Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia euskara hiztegi arau-emailea da. Oinarrian 1991n hasi eta 2015ean burutu zen Hiztegi Batua du. Hiztegi osoa da, hitz bakoitza adierez, definizioz eta adibidez hornitzen baitu[1].

Euskaltzaindiaren Hiztegia
Jatorria
Egilea(k)Euskaltzaindia
Argitaratze-data2016
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
euskaltzaindia.eus…

Euskaltzaindiak sortu zenetik hiztegi alorrean hartu dituen erabaki eta gomendio guztiak hartzen ditu bere mendean; hots, aurreko erabaki edo gomendioren bat ados ez badator hiztegi horretan esaten denarekin, horrixe jarraitu behar zaio eta ez hari. Hortaz, Euskaltzaindiaren Hiztegia da, Euskaltzaindiaren arabera, euskal hitzen, aldaeren eta horien guztien erabileren zuzentasuna edo egokitasuna erabakitzeko irizpidea.

Hitzen hautua

aldatu

Forma bat edo beste aukeratzeko orduan, bi irizpide nagusi hauek hartu ditu kontuan Euskaltzaindiak:

  • Tradizio idatziko eta egungo erabilera. Tradizioko erabilera zehazteko, Orotariko Euskal Hiztegia hartu da oinarritzat.
  • Alde bateko eta besteko euskaldunak batzen gaituzten formak hobestea; mailegu berrietan, esaterako, nazioarteko formen alde egin da (adibidez, profil, krokodilo) eta horrelako kasurik ez badago, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunontzat onargarri gertatzen direnei eman zaie lehentasuna. Forma bakarrera iristeko oinarririk edo indarrik ikusi ez denean, forma lehiakideak eskaini dira, kasuan kasuko argibideak emanez, beherago adieraziko den eran.

Hiztegian jasotzen ez diren hitzei buruz esan behar da, bestalde, Euskaltzaindiak ez dituela oraingoz onartzen, baina ezta gaitzesten ere. Euskaltzainek nahiago izan dute alderdiren batetik eragozpenen bat agertzen duten hitzak beste ekinaldiko azterketa zehatzagoaren ondoren onartzeko utzi, euskaldunen egungo premia larriek hertsaturik arinkeriaz jokatu baino. Erraza da forma bat proposatzea; ez hain erraza, askotan, alde guztiei begiraturik etorkizunerako egokiena gerta daitekeena eskaintzea. Euskaltzaindiak bigarren era horretan aritu behar du ezinbestean.

Aldaera ez onartuak

aldatu

Tradizioko testuetan, euskal hitz askok hainbat aldaera agertzen dituztela jakinekoa da. Horrelakoetan, noski, aldaera batzuk onartu ditu Euskaltzaindiak eta besteak baztertu, oro har. Aldaera baztertuekin bitara jokatu du:

  • Gaur egun zalantzaren bat sortzen duten hitzak berariaz baztertu dira, aldaera baztertuak forma hori ez erabiltzeko eta beste forma bat erabiltzeko dioen ohar bat du.
« [Oharra: Euskaltzaindiak, XXXX-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. YYYY]. »
  • Gehiengo zabalak euskalkikotzat jotzen dituen aldaerak —barri edo izandu bezalakoak, esaterako— ez dira aintzat hartu hiztegian.

Nola erabili[2]

aldatu

Hainbat hitzen formaren ondoan Bizk., Ipar., Naf., Gip.... ikurrak ematen dira. Euskalki markaren bat azaltzen duten hitz horiei buruz esan behar da ez dela inondik ere Euskaltzaindiaren asmoa, marka horiek eranstean, horrelako hitzak baztertzea; aitzitik, euskalki hitzok Euskaltzaindiaren Hiztegian sartzeak adierazten du Euskaltzaindiak bultzatu egin nahi dituela idazleak hitz horiek erabiltzera —jakinaren gainean eta nori bere senak agintzen dion eran, jakina— horrela euskaldun guztien ondare komuna bihurtuz joan daitezen.

Heg. ikurraren esanahia bestelakoa da, eta bitarikoa. Batzuetan, ikur horren bidez delako hitza berria dela adierazi nahi da eta gaztelaniaz ez dakitenentzat ezin ulertuzkoa —aleazio, esaterako—; horrelako hitz askok bikotea osatzen dute Ipar. marka daramaten hitzekin —Heg. ikurra duen alfonbrak Ipar. duen tapizekin adibidez—. Kasu horietan, Euskaltzaindia ez da gauza izan euskaldun guztiok batu gaitzakeen forma bakar bat eskaintzeko eta, oraingoz, horrelako bikoteekin etsi behar izan du. Beste kasu batzuetan, Heg. ikurrak —asperturen lehen adieran, esaterako— adierazten du delako erabilera Hegoaldekoa soilik dela eta horrelakoetan, noski, ez zaio horiek erabiltzeari inolako oztoporik jarri nahi, inork irakurtzean batzuk eta besteak bereizten arazorik izango ez duelakoan.

Gaur egun zaharkiturik geratu diren hitzak edo gutxi erabiltzen direnak Zah. eta g.g.er. markekin jaso dira, hitz berriagoa definitzaile gisa dutela eta adibiderik gabe.

Beste hitz mota batek ere argibide berezia behar du: onartu bai baina hobetsi ez dena. Hitz hauek definitzaile gisa hitz hobetsia dutela agertzen dira eta gehienetan adibiderik gabe (hau sistematikoa ez bada ere). Horrelakoetan, Euskal Herri osoari begira idazten diren testuetako erabilerari soilik dagokio eta hitz edo aldaera horiek egokiak dirateke beste kasu batzuetan, Herria astekarian, Bizkaia gehigarrian edo herri aldizkarietan idazterakoan, adibidez. Bigarren multzoa bestelakoei —hots, zigarro [...] 2 iz. Heg. zigarreta. edo partidu 1 iz. Heg. partida [...] bezalakoei— dagokie. Horiei buruz, Euskaltzaindiak esan nahi du ohartzen dela ez direla denak idazle guztiek egoera guztietan eta berehala onartzekoak eta agian bide zuhurrena pausokakoa dela, testu jaso eta formalenetatik hasiz eta bigarren urrats baterako utziz ahozko erabilerei lotuenak. Hor ere, senak eta egoerak erakutsiko dio idazle edo esatari bakoitzari nola joka arauok betetzeko erantzukizunean.

Sarrera nagusien ondoan, tradizioan lekukotasun sendoa duten elkarketazko eratorriak eta esapideak jaso dira azpisarrera gisa. Horietan ere, eratorri edo esapide jakin bat ez agertzeak ez du esan nahi hura baztertzen denik —berariaz arbuiatzen ez bada, bederen—, baina ezta zernahi eratorri edo esapide onartzen denik ere.

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindiaren Prentsa Zerbitzua: «Euskaltzaindiaren Hiztegia, bikoitza eta digitala», Euskaltzaindiaren webgunea.
  2. Euskaltzaindia: «Argibideak eta erabiltzeko gida», Euskaltzaindiaren webgunea.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu