Lehen hizkuntza

pertsona batek jaiotzetik ikasi duen hizkuntza edo hizkuntzak

Gizabanako baten lehen hizkuntza (jaiotzetiko hizkuntza edo ama hizkuntza izenez ere ezaguna) gizabanako horrek jaiotzetik ikasi duen hizkuntza da,[1] edo gizabanako horrek hobekien hitz egiten duen hizkuntza. Askotan, kultura nortasun soziolinguistikorako oinarri izaten da.[2]

Gizabanakoak, beraz, lehen hizkuntza bat baino gehiago izan ditzake; oso ohikoa dugu euskal herritar batek Euskal Herriko hiru hizkuntza nagusietatik (euskara, frantsesa eta gaztelania) bi lehen hizkuntzatzat izatea.

Ama hizkuntza terminoa gaur egun zehaztasun gabekotzat eta sexistatzat[3] jotzen da, lehen hizkuntza ez baita beti amagandik jasotzen.

Ikasketa aldatu

Oro har, haur batek familiaren bitartez ikasten ditu bere lehen hizkuntzaren oinarriak. Lehen hizkuntzarekin lortzen duen gaitasuna oinarrizkoa du ondorengo ikasketetarako, lehen hizkuntza pentsamenduaren oinarria dela uste baita. Lehen hizkuntza ondo-ondo ez ikasteak bigarren hizkuntzak ikastea zailtzen du, eta horrenbestez berebiziko garrantzia du gizabanakoaren hezkuntzan.

Elebitasuna aldatu

Norbaitek bi hizkuntza edo gehiago lehen hizkuntzatzat dituenean, elebiduna, hirueleduna... edo eleaniztuna dela esaten da. Hizkuntza horien ikasketa ordenak ez du zertan horietan duen jakintza maila adierazi. Adibidez, litekeena da batek euskara ikasi izana lehenengo, baina ondoren Ingalaterrara bizitzera joan eta ingelesez maila hobea izatea.

Elebitasuna oso zabalduta dago munduan. Esate baterako, Euskal Herrian; Hego Euskal Herrian ohikoa da euskara eta gaztelania izatea lehen hizkuntza; eta Ipar Euskal Herrian, euskara eta frantsesa.

Periodo kritikoaren hipotesia aldatu

Lehen hizkuntza ikasteko gaitasuna eta adinaren inguruan periodo kritikoaren hipotesia sinesgarritzat hartu izan da. Hipotesi honek iradokitzen du gizabanakoek haurtzaroko adin jakin baten ondoren hizkuntza bat ikasteko gaitasuna galtzen dutela.

Noam Chomskyren azken teoria onartuenaren arabera, lehen hizkuntza bat 12 urte izan arte ikas daiteke. Adin horretatik aurrera, gizabanako batek hizkuntzaren ikasketan nekez lortuko du hain maila altua, eta adin horretara ezkero ikasitako hizkuntzak bigarren hizkuntzatzat hartu ohi dira, salbuespenak salbuespen.

Noiz edo noiz aurkitu izan diren estimulu goiztiarrik gabeko umeak, prentsan-eta "ume basatiak" deiturikoak, hipotesi honen aldeko argudioak eman izan dituzte. Aipatzekoa da, esate baterako, L'Enfant sauvage filmean erakusten zen "ume basatia". François Truffaut zinema zuzendariak zuzendutako drama eta historia film horretako umearentzat, giza hizkuntza bat behar bezala ikastea ezinezkoa zirudien.

Erreferentziak aldatu

  1. Leonard Bloomfield (1933): Language. ISBN 81-208-1196-8.
  2. Alan Davies (2003): The native speaker: myth and reality. Bilingual Education and Bilingualism bilduma, 38. zenbakia, Multilingual Matters argitaletxea. ISBN 1-85359-622-1.
  3. Pastor, Jose Mari. (2019-01-12). «Lehen hizkuntza» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-02-18).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu