Hiesa edo Hartutako Immunoeskasiaren SindromeaGIB izeneko birusarenkutsatzearen ondorioz sortutako kondizio sorta handi bati ematen zaion izena da[1][2][3]. Hasierako infekzioaren ondorioz, pertsona batek ez du zertan sintomarik nabaritu behar, gripe baten antza duen gaixotasuna ez bada[4]. Egoera tipiko batean, denbora luzez, ez da bestelako sintomarik nabaritzen[5]. Infekzioak aurrera egin ahala, immunitate-sistemari eraso egiten dio beste gaixotasun batzuk izateko arriskua areagotuz, hala nola tuberkulosia, infekzio oportunistak edo immunitate-sistema ondo duten pertsonek izango ez lituzketen tumoreak[4]. Infekzioen sintoma horiei hartutako immunoeskasia esaten zaio. Gaixotasunaren fase horretan, pisu galera nabarmena egon ohi da[5].
Sindromeagaixotasun infekzioso eta ez-infekzioso multzo batek osatzen du, heriotza tasa altua daukana gaur egun. Pandemia horrek ia 40 milioi gaixo sortu ditu mundu osoan (2006). MOEk kalkulatzen du 36,3 milioi pertsona baino gehiago hil direla 1981etik[11], sindromea eriden zenetik, alegia. EAEn, berriz, 1984tik2005era arte 10.000 pertsona kutsatu ziren; horietatik, 5.279k hiesa garatu zuten, eta, azken haietatik, 2.969 hil.
Euskaraz, hies hitz arrunt gisa ere erabiltzen da, adibidez, hiesa gaixotasun kronikoa da esaldian. Euskaldunon Egunkariak bere estilo libururako egin zuen hautu hori 1990eko hamarkadan, eta, harrezkero, hainbat testuingurutan hala erabiltzen da. Ingelesezko baliokidea "AIDS" (Acquired Immune Deficiency Syndrome) da, nazioartean erabilia.
1980ko hamarkadaren hasieran, gaixotasun ezezagun bat berebiziko bortizkeriaz hasi zen Estatu Batuetan jendea hiltzen. Inork ez zekien zer zen, eta zerk eragiten zuen. 1983an, sorburua giza immunoeskasiaren birusa (GIB) zela jakin zen.
Geroago, Pasteur Institutuan eta Caude Bernard Ospitalean (Paris) egindako ikerketek bigarren birus bat (GIB2) aurkitzea posible egin zuten Afrikako mendebaldean kokaturiko foku batetik abiatuta. Birusa afrikar tximinoei (tximu berdea) erasotzen dienaren antzekoa da, eta, seguruenik, giza espezieari zuzenean transmititu zitzaion Afrikatik Haitira, Estatu Batuetara eta gero mundu osora igarota.
Egiturari dagokionez, bi birus horien arteko aldea estalki birikoan dauden proteinen osaera ezberdinean datza. Antza denez, ezberdintasun horiek askoz ere birulentzia handiagoa ematen diete GIB1ek sortutako infekzioei GIB2 delakoak sortutakoei baino. Bestalde, geografi banaketa ere ezberdina dute: GIB2 Afrika mendebaldeko lurraldeetara mugatuta dago, baina GIB1 mundu guztian zehar zabaldua da.
Lehen kasuak Los Angelesen eta New Yorken detektatu ziren 1981eko ekainaren 5ean, baina birusaren hedakuntza hirurogeita hamarreko hamarkadan hasi zen. Hiesaren birusaren aurkikuntza 1983an ia aldi berean egin zuten Luc Montagnierrek, Parisko Pasteur Institutuko ikertaldeko zuzendariak, eta Robert Gallok, Estatu Batuetako minbiziaren institutu nazionaleko tumoreen ikerketarako laborategiak. Aldiberekotasun horrek bi entitateen arteko auzi kontaezinak sortu zituen, eta baita bi estatuen artean ere. Alabaina, arestiko ikerlan batzuk bat datoz aurkikuntzaren lehentasuna Montagnierri ematean.
Lehen kasuak detektatu zirenetik ondorengo urteetara, hiesaren epidemia «arrisku-talde» izenekoetara (bena-barruko drogazaleak, homosexualak, ukitutako heterosexualak eta odol-transfusioen hartzaileak) mugatu zen. Baina laster asko egiaztatu zen oso azkar hedatzen zela giza kolektibitateen bizimoduaren aldaketen ondorioz, hots, ohitura sexualen liberalizazioa, bidaien ugaritzea, transfusioen gehikuntza, orratz hipodermiko eta xiringatxoen elkarbanatzea, Afrikako jendea hirietarantz migratzea eta osasun-asepsia urria.
Kasuen kopurua nabarmenki gehitu da azken urteotan, eta eredu epidemiologikoa aldatu egin da. Gaur egun, transmisioa arrisku-talde horien barruan egonkortu dela nabaria da, bai Europan eta bai Estatu Batuetan ere. Transfusioen bidezko kutsapena gutxitu egin da, baina kutsapen heterosexualen eta haurdun dauden emakumeek seme-alabei transmititutako kasuen gehikuntza nabarmena da. Hortaz, behin betiko baztertu behar da «arrisku-talde» gisako terminologia, eta, haren ordez, «arrisku-portaerak» gisakoak erabili beharko lirateke.
Mendebaldeko herrialdeetan, GIBaren infekzio-indizea pixka bat jaitsi da gizon homosexualek sexu segurua egiteko praktika hartu dutelako eta (maila baxuagoan) xiringak doan banatzen eta droga injektagarrien erabiltzaileak xiringak partekatzearen arriskuari buruz hezteko kanpainak egiten direlako. Heterosexualen artean, infekzioaren hedapena hasieran uste zena baino motelagoa izan da, beharbada, GIBa lehen uste zena baino pixka bat gutxiago transmititzen delako baginako sexu-harremanen bidez, sexu-transmisiozko beste gaixotasunik ez dagoenean.
Hala ere, 1990eko hamarkadaren amaieratik aurrera, infekzio-indizeak berriz hasi dira hazten herrialde garatuetako giza talde batzuetan. Erresuma Batuan, % 26 handitu zen GIBaz diagnostikatutako pertsonen kopurua 2000tik 2001era. Joera berberak nabari dira AEBn eta Australian ere. Belaunaldi gazteenek laurogeiko hamarkadan epidemiaren faserik okerrena gogoratzen ez dutelako eta kondoiaren erabileraz nekatu direlako gertatzen omen da hori. Hiesak arazo izaten jarraitzen du prostituten eta droga injektagarrien erabiltzaileen artean. Bestalde, hiesarekin lotutako gaixotasunek eragindako heriotzen indizeak behera egin du mendebaldeko herrialdeetan, hiesaren garapena atzeratzen duten euste-terapia eraginkor berriak (garestiagoak, hala ere) agertu baitira.
Herrialde azpigaratuetan, bereziki erdialdeko Afrikan eta hegoaldean, baldintza ekonomiko txarrak (adibidez, osasun-zentroetan jada erabilitako xiringak erabiltzera daramatenak) eta sexu-hezkuntzarik eza arrazoi erlijiosoak direla eta, infekzio-indize oso altura daramate. Herrialde batzuetan, helduen populazioaren laurdena baino gehiago GIB positiboa da; Botswanan bakarrik, indizea % 35,8ra iristen da (1999an zenbatetsia, iturria World Press Review World Press Review ingelesez). Hegoafrikako egoera —% 66 kristau direlako eta Thabo Mbeki presidentearengatik, zeina bat baitator «hiesaren disidenteen» iritziarekin, nahiz eta jada ez den iritzi ofiziala— azkar ari da hondatzen. Bakarrik 2002an, ia 4,7 milioi infekzio izan ziren. Hiesa kalte handiak eragiten ari den beste herrialde batzuk Nigeria eta Etiopia dira: 2003. urtean 3,7 eta 2,4 milioi kutsatu zeuden, hurrenez hurren. Beste alde batetik, hainbat herrialdetan GIBarekin dituzten infekzio indizeak murrizteko prebentzio programak hasi dira, hala nola Uganda, Zambia eta Senegal, arrakasta maila ezberdinekin. 2014an, Ugandan, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak (OIM), herrialdeko GIBaren puntu kritikoetan, ekipo mediko eta laborategiko ekipoak banatu zituen estrategikoki kokatutako osasun-kliniketan nazio horretan GIB/hiesaren prebalentzia handiari aurre egiteko[12].
GIBaren infekzio-tasek gora egin dute Asian ere, 2003an, 7,5 milioi lagun inguru kutsatu zegoen. 2003ko uztailean, kalkulatzen zen 4,6 milioi pertsona zeudela kutsatuta Indian, herrialde horretan ekonomikoki aktiboak diren helduen % 0,9, gutxi gorabehera. Txinan, kutsatuen kopurua 1 eta 1,5 milioi artekoa zela kalkulatzen zen, nahiz eta batzuek uste duten kutsatuak asko gehiago direla. Bestalde, Thailandia eta Kanbodia gisako herrialdeetan, GIBaren infekzio tasa konstante mantendu da azken urteetan.
Duela gutxi, kezka agertu da hiesak ekialdeko Europan eta erdialdeko Asian izan duen hazkunde azkarraren inguruan, 2004ko urtarrilean 1,7 milioi kutsatu zeudela kalkulatzen da. GIBaren infekzio-tasak gora egin du 1990eko hamarkadaren erdialdetik kolapso ekonomiko eta sozialaren, droga injektagarrien erabiltzaileen kopurua handitzearen eta prostituten kopurua handitzearen ondorioz. Munduko Osasun Erakundearen informazioaren arabera, Errusian 257.000 kasuren berri eman zen 2004an; herrialde berean, 15.000 kutsatu zeuden 1995ean, eta 190.000 2002an. Batzuek diote zenbaki erreala zenbatetsitako halako bost dela, hau da, milioi bat inguru. Ukrainak eta Estoniak ere kutsatuen kopuruak gora egin duela ikusi dute: 2004ko hasieran, 500.000 eta 3.700 kutsatu zenbatu zituzten, hurrenez hurren.
Giza immunoeskasiaren birusa (GIB) erretrobirus bat da, ARN bere baitan daukan proteinez osatutako barne estalki edo «core» bat eta glikoproteinez osatutako kanpo estalki bat daukana. Barne estalkiaren barruan, ARNz gain, alderantzizko transkriptasa deritzan entzima dago; horrexek erretrobirus bat definitzen du, eta haren erreplikaziorako ezinbestekoa da.
Beste birusak bezala, GIBa ezin da era independentean bizi, eta zelula baten barruan bizi behar du. GIBaren ezaugarria erantzun immunologiko ororen ardura duten T4 linfozitoak eraso eta desegitea da, azken horiek organismoaren defentsan parte hartzen duten beste zelula guztiak koordinatzen baitituzte.
T4 linfozitoak inbaditu ahal izateko, GIBak bere kode genetikoa (RNAz osatua) T4 linfozitoenean (DNAz osatua) barneratu behar du. Horretarako, birusak, aldez aurretik, RNA DNA bihurtu behar du, eta hori alderantzizko transkriptasa entzimari esker egiten du. Behin GIBak bere kode genetikoa T4 linfozitoenean ezarri ostean, linfozito horiei esker, bere burua erreplikatu ahal izango du; ondorioz, zelula horiek suntsituko ditu, eta immunitate sistema ahulduko.
Birusa gure organismoan
GIBa odolaren bidez sartzen da giza gorputzera. Oso birus ahula da; ez da gorputzaren kanpoaldean egoteko gai, eta, ondorioz, ez da arnasaren bidez transmititzen gripearen birusa bezala. Gorputzean sartutakoan, birusa linfozitoetan sartzen da, hau da, immunitateaz (organismoa infekzioen aurka babesteaz) arduratzen diren odol zeluletan.
Zelula horien barruan, birusa sor egoeran gera daiteke hainbat urtetan. Hori da pertsona seropositiboei gertatzen zaiena. Pertsona horiei analisia egiterakoan, HIESaren birusa dutela hauteman ohi zaie, baina ez da gaixotasunaren sintomarik aurkitzen. Beste modu batetara esanda, birusaren eramaileak dira, eta, beraz, bere ingurukoei transmiti diezaioke, baina ez dute oraindik gaixotasuna garatu. Hala ere, kasu batzuetan, birusa ez da inoiz aktibatzen, eta beraz, ez da gaixotasuna garatzen.
Birusa aktibatzen bada, abiadura handian ugaltzen da, eta beste linfozitoak infektatzen hasten da. Infekzioaren hasieran, CD8+ T zelulen erantzuna bortitza da, baina birusak hainbat mekanismo ditu zelula horien eragina gainditzeko, besteak beste, hainbat mutazio gerta daitezke, eta, azkenean, ondorio larriak ekar ditzake erasoak. Mekanismoa gainditzeko, material genetikoa muta daiteke, eta horrek traba gehiago jartzen dizkio sistema immunologikoari. Horren ondorioz, zelula horiek suntsitu egiten dira pixkanaka pixkanaka, eta organismoa babesik gabe geratzen da. Babes ezaren sintomak agertu baino lehen, beste sintoma batzuk agertzen dira, gongoil linfatikoenhantura, esate baterako.
Babes ezaren eraginez, organismoa ahulago eta edozein infekzioren menpe geratu ohi da. Gaixotasunaren azken uneetan, tumore kaltegarriak agertzen dira; gaixoaren egoera fisikoa eta psikologikoa izugarri okertzen dam eta, azkenean, hil egiten da.
Gure immunitate-sistemak, edozein birus atzematean, birusen kontra joaten diren substantzia batzuk sortzen ditu, antigorputzak. GIBaren birusa organismoan sartzen denean, horrek denbora epe zehatz bat behar du birus zehatz horren kontrako antigorputzak sortzeko. Denbora epe hori 3-12 aste artekoa da. Epe horri «leiho garaia» deitzen zaio, eta, bertan, GIBak kutsatutako pertsona batek beste pertsona batzuk kutsa ditzake, nahiz eta probaren bidez (odol-analisia) antzeman ez. Lehen begiratu batean, ezin da jakin pertsona batek GIBa daukanetz.
Beraz, kontuan hartu behar dugu arrisku-jokabide baten ostean, hiru hilabete igaro behar direla GIBaren proba era fidagarrian egin ahal izateko.
Pertsona batek GIBa hartzen duenean, oso litekeena da hiesa garatzea bere bizitzan zehar. Eramaile batzuk denbora luzez egoera asintomatikoan egon arren, hiesa saihesteko modu bakarra GIBak eragindako infekzioa prebenitzea da. Birusa transmititzeko bide bakarra gorputzeko jariakinen bidez da, hala nola odola. Birusa ezin da transmititu arnasketaren bidez, listuaren bidez, ukimenaren bidez kasualitatez ukituz, eskua emanez, besarkatuz, masailean musu emanez, beste pertsona batekin masturbatuz edo hainbat tresna partekatuz, hala nola edalontziak, katiluak edo koilarak. Aldiz, teorian, posible da birusa ahoz ahoko musuaren bidez transmititzea pertsonen artean, biak ala biak, zauri odoltsuak edo hobi zaurituak badituzte, baina kasu hori ez da dokumentatu, eta, gainera, oso gertagaiztzat jotzen da, listuak askoz kontzentrazio txikiagoak baititu, adibidez, semenak baino.
Sarketa
Sexu harremanek eragindako GIBaren infekzioa gizonetik emakumera, emakumetik gizonera, emakumetik emakumera eta gizonetik gizonera egiaztatu dute. Latexezkokondoiak erabiltzea sarketa edo koitoa barne hartzen duen sexu-jarduera orotarako gomendatzen da. Garrantzitsua da azpimarratzea latexezko kondoia erabili behar dela, merkatuan dagoen beste kondoi bat (ahariarena), material organikoz egina, ez baita eraginkorra prebentziorako. Haurdun geratzea edo gaixotasunak kutsatzea saihesteko, kondoien eraginkortasun-tasa % 90-95ekoa da, eta behar bezala erabilita (hau da, ongi kontserbatua, kontuz irekia eta behar bezala jarria), GIBaren transmisioaren aurka babesteko modurik onena da. Behin eta berriz frogatu da GIBa ez dela pasatzen, hain zuzen, latexezko kondoi ukigabeetatik.
Uzki-sexua, uzki-ehunen fintasuna eta zauritzeko erraztasuna direla eta, arrisku handieneko sexu-jardueratzat hartzen da. Horregatik, kondoiak gomendatzen dira uzki-sexurako ere. Kondoia behin bakarrik erabili behar da, zaborretara botaz eta aldi bakoitzean beste kondoi bat erabiliz. Urratzeko arriskua dela eta (bai kondoia, bai baginako eta uzkiko paretetako azala eta mukosa), ur-oinarriko lubrifikatzaileak erabiltzea gomendatzen da. Olioan edo petrolioan oinarritutako baselina eta lubrifikatzaileak ez dira kondoiekin erabili behar, latexa ahuldu eta urratzeko joera dutelako.
GIBaren transmisioari dagokionez, aho-sexuak baginalak edo uzkikoak baino arrisku gutxiago duela jotzen da. Hala ere, gaiari buruzko behin betiko ikerketarik ez egotea eta informazio publikoa zalantzazko egiatasunez eta eragin kulturalez osatzea eraman dute askok sinestera, modu okerrean, aho-sexua segurua dela. GIBaren ahozko transmisioaren benetako faktorea oraindik zehaztasunez ezagutzen ez bada ere, aho-sexuaren bidezko transmisio-kasuak daude dokumentatuta, sartzeagatik zein hartzeagatik (gizonezkoetan). Ikerketa baten arabera[erreferentzia behar], duela gutxi San Frantziskon kutsatutako gizonen % 7,8k aho-sexuaren bidez jaso zuten birusa. Hala ere, GIB+ kideekin sexu orala izan zuten Espainiako gizonen azterketa batek[erreferentzia behar] ez zuen ahozko transmisio kasurik identifikatu. Ebidentzia hori gatazkatsua izateko arrazoiaren zati bat da ahozko transmisio-kasuak identifikatzea problematikoa delako. GIB+ pertsona gehienek beste sexu-jarduera batzuk izan zituzten infekzioaren aurretik, eta, beraz, zaila edo ezinezkoa da ahozko transmisioa faktore gisa isolatzea. Ahoko ultzerak eta antzeko faktoreak ere zailak dira isolatzen pertsona osasuntsuen arteko transmisioan. Normalean, semena edo jariakin aurreseminala ahoan sartzen ez uztea gomendatzen da. Aho-sexurako kondoiak erabiltzeak (edo cunnilinguserako hortz-babeslea) arrisku potentziala are gehiago murrizten du. Aho-sexurako erabili den kondoia bota egin behar da. Ondoren koitorik izanez gero, profilaktiko berri bat erabili behar da; izan ere, latexean hortz-piezekin igurtzita sortzen diren mikroapurketek birusari pasatzen uzten diote.
Bide parenterala
Jakina da GIBa transmititzen dela droga injektagarrien erabiltzaileen artean orratzak partekatzen direnean, eta hori da, hain zuzen ere, transmisio-bide arruntenetako bat. Hiesa prebenitzeko erakunde guztiek droga erabiltzaileei orratzak ez partekatzeko ohartarazi diete, eta orratz berri bat edo behar bezala esterilizatua erabil dezatela injekzio bakoitzerako. Osasuna eta adikzioak zaintzeko zentroek eta profesionalek badute orratzak lixibaz garbitzeari buruzko informazioa. Estatu Batuetan eta mendebaldeko beste herrialde batzuetan, zenbait hiritan daude orratzak doan orratzak trukatzeko lekuetan, non berriak jasotzen baitira erabilitakoen truke, edo injekzio-leku seguruetan.
Medikuek, gorputzeko substantzien kontrako asepsia- edo isolamendu-arau unibertsalei jarraituz, GIBaren hedapena prebeni dezakete pazienteetatik langileetara eta pazientetik pazientera, adibidez, latexezko eskularruak erabiltzen injekzioak jartzen direnean, hondakinak edo gorputzeko fluidoak maneiatzen direnean eta eskuak maiz garbitzen direnean.
GIB birusaz infektatutako pertsona batek erabilitako orratz batekin ziztatuz gero, infektatzeko arriskua 200etik 1 baino txikiagoa da[erreferentzia behar]. GIBaren aurkako botikekin egindako esposizio ondoko profilaxi egoki batek arrisku horri aurre egitea lortzen du, serokonbertsioaren probabilitatea minimora murriztuz.
Erdainkuntza
2005eko ikerketa baten arabera[13], erdainkuntza egina izateak nabarmen murritz dezake gizon batek baginan sartzeagatik emakume seropositibo batekin infektatzeko duen probabilitatea. Horri buruzko zurrumurruak, aurreko lan ez-eztabaidaezinetatik sortuak, erdainkuntzaren ospeak gora egin du Afrikako leku batzuetan[14]. Horrekin lotutako lan baten arabera, erdainkuntza faktore esanguratsua bihur liteke epidemiaren hedapenaren aurkako borrokan.
Erresistentzia naturala
Duela gutxi egindako ikerketek[erreferentzia behar] baieztatu dute badirela birusarekiko erresistenteagoak diren pertsonak, CCR5-delta 32 izeneko genomaren mutazio baten ondorioz. Uste denaren arabera, duela 700 urte agertuko zen, izurri bubonikoakEuropa suntsitu zuenean. Gene hori duten organismoek birusa globulu zurian sartzea eragozten dute. Mekanismo hori izurri beltzaren mekanismoaren antzekoa da. GIBa motelago garatzen da pertsona horiengan, eta «epe luzera aurrerapenik gabekoak» izendatu dituzte.
Abstinentzia
Edward Green, Harvardeko Aids Prevention Research Project-eko zuzendaria, dio: «Preserbatiboak ez du hiesa geldiarazten. Sexu jokabide arduratsu batek bakarrik egin diezaioke aurre pandemiari»[15]. Bestalde, ikerketa batzuen arabera, abstinentzia sexuala aurrezaintzako metodo esklusibo gisa bultzatzen duten programek ez dute frogatu herrialde garatuetan birusa kutsatzeko arriskua gutxitzeko balio dutenik[16].
Monogamia
Saharaz hegoaldeko Afrikan eta beste herrialde azpigaratu batzuetan, hiesaren aurkako borrokan monogamia sustatzea eta gazteen artean sexu jarduera atzeratzea eraginkorra dela adierazi dute[17][18].
"ABC" gomendioak
Halperin zientzialariak The Lancet aldizkarian argitaratutako artikuluan esaten duenez, ABC estrategia izenekoa Sexu-transmisiozko gaixotasun eta, zehazki, GIBa prebenitzeko gomendio eraginkorretako bat da[19]. ABC ingelesezko «Abstinence, Be faithful y Condom use»ren akronimoa da.
Egileak gomendatzen duenez, onena A, B eta C-ren esku-hartzeen oreka egokia sartzea da. Baina, batez ere, pertsona guztiek prebentzio-aukerei buruzko informazio osoa eta zehatza izan dezaten sustatzea. Ameriketako Estatu Batuetako Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroek[20] ere bermatzen dituzte gomendio horiek.
Aholkuak
Edozein eratako harreman sexualetan, preserbatiboa erabiltzeak kutsatzeko arriskua gutxitzen du. Hau da, sexu-harremanetan, bikoteak egonkorrak ez badira edo izan arren infektatuta egoteko arriskurik egonez gero, preserbatiboa erabili behar da.
Orratz edo xiringen trukaketarik ez da egin behar.
Gaixotasuna dutenek ez dute odolik eman behar, ezta plasma, organo edo semenik ere. Infektatutako pertsonen odola ukitu duten tresnak (xiringa, hortz eskuilak, bizar xaflak...) ez ditu, badaezpada, beste inork erabili behar.
Gaixotasunak jotako edo birusa duten emakumeek ez lukete umerik izan behar. Izanez gero, ez liokete bularrik eman behar.
Ez da osasun-zentro edo ospitaletan gaixotasuna hartzeko beldurrik izan behar, odola ateratzeko edo transfusioak egiteko materiala behin besterik ez baita erabiltzen. Gainera, emaileen odolak oso analisi zehatzak pasatu behar izaten dituzte.
Tratamendua
1996tik, gaixotasunaren pronostikoa erabat aldatu duen tratamendu eskema hasi ziren erabiltzen, aktibotasun handiko tratamendu antierretrobirala edo ingelesez highly active antiretroviral therapy (HAART), familia ezberdinetako sendagaiak konbinatzean datzana.
Hauek dira gaur egungo sendagaiak hiru multzo edo familiatan sailkatuta:
Alderantzizko transkriptasaren inhibitzaile nukleosidoak (ATIN edo ingelesez NRTI):
Zidovudine (ingelesez, frantsesez), Zidovudina (gaztelaniaz) edo AZT (Retrovir): Lehendabiziko sendagai antirretrobirala izan zen, 1987tik erabiltzen dena.
Didanosine, Didanosina edo ddI (Videx): Onartutako bigarren antirretrobirala izan zen.
Zalcitabine edo Zalcitabina (Hivid): Haren ekoizpena bertan behera utzi dute alboko eragin txarrengatik.
Alderantzizko transkriptasaren inhibitzaile ez-nukleosidoak (ATIEN edo NNRTI):
Efavirenz (Sustiva).
Nevirapine edo Nevirapina (Viramune).
Delavirdine edo Delavirdina (Rescriptor): Oso gutxitan erabilia gaur egun.
Etravirine edo Etravirina (Intelence): 2008anFDAk onartua.
ProteasareniInhibitzaileak (PI):
Saquinavir (Invirase).
Ritonavir (Norvir).
Indinavir (Crixivan).
Nelfinavir (Viracept).
Tratamendu berriak
Gaixotasunaren tratamendu lerro berri bat kasualitatez deskubritu zen 2010ean. Hiesa leuzemia zuen gaixo bati hezur-muineko transplante bat egin zioten, eta bi gaixotasunetatik sendatu zen[21]. Hezur-muinaren emaileak mutazio bat zuen T linfozitoetan, linfozito horiek ez baitzuten proteina espezifiko bat, CCCR5 izeneko proteina, bere azalean, birusak linfozitora atxikitzeko ezinbestekoa dena. Proteina hori izan ezean, birusa ezin zaio linfozitoari akoplatu, eta, beraz, ezin du infektatu, ezta linfozitorik suntsitu ere. Hezur-muinaren hartzailea T linfozito mutanteak ekoizten hasi zen, birusaren erasoari immuneak zirenak.
Harrezkero, tratamendu bera aplikatu da kasu gutxi batzuetan emaitza onekin ere[22][23].
↑Auvert, B., Taljaard, D., Lagarde, E., Sobngwi-Tambekou, J., Sitta, R. & Puren, A.. (2005). «Randomized, controlled intervention trial of male circumcision for reduction of HIV infection risk: the ANRS 1265 Trial» PLoS Med 2 (11): e298..
↑Williams, B. G., Lloyd-Smith, J. O., Gouws, E., Hankins, C., Getz, W. M., Hargrove, J., de Zoysa, I., Dye, C. & Auvert, B.. (2006). «The Potential Impact of Male Circumcision on HIV in Sub-Saharan Africa» PLoS Med 3 (7): e262..
↑Underhill, K., Montgomery, P., Operario, D., «Sexual abstinence only programs to prevent HIV infection in high income countries: systematic review.» BMJ. 2007; 335:217-8.