Ramón María del Valle-Inclán
Ramón María del Valle-Inclán, jaiotzez Ramón José Simón Valle Peña, (Vilanova de Arousa, Pontevedra, Galizia, 1866ko urriaren 28a - Santiago de Compostela, Galizia, 1936ko urtarrilaren 5a) gaztelaniazko idazlea izan zen eta 98ko Belaunaldiaren literatura mugimenduko gertuko kidea. Eleberria, antzerkia eta poesia landu zituen, batik bat. Esperpento estiloaren sortzaile eta erreferentea da. Hainbat itzulpen ere egin zituen.
Ramón María del Valle-Inclán | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Vilanova de Arousa, 1866ko urriaren 28a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Santiago de Compostela, 1936ko urtarrilaren 5a (69 urte) |
Hobiratze lekua | Boisacako hilerria |
Heriotza modua | berezko heriotza: maxkuriko minbizia |
Familia | |
Aita | Ramón del Valle |
Ezkontidea(k) | Josefina Blanco (1907 - 1932) |
Seme-alabak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Santiago de Compostelako Unibertsitatea |
Hizkuntzak | gaztelania galiziera |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, idazlea, antzerkigilea eta eleberrigilea |
Kidetza | Sociedad de Amigos de Portugal (en) |
Mugimendua | Literatura modernista |
Genero artistikoa | Esperpentoa olerkigintza dramaturgia |
Bizitza
aldatuLehen urteak
aldatuRamón del Valle-Inclán Bermúdez de Castro (1823-1890) idazlearen eta Dolores de la Peña y Montenegro senar-emazteeen bigarren semea zen. Galizian hezi zen, Salnes eskualdeko mendi aldean. Batxillergoa Pontevedran burutu zuen. Ondoren, Zuzenbide ikasketak egin zituen Santiagon, baina ez zituen bukatu, aita hil zenean bertan behera utzi baitzituen. Garai hartan hasi zen literaturarekin zaletzen. Mexikon ia bi urte eman ondoren (1892-1893), Madrilera joan zen bizitzera eta bulegari gisa hasi zen lanean. Madrilgo literatura hizketaldietan parte hartzen zuen eta nabarmentzen saiatzen zen; bere hitz-jarioa eta nortasun bitxia zirela eta. Oso ezaguna egin zen eta garaiko idazle asko ezagutu zituen, adibidez 1899 urtean, Ruben Dario modernismo literarioaren ikurra zena. Urte berean, uztailaren 24ean, liskar baten ondorioz, zauri txiki bat egin zuen ezkerreko eskumuturrean (makilakada bat ez jasotzeko burua babesterakoan - Manuel Bueno kazetariak emana-, jemeloa sartu zitzaion haragian) baina gerora zauria gaiztotu eta gangrenatuko zelakoan ezkerreko beso osoa moztu egin zioten.[1]. Hainbat laguni laguntza eskatu zien mediku espezializatuen arreta jasotzeko, baina ezin izan zen anputazioa ekidin eta berehala saiatu zen egoera gainditzen eta islada literarioa ematen Bradomin pertsonaiaren zenbait pasartetan.[2] . Antzerkian aktore izateko asmoa baztertu zuen orduan eta idazteari irmoki heldu zion. Frantses sinbolisten eraginpean idatzi zituen arrakasta izan zituzten lehen obrak, lau kontakizun, prosa ederrekoak eta dotorezia dekadentekoak: Sonatas (1902-1905).
1907 urtean Josefina Blanco Tejerina (1878-1957) arrakastadun aktorearekin ezkondu zen. Bikoteak sei seme-alaba izan zituen ondorengo 15 urteetan.
Garai horretan batu zen Karlismorekin. Sektore horren onarpena zabaldu zion bere lanak Los cuzados de la causa. Orokorrean, karlismoaren ikuspegi idiliko eta nostalgikoa aurkezten du. 1909 urtean Nafarroara bidaiatu zuen lehenengo aldiz, oinez eta zaldiz, nahiz eta ordurako bere hainbat lanen agertoki izan, (besteak beste, Voces de gesta lanean).
Hego Amerikara bidaia eta antzerkia
aldatu1910. urtean, antzerki sasoian, senar-emaztea Argentinara joan zen eta Hego Amerikan ibili ziren. Han zirela, Garcia-Ortega antzerki-konpainiarekin antzezpenak hasi eta ondoren Maria Guerrero y Fernando Mendoza Antzerki Konpaniarekin jarraitu zuten lanean. Konpainia horretan zuzendari artistiko gisa lan egin zuen, eta bere emazteak antzezle moduan. Ondoren, Guerrero-Mendoza konpainiarekin Txilera eta Paraguaia joan ziren, eta berriz ere Argentinara, Independentziaren Mendeurrenean. Hego-Amerikan antzerkiarekin lortutako arrakastak etekin ekonomikoak ekarri zizkion sendiari. Ondoren, Guerrero-Mendoza antzerki konpainiarekin, orduan nagusienetakoa zena, tira-birak izan zituen: alde batetik, bere komediak antzeztea ez omen zen oso errentagarria eta bestetik, arazoak ekartzen zituelakoan ez zuten Voces de gesta antzeztu nahi izan. Haustura 1912an gauzatu zen, konpainia Donostian zela lana antzezteari uko egin zionean eta egileak lan horren irakurketa publikoa egitea baino ez zuen lortu, Iruñeko Gayarre Antzokian karlismotik gertu zeuden ikusle askoren aurrean. Aurrerantzean, berriz antzerkia idazteari ekin zionean, lanak antzezteko presiorik gabe, generoaren berrikuntzari heldu zion batik bat, eta hasiberria zen zinemak bere arreta piztu zuen.[3]. Alor pertsonalean, atsekabea iritsi zen sendiari, ze 1914an Joaquin bere semea zendu zen.
Gerra kronikak
aldatuLehen mundu gerra zela eta, karlistak alemanen alde egon arren, Valle-Inclan aliatuen aldeko gisa agertu zen bere adierazpenetan. 1916ko apiriletik ekainera bitartean Frantziara bidaiatu zuen, hango Gobernuak gonbidatuta aipatu izan denez. Halere, gonbidapena ez omen dago frogatuta; bai, ordea, Prensa Latina argitaletxeak eginiko enkargua. Bidaian frontea aurrez aurrre ikusi zuen eta biziki hunkitu zen. Bere kronikak El Imparcial egunkarian eta La media noche lanean jaso ziren.[4] Urte horretan, Arte Ederretako fakultatean Estetikako irakasle izendatu zuten. Ikusi zuen benetako gerra horrek ez zeukala zerikusirik irudikatutako lehenaldiko gerrarekin, hots, gerra karlisten inguru idatzi zuen seriearekin. Esperientzia hori egilearen bilakaera ideologikoarekin erlazionatu da. Horrela, gazte garaian ideia atzerakoiak eta karlistak defendatu bazuen ere, helduaroan, lehenengo mundu gerra gertutik ikusi ondoren batik bat, jarrera kritikoagoa eta gizatiarrago azaltzen duela antzeman da, bere idealismo estetikoa alboratzen duen bitartean. [5]. Izan ere, Tirano Banderaseta, batez ere, amaitu gabeko El ruedo ibérico serieak garapen horren lekuko dira bere lan literarioretan. Ondorengo urte horietan nazioarteko gertaerek eta inguruko egoera politikoak bere arreta bereganatu zuten. Tertulietan egin zituen zenbait adierazpen zirela medio, Komunismoaren ingurura gerturatu zen ustea zabaldu zen bere bizitzako azken urteetan. Izan ere, ideologia baino gehiago, Lenin edo Alvaro Obregon bezalako pertsonaiak miresten zituen, buruzagi karismatikoak eta autoritarioak zirelako. Katedra utzi eta 1921. urtean Mexikora joan zen, Obregonen gobernuak gonbidatuta, non nekazal erreforma abiatua zen, jatorri espainiarra zuten lur-jabe handien interesen kontra. Ondorengo hilabeteetan, La Habana eta New York ere izan ziren bere jardunen kokaleku.[6]. Bere azken urteetako idatzietan, ikuspegi libertario batetik estatuaren kritika sakona egiten du, eta Bakuninen ideiei ahotsa ematen dizkie.[7].
Primo de Riveraren diktaduran
aldatuUrte horietan bederatzi eleberriz osatutako bilduma idazten hasi zen, El ruedo Ibérico izenburupean (1926-1936), Espainiako XIX. mendeko politika eta gizarte ustelkeriari buruzkoa; nolanahi ere, hiru baino ez zituen argitaratu, La corte de los milagros (Mirarien gortea), Viva mi dueño (Gora nire nagusia) eta Baza de espadas (Ezpata jokaldia) bukatugabe geratuko zen azkena. Aipagarria da etapa honetan Tirano Banderas eleberria (1926), Mexikoko diktadore baten erretratu bizi-bizia da, arrakasta eta eragin handikoa.
Primo de Riveraren diktaduraren kontrako adierazpenak egin zituen 1926. urtetik aurrera, baina beti ere argi eta garbi utzi nahi izan zuen bera ez zela liberalzalea eta Berrezarkuntzaren kontrako jarrera zuela. Orokorrean ideia eta balio tradizionalistak defendatzen zituen. Baina bere iritziak ez ziren erosoak eta horrela, 1927. urtean, poliziak, gobernuaren aginduz, kioskoetatik eta liburudendeetatik erretiratu zuen La hija del capitán esperpentoa. Narrazioan antzeman ziteken Sanchez kapitainaren hilketa, 1913. urtean Madrilen gertatutakoa. Lan horretan armadaren ustelkeria narbarmen geratzen zen. Era berean, garaiko gizarte- eta ekonomia-azpijokoak, diktadura babesten zituztenak, agerian uzten zituen.[8].
1929ean atxilotua izan zen, isun bat ordaintzeko uko egin ziolako, ez zuzenean arrazoi politikoengatik; hala eta guztiz ere, horren inguruko zurrumurruak eta ahoberokeriak zabaldu ziren.[9].Dena den, ukaezina da idazlearen jarrera konprometitua dikataduraren aurka. Izan ere, atxiloketaren oihartzuna jaso zen garaiko nazioarteko prentsa nagusian.[10].
Espainiako Bigarren Errepublika eta azken urteak
aldatuEspainiako Bigarren Errepublika hasi zenean, Errepublikaren aldeko jarrera hartu zuen idazleak, eta kontuan izanda aurreragoko jarrera eta ospea, kultur alorreko kargu bat betetzeko izendatu zuten, besteak beste Tesoro Artístico Nacional delakoaren zaintzaile orokorra izan zedin. Eskumenik gabeko kargua zen, nonbait. Ondoren, Aranjuezeko Museoaren zuzendari izendatu zuten eta errege jauregiak duintzeko egitasmoa prestatu zuen, erabilera turistikoa eman ahal izateko gero, garaiko Europan egiten hasia zen bezala. Ondoren, 1933. urtean Erromako Arte Ederretako Espainiako Akademiako zuzendari postua eman zioten, eta zenbait gorabehera tarteko, ia hil arte kargua bere esku egon zen.
Literaturaren alorrean, 30. hamarkadan, sortzen baino, gehien bat, bere testuak birlantzen aritu zen.
1932. urtean senar-emazteen dibortzio prozesua hasi zen, legezko aukera Errepublikan gauzatu ondoren. Lehenagotik ere, Josefina Baztanen bizi zen bi alaba txikiekin, eta seme zaharrenek -Carlos eta Jaime-, berriz, Donostiako marianisten barnetegian egin zituzten lehen ikasturteak. Urte horren ekainean Madrilera joan zen emaztea eta Clara Campoamor bere abokatua zela, dibortzio demanda plazaratu zuen.
Azkenik, 1935. urtean Santiago de Compostelara joan zen aspaldi jasaten zuen gaixotasuna artatu ziezaioten, orduan Espainian aintzindaria zen Erradioterapia tratamenduaren bidez [11], baina hobekuntza aldi batzuk izan ondoren, 1936ko urtarrilaren 5ean hil zen.
Pertsona eta pertsonaia
aldatuIdazleak datu kontraesankorrak eman zituen bere buruaz ia sistematikoki. Maskara ezberdinak zituen pertsonaia eraiki zuen. Hori bere izenarekin hasten da: Ramón José Simón, Valle y Peña deiturekin, bere arbasoetako baten (Francisco del Valle-Inclán) izen artistikoa hartu zuen. Bataioa ez zen ospatu erditzea konplexua izan zelako, eta ama oso ahulduta geratu zen. Horretaz baliatuta, bi herri jaioterritzat hartzen dira: Vilanova de Arousa eta A Pobra do Caramiñal. Berak esan zuen itsasadarra zeharkatzen zuen itsasontzi batean jaio zela. Izan ere, A Pobran (Bermúdezko Dorrean) haren omenezko museoa badago, idazlea A Pobran bizi izan zelako. [12]. Halaber, literaturako pertsonaietan "alter ego" literarioa ere identifikatu da, hala nola, Bradomin markesa, hain zuzen idazlea bizi zen herrian A Pobra do Caramiñal, Torre de Xunqueiras eraikinean etxea fikzioan kokatuta. Hori dela eta, hainbat iturri ezberdinetan ikertu egin behar da Valle-Inclán nor ote zen argitzeko. Bizi zela, egindako elkarrizketek, haren inguruko arrastoak ematen dituzte, hemeroteketan jasoak, baina ezin dira bere diskurtsoaren erreprodukzio fideltzat hartu, ez generoaren mugengatik, ez eta idazleak bere elkarrizketatzaileari batzuetan adarra jotzeko borondate garbia agerian azaltzen duelako. Hizlari gisa, ez zituen bere testuak idazten, sarritan gidoi edo nota baten gainean inprobisatzen zen eta horrek zailtzen du ideien ibilbidea jarraitzea. Gutunek, berriz, datu fidagarriak ematen dituzte bere harremanei, kezkei eta pentsatzeko moduari buruz eta denborarekin argitara ekartzen dira.[13]. Arazo bera gertatzen da bere jarrera ideologikoekin. Gaztaroan nolabaiteko harremana izan zuen Santiago de Compostelako mugimendu erregionalistarekin, Alfredo Brañas, tradizionalista zuzendu zuena bere anaia Carlosekin. Hortik karlismora eboluzionatu zuen Lehen Mundu Gerran zehar karlismo ofizialaren jarrera germanofiloagatik urrundu bazen ere (Valle-Inclanek ez ezik, Jaime Borbón y Borbón-Parma erregegai karlista ere ez zegoen ados) mugimenduarekiko lotura mantentzen jarraitu zuen. Izan ere, 1931 urtean erregegaiak sortutako kondekorazioa jaso zuen, “Baztertutako legitimitatearen ordenaren gurutzea” . Bestalde, El ruedo ibérico amaitu gabe utzi zuen lanean, Karl Marx, Friedrich Engels eta Bakuninen interpretazio askorekin bat dator bere analisietan. Era berean, Leninen alde azaltzen da, baina Stalinen aldeko adierazpenak egiten duen bitartean, Erromako Akademiako zuzendari kargua betetzen ari zela, Mussoliniren faxismo italiarra goraipatzen du ere bai. Aldi berean, Manuel Azaña Errepublikako presidentea laguna du. Azken finean, ez zen politikoa, baizik eta artista.[14].
Literatura ibilbidea
aldatuValle-Inclánen hasierako testuak urrundu egiten dira garai hartan ohikoa zen literatura errealistatik. Bere estiloak aurrekariak ditu erromantizismoan. Ibilbide literarioan erabiltzen dituen teknika sinbolistek eta dekadentistek modernismoarekin lotzen dute alde batetik, baina bestetik, estilo propio bat ere garatu zuen; Esperpentoa deritzona landu zuen, hots, errealitate zentzugabearen ikuspegi desitxuratu eta mingotsa. Horren aurrekaria Goya margolariaren lanean kokatu zuen behin baino gehiagotan. [15].
Beraz, Modernismoa eta esperpentoa izan dira haren ibilbidea deskribatzeko erabili izan diren kontzeptuak. Valle-Inclánen geroagoko drama eta eleberri batzuek, berak esperpento deitutako ezaugarri hori zuten(«zatarra, barregarria, xanfarina»). Izan ere, ohiko hitza izatetik, 1920tik aurrera egilearen ekoizpen literarioarekin bat etortzera pasatzen da.[16] Horrela, absurduaren bidetik abiatu eta satira gogorrak eginez, Espainiako bizimodu tragikoa - berak europar zibilizazioaren deformazio zakar gisa ikusten zuena- islatu nahi izan zuen, heroi klasikoak sistematikoki desitxuratuz.
Genero horretako antzerkien artean aipagarriak dira Luces de Bohemia (1920, Bohemiako argiak) eta Los cuernos de Don Friolera (1921, Don Frioleraren adarrak). Hala ere, antzerki-lan gehienak oso zailak edo ezinezkoak dira antzezteko, baina garrantzitsuena da karakterizazioa eta berezko literatura-unibertso bat sortzen duela.
Azpimarratzekoa da bere testuak behin ta berriz ukitu, berritu eta berreditatzeko zuen joera, beti ere perfekzioaren bila. Genero batetik bestera jauzi egiten du eta argumentuak, pertsonaiak, esaldiak eta pasarteak moldatzean lan berriak sortzen ditu. Lehenik eta behin, gaia azaltzen du, deskribatzen du, eta, gero, nolabaiteko ekintza bat eransten dio aurrez marraztutako unibertsoari. Pertsonaiak, bere aldetik, esperpentikoak direnean ere, gizatasunez jazten ditu. Bere estiloak aurreko naturalismo xehearen aurka erreakzionatzen du, lirismoz betetako esaldi laburrak oinarri hartuta. Izan ere, abanguardistatzat hartu izan da estilo berri bat garatzen baitu, Espainiako eleberri modernoari atea irekitzen diona. Erabiltzen duen lengoaia barrokoa eta aberatsa da, esan beharrekoa intentsitate handiarekin adierazten duena. Adjektiboen erabilerak intentsitate berezia ematen dio bere lanari. Bestalde, generoei dagokienez, poesia, narratiba eta antzerkia uztartzen ditu modu guztiz berritzailean. Abangoardismo estetikoa ez da, besterik gabe, errefusatzen duen narratibaren modua suntsitzeko saiakera, baizik eta adierazi nahi dituen edukietatik berez jaiotzen da, erretratatu nahi duen mundutik. Lengoaia tresna estetiko batean bihurtzen da, baina elementu ideologikoz betetakoa.[17].
Lanak
aldatuNarratiba, antzerkia eta poesia generoak jorratu zituen literaturan eta bere belaunaldiko idazle asko bezala, autoedizioaren bidez. Era berean, liburuaren itxura zaintzen zuen: papera, tipografia, apaingarriak, etab. Bestalde, kazetaritza artikulu asko argitaratu zituen. Itzultzaile gisa, José María Eça de Queiroz idazle portugaldarraren lan asko gaztelerara ekarri zituen, baita Paul Alexis idazle frantziarraren eta Matilde Serao italiarraren baten bat ere. Bere lan asko zatika argitaratu ziren, prentsan eta aldizkarietan [18]. Lan egiteko moduari dagokionez, oso perfekzionista eta konpultsiboa zen aldi berean. Narratiban, testua egituratutako eraikuntza gisa ulertzen du, eta, horrela, sarritan, bere kapituluak autonomoak dira, baina egitura baten zatiak, puzzle baten parte baitira. Batzuetan, horiek erabiltzeko zatiak erreserbatzen dira, komeni denaren arabera. Hori agerian jartzen da, 2008an bilobak, Joaquin del Valle Inclán, argitaratu zituen "El ruedo Ibérico" obrako argitaragabeko testuetan.[19]. Hil ondoren, Josefina Blancok, emazte ohiak, familiaren artxiboa mantentzeko eta senar ohiaren lana zaintzeko eginkizun bikoitzari heldu zion, oso testuinguru zailean. Alargunak, bere semea Carlosen laguntzarekin, idazlearen lana bizirik mantentzearren, lan guztiak beraien kontura argitalpen bakarrean atera zuen; gainera, horrela errazagoa zen zentsurari izkin egitea, "Rúa Nueva" argitaletxeari lan inprimatuak eman zizkioten; ondoren Espasa-Calperekin harrenmanetan hasi ziren eta denborarekin, Austral formatu herrikoian lan guztiak argitaratu ziren.[20].Hil ondoren, bere bilobek azken testu argitaragabeko gutxi batzuk editatu zzituzten 2008 urtean.
Narratiba
aldatu- Femeninas(1895)
- Sonata de Otoño: memorias del Marqués de Bradomín (1902).
- Sonata de Estío: memorias del Marqués de Bradomín (1903).
- Sonata de Primavera: memorias del Marqués de Bradomín (1904).
- Sonata de Invierno: memorias del Marqués de Bradomín (1905).
- Flor de santidad(1904)
- La media noche(1917)
- Tirano Banderas. El jueguito de la rana. El estudiante (1925), zatika argitaratuta garaiko prentsan.
- Tirano Banderas. Novela de tierra caliente(1926)
- El ruedo ibérico seriea:(1926-1936), zeinen barnean argitaratu zituen La corte de los milagros, Viva mi dueño, Baza de espadas eta hilosteko El trueno dorado. Seriearen beste pasarte batzuk zatika argitaratu ziren garaiko prentsan.
Poesia
aldatuClaves líricas trilogia (1930):
La lámpara maravillosa. Ejercicios espirituales (1916)
Antzerkia
aldatu- El Marqués de Bradomín (1906).
- El yermo de las almas (1908).
- Cuento de Abril (1910)
- Voces de gesta (1911)
- La Marquesa Rosalinda (1913,1924,1927)
- Divinas palabras. Tragicomedia de aldea ( 1920, 1933)
- Comedias bárbaras (1920).
- Tablado de marionetas para educación de príncipes (1909, 1912, 1920).
- Retablo de la avaricia, la lujuria y la muerte, seriea (1927); tartean hartzen dituena: El Embrujado. Tragedia de tierra de Salnés; La rosa de papel; La cabeza del Bautista; Ligazón eta Sacrilegio.
- Luces de bohemia (1920 eta 1924).
- Martes de carnaval (1930), seriea, barruan dituena Los cuernos de don Friolera; Las galas del difunto eta La hija del capitán
Euskaratuak
aldatu- Buhame-argiak: esperpentoa, da Luces de Bohemia lanaren itzulpena, Anastasio Esnaolak egina eta 2001 urtean, Ibaizabal etxeak argitaratua.
- Jainkoaren hitzak (Baserritar trajikomedia) izenburupean Gabriel Arestik euskaratu zuen Divinas palabras : trajicomedia de aldea 1963 urtean. [21].
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Esnaola, Anastasio (2001).- Buhame-argiak liburuaren sarreran aipatua.
- ↑ (Gaztelaniaz) Alberca, Manuel. (2015). La espada y la palabra: vida de Valle-Inclán. Tusquets, 129-146 or. ISBN 978-84-9066-072-0..
- ↑ (Gaztelaniaz) Santos Zas, Margarita.- Introducción a la vida y obra de Valle-Inclán[1], kontsulta data: 2018-09-18
- ↑ (Gaztelaniaz) Alberca, Manuel .-(2015); 345-362 orr.
- ↑ (Gaztelaniaz) Martinez Torrón, Diego .- Valle-Inclán y su leyenda : al hilo de El ruedo ibérico. Granada: Comares argitaletxea, 2015 (Interlingua, 142 zk). ISBN 978-84-9045-305-6.(45 orr.)
- ↑ (Gaztelaniaz) Alberca, M. (2015).-orr.409-426
- ↑ Horrela, Alta mar izenburuko XXIX kapituluan. Diego Martínez Torrón (2015), 374 orr.
- ↑ (Gaztelaniaz)Fernández López,Justo.- Literatura española: Hispanoteca, lengua y literatura hispánicas. Siglo XX. El Modernismo. Ramón María del Valle Inclán [2]. Kontsulta data 2018ko urriaren 2an
- ↑ (Gaztelaniaz) Alberca, M.(2015)orr.507
- ↑ Horrela jasota geratzen da Juan Antonio Hormigon, Valle Inclán. Biografía, cronología y epistolario(2006), lau bolumenetako obran, eta Diego Martínez Torronek jasota(2015), 64 orr.
- ↑ (Gaztelaniaz)Fariña Pérez, L.A.-Enfermedad y muerte de Valle Inclán:historia de un tumor vesical recidivante en el primer tercio del siglo XX, argitaratua Cuadrante: Revista Cultural de Asociación de Amigos de Valle-Inclan, 11. zk (2005) orr. 101-111 (ISSN 1698-3971)
- ↑ A proba herrian, museoaz gain, haren inguruko ibilbide turistikoak antolatzen dira [3] (kontsulta data 2019-01-31)
- ↑ VALLE-INCLAN, Ramón María del.- Entrevistas, conferencias y cartas .- (Joaquín eta Javier del Valle-Inclán, edizioaren apailatzaileak) – Valencia : arg. Pre-textos, 1994. ISBN 84-8191-018-X (or. VII-XVIII)
- ↑ (Gaztelaniaz)Martinez Torrón, Diego .- Valle-Inclán y su leyenda : al hilo de El ruedo ibérico. Granada: Comares argitaletxea, 2015 (Interlingua, 142 zk). ISBN 978-84-9045-305-6. orr. 231-245
- ↑ Adierazpen hori jarri zuen Max Estrella pertsonaiaren hitzetan eta Valle-Inclanek berak ABC egunkarian argitaraturiko elkarrizketan 1928ko abenduaren 7an
- ↑ Horrela jasotzen du Espainiako Errege Akademiaren hiztegiak, Ramón Valle-Inclanek sortutako genero literario gisa hain zuzen.
- ↑ Martinez Torrón, Diego (2015) 118-131 orr.
- ↑ Lanen zerrenda zehaztuak topa daitezke Javier Serrano Alonso eta Amparo De Juan Bolufer eginiko Bibliografia valleinclaniana lanean http://www.cervantesvirtual.com/portales/catedra_valle_inclan/bibliografia/ Cervantes Virtual web-ean argitaratua. Kontsulta data: 2018-09-14
- ↑ Valle-Inclán, Ramón del; Alberca Serrano,Manuel; Valle-Inclán, Joaquín del. Valle-Inclán inédito. Madrid: Espasa Calpe, 2008. ISBN 978-84-670-2728-0 (orr.24)
- ↑ Valle-Inclán, Ramón del; Alberca Serrano,Manuel; Valle-Inclán, Joaquín del. Valle-Inclán inédito. Madrid: Espasa Calpe, 2008. ISBN 978-84-670-2728-0 (orr.56)
- ↑ Armiarman Euskarara ekarriak atalean http://ekarriak.armiarma.eus/?i=236
Ikus, gainera
aldatuKanpo loturak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ramón María del Valle-Inclán |
- (Galizieraz)(Gaztelaniaz) Asociación Cultural de Amigos de Valle-Inclán
- (Galizieraz)(Gaztelaniaz)(Ingelesez) "Valle-Inclán" Katedra, Santiago de Compostelako Unibertsitateak sortutako unibertsitate-hedatzerako katedra
- (Galizieraz)(Gaztelaniaz)(Ingelesez), Archivo Digital Valle-Inclan, egilearen inguruko irudiak eta dokumentuak biltzen dituen tresna, Santiago de Compostelako Unibertsitateko GIVIUS ikerketa taldeak 2018 urtean sortua. Bertan kontsulta aurreratuak egiteko eta dokumentuei sarbidea izateko, izena ematea eskatzen da.
- (Gaztelaniaz) Valle-Inclanen lan digitalizatuak Biblioteca Digital Hispanica tokian.