Diafragma (grekeraz διάφραγμα diáphragma "banaketa") edo sabel-sabaia torax-barrunbea eta sabelaldea banantzen duen gihar eskeletiko zabala da[1], arnasketan funtsezko papera jokatzen duena.

Diafragma
Xehetasunak
InsertzioaSaihets ertza
Saihets-hezurra
Xifoide apofisia
Gerri-ornoa
Orno torazikoa
Hona
drenatzen du
Goiko zain frenikoa
ArteriaArteria perikardiofreniko
ZainaGoiko zain frenikoa
NerbioaNerbio freniko
Muskuluaren akzioaMugimendu inspiratzailea
Identifikadoreak
Latinezdiaphragma
MeSHA02.633.567.900.300
TAA04.4.02.001
FMA13295
Terminologia anatomikoa

Orohar, diafragma terminoak anatomikoki egitura lauei erreferentzia egiten badie ere (diafragma urogenitala edo diafragma pelbikoa esaterako), diafragma giharraren inguruan aritzean orokorrean diafragma torazikoari egiten zaio erreferentzia.

Horretaz gain, beste egitura anatomiko batzuetan bereizketak egingo ditu: aorta arteria (toraxeko aorta eta abdomeneko aorta), eta kaba zaina (goiko kaba eta beheko kaba).

Egitura anatomikoa aldatu

Kupula itxuradun muskulua da, eta kupula horrek goranzko norabidea hartzen du bere zati gorena toraxera orientatuta dagoela. Toraxaren eta sabelaldearen arteko mugatzat dihardu. Diafragmaren erdian ehun konektibozko depresio bat egongo da, gune horri zentro frenikoa deritzo[2] eta bertan apoiatuko da bihotza torax aldean.

Gihar asimetrikoa kontsideratzen da bere intserzioak ezberdinak direlako ezker eta eskuin aldean. Diafragmaren eskuineko kupula, ezker aldekoa baino garaiagoa izango da, eskuineko kupularen azpian gibela dagoelako eta hau abdomeneko errairik handiena izanik, kupula gorantz bultzatuko du.

Giharraren intserzio puntu ezberdinek diafragmaren zuntzen norabide ezberdinak determinatzen dituzte:

  • Alde esternalean bularrezurraren xifoide apofisian ezarriko da. Hor diafragmaren zuntzek triangelu txiki bat eratuko dute trigono esternokostala izenekoa eta bertatik zentro frenikoaren erdialdeko ertzera abiatuko dira zuntzak.
  • Saihets aldean 7-12 kartilago kostalen barrualdeko aurpegietan ezarriko da eta zuntzek saihetsetatik zentro frenikorako norabidea hartuko dute. Zentro frenikoaren alboko ertzan eta atzeko ertzaren alboko aldean ezarriko dira.
  • Lunbar aldean bi zutabe tendinotsutan ezarriko da. Erdiko zutabea edo zutabe medialak, eskuinean luzeagoak izango dira ezkerrean baino, eskuinean T12tik L3ra eta ezkerrean ordea L1etik L3ra doalako. Zutabe horiek halaber lotailu arkuatoak eratuko dituzte eta hortik giharrak igaroko dira: psoasaren arkua edo lotailu arkuato mediala eta lauki lunbarraren arkua edo alboko lotailu arkuatoa. Psoas muskuluaren arkuaren pasabidearen aurreko aldean lotailu arkutu mediala kokatzen da, L1 ornoaren alboko aurpegitik L1-en saihets itxurako apofisira doana. Gerriko muskulu karratuaren diafragman zeharreko pasabidearen aurreko aldean giharraren fasziaren loditasun bat dago, alboko lotailu arkutu deritzona, eta L1 ornoaren saihets-itxurako apofisitik 12. saihetseraino doa. Bi zutabeen artean aortaren pasabidea kokatzen da, aorta abdominalaren eta aorta torazikoaren arteko muga anatomikoa ezartzen duena. Aortaren hiatoaren aurreko aldean erdiko lotailu arkutua kokatzen da. Eskuin aldeko zutabearen zuntzen norabidea gorakoa da, eta diafragmaren atzeko ertzera iristean ezkerrera biratzen dute. Eskuin aldeko zuntzek soilik hestegorriaren hiatoa eratuko dute, eraztun bat balira moduan.[1] Zutabe honetatik duodenoaren lotailu esekitzailea (Treitz) sortuko da, duodenoaren gorazko zatian ezarriko dena. Ezkerreko zutabearen zuntzek gora eta ezkerrera egiten dute, eta hauek ez dute hestegorriaren hiatoan parte hartzen.

Erlazio anatomikoak aldatu

Torax aldean diafragmak ondorengo organoekin du harreman zuzena: Birikekin, bihotzarekin eta hestegorrirekin.


Sabel barrunbean, ordea, gibel, urdail eta barearekin du erlazioa.

Pasabideak aldatu

  1. Hestegorriaren hiatoa: giharrezko zuntzez osatuta dago eta ezaguna da hiatoaren herniagatik (inguruko muskulua ahuldu egiten da eta urdailaren azidotasunak gora egiten du).
  2. Aortaren hiatoa: Ornoekin erlazionatuko da, atzealdean egongo baita. Beheranzko aorta edo aorta torazikoa, sabel aorta izatera pasatzen da hiato hau zeharkatzen duenean.
  3. Beheko kaba zainaren pasabidea: Zentro frenikoan dagoen zulo handia da  eta ez du hiato izena hartzen, pasabidea baizik. Zentro frenikoaren eskuin aldean egongo da. Bertatik, beheko bena kabarekin batera, eskuineko nerbio frenikoa igarotzen da (nerbio honek inerbatuko du muskulua).
  4. Trigono esternokostala: esternoia eta saihetsaren arteko pasabidea izango da. Oso txikia da eta aurreko aldean dago. Bertatik barneko arteria mamarioak edo barneko arteria torazikoak igarotzen dira, goiko arteria epigastriko (atal terminala) moduan, zain eta linfa-hodi atxikiekin, paretako odol hodiak izango direnak.
  5. Trigono lunbokostala edo bertebrokostala: Atzeko aldean daude, orno lunbarren eta saihetsen artean daude. Diafragmaren atze aldeko zuntzak abaniko moduan zabaltzen eta txertatzen dira, eta norabide ezberdineko zuntz hauen artean pasabide teoriko bat egongo da. Zenbaitetan Bochdalek-en hernia edo hernia diafragmatikoa ematen da, jaiotzetiko akats bat dena.[3]

Funtzioa aldatu

Arnas muskulu nagusia izango da eta gainontzeko arnas-giharrekin batera arnasketa funtzioa beteko du.

Diafragma uzkurtzean beherantz mugituko da eta kabitate torazikoa handituko du inspirazioa eraginez, ekintza hau aktiboa izango da, muskuluen uzkurketa behar duelako.

Inspirazioaren mugimendu antagonikoa espirazioa izango da, eta honetan, diafragma erlaxatu eta zentro frenikoa igoko da toraxeko parametroak deskantsuko posiziora bueltaraziz eta airea biriketatik ateraz. Inspirazioa ez bezala ia guztiz pasiboa izango da, beste muskulu batzuek espirazioan lagunduko badute ere.

Inerbazioa aldatu

Inerbazioa ia exklusiboki alde subdiafragmatikotik dator, eskuin eta ezkerreko nerbio frenikoetatik hain zuzen ere. Gogoratu bi nerbio frenikoek ibilbide ezberdina dutela: eskuinekoa zentro frenikotik, zuzeneko ibilbidea, eta ezkerrekoa giharrezko eremutik, bihotzaren ertzetik nolabait alboratuta.

Nerbio frenikoa C3-C4-C5 mailetatik etorriko da. Garapenari erreparatuz, honen aurretiko egitura septum transversum zen, hau lepo parean zegoen liseri aparatuaren muga; hau da, nahiz eta asko garatu enbrioi garaiko inerbazio bera mantentzen du. Nerbio bakoitzak hemidiafragma bat inerbatuko du, hau da, diafragmaren erdia.

Odoleztapena aldatu

Irrigazio ia guztia alde subdiafragmatikotik jasoko du gihar honek.

Arteria diafragmatikoak izango dira irrigazioaren arduradunak. Hauek sabel aortaren adarrak dira. Behin sabeleko aorta bilakatu dela, bi adar nagusi emango ditu, beheko arteria diafragmatikoak. Hala ere, irrigazioa alde torazikotik ere badatorkio. Honen eredu ditugu: arteria interkostalak eta arteria muskulufrenikoak (titi arteria edo mamarioaren adarrak dira azken hauek); hauek aorta oraindik torazikoa den eremutik irteten dira.

Fisiologia aldatu

Garrantzia handia dauka arnas aparatuarekin batera oxigenoaren sarrera eta karbono dioxidoaren irteera ahalbidetzeko mugimenduetan.

Halaber, digestio-aparatuaren funtzioa bide onetik ibiltzeko laguntzen du gihar honek.

Lotutako gaixotasunak aldatu

Galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b L., Drake, Richard. (2010). Gray. Anatomía para estudiantes.. (2nd ed. argitaraldia) Elsevier Health Sciences Spain ISBN 9788480868358. PMC 882776235. (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
  2. Heinz., Feneis,. ([1997]). Giza anatomiako poltsiko-atlasa : nazioarteko nomenklaturan oinarritua. Elhuyar Kultur Elkartea ISBN 8487114334. PMC 434234198. (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
  3. Clifton, Matthew S.; Wulkan, Mark L.. (12 2017). «Congenital Diaphragmatic Hernia and Diaphragmatic Eventration» Clinics in Perinatology 44 (4): 773–779.  doi:10.1016/j.clp.2017.08.011. ISSN 1557-9840. PMID 29127959. (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).

Kanpo estekak aldatu