldura gastrikoa bi eskualdetan banatzen da, aurreko zatia guruin fundikoz inguratua eta beste zatia guruin pilorikoz. Kardietako guruinak ugaztunetan soilik aurkitzen dira, espezie askotan falta diren arren. Izan ere, guruin horien banaketa espezieen artean aldatzen da eta beti ez datoz daude gizakien eskualde berberarekin. Honen arrazoietako bat gizakiak ez diren ugaztun askotan kardietako guruinekiko aurreko urdail-zati bat funtsean hestegorriaren epitelio berarekin lerrokatzen dela da.

Bestalde, hausnarkariek hainbat kameraz osatutako sabel-konplexu bat dute. Gainera, hegazti eta krokodiloek urdaila bi eskualdetan banatuta dute, sorburua guruin fundikoek inguratzen duten eskualde tubular estua dena eta laborantzarako benetako urdaila konektatzen duena. Harantzago, irismen handiko gihar-errota dago, guruin pilorikoek inguratzen dutena, eta, espezie batzuetan, animaliak irensten dituen harriak ditu, elikagaiak xehatzen laguntzeko.


Erreferentziak aldatu

  1. Díaz-Rubio, Manuel, 1941-. ([2007]). Trastornos motores del aparato digestivo. (2a. ed. argitaraldia) Médica Panamericana ISBN 978-84-9835-112-5. PMC 434316559. (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  2. Información para pacientes: Anatomía y fisiología del tubo digestivo.Societat Catalana de Digestología. Consultado el 20 de mayo de 2018.
  3. «peritoneo_estmago_duodeno_pncreas.pdf».
  4. Netter, Frank Henry, 1906-. (2003). Atlas de anatomía humana. (3a. ed. argitaraldia) Masson ISBN 84-458-1297-1. PMC 503402401. (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
  5. Schwartz's principles of surgery. (9th ed. argitaraldia) McGraw-Hill, Medical Pub. Division 2010 ISBN 978-0-07-154769-7. PMC 263295031. (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
  6. a b Tortora, Gerard J.,. Principios de anatomía y fisiología. (15.ª edición. argitaraldia) ISBN 978-607-8546-11-4. PMC 1055882890. (Noiz kontsultatua: 2020-11-27).
  7. REVISTA FUNEC CIENTÍFICA - MULTIDISCIPLINAR - ISSN 2318-5287 6 (8) 2018-12-05  doi:10.24980/rfcm.v6i8. ISSN 2318-5287. (Noiz kontsultatua: 2020-11-27).
  8. Latarjet, M.. (©2004-2005). Anatomía humana. (4a ed.. argitaraldia) Médica Panamericana ISBN 950-06-5080-0. PMC 803213543. (Noiz kontsultatua: 2020-11-27).
  9. https://web.archive.org/web/20200218032305/http://publicacionesmedicina.uc.cl/Anatomia/PaginasWeb/TRONCO/digestivo/GUIA8.html Esófago, estómago e intestinos
  10. Dra. Trujillo Jorge, Dra. Frank-Márquez Nadine, Sistema nervioso entérico y motilidad gastrointestinal.
  11. Sleisenger y Fordtran: Enfermedades digestivas y hepáticas. Consultado el 25 de mayo de 2018.
  12. El cuerpo humano. Salud y enfermedad. Memmler 11ª edición. Consultado el 20 de mayo de 2018.
  13. De la fisiología del vaciamiento gástrico al entendimiento de la gastroparesia. Educación médica continuada, 2010, Asociaciones Colombianas de Gastroenterología, Endoscopia digestiva, Coloproctología y Hepatología. Consultado el 25 de mayo de 2018.
  14. a b c Actualización de la Fisiología Gástrica. Med. leg. Costa Rica vol.27 n.2 Heredia sep. 2010.
  15. PhD, John W. Baynes; Dominiczak, Marek H. (15 de marzo de 2019). Bioquímica Médica. Elsevier Health Sciences. ISBN 978-84-9113-411-4. Consultado el 22 de noviembre de 2019.
  16. Romer, Alfred Sherwood, 1894-1973.. (1977). The vertebrate body. (5th ed. argitaraldia) Saunders ISBN 0-7216-7668-5. PMC 3003870. (Noiz kontsultatua: 2020-11-22).

Kanpo estekak aldatu