Zacarias Moussaoui

musikari frantziarra

Zacarias Moussaoui[1] (Donibane Lohizune, 1968ko maiatzaren 30a -) 2001eko irailaren 11ko atentatuetan parte hartu zuelakoan kondenatuta dagoen pertsona bat da. Lapurdin jaioa, gehienbat "franko-marokoar" agertu da hedabideetan. Egun Florence (Kolorado, AEB) hiriko kartzela batean dago bizitza osorako zigorra betetzen.

Zacarias Moussaoui

Bizitza
JaiotzaDonibane Lohizune1968ko maiatzaren 30a (55 urte)
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
Familia
AmaAicha el-Wafi
Hezkuntza
HeziketaLondresko South Bank Unibertsitatea
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaislama

Biografia aldatu

Lehen urteak aldatu

Aïcha el Wafi bere amak 14 urte zuenean ezagutu zuen Omar Moussaoui aita, Marokoko Fezekoa. Bertsio bi jasotzen dira: ama beraren arabera ezkontzen behartu zuten, izeko-osabek eta amamak hori ukatzen dute.[2]

Amak 20 urterekin bi alaba zituen jada, Nadia eta Jamila. Aitak lan egiteko aukera izan eta Baionan kokatu zen familia. 1967an Abd Samad jaio zen eta 1968an Zacarias, hau Donibane Lohizunen.

Hiru urte beranduago gurasoak banatu ziren. Aitarekiko harremana momentuz galduta,[3] 1971ko uda Dordoinan (Okzitania) eman zuten eta irailean Mülhausenera (Alsazia) joan ziren, non bere amak lana topatu zuen. Ia berehala lau seme-alabak umezurztegi batean utzi zituen. Denbora bat pasatu eta gero amak seme-alabak berreskuratu zituen eta egoera latzean bazen ere (adibidez Nadiak 12 urterekin etxeko lan askoren ardura hartu zuen, Burzweiler auzo gatazkatsuan bizi ziren eta Ipar Afrikakoen artean giro ona bazegoen ere, beste zenbait auzokideren jazarpen arrazista jasan behar izan zuten) aurrera ateratzea lortu zuten.

1974an Maroko familiaren jatorrizko herria ezagutu zuen estrainekoz bost urte zituela. Hurrengo urteetan segituko dute Mülhausenen eta eskubaloian izugarrizko zaletasun eta iaiotasuna garatu zituen. Hori dela eta amak beste norabait lekualdatzeko eskaera egin zuenean Zacarias kontra atera zen, kirolen inguruko ikasketak egin nahi zituelako. Kasurik egin ez eta Narbonara (Okzitania) jo zuen familiak; bertan ere Rasimbaud auzo arazodunean bizi izan ziren eta beste gaztetxo batzuekin batera lapurretan ibili zen; hala ere ikasketak ez zituen utzi, nahiz eta eskubaloiaren ingurukoa bazterrean geratu.

Auzoz aldatu eta 15 urterekin adin bereko Fanny neskatoa ezagutu zuen. Bere anaia hurkoa den Abd Samadek aipatzen du hamar urteko maitasun istorioa izan zutela, neskaren guraso arrazisten kontrakoa bazen ere. Hori umezurztegiaren, amarekiko harreman txarren eta lekualdatzearen esperientziei zitzaien.

Amak ez zien arabieraz egiten eta seme-alabek eskatuta ere ez zien ia ezer erakutsi ezta transmititu ere arabiar kultura edota erlijio musulmanari buruz; auzokide askorekin konparatuta ez ziren marokoar jatorrikoen moduan bizi izaten. Anaiak dio meskita batera 25 urterekin joan zela lehen aldiz Montpelhièrren baina Zacariasen kasuan Ingalaterran zapaldu zuela bat beranduago lehen aldiz.

Aldaketa aldatu

Batxilerra amaitu eta Perpinyàra (Katalunia) joan zen ingeniaritza mekaniko eta elektrikoa ikastera; Fanny ere bertara joan zen. Urtebetea ikasketa nahiz lanari buruz argilunekin pasatzen zen bitartean, Golkoko Gerraren inguruko ika-mikak hasi ziren unibertsitateko ikasleen artean, amerikar eta bonbardaketen aldekoak alde batetik eta arabiar zibilen aldekoak bestetik. Frantziak tropak bidali izana ere eztabaidagai bihurtu zen. Anaiaren arabera segur aski une honetan erabaki zuen Zacariasek "beltzetakoa"[4] zela eta ez "zurietakoa". Giro horretan pentsamendu politiko-islamiko tinkoa zuen talde batekin hala moduzko harremanak izan zituen.

Ingelesa hobetu nahi eta Fannyren iritziaren kontra (baina anaiak ondo ikusten zuen, eragin berri honengandik aldentzearren) Ingalaterrara joan zen. Hasiera gogorren ostean bere lekua bilatzen hasi zen. South Bank University delakoan sartu zen, geroago Nazioarteko Merkataritza master bat egin nahian. Hala ere bisitaldietan familiari ematen zien bere Erresuma Batuarekiko ikuspegia jatorri desberdineko pertsonak ez zirela nahasten (auzo banatuak) eta azaleko tolerantzia baino ez zegoela. Bisitaldi hauetan ez zuen erlijioan interes berezirik erakusten eta oraindik 1994an anaiak aipatzen du ez zela meskitara joaten. Fannyrekiko harremanaren amaieraren garaiak ere izan ziren.

1994tik aurrera zenbait gairi buruzko (emakumeek lan egiteaz kasurako) bere jarrera aldatuz joan zen Abd Samad anaiak dioenaren arabera eta honek 1995ean galdu zuen kontaktua berarekin 2001eko irailaren 11ko atentatuak direla eta argazki batean ikusi arte. Jamila arrebaren eta beste testigantza batzuen arabera wahhabismoan inspirazioa izan zezaketen komentarioak entzun zitzaizkion; bai Marokora egindako bisitaldian izaniko portaerak bai Jamilari erakutsitako itxurak (bizarra) bide horretatik apuntatzen zuten.

Horren eta ikerketen arabera Londresen garatu zuen muturreko talde islamista batzuekiko harremana eta 1995ean bertan egin ei zuen Afganistanerako lehen bidaia.

1997an Frantzian, Erresuma Batuan eta Marokon kokatzen dute; azken honetatik bota egin zuten. Ekialde Hurbilera ere joan zen eta informazio zerbitzu sekretu frantsesek Txetxenian ere kokatzen badute ere bere abokatuek hori ukatzen dute.

1998 eta 1999an Afganistango Al Kaidako eremuetan lokalizatu zuten eta bertan Khalid Sheikh Mohammed ustez irailaren 11ko atentatuetako bultzatzaile nagusia ezagutu zuen.

2000n Malaysian egon zen hegazkinen pilotajean hasi nahian baina bere jarrera pertsonalagatik bertako Jamaa Islamiyak New Yorken kontra prestatzen ari ziren atentatuetarako baztertu zuen. Hala ere bere pasaporte frantsesak mugak zeharkatzeko erraztasuna eskaintzen ziola eta 2001eko otsailaren 23an Chicagora heldu zen diru kopuru handi batekin eta geroago Oklahoma Hirian instalatu zen; bere ingurumarian egin zituen pilotaje ikastaroak, geroago Minnesotan eta Alemaniako Hamburg eta Düsseldorfen segitu zituenak. Ramzi Bin al-Shibh Al Kaidako kide yemendarrak bidalitako dirua erabili zuen horretarako.

2001eko abuztuaren 13an Minneapolis inguruko Eagan hiriko Pan Am International Flight Academyn izena eman zuen Boeing 747 baten hegalaldiaren simulatzaile bati buruzko ikastaroa segitzeko. Berehala instruktoreek susmoak izan zituzten eta abuztuaren 16an atxilotu zuten; dokumentazio faltsua zuenez immigrazio legeen kontrako delitu batengatik kartzelatu zuten.

Epaiketa aldatu

Epaiketaren aurrekoak aldatu

Atentatuen egunean kartzelan bazegoen ere 2001eko abenduaren 11n "aktiboki esku hartzeaz" akusatu zuten. Sei akusazio egin zitzaizkion, horietako lau hiltzera kondenatzeko arriskua dutenak AEBetako legediaren arabera.

2002ko urtarrilaren 2an Alexandriako (Virginia) epaitegi federalaren aurrean deklaratzeari uko egin zion. Ekainaren 13an epaileak Moussaouiri bere burua defenditzeko baimena eman zion eta uztailaren 18an erruduna eta Al Kaidako kidea zela deklaratu zuen. Baina uztailaren 25ean iritziz aldatu eta "ez erruduntzat" jo zuen bere burua.

Al Kaidako buruzagi kartzeleratu batzuek esan zutenez[5] Moussaoui ekintza horien prestaketatik baztertu zuten arraroegia zelako eta akaso Europan edo Ekialde Hurbilean burutzekoa izango zen ekintzaren batean esku har lezakeela pentsatzen zutela. Defentsaren arabera ez zegoen zuzenean atentatuetan inplikatuta.

Epaiketan tirabira ugari egon ziren botere judizialaren eta "segurtasun nazionalaren" arduradunen artean; Mousaouik zenbait dokumentu sekreturako sarbide izatea eskatu zuen, baita Guantanamoko Badiako kartzelan zeuden Al Kaidako kide batzuek deklaratzea ere. Segurtasun nazionalaren izenean ukatuak izango direnez, Brinkema epaileak 2003ko urriaren 2an fiskalei heriotza zigorra eskatzea galarazi zien.

Guztion harridurarako 2005eko apirilaren 22an Moussaouik jarrera berriz aldatu eta kargu guztietan erruduna zela deklaratu zuen. Hala ere New Yorkeko erasoetan parte hartu ez zuela zioen, bere kabuz Etxe Zuriaren kontrako bat prestatzen ari omen zelako. Horrek beste behin heriotza zigorra jasotzeko arriskutan jarri zuen.

2006ko urtarrilaren 24an bere abokatuek akusatua eskizofrenikoa zela frogatu nahi zutela adierazi zuten. Bere historia familiarrak horretan zerikusi handia du beraien arabera. Epailea bera, Moussaouiren ateraldien aurrean antzeko ideia bat eraikitzen ari zen; hurrengo egunean gobernuari atentatuak gertatu baino lehen zerbitzu sekretuek mehatxu honen aurrean zuten informazio osoaren gaineko dokumentu guztiak defentsari emateko agindu zuen.

Urtarrilaren 31n Aïcha el-Wafi bere amak adierazi zuen Montpelhièrren bere aburuz semea "ahuntz-burua" zela.

Garapena eta kondena aldatu

2006ko otsailaren 6an Alexandriako epaitegi federalaren aurrean hasi zen epaiketa bera. Argazki eta marrazki oro egitea debekatu zuten. Lehen egunean lau aldiz bota zuten aretotik.

Martxoaren 27an berak eta Richard Reidek[6] 2001eko irailaren 11rako Etxe Zuriaren kontra hegazkin bat puskatzeko plana zutela esan zuen. Aldiz, bien arteko inolako loturarik ezin izan zen demostratu eta Moussaouik berak beste behin esandakoaren kontrakoa zen.

2006ko maiatzaren 3an epaitegiko kideek adierazi zuten ez zutela aho batez defendatu heriotza zigorra akusatuarentzat. Hurrengo egunean Leonie Brinkema epaileak bizitza osorako zigorra jasotzen zuela jakinarazi zuen. Antza denez 12 bozketatik bakar batek salbatu zuen heriotzatik.

George W. Bush AEBetako presidenteak ez zuen inolako komentariorik egin kondena honen aurrean.

Epaiketaren ostean aldatu

2006ko maiatzaren 6an Moussaouik idazki batean epaileari aurretik esandako guztia gezurra zela berriro esan zion. Oraingoan Mohammed Atta kamikazeetako batzuen burua ezagutzen zuela ukatu zuen, baita atentatuez bazekiela ere; beste epaiketa bat eskatu zuen, ezezkoa jasoz.

Maiatzaren 13tik Florence (Kolorado) hiriko segurtasun handiko kartzela batean dago. Inolako kontakturik ez du beste presoekin eta egunaren 24 orduetatik 23 bere ziegan eman behar ditu. Ez du inolako bisitarik jasotzeko eskubiderik.

Abokatu frantses batek, bere amaren aginduz eskatu du kondena Frantziako kartzela batean betetzeko.[7] Oso zaila dirudi eskaera horrek baiezkoa jasotzea.

2006ko maiatzaren amaieran Osama Bin Ladenek mezu batean 2001eko irailaren 11ko atentatuetan parte hartu ez zuela adierazi zuen.[8]

Senideek idatzitako bibliografia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaraz bestela ere idaztea pentsa litekeen arren, hala idaztea da egokiena: Berriak esaterako berdin jaso izan du. Arabieraz موسويزكريا
  2. Erreportajea The Guardianen.
  3. Harrezkero ikusiko zuten lantzean behin
  4. izendapen arrazista gisa hori entzuna zuen Mülhausen, Narbona eta Perpinyàn.
  5. Haien artean Khalid Sheikh Mohammed, Yasser al-Jaziri eta Ramzi Bin al-Shibh, hirurak CIAk "preso mamu" gisa atxilotuak leku ezezagun batean, epaitegietako arauak errespetatu behar ez izateko.
  6. Al Kaidarekin lotura duelakoan kondenatutako hiritar britainiar bat.
  7. Albistea Berrian.
  8. Youssef, Maamoun. Bin Laden: Moussaoui Not Linked to 9/11 artikulua The Guardian-en, Associated Press, 25/05/2006)

Ikus, gainera aldatu

Kanpo loturak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zacarias Moussaoui