Nefrona
Nefrona[1] giltzurrunaren oinarrizko unitate anatomiko eta funtzionala da, odola garbitzeaz arduratzen dena. Bere funtzioa odola iragaztea da, beharrezkoa dena birxurgatu eta behar ez dena gernuaren bidez kanporatuz. Giltzurrunaren azalean kokatzen da.
Nefrona | |
---|---|
Nefronaren eskema: 1. Glomerulua, 2. Arteriola eferentea 3. Bowmanen kapsula, 4. Hurbileko hodixka 5. Azaleko hodi biltzailea, 6. Urruneko hodixka 7. Henleren lakioa, 8. Belliniren hodia 9. Hodixken inguruko kapilarra 12. Arteriola aferentea 13. Aparatu justaglomerularra Irudi gehiago | |
Xehetasunak | |
Honen parte | giltzurruna |
Kokapena | giltzurrun-azala giltzurrunaren muina |
Konponenteak | Giltzurrun-korpuskulua kidney tubule (en) |
Arteria | Arteriola aferente |
Identifikadoreak | |
MeSH | A05.810.453.736 |
FMA | 17640 |
Terminologia anatomikoa |
Giltzurrun batek milioi bat nefrona inguru ditu. Giltzurrunaren funtzioa mantentzeko ez dago nefrona guztien beharrik, horregatik batzuk ez dira funtzionalak. Hala ere, nefrona funtzional batek kalteren bat jasaten badu, eraberritzen ez denez, ordura arte funtzionala izan ez den bat jartzen da lanean. Bestalde, gizakia giltzurrun bakar batekin bizitzeko gai dela esan behar da.
Nefrona bi ataletan banatzen da:
- Giltzurrun-korpuskulua. Glomeruluak eta berau inguratzen duen Bowmanen kapsulak osatzen dute. Glomerulua kapilarren multzo bat da. Glomerulu eta Bowmanen kapsularen artean hutsune bat dago. Hutsune horretara glomerulutik likidoa pasatzen da, ondoren Bowmanen kapsulara iragaziz.
- Giltzurrunetako hodixka. Bowmanen kapsulatik giltzurrun hodixka ateratzen da. Hodixka honek hiru zati nagusi ditu:
- Hurbileko hodixka bihurgunetsua. Glomerulutik hurbilen dagoen atala.
- Henleren lakioa. Goranzko eta beheranzko hodia ditu.
- Urruneko hodixka bihurgunetsua. Hodixka biltzaileekin elkartzen da.
Nefrona guztiaren hodixka biltzaileak hodi biltzaile bakar bat eratuz elkartzen dira. Hodi honek giltzurrun-pelbisean husten du daukan likidoa.
Nefronaren hodiaren paretak epitelio zelulez osaturiko geruza bakar batez osatuak daude, nahiz eta zelulen eta zelula arteko lotuneen egiturak ez diren berdinak eta zeregin desberdinak bete ditzaketen nefronan zehar. Esan behar da, bestalde, hodi biltzaileak ez direla nefronarenak berez, enbrioi jatorri desberdinekoak baitira.
Nefronaren egitura zein den ikusirik, aise ulertzen da giltzurrunaren azalaren eta muinaren arteko aldea. Azalak bikor itxura du hark hartzen dituelako bere baitan nefronen glomerulu guztiak eta hurbileko eta urruneko hodixken atal bihurgunetsu guztiak. Muina Henleren lakioez eta hodi biltzaileez osatua da, eta ibilbide zuzen samarra egiten dute osagai horiek.
Nefrona motak
aldatuBi eratako nefronak daude, kortikalak eta muinaren albokoak. Glomeruluak giltzurrun azalean duen kokagunea eta Henleren lakioaren sakontasuna dira bi nefrona moten arteko desberdintasunak. Nefrona kortikalek kanpoaldeko azalean dituzte beren glomeruluak, eta lakioak oso laburrak dira. Muinaren albokoetan, aldiz, azalaren barnealdean daude glomeruluak eta lakioak oso sakonera iristen dira, ia piramideetaraino.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/07/22 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskalterm: [Nefrourologia Hiztegia] [2016]